Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2020ko irailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3631

AGINDUA, 2020ko uztailaren 24koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundacion EIC Energy Advanced Engineering Fundazioaren eraketa.

Ikusi da Fundacion EIC Energy Advanced Engineering Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskriba dadila eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko uztailaren 8an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Fundacion EIC Energy Advanced Engineering Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzako Aholku Batzordeak, 2020ko uztailaren 23an, aldeko txostena eman zuen, fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasun ekonomikoari dagokionez.

Hirugarrena.– Fundacion EIC Energy Advanced Engineering Fundazioaren estatutuetako 2. artikuluaren arabera, hauek dira haren xedeak:

a) Balioa sortzeko zentro bat sortzea energia-sektoreko fabrikazio aurreratuaren sektorerako, bereziki Oil&Gas arloari dagokionez, kualifikazio handiko pertsonen koordinazioan oinarrituta, sektorearen ezagutza garatzeko helburuarekin.

b) Ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko jarduerak garatzea, era guztietako enpresekin lehentasunezko eta zuzeneko lankidetza-proiektuak garatu eta gauzatuta, energia-sektorearen fabrikazio aurreratuaren esparruan lehiakortasuna eta berrikuntza zuzenean areagotzeko, bereziki Oil&Gas arloari dagokionez.

c) Edozein lanbide-mailatan prestakuntza ezartzea, fabrikazio aurreratuaren eremuko pertsonen kualifikazioa hobetzeko energia-sektorean, bereziki Oil&Gas arloari dagokionez, haien lehiakortasuna eta trebetasunak sustatuz.

d) Proiektu berritzaileak erakartzea fundazio honen xede den sektorearen zerbitzura.

e) Interes orokorreko fundazioaren xede horiek lortzeko bestelako ekimenak eta ekintzak.

Laugarrena.– Estatutuetako 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, hau izango da fundazioaren helbidea: Euskadi Plaza 5, 48009 Bilbao. Fundazioak bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du bere jarduna.

Bosgarrena.– 30.000 (hogeita hamar mila) eurokoa da fundazioaren hasierako zuzkidura. «Caixabank, S.A.» entitateak 2019ko irailaren 28an eta 2020ko uztailaren 6an emandako ziurtagirien bidez egiaztatzen da entitate horretan ekarpena egin izana.

Seigarrena.– Estatutuetako 22. artikuluan ezartzen duenez, gutxienez entitate sortzaileak beste kide izanen du Patronatuak, eta gehienez hemeretzi (19) kide. Estatutuetako 24. artikuluaren arabera, lau urteko iraupena izanen du patrono-karguak.

Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, honako kide hauek osatuko dute lehenengo patronatua:

– Lehendakaria: Tubacex SA, Jesús Esmoris Esmoris jaunak ordezkatua.

– Idazkaria: Ampo S. Coop., Pablo Mendizábal Eguibar jaunak ordezkatua.

– Bokala: Tubos Reunidos SA, Guillermo Ulacia Arnaiz jaunak ordezkatua.

– Bokala: Vicinay Marine SL, Francisco de Borja Vicinay Pérez jaunak ordezkatua.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte haien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu baten bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak. Beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko (Bizkaia) Fundacion EIC Energy Advanced Engineering Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetako datarekin eta F-460 erregistro-zenbakiarekin–, baita Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek seigarren aurrekarian agertzen dira, eta guztiek espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere Bilbon notario Ramón Múgica Alcortaren aurrean 2018ko urriaren 1ean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zk.: 2415).

2020ko uztailaren 7an, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villa jaunaren aurrean emandako zuzenketa-eskrituraren bidez zuzendutakoa (protokolo-zk.: 1103).

Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 24a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala