Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2020ko urriaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4352

EBAZPENA, 2020ko urriaren 7koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean sinatutako hitzarmena, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzeari buruzkoa.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sinatu dute aipatutako hitzarmena, eta dagokion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzeko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sinatutako hitzarmenaren testua. Testu hori Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 7a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
HITZARMENA, GIZARTE SEGURANTZAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ARTEKOA, BIZITZEKO GUTXIENEKO DIRU-SARRERAREN PRESTAZIOA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN KUDEATZEKO

Madrilen, 2020ko irailaren 1ean.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Carmen Armesto González Rosón andrea, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko zuzendari nagusia, urtarrilaren 21eko 131/2020 Errege Dekretuaren bidez hala izendatua, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 48.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Eta bestetik, Beatriz Artolazabal Albeniz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea eta legezko ordezkaria, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bi aldeek, dagokien ordezkaritza baliatuz, obligazioak hartzeko eta hitzarmenak egiteko ahalmena aitortzen diote elkarri, eta

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– 20/2020 Errege Lege Dekretuak, 2020ko maiatzaren 29koak, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duenak, Gizarte Segurantzaren gutxieneko diru-sarreraren prestazioa sortu eta arautzen du. Prestazio hori ez da kotizazioaren araberakoa, eta haren helburua da bakarrik edo bizikidetza-unitate batean integratuta bizi diren pertsonen pobrezia- eta gizarte-bazterketako arriskua prebenitzea, pertsona horiek kalteberatasun-egoeran badaude oinarrizko premiak estaltzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez izateagatik.

Bigarrena.– Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokio, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren egitura organikoari eta eginkizunei buruzko abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuaren arabera, Gizarte Segurantzaren sistemako prestazio ekonomiko ez-kontributiboak jasotzeko eskubidea aitortzea eta kontrolatzea. Hortik salbuetsita gelditzen dira Adinduen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak edo autonomia-erkidegoetako zerbitzu eskudunek kudeatzen dituzten prestazioak.

Hirugarrena.– Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala Gizarte Segurantzaren kudeaketaz arduratzen den erakundea da, eta berezko nortasun juridikoa du. Hori dela eta, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuak Gizarte Segurantzaren prestazio ez-kontributibo hori aitortzeko eta kontrolatzeko eskumena esleitzen dio.

Laugarrena.– Maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak honako hau jasotzen du: foru-ogasunak izateak dakarren espezifikotasuna dela medio, foru-araubidea duten autonomia-erkidegoek beren gain hartuko dituzte, beren lurralde-eremuan, errege lege-dekretu horrek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari esleitzen dizkion eginkizunak eta zerbitzuak, Gizarte Segurantzaren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ekonomiko ez-kontributiboari dagokionez, 2020ko urriaren 31 baino lehen adostutako baldintzetan.

Horren harira, aipatutako xedapen horrek ezartzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoari eginkizun eta zerbitzuen ardura esleitu bitartean, kudeaketa-gomendio bat adostuko dela hitzarmen bidez –hitzarmen hori Estatuko eta interesa duen autonomia-erkidegoko organo eskudunen artean sinatu beharko da–, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioarekin lotuta aurreikusten diren jarduketak gauzatzeko eta onuradunei Euskadin arreta osoa eman ahal izateko.

Bosgarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legeak xedatutakoari jarraikiz, hauek dira erakunde autonomo horren helburuak: enplegu egonkorra eta kalitatezkoa izateko eskubidea erabat garatzen laguntzea; langileen enplegagarritasuna bermatzen eraginkortasunez lagunduko duen, eta enpresen eskaerei egokitutako langile-beharrei erantzungo dien lan-merkatua eratzen laguntzea; eta gizartearen eta lurraldearen kohesioa bultzatzea, esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria baliatuz.

Helburu horiek betetzeko, lege honek, besteak beste, funtzio hauek esleitzen dizkio Lanbideri: diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoak bideratzea, eta enplegu- eta gizarteratze-politiken arloan Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Gobernuaren artean adostutako transferentziek, eskuordetzeek edo kudeaketa-aginduek esleitutako beste edozein eginkizun gauzatzea.

Seigarrena.– Urriaren 1eko 40/2020 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, honako hau ezartzen du 11.1 artikuluan: administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste administrazio bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitate batzuen esku utz daitezke, betiere, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, baldin eta eraginkortasun arrazoiengatik komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

Sektore publikoko kontratuen legerian araututako kontratuen berezko prestazioak ez dira izango kudeaketa-gomendioen xede. Hori gertatzen bada, kudeaketa-gomendio horien izaera eta araubide juridikoa legeria horretan aurreikusitakora egokituko dira.

Era berean, aipatutako Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Lege horren 11. artikuluko 2. zenbakiak honako hau xedatzen du: kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin eskumenaren titulartasuna eta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; izan ere, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren erantzukizuna izango da kudeaketa-gomendioaren xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintzak ematea edo erabaki juridikoak hartzea.

Zazpigarrena.– 20/2020 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetatik bosgarrenak aldatu egiten du Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta berrogeita batgarren xedapena, Gizarte Txartel Digitala sortzekoa, administrazio publikoek bultzatutako gizarte-babeseko politikak hobetu eta koordinatzeko helburuarekin.

Horren harira, honako hau ezartzen du 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorraren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta berrogeita batgarren xedapen gehigarriaren idazketa berriak 2. apartatuan: Gizarte Txartel Digitalak informazio eguneratua jasoko du baliabide publikoen kontura finantzatuta dauden eta eduki ekonomikoa duten kotizaziopeko, kotizazio gabeko eta asistentziazko gizarte-prestazio guztiei buruz. Horrez gain, aurreikusitako egoera subjektiboei buruzko informazioa jasoko du, eta informazio horretan oinarrituta, utilitateak eskainiko dizkie administrazioei eta herritarrei.

Testuinguru horretan, aipatutako xedapen gehigarriaren laugarren apartatuak ezartzen du, ezen lehen aipatutako eduki ekonomikoko gizarte-prestazio publikoak kudeatzeaz arduratzen diren administrazio publikoek, entitateek eta organismo eta enpresa publikoek prestazio ekonomikoen titularren identifikazio-datuei buruzko informazio eguneratua emango diotela Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari. Halaber, informazio hau helaraziko diote, prestazioak jasotzeko eta prestazio horiei eusteko eskubidea sortarazi edo baldintzatzen duen neurrian: onuradunen, ezkontideen eta familia-unitateetako gainerako kideen identifikazio-datuak, ordaindutako prestazioen zenbatekoak eta motak, eta prestazioak ematearen eta aitortzearen ondorio-data.

Horrela, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetzak, zehaztutako informazio hori emateari dagokionez, aukera emango du gizarteratze-neurriak ebaluatzeko, neurri horiek kolektiboengan duten eragina aztertzeko eta administrazio publikoek gizarte-babeserako bultzatutako politikak koordinatzeko.

Azaldutakoagatik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lankidetza-hitzarmena sinatu nahi dute, alde batetik, Lanbideren esku uzteko Euskal Autonomia Erkidegoan eskatzen diren Gizarte Segurantzako Sistemako prestazio ez-kontributiboak bideratzeko zenbait administrazio-jarduera administratibo eta teknikoren kudeaketa, eta bestetik, Txartel Sozial Digitalean sartu behar diren datuak ematera bideratutako baldintzak ezartzeko. Bi alderdiek erabaki dute gomendio-hitzarmen hau egitea, honako klausula hauetan oinarrituta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea kudeaketa-gomendio bat da, zeinaren bidez Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku uzten dituen Gizarte Segurantzaren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboa aitortzeko eta mantentzeko administrazio-prozedurei dagozkien informazio-, hasiera- eta izapidetze-jarduerak.

Hitzarmen honek xede du, halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin lankidetzan aritzea, Estatuaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta berrogeita batgarren xedapenak –Gizarte Txartel Digitala sortzekoari buruzkoak– zehaztutako datuak emateko, maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetatik bosgarrenean emandako idazketan.

Bigarrena.– Gomendioa eta onarpena.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari agintzen dio hitzarmen honen bosgarren klausulan zerrendatutako jardueretan laguntzeko, eta hark onartu egiten du.

Hirugarrena.– Gomendioaren xedea.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua lankidetzan arituko dira Gizarte Segurantzaren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboarekin lotutako administrazio-prozedurak gauzatzeko, hitzarmen honetan ezarritako baldintzei jarraikiz.

Hitzarmen honen eremu materialaren barruan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan eskatzen den gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboa jasotzeko eskubidea aitortzera, aldatzera, azkentzera edo berrikustera bideratutako administrazio-prozeduren informazio-, hasiera-, instrukzio-jarduketak eta baldintzen eta eskakizunen egiaztapen-jarduketak, baldin eta eskatzailea lurralde horretan bizi bada, edozein delarik ere haren nazionalitatea. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokio prestazio horiek aitortzea eta kontrolatzea.

Laugarrena.– Eskumena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleitutako administrazio-eginkizunak gorabehera, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokio prestaziorako eskubidea aitortzeari eragiten dioten ebazpenak ematea, bai eta jarduera hauek egitea ere: administrazio-egintzak kontrolatzea eta berrikustea, bidegabeko prestazioak itzultzeko betebeharra deklaratzea eta zehapen-ahala baliatzea.

Horri dagokionez, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokio erabakitzea prozedura hauek ofizioz hastea: prestazioak aldatzea, azkentzea eta berrikustea, kautelazko neurriak hartzea eta kentzea, eta administrazio-prozeduretan sor daitezkeen arazo intzidentalak ebaztea. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokio, halaber, zehatzeko ahala baliatzeari buruzko prozedurak ematea.

Era berean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokio administrazio-prozedura amaitzen duten egintzak ematea.

Halaber, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari dagokie, bakoitzari bere eskumen-esparruan, bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko jarduketa guztiak egitea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak bere 11.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin eskumenaren titulartasuna eta eskumen hori baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; izan ere, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren erantzukizuna izango da kudeaketa-gomendioaren xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintzak ematea edo erabaki juridikoak hartzea.

Bosgarrena.– Gomendioan emandako administrazio-funtzioak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku uzten dira ondorengo funtzioak:

a) Informazioaren arloko funtzioak:

1) Gizarte Segurantzaren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboa lortzeko beharrezkoak diren baldintzei buruzko informazioa, eta eskubidearen edukiari eta irismenari buruzko informazioa.

2) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa jasotzeko eskubidearen eskaerari buruzko informazioa, bai eta interesdunak administrazio-prozeduran dituen eskubide eta betebeharrei buruzkoa ere.

b) Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera aitortzeko administrazio-prozedura hastearekin eta bideratzearekin lotutako betebeharrak.

1) Interesdunen eskura jartzea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako eskabide-eredu normalizatua, eta hura aurkezteko baldintzei eta bitartekoei buruzko aholkuak ematea.

2) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa jasotzeko tramitazioarekin lotutako aholkularitza, laguntza eta orientazioa ematea, eta beharrezkoak diren baldintzak betetzen diren aztertzea.

3) Interesdunen eskabideak jaso eta erregistratzea, instrukziorako behar den dokumentazioa –Hitzarmen honen I. eranskinean zerrendatzen da– aurkeztu dela egiaztatuz, bai eta ondarearen, errenten eta diru-sarreren balioa egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena ere, 20/2020 Errege Lege Dekretuaren 18., 19. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4) Interesdunei eskabidea zuzentzeko eskatzea, baldin eta eskabidearekin batera ez badute aurkeztu betekizunak justifikatzeko behar den dokumentazioa, eta espedientea osatzeko behar den dokumentazio guztia jasotzea; eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari administrazio-prozedura azkentzeko proposamena egitea.

5) Eskabideari buruzko datu guztiak behar bezala beteta daudela egiaztatzea, batez ere errenten eta ondarearen erantzukizunpeko aitorpenari buruzko atala, eta betekizunen egiaztapenari dagokionez, egin beharreko frogaketak egitea, –bereziki hitzarmen honen II. eranskinean zerrendatzen diren betekizunak egiaztatu behar dira–. Horretarako, autonomia-erkidegoko edo beste erakunde batzuetako administrazio-zerbitzuei beharrezkoak diren txostenak eskatuko zaizkie, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla frogatzeko, eta eskubidea aitortzeko eskatzen diren egoerak betetzen direla egiaztatzeko; batez ere honako hauek egiaztatuko dira: bizikidetza-unitateko kideak etxebizitzan benetan bizi diren pertsonekin bat datozela, eta helbide aldaketak.

6) Dokumentazioa osatu, egiaztatu, eta kasuan kasuko egiaztapenak egin ondoren, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalera bidaltzea, Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoan horretarako dauden bitarteko elektronikoen bidez, administrazio-espediente osoa, ebazpen-proposamena barne, bai eta jasotako txosten guztiak, alegazio-idazkiak eta, prestazioa aitortzeko garrantzitsuak izanez gero, interesdunek aurkeztutako beste dokumentu batzuk ere.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere langileen bitartez, bitarteko elektronikoak erabiltzen lagunduko die interesdunei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz. Zehazki, Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoan sartzen lagunduko die horretarako garatu diren aplikazioen eta gaitu diren bitarteko elektronikoen bidez. Hala, interesdun horietakoren batek beharrezkoak diren bitarteko elektronikorik ez badu, langile publiko batek egin dezake, balio osoz, hura administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, langilearen beraren sinadura elektronikoko sistema erabilita. Kasu horretan, behar den baliabide elektronikorik ez duen interesdunak bere burua identifikatu egin beharko du gaitutako langile publikoaren aurrean, eta berariazko adostasuna eman hala jarduteko. Adostasun hori jasotzen duen dokumentuaren kopia Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari bidali behar zaio.

7) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ematen duen prozeduraren ebazpena jakinaraziko dio eskatzaileari, prestazioaren eskabidea bere erregistroan sartzen den egunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean, eta ebazpena ematen den egunetik hasita gehienez ere hamar eguneko epean.

Jakinarazpenean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Probintzia Zuzendaritzako titularrak emandako ebazpena helaraziko zaio interesdunari. Horretarako, ebazpena emateko formatua errespetatuko da, eta nolanahi ere, irailaren 17ko 1465/1999 Errege Dekretuan, 1999ko irailaren 27ko Aginduan eta aplikatu eta garatzeko gainerako arauetan xedatutakoa bete beharko da.

c) Aitortutako eskubidea mantentzeko eskakizunak egiaztatzean bete beharrekoak.

1) Ofizioz egiaztatzea deklaratutako bizikidetza-unitateak bere horretan jarraitzen duela; eta interesdunen jakinarazpenak jasotzea bizikidetza-unitatean izandako aldaketei dagokienez, bai eta helbide-aldaketei dagokienez ere, jakinarazpenak iritsiko zaizkiela ziurtatzeko.

2) Interesdunen jakinarazpenak jasotzea eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari helaraztea, baldin eta eragina izan badezakete prestazioaren mantentzean, aldaketan edo azkentzean. Horrelako jakinarazpenak dira, esate baterako, aldaketa ekonomikoei (pertsona fisikoen errenta-aitorpena, besteak beste) eta ondare-aldaketei buruzkoak, kalteberatasun-egoera zehaztu edo aldatu badezakete.

3) 20/2020 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean aipatzen den aukera-eskubidea baliatzeari buruzko jakinarazpenak jasotzea eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari helaraztea.

4) 20/2020 Errege Lege Dekretuaren 33. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeari dagokionez, interesdunek egiten dituzten jakinarazpenak edo aurkezten dituzten dokumentuak jasotzea.

5) Prestazioen titularrek eta onuradunek dagozkien betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari helaraztea bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea aldatzeko eta berrikusteko prozedurak edo kasuan kasuko zehapen-prozedura abiarazteko proposamena. Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jakinaraziko ditu Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak kautelazko neurriak hartzeari eta kentzeari buruz eta auzi intzidentalei buruz hartutako erabakiak.

Jakinarazpenaren bidez, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Probintzia Zuzendaritzako titularrak hartutako erabakia helaraziko zaio interesdunari. Jakinarazpen horretan, erabakia emateko formatua errespetatuko da, eta nolanahi ere, irailaren 17ko 1465/1999 Errege Dekretuan, 1999ko irailaren 27ko Aginduan eta aplikatu eta garatzeko gainerako arauetan xedatutakoa bete beharko da.

6) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari jakinaraztea, Jarraipen Batzordeak ezarritako aldizkakotasunez bidaltzen diren txostenetan, Errege Lege Dekretuaren 34. artikuluan jasotako arau-hausteak.

7) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak prozedura hastea erabaki ondoren, eta, hala badagokio, kautelazko neurriak hartu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio honako prozedura hauei dagokien ebazpen-proposamena bideratzea eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari jakinaraztea: aldatzeko, azkentzeko eta berrikusteko prozedurak, zehatzeko ahala baliatzeko prozedurak eta itzultzeko betebeharra aitortzeko prozedurak.

8) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak hartzen dituen ebazpenak eta erabakiak jakinaraztea.

Jakinarazpenean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Probintzia Zuzendaritzako titularrak emandako ebazpena helaraziko zaio interesdunari. Horretarako, ebazpena emateko formatua errespetatuko da, eta nolanahi ere, irailaren 17ko 1465/1999 Errege Dekretuan, 1999ko irailaren 27ko Aginduan eta aplikatu eta garatzeko gainerako arauetan xedatutakoa bete beharko da.

d) Erreklamazioen arloko betebeharrak, bide judizialaren aurrekoak.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren arloan, interesdunek auzibidera jo aurretik aurkezten dituzten erreklamazioak jasotzea, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari helaraztea erreklamazio horiek eta haiei erantsitako dokumentazioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako txosten bat barne.

Seigarrena.– Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren funtzioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere esku utzi diren eginkizunak gauzatu ahal ditzan.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku jartzea bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa eskatzeko eredu normalizatu eta eguneratuak.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak edo Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako Ministerioak ematen dituen zirkularrak, jarraibideak eta kudeaketa- edo arau-irizpideak, baldin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari eragiten badiote.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hasitako eta bideratutako espedienteak edo ofiziozko prozedurak hasteko proposamenak jasotzea, erakunde kudeatzaileak dagokion erabakia har dezan.

4.– Administrazio-egintza erabakitzaileak ematea ofizioz hasi behar diren prozedurei hasiera emateko, behin-behineko neurriak hartzeari eta kentzeari buruzko erabakiak hartzea, eta administrazio-prozedurak agortzen dituzten egintzak ematea.

Zazpigarrena.– Konfidentzialtasuna.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bideratzen dituen administrazio-espedienteetan, neurri egokiak hartuko ditu, administrazio-prozeduran zehar, eskatzaileek emandako datuen konfidentzialtasuna berma dadin. Eskatzaileari bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko ezinbestekoak diren datuak soilik eskatuko zaizkio.

Nolanahi ere, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko edozein jardueratan esku hartzen duten langile publiko eta erakunde guztiek isilpean gorde beharko dituzte administrazio-jardueretan jasotzen diren identitateak, datuak eta gainerako informazioak.

Zortzigarrena.– Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak ehun eta berrogeita batgarren xedapen gehigarrian jasotzen duen informazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren zeregin guztiak betetzeko, baliabide publikoen kontura ematen diren eta Lanbidek kudeatzen dituen prestazio sozial eta asistentzialen datuak emateari dagokionez, betiere Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak bere ehun eta berrogeita batgarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan, eta maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetatik bosgarrenak emandako idazketan.

Horren harira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, gizarte-prestazio publikoen kudeatzaile den aldetik, konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren jarduketa guztiak egiteko, Gizarte Txartel Digitalaren sistema eguneratzen dela bermatzearren. Hala, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioetan eta bere esku utzitako beste edozein prestazio publiko kontributibo, ez-kontributibo edo asistentzialetan gertatzen diren altei, bajei eta aldaketei buruzko informazioa emango du.

Informazio hau eguneratuko da: prestazio ekonomikoen titularren identifikazio-datuak, bai eta onuradunen, ezkontideen eta familia-unitateetako beste kide batzuen datuak ere –prestazio horiek jasotzeko eskubidea aitortzea eta mantentzea zehazten edo baldintzatzen duten heinean–; ordaindutako prestazioen zenbatekoak eta motak; eta prestazio horiek eman edo aitortzearen ondorio-datak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak une oro izango du aukera Gizarte Txartel Digitalari, eta haren funtzionaltasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa eskuratzeko, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan, 6/2018 Legearen ehun eta berrogeita batgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, eta maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetatik bosgarrenak emandako idazketan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Gizarte Txartel Digitalari buruzko datuak tratatzeko arduraduna den heinean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak zehaztutako jarraibideen arabera emango ditu datuak. Hala, hitzarmen honen bederatzigarren klausulan adierazitako betebeharrak aplikatu beharko ditu.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak tratatutako datuen kontrola eta segurtasuna honako hauek arautuko dute: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak (aurrerantzean, DBEO), Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen Erregelamenduak (abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onartua), 20/2020 Errege Lege Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoak, datu pertsonalak babesteari buruzko gainerako araudi aplikagarrietan ezarritakoak, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako segurtasun-protokoloetan ezarritakoak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpromisoa hartzen du datu pertsonalen babesari buruz eta datu horiek informatikaren bidez erabiltzeari buruz indarrean dagoen legeria zorrotz betetzen dela zaintzeko, bai eta neurri egokiak hartzeko ere eskatzaileek emandako datuen konfidentzialtasuna berma dadin. Hala, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko ezinbestekoak diren datuak soilik eskatuko zaizkio prestazio horren eskatzaileari.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2020ko urriaren 1eko 40/2015 Legeak bere 11.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, gomendioa jaso duen erakundea, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzua, datuak tratatzeko arduraduntzat joko da, DBEOren 24. eta 25. artikuluetan eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 28. eta 33. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, tratamenduaren arduradun gisa, eta DBEOren 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera:

1) Datu pertsonalak betetzeko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren jarraibide dokumentatuak bete beharko ditu.

2) Bermatuko du datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek konfidentzialtasuna errespetatzeko konpromisoa hartu dutela edo administrazio- edo estatutu-mailako konfidentzialtasun-betebehar baten mende daudela.

3) DBEOren 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu.

4) Beste tratamendu-arduradun batengana jotzean, DBEOren 28. artikuluaren 2. eta 4. apartatuetan adierazitako baldintzak errespetatuko ditu.

5) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari lagunduko dio, tratamenduaren izaera kontuan hartuta, neurri tekniko eta antolamendu-neurri egokien bidez, ahal den guztietan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak bere betebeharrak egin ahal ditzan, interesdunen eskubideak xede dituzten eskaerei erantzuteari dagokionez.

6) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari lagunduko dio, tratamenduaren arduradun gisa, DBEOren 32. artikulutik 36. artikulura bitartean ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatzen, tratamenduaren izaera eta arduradunaren eskura dagoen informazioa kontuan hartuta.

7) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak tratatutako datu pertsonal guztiak ezabatzea edo itzultzea erabakiko du tratamendu-zerbitzuak ematea amaitutakoan, eta dauden kopiak ezabatuko ditu, indarrean dagoen legeriaren arabera gorde behar ez badira behintzat.

Horri dagokionez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak gorde egin beharko du lagatako datuen zaintzari eta erabilerari buruz administrazio bakoitzak duen dokumentazioa, bai eta interesdunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako berariazko baimena jasotzen duten agiriak ere.

8) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren esku jarriko du klausula honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar den informazio guztia, bai eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak edo arduradun horrek baimendutako beste auditore batek auditoriak, ikuskapenak barne, egiten uzteko eta egiten laguntzeko behar den informazio guztia ere.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren finantzaketa.

Ez da finantzaketa espezifikorik aurreikusten hitzarmen honetako betebeharrei aurre egiteko; hori dela eta, alde bakoitzak bere gain hartuko ditu hitzarmen honetatik eratorritako jarduketek eragindako gastuak.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Kudeaketa-mandatuari buruzko hitzarmena aldatzeko, sinatzaileen berariazko akordioa beharko da, dagokion gehigarria sinatuta.

Hamabigarrena.– Hitzarmena ez betetzea.

Aldeetako batek bere gain hartutako betebehar eta konpromisoak betetzen ez baditu, beste aldeak eskatu ahal izango du hilabeteko epean behar bezala betetzeko. Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hitzarmena baliogabetu ahal izango da.

Hamahirugarrena.– Jarraipena egitea eta desadostasunak konpontzea.

Hitzarmena ondo doala jarraitzeko eta hura aplikatzean sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko, batzorde misto bat sortuko da, hitzarmenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko.

Batzorde hori hauek osatuko dute: alde batetik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren lau ordezkarik, horietako bat Gizarte Segurantzaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez izendatuko da, eta bestea Gizarteratzeko eta Gizarte Aurreikuspeneko Helburu eta Politiken Idazkaritza Nagusiaren proposamenez; eta bestetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lau ordezkarik.

Batzorde misto hori hitzarmena sinatu eta gehienez ere hilabeteko epean eratuko da. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari egokituko zaio batzorde horren zuzendaritza. Halaber, Batzorde Mistoak idazkari bat izango du, hitzarekin, baina botorik gabe. Idazkari hori Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak izendatuko du, bere funtzionarioen artetik.

Batzorde mistoa izango da hitzarmen honetatik eratorritako ekintzak sustatu, jarraitu eta ebaluatzeaz arduratuko den organoa, bai eta sor daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak aztertu eta konpontzeaz arduratuko dena ere.

Batzordea urtean behin bildu beharko da, bai eta alderdietako batek hala eskatzen duenean ere. Batzorde misto horretan landu beharreko gaien arabera egokitzat jotzen diren teknikariak sartu ahal izango dira. Hitza izango dute, baina botorik ez. Batzordeko erabakiak hartzeko gehiengoaren adostasuna beharko da.

Batzorde mistoaren funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2020 Legeak bere 15. artikulutik 22. artikuluraino ezarritakoaren araberakoa izango da.

Hamalaugarrena.– Hitzarmena baliogabetzeko arrazoiak.

Kudeaketa-gomendiorako hitzarmena honako arrazoi hauengatik baliogabetu ahal izango da:

a) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan ezarritako edozein arrazoirengatik.

b) Gomendioaren xedea bat-batean galtzeagatik.

Hamabosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den unean burutuko da, eta, horren ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Hala ere, Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera izango du eragina, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Sinatu ondoren, Senatura bidaliko da.

Maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapenean ezarritakoarekin bat etorriz, hitzarmenak 2020ko urriaren 31ra arteko indarraldia izango du, eta indarraldi hori luzatu ahal izango da, hala badagokio, harik eta aipatutako errege lege-dekretuak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari bizitzako gutxieneko diru-sarreraren prestazio ekonomiko ez-kontributiboarekin lotuta esleitzen dizkion funtzio eta zerbitzuen transferentzia onartzen den arte.

Hala ere, gomendioaren eraginpean egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonek hitzarmen hori sinatu ondoren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa jasotzeko egindako eskaera guztiak.

Hamaseigarrena.– Izaera juridikoa.

Kudeaketa-gomendioak izaera administratiboa du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak bere Atariko Tituluaren II. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera, eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-eremutik kanpo dago (lege horren bidez, Espainiako ordenamendu juridikora ekartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak), 6. artikuluaren 1. eta 3. zenbakietan xedatutakoaren arabera. Hala, arau bereziek arautuko dute, eta aipatutako legearen printzipioak aplikatuko dira, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.

Hamazazpigarrena.– Jurisdikzio eskuduna.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenak esku hartuko du auzigaietan eta bere eskumena izango dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz.

Hemezortzigarrena.– Publikotasuna.

Kudeaketa-gomendioaren hitzarmen hau argitaratu egingo da, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak ezarritakoari eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak bere 11.3.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Alde horretatik, alderdiek berariaz ematen dute baimena hitzarmen honi behar duen publikotasuna emateko.

Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, agertutakoek hitzarmen honen hiru ale sinatu dituzte, ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren aldetik,

Zuzendari nagusia,

CARMEN ARMESTO GONZÁLEZ ROSÓN.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik,

Lehendakaria,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
ESKABIDEARI ERANTSI BEHARREKO AGIRIAK

1.– Eskatzaileen eta bizikidetza-unitatea osatzen dutenen nortasuna egiaztatzeko, nortasun-agiri nazionala erabiliko da espainiarren kasuan, edo familia-liburua edo jaiotza-ziurtagiri literala, nortasun-agiri nazionalik ez duten 14 urtetik beherakoen kasuan, eta jatorrizko herrialdeko edo etorkizko herrialdeko nortasun-agiria, edo pasaportea, atzerriko herritarren kasuan.

2.– Espainian bizi izatea egiaztatzen duen agiria. Interesdunak Espainiako nazionalitaterik ez badu, bizilekua atzerritarren erregistro Nagusiko inskripzioaren bidez egiaztatuko da, Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoko edo Suitzako Konfederazioko estatu kideetako nazionalen kasuan, edo Europar Batasuneko herritarren senideen bizileku-txartelaren bidez edo bizileku-baimenaren bidez, edozein modalitatetan, beste nazionalitate bateko atzerritarren kasuan.

3.– Familia-liburua, erregistro zibilaren ziurtagiria edo izatezko bikoteen erregistro batean inskribatuta egotea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 221.2 artikuluaren arabera, ezkontza-lotura, ahaidetasuna edo izatezko bikotea eratu izana egiaztatzeko. Familia-harrera iraunkorraren edo adopzio-helburuak dituen zaintzaren kasuetan, egoera hori egiaztatzen duen ebazpen judiziala aurkeztu beharko da.

4.– Erroldatze-ziurtagiria. 20/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritako baldintzen araberako bizikidetza-unitatea egiaztatzeko, eskatzailearen bizilekuan erroldatuta dauden pertsona guztiak jasotzen dituen errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

5.– Hala badagokio, biktimaren aldeko babes-agindua edo Fiskaltzaren txostena, eskatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena.

6.– Banantze- edo dibortzio-kasuetan, 20/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2.b) artikuluan ezarritako bizikidetza-unitatea egiaztatzeko demanda edo ebazpen judiziala aurkeztu beharko da.

7.– Enplegu-eskatzailearen egoera administrazio eskudunak emandako eskaera-txartelaren bidez egiaztatuko da.

II. ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAK EGIAZTATU BEHARREKO BETEKIZUNAK

1.– Eskatzailearen eta bizikidetza-unitateko kideen nortasuna eta adina.

2.– Eskatzailearen eta bigarren mailarainoko odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bizikidetza-unitateko kideen arteko familia-lotura, bai eta, hala badagokio, ezkontza-lotura edo izatezko bikotea izatea ere.

3.– Bizikidetza-unitateko beste kide batzuen egoera juridikoak: tutoretza, adopziorako zaintza edo familia-harrera iraunkorra, eta gainerako egoera juridikoak, 20/2020 Errege Lege Dekretuaren arabera.

4.– Eskatzailearen bizilekuan erroldatuta dauden pertsona guztien erroldatze kolektiboa, eta erroldatze-data.

5.– Legezko bizilekua Espainian izatea, atzerritarren erregistro nagusiko inskripzio-ziurtagiriaren bidez, Europar Batasuneko herritarraren familia-txartelaren bidez edo bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztien egoitza-baimenaren txartelaren bidez.

6.– Ondare- eta errenta-eskakizunei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

III. ERANSKINA
ELKARRERAGINGARRITASUN-BALDINTZAK

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak konpromisoa hartzen du datuak atzitzeko eta transmititzeko zerbitzu elektronikoen elkarreragingarritasuna errazteko, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa behar bezala kudeatzen dela bermatzeko.


Azterketa dokumentala