Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2020ko irailaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3765

EBAZPENA, 2020ko irailaren 10ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, argitaratzen eta deitzen baitira «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2020 laguntza-programa arautzen duten oinarriak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduera sustatzeari, industria garatu, dibertsifikatu eta lehiakortasuna hobetzeari, berrikuntzari, nazioartekotzeari eta Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartea garatzeari, eta enpresen ekintzailetza-jarduera sustatzeari.

Horri dagokionez SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza gauzatu ditu Basque Industry 4.0 Estrategia sustatzea xede. Estrategia horren helburua da enpresek teknologia aurreratuak erabil ditzatela bultzatzea, hala nola robotika, fabrikazio aditiboa, material aurreratuak, etab. Enpresak duela gutxi hasi dira era horretako teknologiak erabiltzen eta, ondorioz, beharrezkoa da sustapen- eta sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea.

Hori dela eta, laguntza-programa honen helburu nagusia da industria-enpresen artean 4.0 industriari loturiko teknologien erabilera sustatzea.

Gorago adierazitakoaren arabera,

HAUXE ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2020 laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.– Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Bilbao, 2020ko irailaren 10a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
«BASQUE DIGITAL INNOVATION HUB (BDIH) – KONEXIO» 2020 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

2014an, Eusko Jaurlaritzak Basque Industry 4.0 estrategia abiarazi zuen, «ekoizpen-bitarteko eta -sistemetan inteligentzia txertatzearen, agertu berriak diren gaitasunak eta teknologiak produktu eta prozesu berrietan aprobetxatzearen, material aurreratuak balio erantsi handiagoa duten soluzioetan edo prozesu hobetuetan integratzearen, erabilitako baliabideen eraginkortasun eta jasangarritasunaren, eta balio erantsi handiko zerbitzuak integratzearen aldeko apustu bat», hain zuzen ere. Estrategia horren erdigunea «Euskadi oinarri industriala duen ekonomia gisa kokatzea da, ezagutzaren fabrikazio intentsiboaren bitartez».

Basque Digital Innovation Hub (BDIH) irabazi asmorik gabeko ekimen bat da, eta RIS 3 Espezializazio Adimentsuaren Euskal Estrategiari erantzuten dio, hain zuzen ere fabrikazio aurreratuaren arloan, baita «Basque Industry 4.0», www.basqueindustry.eus ekimenari ere (2020ko Zientzia eta Teknologia Planaren, RIS3 Euskadi ekimenaren eta 2017-2020 Industrializazio Planaren esparruan zehaztu eta ezarri zen), industria-ehunduran berrikuntza digitalen arloko esperimentazioa sustatzeko.

BDIHren helburua da Europako industria-ehundurari eta, bereziki, euskal enpresa txiki eta ertainei, sarbide erraz eta errentagarria ematea 4.0 industriak dakartzan erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun zientifiko eta teknologiko berritzaile eta bikainetara, fabrikazio aurreratuaren eremuan, ETE-ek eta gainerako enpresek aurrera egin eta lehiakortasuna hobetu ahal izan dezaten.

Digitalki konektatutako I+B azpiegitura-sare bat da, fabrika pilotuekin eta fabrikazio aurreratuaren hainbat arlotako know-how espezializatuarekin, 6 nodo hauetan antolatuta: fabrikazio aditiboa, robotika malgu eta kolaboratzailea, zibersegurtasuna, makina adimentsu eta konektatuak, material aurreratuak eta data driven solutions, guztiak ere digitalizaziorako teknologia gakoak 4.0 Industrian.

Halaber, Europako Batzordeak, Komunikazio Sareen, Edukien eta Teknologiaren Zuzendaritza Nagusiaren (DG Connect) bidez, eta «Digital Single Market» estrategiaren esparruan, hainbat ekimen sustatu ditu azken urteotan, besteak beste «Digital Innovation Hubs» izenekoa; horren helburua da Europaren lehiakortasuna hobetzea teknologia digitaletan, baita ETE guztiek, tamaina, herrialdea eta sektorea edozein dutelarik ere, berrikuntza digitalen onurak eskuratu ditzaketela bermatzea ere. Digital Innovation Hubs izenekoak leihatila bakar gisa funtzionatzen dute; horietan, enpresek eta, bereziki, ETE-ek, startupek eta enpresa ertainek, negozioak, ekoizpen-prozesuak, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko laguntza jaso dezakete, teknologia digitala txertatzearen bidez.

Europako estrategiaren («Digital Single Market») lehentasunetako bat da DIH sare indartsu bat sustatzea, Europa mailan, Europako enpresa guztiek aukera digitalak aprobetxa ditzaketela bermatzeko. Helburu horrekin, DG Connect zuzendaritzak 500 ekimen baino gehiago biltzen zituen hasierako katalogo bat egin zuen, eta Europa mailako lantalde bat martxan jarri ere; lantalde horretan, Europako Digital Innovation Hubs horiek esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzen dituzte, baita gomendioak proposatu ere.

Testuinguru horretan, BDIH EAEko DIHa da, Europako katalogo horren barruan, Europako Batzordearen berrikuspena gainditu ondoren.

Aurreko hori kontuan hartuta, BDIHra eta Europako zenbait DIHtara atxikitako aktiboen erabilera sustatzeko beharra ikusi da, programa honen bitartez industriaren arloko euskal enpresek dituzten beharrizanei erantzuteko duten gaitasuna dela-eta.

Adierazi beharra dago Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio 2020 programak behar besteko aurrekontu-kreditua duela eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren dirulaguntzen 2020ko plan estrategikoaren barnean kokatzen dela (2019ko abenduaren 17an onetsi zen).

1. artikulua.– Helburua.

Programa honen helburua da euskal industriari Basque Digital Innovation Hub (BDIH) eta Europako zenbait Digital Innovation Hubs (DIHs) esperimentazio- eta testatze-azpiegituren erabilerarako sarbidea, konexioa eta laguntza teknikoa emango dion zubi-plan bat aurrera eramatea.

Plan pilotu hori exekutatzeko laguntza batzuk ezarriko dira eta, horien bidez, enpresa onuradunek laguntza teknikoa jaso ahal izango dute (BDIHko edo hautatutako nazioarteko DIHko eragileek eskainiko dute laguntza hori), honako 4.0 teknologia hauek xurgatzeko gaitasuna areagotuko duen ekintza-plan bat egiteko: robotika malgua eta kolaboratzailea, fabrikazio aditiboa, material aurreratuak, zibersegurtasuna eta zuzenketa digitala. Edo, bestela, aipatutako azpiegitura horietan teknologia horien kontzeptu-proba bat egiteko plana prestatuko dute.

Ekintza horiek emaitzara irekitako metodologia bati jarraituz gauzatuko dira, enpresek aukera izan dezaten zentroek zer-nolako laguntza ematen dieten erabakitzeko; era horretan, eskaintzen diren aktibo eta zerbitzuen nahiz enpresen eta haien beharrizanen arteko egokitzapena hobea izango da.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza hauek aitortuko dira egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

2.– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 EB Araudian ezarritakoa bete behar dute.

3.– Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Programa honen xedeetarako, honako definizio hauek ezarriko dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Zenbatekoaren laguntza, onargarriak diren gastuen eta/edo inbertsioen gehieneko aurrekontu onartuen ehuneko gisa adierazia.

2.– BDIH – Basque Digital Innovation Hub. Fabrikazio aurreratuaren arloko aktibo eta zerbitzuen sare konektatua. Enpresetarako eskuragarri dagoen prestakuntza, ikerketa, testatze eta balidaziorako azpiegiturak, 1. eranskinean jasoak.

3.– BDIHko eragilea. Basque Digital Innovation Hub osatzen duten eragile zientifiko eta teknologikoak. 1. eranskinean daude jasoak.

4.– DIH – Digital Innovation Hub. «Berrikuntza digitaleko zentroak» dira eta ez dute irabazi-asmorik. Enpresei, bereziki ETE-ei, eta sektore publikoari laguntzen diete eraldaketa digitala gauzatzen. DIHaren nukleoan ikerketaren eta teknologiaren arloko erakunde bat (RTO) edo unibertsitate-laborategi bat egon ohi da; horrek, zenbait bazkiderekin batera, honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu, besteak beste: teknologia digital, software eta hardware berriekin esperimentazioa, berrikuntza digitalei etekinik handiena ateratzeko gaitasunak eta entrenamenduak. Hautatutako DIHen zerrenda 2. eranskinean ageri da.

5.– Europako DIHetako gastuak. Aurkeztutako proiektuaren alorrean adituak diren eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duten DIHak azpikontratatzeko gastuak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2020an programa honi dagozkion laguntzak esleitzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 450.000 euroko da eta xede horretarako SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik aterako da; aurrekontu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren parte da.

2.– Espedientea osatzen den unearen hurrenkeraren arabera esleituko dira dirulaguntzak.

3.– Programara bideratutako funtsak agortzen direnean, eten egingo da laguntzen esleipena; SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren ebazpen bidez emango da eten horren berri, eta ebazpena www.spri.eus/pilotu webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko baldintzak.

1.– Industria-produktu eta –prozesuei loturiko manufakturako industria-enpresek eta zerbitzu teknikoaz, diseinuaz eta logistikaz arduratzen direnek eskuratu ahalko dituzte programa honi loturiko laguntzak, 6. artikuluan deskribatzen diren diruz lagun daitezkeen jarduketak exekutatzeko proiektuak aurkezten dituztenean betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialeko zentro bat izatea eta aurkeztutako proiektuak eragina izatea zentro horretan. Gainera, bertan gauzatu beharko da diruz lagunduko den jarduera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergan industriari dagokion epigrafean alta emanda egotea.

c) BDIHiko eragile bat edo gehiagoren edo DIHko eragile baten laguntza izatea proiektua gauzatzeko.

2.– Aldiz, ezingo dituzte deialdiaren xede diren dirulaguntzak jaso honako hauetakoren bat betetzen dutenek:

a) Administrazio publikoa izatea edo administrazio publikoren baten sektore publikoaren parte izatea.

b) Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003 Legea, azaroaren 17koa) 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean egotea, besteak beste, hauek:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta eta eguneratuta ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta ez izatea.

– Zigor- edo administrazio-zehapenik ez izatea eta horrekin batera dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik ez izatea edo horretarako desgaitzen dituen lege-debekuren baten menpe egotea.

c) Armak produzitzeko, merkaturatzeko eta finantzatzeko arloetan jardutea.

d) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europar Batasunak laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jotzea erabaki badu.

3.– Aurreko ataletan aipatu dira dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak, eta horiek ezinbestean bete beharko dira laguntza jasotzeko eskaera aurkezten denetik jasotako dirulaguntza likidatzen den artean.

4.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoak egiaztatzeko, hau izango da prozedura:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– JJJarduera industrialeko zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan eta proiektuak zentro horretan eragina izatea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergan industriari dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta eta eguneratuta izatea.

Edonola ere, eskatzaileak espresuki uka dezake egiaztapen horiek egiteko baimena. Hala egiten badu, kasuan-kasuan eskumena duen organoak emandako administrazio-egiaztagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak eskaera-inprimaki elektronikoari atxikiko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Diruz lagun daitezkeen jarduketak izango dira manufakturaren arloko enpresa industrialek bultzatutako laguntza teknikoko proiektuak eta zerbitzu teknikoak, diseinu-zerbitzuak eta logistika-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresenak, honako hauek ahalbidetzen dituzten industria-produktu eta –prozesuei loturikoak:

– 4.0 teknologiak xurgatzeko gaitasuna areagotzen duen ekintza-plan bat gauzatzea.

– Horien kontzeptu-proba bat egitea.

Proiektu horiek gehienez ere 2 hilabeteko epean gauzatu beharko dira, ebazpenaren berri ematen denetik aurrera zenbatzen hasita, eta honako teknologia hauek txertatzeko kontzeptu-proba bat diseinatzea izango dute xede:

– Fabrikazio aditiboa.

– Zibersegurtasuna.

– Makina adimentsu eta konektatuak.

– Material aurreratuak.

– Robotika malgua.

Artikulu honetan deskribatutako produktuak edo zerbitzuak ezin izango dira diruz lagundu erakunde onuradunaren produktu eta zerbitzuen katalogoko parte badira.

Ezin izango da inolaz ere diruz lagundu Europar Batasuneko herrialdeetara edo beste herrialde batzuetara esportazioak egitea. Ondorioz, programa honen esparruan ematen diren laguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzearekin edo esportazio-jarduerarekin loturiko beste edozein gastu arruntekin.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta baldintza aplikagarriak.

1.– Honako hauek izango dira gastu hautagarriak, aurreko puntuan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduketekin erlazionatuta:

– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen BDIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).

– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen Europako DIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).

– Erakunde eskatzaileko langileen bidaia-gastuak (Europako DHI baten aktiboak erabiltzen direnean soilik).

2.– Gastu hautagarriek ez dituzte gaindituko 8. artikuluan adierazitako gehieneko ehuneko eta zenbatekoak.

3.– Gastu hautagarriak SPRIri laguntza-eskaera aurkezten zaion unetik aurrera sortu edo fakturatuko dira, proiektuaren exekuzioak iraun bitartean. Halaber, laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak ere onartuko dira, proiektua 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi bada.

4.– Ez dira gastu hautagarritzat joko, inola ere, laguntzaren eskatzaileak berak, eskatzailearen taldeko enpresek egindako lanak, material didaktikoak prestatzea, aretoen alokairua, dietak eta antzeko gastuak. Gastu horiek bereiz agertu beharko dute fakturen kontzeptuan.

5.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Programaren xede den jarduerarekin zuzeneko harremana izango dute.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarrien balorazioa egiteko, kaxaren irizpidea erabiliko da.

d) Proiektuaren gastuaren aurrekontua gehiegizkotzat jotzen bada antzeko izaera duten proiektuetako gastuen batez besteko kostuaren aldean, gastu hautagarrien zenbatekoa murriztu egingo da, gastu doitu eta proportzionaltzat jotzen den zenbateko batera.

6.– Fakturan aplikatutako balio erantsiaren gaineko zerga ez da izango gastu hautagarria.

7.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Aurkeztu diren eskaintzak efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak proposamen ekonomikorik onenak ez badira, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako portzentaje hauetan:

– Gastu hautagarrien % 80 diruz laguntzea, gehieneko zenbateko hauekin:

– 12.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin lankidetzan gauzatuz gero.

– 20.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin baino gehiagorekin lankidetzan gauzatuz gero.

– 15.000 euro proiektua Europako DIH batekin eginez gero, proiektuko 12.000 euroko eta bidaietarako 3.000 euroko muga partzialekin.

2.– Enpresa onuradunak proiektuari loturiko diruz lagun daitezkeen gastuetarako urtean eskura dezakeen gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen jarduketa bakarrera bideratuko da eta, ondorioz, erakundeko eskaera bakarra onartuko da.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako beste finantzabide batzuk eskuratu ahal izango dira, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzen zenbatekoak ezingo du inola ere gainditu erakunde onuradunak gauzatuko duen jardueraren kostua, ez bakarrik, ez xede bererako edozein Administraziok edo dagokion sektore publikoak emandako beste laguntza batzuekin batera. Beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez jasotako laguntza metatu eta kostu hori gainditzen bada, behar beste murriztuko da programa honetan araututako laguntza, jardueraren gehiegizko finantzaketa ekiditeko.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikiko laguntzak edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa (2020) eta aurreko biak (2018 eta 2019) aintzat hartuta. Onuraduna besteren kontura errepide bidezko salgaien garraioa gauzatzen duen enpresa bat bada, gehieneko hori 10.000 eurokoa izango da (gainera, laguntza ezin izango da erabili errepide bidez salgaiak garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira emango laguntza horri eskatzaileak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk gehituta lortzen den zenbatekoak muga hori gainditzen badu, laguntzen emailea edozein administrazio delarik ere.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.

2.– Aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako laguntza-eskaeren formularioak bete beharko dituzte.

3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Laguntza-eskaera hori eginez gero, berariaz baimena ematen zaio SPRIri zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete daitezela eskatzeko eta enpresa EJZko (ekonomia-jardueren gaineko zerga) zeinen epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

5.– Laguntza-eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio datuak.

6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkarik egindako adierazpena, eskaerari atxikitako eredua erabilita. Bertan, honako hauek adieraziko dira:

– Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren (NAN) zenbakia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, erakundearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo kodea (IFZ/IFK) eta egoitza soziala.

– Erakunde eskatzailearen jarduera ekonomikoaren zentroetako baten egoitza, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan egotea eta proiektuak zentro horretan eragina izatea.

– Alta emanda egotea dagokion EAEko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafean.

– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo bere erakunde laguntzaileekiko betebeharrak.

– Eskatzen den ekitaldian eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis-laguntzen zerrenda. Honako hauek zehaztu beharko dira: laguntza jaso zen data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu berbererako eskatu edo/eta jaso diren laguntzak, erakunde publiko edo pribatuenak. Honako hauek zehaztu beharko dira: eskaera-data edo, hala badagokio, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa.

– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.

– Oinarri hauetako 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea eta batez ere:

– Enpresa eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Burutu gabeko dirua errekuperatzeko agindurik ez duela, batzordeak hala erabaki duelako laguntzaren bat barne-merkatuarekiko bateragarri ez eta ilegal jo duenez; eta enpresa ez dagoela krisian, krisian dauden finantza-arloaz besteko enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Laguntzen inguruko Jarraibide Komunitarioen arabera (EBAO 2014/C 249/01).

– Enpresa eskatzaileak ez duela ezarrita Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik.

– Armak ez produzitzea, ez merkaturatzea eta ez finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Legean (14/2007 Legea, abenduaren 28) ezarritakoari jarraikiz.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jaso eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzultzeko, hori xedatzen badu dirulaguntza itzultzeko sistema adosteko ebazpenak.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion foru-aldundiaren edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Proiektuaren memoria, erakunde eskatzaileak aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:

– Proiektuaren laburpena.

– Proiektua abiarazteko motibazioa, hautemandako arazoa/beharra.

– Faseak eta zereginak.

– Espero den emaitza eta eragina.

– Proiektua gauzatzen parte hartuko duen BDIHaren nodoa (nodoko eragilea edo eragileak adierazi beharko da/dira).

– Erakunde onuraduneko taldea (profila eta proiektuko rola).

– Erakunde kontratatuaren taldea (profila eta proiektuko rola).

– Proiektuaren aurrekontua (barruko eta kanpoko dedikazioaren banakapena eta bidaia-gastuak, Europako DIH batekin lankidetzan arituz gero).

– Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, parte hartuko duten BDIHko eragileek eta/edo hautatu den Europako DIHkoek aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:

– Proiektua zein BDIH nodotan edo Europako DIHtan kokatzen den.

– Proiektu mota (diagnostikoa eta ekintza-plana, kontzeptu-proba).

– Egin beharreko jardueren azterketa xehatua eta espero diren emaitzak.

– Aurrekontuaren banakapena, langileen eta bidaien gastuak barne (DHIen kasuan, hala dagokionean).

– BDIH/DIHko taldea (CVen laburpena).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

8.– Eskatzaileek eskubidea izango dute nahi duten hizkuntza, euskara edo gaztelania, erabiltzeko eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko, ahoz zein idatziz, programa honen harira SPRIrekin duten harremanetan.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egun baliodunean, eta bukatuko da 2020ko urriaren 22an. Halere, eskatzaileentzako arreta egun horretako arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

2.– Laguntza-eskaera ez badago guztiz beteta edo dokumentu osagarri guztiak aurkezten ez badira, enpresari eskatuko zaio 10 eguneko epean falta den informazioa edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, eta horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat.

12. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Laguntza-eskaeren ebaluazioa eta ebazpena espedientea entregatu eta osatuta dagoela egiaztatzen den unean egingo dira.

2.– Hauek dira aurkeztutako laguntza-eskaerak onesteko ebaluazio-irizpideak:

1. irizpidea: Proiektuaren egikaritzeak duen balioa erakunde onuradunarentzat (30 puntu).

2. irizpidea: Proiektuaren aurkezpen-dokumentazioaren kalitatea. Helburu, egiteko eta kostuen definizio- eta egokitzapen-maila (30 puntu).

3. irizpidea: Erakunde onuradunek eta agente teknologikoek proposatutako lantaldearen kalitatea (20 puntu).

4. irizpidea: Proiektua egikaritzeko eskaeraren motibazioa 4.0 teknologia gehitzeko, estrategiarako egokitua. (20 puntu).

Puntuazio totala zehaztutako irizpideen betetze-mailaren arabera kalkulatuko da. Irizpide bakoitzari emandako puntuazioaren % 50eko gutxienekoa lortzen ez duten laguntza-eskaerak ukatu egingo dira.

3.– Proiektuak eta haiei emandako puntuazioa, aipatutako irizpideen arabera, baloratzeko xedearekin, Hautaketa Batzorde bat osatuko da, eta osaera eta funtzio hauek izango ditu:

– Ignacio Tellechea (presidentea), Cristina Oyón eta Susana Larrea (idazkaria).

Hautaketa Batzordearen zeregina da eskaerak aztertzea, hautagaien meritu eta gaitasunak baloratzea eta, ondorioz, organo eskudunari helaraztea proiektu bakoitzari emandako puntuazioa, Batzordeak horretarako prestatuko duen txosten teknikoan oinarrituta.

4.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, segidako egilespenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 15 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

5.– Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, baiespen-ebazpentzat joko da.

6.– Ebazpenetan esleitzen den dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da, baita gainerako baldintzak ere.

7.– Erakunde eskatzaileak baliozkotasuna emango die SPRI erakundeak posta elektroniko bidez laguntza-eskaeran identifikatutako harremanetarako pertsonaren kontura bidalitako komunikazio guztiei. Soilik harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartuko da enpresa eskatzaileari eta/edo proiektuko liderrari dagokiona.

8.– Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundu daitekeen jarduketa amaitzean, eta 10 egun balioduneko epean, erakunde onuradunek proiektuaren egikaritzea justifikatu beharko dute SPRIren webgunean eskuragarri dauden likidazio-eskaeraren inprimakiak erabiliz.

2.– Likidazio-eskaera erakundea ordezkatzeko boterea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

3.– Eskaerak SPRIren baimen espresa dakar berekin, zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoen betetzearen egiaztapena eskatzeko, baita enpresa EGZren (ekonomia-jardueren gaineko zerga) zein epigrafetan dagoen kontsultatzeko baimena ere.

4.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu.

5.– Likidazio-eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da.

a) Gehienez ere bi orrialdeko memoria, informazio honekin:

– proiektuaren balioa erakunde onuradunarentzat, 6 hilabeteko epean.

– proiektutik eratorritako ekintza-planaren laburpena, hala badagokio.

– aurreikusitako jarraipena.

b) Egikaritutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen desglosearekin.

c) Finantza-erakundearen ordainketako banku-egiaztagiriak, proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuena.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, hura aldatuz gero aurretik aipatutakoari begira.

6.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaera ez badira guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.

2.– Epe hori igarotzean erakunde onuradunak ez badu hori egin, SPRIk espedientea eten ahalko du, eta erakunde eskatzaileari horren berri emango dio.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Esleitutako dirulaguntzaren ordainketa aldi bakar batean egingo zaio laguntzaren erakunde onuradunari, 13. artikuluan eskatutako likidazio-eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.

2.– Egindako gastu hautagarria laguntza esleitzeko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, proportzionalki doituko da, 8. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Esleitutako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren esleipenaren jakinarazpenaren harrera-data eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.

b) Emandako laguntza jarduketa-plana aurrera eramateko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.

f) Berehala jakinaraztea SPRIri eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bera badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak izanik ere.

g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Publizitate egokia ematea programa honen bidez esleitutako dirulaguntzaren jatorriari, diruz lagundutako proiektuaren emaitzak hedatuz SPRIk eskatutako forma edo foruetan.

i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzak, beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako laguntza edo dirulaguntzak eta xede bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabideak aldatzen badira, laguntza esleitzeko ebazpena ere aldatu ahalko da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Halaber, erakunde eskatzaileen eskaera eta justifikazioaren ondoren, programaren kudeaketa-arduradunak luzapen bat eman ahalko du egin beharreko jarduerak egikaritzeko, betiere ez bada 2 hilabete baino gehiagoz gainditzen proiektuak egikaritzeko gehieneko epea, 2 hilabetekoa.

3.– Jarduketak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta SPRIk aldaketak baimendu ahalko ditu, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunek programa honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzaren esleipenaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, hura jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso duten laguntzaren zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren esleipenaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza esleitzeko ebazpenean eskatutako baldintzak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza esleitu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren esleipenari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren esleipenean aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo neurriok oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren esleipenaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako beste edozein kasu.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta hala badagokio esleipenaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Zuzentaraua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

5.– Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Zuzentaraua, zeinaren bidez barneko merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoriak ezartzen diren itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, I. eranskinean zehaztutakoari dagokionez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako UE 2016/679 Erregelamenduan (EB) (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla, eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzeko xedearekin; datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa funtzio publikoa izango da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako xedeak betez.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei bidali ahalko zaie, baita arlo horretan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei ere (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesdun guztiek dute datuen babeserako araudiak xedatutako eskubideak erabiltzeko gaitasuna SPRIren aurrean, idatzi bat bidaliz lopd@spri.eus helbidera.

SPRIren datu pertsonalak babesteko informazio gehigarri eta xehatua kontsultatzeko, pribatutasun-politika atalera jo dezakezue www.spri.eus/privacidad helbidean.

Jakinarazten da datuen tutoretza eskatu behar izanez gero Datuak Babesteko Espainiako Agentzia dela kontrol-agintaritza.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak, oinarri hauei dagokienez, administrazio-izaerakoak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziena da.

Bilbao, 2020ko irailaren 10a.

Gehitu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala