Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2020ko irailaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3921

AGINDUA, 2020ko irailaren 22koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duen agindua.

2020ko apirilaren 30ean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindu bat onartu zen, non arautzen baitziren COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak eta horietarako deialdia egiten baitzen. Bertan ezartzen da eskabideak aurkezteko epea 2020ko irailaren 30ean bukatuko dela.

Data horretarako, osasun-krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak nabarmen hobetzea espero zen. Hala ere, ez pandemiak, ez horrek etxebizitza libreen alokairurako laguntzek arindu nahi dituzten kalteberatasun-egoeretan duen eraginak, ez dute aurreikuspenen araberako bilakaerarik izan. Beraz, ezinbestekotzat jotzen da eskaerak egiteko epea 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzea.

Epea luzatzeak ez du esan nahi aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura doitu behar denik, oraindik ere egokia eta nahikoa baita.

Ondorioz, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) emandako eskumena baliatuz, apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuari lotuta (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko apirilaren 30eko Aginduaren 11. artikuluaren lehen paragrafoa aldatzea. Agindu horren bidez, COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten da. honela idatzita geratuko da:

«1. – Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko abenduaren 31ra arte egongo da irekita».

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 22a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala