Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2020ko urriaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4175

EBAZPENA, 2020ko abuztuaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Oñatiko «Migelena» II.7 hirigintza-eremuaren Plan Partzialaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

2020ko martxoaren 25ean, Oñatiko Udalak eskabide bat bete zuen, «Migelena» II.7 hirigintza-eremuaren Plan Partzialaren Aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko ekainaren 2an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Oñatiko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, espedientean jasotako txostenak aztertu dira, eta egiaztatu da ingurumen-organoak baduela nahiko judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, aipatutako artikuluan ezarritakoari jarraituz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Oñatiko «Migelena» II.7 hirigintza-eremuaren Plan Partzialaren Aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oñatiko «Migelena» II.7 hirigintza-eremuaren Plan Partzialaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, zehaztapen hauekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Kokapena.

Planaren xede den eremua II.7 Migelena hirigintza-eremua da. 43.924 m2 ditu, eta Oñatiko Garibai auzoan dago. Eremuak bi exekuzio-unitate ditu: EU1 eta EU2. EU1en erabat gauzatuta daude urbanizazioa eta eraikina, indarrean dagen plan partzialean jasotako antolamenduari jarraikiz.

Beraz, planak EU2ri bakarrik eragiten dio (36.755,09 m2-ko azalera du). Unitate horrek bi industria-lurzati ditu (Z-2 eta Z-3).

Xedea.

Planaren xedea zati batean gauzatuta dagoen industria-sektore baten antolamendu xehatua aldatzea da; zehazki, Fagor Industrial sozietate kooperatiboaren jarduera (garbigailu industrialen fabrikazioa eta muntaketa) lekualdatu nahi da; egun dagoen tokitik Migelenara. Hala, eraikigarritasun osoa Z-3 industria-lurzatian metatuko litzateke, egun dagoen eraikinari segida emanez. Horretarako, Z-2 lurzatiko eraikigarritasun Z-3ra aldatuko da. Horretan, oinplano-okupazioa handituko da, eta gehienez 15.486 m2-ko azalera izango du. Z-2 industria-lurzatia aparkalekuetarako erabiliko da. Planak, halaber, doikuntza txikiak egiten dizkie bi industria-lurzati horien mugei.

Jarduketak.

Planak jarduera eratorri hauek ere hartzen ditu barnean:

– Errepideak eta oinezkoen sarbidea berrantolatzea; horretarako, PII-1 eta PII-2 zerbitzu-azpiegituretarako lurzatiak txikiagotu beharko dira.

– Kirol-ekipamendurako lurzatiaren mugak egokitzea, baita berdeguneenak ere, baina azalerari eutsita.

– Oinezkoen sarbidea aldatuko da; errepidearekiko paraleloa izango da.

– Hirigintza-araudia berrikustea, plan partziala aldatzearen ondoriozko antolamendu-aldaketak barnean hartzeko, eta indarren diren hirigintza-legeetara egokitzea. Halaber, bestelako alderdi garrantzi gutxiagokoen gaineko arauak zuzendu dira (solairuarte, markesina eta urbanizazioaren kontserbazioari buruzkoak). Azkenik, titulu araugile berri bat sartu da, indarren den plan partzialak arautu gabe utzitako alderdi batzuk kontuan hartzeko (neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak, ingurumenaren kontrako efektuei, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, zonakatze akustiko eta kalitate akustikoaren helburuei eta zortasun aeronautikoei buruzkoak).

Planak ez du aldatuko Oñatin indarrean diren plan partzialean eta arau subsidiarioetan ezarritako gehieneko eraikigarritasuna. Gainera, aipatu antolamenduan zehazten direnez gain, ez da lurzoru gehiago okupatuko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak zati batean gauzatuta dagoen industria-sektore bateko antolamendu xehatua aldatzen du. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen du, Oñatiko arau subsidiarioetan ezarritakoarekin bat. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak direla eta, ez da bateraezintasunik batere hauteman planaren eta sektore- zein lurralde-antolamenduen artean.

C) Plana zenbateraino den egokia ingurumen-irizpideak barne hartzeko, batik bata, garapen jasangarria sustatzeari begira: planak barnean hartzen ditu garapen jasangarria sustatzeko neurriak, bereziki eraikingintza eta eraikuntza efizienteagoa bultzatzeko baliabideen erabilerari, hondakinen kudeaketari, paisaiaren integrazioari eta eraikinen energia-efizientziari dagokienez.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

EU-2 Migelena unitateak 36.755,09 m2-ko azalera du, eta Oñatiko Garibai auzoko industria-eremu batean dago. Industria-erabilerako lurzoru urbanizagarria da, erabat ustiatuta dagoena; urbanizazioa eta eraikina zati batean gauzatuta daude. Planak ez du eragingo oinplano-okupazioa handitzea.

Ez da topatu naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ezta hezegunerik ere. Babestutako fauna edo flora espezierik ere ez da hauteman, ezta interes geologikoko lekurik, paisaia bikainik eta EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik ere, planaren xede den eremuan.

Inpaktu akustikoaren azterketan lortu diren emaitzen arabera, kalitate akustikoaren helburuak beteko dira 2 metroko altueran kanpoaldean, hala egungo egoeran, nola etorkizunekoan, erabilera adierazi guztiekin. Era berean, fatxadetako zarata-maparen arabera, eraikinen fatxada guztietan beteko dira kalitate akustikoaren helburuak (hala eraikita daudenetan, nola eraikiko direnetan).

Arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasuna oso txikia da, eta planaren xede den eremuan ez dago kutsatuta egon daitekeen lurzorurik. Uholde-arriskurik ere ez dago.

Ondorioz, inpaktu nagusiak industria-eraikin eta aparkaleku berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanak izango dira; soberakinak sortzea, istripuzko isuriak, emisio atmosferikoen eta akustikoen ondoriozko eragozpenak, etab. Horiek guztiak gehienbat industria-erabilerakoa den hiri-ingurunean gertatuko dira.

Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen udal-antolamenduan aurreikusitako egoera. Zentzu horretan, xehetasun-azterketan jasotako jarduketek ez dute handitzen izan litezkeen ondorioen larritasuna; hau da, Oñatiko arau subsidiarioetan eremurako aurreikusitakoarekin bat datoz.

Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartuko dira jardueren garapenak eraginik izan ez dezan Planaren eremutik hurbil dauden ibilguetan.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Oñatiko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Lorategi-jarduketetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko eraikingintza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (industria-eraikinak, Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energia-efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik «Migelena» II.7 hirigintza-eremuaren Plan Partzialaren Aldaketa gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkoa aldaketa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jartzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Oñatiko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Oñatiko «Migelena» II.7 hirigintza-eremuaren Plan Partzialaren Aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 25a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala