Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2020ko urriaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4105

AGINDUA, 2020ko irailaren 23koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekien berrerabilera onenetarako sarien hirugarren edizioaren deialdia onartzen duena.

2009ko abenduaren 29an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen abian jartzea datu publikoak irekitzeko proiektua –publikotzat ulertuta pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-murrizketarik ez duten datuak– Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legean xedatutakoa betetzeko.

Proiektuaren helburuak hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren informazio-gardentasuna handitzea; sektore publikoan elkarreragingarritasuna hobetzea, berrikuntza sustatzea eta aberastasuna sortzea, eta, horretarako, datu publikoei balioa ematea.

Formatu berrerabilgarrian eta Open Data Euskadi webgunean (https://opendata.euskadi.eus) irekitako erabilera-lizentzien bidez ematen ditu argitara datu horiek Eusko Jaurlaritzak, hirugarren pertsonek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortzeko aukera izan dezaten.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundiek eta hiru hiriburuetako udalek beren datu irekien atariak dauzkate (Open Data), eta atari horietan kontsulta daiteke herritarrek erabilgarri dauzkaten datu irekien sorten katalogoa.

Open Data Euskadin (https://opendata.euskadi.eus), balio ekonomiko eta sozial handiko katalogo bat dago, 6.000 datu sorta baino gehiagokoa; horien artean, honako datu hauek dira nabarmentzekoak: estatistikoak, geografikoak, administraziokoak, ingurumenekoak, turistikoak eta meteorologikoak.

Open Data Euskadin argitaratzen diren datu publikoak irekitzeko proiektuaren estrategiak hiru ardatz hauek ditu:

Erakunde publikoak eraldatzea, lan-dinamikan datu irekien kontzeptua sar dezaten.

Eskainitako datuen kalitatea handitu eta hobetzea.

Datuak berrerabili eta kontsumitzen dituen pertsona talde bat sortzen laguntzea, aberastasuna eta gizarte-balioa sortzeko.

Aurreko ardatzetako hirugarrenarekin bat etorriz, Euskadiko Datu Irekiak Berrerabiltzeko Sarietarako deialdia egiten da. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundien eta hiru hiriburuetako udalen laguntza izango dute sari horiek; horretarako, sarion epaimahaian hartuko dute parte, eta hautagaien eskura jarriko dituzte dauzkaten datu irekien katalogoak.

Helburu nagusia hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) dauzkaten datu irekien katalogoak ezagutaraztea, eta, hori eginda, datuon ahalmena erakustea, datu irekien erabilera eta datuotatik eratorritako zerbitzuen sorrera sustatzea; eta zehaztea zein diren datu-kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten datuak, horiexek irekitzeko ahalegin berezia egiteko.

Teknologia berriei lotutako pertsona fisiko eta juridikoentzako deialdia da, hau da, datu publikoak erabiltzeko ezagutza-maila izan behar dute hartzaileek, herritarrei balio erantsia ekarriko dieten zerbitzuak, txostenak, web aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak sor ditzaten. Deialdi honetarako, 18.000 euro gordin bideratuko dira.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekien berrerabilera onenetarako sarien hirugarren edizioaren deialdia, horretarako onartutako oinarri arautzaileen arabera (agindu honen eranskina).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENEGOA

Sariotan, honako hauek betetzen dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege orokor horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baitu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 10.1.a) eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 23a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO DATU IREKIEN BERRERABILERA ONENETARAKO SARIEN HIRUGARREN EDIZIOAREN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen datu irekien katalogoetako datu sortak erabilita, zerbitzuak, ikerketak, bistaratzeak, web aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak eskaintzen dituzten proiektu onenak saritzea da deialdi honen xedea.

Bigarrena.– Sariak.

1.– Sari bana emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko bi proiektu onenei:

Lehen saria hau izango da: egiaztapen-diploma eta 10.000 euro gordin. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.

Bigarren saria hau izango da: egiaztapen-diploma eta 8.000 euro gordin. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.

2.– Sari hauek jasotzea ez da bateraezina administrazio publikoek eta erakunde pribatuek ematen dituzten beste sari batzuk jasotzearekin.

Hirugarrena.– Proiektuak.

1.– Inskripzio-egunean, proiektu guztiek bete behar dituzte baldintza hauek:

Proiektua egiteko, datu irekien katalogo hauetako batetik ateratako datu sorta bat gutxienez erabili izana:

Eusko Jaurlaritza (Open Data Euskadi): https://opendata.euskadi.eus

Arabako Foru Aldundia (Araba Irekia): https://irekia.araba.eus/eu/open-data

Bizkaiko Foru Aldundia (Open Data Bizkaia): https://www.opendatabizkaia.eus

Gipuzkoako Foru Aldundia (Gipuzkoa Irekia): http://www.gipuzkoairekia.eus/eu/datu-irekien-katalogoa

Bilboko Udala (Bilbao Open Data): https://www.bilbao.eus/opendata/eu/inicio

Donostiako Udala (Donostiako Udalaren datu irekiak): https://www.donostia.eus/datuirekiak/

Vitoria-Gasteizko Udala (Open data Vitoria-Gasteiz): https://www.vitoria-gasteiz.org/opendata

Web bidez iristeko aukera izan beharko dute herritar guztiek, hau da, URL bidez.

2.– Sari hauen deialdian parte hartzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabidearekin batera (https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-apps/web01-tramite/eu/), proiekturen bat aurkeztu nahi duen pertsona fisiko edo juridiko orok aurkeztu beharko du bere proiektua ahalik eta argiena azaltzen duen testu-dokumentu bat (iristeko URLa barne).

3.– Saria emateko orduan, ez da aintzat hartuko zenbat pertsonak hartu duten parte proiektuan, pertsona horiek fisikoak zein juridikoak izan. Pertsona bakar batek hainbat proiektu aurkez ditzake, bakarka edo talde bateko partaide gisa.

4.– Proiektua landu duten pertsona fisiko zein juridikoek baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzari proiektuaren egilea aipatzeko deialdi honekin zerikusia duen edozein hedapen-jardueratan; baina horrek ez du sortuko pertsona horien aldeko inolako eskubide ekonomikorik, eta, hala egokituz gero, ez du ekarriko ematen den saria ez den beste inolako onurarik.

Laugarrena.– Eskatzaileak.

1.– Eskabideak pertsona fisikoek zein juridikoek aurkeztu ahal izango dituzte. Pertsona juridikoak izanez gero, nortasun juridikoa izan beharko dute. Hala ere, administrazio publikoek eta sektore publikoak osatzen dituzten erakundeek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan.

2.– Eskaera aurkezten duen pertsona fisikoak sinatuko du eskaera, edo, pertsona juridiko batek aurkezten badu, horren ordezkariak sinatuko du.

3.– Nortasun juridikoa duen pertsona juridiko edo fisiko batek baino gehiagok aurkezten dituzten proiektuetan, guztiak identifikatuko dira, baina gainerako kideen ordezkaritzan diharduenak baino ez du sinatuko.

Bosgarrena.– Eskakizunak eta betebeharrak.

1.– Eskabidea aurkezten duten egunean eta sarien emakida izapidetzeko behar den denbora guztian, proiektuak aurkezten dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten duen zigor- edo administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik.

Ez izatea sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko zigor- edo administrazio-zehapenik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenarekin bat etorriz.

Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako egoeretako batean ere.

2.– a), b) eta d) letretako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena beteko dute eskatzaileek (pertsona fisiko zein juridiko izan), sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren helbidean eskura dezakete: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-apps/web01-tramite/eu/

3.– Laguntza kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du c) letrako eskakizuna betetzen den, elkarreragingarritasun-zerbitzuaren bidez, eskatzaileak berariaz kontrakoa adierazi ezean.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua bete behar dute saridunek.

Seigarrena.– Epaimahaia.

1.– Pertsona hauek osatuko dute proiektuak baloratuko dituen epaimahaia:

Imanol Argüeso Epelde jauna, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako web-kudeatzailea. Epaimahaiburua izango da.

Diego David Álvarez Meaza jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako Zuzendaritzako atalburua. Idazkari-lanak egingo ditu.

Andoni Martín Santamaría jauna, Arabako Kalkulu Guneko Eraldaketa Digitaleko Unitateko arduraduna; epaimahaiburua ordezkatuko du, egon ezean.

Loreto Susperregui Zabalo andrea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Modernizazio Zerbitzuko goi-mailako teknikaria.

Josu Sa Hernández jauna, Vitoria-Gasteizko Udaleko Informazioaren Kudeaketako teknikaria.

Estíbaliz Yagüe Zatón andrea, DonostiaTIKeko analista-programatzailea.

Ainhoa Franco García de Cortázar andrea, Bilbao.eus-en arduradun teknikoa Bilboko Udalean.

2.– Epaimahaiko kideren bat ezin bada epaimahaiburuak deitutako bilkuraren batera joan, zerrenda honetako pertsona batek ordezkatuko du, zerrendako ordenari jarraituz:

Pilar Pascual Castro andrea, EJIEko teknikaria (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea).

Koldobike Uriarte Ruiz-Eguino andrea, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako proiektu-arduraduna.

Javier Aguirre Busteros jauna, Arabako Foru Aldundiko Zerbitzuen Zuzendaritzako Informatika Zerbitzuko burua.

Javier Bikandi Irazabal jauna, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria.

Alejandro Lara Garatxana jauna, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko arduraduna (EJIE).

3.– Proiektuak baloratzeko, epaimahaiak baremo bat aplikatuko du, hurrengo oinarrian adierazitakoaren arabera, eta sariak emateko proposamena aurkeztuko dio sariok emateko eskumena duen organoari.

4.– Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.

5.– Epaimahaikide izateak eta epaimahaiaren bilkuretara joateak ez du inola ere eskubiderik emango dirurik jasotzeko ordainsari, bidaia-sari edo kalte-ordain gisa.

Zazpigarrena.– Baremoa.

1.– Epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak. Gehienez 20 puntu eman ahal izango dizkie, honako baremo honen arabera:

Balio publikoa eta soziala: baloratuko da zenbateraino sustatzen duen administrazio publikoen gardentasuna edo zenbateraino sortzen duen balio sozial eta publikoa, eta gizartearen ongizatean lagundu. 0 eta 4 puntu bitartean.

Balio ekonomikoa: proiektutik abiatuta, zenbaterainoko ahalmena duen negozioa sortzeko edo ekonomikoki errentagarria izateko. 0 eta 3,5 puntu bitartean.

Izaera berritzailea: kontuan hartuko da proiektua disruptiboa edo ezezaguna den. Berrikuntzarik eragiten duen eta, horretarako, hobetzekotan, lehendik dauden elementuak aldatu; edo zerbitzuan guztiz berriak diren elementuak sartzen dituen. 0 eta 3 puntu bitartean.

Baliagarritasuna: kontuan hartuko da zer-nolako arazoa ebazten duen eta zenbat hartzaile izan dezakeen. Arazoaren nondik norakoak baloratzeko, kontuan hartuko da zenbaterainokoak diren erabilitako datuen eskaria eta interesa, kontuan hartuta horri buruz egindako inkestak eta ikerketak. Adibide gisa, nabarmentzekoak dira herritarrek hautatutako 27 datu sorta, Euskadiko gobernu irekiaren aldeko elkartearen bigarren konpromisoaren esparruan (OGPEuskadi) (http://www.ogp.euskadi.eus/ogp-konpromisoak/-/open-data-euskadi-eta-linked-open-data/). 0 eta 3 puntu bitartean.

Erabilerraztasuna eta irisgarritasuna: 0 eta 3 puntu bitartean.

Proiektuaren kalitate teknikoa: 0 eta 2 puntu bitartean.

Publikoaren bozketa: Open Data Euskadiren webgunean eman ahal izango zaie botoa hautagaiei (https://opendata.euskadi.eus). Atal honetako puntuazioa izateko, honela egingo da: hautagai bakoitzak lortutako boto kopurua zati boto gehien lortu duen hautagaiak lortutako boto kopurua. Zatidura izango da atal honetan lortutako puntuazioa. 0 eta 1,5 puntu bitartean.

2.– Sariren bat lortzeko aukera izateko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira.

Zortzigarrena.– Prozedura

1.– Prozedura osoan, pertsona fisiko eta juridiko orok bitarteko elektronikoak baliatu beharko ditu deialdi hau kudeatzen duen organoarekin komunikatzeko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz, bitarteko elektronikoa ezarri da organo kudeatzailearekin komunikatzeko modu bakar gisa, baita prozeduran parte hartzen duten pertsona fisikoentzat ere, kontuan hartuta zelako gaitasun teknikoa izan behar duen lehiaketa honen xede den publikoak, ohituta egon behar baitu informazio-gizartearekin eta, zehatzago esanda, datu irekiekin.

2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea hau da: Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

3.– Pertsona fisiko zein juridiko izan, hautagaiek bete behar duten eskabidearen eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-apps/web01-tramite/eu/

4.– Eskabidea aurkezten duen pertsona fisikoak sinatuko du, edo pertsona juridikoaren ordezkariak.

5.– Pertsona fisiko edo juridiko batek baino gehiagok edo batera aurkeztutako eskabideetan, guztiak identifikatuko dira, baina gainerako kideen ordezkaritzan diharduenak baino ez du sinatuko.

6.– Eskatzaileek, aukeran, euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileek hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaldutako baldintza eta betebehar guztiak.

8.– Eskabideak 30 egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.

9.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala baliatuko dute (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) pertsona juridikoek eta fisikoek.

10.– Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo aurkeztutako dokumentuetan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona fisiko edo juridiko interesdunari, akatsak zuzen ditzan edo behar diren dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; betiere, horretarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.

11.– Epaimahaiak proiektuak aztertuko ditu eta, bakoitzari baremoa aplikatu ondoren, proposamen bat aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, ebazpena eman dezan.

12.– Open Data Euskadiren webgunean (https://opendata.euskadi.eus), behar diren baliabideak jarriko dira proiektuen bozketan parte hartzen dutenak erabiltzaile errealak eta balidatuak izan daitezen. Hala ere, anomaliaren bat azalduz gero, epaimahaiak eskubidea izango du emaitzak interpretatzeko eta iruzurrezko botoak ere kentzeko.

13.– Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko ebazpena eman aurretik, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, organo kudeatzaileak bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu behar dituen dokumentu guztiak, egiaztatzearren epaimahaiak sarietarako proposatutako proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoek bosgarren oinarriko eskakizunak betetzen dituzten, baldin eta interesduna horren aurka azaltzen ez bada. Hala izanez gero, eskabide-inprimakian berariaz horretarako gaitutako laukia markatu beharko du interesdunak, eta horrela adieraziko du berariaz aurka dagoela; beraz, aurkakotasun horri loturiko dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

14.– Sarirako proposatu den proiektua aurkeztu duen pertsonak uko egiten badio Administrazioak aurreko paragrafoan adierazitako egiaztapena egiteari eta ez badu horretarako behar den dokumentazioa aurkezten, edo egiaztatzen bada ez dituela betetzen saria lortzeko eskakizunak, organo kudeatzaileak horren berri emango dio epaimahaiari, beste proposamen bat igor dezan ondoen baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen pertsonari saria eman dakion.

Proposatutako beste pertsona horri dagokionez, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo du deialdi honetako organo kudeatzaileak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du sariaren deialditik kanpo uzteko epaimahaiak proposatu baina erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako datuen benetakotasuna egiaztatu ez duen pertsona.

15.– Epaimahaiak deialdia hutsik uzteko proposamena egingo du baldin eta aurkeztutako proiektuetako batek ere ez badu lortzen aurreko oinarrian azaldutako gutxieneko puntuazioa.

16.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-apps/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratuko da ebazpen hori. Horretaz gain, ebazpen hori elektronikoki ere jakinarazi beharko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetako organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak igorri ahal izango dizkie SMS edo mezu elektronikoen bidez, eskabide-inprimakian adierazitako telefono zelularretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

17.– Deialdia ebazteko eta ebazpena argitaratzeko epea ezin izango da izan 5 hilabetetik gorakoa, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpena argitaratu ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.

18.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Saria onartzea edo uko egitea.

1.– Sarirako izendatutako pertsonek 3 egun balioduneko epea izango dute, saria emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, berariaz adierazi ahal izateko sariari uko egiten diotela. Horrela eginez gero, ondoen baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsonei emango zaie saria. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (www.euskadi.eus/nirekarpeta).

2.– Ez bazaio sariari uko egiten aurreko paragrafoan adierazitako moduan, ulertuko da saridunak onartu egiten duela.

3.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emateko sariari uko egin zaiola eta ondoen baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoei eman zaiela saria. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-apps/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratuko da. Horretaz gain, ebazpen hori elektronikoki ere jakinarazi beharko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Oinarri honetako lehen paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo dute saritutako pertsonek.

4.– Saritutako pertsonetatik batek ere ez badu saria onartzen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik geratu dela adierazteko. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/open-data-apps/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratuko da. Horretaz gain, deialdi honetan parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridikoei ere jakinaraziko zaie ebazpen hori, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

5.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena izango dute sariek.

Hamargarrena.– Sari-banaketa.

1.– Sariak ekitaldi formal batean emango dira. Nahitaez bertaratu beharko da proiektu sarituak aurkeztu dituen pertsona fisikoa, edo, pertsona juridiko batek aurkeztu baditu, horren ordezkaria, edo, pertsona bat baino gehiago badira, eskaera sinatu duena, hau da, gainerakoak ordezkatzen dituena sarien deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean. Euren proiektuen xehetasunen azalpen laburra egingo dute. Deialdi honetako organo kudeatzaileak behar adina denbora lehenago jakinaraziko dizkie ekitaldia egiteko eguna, tokia eta ordua.

Baldin eta, arrazoi justifikatuengatik, pertsona horietako bat ezin bada agertu sariak emateko ekitaldi formalera, astebete lehenago jakinarazi beharko dio deialdi honetako organo kudeatzaileari; ordezko bat izendatuko du bere izenean saria jaso dezan, eta ordezko horren identifikazio-datuak ere jakinaraziko dizkio organo kudeatzaileari.

2.– Sariari uko egin zaiola ulertuko da ez bada baieztatzen sariak emateko ekitaldirako asistentzia: ez pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren ordezkaria, ez eskaera sinatu duen pertsona fisikoa, sariaren deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean gainerakoak ordezkatzen dituena, ezta izendatutako ordezkoa ere. Halakoetan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emateko sariari uko egin zaiola eta ondoen baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoei eman zaiela saria, eta aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Hamaikagarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta «laguntzak eta sariak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

Xedea: Laguntzen eta sarien deialdiak kudeatzea eta ebaztea.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: Foru-aldundiak. Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa. Hautaketa-batzordea. Hedapen-jarduerak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/095100-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala