Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2020ko urriaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3963

AGINDUA, 2020ko irailaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira elkarteei eta kooperatibei zuzendutako laguntzak eta egiten baita laguntza horien deialdia, EAEko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2020-2021 ikasturtean zehar.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko aginte publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoan diharduten sektoreetan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, artikulu horren bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten gomendioak emanez edo neurriak hartuz, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du euskal administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna sustatzea eskolako jarduketetan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, osasun-sektorearen eragin-eremutik kanpo daude.

Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren jasangarritasunari laguntzen diola.

2013-2020 Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoaren sustapenerako Euskadi Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera.

Osasuneko sailburuaren 2020ko otsailaren 11ko Aginduaren bidez onartu zen Osasun Sailaren 2020ko ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu zen. Plan horretan, I. eranskineko 3.1.4 epigrafean, honako hau jasotzen da: «Elkarteei eta kooperatibei zuzendutako laguntzak, ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako ekintzak gara ditzaten (mugikortasun aktiboa)».

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da. EAEko guraso-elkarteen eta unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiaraztea; ildo horretan, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako proiektuak gara ditzakete.

Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea.

Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektuek ikasleen jolas-aukerak handitzen dituzte, eta mugimendua eta jarduera fisikoa bultzatzen eta berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak sustatzen.

Jarduera fisikoa familian egiteak, familia-harremanak sendotzeaz gain, ongizatearen estimulu positiboak dakartza, eta, horren eraginez, jarduera fisikoa egitea ondo sentitzearekin lotuko dute haurrek etorkizunean.

Eskola-giroan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea tresna eraginkorra izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz. Osasun fisikoari dakarkion onuraz gain, eskola-adinean jarduera fisikoa egiteak memoria eta ikasleen errendimendu akademikoa hobetzen ditu, eta ongizate psikikoari eta pertsonen arteko harremanei mesede egiten die.

Deialdi honen zein beronen ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauetan ezarritakoarekin: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea EAEko elkarteek eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2020-2021 ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

2.– Laguntza horien helburua da proiektu hauek finantzatzea 2020ko uztailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era:

a) Partaidetza-proiektuak garatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatzera bideratuak.

Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz, eta abar), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.

b) Partaidetza-proiektuak garatzea, eskolako jolastokiak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko (kultura, etnia, sexua, funtzionaltasuna, eta abar) errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.

Proiektu horiek beharko dute:

1) Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.

2) Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.

3) Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.

c) Jarduera fisikoa familian erregularki egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke guraso-elkarteak, ikasle-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibak, zeinek betekizun hauek bete behar baitituzte:

1.– Legez eratuta egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.

2.– Ez dute irabazi-asmorik edukiko.

3.– Beteta edukiko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.

4.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.

5.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu, epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako desgaitzen dituen legezko debekuren bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatzen diren bestelako eskakizunak, erakundearen izaera juridikoaren arabera aplikatu behar direnak.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Laurogeita hamalau mila eurokoa (94.000) izango da 1. artikuluan adierazitako jardueretarako guztizko aurrekontu-zuzkidura.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira 1. artikuluan ezarritako jarduerak gauzatzearen ondorio zuzenak diren gastu arruntak, baldin eta 2020ko uztailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean sortu badira (bi egun horiek barne) eta justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindu badira. Hauek sartzen dira diruz lagundu daitezkeen gastuen artean:

a) Proiektua dinamizatu, koordinatu eta egikaritzea.

b) Partaidetza-proiektuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, irakaslez besteko ikastetxeko langileak, familiak, eta abar) egungo egoerari, diseinuari eta proiektuaren garapenari buruzko gogoeta-faseetan.

c) Abiapuntuko egoeraren analisia.

1) Ikastetxe inguruko mugikortasuna, baldin eta proiektua ikastetxeko bideei buruzkoa bada.

2) Espazio fisikoa eta haren erabilera, baldin eta ikastetxeetako jolastokiak eraldatzen badira.

3) Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrizanak eta lehentasunak, baldin eta jarduerak familian egitea sustatzen bada.

d) Espazioak egokitzea.

e) Behar den materiala eskuratzea.

f) Agindu honen xedearekin zerikusia duten eta ikasleen eta haien familien artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden hitzaldiak, tailerrak edo bestelako jarduerak antolatzea.

g) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.

2.– Elkartearen edo kooperatibaren ekarpen propiotzat eta diruz ez-lagungarritzat hartuko da langile boluntarioen lanaren balioespena, eta orduko 20 euroko gehieneko muga ezartzen da. Proiektuaren helburuak lortzeko, elkartearen edo kooperatibaren inguruan dabiltzan pertsonek musu-truk egindako lanaren kuantifikazio ekonomikoa da langile boluntarioen lanaren balioespena. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez.

3.– Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak eta administrazio- eta zigor-zehapenak –barnean hartuta zergak, tributuak eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak berandu ordaintzearen edo ez ordaintzearen ondoriozkoak–, eta prozedura judizialen gastuak eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

b) Jarduera hauen ondoriozkoak:

1) Kirol- edo kultura-ekitaldiak.

2) Jarduera isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola ...ren eguna, ...ren astea edo....ren jardunaldiak.

3) Ikastetxeen urteko programazioan barne hartutako ohiko jarduerak.

4) Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka edo batera hartuta, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa). Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugara arte (zeina jardueraren kostuak zehaztuko baitu) gutxituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen ehuneko ehunera iritsi daiteke, eta aurkezturiko proiektu bakoitzeko 5.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta ez bada zehaztutako aurrekontu osoa erabiltzera iristen, proiektu bakoitzaren gehieneko dirulaguntza handituko da, deialdi honen 3.1 artikuluan zehaztutako aurrekontu osoa esleitu arte.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–.

2.– Eskabideetan, gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra eta/edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak, komunikazioak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurraldea/probintzia, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.

b) Proiektuaren izenburua eta kontaktuko pertsonaren izena.

c) Proiektuaren deskribapen teknikoa:

Hauen deskribapen xehea:

1) Zer egoeraren gainean eragin nahi den.

2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak.

3) Garapen-faseak.

4) Proiektuaren ebaluazioa.

d) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan:

1) Proiektuan parte hartzea.

2) Prestakuntza-programa: jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari loturiko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan.

e) Tokiko komunitatearen inplikazioa: Udala, auzo-elkarteak edo bestelakoak.

f) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea.

g) Jarduketa burutzeko epea.

h) Aurrekontu osoa –kontzeptuen arabera banakatua–, proiektuaren finantzaketa-iturriak eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuk.

i) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.

3.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria:

Guraso-elkarteen eta ikasle-elkarteen kasuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Irakaskuntza-kooperatiben kasuan: EAEko Kooperatiben Erregistroan irakaskuntzako kooperatiba bezala inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Bilera-aktaren fotokopia soila, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.

c) Proiektua beste toki-erakunderen edo komunitateko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.

d) Finantzaketaren xede izango den jarduera hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Epea eta eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du elkarte edo kooperatiba bakoitzak.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 21. artikuluan adierazia).

4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

a) Ordezkariak ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar, baldin eta erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu bada.

b) Ordezkaria pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, aldiz, nahitaezkoa izango da ordezkaritza egiaztatzea ordezkarien erregistro elektronikoan (agindu honen 21.2 artikuluan adierazia).

5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskabidea era presentzialean aurkezten bada, ezarritako bide elektronikoak erabili gabe, elektronikoki ere aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak, dagokion administrazio publikoan, identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu, eta eskakizunak betetzen direla egiaztatuko du. Kontsulta horiei berariaz uko egiten zaiela jaso daiteke eskabidean. Erakundeak ez badu kontsultarako baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

2.– Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.3 artikuluan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren eskakizunak eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztuko ditu erakundeak.

3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen batean edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, hargatik eragotzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta helburu bereko beste prozedura bat abian jarri ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak honako irizpide hauetan oinarrituta esleituko dira, kasu bakoitzean zehaztuko den haztapenaren arabera:

a) Proiektuaren deskribapen teknikoa. 20 puntu, gehienez.

Hauen deskribapen xehea:

1) Zer egoeraren gainean eragin nahi den. 5 puntu.

2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak (1. artikulua). 5 puntu, gehienez.

3) Garapen-faseak. 5 puntu.

4) Ebaluazio-proposamena: 5 puntu.

b) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa. 25 puntu, gehienez.

1) Partaidetza-dinamikak: hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan. 15 puntu, gehienez.

a) Proiektua diseinatzeko fasean. 5 puntu.

b) Proiektua ezartzeko fasean. 5 puntu.

c) Proiektua ebaluatzeko fasean. 5 puntu.

2.– Prestakuntza-programa: jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari loturiko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan (jokabide osasungarriak, jasangarriak eta seguruak). 10 puntu.

c) Tokiko komunitatearen inplikazioa. Udalerriko erakundeekin edo taldeekin koordinatzea, proiektuan izango duten inplikazioa baieztatuta. 15 puntu, gehienez.

1) Udala. 10 puntu.

2) Auzo-elkarteak edo bestelakoak. 5 puntu.

d) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea (sozioekonomikoak, generoari eta jatorriari dagozkionak, funtzionalak edo bestelakoak). 40 puntu, gehienez.

1) Proiektua ikastetxe batean garatuko da, zeinak:

a) Hamaika Esku programan parte hartzen baitu: 30 puntu.

b) Ez baitu Hamaika Esku programan parte hartzen:

– Baldin eta ikasleen % 70ek baino gehiagok jasotzen badituzte bekak: 30 puntu.

– Baldin eta ikasleen % 50 - % 70ek jasotzen badituzte bekak: 20 puntu.

2) Neskak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera areagotzea jasotzen duen proiektua: 5 puntu.

3) Dibertsitate funtzionala duten ikasleak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera areagotzea jasotzen duen proiektua: 5 puntu.

2.– Bestalde, 0,90eko haztapen-faktorea aplikatuko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko 2019-2020 ikasturtean partaidetza-proiektuak garatzeko laguntzen deialdian esleipendun izan ziren elkarteek edo kooperatibek aurkeztutako proiektuen hasierako puntuazioari.

3.– Dirulaguntza emateko ezinbestekoa da a) irizpidean 10 puntu izatea gutxienez, eta guztira 60 puntu izatea gutxienez.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea, eta dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.

1.– Balioespen-batzordeari dagozkio eskabideak balioesteko, dirulaguntzen banakako zenbatekoak zehazteko eta Osasuneko sailburuordeari horiek ematea proposatzeko egitekoak. Balioespen-batzorde horren jarduerek artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Kide hauek izango ditu balioespen-batzordeak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Juanjo Aurrekoetxea Agirre), zeinak batzordeburu jardungo baitu, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo), zeinetako batek organoaren idazkari-lanak egingo baititu.

3.– Honako hau da eskabideak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.

b) 11.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 artikuluaren d) apartatuan lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta b) apartatuetan lortutakoa gero. Berdinketek jarraitzen badute, eskabideen sarreraren ordena kronologikoa hartuko da aintzat.

d) Ordena hori kontuan hartuta zehaztuko da banakako zenbatekoa, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa aintzat hartuta, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, balioespen-batzordeak Osasuneko sailburuordeari bidaliko dio dirulaguntzak emateko proposamena, zeinetan hauek zehaztu beharko baititu banakako proposamen bakoitzari dagokionez:

a) Emateko proposamena bada: erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako proiektua eta zenbatekoa.

b) Ez emateko proposamena bada: erakunde eskatzailearen nortasuna, proiektuaren izena eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.

5.– Proiektu bati laguntza esleitzeak ez du obra-lizentzia eskuratzetik salbuesten, zeina beharrezkoa baita obrak edo erreformak egiten badira.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta haren ebazpenean erabakiko dira interesdunek azaldutako gai guztiak. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarte edo kooperatiba onuradunak eta guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak adierazi beharko dira.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute elkarte edo kooperatiba interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie elkarteei eta kooperatibei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte edo kooperatiba onuradunei esleitu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematiko bat bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–.

2.– Justifikazioetan, gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.

b) Proiektuaren izenburua eta espediente-zenbakia.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:

1) Egindako jarduketak:

a) Egindako jarduketen deskribapena.

b) Ebaluazioa.

2) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan.

3) Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan.

4) Desberdinkeriei jarritako arreta berezia (datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira).

d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena, eta, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.

e) Gastu-egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoarekin, eta honako hauek adierazi beharko dira: dokumentuaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egozten zaion ehunekoa. Gastu-egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Fakturen edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopia soilak, erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egin dela ordainketa eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

b) Dokumentu osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste dokumentu batzuk. Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu-kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura.

4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuak dirulaguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutakoak izango dira. Hauek izango dira behar bezala justifikatutako gastuak:

a) Erakunde onuradunaren izenean emandako fakturaren bidez justifikatuak.

b) Banku-zordunketako ordainagirien bidez justifikatuak; ordainagiriok finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatuak; ordainagiriok eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izango dira.

d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, idazki bat egingo du elkarte onuradunak, eta haren ordezkariak sinatuko. Idatzi horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idazkiaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izango ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adieraziko da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

5.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2020ko uztailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean sortu badira.

6.– Justifikazio-dokumentuak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 17an amaituko da, eta egun horixe izango da dokumentu horiek onartzeko azkena.

7.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentuak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, izapidetze elektronikoari buruzko 21. artikuluan azaltzen den moduan.

8.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuen akatsak zuzentzea.

Ikusten bada justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela edo datuak falta direla, elkarte edo kooperatiba onuradunari hamar egun naturaleko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, akatsa zuzendu edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan. Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Honela ordainduko dira laguntzak:

a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratuta, laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, elkarte onuradunak justifikatu eta gero diruz lagundutako proiektua egin izana eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela dirulaguntzen arloan zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpen batean.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek xedatutakoa, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntza onartutzat joko da, baldin eta elkarte eta kooperatiba onuradunek ez badiote berariaz laguntzari uko egiten, dirulaguntza emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.

3.– Dirulaguntzak emateko eskatu den eta kontuan hartu den baldintzaren bat aldatu bada, horren berri ematea, aldaketa gertatu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan justifikatzea dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduketa egin dutela ere.

6.– Osasun Sailari laguntzea jarduketa horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraipena egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

7.– Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzeko dokumentuak bost urtez gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

8.– Egiten diren dokumentu eta publizitate guztietan, Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da. Hemen eskuragai: https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua

9.– Aurkeztutako dokumentuetako informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematea Osasun Sailari, mugarik gabe, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sar eta erabil dadin, bai eta zabaldu eta/edo argitara eman dadin ere, edozein formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatiko erabiliz edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz

10.– Euskadi Aktiboa plataforman, https://www.euskadi.eus/informacion/euskadi-aktiboa/web01-a2osabiz/eu/ orrian, erakunde esleipenduna baliabide komunitario gisa ikusaraztea, bai eta jarduera gisa urtebetetik gorako jarraitutasuna duten jarduketak ere.

11.– Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea.

18. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua bete dela uste bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioa dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, % 25 edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25etik gorako desbideratzea gertatuz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dirulaguntzen arloko berandutze-interesa erantsita.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, noiznahi eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Jakinarazten da ezen «Osasun Publikoaren eta Adikzioen arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak» deritzon tratamendurako erabiliko direla izaera pertsonaleko datuak, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. 2020-2021 ikasturtean ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzen dituzten erakundeentzako laguntzen deialdia kudeatzeko baino ez dira erabiliko datu pertsonal horiek. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza izango da tratamenduaren arduraduna, eta, haren aurrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak babesteko ordezkariaren aurrean datuen gaineko eskubide hauek erabili ahal izango dira: irispidea izatea, zuzentzea, ezereztea, eramangarritasuna, mugatzea, aurka egitea eta baliogabetzea, baita aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste eskubide oro ere. Tratamendua nahitaezkoa da interes publikoa betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko azaroaren 11ko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legeak behartuta izan ezik, eta ez dira hirugarren herrialdeetara transferituko. Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza: http://www.euskadi.eus/dbao/1091502

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Ahalordetzeen (ordezkarien) erregistro elektroniko orokorrari buruzko informazioa eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren apartatu honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Elkarteak edo kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren apartatu honetan daude eskuragarri identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren apartatu honetan daude eskuragarri laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091502

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren apartatu hau erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazitako betebeharrak bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Agindu honetan aurreikusi gabeko orotan, aplikagarri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren arrazoiak ere. Azken artikulu hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da, eta erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zuen.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, hau da, gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horren a) apartatuan aipatzen den kasuan, soberan jasotako laguntzen zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da.

Aldiz, b) apartatuan aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da, hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da (dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira).

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei bi xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie, oinarrizko araudi gisa: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Aplikatuko zaie, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.

Dagokion prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 22a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala