Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2020ko irailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3638

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 20koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, EAEko adikzioen arloko jardunbide egokien 2020-2022 aldiko aintzatespenaren deialdia egitekoa.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortu eta zehazten dituen urtarrilaren 21eko 5/2020 Dekretua kontuan hartuta, 2020-2022 aldirako deialdia egiten du, adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespena egiteko.

Azaldutakoagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespenaren deialdia egitea EAErako eta 2020-2022 aldirako, ebazpen honen eranskinean adierazita datozen oinarrien arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.

Laugarrena.– Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 20a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

JUAN JOSE AURREKOETXEA AGIRRE.

ERANSKINA
EAE-KO ADIKZIOEN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN 2020-2022 ALDIKO AINTZATESPENEN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da adikzioen arloko jardunbide egokiak eta egitasmo nahiz erakunde berritzaileak bultzatzea eta sustatzea, arlo hauei erreparatuta: prebentzioa, asistentzia, gizarteratzea, prestakuntza eta ikerketa.

Jardunbide egokitzat jotzen da testuinguru jakin batean emaitza onak lortu dituzten jarduketen multzo koherentea, bai eta, antzeko testuinguruetan, emaitza positibo berak eskuratu ditzaketen jarduketen multzoa ere. Gainera, kalitate-irizpide tekniko jakin batzuk hartu behar ditu barnean.

Ekimen berritzailetzat hartuko dira adikzioen arloko prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren eremuan ideia, ezagutza, antolakuntza-egitura, jarduketa eta esperientzia berritzaileak sortzen eta ezartzen laguntzen duten ekimenak.

Erakunde berritzailetzat hartuko da bere funtzionamenduan eta jardueretan ikuspegi berritzaileak eta sortzaileak ezartzearen alde egiten duena.

Bigarrena.– Aintzatespenen ezaugarriak.

Epaimahaiak, bere iritzian oinarrituta, aintzatespen bat eta hiru ohorezko aipamen arte eman ahalko ditu, eta sariduna bakarra edo bat baino gehiago izan ahalko dira. Adikzioen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak egiaztagiria emango dio saridunari aintzatespen-ekitaldi publiko batean. Aipamenen kasuan ere, egiaztagiria aintzatespen-ekitaldi publiko horretan emango dira. Aintzatespena jasotzen duten pertsonek edo erakundeek aintzatespena jaso dutela ezagutzera eman ahalko dute beren komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpena ematen den egunetik beretik; gainera, beti aipatu beharko du aintzatespena edo aipamena zein urtetan eman zaion.

Hirugarrena.– Izangaiak.

Aintzatespena eta aipamenak jasotzeko izangai izan ahalko dira EAEko pertsona fisiko eta juridiko, erakunde publiko eta pribatu, eta administrazio nahiz instituzio publiko hauek:

– Jardunbide egokiak, egitasmo berritzaileak eta ikerketa-proiektuak egin edo sustatzen dituztenak adikzioen arloan, zehazki, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean, prestakuntzan eta ikerketan.

– Aipatu proiektua edo praktika Euskal Autonomia Erkidegoan garatu edo garatzen dutenak.

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hautagaitzak aurkezteko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskura: euskadi.eus: www.euskadi.eus/servicios/1099301

2.– Izangaiek beraiek nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikok (publiko zein pribatu izan) aurkeztu ahal izango dituzte aintzatespenerako eta aipamenetarako hautagaitzak. Hautagaitzak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta. Hautagaitzak aurkezteko, deialdi-ebazpenaren eranskineko inprimakia bete beharko da.

3.– Hautagaitza bakoitzak, gutxienez, dokumentazio hau aurkeztu beharko du, I. eranskineko ereduaren arabera:

a) Hautagaitza-formularioa.

hauekin:

1) Planarekin bat etortzea.

2) Izaera berritzailea: ikuspegi edo metodologia berriak aplikatzea, esku-hartze sortzaileak, ikaskuntza eta esperientziaren transferigarritasuna.

3) Gaitasun teknikoa eta kalitatea: hasierako diagnostikoa, proiektuaren plangintza eta garapena, metodologia, jasangarritasuna, sektoreartekotasuna, beste eragile edo erabiltzaile batzuen inplikazioa.

4) Ebaluazioa: ebaluazio- eta jarraipen-sistema, helburuen betetze-maila eta lortutako emaitzak.

5) Genero-ikuspegia.

6) Oharrak.

7) Eranskinak eta estekak: proiektuari buruzko material interesgarriak, esaterako, webguneak, sare sozialak, argitalpenetarako edo ikus-entzunezko aurkezpenetarako (10 minutukoak gehienez) estekak...

c) Hala egokituz gero, hautagaitzak aurkezten dituztenen abal edo atxikimenduak, proposatutako erakundearen, pertsonaren edo pertsonen alde, ez direnean haiek beraiek aintzatespenerako izangai.

Dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzi ahal izango dira.

4.– Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde edo petsona interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

6.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaldutako baldintza eta betebehar guztiak.

7.– Hautagaitza-formularioetan agertzen diren datu pertsonalen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko Lege Organikoarekin bat etorriz egingo da (abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/087600-capa2-es.shtml

Bosgarrena.– Aintzatespenen kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoa arduratuko da aintzatespena emateko kudeaketa-lanez, bai eta aintzatespen hori emateko ekitaldi publikoaren deialdia egiteaz ere. Prozedura eta lan guztietan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko helburua betetzen ari dela zainduko du organo horrek.

Seigarrena.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko, epaimahai bat eratuko da, ondokoek osatua:

Presidentea:

– Tomás Plazaola Muguruza, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko koordinatzailea, erretiroa hartu arte.

Presidenteordea:

– Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publiko eta Adikzioetako zuzendariordea.

Batzordekideak:

– M.ª Luz Peña González, Osakidetzaren Osasuna Sustatzeko Programa Korporatiboaren arduraduna.

– Unai Martín Roncero, Soziologiako doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.

Ordezkoak:

– Nieves Rodríguez Sierra, Eusko Jaurlaritzaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako teknikaria.

– Xabier Arana Berastegi, Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile doktorea.

Idazkaria:

– Arantxa Mendieta Lasarte, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko dokumentazio-zentroaren arduraduna.

Ordezko idazkaria:

– Raquel Sanz Álvarez, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren azterketa-teknikaria.

Aurkeztutako hautagaitzak ebaluatzeko, epaimahaikideek adikzioen eta generoaren arloetako teknikari adituen laguntza jaso ahal izango dute.

2.– Posturen bat hutsik geratzen bada, edo epaimahaikideren bat bertaratzen ez bada edo gaixotzen bada, edo bestelako legezko arrazoiren bat dela medio, epaimahaikide titularren ordezkoek hartuko dute haien lekua, epaimahaiaren idazkaritzaren aurrean ordezkapena egiaztatuta.

3.– Bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez epaimahaiaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da, gutxienez, hiru kide bertaratzea eta horien artean presidentea eta idazkaria egotea, edo horien ordezkoak.

4.– Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Botoetan hainbana gertatuz gero, presidenteak ebatziko du bere kalitatezko botoaz. Hartutako erabakiak baliozkoak izateko, presidentea eta idazkaria bertan egon beharko dira, edo haien ordezkoak, eta, edonola ere, kideetatik hiru.

Epaimahaiaren idazkariak egin eta hartuko diren jarduera eta erabaki guztien akta jasoko du, eta sarien epaia arrazoituko duen irizpena agertu beharko da.

5.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena – Balorazio- eta esleipen-irizpideak.

1.– Epaimahaikideek, adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespena jasotzera aurkeztu diren hautagaitzak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:

a) Izaera berritzailea: 30 puntu:

1) Adikzioen maneiuan aurrerapenak eta hobekuntzak ekartzen dituzten ekintza eta metodologia berri edo sortzaileak garatzea.

2) Transferigarritasuna: zabaltzeko edo erreplikatzeko aukera.

3) VII. Euskadiko Adikzioen Planeko helburuetan egindako ekarpena: hobekuntza adikzioen arloan, zehazki, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean, prestakuntzan eta ikerketan.

4) Herritarrek diseinuan, ebaluazioan eta ezarpenean parte hartzea sustatzea.

b) Proiektuaren bideragarritasun eta kalitate teknikoa: 30 puntu:

1) Diagnostikoa: egitasmoa edo proiektua identifikatu den behar baten ondorio da, baita hasierako ebaluazio zehatz eta helburu errealista baten fruitu ere.

2) Plangintza eta garapena: plangintza orokorra, egituratzea, egutegia, ezagutaraztea eta parte-hartzea, xedeko hartzaileengana iristeko komunikazioa eta proiektua sendotzea.

3) Ebidentzian oinarritutako metodologia.

4) Jasangarritasuna: denboran luza liteke eta eragin iraunkorrak izan ditzake, etorkizunera begirako jarduera-proiektuen bitartez.

5) Sektoreartekotasuna eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzea; sare-lana eta auzolana.

c) Ebaluazioa: 30 puntu:

1) Ebaluatzeko eta jarraipena egiteko sistema.

2) Helburuen betetze-maila eta lortutako emaitzak.

d) Genero-ikuspegia: 10 puntu:

1) Genero-ikuspegia barne hartzea, genero-berdintasunaren aldeko helburuak ezarrita, edo berdintasun-politiketan aplika daitekeen ezagutza, batik bat, adikzioen arloan.

2.– Saria eskuratzeko, gutxienez, 60 puntu batu beharko dira.

Zortzigarrena.– Epaimahaiaren epaia.

1.– Epaimahaiak, hautagaitza guztiak aztertu eta baloratu ondoren, aintzatespenaren eta (gehienez) hiru aipamenen ebazpena emango du, hartutako erabakiaren arrazoiak adierazita. Ebazpena emateko epea, gehienez, lau hilabetekoa izango da, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunaren hurrengotik zenbatzen hasita. Epaimahaiak epaia eman ondoren, Osasun Publikoko zuzendariak aintzatespena eta aipamenak esleitzeko ebazpena emango du, edo, hala badagokio, ez ematekoa.

2.– Aurkeztutako hautagaitzak ez badira kalitatezkoak edo ez badauzkate behar diren merezimenduak, aintzatespenaren xedearen eta ezaugarrien arabera, epaimahaiak erabaki dezake aintzatespena eman gabe geratzea.

3.– Epaimahaiaren erabakia adikzioen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoaren titularrak ematen duen ebazpenaren bidez emango da ezagutzera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da eta ezingo da errekurtsorik jarri haren aurka.

Bederatzigarrena.– Saria onartzea.

Pertsona edo erakunde saridunak hamar eguneko epea izango du, emakida-ebazpena jakinarazten den datatik hasita, aintzatespenari edo aipamenari idatziz eta berariaz uko egiteko. Epe hori igarota, onartutzat hartuko dira.

Hamargarrena.– Aintzatespen publikoa.

1.– Aintzatespena eta aipamenak horretarako antolatuko den ekitaldi publiko batean emango da. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik pertsona (pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren edo erakundearen legezko ordezkaria) sariduna ezin bada joan ekitaldi publiko horretara, beste pertsona bat izendatu beharko du, aurretiaz, bere ordez joan eta saria bere izenean jaso dezan.

2.– Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoak aintzatespena jasoko duten pertsonen edo erakundeen identitatea eta proiektu eta ekimen aipagarriak zabaldu ahalko ditu, egokien iruditzen zaion bidearen bitartez –Internet barne–, eta denbora-mugarik gabe. Halaber, berariaz aipatuko dira lanen egile izan diren erakundea, pertsona edo pertsonak.

3.– Aintzatespenak eta aipamenak jasotzen dituzten pertsonek eta erakundeek aintzatespena jaso dutela ezagutzera eman ahalko dute beren komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpena ematen den egunetik beretik; gainera, beti aipatu beharko dute aintzatespena edo aipamena zein urtetan eman zaien.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala