Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2020ko irailaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3679

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 17koa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, «Lan-kontratudun Irakasle eta Hezitzaileen Hitzarmen Kolektiboa Negoziatzeko Mahaiaren Akordioa, zeinaren bidez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lan-kontratudun irakasleen eta hezitzaileen Hitzarmen Kolektiboa aldatzen den» erregistratu, gordailutu eta argitaratzen duena (hitzarmen zenbakia 86002345012004).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko otsailaren 22an, REGCONen, aipatu akordioari lotutako dokumentazioa aurkeztu da.

Bigarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek erregistro, gordailutze eta argitarapenerako izapide-eskaria egingo duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Espediente hau ebazteko eskumena lan agintaritza honi dagokio apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak, Lan eta Justizia sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, bere 9.1.i) artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, izan ere, bertan xedatzen denez, Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzea, Dekretuan zedarritutako balditzei eta indarrean dagoen gainerako araudiari jarraiki.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikagarri den araudi sustantiboa maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzkoan, nahiz urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuan, Euskadiko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzkoan, dago.

Hirugarrena.– Aurkeztu den akordioa egintza inskribagarria da maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuak, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzkoak, bere 2.1.a) artikuluan ezartzen duenaren arabera, eta urriaren 23ko Langileen Estatutuko Legearen testu bategina onartzen duen 2/2015 Errege Dekretu Legegileko 85, 88, 89 eta 90 artikuluetan ezarritako betekizunei jarraiki sinatu da.

Behin inskribatze eskaria eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da, legezko betekizun guztiak betetzen dituela, eta beraz, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak, Euskadiko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzearen ingurukoak, 9. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, honekin,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzea, alderdiei jakinaraziz.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko uztailaren 17an.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.

ERABAKIA, Lan-kontratudun Irakasle eta Hezitzaileen Hitzarmen Kolektiboa Negoziatzeko Mahaiarena, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lan-kontratudun irakasleen eta hezitzaileen Hitzarmen Kolektiboa (EHAA, 114. zk., 2004ko ekainaren 17koa; 8602345 hitzarmen-kodea)

Lan-kontratudun Irakasle eta Hezitzaileen Hitzarmen Kolektiboa Negoziatzeko Mahaiaren 2018ko apirilaren 13ko Erabakiaren xedea da –Hezkuntza Sailak eta LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek izenpetua eta UGTk bat egin eta sinatu zuena 2018ko maiatzaren 11n– lan-kontratudun irakasle eta hezitzaileen hezkuntza-zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetzea, batetik, eta Hitzarmen Kolektibo berri baten negoziaziorako oinarri eta abiapuntu izatea, bestetik.

Erabaki horren Azken Xedapenak adierazten du behar diren izapideak egingo direla erabakiak barnean jasota dauzkan xedapenak Lan-kontratudun Irakasle eta Hezitzaileen Hitzarmen Kolektiboaren testura gehi daitezen.

Beste alde batetik, aipatutako erabakia sinatu aurretik eta ondorenean, Hezkuntza Sailak eta langileen ordezkariek, hainbat negoziazio-mahaitan eta parekidetan, zenbait erabaki izenpetu zituzten, irakasle eta hezitzaileen laneko baldintzei buruzkoak.

Azaldutako guztiaren ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lan-kontratudun irakasle eta hezitzaileen Hitzarmen Kolektibora gehitu dira (EHAA, 114. zk., 2004ko ekainaren 17koa; 8602345 hitzarmen-kodea) ondorengo aldaketa hauek.

BIGARREN TITULUA
LANGILEEI BURUZKOA. HORNIKUNTZA
I. KAPITULUA
LANGILEEN SAILKAPENA. PLANTILLA

9. artikulua.– Langileen sailkapena, kategorien arabera.

Hitzarmen honen eremuan barneratzen diren langileak honako kategoriaren batean sailkatuko dira, bertan dagozkien zereginak garatzeko beharrezko ikasketa-titulua kontuan hartuta:

a) Irakasleak.

Goi-mailako teknikariak (A taldea):

Zuzendaria (desagertzekoa).

Sailburua (desagertzekoa).

Psikologoa-Pedagogoa.

Bigarren Irakaskuntzako irakaslea.

Musika eta Arte Eszenikoetako irakaslea.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaslea Logopeda (desagertzekoa).

Erdi mailako teknikariak (B taldea):

Zuzendaria (desagertzekoa).

Haur Hezkuntzako eta Lehen Irakaskuntzako irakaslea.

Lanbide Heziketako irakasle teknikoa.

Arte Plastiko eta Diseinu tailerreko maisua.

Logopeda.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Irakaskuntzako irakasle espezialista.

Irakasle egokia.

b) Hezitzaileak.

Fisioterapeuta.

Gizarte-langilea.

Okupazio-terapeuta.

Hezkuntza Laguntzako especialista.

Transkriptorea eta material-egokitzailea.

Zeinu-hizkuntzako interpretea.

Artikulu honetan aipatutako kategoriei dagozkien zereginak Hitzarmen honen II. eranskinean biltzen dira. Batzorde Parekideak aipatutako kategorietako batzuen izendapena aldatzeko aukera ezberdinak proposatuko ditu eta 2004ko maiatzaren 31 baino lehen zehaztuko ditu 2004/2005 ikasturtean erabiliko diren izendapen berriak.

11. bis artikulua.– Lanpostuen zerrenda eta plantillak egokitzea.

Hezkuntza Sailak, urtero, izaera estrukturalekoak irizten zaizkien lanpostuak Lanpostuen Zerrendan txertatzeko konpromisoa hartzen du, aldez aurretik sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren.

Esandako egokitzapena aintzat harturik, eta, aldez aurretik, plaza kopuruan aurreikusitako aldaketa 2018rako Aurrekontu Legean islatu ondoren, hezkuntza-laguntzako espezialisten 50 plaza gehiago ezartzea izapidetuko da, lanpostuen zerrendari buruzko dagokion dekretua aldatzearen bitartez.

Bestalde, Hezkuntza Sailak, urtero, hezitzaileen plantilla egokitzea proposatuko du, erregistratzen diren matrikulazio berrien eta hezkuntza-sisteman sortzen diren beharrizanen arabera.

II. KAPITULUA
LANPOSTUAK BETETZEA ETA LANPOSTU HUTSAK

12. bis artikulua.– Bitarteko kontratuak.

Lanpostuen Zerrendan hutsik dauden plaza guztiak bitarteko kontratuen bidez estaliko dira, eta horrek egonkortasun handiagoa ekarriko du hala langileentzat nola hezkuntza-sistemarako.

Gainerako plazak, matrikulazioan egon daitezkeen aldaketei lotutakoak, obra- edo zerbitzu-kontratuen bidez estaliko dira.

Kasu zehatz bakoitzean, eta posible baldin bada, Hezkuntza Saila ahaleginduko da denbora partzialeko kontratuetako orduak metatzen, lanaldi osoko kontratuak bihurtzeko xedearekin.

Gainera, ikasturtearen hasierako beharrizan berriei erantzuteko, irailean eta urrian egiten diren obra- edo zerbitzu-kontratuek abuztuaren 31ra bitarteko indarraldia izango dute.

Mahai Parekidean aztertu eta negoziatuko da nola erantzuna eman hainbat kontraturen aplikaziotik eratorritako kasuistika desberdinei, betiere, akordio ahalik eta zabalena bilatuz eta lan-arloko legeriak baimendutakoaren barruan.

12. ter artikulua.– Errelebo-kontratua.

Formula hori aplikatzeko modua berrikusiko da Administrazioak berori orokortzea ahalbidetu bezain laster.

12. quater artikulua.– Lan-eskaintza publikoa eta bitartekotasuna.

Hezkuntza Sailak kolektibo honen bitartekotasuna ahalik eta gehien murriztearen aldeko apustua berresten du.

Ondorioz, 2019an, 260 plaza inguru aterako dira Lan-eskaintza Publikoan, hau da, une honetan Lanpostuen Zerrendan dauden lanaldi osoko lanpostu huts guztiak.

Helburu horrekin, eta Lan-eskaintza Publikoaren ertzak eta alderdiak langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, Hezkuntza Sailak legezko bide guztiak agortuko ditu aipatutako prozesua segurtasun juridikoaren barruan garatu dadin.

14. artikulua.– Lekualdatze-lehiaketa.

1.– Lan-kontratudun hezitzaile finkoek urtero lekualdatze-lehiaketan parte hartu ahal izango dute lanpostu hutsak edo berriak eskuratu ahal izateko.

2.– Lanpostu bera lortu nahi duen langile bat baino gehiago aurkezten bada, Batzorde Parekideak garatuko duen baremo bat jarraituko da eta honako irizpide hauek kontuan hartuta zehaztuko dira lehentasunak:

2.1.– Derrigorrezko lekualdatzea jasan duen langilea, eszedentziaduna izanik.

2.2.– Enpresan duen antzinatasuna (langile finkoa denean).

2.3.– Langilearena ez den barrutian aritzea, langilearen barrutian eszedentea egoteak eragin duenean egoera hori.

2.4.– LEZ-Sartzeko nota.

2.5.– Adin handiagoa.

3.– Aurreko apartatuetan adierazitako sistemen bitartez ateratako lanpostu berrian lanean hasteko epea esleipena egin ondorengo ikasturtearen hasieran izango da.

4.– Prozedura horren bitartez lanpostua lortu duten langileek gutxienez bi urte egon beharko dute bertan, beste lekualdatzeren batean parte hartu ahal izateko.

Jatorrizko Berritzeguneko antzinatasuna gordeko zaie Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Zentroetan lehiaketa bidez postua lortzen duten Hezkuntza Laguntzako espezialistei. Langile horiek beren jatorrizko Berritzegunera itzultzen badira, jatorrizko Berritzeguneko antzinatasunari Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarriko Zentroetan lortutakoa gehituko zaio, antzinatasun hori kontuan har dadin Hitzarmen honen 14.5 artikuluan aurreikusitako hezkuntza laguntzako espezialistek artatu beharreko ikastetxeen banaketa prozesuan.

Antzinatasun eraginetarako zenbatuko da kargu publiko edo sindikalagatik nahitaezko eszedentzian emandako denbora.

Beste Administrazio Publiko batzuetatik transferitutako langileak direnean, zerbitzu-orrian jasota dagoena hartuko da antzinatasun-datatzat.

Ez dira antzinatasun modura zenbatuko lehiaketara aurkeztutako lan-kategoria ez den beste batean emandako zerbitzuak.

5.– Urtero, ikasturte hasieran, Berritzeguneko barrutian lanean diharduten Hezkuntza Laguntzako espezialistek bete beharko dituzten ikastetxea/k banatzeari ekingo zaio. Banatze hori langileen adostasunez egingo da.

Adostasunik ez balego, lehentasun hauen arabera jokatuko da:

1) Ikastetxean egonkortasuna izatea.

2) Gutxienez ikasturte bitan balio anitzeko geletan aritu den langilea.

3) Berritzeguneko eremuan bertan erreferentziarik gabe geratu den langilea.

4) Berritzeguneko eremuan bere borondatez mugitu nahi duen langilea.

5) Berritzeguneko barrutian lanean hasitako langile finkoa.

6) Lan-kontratudun langile ez finkoak.

Edozein egoera larri dela-eta, Berritzeguneko Zuzendaritzak ezinezkotzat jotzen badu langileek proposatutako banaketa, hori atzera bota dezake eta, ondoren, Pertsonaleko Zuzendaritzari hartutako erabakiaren berri emango dio. Besterik ezean, Batzorde Parekideak emango du horri buruzko azken erabakia.

HIRUGARREN TITULUA
LANALDIA ETA OPORRAK
I. KAPITULUA
LANALDIA

17. artikulua.– Lanaldia.

1.– Irakasleentzat, 1.462 ordu aitortzen dizkien eta indarrean dagoen araubidean oinarri harturik, ikasturte bakoitzaren hasieran arautu behar dira asteko lanaldiaren praktika, lanaldiko eskola-orduak eta eskola gabeak barne –ezin izango da orain indarrean dagoen eskolako ordutegia, ez eta eskolan eman beharreko denbora ere, gehiago zabaldu–, eta, hala behar bada, baita ordu osagarriak ere.

Ildo horretan, lanaldiko, arduraldiko eta eskolan eman beharreko denborako araubidea unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza publikoko irakasle funtzionarioentzat ezarritako araubidea bezalakoa izango da –kasu bakoitzean, dagokiona–.

Horretatik guztitik salbuetsita daude denboraldi laburragoz kontratatu diren langileak; lan-arautegiarekin bat etorriz, beren egungo lanaldiarekin jarraitu ahal izango dute. Halaber, ikastetxeetan beharrezkoa bada, lanaldi partzialean jarduteko kontratatu direnei lanaldi osoan lanean jarduteko aukera eskainiko zaie.

2.– Hezitzaileentzat:

a) Urteko lanaldia gehienez 1.480 ordukoa izango da eta ikastetxe bakoitzaren eskola-egutegira egokitu beharko da.

b) Berezitasunen arabera, fisioterapeutek eta okupazio-terapeutek irakasleen antzeko dedikazioa izango dute.

c) Urtero, ikasturteari hasiera ematen zaionetik hilabeteko epean, bere lanean bete beharko dituen egutegia eta ordutegia jakinaraziko zaizkio langileari. Egutegi hori ikasturte osoan aplikatzekoa izango da, eta egon daitezkeen aldaketak –betiere salbuespenezko izaeraz eta haien berri behar bezala emanik– bidean sor daitezkeen zerbitzuko premien menpe egongo dira; nolanahi ere, azken batean, Batzorde Parekidean onartu beharko dira.

Hezkuntza Laguntzako espezialisten kategoriako langileen kasuan, ikastetxe bat baino gehiagotan aritu behar badute –inoiz ez bi baino gehiagotan, eta eskola-egutegiak bat ez badatoz– bere eguneroko lanaldiaren parterik handiena betetzen duen ikastetxeari atxikiko zaizkio.

3.– Beren espezifikotasunak kontuan hartuta, Hezkuntza Laguntzako espezialistek, modu gehigarrian, honako arau hauek beteko dituzte:

3.1.– Urteko lanaldia: 1480 ordu. Berariazko prestakuntzari eskainitako denbora urteko ordu kopuruaren barruan sartuko da. Lanaldi erdian edo lanaldi osoan jardungo dute eta, baten edo bestearen arabera, ondorengo arauok aplikatuko dira:

3.1.1.– Lanaldi osoari dagokionez:

Asteko lanaldi osoa, gehienez, 37 ordu eta 30 minutukoa izango da: asteko ordutegiaren zenbaketan sartuko dira zuzeneko arreta orduak, berritzegunearen eta ikastetxearen arteko koordinazioa, eta materialak prestatzeko denbora.

Garraio-denbora eta jantoki-zerbitzua zuzeneko arretatzat hartuko dira eta zerbitzuaren kalitatearen eta langileen ongizatearen mesedetan, eguneroko zuzeneko arreta, gehienez, 6 ordukoa izango da. Ikastetxeko antolaketa-arrazoiak direla-eta arreta zuzeneko 6 ordu horiek artikulatu ezin badira, 30 izango dira asteko arreta zuzeneko orduak.

Hezkuntza Premia Berezia duten ikasleen arabera, Hezkuntza Laguntzako espezialistei ondorengo araudia aplikatuko zaie:

a) Ikastetxeak non HPBko ikasle guztiek edo parte batek jantoki-zerbitzua erabiltzen duten (arreta eskola-jantokian/arreta jolastokian), betiere, autonomia pertsonal edo sozialeko programa bati loturik.

Kasu horretan, ikastetxeari esleitutako Hezkuntza Laguntzako espezialista guztiek (jantoki-zerbitzua duten ikasleak esleituta ez dituztenak barne) jantoki-zerbitzuan jardun beharko dute, txandaka eta modu partekatuan.

Jantoki-zerbitzua, txandaren arabera, dagokienean soilik, Hezkuntza Laguntzako espezialistek ordubete izango dute beren bazkari propiorako, eta denbora hori lanordu gisa zenbatuko zaie. Era berean, jantokiko menua baliatzeko eskubidea izango dute.

b) Ikastetxeak non HPBko ikasle guztiek ez daukaten autonomia pertsonal edo sozialeko programarik jolastoki/jantoki denboran.

Ikastetxe horietan, jantokiari dagokion ordutegian Hezkuntza Laguntzako espezialistek ordubeteko etenaldia izango dute beren bazkari propiorako. Denbora hori ez da lanordu gisa zenbatuko eta ez da jantokiko menua baliatzeko eskubiderik izango.

c) Hezkuntza Laguntzako espezialistek 2 ordu eta 30 minutu izango dituzte guztira, astean, koordinazio zereginetarako eta ikastetxean materiala prestatzeko.

3.1.2.– Asteko lanaldi erdiari dagokionez:

Asteko lanaldi erdia, gehienez, 18 ordu eta 45 minutukoa izango da: asteko ordutegiaren zenbaketan sartuko dira zuzeneko arreta orduak, berritzegunearen eta ikastetxearen arteko koordinazioa, eta materialak prestatzeko denbora.

Garraio-denbora eta jantoki-zerbitzukoa zuzeneko arretatzat hartuko dira eta egunean hiru ordukoa izango da zuzeneko arreta. Ikastetxeko antolaketa-arrazoiak direla-eta arreta zuzeneko 3 ordu horiek artikulatu ezin badira, 15 izango dira asteko arreta zuzeneko orduak. Halaber, ordubete eta 15 minutu izango dituzte guztira, astean, koordinazio zereginetarako eta ikastetxean materiala prestatzeko.

Antolakuntza-arrazoiengatik beharrezkoa denean, langile horiek bi ikastetxetan jardungo dute, egun desberdinetan.

Jantoki-zerbitzua egiten dutenean (arreta eskola-jantokian/arreta jolastokian), ordu erdia izango dute beren bazkari propiorako, eta denbora hori lanordu gisa zenbatuko zaie. Gainera, jantokiko menua baliatzeko eskubidea izango dute.

3.2.– Aurreko paragrafoari dagokionez, Hitzarmen Kolektibo honen 11. artikuluan jasotakoa dakargu hona: 11. artikulua.– Plantilla. Administrazioak eta sindikatuek hezitzaileen plantilla hauek aztertuko dituzte, hezkuntza-sistemako egitura-beharrak kontuan hartuta, 35 orduko lanaldia eta enpleguarekin lotutako neurriei buruz Mahai Nagusiaren erabakiarekin bat datozen ekintzak susta daitezen.

3.3.– Hezkuntza Laguntzako espezialistek ikastetxean beteko duten ordutegia bat etorriko da lan egiten duten ikastetxeko ikasleen sarrerako eta irteerako orduekin.

Ikastetxean egon beharreko ordutegian, Hezkuntza Laguntzako espezialistek honako jarduera hauek gauzatuko dituzte: materialen prestakuntza, gainerako profesionalekiko koordinazioa, klaustroan parte hartzea, gurasoekiko bilerak, ikastetxeko bileretan parte hartzea.

Koordinazio orduen barruan, ikastetxearen Zuzendaritzak hezitzaileei klaustroko saioetan parte hartzeko aukera eskainiko die, koordinazioa hobetzeko eta haiek integratzea lortzeko, ikastetxe inklusiboaren printzipioen alde eginez eta Hitzarmen Kolektiboak ezarritakoaren harira.

3.4.– Lanaldi berria ezartzearen eraginez sor daitezkeen ondorioak eta bat ez etortzeak mahai teknikoetan aztertuko dira; hezkuntza bereziko profesionalek, sindikatuetako ordezkariek eta Hezkuntza Saileko teknikariek eratuko dituzte mahai tekniko horiek eta Mahai Parekidean negoziatuko dira.

Lanaldi berria 2018/2019ko ikasturtean ezarriko da.

3.5.– Izaera orokorrez, hezkuntza-laguntzako espezialistek ez dute esku hartuko ikaslearen bizitokiaren eta ikastetxearen arteko garraioan, eskolaren eremutik kanpo dagoen neurrian. Esku-hartze hori, soilik, ikaslearen autonomia pertsonaleko programa bati erantzuten dionean gertatuko da; programa aldi batekoa izango da eta dagokion ebaluazioa egingo zaio.

Autonomia pertsonaleko programa bakoitzaren zehaztasunak berritzeguneetako hezkuntza premia bereziko aholkulariek eta ikastetxeko kontsultoreak ezarriko dituzte.

Arrazoi horregatik, ikasle guztiak –premia bereziak izan edo ez– hartuko dira kontuan garraioko laguntzaileen ratioak kalkulatu ahal izateko.

3.6.– Eskola Inklusiboaren ikuspegitik, eta jantokia hezkuntza-espazio bat izanik, hala jantokian nola jolastokiko zainketa-zereginetan, espezialistaren esku-hartzea autonomia pertsonaleko edo sozialeko programa bati loturik egongo da beti.

Arrazoi horregatik, ikasle guztiak –premia bereziak izan edo ez– hartuko dira kontuan jantokiko begiraleen ratioak kalkulatu ahal izateko.

3.7.– Zerbitzuko beharrizanak direla eta, Hezkuntza Laguntzako espezialistek ikasleari bere bizilekutik kanpo gaua igarotzea eskatzen dioten jardueretan lagundu behar badiote, orduak metatzeko orduan, 8 orduko lanaldi normalizatuko egun eta erdi (1,5 egun) zenbatuko da. Eta jaiegunarekin suertatzen bada, bi egun (2) hartuko dira. Antzeko irizpidea aplikatuko zaie esandako laguntza-lanak egingo dituzten behin-behineko edo bitarteko langileei.

4.( Beren espezifikotasunak kontuan hartuta, zeinu-hizkuntzako interpreteek, modu gehigarrian, honako arau hauek beteko dituzte:

Langile horien urteko lanaldia, gehienez ere, 1480 ordukoa izango da, eta betiere ikastetxe bakoitzaren eskola-egutegia betetzera egokitu beharko da.

Kasu berezi bakoitzean, langileak atxikita dagoen ikastetxeko egutegia bete beharko du. Ikastetxe bat baino gehiago partekatuko balu, astean ordu gehien eskaintzen dion ikastetxe publikoko egutegia beteko du.

Deskribatutako eginkizunak behar bezala betetzeko, arreta zuzeneko orduak, koordinazio-zereginetakoak, edukiak eta materialak prestatzen eman beharrekoak eta beharrezkoak diren antzeko beste hainbat sartu beharko dira jardunaldian.

Ikastetxean egon beharreko asteko lanaldia 30 ordukoa izango da, eta horietatik 25 ikasleen arreta zuzenekoak izango dira. Behar bezala kontrastaturiko HPBek, kasuren batean, ordu gehiagoko arreta eskatuko balute, arreta hori, lehenik eta behin, urteko zenbaketan aipatutako 25 orduak baino gutxiagoko lanaldia dutenek estaliko dute, eta aukera hori ezinezkoa den kasuetan, berriz, kontratazio gehigarri batera jo beharko da.

Lanaldi erdiko kontratuak –15 orduko presentzia eta 13 arreta zuzenekoak– aurreko apartatuan adierazitako irizpide berberen arabera aplikatuko dira.

Edonola ere, ikastetxean egon beharreko ordutegia ikasleen hezkuntza-premiek eta zentroaren antolaketak baldintzatuko dute.

Nahitaez egon beharreko ordutegia gainditzen duen lanaldia funtsezko eginkizunaren zeregin osagarriak egiteko erabiliko da (edukien eta materialen prestakuntza, baliabideen bilaketa, koordinazioa, txostenak egitea...)

Ibiltaritzak. Kasu horietan, egutegia erreferentziako ikastetxearen arabera egingo da (ordutegi handiena duena). Ikastetxe publiko baten eta pribatu/itunpeko baten artean gertatzen denean, erreferentzia nagusia ikastetxe publikoa izango da eta lanaldia urteko banaketaren lehenengo eta azkeneko zentroan (goiz eta arratsalde) hasi eta amaituko da, erreferentziazko zentroa ez izan arren.

Langilearen osasunaren mesedetan, ahal den neurrian, ez dira 4 ordu baino gehiagoz arituko, etenik gabe, interpretazio lanetan, eta gutxieneko atsedenaldiak bermatuko dira bere lana baldintza onetan egin dezan.

Zeinu-hizkuntzako interpreteen ordutegia ondorengo prozedura honen arabera atonduko da:

a) Ikastetxeko Zuzendaritzak prestatuko du ordutegia ondorengo hauen lankidetza aintzat harturik: irakasle taldea, HPBko aholkularitza, gorreria duten ikasleak eskolatzeko koordinatzailea eta zeinu-hizkuntzako interpretea bera.

b) Ikastetxeko Zuzendaritzak, iraileko lehenengo hamabostaldian, Berritzegunearen Zuzendaritzari igorriko dizkio, berrikus ditzan, zeinu-hizkuntzako interpretearen egutegia eta ordutegia (I. eta II. eranskinak eta EED ikasleen ordutegia), ikastetxeko egutegiarekin eta inplikaturiko ikasleen ordutegiarekin batera. Berritzegunetik aldaketaren bat egitea hobesten bada, ikastetxeko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.

c) Berritzeguneko Zuzendaritzak izapidetuko ditu egutegiak eta ordutegiak, bere oniritziarekin, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan, zeinak 15 eguneko epea izango baitu egoki irizten dituen aldaketak sartzeko. Kontrako kasuan, onartutzat emango dira.

d) Hezkuntza Berriztatzeko lurraldeko arduradunak igorriko ditu I. eta II. eranskinak, ikastetxeko egutegia eta ikaslearen ordutegia Hezkuntza Berriztatzearen Zuzendaritzara.

Ikasleak artatzeko inguruabarrak (iraupena, intentsitatea...) aldatzen direnean, edo aurreikusi gabeko arrazoi bategatik, egutegian eta/edo ordutegian egin beharreko aldaketak aurrez ezarritako prozedura jarraikiz egingo dira.

Ikasleek ikasturteari ekin aurretik –eskuarki, iraileko lehen astean–, zeinu-hizkuntzako interpreteak irakasle taldearekin eta ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzunean esku hartuko duten gainerako irakasle eta hezitzaile profesionalekin koordinatuko dira, lanerako planak elkarrekin prestatu eta zehaztu ahal izateko. Behin ikasturtea amaitu denean, banakako txostenak egingo ditu eta HPB aholkularitzei eta gorreria duten ikasleen arretarako koordinatzaileei entregatuko dizkie.

SEIGARREN TITULUA
LAN-BALDINTZAK HOBETZEA
II. KAPITULUA
GIZARTE LAGUNTZAK

52. bis artikulua.– Gizarte-funtsa.

20.000 euroko Gizarte-funtsa eratuko da Hezkuntza Bereziko hezitzaileentzat.

Behin funtsa eraturik dela, mahai parekidean ezarriko dira kontuan hartu beharreko kontzeptuak, bai eta laguntza ekonomikoen banaketarako zenbatekoak, betekizunak, baldintzak eta irizpideak ere.

Lehen deialdia 2019an egingo da, 2018an egindako gastuei erantzuteko xedearekin.

ZAZPIGARREN TITULUA
BIRZIKLATZEA, PRESTATZEA ETA EUSKALDUNTZEA

57. artikulua.– Langileen prestakuntza eta hobekuntza.

1.– Kolektiboak bere eginkizunak betetzean beharrezkotzat ageri diren prestakuntza-premiei erantzuteko, eta kolektiboaren lanbide-prestakuntza, egokitzapen eta promozioa bultzatzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berak antolatutako hobekuntza-ikastaroetara joateko aukera emango die kolektibo honetako langileei.

Prozesu hori honela garatuko da:

a) Irakasleei dagokienez, euren partaidetza hartuko da kontuan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu eta finantzatzen dituen ikastaroei buruzko arau orokorrak aplikatuko dira.

b) Hezitzaileei dagokienez, prestakuntza honela bideratuko da:

b.1.– Prestakuntza eremuka egingo da, dagokion Berritzegunearen bitartez. Eremu jakin bateko langileen eskari zehatzak bilduko dira eta prestakuntza birziklatze-premia zehatza sortu den barrutira eta/edo populazio-gunera egokituko da. Prestakuntza-agentea eta kudeatzailea Berritzegunea bera izango da. Erantzuna eman ahalko zaien prestakuntza motak eguneratze-ikastaro laburrak izango dira, beren zereginak egoki bete ditzaten.

b.2.– Hezkuntza Bereziko hezitzaileek parte hartu ahal izango dute Hezkuntza Sailaren Prest-Gara programetan. Langile finkoek eta ikasturte osorako kontratua duten aldi baterako langileek hartu ahalko dute parte.

Prestakuntza-eskaintza, modalitateak, parte hartzeko baldintzak eta esandako programetako parte-hartzaile kupoak ohiko prozeduraren arabera ezarriko dira, Hezkuntzako sailburuaren Agindu bidez.

b.3.– Ikastetxeetan jasotako prestakuntza; hezitzaile guztiek ikastetxeek diseinatutako prestakuntza-planetan parte hartu ahal izango dute nahi izanez gero, ikastetxe bakoitzeko gainerako parte-hartzaileak bezalaxe eta hauei aplikatzen zaizkien baldintzetan. Baldintzak urtero egingo diren deialdietan zehaztuko dira.

b.4.– Beren espezifikotasunak kontuan hartuta, hizkuntza-zeinuko interpreteen prestakuntza, lurralde eremukoa edo lurralde-arteko eremukoa, kolektibo horri esleitzen zaizkion eginkizun eta zereginekin lotua egongo da, eta ekaineko azken astean garatuko da.

Prestakuntzaren antolakuntza eta kudeaketa Berritzegune Nagusian egingo da, gorreria duten ikasleak eskolatzeko koordinatzaileekin elkarlanean. Prestakuntza horren garapenerako aintzat hartuko dira zeinu-hizkuntzako interpreteen proposamenak.

2.– Birziklatze eta Prestakuntzarako Batzorde Tekniko bat eratuko da; beronen egitekoa izango da artikulu honetako edukiak aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak aztertzea, proposatzea eta/edo ezartzea.

3.– Paraleloki, 4.500 euroko urteko funtsari eutsiko zaio, Hezkuntza Bereziarekin zerikusia duten beste ikastaro batzuk ordaintzeko. Sailak ikastaro horien berri daukan guztian, langileen ordezkariei jakinaraziko die. Batzorde Parekideari dagokio diru-funts hori administratzea, bai eta berorren aplikazioaren ondorioz sor litezkeen eztabaidagaiei buruzko behin betiko ebazpena hartzea ere.

58. artikulua.– Euskalduntzea.

1.– Hitzarmen hau garatzeko eta bere jarraipena egiteko, Batzorde Parekidearen baitan, Euskalduntze Batzorde Teknikoa eratuko da; Batzordearen egitekoa izango da Hitzarmen honetako edukiak gai horretan aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak aztertzea, proposatzea eta/edo ezartzea.

2.– Hezkuntza Bereziko hezitzaileek parte hartu ahal izango dute Hezkuntza Sailaren IRALE programetan. Langile finkoek eta ikasturte osorako kontratua duten aldi baterako langileek hartu ahalko dute parte.

Prestakuntzak irauten duen bitartean, langilea bere ohiko lanalditik salbuetsita egongo da eta dagokion IRALEko zentroaren egutegiari atxikiko zaio.

Prestakuntza-eskaintza, modalitateak, parte hartzeko baldintzak eta esandako programetako parte-hartzaile kupoak ohiko prozeduraren arabera ezarriko dira, Hezkuntzako sailburuaren Agindu bidez.

3.– Ikastaro-eskabideei, onartze-irizpideei eta jarraipenari dagokienez, IRALEko funtzionamendu-arauak aplikatuko dira, dagokion informazio-liburuxkan adierazitakoarekin bat eginik. IRALEko Zerbitzuak informazioa emango dio Batzorde Parekideari ikastaroetan parte hartu duten langileek lortutako mailari eta aprobetxamendu-graduari buruz.

4.– Aipatutako ikastaroetara ez doazen langileek eskubidea izango dute lanorduetatik kanpo joaten diren euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroetako matrikula- eta garapen-gastuak ordain diezazkieten, aprobetxamendua egiaztatu beharko dutelarik, IRALEko arauen arabera.

58. bis artikulua.– Prestakuntza espezifikoa.

Berritzeguneek antolatu eta bermatuko dute prestakuntza espezifikoa ematea.

Etorkizunari begira, Mahai Parekidean aztertuko da hezitzaileek prestakuntza-eskaintza zabalago batera iristeko izan dezaketen aukera.

ZORTZIGARREN TITULUA
LANEKO OSASUNA ETA SEGURTASUNA

59. bis artikulua.– Laneko Osasuna eta Segurtasuna.

Hezkuntza Sailak, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legean ezarritakoari leial izanik, eta, gaur egun, kasuen arabera, hartzen ari den neurri eraginkorrak mantentzeko ildoan, bere gain hartzen du bide guztiak agortzeko konpromisoa osasun-arrazoiek eragindako lanpostuen egokitzapenak posible egiteko.

Mahai Parekidean aztertuko dira osasun-arrazoiengatik arrisku egoeran dauden langileen kasuan abian jar daitezkeen neurriak eta prozedurak; Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuak ere parte hartuko du azterketa horretan, betiere, beharrezkoak diren berme juridiko guztiekin.

I. ERANSKINA BIS
FISIOTERAPEUTA, OKUPAZIO-TERAPEUTA ETA GIZARTE-LANGILEAREN ORDAINSARIAK

2003an, hezitzaileei eragiten dien hitzarmena sinatu zenetik gaur egunera arte, Fisioterapeutaren, Okupazio-terapeutaren eta Gizarte-langilearen figurak Eskola Inklusiboaren printzipioetara eta jarduteko moduetara egokituz joan dira.

Arrazoi horregatik eta aipatutako kategoriek maisu-maistren maila bereko titulazioa eta antzeko lanaldia dutenez, 2011n aurreakordio bat izenpetu zen langileen ordezkarien eta Hezkuntza Sailaren artean berorien ordainsariak berdintzeari begira, baina esan behar da, era berean, aipatutako berdintze hori ez zela mamitzera iritsi.

Horrela bada, eragozpen juridikoren bat ez bada tartean sartzen, Fisioterapeutek, Okupazio-terapeutek eta Gizarte-langileek maisu-maistren ordainsari berdinak jasoko dituzte.

Hezkuntza Saila ahaleginduko da aipatutako neurriak eraginak izan ditzan 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera.

II. ERANSKINA
HITZARMEN HONETAKO ZENBAIT KATEGORIARI DAGOZKION ZEREGINAK
FISIOTERAPEUTA

Fisioterapeutek ondorengo eginkizun hauek betetzen dituzte:

1.– Ebaluazio psikopedagogikoa egiterakoan TMri laguntzea; horretarako, mugitzeko eskasiatik etorritako hezkuntza-premia bereziak (HBP) dituzten ikasleek mugimendua garatzeko duten maila baloratuko da.

2.– Bere lanarekin lotutako gaietan, curriculuma nola egokitu eta curriculumera sartzeko zein egokitzapen egin jakiteko aholkua ematea.

3.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen mugimendua garatzea errazten duen programa egiten parte hartzea, curriculumaren egokitzapenen edota curriculumera sartzeko egokitzapenen esparruan.

4.– Mugitzeko eskasiatik etorritako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen funtzio-gaitasunen garapen handiena lortu nahi duen programa gauzatzen parte hartzea, curriculumaren esparruan eta lan-taldearen programa orokor baten zati gisa.

5.– Irakasle, TM, okupazio-terapeuta, logopeda, laguntzaile, errehabilitazioko mediku, eta mugitzeko urritasunetik eratorritako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretan edota hezkuntza-erantzunean parte hartzen duten profesional guztiekin koordinazioan jardutea, hasierako balorazioa egin, hezkuntza-erantzuna antolatu eta behar diren jarraipena eta ebaluazioak gauzatzeko.

6.– Mugitzeko eskasiatik eratorritako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen hezkuntza-erantzunean parte hartzen duten familiei eta gainontzeko profesionalei aholku eman eta orientatzea, bere lanarekin lotutako gaiei buruz.

7.– Urteko plangintza eta memoria prestatzea, bai eta beren lanaren xede izan diren ikasleei dagozkien txostenak ere.

8.– Beren jarduerarekin zerikusia duten prestakuntza-jardueretan parte hartzea.

9.– Irakasle taldearekin elkarlanean aritzea ikasgelako metodologia- eta antolaketa-lanetan, bai eta banakako arretan ere, artatutako ikasleen parte-hartzea eta sarbidea errazteko.

10.– Irakasleekin elkarlanean aritzea proposamen didaktikoak ikasle bakoitzaren beharrizanetara doitzeko orduan, parte-hartzea eta curriculumerako sarbidea errazteko bere eskumeneko eremuan.

Eginkizun horiek modu koordinatuan garatuko dira artatutako ikasleekin harremana duten gainerako profesionalekin.

OKUPAZIO-TERAPEUTA

Okupazio-terapeutek ondorengo eginkizun hauek betetzen dituzte:

1.– TMrekin lankidetzan aritzea hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen ebaluazio psikopedagogikoa ebaluatzerakoan, eta honako hauek baloratzea: autonomia funtzionala, curriculumera sartzeko behar dituzten laguntza teknikoak eta ikastetxean sartzeko ikasleek dituzten arkitektura-oztopoak.

2.– Bere lanarekin lotutako gaietan, curriculuma nola egokitu eta curriculumera sartzeko zein egokitzapen egin jakiteko aholkua ematea.

3.– Alderdi hauek jorratzera bideratutako programan parte hartzea: sentimen, zentzumen eta pertzeptzioak, mugimendu funtzionala erraztea, garapen psikikoa eta mugimenduarena eta eguneroko bizitzako ekintzetan autonomia ahalik eta handiena indartzea.

4.– 3. puntuan aipatutako gaitasunak ahalik eta gehien garatzera begira dagoen programa gauzatzen parte hartzea, baita hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek behar dituzten laguntza teknikoen erabilera baloratzea, entrenatzea eta jarraitzea ere.

5.– Irakasle, TM, fisioterapeuta, logopeda, hezkuntza-laguntzaile, errehabilitazioko mediku, eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretan edota hezkuntza-erantzunean parte hartzen duten profesional guztiekin koordinazioan jardutea, hasierako balorazioa egin, hezkuntza-erantzuna antolatu eta behar diren jarraipena eta ebaluazioak gauzatzeko.

6.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen hezkuntza-erantzunean parte hartzen duten familiei eta gainontzeko profesionalei aholku ematea eta orientatzea, beren lanarekin lotutako gaiei buruz.

7.– Urteko plangintza eta memoria prestatzea, bai eta beren lanaren xede izan diren ikasleei dagozkien txostenak ere.

8.– Beren jarduerarekin zerikusia duten prestakuntza-jardueretan parte hartzea.

9.– Irakasle taldearekin elkarlanean aritzea ikasgelako metodologia- eta antolaketa-lanetan, bai eta banakako arretan ere, artatutako ikasleen parte-hartzea eta sarbidea errazteko.

10.– Irakasle taldearekin elkarlanean aritzea proposamen didaktikoak ikasle bakoitzaren beharrizanetara doitzeko orduan, artatzen dituen ikasleen okupazio-jardunbidea errazteko xedez.

Eginkizun horiek modu koordinatuan garatuko dira artatutako ikasleekin harremana duten gainerako profesionalekin.

GIZARTE-LANGILEA

Gizarte-langileek ondorengo eginkizun hauek betetzen dituzte:

1.– Hezkuntza-premia bereziko ikasleen gizarte- eta familia-ikerketa eta balioespena egitea. Zuzeneko gizarte eta hezkuntzako parte-hartze proposamena egitea edo dagokion baliabidera bideratzea, eta, ondoren, kasuaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

2.– Ikasleen gizarte-kultura testuinguruari lotutako alderdiei buruzko informazioa ematea.

3.– Familien eta ikastetxeen arteko lankidetza-harremanak sustatzea; horretarako, alde bakoitzari, eskaerak testuinguruan jartzen, lankidetza-aukerak mailakatzen eta alderdi bakoitzak egokitzat hartzen duen erantzuna ematen lagunduko diote.

4.– Dauden baliabideei eta erabiltzeko bide egokiei buruzko informazioa eskaintzea, erkidego-zerbitzuen eta hezkuntza-sistemaren arteko koordinazioa errazteko.

5.– HPBko ikasleak eta/edo desabantailako gizarte-egoeran dauden haien familiak baliabide onuragarrietara hel daitezen kudeatzea. Ikasle horiek hezkuntza-sisteman sartzeko eta bertan irauteko beharrezkoak diren jarduketak garatzea.

6.– Gutxiengo etnikoetako ikasle, atzerritar eta/edo desabantailako gizarte-egoeran daudenentzat abian dauden harrera-programetan, eskolaratzeko proposamenetan eta eskolaratzea osatzeko programetan parte hartzea.

7.– Gizartean ez egokitzea eragin dezaketen egoerei aurre hartzeko lagungarriak gerta daitezkeen arrisku-adierazleak detektatzen parte hartzea. Beharrezko baliabideak garatzeko plangintzan parte hartzea.

8.– Ikastetxeetan agertzen diren arazoak konpontzeko programak egiten parte hartzea, arazo horien kausa edo zergatia ikasleen gizarte- edo familia-ingurunearen ezaugarrietan kokatzen baita (absentismoa, higienea-osasuna, portaera apurtzaileak, familia-gatazkak, desabantailan dagoen gizarte- eta kultura-ingurunekoa izatea, etab.).

9.– Familiei zuzendutako prestakuntza-programen garapenean lankide izatea.

10.– Beren lanpostuarekin zerikusia duten Prestakuntza Programetan parte hartzea.

11.– Eskatzen dizkioten txostenak eta datuak eskaintzea, baita bilera teknikoetan eta laneko bileretan parte hartzea ere, bertaratzea eskatzen bazaie.

12.– Ikastetxeari aholku ematea HPBko ikasleei harrera egitean.

Eginkizun horiek modu koordinatuan garatuko dira artatutako ikasleekin harremana duten gainerako profesionalekin.

HEZKUNTZA LAGUNTZAKO ESPEZIALISTAK

Hezkuntza Laguntzako espezialistek ondorengo eginkizun hauek betetzen dituzte:

1.– Autonomia pertsonaleko programak diseinatu eta burutzea eta, honekin lotuta, hezkuntza-premia bereziak dituen ikaslea zaintzea, txukuntzea, garbitzea eta janztea, behar baldin badu, ezarritako orientabideei jarraituz eta arretaz arduratzen diren irakasleek gainbegiratuta. (Tutorea, Aholkularia, Irakasle tutorea, etab.).

2.– Hezkuntza-premia bereziak dituen ikaslearen elikadura-ohiturekin zerikusia duten autonomia pertsonaleko programak diseinatu eta burutzea, ezarritako orientabideei jarraituz eta arretaz arduratzen diren irakasleek gainbegiratuta. (Tutorea, Aholkularia, Irakasle tutorea, etab.).

3.– Behar duen ikasleari batetik bestera joan behar duenean laguntzea bere eskolako ekintza garatu ahal izateko.

4.– Zerbitzu hori eskatzen duen ikasleari arreta ematen, begiratzen eta zaintzen biziki parte hartzea, atsedenaldietan; eta ahaleginak egitea gainontzeko ikasleekin harreman egokiak izan ditzan.

5.– Laguntza- eta aholkularitza-profesionalekin (logopeda, fisioterapeuta, IBTren irakasle ibiltaria, TMren aholkularia, etab.) lankidetzan jardutea hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek egin behar dituzten jardueretan, eta bertaratzea eskatzen den horietan.

6.– Bere eskumenaren eremuan, irakasle tutorearekin parte hartzea hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dagozkien Norbanako Curriculum Egokitzapena eta norbanakoen programak prestatzen eta egiten; halaber, dagozkion lan horiek gauzatzea.

7.– Bere eskumenekoak diren alderdietan, irakasle tutoreekin, irakasle espezialistarekin eta, hala badagokio, TMrekin koordinazioan jardutea, autonomia pertsonaleko programei dagokienez, Norbanako Curriculum Egokitzapenaren jarraipena eta artatutako ikasleen eboluzioarena errazte aldera.

8.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen jokabide- eta komunikazio-ohiturekin zerikusia duten autonomia sozialeko programak diseinatzen eta burutzen parte hartzea, ezarritako orientabideei jarraituz eta irakasle arduradunek gainbegiratuta.

9.– Bere eskumenekoak diren alderdien garapenari buruzko informazioa ematea, autonomia sozialeko programei dagokienez, Norbanako Curriculum Egokitzapenaren jarraipena eta artatutako ikasleen eboluzioarena errazte aldera.

10.– Laguntza-profesional osagarriekin (logopeda, fisioterapeuta, IBTren irakasle ibiltaria, okupazio-terapetua, etab.) lankidetzan jardutea, zertarako eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei curriculumera sartzeko behar dituzten materialak egokitzen eta erabiltzen laguntzeko eta laguntza teknikoa eskaintzeko.

11.– Bere eskumenekoak diren alderdien garapenari buruzko informazioa ematea; honela, errazagoa izango da Norbanako Curriculum Egokitzapenaren jarraipena eta programazioa eta artatutako ikasleen eboluzioaren jarraipena egitea, materialak egokitzeari eta laguntza teknikoak eskaintzeari dagokionez.

12.– Bere eskumenen eremuan dagozkion zainketak aplikatzea, ezarritako protokoloari jarraituz; dena dela, funtzio horiek ikastetxeko gainontzeko profesionalekin batera garatuko dira.

13.– Osagarrizko laguntza-zerbitzuekin parte hartu eta lankidetzan jardutea, mugitzeko trebetasunak garatzeko jardueretan.

14.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arreta, manipulazioa, motibazioa eta kontrola zentratzen parte hartzea eta lankidetzan jardutea, mugitzeko trebetasunak garatzeko jardueretan eta beren jokabideetan.

15.– Bere eskumenekoak diren alderdien garapenari buruzko informazioa ematea, mugitzeko trebetasunei dagokienez, Norbanako Curriculum Egokitzapenaren ondoriozko banakako programazioaren jarraipena eta artatutako ikasleen eboluzioarena errazte aldera.

16.– Artatutako ikasleen programekin lotura duten bilera teknikoetan parte hartzea.

17.– Beren eskumeneko txosten teknikoak egitea.

Eginkizun horiek modu koordinatuan garatuko dira artatutako ikasleekin harremana duten gainerako profesionalekin.

TRANSKRIPTOREA ETA MATERIAL-EGOKITZAILEA

Transkriptoreek eta material-egokitzaileek ondorengo eginkizun hauek betetzen dituzte:

1.– Ekoizpen bibliografikoaren prozesuan lan osagarriak egitea.

2.– Erreprodukzioa, grabazioa eta kopiak egitea euskarri-mota desberdinetan.

3.– Braille mintzaira transkribatu eta zuzentzea.

4.– Erliebezko diseinuak egiten eta maketak ekoizten parte hartzea.

5.– Bereziki eskatu badiote eta jarraibideen arabera, testuen eta grabaketen kalitatea kontrolatzea eta gainbegiratzea.

6.– Bere ardurapean dagoen tresneriaren mantentze-lanetan aritzea.

7.– IBT-ko hainbat kiderekin koordinatzea baliabide eta laguntza teknikoak egiteko prozesua errazteko.

Zeinu-hizkuntzako interpretea.

Zeinu-hizkuntzako interpreteek eta gidari-interpreteek ondorengo eginkizun hauek beteko dituzte gorreria edo gor-itsutasuna duten ikasleekin:

1.– Ikastetxean esku hartzen duten irakasleekin eta gainerako profesionalekin, ikasle horien hezkuntza-erantzunean lankidetzan aritzea.

2.– Irakasleekin koordinatzea ikasgaiak aurreratzean eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueretan (hiztegi teknikoa, kontzeptu akademikoak, helburuak, jarduerak...).

3.( Ikasleak curriculumera heltzea erraztea –ahozko hizkuntzatik zeinu-hizkuntzara interpretatuz, eta alderantziz– hezkuntza-erkidegoko agente guztiekiko komunikazioa bermatuz.

4.– Ikastetxean, ikasgelan eta ikasleekin hartutako erabakiak biltzen dituen jarduketa-plan pertsonalizatuaren eta urteko txostenaren prestaketan lankide izatea, eta bere eskumen profesionaleko beste dokumentu eta txosten teknikoak egitea.

5.– HPBko Aholkulariarekin eta Koordinatzailearekin koordinatzea ikaslearen eskolatze egokia lortzeko.

6.– Irakasle taldearen sentsibilizazioan eta gaikuntzan laguntzea, ikasle horiei eman beharreko hezkuntza-erantzunean.

7.– Gidaritza- eta interpretazio-lanak egitea ikasle gor-itsuekin.

8.– Lanpostuak lotuta daraman eta erregelamenduaren arabera egozten zaion beste zeinahi eginkizun.

III. ERANSKINA
HEZKUNTZA BEREZIKO LAN-KONTRATUDUN HEZITZAILEAK ORDEZKATZEKO ARAUDIA

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek, zeinek bere lurralde-esparruan, ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendak kudeatuko dituzte, ikastetxe publikoetan ikasturtean zehar sortzen diren Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun hezitzaileen aldi baterako premiak estaliz joateko helburuarekin.

Araudi honen plangintza orokorrak irizpide hauek ditu:

a) Hezkuntza-sistema publikoaren eskaerei kalitatez eta eraginkortasunez erantzungo dien ordezkapen-zerbitzua eskaintzea.

b) Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenda bakarra taxutuko da –kategorien arabera–, eta langileei buruzko apartatuan aipatutako kolektiboek osatuko dute.

c) Ordezkapenetarako hautagaiei lehentasun-ordena ematea.

Araudi honen bidez, batetik, zerrendaren kudeaketan zer elementuk parte hartzen duten (esparru pertsonala, sartzeko baldintza orokorrak, baremazio-irizpideak, prestatzeko prozedurak eta baldintza orokorrak, funtzionamendua...) zehaztu nahi da, eta, bestetik, zerrenda horiek modu eraginkor, bateratu eta eragingarriago batean kudeatzeko erraztasunak eman.

LANGILEAK

Araudi hau Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun langileei aplikatuko zaie. Hezkuntza Laguntzako espezialisten, fisioterapeuten, okupazio-terapeuten, gizarte-langileen, transkriptore eta material-egokitzaileen eta zeinu-hizkuntzako interpreteen zerrendak egingo dira.

ZERRENDAN SARTZEKO ESKAKIZUN OROKORRAK

1.– Ikasketa-tituluak:

Zerrendetan egoteko ezinbesteko eskakizuna da dagokion tituluaren jabe izatea:

Fisioterapeuta: Gradua Fisioterapian edota Diploma Fisioterapian.

Okupazio-terapeuta: Gradua Okupazio-terapian edo Diploma Okupazio-terapian.

Gizarte-langilea: Gradua Gizarte-lanean edo Diploma Gizarte-lanean edo Gizarte-laguntzan.

Hezkuntza Laguntzako espezialista: Gizarteratzeko edo Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikaria.

Transkriptorea/material-egokitzailea: Administrazio Kudeaketako teknikaria edo Administrazio eta finantzetako goi-mailako teknikaria edo baliokidea.

Zeinu-hizkuntzako interpretea: Zeinu-hizkuntzako Interpretazioko goi-mailako teknikaria edo Komunikazio-Bitartekaritzako goi-mailako teknikaria.

2.– Euskarako titulua:

a) Kategoria bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna izatea.

b) Hizkuntza-eskakizunarekin berdinetsitako hizkuntza-ziurtagiriren bat izatea. Euskarako titulua fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da.

Aurrez aipatu izan diren bi eskakizunak (ikasketa-titulua eta euskarako titulua) ezinbestean bete beharrekoak dituzte zerrendak irekitzeko orduan ordezkapenen zerrendetara sartu nahi duten hautagaiek.

Egun zerrendetan dauden langileek profilik ez badute derrigorrezkotasun atzeratuko lanpostuetan egin ahalko dituzte ordezkapenak.

3.( Beste eskakizun batzuk:

3.1.– Adingabeak Babesteko Lege Organikoaren 13.5 artikuluak adierazitako betekizunarekin lotutako ziurtagiri negatiboa izatea, adingabeekin harremana izatea dakarten lanbideak, lanak eta jarduerak egiteko eta horietarako hautagai izateko, edo Administrazioari baimena ematea Sexu Delitugileen Erregistro Zentrala kontsulta dezan.

3.2.– Aurreko horretaz gainera, fisioterapeutak elkargoan sartuta egon beharko du.

BAREMATZEKO IRIZPIDEAK

Laneko esperientzia.

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendean dauden Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun kolektiboen barruan, Hezkuntza Sailaren zentro publikoetan zerbitzuak eman izana: puntu 1 zerbitzuan egindako hilabeteko, puntuazio mugarik gabe.

– Zerbitzuak beste zentro publiko edo pribatu baimendu batzuetan: 0,5 puntu zerbitzuan egindako hilabeteko, puntuazio mugarik gabe. Apartatu honetan Hezkuntza Bereziaren eremuan emandako zerbitzuak soilik hartuko dira aintzat.

Zerrendetan sartuta dauden hautagaiek ez dute eskatu behar Euskal Autonomia Erkidego honetako ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuak eguneratzeko, Administrazioak egingo baitu ofizioz.

Lanaldi partzialean emandako zerbitzuak lanaldi osoan emandakoen puntuazio berberarekin barematuko dira.

Ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuak ez dira barematuko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean emandako zerbitzu bezala, esandako zerbitzuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila ez den beste erakunde batzuekin egindako kontratupean eman direnean.

Zerbitzu konputagarriak, kasu bakoitzean, zerrenda bakoitzean dagokion kategoriarekin ematen direnak izango dira.

Zerrendak egiteko prozedura eta baldintzak.

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendak taxutuko dira eta langileei buruzko apartatuan aipatutako kolektiboek osatuko dituzte. Urtero, zerbitzuak berriro barematuko dira.

Orotara egindako zerbitzu-egunak zenbatzean berdinketa gertatzen bada, Sailarentzat lanean noiz hasi ziren begiratuko da, eta lehenago hasi zenak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, eta berdinketa hausteko azken irizpide modura, abizenen eta izenaren ordena alfabetikoa erabiliko da; horretarako, zozketa bat egingo da, urtero, zer letratatik hasiko den zehazteko.

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendan, datu hauek agertuko dira:

Izen-abizenak.

Egunak/Zerbitzuak.

Profila.

Lurraldea/k.

Hezitzaileentzat Lan Eskaintza Publikoa aurreikusten den ikasturtean, deitutako espezialitate eta kategoria guztietako zerrendak irekiko dira.

Langileak behar direlako ohiz kanpoko zerrenda-irekitzeak gertatzen direnean, zerrenda horiek irekita geratuko dira. Helburu horrekin, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak deialdia egingo du dagokion zerrenda irekitzeko.

www.hezkuntza.eus web-orrian eta irakaslegunea ingurunean argitaratuko dira deialdiak. Prentsan ere argitaratuko da iragarki bat, eta sektoreko langileen sindikatuetako ordezkariei ere jakinaraziko zaie.

Pertsona eskatzaileak eskari bakar bat egingo du, deialdiak ezartzen duen eran eta moduan. Paperean edo formatu elektronikoan aurkezteko aukera eman ahal izango du deialdiak, edo formatu elektronikoan soilik aurkez daitekeela adierazi; azken egoera horretan, horretarako bitartekoak jarri beharko dira pertsona interesdunen eskura.

Era berean, eskatzen diren betekizunak justifikatzen dituen dokumentazio guztia aurkeztuko dute, baita merezimenduena ere, eta integratuko diren hurrengo urteroko birbarematze-prozeduran barematuko dira.

Zerrenda osatzen duten hautagaiak hurrenkera alfabetikoaren arabera jarriko dira, abizenen eta izenaren arabera. Urtero zozketa bat egiten da zer letratatik hasiko den zehazteko, eta Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren Ebazpen bidez jakinarazten da hori. Esandako hurrenkera alfabetiko hori bera erabiliko da dagokion ikasturtean hautagaiak kudeatzeko prozesuan, bai eta ikasturtean zehar dei daitekeen beste edozein hautapen-prozesutan ere. Berdinketarik sortzen bada, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia hartuko da kontuan, zenbaki txikienetik handienera, horiek ebazteko.

Baldin eta, zerrendak irekitzeko deialdia amaitu eta gero, uste izatekoa bada lanpostuak estaltzeko dauden beharrizanak ezingo direla estali amaitu berri den prozeduraren emaitzen bidez, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak xeda dezake zerrendak irekita uztea, mugarik gabe edo beharrezkotzat jotzen den denbora-tartean, hauteman diren beharrizanen arabera. Kasu horretan, sarrera-hurrenkeraren arabera onartuko dira eskabideak eta aurkezpen-data eta -orduaren arabera ordenatuko dira, ikasturtean ordezkapen-beharrak sortzen direnean haietara jotzeko.

Bi kasuetan aurkeztutako eskabideak, baldin eta zerrendara sartzeko baldintzak betetzen badituzte, urtero egiten diren birbarematze-prozesuetan barematuko dira, aurkeztutako merezimenduekin bat etorririk, eta emaitza gisa geratzen diren zerrendetan integratuko dira, dagokien tokian, lortutako puntuazioaren arabera. Sarrera-hurrenkeraren araberako zerrenda irekien kasuan, urteroko birbarematze-prozesua hasten denean, prozesuari hasiera ematen dion Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenak zehaztuko bertara gehituko diren eskabideen muga-data. Egun hori baino geroago aurkeztutakoak hurrengo ikasturteko birbarematze-prozesuan sartuko dira.

Prozesu horretan bertan, zerrendetan aldaketak sartzeko aukera eskainiko zaie hautagaiei, eta hautatu ahal izango dute lanaldi partzialeko eta/edo osoko zerbitzuak egitea, lurralde batean edo gehiagotan.

Urtero, zerbitzuak berriro barematzen direnean, ordezkapenetarako hautagaiei zerrendetan aldaketak sartzeko aukera emango zaie; horretarako, dagozkion agiriekin batera eskabidea aurkeztu beharko dute Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan. Honela, lurralde batean baino gehiagotan eskaini ahal izango dituzte zerbitzuak lanaldi partzialean eta/edo osoan.

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenden funtzionamendua.

1.– Funtzionamendu orokorra.

Ordezkapen bat estali behar denean, dagokion zerrendara joko da, eta eskura dagoen zerrendako lehenengo pertsonari eskainiko zaio ordezkapena.

Ordezkapena egiteko deia jasotzen duenak eskaintzari uko egiten badio arrazoirik gabe, zerrenda horretatik kanpo geldituko da. Ordezkapena ez onartzeak ez du ekarriko zerrendatik kanporatzea, baldin eta justifikazioa badago eta behar bezala dokumentatzen bada. Kausa justifikatu gisa hartuko dira aplikatzekoa den Hitzarmen Kolektiboan aurreikusten direnen artean lizentzia eta baimen eskubidea ematen duten guztiak.

Gainera, zerrendatik erori gabe uko egiteko motiboen artean onartuko dira hurrengo hauek:

a) Askatasuna kentzea, kondena-epaia ematen ez den arte.

b) Hezkuntza Sailak edo HAEEk antolatutako ikastaroetan parte hartzea.

c) Zeinahi motatako ikasketak eta/edo praktikak egiten egotea. Ikasten arituz gero, ikasturte osoan aplikatu ahalko da ordezkapenari uko egitea eta matrikula aurkeztearen bitartez egiaztatu beharko da. Praktikak egiten ari bada, berriz, praktikek dirauten bitartean onartuko da ordezkapenari uko egitea eta aurkezten den justifikazio-ziurtagirian zehaztu beharko da praktiken iraupena.

d) Hezkuntza-sistemarekin zuzeneko harremana duten bekak edo laguntzak jasotzea.

e) Era berean, aldi baterako kontratu batekin zerbitzuak ematen ibiltzea ere uko egiteko nahikoa arrazoi izango da, nornahi dela ere kontratua egin diona. Horretarako, prestazioa benetan eman dela egiaztatu beharko da, bai eta zein motatakoa izan den ere, gizarte-segurantzan alta eman izanaren (nahitaez) ziurtagiriaren bidez edota lan-kontratua bera aurkeztearen bitartez.

f) Badago eskainitako ordezkapenari uko egitea seme-alabaren bat hiru urte bete arte zaindu beharra izanez gero. Horrela bada, etenaldi iragankorreko kasu hauetakoren batean daudenek deitua izateko eskubideari eutsiko diote, halako egoeran ez baleude bezalaxe, eta eskaini zaien estaldura-denbora egindako zerbitzuen denbora bezala zenbatuko zaie, zerrenda birbarematzeko eragin soiletarako. Ondorio berorietarako, postua hautatu ahal izango dute ikasturtearen hasieran lanpostuak esleitzen direnean.

g) Orokorrean, lanaldi murriztuko ordezkapenei uko egitea ere bidezko arrazoitzat joko da.

Ondorio horietarako, urtero zerbitzuak berriz barematzean, hautagaiek lanaldi murriztuko zerbitzuak hartzeko prest daudela idatziz adieraz dezakete. Hori dela eta, dagokion Lurralde Ordezkaritzak prest daudela adierazten dutenei soilik eskainiko dizkie ordezkapen horiek. Pertsona horiek, aurrerantzean (ikasturte horretan behintzat), eskaintzen zaizkien lanaldi murriztuko ordezkapenak onartu beharko dituzte nahitaez –baztertzeko bestelako arrazoiak salbu–.

Uko egiteko aurreko arrazoi horietakoren bat aurkezten duen pertsonak, orokorrean, 5 eguneko epea izango du –hura iragarri den egunetik zenbatuta– dagozkion egiaztagiriak aurkezteko eta, beraz, arrazoia hor dagoela egiaztatzeko. Halaber, uko egitera bultzatu zuen arrazoia amaitzen denean, halaxe frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko da ordezkaritzan.

Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaio amaitu dela ukoa motibatzen zuen egitatea. Ezarritako gehieneko epearen barruan zerrendan berriro sartzeko eskaerarik egin ez duena zerrendatik kanpo geldituko da.

Alabaina, salbuespena ezarri da ondoren aipatzen diren kasu hauetarako: lanbide-gaixotasun edo laneko istripu baten ondoriozko aldi baterako ezintasun egoera, amatasuna, aitatasuna, arriskua haurdunaldian eta arriskuko haurdunaldia, edota aldi baterako bajarekin egotea haur baten adopzioagatik edo etxean hartzeagatik. Horiei ordezkapenak egiteko deitzen jarraituko zaie, uko egin izan ez balute bezala, eta eskaini zaien ordezkapen-denbora egindako zerbitzuen denbora bezala zenbatuko zaie, ordezkapenerako hautagaien zerrendak barematzeko eragin soiletarako.

Baremorako kontuan hartutako zerbitzaldi horrek ez du eraginik izango «antzinatasuna» izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.

Ikasturte-hasierako esleipenean ere lanpostua hauta dezakete, eta ordezkapen-aldia zerbitzu-alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeko soilik.

h) Kargu publiko baterako izendatuak edo hautatuak izan direlako, lanera joatea eragozten duen nahitaezko eszedentzia hartu beharrean gertatzen diren hautagaiei dagokienez, deitzen jarraituko zaie, egoera horretan ez baleude bezalaxe, eta eskaintzen zaien estaldura-denbora egindako zerbitzu-denbora gisa zenbatuko zaie, zerrenda birbarematzearen ondorioetarako.

Baremorako kontuan hartutako zerbitzaldi horrek ez du eraginik izango «antzinatasuna» izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.

Ikasturte-hasierako esleipenean ere lanpostua hauta dezakete, eta ordezkapen-aldia zerbitzu-alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeko soilik.

i) Borondatez onartzekoak izango dira honako eskaintza hauek: Terapia Zentroetako premien aldi baterako estaldura (espezifikotasun funtzionala aintzat harturik), errelebo-kontratu bidezko estaldurak (lanaldi osora iristen ez diren denbora-luzerakoak), eta, ohiko bizilekutik 50 km baino urrutiago dauden lanaldi partzialekoak.

Ordezkapenari uko egiteko goian adierazitakoen artean ez dagoen arrazoiren bat emanez gero, horrek zerrendatik kanpo erabat eta behin betiko gelditzea ekarriko du.

Era berean, hautagaia zerrendatik kanpo geldituko da erabat eta betiko, berak eskatutako ezaugarriak dituen –modalitatea, lurraldea, etab.– ordezkapen bat eskaintzeko deitzen badiote eta agertzen ez bada edo uko egiteko justifikaziorik ematen ez badu.

Eskaintza bati arrazoirik gabe uko egiten zaionean, Lurralde Ordezkaritzak ordezkapenaren eskaintzaren, hari egindako ukoaren eta zerrendatik kanpo uztearen berrespena bidaliko dizkio interesdunari. Halaber, jakinaraziko zaio 10 eguneko epean zerrendatik kanpo uztearen aurka erreklamazioa aurkeztu ahal izango duela.

Lanpostu huts bat estali behar denean bitartekotasun-kontratu baten bidez, harik eta lanpostua erregelamenduz estali arte, zerrendako hurrenkera zorrotz errespetatuz egingo da kontratua, eta, horretarako, lehen tokian dagoenari deituko zaio. Baldin eta bitartekotasun-kontratu bat indarrean balu, ordezkapen bat egiteko, lan edo zerbitzu jakin baterako edo zeregin-metaketakoa, horri uko egin eta lanpostua estaltzeko eskaintzen zaion bitartekotasun-kontratua har lezake. Indarrean dagoen kontratu bati uko egiteak, kasu honetan, ez du ekarriko zerrendetatik kanpo geratzea.

Ikasturte-hasierako lanpostuen esleipenean hautatutako lanpostua ikasturte osorako baldin bada, eranskin honen 1. zenbakiko f) apartatuan, g) apartatuaren laugarren paragrafoan eta h) apartatuan jasotako egoeretan dauden hautagaiak esleitutako lanpostuan has daitezke egoera hori eragin duen gertaera amaitutakoan.

2.– Funtzionamendu orokorraren salbuespenak.

Hautagai batek ordezkapen bat burutu badu eta 5 eskola-egun igaro aurretik irakasle bera ordezkatzeko beharra sortzen bada, nahiz eta beste hautagai batzuek puntu gehiago izan, ordura arte lan hori egiten jardun duen hautagaiak izango du lehentasuna ordezkapen hori egiteko.

Pertsona batek ordezkapen bat egiten badu lanaldi osokoa eta plaza horren titularra lanaldi murriztuarekin itzultzen bada, ordezkoak jarraitu ahalko du plaza horretan lanaldi murriztuarekin. «Kontrako zentzuan», norbait lanaldi murriztuko ordezkapen bat estaltzen ari dela, edozein arrazoi dela medio, lanaldi osokoa izatera igaro beharra sortzen bada, lanaldi murriztuan ordezkapena egiten zuen berberari eskainiko zaio lanpostua estaltzea, nahiz eta ez izan puntuaziorik onena.

Zerrendatik kanpo uzteko arrazoi izango da langileak hutsegite oso larriak egin izana; dagokion zehapen-espedientea egingo da horretarako, eta bertan entzun egingo zaio langileari eta honek egoki iruditzen zaizkion frogak proposatu ahal izango ditu deskargua egiteko,

3.( Lanaldi partzialeko ordezkapenak egiteko bitartekotasun-kontratuei uko egitea.

Pertsona batek lanaldi partzialeko ordezkapena egiteko bitartekotasun-kontratua badu, modu jarraituan, bi urteko aldian, uko egin ahalko dio kontratuari, bere borondatez, dagokion ikasturteko lanpostuen esleipenean parte hartzeko eta, kasua hala bada, lanaldi osoko kontratua lortu ahal izateko. Beharrezkoa izango da lanaldi osoan aritzeko prest dagoela agertzea ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendetan.

Uko egiteak idatziz aurkeztu beharko dira, Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenak ezarritako epearen barruan.

4.( Indarrean dagoen kontratu bati uko egiten dionak unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-sektore publikoan beharrizan bati erantzuteko, izendatua izan aurretik, etenaldi bat eskatu beharko du Hezkuntza Bereziko aldi baterako premietarako deialdietan. Etenaldi iragankor hori eskola-ikasturtea amaitu arte luzatuko da.

Etenaldi horretara heldu ahal izateko beharrezkoa izango da, gutxienez, hiru urteko lan-zerbitzuak egiaztatzea, Saileko zentro publikoetan HPBko ikasleekin lanean.

5.– Gutxienez hiru urteko zerbitzu-denbora egiaztatuta dutenek hurrengo ikasturte osoari uko egiteko aukera izango dute, eta kasu horretan ez dute inolako eskaintza/deialdirik jasoko ikasturte horretan zehar; horretarako, ixa (x) batekin markatu beharko dute baremazio-orriaren apartatu espezifikoan agertzen den laukitxoa. Bi urte gehiagoz egon ahal izango da egoera horretan, eta jada egiaztatuta zeukan zerbitzu-denbora berreskuratuko du baldin eta hurrengo bi birbarematzeetan zerrendetan alta ematea eskatzen badu.


Azterketa dokumentala