Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2020ko urriaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
4177

EBAZPENA, 2020ko irailaren 1ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2020ko urritik 2021eko irailera bitartean emandako euskara-ikastaroengatik Euskal Etxeei dirulaguntzak emateko deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartua.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.a) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskara sustatzea eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Halaber, dekretu horrek 19. artikuluaren 3. b) letran aipatzen du munduan zehar euskara darabilten kolektibitateetan euskararen ezagutza sustatzea, gehienbat euskal etxeen bidez, dela EEIaren eginkizunetako bat.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da munduko euskal etxeetan euskarazko eskolak sustatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.

2020ko martxoaren 25ean, Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza deialdi hau onartu zuen, beronen irizpideekin batera, eta dirulaguntza hau Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartu da 2018-2020 urteetarako, eta sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/).

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da argitaratzea 2020ko urria eta 2021eko iraila bitartean Euskal Etxeek emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautzen dituen Zuzendaritza Kontseiluaren erabakia.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

EEIren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak 242.000 euro dira guztira, honela banatuta:

1.– 62.000 euro, 2020ko urri-abenduko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

2.– 180.000 euro, 2021eko urtarril-iraileko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Euskal Etxeekiko harremanetarako den maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten Euskal Etxeek eta Euskal Etxeon Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte Ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo dirulaguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da dirulaguntza eman eta, hala dagokionean, ordaindu. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura bat amaitzean ebazpen bat eman bada.

c) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

d) Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

e) Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ez ezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.

2.– Betekizun akademikoak:

a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente (EHAA, 144 zk., 2015eko uztailaren 31koa).

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldearen gutxienekoa sei ikaslekoa izango da; batezbestekoa, aldiz, zortzikoa gutxienez.

4. artikulua.– Eskabideak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz egingo dira eta EEIaren zuzendari nagusiari zuzendu eta igorriko zaizkio helbide honetan: Andre Zigarrogileak Plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. Solairua, 20012 Donostia. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

Aurrez aurreko eskaerak aurkezteko aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

2.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira eskabideak.

3.– Eskabideek jaso beharko dute ebazpen honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren talde/orduen proposamen zehatza. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, dirulaguntzak egoki banatu ahal izateko, eskabideek bereizi beharko dituzte 2. artikuluan zehaztutako epe bakoitzerako aurreikusten dituzten talde/orduak, hau da, urri-abenduko eta urtarril-iraileko talde/orduak, hurrenez hurren. Eskabideak ondoren zehazten diren agiriekin batera aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriarengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz (III. eranskina).

3.2.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak egiaztatuz (IV. eranskina).

3.3.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez direla adieraziz, eta horrelakoren batean parte hartu izan badute, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela adieraziz (IV. eranskina).

3.4.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena «minimis» laguntzak jasotzeari dagokiona (IV. eranskina).

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administraziok egindakoak diren agiriak ez aurkezteko. Horrela, haien kontsulta eta biltzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen hutsuneak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galdu duela, aurretiazko ebazpen baten bidez.

6. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei dagozkien dirulaguntzen modulua 11,50 eurokoa izango da, talde/orduko.

Ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako kopuruak eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, dirulaguntzak hainbanatuko dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren ebazpena.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentzia izango da eta EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta eman beharreko laguntza kalkulatzea, EEIren zuzendariak dagokion ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da gehienez.

2.– Esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legearen 25.artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

Ikasturteko behin betiko datu errealen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso ondoren, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, aurreikusitako talde/orduena bereziki, edota ez dela justifikatzen erabakitako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko erabakia aldatuko da. Zentzu horretan, EEIren zuzendariak likidazio ebazpena emango du aitortutako laguntza-kopuruak doituz, proportzionaltasun printzipioaren baitan.

10. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Dirulaguntzen ebazpena ematen den momentuan 2020ko urri-abendurako aurreikusitako talde/orduei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2021eko martxotik aurrera, 2020ko urritik abendura bitartean emandako talde/orduen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso, aztertu eta nahikotzat eta egokitzat jo ondoren, 2021eko urtarril/irailerako erabakitako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da.

3.– Ebazpenean erabakitako gainerako dirulaguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, EEIren zuzendariak egingo duen likidazio-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo justifikatu ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

12. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek dirulaguntzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Horretarako, II. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian jasotzen den eredua erabili beharko dute. Dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dagokion epealdian benetan emandako talde/orduen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako ekintzak sortutako gastuen ziurtagiria, gastuen izaeraren arabera sailkatuak: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioak, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, betiere zuzen-zuzenean jarduerari egozten bazaizkio; hori guztia dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztuko du gastu bakoitzetik euskara-ikastaroetara egotzi beharreko ehunekoa. Hala ere, irakasleen langile-gastuak eta gastu didaktikoak osorik egotziko dira.

2.– EEIren dirulaguntza behar bezala justifikatuta dagoela ulertzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dagokion epealdian benetan emandako eta ziurtatutako talde/orduek deialdiaren ebazpenean zehaztutako adinakoak izatea.

b) Ziurtatutako gastuen batuketak emandako dirulaguntza adinakoa izatea, gutxienez, betiere deialdi honetako 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Onuradunek EEIren esku utzi beharko dituzte dirulaguntza justifikatzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak, jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gordez, EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako. Agiri horiek onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.

4.– Justifikatu beharreko zenbatekoak zenbatzeko, dirulaguntza jasotzen den eguneko moneta-kanbioa hartuko da kontuan, euroaren kanbio-tasa ofizialaren arabera.

5.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

6.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2020ko urritik abendura bitartekoak, 2021eko otsailaren 15a baino lehenago.

b) 2021eko urtarril-iraila bitartekoak, 2021eko urriaren 15a baino lehenago.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Dirulaguntza eman den helburu jakin hartarako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska dezaketen informazio oro ematea.

c) EEIren esku uztea dirulaguntza justifikatzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gorde beharko dituzte EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako.

d) Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, dirulaguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

e) Halaber, aplikagarria da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako laguntza ez itzultzea horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak 37. eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira – erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da –. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuruan hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dute ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko helburuarekin.

Betekizun honetatik salbuetsita daude egoitza soziala Europar Batasunetik kanpo duten eskatzaileak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko indarreko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskara eta Euskal Kultura Zabaltzeko eta Hedatzeko Laguntzak eta Dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da eta legezko betebeharrik izan ezean, ez zaizkio hirugarren bati lagako.

Interesdunak ondoko eskubideak izango ditu: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien eramangarritasunerako eskubidea, datuen tratamendua mugatzeko eskubidea eta tratamenduei aurka egiteko zein tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen erabaki baten objektu ez izateko eskubidea. Interesdunak eskubide hauek egikaritu ditzake, dagokionean, eskabidea helbide honetara bidalita: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak Plaza, 1, 3. solairua, 2012, Donostia; edo Datuak Babesteko Ordezkariari bidalita: dpd-dbo@euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2020ko irailaren 1a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

I. ERANSKINA
ESKAERA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EUSKAL ETXEAK JASOTAKO DIRULAGUNTZA JUSTIFIKATZEKO EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
Zigor administratibo edo penalik ez dueneko ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
Bateragarritasun-adierazpenak
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala