Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2020ko irailaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
3678

EBAZPENA, 2020ko irailaren 11koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzako Ikerketa Kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluan xedatutakoan oinarriturik, eta Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz; Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuak ikusirik; Ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten da Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako eta Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako funtzionarioentzat.

Hautaketa-prozedura honetarako deialdia honako oinarri hauek kontuan hartuz egiten da:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako eta Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzako Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan oposizio-lehiaketa sistema bitartez sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten da.

Deitutako ikastaroa espezializazio-ikastaroa da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 54. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Guztira 80 plazatarako deia egiten da Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzat.

Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da, hautaketa-prozesu honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpenaren bidez argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta hamaikagarren oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena.– Betekizunak.

1.– Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretik eskabidea betetzea.

b) Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalan karrerako funtzionario izendatuta egotea.

c) Jarduneko administrazio-egoeran izatea.

d) Ikerketa Kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozeduretako hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu ez izana.

Orokorrean eta ondorio guztietarako, Ikerketa Kriminaleko prestakuntza-sistema berria 2012an hasi zenez, honako hautaketa-prozedura hauetako deialdietan parte hartu izana baino ez da konputatuko:

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2012ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2012ko uztailaren 10eko EHAA, 134. zk.).

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2014ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2014ko apirilaren 24ko EHAA, 77. zk.).

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2018ko maiatzaren 24ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2018ko maiatzaren 5eko EHAA, 107. zk.).

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2019ko urriaren 17ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2019ko urriaren 28ko EHAA, 205. zk.).

Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbakarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez, ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

e) Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten mende ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo organo eskudunak errenuntzia onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez bada, uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5.3 artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.

f) Ikerketa Kriminaleko espezialitatea ez izatea.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik.

3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskaeran, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea, betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Egiaztatze horiek deitzen duen organoak burutuko ditu ofizioz, horretarako, Segurtasun Sailari dagokion organo eskudunaren beharrezko ziurtagiriak eskatuko zaizkio.

4.– Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozeduraren edo prestakuntza-ikastaroaren edo praktikaldiaren uneren batean, onartuta eta baztertuen zerrenda egiten duen organo eskudunak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik baztertu egingo luke, betiere interesdunari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskaerak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute departamentuko intraneten bitartez –Gurenet–, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.

2.– Eskaerak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrerako 30 egun baliodunekoa izango da.

3.– Eskabidean, zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gazteleraz edo euskaraz.

4.– Administrazio eragileak jasota dauzkan merezimenduak ez dira egiaztatu behar izango, berak ofizioz egiaztatuko baititu.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du. Aipatutako zerrenda hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da.

2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaeretako akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek.

3.– Hautaketa-prozedurarako aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Zerrenda hori hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da.

Bosgarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, oposizio-probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko epaimahai kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute. Epaimahaia osatzen duten kideek inpartzialtasun, profesionaltasun eta espezialitate printzipioei atxikita izango dira, baita ere emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuari.

Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpenaren bitartez.

2.– Epaimahai kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

3.– Aipatutako epaimahai kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

4.– Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa-proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun printzipioei lotuta izango da.

5.– Epaimahai kalifikatzaileak autonomia osoz jokatuko du eta prozeduraren objetibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Hautaketa-prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

6.– Epaimahaiak ezin izango du deklaratu honako hau: onartutako izangaien kopuruak deialdiaren gai izango diren lanpostuen zenbatekoa gainditzen duela, alegia. Muga horretaz kanpo dauden proposamenak erabat legez kanpo egongo dira.

7.– Epaimahai kalifikatzailearen akordioak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.

8.– Epaimahaiari zuzendutako idazkiak honako posta-elektroniko honetara zuzenduko dira: 2020cic@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak jasotzen dituen idazkiei bide hori erabiliz erantzungo die eta Ertzaintzako funtzionarioen posta-elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzenduko ditu erantzunok.

Seigarrena.– Hautaketa-sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.

2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontutan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.

3.– Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bere bi aldien gehiketatik lortutakoa izango da. Puntuazio hori gehitu egingo da euskararen ezagupenaren merezimendutik ondorioztatutako puntuazioagatik eta hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:

1.– Ezagupenak baloratzeko proba.

Ariketa bat izango da, test erakoa, ebazpen honetako eranskinean agertzen diren gai zerrendari buruzkoak, epaimahai kalifikatzaileak zehaztutakoak.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

Proba hau derrigorrezkoa eta baztertzekoa izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa-prozesutik.

2.– Proba psikoteknikoa.

Polizia eginkizunetan ikerketa funtzioak betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko izango da. Proba hori test erakoa izango da. Ebaluatutako gaitasunak deitutako lanpostuaren profil profesionalari buruzkoak izango dira, honako hauek izanik: ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, atentzio-pertzepzio gaitasunak eta espazio-gaitasunak.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

Proba hori, edonola ere, hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko egingo da, baita ere, merezimendu eta gaitasun printzipioei modu egokian egokitzen den jakiteko.

Proba hau, derrigorrezkoa izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa-prozesutik.

Zortzigarrena.– Oposizio proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpenaren bitartez hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen bitartez, era berean.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, epaimahai kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzak deialdiaren oinarrietan ezarritako ordenan argitaratuko dira. Bakar-bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak, zazpigarren oinarrian ezarritako ordenari jarraituz. Probak egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarria izan dadin, epaimahai kalifikatzaileak erabaki dezake izangaiek probak hainbat txanda eta tokitan egitea.

4.– Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak edo ariketak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba edo ariketa hasi ondoren azaltzen direnei.

Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietako batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.

5.– Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan eska diezaioke agiri hori erakusteko.

6.– Proben emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen akordioaren bitartez. Eskala desberdinetako plazetan parte hartzen duten izangaien emaitzak bereiziko dira.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa fasearen kalifikazioa oposizioa gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.

2.– Bakarrik ebaluatu ahal izango dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak.

3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

4.– Administrazio eragileak jasota dauzkan merezimenduak ez dira egiaztatu behar izango, berak ofizioz egiaztatuko baititu.

Horretan oinarriturik, epaimahai kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatuko dio oposizio fasea behin-behinekotasunez gainditu duten pertsonen merezimenduen balorazioa egiteko bost egun naturaleko epe barruan, oinarri honetako 5. atalean ezarritako parametroekin bat etorriz; izan ere, baloratzeko merezimenduak zuzendaritza horretako datu-baseetan baitaude.

5.– Lehiaketa fasean merezimenduak guztira 40 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

5.1.– Lanbide-historiala gehienez 5 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako aintzat hartuko da polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.

Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 5 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da; hau da, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako aintzatespenak:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorriko domina: 5 puntu.

b) Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdeko domina: 4 puntu.

c) Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuriko domina: 3 puntu.

d) Polizia-zerbitzuagatiko bereizgarri gorriko diploma: 1 puntu.

e) Polizia-zerbitzuagatiko bereizgarri zuriko diploma: 0,5 puntu.

5.2.– Ikasketak, gaikuntza eta trebatze profesionalerako aktibitateak baloratuko dira gehienez 35 puntu lortuz. Atal honetan daude titulazio eta diploma ofizialak eta ingelesa, frantsesa eta aleman hizkuntzen gaikuntzak.

5.2.1.– Honela baloratuko dira titulu eta diploma ofizialak:

Titulazio eta diploma ofizialak baloratuko dira, eta horrelakotzat joko dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak onartutakoak. Gehienez 30 puntu balioko dute honako baremo honen arabera:

a) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 2. mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 6. maila) 10 punturekin baloratuko da.

b) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 3. mailan edo goi-mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 7. maila edo goi-maila); 15 punturekin baloratuko da.

5.2.2.– Hizkuntzen ezagutza: ingelesa, frantsesa eta alemana. Aipatutako hizkuntzen ezagutzak agiri bidez egiaztatzen badira baloratuko dira. Eta balio hori izango dute akademia moduan legez gaitutako hezkuntza-zentroek luzatutako ziurtagiri ofizialak badira. Atal hau 5 punturekin baloratuko da honako xehetasun eta maila hauen arabera:

a) Tarteko maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko B2 edo baliokideak): 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko C1 edo goragokoak edo baliokideak): 4 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza bera ez da behin baino gehiago baloratuko, beraz mailarik altuena da kontuan hartuko dena.

6.– Lehiaketa faseko emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen akordioaren bitartez.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da eta 14 puntu emango zaizkio eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala baliokidetu zaienei, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.).

Hautaketa-prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.

Euskararen ezagutzaren balorazioari dagozkion emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen akordioaren bitartez.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.

2.– Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak irizpide hauen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenan:

a) Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

b) Puntuazio hobea oposizio faseko ezagupenen proban.

c) Antzinatasun handiena Ertzaintzan.

3.– Hautaketa-prozedura osatzen duten proba hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran onartuko eta argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen bitartez eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariari bidaliko dizkio:

a) Hautaketa-sistema gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta. Eskala desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

b) Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa-sistema gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Eskala desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

c) Hautatuta ez dauden pertsonen zerrenda, hautaketa-sistema gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Eskala desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

4.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez bete ahal izango dira hautatutako pertsonen zerrendan edozein inguruabarrengatik sortu ahal diren lanpostu hutsak, eraginkortasunaren printzipioa aplikatuz. Lanpostu huts horiek gertatzen diren kategorian ondorengo izangaiek beteko dituzte, aurreko ataleko c) puntuan ezarritako sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plazak bete arte. Ebazpen horiek hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira.

Hamabigarrena.– Ikerketa Kriminaleko ikastaroak.

1.– Hamaikagarren oinarriaren arabera hautatutakoei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo zaie deia Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa egiteko. Ikastaroa txanda baten edo hainbat txandatan egin ahal izango da.

2.– Ikastaro desberdinetan atxikitua izateari begira, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordena hartuko da kontuan.

3.– Hautatutako pertsonei ikastarora etortzeko jakinarazpena, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak berak egingo die.

4.– Prestakuntza-ikastaroak horien ikasketa-plangintzan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.

5.– Prestakuntza-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo horretarako zuzendari nagusiak izendatutako zentro edo egoitzetan izango dira.

6.– Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezarriz aldagarria izango da prestakuntza-ikastaroetan sartzeko eskubidea; ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak izango dira kontuan. Inguruabar horiek aintzat hartzeko eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako zuzendari nagusiari igorri beharko dizkiote halako alegazioak eta horretarako hamar eguneko epea izango dute 11.3 oinarrian aurreikusitako argitaratzetik kontatzen hasita.

Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezartzetik sortutako inguruabarren ezarpenean -ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak- ikastaro batera atxikitako prestakuntza-ikastaroa egingo duen izangaiari dagokionez, 11.3.a) oinarrian ezarritakoaren lehentasun-hurrenkeraren arabera, ez da bere azken kalifikaziorik argitaratuko eta aurreko postuko izangaiaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte bertan behera geratuko da.

7.– Prestakuntza-ikastaroa egin bitartean, eskoletara joatetik salbu geratzeko edozein lizentzia edo baimena emateko organo eskuduna Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da.

Prestakuntza-ikastaroan zehar emango diren eskoletarako asistentzia ezinbestekoa izango da, eta edozein baimen zerbitzu-betebehartzat joko da.

8.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzeko azken kalifikazioa hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

9.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenen baztertzea.

10.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusten bada ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango duela gainditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere, interesdunari entzun ondoren.

Hamahirugarrena.– Azken xedapenak.

1.– Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne-erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen mende izango da. Araudi hori gehigarria izango da, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.

Euskal Herriko Poliziaren hautapen- eta prestakuntza-araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuta, dena dela, hautaketa-prozesutik baztertzeko arrazoia izango da aurreko puntuan adierazitako bi arauetako batean larritzat edo oso larritzat jotzen bada.

2.– Euskal Herriko Poliziari buruzko hautapen- eta prestakuntza-araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, deialdia agortutzat joko da eta kontagarria izango da funtzionarioa horretan parte hartzera onartuta dagoenean, hautaketa-prozesuan ez agertzea edo prozesua ez amaitzea borondatez kontrakoa ez bada eta behar bezala justifikatutakoa bada. Halakoetan prozesurako deia egiten duen organoak hartuko du erabakia era askean.

Azken kasu horretan, eragindako pertsonak, 11.3 a) oinarrian aurreikusitakoa baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari eskatuko dio deialdia konputagarria ez izatea, zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bitartez.

3.– Bereziki ezer kontra adierazi ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean aterako dira, korporazioko intraneten bitartez –Gurenet– kontsultak egiteko aukera kaltetu gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratzen deneko datak epe-konputuak zehaztuko ditu.

4.– Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa da, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua aplikatuta, ez da kalte-ordainen eskubiderik jasoko deialdian parte hartzeagatik, azterketak egiteagatik, ebaluazio-probak egiteagatik edo proba praktikoak egiteagatik eta, deialdiaren garapena eta hautaketa-prozedura direla-eta, parte hartzea beharrezkoak diren ekintza guztiak egiteagatik.

5.– Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak, Ikerketa kriminaleko espezialitatea eskatzen den lanpostuetara atxikituak izango dira behin-behinekotasunez Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

Aldi berean, Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa gainditu duten pertsonek lanpostu horiek betetzeko jasotako prestakuntza eta ezagutzak eskatzen diren lanpostu huts guztietarako eskaera egin beharko dute lehenengo egiten den deialdian. Horrela egin ezean, deitutako edozein lanpostutara atxikitua izan daiteke ezinbestean. Azken kasu honetan ez da izango inolako diru-konpentsaziorik.

6.– Ebazpen honen kontra, administrazio bideari amaiera ematen diona, interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, edo zuzenean aurka egin administrazioarekiko auzietarako ordena jurisdikzionalari, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean. Azkeneko hau aukeratuz gero, administrazioarekiko auzietarako epaitegien lurralde-eskumenen arauak errespetatu beharko dira, zeinak Administrazioarekiko Auzigaietako Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan adierazita baitaude.

Deialdi honetatik, epaimahai kalifikatzaileen jardueratik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko arauetan ezarritako era eta kasuetan.

Arkauti, 2020ko irailaren 11.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
ZIGOR ZUZENBIDEA

1.– Atal orokorra: Delituak. Erantzukizun kriminaletik salbuesten duten kausak. Erantzukizun kriminala arintzen duten inguruabarrak. Erantzukizun kriminala larritzen duten inguruabarrak. Ahaidetasun-inguruabar mistoa. Delituengatik erantzukizun kriminala duten pertsonak.

2.– Atal berezia: Askatasunaren aurkako delituak. Ohorearen aurkako delituak. Torturak eta osotasun moralaren aurkako beste delitu batzuk. Gizakien salerosketa. Bizitza pribatuaren aurkako delituak, norberaren irudirako eskubidearen aurkako delituak eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituak.

PROZESAL PENALA

3.– Prozedura Kriminalaren Legea: Epaileen eta epaitegien lurralde-eskumena.

4.– Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoa: Organo jurisdikzionalen eskumenak. Probintzia auzitegiak. Instrukzioko epaitegiak. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak. Zigor-arloko epaitegiak.

EUSKAL Herriko Polizia

5.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuko abenduaren 18ko 3/1979ko Lege Organikoa: 17. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua: Polizia jardunaren kontrol-mekanismoak. Polizia zerbitzuak hobetzeko ekimen-bulegoa. Kode deontologikoa.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA

6.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea: atariko titulua. I. titulua: eskumenak eta eginkizunak, berdintasunerako erakundeak, berdintasunerako unitateak eta koordinazio-organoak. II. titulua: planifikazioa, estatistikak eta ikerketak, langileen gaikuntza eta administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak. III. titulua: emakumeen aurkako indarkeria.

TRAFIKO ETA BIDE SEGURTASUNA

7.– 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena: II. titulua: I. kapitulua eta II. kapitulua, lehen atala «kokalekua» eta bigarren atala «abiadura». V. titulua.

SALAKETA ETA ATESTATUA

8.– Salaketa: Kontzeptua. Legezko formalidadeak. Betebehar-indarra. Subjektuak. Egiaztatzea. Salaketa idazteko eskema.

9.– Atestatua: Kontzeptua. Subjektuak. Xedea. Isilpeko izaera. Jarduteak jakinaraztea eta bidaltzea. Zabaltzea. Eginbidearen eta aktaren arteko desberdintasuna. Objektibotasuna eta subjektibotasuna eginbideetan.

BIKTIMAK

10.– Biktimenganako arreta: biktimak gizartean. Lehen eta Bigarren biktimizazioa. Biktimak laguntzeko polizia eginkizunaren garapena.

11.– Genero-indarkeria bikote-harremanetan: arazoaren giza errekonozimendua. Kontzeptua eta indarkeria-motak. Indarkeriaren harremana mantentzeari buruzko teoria-azalpenak. Tratu txarrak izandako emakume biktimarentzako ondorio psikologikoak. Erasotzailearen ezaugarriak.

12.– Sexu-erasoak: Sexu-erasoengatiko salaketa eskasak egotearen faktoreak. Sexu-erasoengatiko ondorio psikologikoak.

13.– Adingabeak babesik gabeko egoeretan: J. Belskyren argibide-eredua. Umeen tratu txarrei buruzko definizioa eta motak. Tratu txarren adierazleak eta umeak eta gazteak bertan behera uztea. Familian genero-indarkeria jasaten duten ume biktimak.

INDARKERIA GAINERAKORRAK

14.– Seme-alaben gurasoenganako indarkeria: egoerazko testuingurua. Definizioa eta motak. Seme-alaben gurasoenganako indarkeriaren dinamika Seme-alaben gurasoenganako indarkeriari buruzko azalpen faktoreak. Teoria ekologikoa (interakzionista edo multifaktoriala).

15.– Eskolako indarkeria: egoerazko testuingurua. Definizioa eta ezaugarriak. Eskolako indarkeriaren motak edo bullyinga. Subjektu parte-hartzaileen deskribapena. Eskola indarkeriaren ondorioa edo bullyinga. Ciberbullyinga.

KOMUNIKATZEKO TREBETASUNAK

16.– Ahozko epaiketan testigantza emateko komunikatzeko trebetasunak: atal orokorrak. Ahozko epaiketan nola areagotu deklarazioaren sinesgarritasuna? Ahozko txostenaren ezaugarriak. Komunikazioaren «hiru uveak».


Azterketa dokumentala