Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2020ko urriaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4253

AGINDUA, 2020ko irailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez mahastizaintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako 2021. urteko laguntzen deialdia egiten baita.

Europako mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta haien ardoen kalitatea finkatzeko, mahastizaintza eta ardogintzako merkatuaren erakunde komun bat ezarri da. Europako Erregelamenduak ezarritako babes-neurrien artean, mahastizaintza eta ardogintzako sektoreko enpresen errendimendu orokorra hobetzera eta horiek merkatuko eskaeretara egokitzera bideratutako inbertsiorako laguntzak daude.

Merkatuen erakunde komun hori (MEK), egun, honako erregelamendu hauen arabera arautzen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna sortzen duena eta erregelamendu hauek baliogabetzen dituena: 922/72 (EEE), 234/79 (EE), 1307/2001 (EE) eta 1234/2007; Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatua (EB), zeinaren bidez osatzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua (EB) mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez, eta aldatzen baita Batzordearen 555/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), zeinaren bidez ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduko (EB) zer xedapen aplikatu behar diren mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez.

Estatuan, 2018ko azaroaren 3an, argitara eman zen azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatua, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023ko programako neurriak aplikatzekoa. Errege Dekretu horretan, II. Kapituluko 4. Sekzioan, «Inbertsioak» neurria dago jasota.

Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuak ezartzen ditu Europako erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak (227/2014 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako laguntza-neurriak aplikatu eta garatzekoa). Arau horrek abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua indargabetu eta ordeztu du, hain zuzen ere laguntza hauek arautzen dituzten arau substantiboetan egindako aldaketak txertatzea ahalbidetzeko.

Bestalde, agindu honen bidez, deialdia egiten da azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatua, ezarritako laguntzak emateko, baina laguntza horien gastua FEAGA 2022 aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua eduki behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da inbertsioetarako laguntzen 2021eko deialdia egitea, hartara bete ahal izateko urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatutako azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.

1.– Inbertsioak egiteko laguntza-eskabideak aurkezteko epea, berriz, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2021eko otsailaren 1a baino lehen bukatuko da. Hala ere, 2020ko otsailaren 1etik aurrera (egun hori barne) aurkeztutako eskabideak onartuko dira. Agindu honen III. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (Erref.:0111008)

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

Hirugarrena.– Egokitzapena.

1.– Laguntza hauek xedapen eta erregelamendu hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamendua (EB) (apirilaren 15eko 2016/1149 EB Erregelamendu Delegatuak osatua), Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatua –denak ere Espainiako Estatu osoan bete beharrekoak–, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua, edo horiek ordezten dituzten araudiak.

2.– 2021eko laguntzak arautzen dituen araudia ezagutarazteko, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2 eta 17.2 artikuluetan xedatutakoa betez, agindu honen I. eranskinean jasotzen da araudia, ekitaldi honetan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.

Laugarrena.– Baldintza.

Agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpenaren unean, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Bosgarrena.– Bateraezintasunak.

Laguntza hauek ezingo dira bateratu otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren bidez deitutakoekin. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen da. Laguntza hauek bereziki bateraezinak dira programa horretako «Lehiatu Berria» laguntzekin.

Seigarrena.– Inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena.

Agindu honetako II. eranskinean jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 68.5 artikuluan eta azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XXII. eranskinean xedatutakoaren ondorioetarako.

Zazpigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Zortzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 30a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
INBERTSIOETARAKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA

I.– Aplikazio-eremua.

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko enpresen errendimendua oro har hobetzeko, merkatuaren eskarira egokitu daitezen laguntzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko, laguntza finantzarioa emango zaie ardogintzaren eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan egindako inbertsio ukigarri eta ez-ukigarriei, bai eta merkaturatze-egitura eta -tresnetan egindakoei ere. Laguntza finantzarioa emango da, halaber, energia-aurrezpena, efizientzia energetiko orokorra eta prozesu iraunkorrak hobetzeko.

Inbertsio horiek mahastizaintzako eta ardogintzako zenbait produktu ekoizteko, merkaturatzeko edo bietarako izango dira; zehazki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/20013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak, Espainiako lurraldean ekoitzi direnak.

Ekitaldi honetan, inbertsioen neurriei dagokien araudi aplikagarria 1363/2018 Errege Dekretua da (4. Atala), azaroaren 2koa, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatua, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari 2019-2023 aldian laguntza-neurrien programa eskaintzekoa.

II.– Onuradunak.

Inbertsioaren gaineko neurriaren onuradun izango dira:

a) Mahastizaintzako eta ardogintzako enpresak, baldin eta, eskabidea egiten duten unean, honako erregelamendu honetan jasotako produktuak ekoitzi edo merkaturatzen badituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II zatian. Onuradun izan daitezke, orobat, laguntza-eskaeraren xede den operazioa gauzatzearen ondorioz halako produktuak ekoizten edo merkaturatzen hasi diren enpresak. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute enpresek.

b) Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 152. artikuluari jarraituz aitortuta badaude.

c) Ekoizle bi edo gehiago biltzen dituzten elkarteak, baldin eta nortasun juridikoa badute eta lehenago adierazitako erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak ekoizten badituzte. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute elkarteek.

d) Lanbidearteko erakundeak.

Dena den, jarduera bakartzat merkaturatzea duten enpresak badira, itxitako azken ekitaldiko fakturazioaren % 80, gutxienez, honako produktu hauek merkaturatzetik atera beharko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian zehaztutako produktuak.

Ez zaie laguntzarik emango zailtasun-egoeran dauden enpresei, betiere aintzat hartuta Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Jakinarazpenean halako enpresei buruz jasotako definizioa.

III.– Iraunkortasuna.

Laguntza eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira, bost urteko epean, onuradunak azken ordainketa jasotzen duenetik hasita, baldin eta 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Errege Dekretuaren 71. artikuluan adierazitako gorabeheraren bat gertatzen bada, hala ezarrita baitago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 50. artikuluko 5 apartatuan, zeinak ezartzen baitu honako artikulu honen mutatis mutandis aplikazioa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 71. artikulua.

Era berean, laguntzaren xede den ekoizpen-jarduera eta horrekin lotutako azpiegiturak eskualdatzen diren kasuetan, eskuratzaileei ere eskatuko zaie iraunkortasuna, eta agintari eskudunen aurrean behar bezala egiaztatu beharko dute horren berri dutela eta onartzen dutela. Hala egin ezean, laguntza itzultzeko eskatu ahal izango zaio laguntzaren jatorrizko onuradunari.

IV.– Operazioen xedeak.

Laguntzaren xede diren operazioek lagundu behar dute azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XVII. eranskinean bildutako helburu estrategietako bat lortzen, gutxienez.

Helburu estrategiko horiek lortzeko, operazio bakoitzean helburu orokor bat edo batzuk identifikatu beharko dira. Helburu horietako zenbait, baina ez denak, zerrendatuta daude azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XVIII. eranskinean. Operazio jakin baten helburu orokorretakoren bat jasota ez badago zerrenda horretan, eskatzaileak zehaztu beharko du zein den helburu hori.

V.– Operazioen ezaugarriak.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea FEAGAren zer ekitalditan amaitzen den, ekitaldi horren osteko ondoz-ondoko bi aurrekontu-ekitaldiei eragingo diete gehienez operazioek. Eskaera aurkezten den egunetik has daiteke operazioak gauzatzen, eta, hala badagokio, operazioak hasi gabe daudela dioen akta egiten denetik aurrera.

Urteko operazioetarako eskaerak kasu honetan bakarrik onartuko dira: gastu-kontzeptuak mugatzen badira deialdiko laguntza-eskabideak aurkezteko epea bukatzen deneko FEAGA ekitaldiaren ondoko ekitaldira.

FEAGAren bi ekitalditan laguntza jasoko duten operazioek onartu diren gastu-kontzeptuen zenbatekoaren % 50 izan behar dute, gutxienez; hau da: deialdiaren xede diren laguntza-eskabideak aurkezteko epea FEAGAren zer ekitalditan amaitzen den, ekitaldi horren ondoko lehen ekitaldian sartutako gastu-kontzeptuen zenbatekoaren % 50.

VI.– Eskabideak onartzeko irizpideak.

Eskabideak irizpide hauen arabera aztertuko dira:

1.– Inbertsio-operazioak argiro zehaztuko dira, ekintzak eta haien iraupena azalduz, eta ekintza bakoitzaren gastu-kontzeptuak eta aurreikusitako kostuak zehaztuz.

Zehaztuko da, orobat, operazio bakoitzak nolako helburu estrategiko eta orokorrak bete nahi dituen.

2.– Bermatuko da proposatutako operazioaren kostuek ez dituztela gaindituko merkatuko prezio normalak, eta kostuen moderazioa betetzen dela.

Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak (azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XIX. eranskinean jasota daudenak) ezartzeak ez du esan nahi kostuen moderazioa ebaluatu behar ez denik.

Agintari eskudunek uste badute kostuek merkatuko prezio normalak gainditzen dituztela edo ez dela betetzen kostuen moderazioa, eskatzaileari eskatuko diote eskabidea zuzentzeko edo behar bezala justifikatzeko.

Kostuen moderazioa ebaluatzeko, sistema hauetako bat edo haien konbinazioa erabiliko da:

a) Zenbait eskaintzaren konparazioa.

Oro har, eskatzaileak hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko ditu gutxienez, zerbitzua eman baino lehen edo produktua entregatu aurretik.

Gutxienez, honako alderdi hauek ebaluatuko dira: eskaintzen independentzia; eskaintzen elementuak konparagarriak izatea, eta eskaintzen deskribapenaren argitasuna eta zehaztasuna.

Eskaintzen artean hautaketa egiteko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, eskaintza merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatik, bai eta, hala badagokio, zergatik ez dagoen hornitzaile nahikorik. Alderdi hori berdin aplikatuko da, halaber, gauzatutakoa ez badator bat onartutakoarekin.

b) Erreferentzia-kostuak.

Agintari eskudunek erreferentzia-prezioen datu-base bat ezarri edo erabiltzen dute. Datu-base hori osoa eta behar bezain zehatza izan behar da, aldian-aldian eguneratu beharko da, eta bermatu beharko du prezioak merkatuko prezioen isla direla.

c) Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzorde bat eratzen bada edo merkatu-azterlan bat egiten bada, kontuan hartu beharko da batzordekideek dagokion arloan esperientzia izan behar dutela. Batzordearen lana behar bezala dokumentu beharko da.

3.– Eskatzaileak frogatzen du eskura dituela baliabide teknikoak eta finantzarioak, operazioa zuzen gauzatzeko adinakoak, eta enpresa ez dagoela krisi-egoeran Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren 50. artikuluko 2. apartatuaren hirugarren zenbakian ezarritakoari jarraituz.

Eskatzaileak frogatu beharko du enpresa ekonomikoki bideragarria dela, non ez den, estatutuei jarraituz, irabazi asmorik gabeko erakunde bat.

Ekoizle bi edo gehiago (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatzen diren ekoizleak) biltzen dituen eta nortasun juridikoa duen elkarte bat baldin bada eskatzailea, elkarteko ekoizle bakoitzak frogatu beharko du gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko, inbertsioan duen partaidetzaren arabera, edo, bestela, elkarteak gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko.

Honako egoera hauetan ulertuko da alderdi horiek frogatu gabe geratu direla eta, ondorioz, eskatzailea ezin dela dirulaguntzaren onuradun izan:

a) Krisialdian baldin badago, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Jakinarazpena).

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin badu, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota badago, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badago (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen mende badago edo uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badago, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatu ez badu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduan ezarritako eran.

4.– Eskatzaileak proposatutako estrategien eta finkatutako helburuen arteko koherentzia, eta operazioak izan dezakeen eragina eta arrakasta eraldaketaren edo merkaturatzearen errendimendu orokorra hobetzeko, eskatzailearen instalazioak merkatuaren eskarietara egokitzeko eta lehiakortasuna areagotzeko.

Ez da inolako laguntzarik emango, laguntza-eskabideetan inkoherentzia-egoerak atzemanez gero, edo haietan aurreikuspenak behar bezala dokumentatuta ez badaude.

VII.– Laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Pertsona fisikoek:

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldikoa.

Pertsona juridikoek:

– Legezko ordezkariaren NANa.

– Enpresa eratzeko eskritura.

– Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.

– Entitatearen estatutuak.

– Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

Denek:

– Ez badu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso azken 5 urteetan, hirugarrenaren altaren dokumentua.

– Enpresa merkaturatzailearen kasuan:

– Fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela ziurtatzeko idatzizko konpromisoa.

– Proiektua deskribatzeko memoria, atal hauek dituena:

– Ekintza eta inbertsioen deskripzio zehatza.

– Gauzatzeko aurreikusitako epea.

– Aurrekontu zehatza, euskarri-dokumentazioarekin batera; besteak beste, proformako fakturak, kontratuen kopia edo eskabide irmoak.

– Obra zibila duten proiektuen kasuan:

– Lurren jabetza-titulua edo lurzoruaren erabileraren lagapena.

– Obra gauzatzeko proiektu ikus-onetsia.

– Obra-lizentziaren eskabidea.

– Inbertsio guztien kostuen moderazioa (hiru eskaintza, hiru hornitzaile desberdinena).

– Enpresaren bideragarritasun-memoria tekniko-ekonomikoa; honako hauek jasoko dira gutxienez:

– Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

– Enpresa-egitura.

– Ekoizpen-prozesuaren eta produktuen deskribapena.

– Prestatutako produktuen merkatuak.

– Proiektuaren kokalekua.

– Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegu-sorkuntza...).

– Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.

– Euskadiko berariazko lehenespen-irizpideak egiaztatzen dituen justifikazio-memoria (azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuko XXII. eranskina, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatua).

VIII.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Honako ekintza hauen kostuak lagundu daitezke diruz:

a) Ondasun higiezinak eraiki, erosi eta hobetzea.

b) Makina eta ekipo berriak erostea, produktuaren merkatu-balioraino.

c) a eta b letretan jasotako gastuen kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak eta bideragarritasun-azterlanak, betiere inbertsio-operaziorako onartutako aurrekontuaren % 8ko muga dutela.

d) Ordenagailuetarako euskarri logikoak erosi edo garatzea, patenteak, lizentziak eta egile-eskubideak erostea eta marka kolektiboak erregistratzea.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XIX. eranskinean adierazitako kontzeptuetarako, inbertsio-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoek ezingo dituzte gainditu eranskin horretan adierazitako mugak. Hala, operazio batean muga horiek gainditzen badira, gaindikina ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

Ezingo dira diruz lagundu azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekreturen XX. eranskinean ezarritako gastuak.

IX.– Ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Biltzarrak hautatutako eskabideen behin betiko zerrenda jakinarazi ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak dagozkion ebazpenak emango ditu eta onuradunei jakinaraziko dizkie. Ebazpenetan, gutxienez, honako hauek adieraziko dira: diruz lagun daitezkeen inbertsioen zenbatekoa, emandako laguntza eta onartutako gauzatze-egutegia.

2.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ezespen-ebazpen arrazoituak emango ditu laguntza-eskaera eta dagozkion errekurtsoak ezesten diren kasuetarako.

3.– Interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazi sei hilabeteko epean, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 25.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Ebazpen positiboaren kasuan, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza emateko baldintzak berariaz onartzea.

b) Egikaritze onaren berme bat gordailutu dela egiaztatzen duen agiri bat, Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetuan aurreikusitako baldintzen arabera. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen du, erakunde ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari dagokienez, Erkidegoaren finantzaketaren zenbatekoaren ehuneko 15, onuradunak operazioaren parte diren ekintza guztiak gauzatzen dituela ziurtatzeko.

X.– Operazioak aldatzea.

1.– Onuradunak eskatu ahal izango du hasiera batean onartutako inbertsio-operazioa aldatzea, hala ezarritako baitago Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 53. artikuluaren 1. apartatuan.

2.– Aldaketa guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio. Zuzendaritza horrek ebaluatuko ditu aurkeztutako aldaketa guztiak.

3.– Aldaketek honako muga hauek bete beharko dituzte:

– Operazioa onartzeko erabili ziren helburu estrategikoak edo orokorrak ez aldatzea.

– Hautagarritasun-baldintzak ez aldatzea.

– Nekazaritza eta Landa Garapeneko Konferentzia Sektorialak jakinarazitako behin betiko zerrendan Euskal Autonomia Erkidegorako mozketa markatzen duen eskabidean baino puntuazio txikiagoa ez sortzea.

– Onuraduna ez aldatzea, salbu eta berria bat-egitearen, salerosketaren edo sozietate-mota edo nortasun juridikoa eraldatzearen ondorioz sortzen bada, eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak ez aldatzea.

– Ez du esan nahi ordainketak FEAGA ekitaldi batetik beste batera aldatu direnik.

– Laguntzaren xede den inbertsioa hasieran onartutakoaren % 40 baino gehiago ez murriztea.

4.– Bi aldaketa mota bereizten dira:

– Aldaketa handienak: gauzatu aurretik baimendu behar dira, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren berariazko aldeko ebazpena beharko dute.

Aldaketa handienak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaizkio, aldatu beharreko inbertsioak ordaintzeko eskatu behar den FEAGA ekitaldiko otsailaren 1a baino lehen.

– Aldaketa txikiak: jarduketen amaiera jakinarazi edo ordainketa-eskaera aurkeztu baino lehen aurkeztu behar dira, beranduenez. Aldaketa txikiak baino ezin izango dira izan:

– Onartutako operazio bateko ekintzen arteko aurrekontu-transferentziak, betiere, gehienez ere, ekintza bakoitzerako hasieran definitutako aurrekontuaren % 20 bada, eta hasieran onartutako edo, hala badagokio, aldatutako ekintza guztiak exekutatu badira, edo hasieran aurreikusitako epeen barruan exekutatzeko moduan badaude.

– Ekintza bakoitzerako hasieran onartutako zenbatekoaren % 20 arte aurreztea dakarten aldaketak.

– Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XXIII. eranskinaren B zatian aurreikusitako aldaketak. Beste aldaketa txiki batzuk:

– Makina edo instalazio baten marka edo hornitzailea aldatzea, betiere ezaugarri teknikoak mantentzen edo hobetzen badira, errendimendua, energia-kontsumoak eta mantentze-lanak bezalako alderdiak kontuan hartuta.

– Upelen kopurua aldatzea, betiere guztizko edukiera eta ezaugarriak azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XIX. eranskineko V. epigrafean aurreikusitako tipologiaren arabera mantentzen badira.

– Aldaketa txiki horiek aldez aurreko onespenik gabe egin ahal izango dira, baina kontzeptu horietarako diruz lagun daitekeen inbertsioaren zenbatekoa ezin izango da inoiz dirulaguntza ematean aurreikusitakoa baino handiagoa izan.

5.– X. atal honetan aipatutakoa alde batera utzita, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, salbuespen gisa, aurreko paragrafoetan adierazitako baldintzekin bat ez datozen aldaketak baimendu ahal izango ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren adieran ezinbesteko kasuetan edo ezohiko inguruabarretan.

6.– Onartutako aurrekontuak murriztea dakarten aldaketek emandako dirulaguntzaren murrizketa proportzionala ekarriko dute.

7.– Onartutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek ez dute ekarriko onartutako dirulaguntza handitzea.

8.– Onuradunak eutsi egiten dio exekuzio onaren bermea jartzeko betebeharrari, hasierako dirulaguntza ematearen gainean kalkulatutako zenbatekoen arabera.

XI.– Finantzaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza mota % 40koa izango da, kontuan hartuta 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 50.4 artikuluan jasotzen diren inbertsio-kostu onargarriak.

2.– Gainera, laguntza-mota horri honako kontsiderazio hauek aplikatuko zaizkio:

A) Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 72. artikuluko 1. apartatuan adierazitako laguntza motak mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaizkie, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan halako enpresei buruz ematen den definizioari jarraituz.

B) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak jasotzen ez dituen enpresen kasuan –750 langile baino gutxiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 72. artikuluko 1) apartatuan aipatzen den laguntzaren % 50ekoa izango da.

C) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak jasotzen ez dituen enpresen kasuan –750 langile edo gehiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik gorako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 72. artikuluko 1) apartatuan aipatzen den laguntzaren % 25ekoa izango da.

3.– Kasu guztietan, baita enpresa handietan ere, eskatzaileen langile kopurua eta negozio-bolumena zehazteko, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan finkatutako kalkulu-irizpideak erabiliko dira.

4.– Eskatzailea bi ekoizle edo gehiago biltzen dituen eta jarduera ekonomikorik ez duen nortasun juridikodun elkarte bat baldin bada, eta ekoizle horien produktuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskineko II. atalean aipatzen direnak badira, laguntza kalkulua ekoizle bakoitzak inbertsioan duen partaidetzaren proportzioari jarraituz egingo da, betiere ekoizle bakoitzak bere aldetik izango lukeen laguntza-motarekin bat etorriz.

XII.– Ordainketak.

1.– Inbertsioa, gehienez, FEAGAren bi ekitalditan justifikatu eta ordaindu beharko da.

Onuradunek inbertsio-operazio orokorra edo dagokion jarduketa justifikatu eta ordaintzeko eskatu beharko dute, FEAGA ekitaldi bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen, baina Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak epe murriztaileagoak aurreikusi ahal izango ditu.

Onuradun batek hasieran aurreikusitako jarduketa bat edo batzuk egitea aurreratzen badu, bere egikaritze-egutegiaren arabera, deialdiaren xede den FEAGA bigarren ekitaldian justifikatzeko, jarduera horiek ordaintzeko eskaera aurkeztu ahal izango du deialdiaren xede den FEAGA lehen ekitaldian justifikatzeko aurreikusitako jarduketen epe berean. Jarduera horiek ordaindu ahal izango dira baldin eta funts erabilgarriak badaude atzera egiteagatik, uko egiteagatik edo aldaketengatik, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuaren 68.9 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ebazpen bat emango du aurkeztutako ordainketa-eskaera bakoitzeko, inbertsio-operazioarena, hala badagokio, inbertsio-operazioaren parte diren jarduketa batena edo batzuena, betiere egiaztatzen bada hasieran aurreikusitako ekintzak edo jarduerak edo aldatu direnak izan direla. Onuradunari ordaintzeko eskaera egin eta gehienez ere 12 hilabeteko epean egin beharko zaio ordainketa.

Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira, gutxienez:

a) Egikaritze-memoria baloratua, gastuen, fakturen eta ordainketen egiaztagirien zerrendarekin. Gainera, egikaritze-memoriak hasierako eskaerarekin alderatuta egindako aldaketen zerrenda zehatza jasoko du. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren adieran, aurreikusitako jarduketen eta salbuespenezko edo ezinbesteko arrazoiengatik egindakoen artean alderik badago, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko dira.

b) Honako hauen gaineko deklarazioa, onuradunak egindakoa: inbertsio bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso ez izana, eta dirulaguntzak itzultzeko prozesuren baten barruan ez egotea.

c) Dirulaguntzaren zenbatekoa jaso nahi den banku-kontuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

e) Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak, eta ordainketen ziurtagiriak.

f) Onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

g) Bete behar den arautegian exijitutako beste edozein dokumentu, eta emakida-ebazpenean adierazitakoak, laguntza emateko beharrezko diren baldintza eta zirkunstantzietako batzuk egiaztatzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek egiaztatu egin beharko dira, hain zuzen ere Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duten kontu-auditore baten edo auditoria-sozietate baten bitartez; halakorik ezean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko ditu aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horretan, laguntza-espediente bakoitzaren gainean in situ ikuskapen bat egingo da, gutxienez.

3.– Behin operazioa osorik exekutatuta, ezin bada egiaztatu diruz lagundu daitekeen inbertsioa hasieran onartutakoaren % 60koa dela gutxienez, ez da inolako laguntzarik ordainduko.

4.– Laguntzaren azken ordainketa egin baino lehen, egiaztatu beharko da osorik exekutatu direla laguntza-eskaerak –onartuak edo aldatuak– estaltzen dituen operazio globalaren ekintza guztiak, eta ekintza horien gainean administrazio-kontrolak eta tokian bertakoak egin direla, salbu eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan zehazten diren salbuespenezko inguruabarretan edo ezinbesteko kasuetan.

Kontroletan egiaztatzen bada ez direla gauzatu hasieran onartutako edo aldatutako laguntza-eskaerak estalitako operazio globalaren parte diren ekintza guztiak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan adierazitako ezinbesteko arrazoiengatik edo salbuespenezko inguruabarrengatik izan ezik, ez da laguntzaren zenbatekorik ordainduko. Laguntza-eskabidean jasotako operazio globalaren parte diren ekintza edo jarduera indibidualengatiko laguntzak jada ordaindu badira, ordaindutako zenbatekoak gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko da. Bi kasuetan, gainera, exekuzio onaren bermea exekutatuko da, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuaren 73 bis artikuluaren arabera.

XIII.– Bermeak askatzea eta betearaztea.

1.– Exekuzio onaren bermeak balioa izango du azken ordainketa egin arte.

2.– Bermea libratuko da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak hura ezereztea erabakitzen duenean, aldez aurretik operazioa egin dela egiaztatzen badu administrazioak eta tokian bertan egiaztatzen badu onuradunak, eta laguntza-eskaerak estalitako – Hasieran onartua edo aldatua – Operazio globalaren parte diren ekintza guztiak gauzatu baditu, eta onuradunak zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei dagokienez duen egoera egiaztatzen badu, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagokionez ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. paragrafoan jasotako ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko inguruabarretan izan ezik.

3.– Onuradunak ez baditu exekutatzen hasieran onartutako edo aldatutako laguntza-eskaerak estalitako operazio globaleko ekintza guztiak, exekuzio onaren bermea exekutatuko da, hasieran onartutako edo aldatutako inbertsioari dagokionez justifikatu gabeko diruz lagundutako inbertsioaren ehuneko berean.

II. ERANSKINA

Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatutako haztapena, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XXII. eranskinean bildutako lehentasun-irizpideena.

1.– Eskaerak lehenestea.

1.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.2.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.2.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.4.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.4.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.5 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 9.

1.6 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

1.7 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

1.8 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 6.

1.9 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

2.– Eragiketak lehenestea.

2.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.4 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

2.5 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 5.

2.6.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.6.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 7.

2.6.3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

2.7 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

2.8 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

2.9 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

2.10 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

III. ERANSKINA
MAE INBERTSIOAREN FORMULARIOAREN EDUKIA
Eremu generikoak:

– Identifikazio-agiriaren mota.

– Zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoek soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoek soilik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Helbide elektronikoa.

– Ordezkaria.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.

– Ohartarazpenak jasotzeko posta-helbidea.

– Ohartarazpenak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Ohartarazpenak jasotzeko mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

– Aurreikusitako exekuzio- eta justifikazio-egutegia.

– Sistemen ustiapenaren arduraduna.

– Zerga-egoitza.

– Egoitza soziala.

– Onuradunak.

– Enpresa eskatzailearen kapital sozialaren egungo egitura.

– Nekazaritza-ustiapena (badagokio).

– Gauzatzen ari diren eta/edo aurreikusita dituzten jarduerak.

– Erabiltzen eta/edo merkaturatzen dituzten mahastizaintza eta ardogintzako lehengaiak.

– Prestatzen eta/edo merkaturatzen dituzten produktuak.

– Inbertsioaren kokalekua.

– Inbertsioaren deskribapena.

– Operazioen xede estrategikoak.

– Eskatutako inbertsioaren zenbatekoa ekitaldien eta ekintzen arabera.

– Inbertsio-proiektuaren finantzaketa.

Lehenespen-irizpideak:

– Eskatzailea lehenestea.

– Operazioak lehenestea.

Eremu osagarriak: erantzukizunpeko adierazpenak:

– Ez du xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso, administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

– Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia da, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak dira; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko du; eta ez du adieraziko faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaerak ez zituela ezagutzen.

– Konpromisoa hartzen du proiektua gauzatu dela egiaztatzeko beharrezko den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzeko.

– Proposatutako programaren iraupen osorako finantzaketa bermatzen du.

– Ez da krisian den enpresatzat hartzen, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europaren zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).

– 1363/2018 Errege Dekretuak 62. artikuluan inbertsioen iraunkortasunari buruz xedatutakoarekiko konpromisoa hartzen du.

– Ez da laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatua izan, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Ez dago zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat.

– Ez du, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita.

– Ez du konkurtso-deklaraziorik eskatu; ez dago inolako prozeduratan kaudimengabetzat jota; ez dago konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; ez dago esku-hartze judizialaren eraginpean edo desgaitua, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo ez dute Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat, horietan ezarritako baldintzetan.

– Ez du zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Enpresa merkaturatzailearen kasuan: fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik dator.

Enpresa mota:

– Enpresa ez da ETEtzat hartzen, eta ez dago sartuta Batzordearen 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluko 1. paragrafoan, 750 langile baino gutxiagorekin edo 200 milioi euro baino gutxiagoko negozio-bolumenarekin.

– Enpresa ez da ETEtzat hartzen, eta ez dago sartuta Batzordearen 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluko 1. paragrafoan, 750 langile edo gehiagorekin, eta haien negozio-bolumena 200 milioi eurokoa edo gehiagokoa bada.

– ETE-Mikroenpresa (10 enplegatu baino gutxiago; 2 milioi euro edo gutxiagoko urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE-Enpresa txikia (50 enplegatu baino gutxiago; 10 milioi euro edo gutxiagoko urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE-Enpresa ertaina (250 enplegatu baino gutxiago; 50 milioi euro edo gutxiagoko urteko negozio-bolumena edo 43 milioi euro edo gutxiagoko balantze orokorra).

Halaber, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan NAN, IFZ, zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin izana; baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.


Azterketa dokumentala