Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2020ko urriaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4255

EBAZPENA, 2020ko irailaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bilboko Arte Ederren Museoa (Bizkaia) handitzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Bilboko Udalak, 2020ko apirilaren 23an, eskabide bat bete zuen Bilboko Arte Ederren Museoa (Bizkaia) handitzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura hasteko. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Plan Bereziaren memoria eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko ekainaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Bilboko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira. Prozedura horretan, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, lehendakariarena, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plan Berezia), jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak Bilboko Arte Ederren Museoaren eta haren hurbileko ingurunearen zabalkuntza arautzen du, eta antolamendu xehatua ezartzen du: sestra azpiko eta gaineko lerrokadura berriak zehaztea, baimendutako gehieneko altuerak eta bai eraikin babestuan egingo diren jarduketak bai ondasunaren ingurua handitzeko edo urbanizatzeko egingo direnak. Halaber, Plan Bereziaren xedea da Museoaren eraikigarritasun berria zehaztea.

Arte Ederren Museoaren antolamendu xehatua 1998an onartutako Plan Berezian dago ezarrita, eta aldatu egingo da.

Aurreikusitako jarduketen artean, honako hauek daude:

– Museoko sarrera historikoa berreskuratzea, harmailadi berri bat jarrita.

– Arriaga plaza ixtea.

– Eraikitako gorputz berriaren sostengu-egitura eraikitzea, eraikinaren mendebaldeko fatxadaren parean.

– Eraikin Modernoko hirugarren solairuaren eraikigarritasuna handitzea.

– Eraikin Modernoaren ekialdeko fatxadan eraikitako gorputz berria handitzea.

– Lurpeko galeria berria egitea Arriaga plazan, eta egungo sotoa handitzea.

B) Proposatutako Plan Bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko Plan Bereziak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak Bilboko Arte Ederren Museoaren eta haren ingurunearen antolamendu xehatua ezartzen du, eta handitzeko proiektua arautzen du.

Proiektua gauzatzeko egingo diren jarduketen artean, aurreko paragrafoan jasotakoak daude.

Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

Plan Bereziarekin ez da lurzoru artifizialdu gaberik okupatuko, eta ez da hauteman bateraezintasunik aipatu planaren eta hierarkian gorago duenaren artean.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Plan Bereziaren eremua hiri-lurzoru baten gainean dago, eta erabilera xehatua du bizitegitarako, industriarako, ekipamendurako eta azpiegituretarako.

Plan Bereziaren mugak Bilboko Arte Ederren Museoaren –Casilda Iturrizar parkean dago– eragin-eremuak markatzen ditu. Eremu guztiz antropizatua da, Bilboko itsasadarretik 400 bat metro hegoaldera, eta ez da natura-elementu interesgarririk nabarmentzen bertan (ingurunean ez dago naturaguneekin, LAGetan adierazitako beste espazio batzuekin, Natura 2000 Sarearekin, hezeguneekin eta igarobide ekologikoekin lotutako leku interesgarririk). Era berean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna- edo flora-espezierik (akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun txikia duen eremua, substratuaren iragazkortasun handia badu ere).

Eragindako eremuaren azalera 12.190 m2 ingurukoa da.

Eremuan ez dago natura-balio nabarmenik, ezta natura-intereseko elementurik ere. Ez da hauteman interes geologikoko punturik, ez ibilgurik, ezta ur-punturik ere. Lur-eremuak akuiferoaren kutsadurarekiko kalteberatasun-maila oso txikia du. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik, naturagune babesturik eta EAEko korridore ekologikoaren sareko elementurik. Uholde-arriskurik ere ez da hauteman, ezta kutsatuta egon daitekeen lurzorurik ere.

Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren jarduketak eta jarduerak.

Zaratari dagokionez, bide-trafikoa da zarataren foku nagusia; ondorioz, iparraldeko fatxadan eta ekialdeko zati batean, ingurune horretarako ezarritako Kalitate Akustikoaren Helburuak (KAH) gaindituko lirateke. Eremuak Bilboko Udalak hiri-lurzoru osorako garatu duen «Babes Akustiko Bereziko Eremu» izendapena du (2018ko ekainean onartu zen).

Kulturaren ikuspegitik, garrantzitsua da aipatzea Bilboko Arte Ederren Museoa kultura-intereseko ondasun izendatutako eraikina dela (1962an izendatu zuten), «Monumentu» kategorian, RI- 51-0001424-00000 kodearekin (474/1962 Dekretua, martxoaren 1ekoa, museo jakin batzuk monumentu historiko-artistiko izendatzen dituena). Bilboko HAPOak, babesteko, elementu hauek ere biltzen ditu: Arriagaren monumentuko eskulturak, «Zuloagaren bustoa» eskultura, M. Navarroren eskultura eta Museoko iturria.

Aurrekoa ikusita, uste da Plan Bereziaren eremuko inpaktu garrantzitsuenak eraikina handitzeko obren fasean eragindakoekin lotuta daudela (eraikin berria eraikitzeko behar diren lur-mugimenduak, giza habitataren kalitatea murriztea, hondakinak sortzea, makineria lekuz aldatzea, emisio atmosferiko eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenak, etab.). Aldi baterako izango dira, eta obrak amaitzean desagertuko dira.

Ustiapen-faseko inpaktuen artean, lurzorua hartzea, paisaiaren ikusizko kalitatean eragina izatea eta Kalitate Akustikoaren Helburuak ez betetzea daude (guztiak hiri-eremu garbian).

Gainera, adierazi behar da jarduketak kulturaren ikuspegitik babestuta dauden ondasun batean egiten direla.

Azkenik, ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta aldaketa puntualaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz egiten badira, besteak beste. Eta bereziki beteko da Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa, baita kultura-ondareari, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei eta zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Zaratari dagokionez planean hartu behar diren erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira etorkizuneko hirigintza-garapenak gauzatu kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, eta loturik egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua osatzea gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduta, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

b) Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

c) Bilboko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

d) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Lanak eguneko lan-ordutegian egingo dira.

e) Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presioko ura edo erratz-makinak erabilita.

f) Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

g) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaikuntza jasangarriaren gida» argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan jasotakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten Bilboko Arte Ederren Museoa (Bizkaia) handitzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren zehaztapenek ondorio kaltegarri nabarmenik izango dutenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Bilboko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Bilboko Arte Ederren Museoa (Bizkaia) handitzeko proiektuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala