Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2020ko irailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3636

AGINDUA, 2020ko uztailaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena. Horren bidez, dirulaguntzetarako deialdia egiten da Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko, Erasmus+ programaren esparruaren barruan.

Hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolari buruzko EBren Erasmus+ programa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1288/2013 Erregelamenduaren bidez onartu zen, zeinaren bidez Erasmus+ programa sortu baitzen –EBren hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolari buruzkoa– eta indargabetu baitziren 1719/2006/EE,1720/2006/EE eta 1298/2008/EE erabakiak.

Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2020. urteko ekitaldirako proposamenen deialdia argitaratu zuen 2019ko azaroaren 5eko Europako Erkidegoaren Egunkari Ofizialean – Erasmus+ Programaren EAC/A02/2019 (2019/C 373/06).

2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31 arte aplikatuko da Erasmus+ programa hori. Zenbait sektore ditu. Deialdi honetan Lanbide Heziketarekin lotutako ekintzak jasotzen dira.

Deialdi honen bidez Lanbide Heziketako irakasleen zein ikasleen ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzen helburuak laguntzen dira. Helburuak honako hauek dira:

– Ikasleei laguntzea ezagutzak eta gaitasunak bereganatzen, haien garapen pertsonala bultzatze aldera.

– Lanbide Heziketako ikasleei atzerrian prestatzeko aukera gehiago ematea.

– Ikasleei beharrezko dituzten trebetasunak ematea, hezkuntza- eta prestakuntza-arlotik lan-merkatura igaro daitezen.

– Kalitatearen eta berrikuntzaren hobekuntza sustatzea Lanbide Heziketan zein prestakuntza-sistemetan, erakundeetan eta enpresetan.

– Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren eremuetan praktika berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea bertan zein herrialde parte-hartzaileen artean.

Deialdiak barne hartzen dituen ekintzak hauek dira:

– Lanbide Heziketako ikasle eta/edo tituludunentzako nazioz gaindiko egonaldiak enpresetan edo erakundeetan.

– Lanbide Heziketako irakasleentzako egonaldiak eta irakasle-trukeak.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2020. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez onetsi zen plan hori, eta Hezkuntza Sailaren euskadi.eus webgunean argitaratu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorretan, abenduaren 27ko 13/2019 Legearen bidez onetsi ziren, kreditu nahikoa dago agindu honek aipatzen dituen laguntzak emateko.

Laguntzok honako hauetan xedatutakoari lotzen zaizkio:

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuta).

– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretua.

Halaber, eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Dirulaguntzetarako deialdia egitea, Erasmus+ Programaren barruan irakasleen eta ikasleen ikaskuntzarako onartutako mugikortasun-proiektuak batera finantzatzeko, betiere 2020-2021 ikasturtean garatzen badira.

Mugikortasun-programa horien hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleak eta/edo tituludunak (ikasketen azken urtean KA1 eskatu dutenak) edo EAEko Lanbide Heziketako irakasleak izango dira.

Laguntza horrek, beraz, 2020-2021 ikasturtean egiten diren mugikortasun-proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du.

2.– Europar Batasunaren finantzaketa oro har ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bitartez eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik eskuratzen diren dirulaguntzak Europar Batasunaren finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontuaren zatia estaltzeko erabiliko dira.

Proiektu berak jasotzen dituen laguntza guztien batura ez da onetsitako aurrekontuaren % 100 baino handiagoa izango. Batura horrek % 100 gainditzen badu, dagokion proportzioan gutxituko da laguntza.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetara guztira 650.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko betekizunak.

1.– Pertsona juridiko pribatuek parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta:

– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute.

– Erasmus+ proposamenen deialdian proiektuak onetsita badituzte.

– Lanbide Heziketaren arloko mugikortasun-proiektuetan, Lanbide Heziketarako Erasmus+ Programaren esparruko KA1 ekintzetan, parte hartzen badute.

2.– Erakunde eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte deialdian parte hartzeko:

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor- edo administrazio-arloko zehapenik ez izatea. Sexu-diskriminazioagatik jasotako administrazio- edo zigor-arloko desgaikuntzarik ere ez izatea. (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak behar bestetan egiaztatuko du automatikoki hori horrela dela, eta ez du erakundearen baimenik beharko horretarako, 1/1997 Legegintzako Dekretua betez.

Erakunde eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako baimena. Horrela bada, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

– Eskatu beharreko beste edozein betebehar eta eskakizun betetzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2 eta 3 apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakundeak, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako hau egiaztatuko du:

– Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan eskatu duela –eta, hala badagokio, eskuratu– laguntza edo bestelako baliabiderik.

– Egiaztatu duela proiektuan parte hartzen dutenek ez dutela jasotzen Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren bestelako dirulaguntzarik proiektu bererako.

– Atxiki egiten zaiola Lanbide Heziketaren eremuko pertsonen ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak, Erasmus+ programaren esparruaren barruan, antolatu eta garatzeko dirulaguntzak batera finantzatzeko aginduan ezarritakoari.

– Deialdiaren oinarri guztiak ezagutzen eta onartzen dituela eta, laguntza ematen bazaio, haren xedeak betetzea hitzematen duela.

– Betetzen dituela laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak. Horrela egiaztatzen duten agiriak dituela. Erakundeak administrazioari helaraziko dizkiola horiek, horrela egiteko eskatuz gero.

– Aitorpenari dagokion aldi osoan beteko dituela aurreko betebeharrak.

– Ebazpenean kontuan hartutako egoeren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.

– Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan emandako datuak.

4.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea ere.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko eta ordaintzeko unean.

4. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Proiektu horietan parte hartzen dutenek ezin izango dute xede bererako bakarkako laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

– Eskabidea izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/erasmus-plus/y22-izapide/es

– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak. Aukeratutako hizkuntza bera erabiliko da prozedura osoan.

2.– Eskabidearekin batera (I. eranskina) honako agiri hauek aurkeztuko dituzte (egoitza elektronikoan eskuragarri, PDF betegarri formatuan):

– Formulario normalizatua. «Proiektuaren identifikazioa» (II. eranskina).

– Formulario normalizatua. «Proiektuaren kostuaren kalkulua» (III. eranskina).

– Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuari (SEPIE) eginiko eskabidea. Dagoeneko onetsitako proiektuei dagokienez, finantza-kontratua aurkeztu beharko da.

3.– Eskabideek aukera emango dute erakunde eskatzaileak espresuki baimena eman dezan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak eskuratzeko edo egiaztatzeko. Baimen horrek ez die eragiten Administrazio Publikoaren esku dauden egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko ahalmenei.

4.– Funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak zigor-arloko, arlo zibileko edo administrazio-arloko erantzukizunak sortu ahal izango ditu.

6. artikulua.– Aurkezteko eta zuzentzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak ez baditu eskaturiko baldintzak betetzen, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Horrelakorik egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko da. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako Europako Programen Atalari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta esleitzeko prozedura zehaztea.

Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko du eta honela esleituko du:

a) Erreferentziako taula (IV. eranskina) hartuko du kontuan. Proiektu bakoitzerako aurrekontua egitean kontuan izan beharreko gehieneko kostua jasotzen da taula horretan.

b) Gehiegizko finantzaketa eragozteko, batetik, erakunde eskatzaileak aurkeztu dituen agiriak aztertuko ditu organo kudeatzaileak eta, bestetik, SEPIEk eta beste erakunde publiko batzuek helarazitako informazioa aztertuko du. Informazio horretan beste erakunde batzuek proiektu bakoitzerako hitzemandako dirulaguntzak zehaztuko dira.

c) Proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiena izango da honako hauetatik:

– Kendura honek zehaztutakoa: gehieneko kostua (IV. eranskinaren arabera kalkulatua) (ken) beste erakunde batzuek batera finantzatu beharreko proiektuaren zatirako hitzemandako laguntza (aurreko b letraren arabera ezarrita).

– V. eranskineko laguntzak kalkulatzeko taulak erabiliz kalkulatutakoa.

d) 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkeztutako eskabide guztiei hasieran kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatuko da (proportzionalki banatuko da) eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideen artean, eskatutako guztizko zenbatekoan oinarriturik.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea edo ez onartzea, horren arrazoiak zehaztuta, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egindako proposamena ikusita.

2.– Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/). Eskabideak aurkezteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Ebazpena argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute izango, inola ere, egindako jakinarazpenaren balioa.

3.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari. Aurkezteko epea hilabetekoa da egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza 3 epetan ordainduko da (lehena 2020ko ekitaldian, eta hurrengo biak 2021ekoan):

– Proiektu bakoitzerako laguntza osoaren % 20, emandako laguntza onartu ondoren edo, hala badagokio, Aginduaren 11.a) artikuluan ezarritako epea igarota ez badio berariaz uko egin.

– Proiektuaren mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzaren % 40, proiektuaren mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzerako behin betiko mugikortasun-plana aurkeztean, VI. eranskinaren arabera.

– Proiektuko mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzerako azken % 40a, mugikortasunak egin ahala. Hala, mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitza amaitutakoan, erakunde onuradunak agiriok aurkeztuko ditu, hilabeteko gehieneko epean:

• Ziurtagiri bat, egindako mugikortasun bakoitzeko, VII. eranskinaren arabera.

• Hizkuntza-prestakuntzaren fakturaren kopia, hala behar denean; bertan, prestakuntzaren onuradunen datuak adierazi beharko dira.

Ziurtagiria jasotakoan eta ziurtagiri horretan zein SEPIEren behin betiko ebazpenean azaltzen diren datuak egiaztatutakoan, agindua emango da egindako mugikortasunen arabera baterako finantzaketari dagokion zatia ordaintzeko.

Behin betiko mugikortasun-planaren eredua eta egindako mugikortasunen ziurtagiriaren eredua euskadi.eus-en egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako proiektuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Jakinaraztea xede bererako dirulaguntza edo laguntzarik jaso duen edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen aldetik, estatukoak nahiz nazioartekoak izan.

f) Hezkuntza Sailak egiten dituen egiaztapenak onartzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan adierazitakoa betetzea.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpena kasu hauetan aldatu ahal izango da:

– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira, betiere haren xedea betetzat jotzen bada.

– Hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako bestelako dirulaguntzak eta laguntzak eskuratuz gero.

Horrelakoetan, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak berriz doituko dira.

2.– Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren erakunde onuraduna kasu hauetako batean badago:

– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako kasuetan.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan.

– Ez badu betetzen agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako edozein baldintza eta betebehar.

– Ez badu betetzen dirulaguntza ematea ekarri zuten baldintzetako edozein.

3.– Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, erakundeak jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta, itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Dirulaguntza aldatu eta itzultzea honako araudi honetan dago araututa:

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duena.

– Laguntza emateko ebazpena.

13. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak, «arduradun» gisa, prozedura honetan aurkeztutako eskabide eta agirietan jasota dauden datu pertsonalak tratatuko ditu.

Datu pertsonalen tratamendu horren xedea da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea, deialdiaren interes publikoan eta bertan parte hartzeko eskabidean oinarrituta.

Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta eramateko eta datuak mugatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETAKO Lehenengoa

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO Bigarrena

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira bi epe horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO Hirugarrena

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKAERA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROIEKTUAREN IDENTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
Proiektuaren kostuaren kalkulua
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
Erasmus+ mugikortasun-proiektuen kostuak kalkulatzeko erreferentzia
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
laguntzak kalkulatzeko erreferentzia
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
MUGIKORTASUN-PLANA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
Eginiko mugikortasunaren ziurtagiria
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala