Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2020ko irailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3634

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 29koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Renove Maquinaria» 2020 laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria sustapenari, lehiakortasunari, enpresen arteko elkarlanari enpresen berrikuntza eta ikereketari eta abar.

Gaiari eutsiz, SPRI ekintza desberdinak garatzen ari da, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Ildo horretatik, besteak beste, ekipoak eta makineria modernizatzen ditu eta, modu horretan, legedi sektorial aplikagarria betetzen da.

Gauzak horrela, «Renove Maquinaria» programaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehuna osatzen duten enpresek makineria gaitzailean egindako inbertsioak sustatzea, ingurune horiek modernizatze aldera.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Renove Maquinaria» 2020 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.– Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Bilbao, 2020ko uztailaren 29a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
«RENOVE MAQUINARIA» 2020 PROGRAMAREN OINARRI ARAULTZAILEAK

XI. legealdiaren esparru estrategikoak Euskadi 2020 Enpleguaren eta Ekonomia Suspertzearen aldeko Esparru Programa du eta horren barruan osagai garrantzitsuenetarikoa 2017-2020rako Industrializazio Plana da.

2017-2020rako Industria Planak ondorengo helburu nagusiak ditu:

– Industria gehiago: Industria Euskadiko ekonomiari dagokion BPGdren % 25era iristea.

– Industria hobea: Industria 4.0 paradigman estadio berria lortzea, nazioarteko merkatu orokorrean euskal enpresak sartu eta lehiatzean jauzi kualitatiboa erraztea, enpresa-, sektore- eta lurralde-tipologiari dagokionez, orokorrean lehiakortasuna hobetzea, enpresa-behar eta lanbide-profilen eskuragarritasunaren artean konexioa eratzeko oinarriak jartzea.

– Industria-politika eraginkorra: Jaurlaritzaren industria-politika modernizatzen eta hobetzen jarraitzea eta, horretarako, programa aurreratuez baliatzea eta baliabide publikoak gero eta eraginkortasun handiagoaz erabiltzea.

Testuinguru horretan, Gobernu Kontseiluak hainbat neurri onetsi ditu; besteak beste, euskal enpresei bideratutako laguntza-programen egoera eguneratzea. Krisialdi honen ezohikotasuna aintzat hartuta, programa eta jarduketa berrietarako deialdiak egin dira, COVID-19ak eragindako kalteak arintzen laguntzeko. Zehazki, «Renove Maquinaria» programaren asmoa da EAEko ETE industrialak berraktibatzen eta modernizatzen lagunduko duen talka-tresna izatea, beste hainbatetan izan den bezalaxe.

Zehazki, programa honen helburua da ETE industrialetako produkzio-ekipamenduek modernizazio-maila handia izatea, besteak beste, segurtasun arloko prestazioak eta ingurumenarekiko errespetua areagotzeko; izan ere, produktibitatea handituz, posible izango da lehiakortasuna ere handitzea.

Renove Maquinaria Programa SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren (2020ko apirilaren 14an onartua) barruan kokatzen da.

1. artikulua.– Helburua.

Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresek industriako makineria berria erosteko laguntzak ematea, horrela produkzio-ekipamenduek modernizazio-maila handia izan dezaten.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza hauek aitortuko dira egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

2.– Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako, hots, dirulaguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 2020an, 5.000.000 eurorainokoak dira, eta, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude 2020rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko baldintzak.

1.– Produkzio-ekipamenduak modernizatzera bideratutako makinera erosteko proiektuak aurkezten dituzten enpresa txiki eta ertain (ETE) industrialek jaso ahal izango dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) ETEak izatea, Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera –Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 124. zk, 2003-05-20, 0036-0041 or–.

b) Jarduera industrialeko zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria.

c) Alta emanda egotea EAEko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren dagokion epigrafe industrialean.

2.– Aldiz, ezingo dituzte deialdiaren xede diren dirulaguntzak jaso honako hauetakoren bat betetzen dutenek:

a) Administrazio publikoa izatea edo administrazio publikoren baten sektore publikoaren parte izatea.

b) Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003 Legea, azaroaren 17koa) 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean egotea, besteak beste, hauek:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta eta eguneratuta ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta ez izatea.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigorren bat edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat izatea.

c) Armak produzitzeko, merkaturatzeko eta finantzatzeko arloetan jardutea.

d) Aurretiaz «Renove Industria 4.0» laguntza-programako dirulaguntzak jaso izana, zehazki, 2019an edo 2020an.

e) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europar Batasunak laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jotzea erabaki badu.

3.– Aurreko ataletan aipatu dira dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak, eta horiek ezinbestean bete beharko dira laguntza jasotzeko eskaera aurkezten denetik jasotako dirulaguntza likidatzen den artean.

4.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoak egiaztatzeko, hau izango da prozedura:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– Jarduera industrialeko zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria.

– Alta emanda egotea EAEko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren dagokion epigrafe industrialean.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta eta eguneratuta izatea.

Edonola ere, eskatzaileak espresuki uka dezake egiaztapen horiek egiteko baimena. Hala egiten badu, kasuan-kasuan eskumena duen organoak emandako administrazio-egiaztagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Enpresa ETEa dela egiaztatzeko, honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dira: eskatzailea bera ETEa dela ziurtatzen duten egiaztagiriak, hau da, urteko enplegu datuak, negozio-bolumena eta enpresaren balantze orokorra; baita, halakorik badago, ETEari lotutako edo elkartutako gainerako enpresenak eta enpresa talde globalarenak ere. Azken kasu horretan, talde osoaren antolakuntza-eskema aurkeztu beharko da, eta bertan beren-beregi jasoko dira laguntza-eskaera egin aurreko bi ekitaldietako partaidetza- eta enplegu-datuak, esplotazio-zifra eta balantzea.

c) Gainerako baldintzak eskaera-inprimaki elektronikoari atxikiko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagungarritzat joko da makineriaren erosketa, industria-enpresetako produkzio-ekipamenduak modernizatzera eta produktibitatea areagotzera bideratuta badago, horrela lehiakortasun-maila hobetzeko. Iraunkortasun-ildo berberari jarraikiz erosiko da makineria berria.

2.– Makineria berriaren erosketa-kostua 70.000 euro izango da gutxienez (BEZik gabe), eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren produkzio-prozesuari atxikita egon beharko da nahitaez. Halaber, enpresa onuradunari hornitu eta enpresan bertan instalatu beharko da.

3.– Makineria berria oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gero erosi beharko da, eta ezinbestean entregatu eta abiarazi beharko da eskaera aurkeztu eta hamabi hilabeteko epean.

4.– Diruz lagundutako jarduera gisa ez dira onartuko produktuak, erakunde onuradunaren katalogoan badaude.

6. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriak eta baldintza aplikagarriak.

1.– Gastu eta/edo inbertsio hautagarritzat joko dira honako helburu hauek dituzten makineria berrietan egin direnak: produktuak eta materialak ontziratzea eta paketatzea; osagaiak muntatzea; lehengaiak eta produktu erdilanduak eraldatzea; metrologia, eta, azkenik, manipulazo automatikoa, betiere enpresa eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren produkzio-prozesuetan aplikatzekoak badira. Gastu hautagarria egiaztatzeko, aldeek (laguntzaren eskatzailea eta fabrikatzailea/hornitzailea) onartutako enkargua edo kontratua eta fakturarekin erosi den makineriaren zenbatekoaren % 10, gutxienez, ordaindu izanaren agiria aurkeztuko dira.

2.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da izango gastu hautagarria.

3.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek programaren xede den jarduerarekin zuzeneko harremana izango dute eta artikuluetan xedatutako baldintzak beteko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den monetan balioetsiz gero, eurora pasako da fakturaren datan dagoen kanbio-tasaren arabera.

d) Ez dira gastu hautagarritzat joko, inola ere, laguntzaren eskatzaileak berak, eskatzailearen taldeko enpresek edo eskatzaileari akzioen edo partaidetzen bidez zuzenean edo zeharka lotuta dauden enpresek fabrikatutako edo merkaturatutako makineria eta/edo ekipamendu aurreraturik (hardwarea eta softwarea), ezta horiek egindako lanik ere.

e) Makineria berria erostean, finantza-errentamenduaren bitartez finantza daiteke eta diruz lagundu ahal izango da, betiere enpresak eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean berariaz erosketa-aukera erabiltzeko konpromisoa hartzen badu. Ildo horri jarraiki, konpromisoa idatziz jasoa duen dokumentua entregatuko du, bi erakundeen sinadura eta zigiluarekin.

f) Halaber, makina berria hornitzaileak finantza dezake eta hautagarritzat joko da, betiere finantzaketa-kontratua edo -hitzarmena aurkezten bada eta bertan, gutxienez, finantzaketaren epea, amaiera eta baldintzak adierazten badira eta alde biek sinatu badute.

4.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Hori guztia onuradunak, bere izaeragatik, kontratatzeko men egin beharreko beste prozedura batzuen kalterik gabe. Aurkeztu diren eskaintzak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak proposamen ekonomikorik onenak ez badira, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

7. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako portzentaje eta kopuruetan.

Laguntza-eskaera bakoitzaren kasuan, «onartutako gehieneko gastu/inbertsioen aurrekontuen» gainean dirulaguntzaren ehunekoa % 40 izango da.

Eskaera eta enpresa bakoitzeko 70.000 euro lagunduko dira diruz, gehienez ere, makineria erosteko.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

1.– Laguntzaren zenbatekoak ezingo du inola ere gainditu erosiko den makineriaren kostua, ez bakarrik, ez edozein Administraziok edo dagokion sektore publikoak emandako beste laguntza batzuekin batera. Beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez jasotako laguntza metatu eta kostu hori gainditzen bada, behar beste murriztuko da programa honetan araututako laguntza, dagokion makineriaren erosketa gainfinantzatzea ekiditeko.

2.– Programa hau aplikatuz enpresentzat emango diren laguntzak de minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa (2020) eta aurreko biak (2018 eta 2019) aintzat hartuta.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako gestioak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen web orriaz baliaturik.

2.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondorioz sortutako jardueratan eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, 10/1982 Legeak, azaroaren 24koak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren webgunean.

2.– Eskaera sinadura elektroniko aurreratuaren bitartez (onartutako ziurtagiri elektronikoa) erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak sinatuko du. Aurkezpen-data SPRI erakundearen sistemetan eskaeraren sinadura elektronikoaren eguna izango da.

3.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Goian aipatutako dokumentuak eskatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu laguntza-eskaerarekin batera.

4.– Laguntza eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta, bere legezko ordezkariaren identifikazio datuak.

5.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkarik egindako adierazpena, eskaerari atxikitako eredua erabilita. Bertan, honako hauek adieraziko dira:

– Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren (NAN) zenbakia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, erakundearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo kodea (IFZ/IFK) eta egoitza soziala.

– Erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan duen jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea, non laguntza-eskaeran adierazitako makineria ezarriko baita.

– Alta emanda egotea dagokion EAEko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafean.

– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo bere erakunde laguntzaileekiko betebeharrak.

– Eskatzen den ekitaldian eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis-laguntzen zerrenda. Honako hauek zehaztu beharko dira: data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu berbererako eskatu edo/eta jaso diren laguntzak, erakunde publiko edo pribatuenak. Honako hauek zehaztu beharko dira: eskaera-data edo, hala badagokio, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa.

– Adieraztea beren-beregi adierazi dituela enpresaren tamaina zehazteko datuak laguntza-eskaeran, zehazki, horretarako atalean eta beharrezkoak diren egiaztagiriak aurkeztuz.

– Eskatzaileak gutxienez hiru eskaintza eskatu izana hainbat hornitzaileri obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu baino lehen, gastu hautagarriaren zenbatekoak, indarreko araudiaren arabera, kontratazio publikoak kontratu txiki bidez egiteko ezartzen duen muga gainditzen duenean, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Salbuespen bakarrak izango dira obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziak direla bide, kontratuaren xedea gauzatzen duen erakunde nahikorik ez egotea eta gastua dirulaguntza jaso aurretik egin izana. Eskatzaileak gutxienez hiru eskaintza.

– Oinarri hauetako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea eta batez ere:

– Enpresa eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Burutu gabeko dirua errekuperatzeko agindurik ez izatea, batzordeak hala erabaki duelako laguntzaren bat barne-merkatuarekiko bateragarri ez eta ilegal jo duenez; eta enpresa ez egotea krisian, krisian dauden finantza-arloaz besteko enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Laguntzen inguruko Jarraibide Komunitarioen arabera (DOUE 2014/C 249/01).

– Enpresa eskatzaileak ez duela ezarrita Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik.

– Armak ez produzitzea, ez merkaturatzea eta ez finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Legean (14/2007 Legea, abenduaren 28) ezarritakoari jarraikiz.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jaso eta SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari itzultzeko, hori xedatzen badu dirulaguntza itzultzeko sistema adosteko ebazpenak.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Enpresa ETEa dela ziurtatzen duten egiaztagiriak, hau da, urteko enplegu datuak, negozio-bolumena eta enpresaren balantze orokorra; baita, halakorik badago, ETEari lotutako edo elkartutako gainerako enpresenak eta enpresa talde globalarenak ere. Azken kasu horretan, talde osoaren antolakuntza-eskema aurkeztu beharko da, eta bertan beren-beregi jasoko dira laguntza-eskaera egin aurreko bi ekitaldietako partaidetza- eta enplegu-datuak, esplotazio-zifra eta balantzea.

e) Makineria berriaren salerosketa-kontratuaren kopia, alde biek sinatuta, edo alde biek onartutako enkargua.

f) Gutxienez ordainketaren % 10eko fakturaren kopia eta makineriaren ordainket(ar)en egiaztagiria(k), bankuko kontuetan islatuta, edo ordainketaren banku-egiaztagiria.

g) Makineria berriari edo berriei buruzko memoria, oinarrizko informazioa jasoko duena: ezaugarriak, entrega, ordainketa-modua, bermeak eta abar.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

11. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2020ko urriaren 22an. Halere, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2020ko urriaren 22ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

12. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

2.– Zuzendari nagusiak emango du ebazpena zuzeneko esleipen bidez, eta eskaerak aurkezpen hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

3.– Ebazpen epea. Ebazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, onartu egin dela ulertuko da.

4.– Zuzendari nagusiak emango du ebazpenen berri eta baita ere jakinaraziko du zenbateko dirulaguntza emango den, beharrezkoa den beste edozein baldintza.

5.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, ebazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 15 balioduneko eguneko epean. Haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

6.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri eta EHAAn.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera (erositako makineria instalatu/ezartzea) amaitu eta hilabete bateko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

4.– Likidazio-eskabidean jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta, bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

5.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, makineria erosteko kostu bereiziekin.

b) Finantza-erakundeak proiektuko gastu lagungarriak ordaindu izanaren banku-agiria. Hornitzaileak finantzatu badu, hornitzaileak sinatutako idatzi bat, enpresa onuradunari laguntza likidatzea onartzen duela adierazten duena, makina osorik kobratu ez badu ere.

c) Makina entregatu izanaren albaranak.

d) Makina entregatzeko logistikaren faktura.

e) Onuradunak makina onartzen duelako dokumentua, alde biek sinatuta.

f) Onuradunaren izenean dagoen banku-kontuaren zenbakia (IBAN) eta titularitatearen egiaztagiria, finantza-erakundeak emana, baldin eta aurretiaz emandako banku-kontuan aldaketak egin badira.

g) Onuraduna makinarekin ados dagoelako CE adierazpena, gutxienez, gaztelaniaz.

6.– Erabakia Zuzendaritza Nagusiak hartuko du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eta epean.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi ordainketatan gauzatuko da:

– Lehen ordainketan emandako zenbatekoaren % 50 ordainduko da, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta oinarri hauetako 16.1.a) artikuluan adierazitako epea igaro eta gero, betiere espresuki uko egiten ez bazaio dirulaguntzari.

– Bigarren ordainketan gainerakoa ordainduko da. Zenbateko hori SPRIko zuzendari nagusiaren likidazio-ebazpenean zehaztuko da, dirulaguntza oinarri hauetako 13. artikuluan ezarritakoaren arabera justifikatu eta gero.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorduna bada.

2.– Baldin eta gastu hautagarria onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 7. Artikoluan arautzen den arabera.

16. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003 Legea, azaroaren 17koa) 14. eta 16. artikuluetan eta Euskal Herriko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileen Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Azken hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen. Horrez gain, eta, bereziki, hauek guztiak ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRI, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egitea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

2.– Onuradunak Euskal Autonomia Erkiedegoan mantendu beharko du diruz lagundutako makineria, gutxienez, hiru urtez, berau abiarazten denetik zenbatzen hasita.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak (erositako makineria instalatu/ezartzea) gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta aukera egon aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRIri eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen Programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraiki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L-352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraiki.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala