Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2020ko urriaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4139

AGINDUA, 2020ko irailaren 23koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien hirugarren edizioaren deialdia onartzen duena.

2009ko abenduaren 29an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen abian jartzea datu publikoak irekitzeko proiektua –publikotzat ulertuz pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-murrizketarik ez dituzten datuak–, azaroaren 16ko 37/2007 Legeak (sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzkoa) xedatutakoa betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren informazio-gardentasuna handitzea da proiektuaren helburua, sektore publikoan elkarreragingarritasuna hobetzea, berrikuntza sustatzea eta aberastasuna sortzea, datu publikoei balioa emanez.

Formatu berrerabilgarrian eta Open Data Euskadi webgunean (https://opendata.euskadi.eus) irekitako erabilera-lizentzien bidez ematen ditu argitara datu horiek Eusko Jaurlaritzak, hirugarren pertsonek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortu ahal ditzaten.

Era berean, hiru foru-aldundiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udalek «Open data» atariak dituzte, bakoitzak berea, herritarrek eskura dituzten datu irekien katalogoak kontsulta ditzaten.

Open Data Euskadik (https://opendata.euskadi.eus) balio ekonomiko eta sozial handiko katalogoa du, 6.000 datu multzo baino gehiagokoa; horien artean, honako datu hauek dira nabarmengarri: estatistikoak, geografikoak, administrazioaren arlokoak, ingurumenekoak, turistikoak eta meteorologikoak.

Open Data Euskadin argitaratzen diren datu publikoak irekitzeko proiektuaren estrategiak honako hiru ardatz hauek ditu:

Erakunde publikoak eraldatzea haien lan-dinamikan datu irekien kontzeptua sartzeko.

Eskainitako datuen kalitatea handitu eta hobetzea.

Datuak berrerabili eta kontsumitzen dituen pertsona talde bat sortzen laguntzea aberastasuna eta gizarte-balioa sortzeko.

Aurreko ardatzetako hirugarrenarekin bat etorriz, EAEko Datu Irekiak Berrerabiltzeko Ideien sarien deialdia egin da. Sari horiek hiru foru-aldundien eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udalen laguntza izango dute, sarien epaimahaikide izango baitira eta hautagai-zerrenden esku jarriko baitituzte datu irekien katalogoak.

Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) dituzten datu irekien katalogoak ezagutaraztea, horien ahalmena erakustea, datu irekien erabilera eta zerbitzu eratorrien sorrera sustatzea, datu-kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten datuak zeintzuk diren zehaztea, eta horiexek irekitzen ahalegin berezia egitea.

Deialdiaren hartzailea taldea heterogeneoa da –ez du zertan aplikazio informatikoen garapenarekin lotuta egon–, informazioaren gizartea ezagutzen duena, eta, zehazkiago, datu irekiak ezagutzen dituena. Sari horiei esker, datu publikoak berrerabiltzeko ideiak aurkeztu ahal izango dira, eta tresna erabilgarri bihurtuko dira arlo profesionalean zein sozialean. Deialdi honetarako 8.000 euro gordin erabiliko dira.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena) 3. artikuluan emandako eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien hirugarren edizioaren deialdia onartzea, horretarako onartzen diren oinarri arautzaileen arabera. Oinarriok agindu honen eranskinean jaso dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Xedapen hauek arautzen dituzte sariak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearena) 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duena) 10.1.a) eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 23a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO DATU IREKIAK BERRERABILTZEKO IDEIA ONENETARAKO SARIEN HIRUGARREN EDIZIOAREN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da saria ematea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen datu irekien katalogoetako datu multzoak erabiliz zerbitzuak, azterlanak, bistaratzeak, web aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak sortzeko ideiak deskribatzen dituzten proiekturik onenei.

Bigarrena.– Sariak.

1.– Sari bana emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko ideien bi proiektu onenei:

Lehen saria egiaztapen-diploma eta 5.000 euro gordin izango da. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.

Bigarren saria egiaztapen-diploma eta 3.000 euro gordin izango da. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.

2.– Saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.

Hirugarrena.– Proiektuak.

1.– Proiektu guztiek, inskribatzen diren egunean, baldintza hau bete beharko dute:

Datu irekien katalogo hauetakoren batetik ateratako datu multzo bat, gutxienez, erabili izana proiektua egiteko:

Eusko Jaurlaritza (Open Data Euskadi): https://opendata.euskadi.eus

Arabako Foru Aldundia (Araba Irekia): https://irekia.araba.eus/eu/open-data

Bizkaiko Foru Aldundia (Bizkaia Open Data): https://www.opendatabizkaia.eus

Gipuzkoako Foru Aldundia (Gipuzkoa Irekia): http://www.gipuzkoairekia.eus/eu/datu-irekien-katalogoa

Bilboko Udala (Bilbao Open Data): https://www.bilbao.eus/opendata/eu/inicio

Donostiako Udala (Donostiako Udalaren datu irekiak): https://www.donostia.eus/datuirekiak/

Gasteizko Udala (Open Data Vitoria-Gasteiz): https://www.vitoria-gasteiz.org/opendata

2.– Proiektu bat aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek beren proiektua ahalik eta argien azaltzen duen testu-dokumentu bat erantsiko dute sarien deialdian parte hartzeko eskabide-inprimakian (eskuragarri dago Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-ideiak/web01-tramite/eu/).

3.– Saria emateko orduan, ez da aintzat hartuko zenbat pertsonak hartu duten parte proiektua lantzen, fisikoak zein juridikoak izan pertsona horiek. Pertsona bakar batek hainbat proiektu aurkez ditzake, bakarka edo talde bateko partaide gisa.

4.– Proiektua landu duten pertsona fisiko zein juridikoek baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzari proiektuaren egilea aipatzeko deialdi honekin zerikusia duen edozein hedapen-jardueratan, baina horrek ez du sortuko pertsona horien aldeko inolako eskubide ekonomikorik, eta, hala egokituz gero, ez du ekarriko ematen den saria ez den beste inolako onurarik.

Laugarrena.– Eskatzaileak.

1.– Eskabideak pertsona fisikoek zein juridikoek aurkeztu ahal izango dituzte, eta pertsona juridikoen kasuan, nortasun juridikoa izan beharko dute. Hori gorabehera, administrazio publikoek eta horien sektore publikoetako erakundeek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan.

2.– Eskaera aurkezten duen pertsona fisikoak sinatuko du eskaera, edo, pertsona juridiko batek aurkezten badu, horren ordezkariak sinatuko du.

3.– Nortasun juridikoa duten pertsona fisikoek edo juridikoek denek batera aurkezten badute eskaera, gainerako kideen ordezkari diharduenak bakarrik sinatuko du.

Bosgarrena.– Betekizunak eta betebeharrak.

1.– Proiektu bat aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezten duten egunean, eta sariak emateko izapideak egiteko behar den denbora guztian:

Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik izatea ere.

Sexuagatiko diskriminazioa dela-eta zigor- edo administrazio-bidean zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean izatea.

Ez egotea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak) 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren gainerako egoeretako batean.

2.– Aurreko a), b) eta d) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidea aurkezten duen pertsona fisikoak edo juridikoak erantzukizunpeko adierazpena beteko du, sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-ideiak/web01-tramite/eu/

3.– Laguntzaren organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du c) letran ezarritako baldintza betetzen dela, elkarreragingarritasun-zerbitzuaren bidez, salbu eta eskatzaileak berariaz aurka egiten badu.

4.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren) 14. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko ditu saria jasotzen duten pertsonek.

Seigarrena.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako proiektuak epaimahai batek baloratuko ditu. Honela osatuko da:

Imanol Argüeso Epelde jauna, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren webgunearen kudeatzailea. Epaimahaiburua izango da.

Diego David Álvarez Meaza jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako Zuzendaritzako atalburua. Idazkari jardungo du.

Andoni Martín Santamaría jauna, Arabako Kalkulu Zentroko Eraldaketa Digitaleko Unitatearen arduraduna; epaimahaiburua ez badago, hura ordezkatuko du.

Loreto Susperregui Zabalo andrea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Modernizazio Zerbitzuko goi-mailako teknikaria.

Josu Sa Hernández jauna, Vitoria-Gasteizko Udaleko Informazioaren Kudeaketako teknikaria.

Estíbaliz Yagüe Zatón andrea, DonostiaTIK-eko analista-programatzailea.

Ainhoa Franco García de Cortázar andrea, Bilbao.eus-en arduradun teknikoa Bilboko Udalean.

2.– Epaimahaiko kideren bat ezin bada epaimahaiburuak deitutako bilkuraren batera joan, beheko zerrendako pertsonetako batek ordeztuko du, zerrendako ordenari jarraituz:

Pilar Pascual Castro andrea, EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko teknikaria.

Koldobike Uriarte Ruiz-Eguino andrea, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako proiektu-arduraduna.

Javier Aguirre Busteros jauna, Arabako Foru Aldundiko Zerbitzuen Zuzendaritzako Informatika Zerbitzuko burua.

Javier Bikandi Irazabal jauna, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria.

Alejandro Lara Garatxana jauna, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) arduraduna.

3.– Proiektuak baloratzeko, epaimahaiak baremoa aplikatuko du, hurrengo oinarrian jasotako baldintzetan, eta sariak emateko proposamena aurkeztuko dio sariok emateko eskumena duen organoari.

4.– Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.

5.– Epaimahaiko kide izateak eta epaimahaiaren bilkuretara joateak ez du inoiz ere eskubiderik emango ordainsari, bidaia-sari edo kalte-ordain gisa diru kopururik jasotzeko.

Zazpigarrena.– Baremoa.

1.– Epaimahaiak baloratu egingo ditu aurkeztutako proiektuak. Gehienez 20 puntu eman ahalko dizkie, honako baremo honen arabera:

Balio publiko eta soziala: administrazio publikoen gardentasuna zein neurritan sustatzen duen eta/edo, gizartearen ongizateari lagunduz, balio sozial eta publikoa sortzen duen baloratuko da. 0 eta 3,5 puntu bitartean.

Balio ekonomikoa: proiektutik abiatuta negozioa sortzeko edo errentagarritasun ekonomikoa lortzeko aukera. 0 eta 3 puntu bitartean.

Berritzailea izatea: kontuan hartuko da proiektuaren ezaugarria disruptiboa eta berria den. Berrikuntzak sartzen baditu, lehendik dauden elementuak aldatuz, horiek hobetzeko asmoz; edo zerbitzuan guztiz berriak diren elementuak ezartzen baditu. 0 eta 3 puntu bitartean.

Bideragarritasuna: proiektutik abiatuta zerbitzu berri bat, ikerketa, web-aplikazio edo gailu mugikorretarako aplikazio bat sortzeko erraztasuna. 0 eta 3 puntu bitartean.

Baliagarritasuna: ebazten den arazoa zenbaterainokoa den eta hartzaile potentzialen kopurua hartuko dira aintzat. Arazoa zenbaterainokoa den baloratzeko, erabilitako datuen eskaria eta interesa hartuko dira kontuan, eta horri buruz egindako inkestak eta azterlanak hartuko dira kontuan. Adibidez, «Euskadiko Gobernu Irekiaren aldeko Aliantzaren» «2. konpromisoaren» esparruan herritarrek hautatutako 27 datu-multzoak nabarmentzea (http://www.ogp.euskadi.eus/ogp-konpromisoak/-/open-data-euskadi-eta-linked-open-data/). 0 eta 3 puntu bitartean.

Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila eta ideia nola azaldu den. 0 eta 3 puntu bitartean.

Publikoaren bozketa: hautagaitzak Open Data Euskadiren webgunean (https://opendata.euskadi.eus) bozkatu ahal izango dira. Atal honetako puntuazioa honela kalkulatuko da: hautagaitza bakoitzak lortutako botoak zati boto gehien lortu dituen hautagaitzak lortutako botoak. Ateratzen den emaitza atal honetan lortutako puntuazioa izango da. 0 eta 1,5 puntu bitartean.

2.– Saria lortzeko aukera izateko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira.

Zortzigarrena.– Prozedura.

1.– Prozedura osoan, pertsona fisikoek eta juridikoek bitarteko elektronikoaren bidez komunikatu beharko dute deialdi hau kudeatzen duen organoarekin.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz, bitarteko elektronikoa izango da organo kudeatzailearekin komunikatzeko modu bakarra, baita prozeduran parte hartzen duten pertsona fisikoekin ere, lehiaketa honen hartzaile den publikoaren gaitasun teknikoa kontuan hartuta (informazioaren gizartearekin eta, zehazkiago, datu irekiekin ohituta daude).

2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da.

3.– Pertsona fisikoek eta juridikoek bete behar duten eskabidearen eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-ideiak/web01-tramite/eu/

4.– Eskaera aurkezten duen pertsona fisikoak sinatuko du eskaera, edo, pertsona juridiko batek aurkezten badu, horren ordezkariak sinatuko du.

5.– Zenbait pertsona fisikok edo juridikok edo denetarikoek batera aurkezten badute eskaera, gainerako kideen ordezkari diharduenak bakarrik sinatuko du.

6.– Eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskaera eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

7.– Eskaera aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaldutako baldintza eta betebehar guztiak.

8.– Eskaerak 30 egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.

9.– Eskaera aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) egingo dituzte bai pertsona juridikoek, bai pertsona fisikoek.

10.– Eskaera izapidetzeko onar dadin aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela edo aurkeztutako dokumentuetan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona fisiko edo juridiko interesdunari, akatsa zuzen dezan edo behar diren dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

11.– Epaimahaiak aztertu egingo ditu aurkeztutako proiektuak, eta, bakoitzari baremoa aplikatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, erabaki dezan.

12.– Beharrezko bitartekoak jarriko dira proiektuak benetako erabiltzaileek eta Open Data Euskadiren webgunean (https://opendata.euskadi.eus) baliozkotuta daudenek bozkatzeko. Hala ere, arazoren bat gertatuz gero, epaimahaiak beretzat gordetzen du emaitzak interpretatzeko eskubidea, eta iruzurrez egindako botoak ezabatu ahal izango ditu.

13.– Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko ebazpena eman aurretik eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, organo kudeatzaileak bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu beharrezkoak diren dokumentuak, hau da, epaimahaiak sariak lortzeko proposatutako proiektuak aurkeztu dituzten pertsonek –fisikoak zein juridikoak– bosgarren oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko behar diren dokumentuak, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu. Kasu horretan, interesdunak eskabide-inprimakian berariaz prestatu den laukitxoa markatu beharko du espresuki aurka dagoela adierazteko, eta aurka dagoela adierazi duen dokumentuak aurkeztera behartuta egongo da.

14.– Saritua izateko proposatu den proiektuaren pertsonak uko egiten badio Administrazioak aurreko paragrafoan adierazitako egiaztapena egiteari, eta horretarako behar den dokumentazioa aurkezten ez badu, edo egiaztatzen bada ez dituela betetzen saria lortzeko eskatzen diren baldintzak, organo kudeatzaileak epaimahaiari jakinaraziko dio, eta proposatuko dio hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen pertsonari emateko saria.

Deialdi honetako organo kudeatzaileak aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz jardungo du proposatutako beste pertsona horiei dagokienez.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du sariaren deialditik kanpo uzteko epaimahaiak proposatu duen baina erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako datuen benetakotasuna frogatu ez duen pertsona.

15.– Epaimahaiak deialdia hutsik uzteko proposamena egingo du baldin eta aurkeztutako proiektuetako batek ere ez badu lortzen aurreko oinarrian azaldutako gutxieneko puntuazioa.

16.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-ideiak/web01-tramite/eu/ argitaratuko da ebazpena. Gainera, ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

Aurrekoa eragotzi gabe, deialdi honetako organo kudeatzaileak pertsona interesdunei jakinarazpenen abisuak igorri ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

17.– Deialdia ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea ezingo da izan 5 hilabetetik gorakoa, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.

18.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Saria onartzea edo hari uko egitea.

1.– Sari bat ematen zaien pertsonek berariaz adierazi ahal izango dute uko egiten diotela, 3 egun balioduneko epean, saria emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Kasu horretan, hobekien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsonei emango zaie saria. Horretarako, inprimaki bat izango dute eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako moduan sariari uko egiten ez bazaio, saritutako pertsonak onartu egin duela ulertuko da.

3.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta ongien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoei eman zaiela saria. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-ideiak/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratuko da. Gainera, ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Saritutako pertsonek oinarri honetako lehen paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo dute.

4.– Saritutako pertsona guztiek uko egiten badie sariari, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-ideiak/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratuko da. Gainera, ebazpen hori deialdi honetan parte hartutako pertsona fisiko eta juridikoei ere jakinaraziko zaie, aurreko zenbakian adierazitako moduan.

5.– Sariei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena aplikatuko zaie.

Hamargarrena.– Sariak ematea.

1.– Sariak ekitaldi formal batean emango dira. Nahitaez bertaratu beharko da proiektu sarituak aurkeztu dituen pertsona fisikoa, edo, pertsona juridiko batek aurkeztu baditu, horren ordezkaria, edo, pertsona bat baino gehiago badira, eskaera sinatu duena, hau da, gainerakoak ordezkatzen dituena sarien deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean. Euren proiektuen xehetasunen azalpen laburra egingo dute. Deialdi honetako organo kudeatzaileak behar adina denbora lehenago jakinaraziko dizkie ekitaldia egiteko eguna, tokia eta ordua.

Baldin eta, arrazoi justifikatuengatik, pertsona horietakoren bat ezin bada agertu sariak emateko ekitaldi formalera, hala jakinarazi beharko dio deialdi honetako organo kudeatzaileari astebete lehenago; ordezkoa izendatuko du, bere izenean saria jaso dezan, eta ordezko pertsona horren identifikazio datuak organo kudeatzaileari jakinaraziko dizkio.

2.– Sariari uko egin zaiola ulertuko da ez bada baieztatzen sariak emateko ekitaldira honako hauetakoren bat agertuko dela: pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren ordezkaria, eskaera sinatu duen pertsona fisikoa, sariaren deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean gainerakoak ordezkatzen dituena, edo hura ordezteko izendatutako pertsona. Halakoetan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta ongien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoei eman zaiela saria, eta aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Hamaikagarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Laguntzak eta sariak.

Arduraduna: Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

Xedea: Laguntzen eta sarien deialdiak kudeatzea eta ebaztea.

Legitimazioa: Interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko egin behar denean tratamendua.

Hartzaileak: foru-aldundiak. Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa. Hautapen Batzordea. Zabalkunderako jarduerak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Eskubideak: Datuak begiratzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk dauzkazu, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: Datuak babesteari buruzko informazio gehigarria eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/095100-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala