Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2020ko irailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3623

7/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, abuztuaren 13koa, UEFAko Emakumezkoen Txapeldunen 2020ko Ligaren amaierako fasearen araubide fiskala erregulatzen duena.

UEFAko Emakumezkoen Txapeldunen 2019-2020 Liga Europako emakumezkoen kluben txapelketa garrantzitsuenaren 19. edizioa da. Txapelketa 2019ko abuztuaren 7an hasi zen sailkapen fasearekin batera, eta 2020ko abuztuaren 30ean amaituko da finala Donostiako Anoetako Estadioan jokatuta.

Espainiako Erresumak UEFArekin hartutako konpromisoak formalizatzeko, eta Donostia azken faseko egoitzetako bat izan dadin, beharrezkoa da araugintza prozedura hau hastea, nazioarteko kirol ekitaldi hori garatzeko eskatzen den berariazko zerga-erregulazioa ezartzeko.

Horri dagokionez, abuztuaren 4ko 27/2020 Errege Lege-Dekretua, toki entitateei aplikatzekoak zaizkien ezohiko eta premiazko finantza neurriei buruzkoa, onartu da lurralde erkidean, eta 2020ko abuztuaren 5ean jarri da indarrean. Haren hirugarren xedapen gehigarrian, «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren finalari aplikatu beharreko araubide fiskala jasotzen da.

Konpromiso horiek betetzeko egin behar den erregulazio fiskalak zuzeneko zergak hartzen dituenez, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko erakunde eskudunek, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitakoaren arabera, zerga horien gaineko araugintzako autonomia dutenez, erakunde horiei dagokie kirol ikuskizun horren araubide fiskala erregulatzea.

Horrela, foru dekretu arau honen bidez, «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren amaierako fasearekin zuzenean lotutako jardueren ondorioz lortutako errenten salbuespena ezartzen da Gipuzkoan. Salbuespen hori bakarrik aplikatuko zaie nazioarteko kirol ikuskizun horren amaierako fasean parte hartu aurretik Espainiako lurraldeko egoiliar ez ziren pertsona edo entitateei eta azken fase hori antolatu duen entitateak edo talde parte hartzaileek ikuskizun hori dela eta eratutako entitateei.

Zalantzarik gabe, Gipuzkoan horrelako kirol txapelketa bat egitea oso garrantzitsua da, lurraldeari nazioartean eman diezaiokeen oihartzunarengatik, baina are garrantzitsuagoa da kirol eremuan emakumeen berdintasuna sustatzeko ikuspegitik aztertzen bada, are gehiago Gipuzkoako gizarte eremuan eragin handia duen futbolaren kirol lehiaketa izanik.

Aurreikusitako neurriak onartzeak foru arau mailako erregulazioa behar duten alderdietan eragiten du, eta, lortu nahi den erantzuna presakoa denez, azken fasea hilabete honetan egiten denez, ezin da lortu foru arau bat onartzeko ohiko arau prozeduraren bidez, eta egokitzat jotzen da foru dekretu arau baten bidez onartzea, eta lehen aipatutako zirkunstantzietan justifikatuta geratzen da premia larria.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen horiek foru dekretu- arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu- arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren amaierako faseari aplikatu beharreko araubide fiskala.

Bat.– «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren amaierako fasea antolatu duen entitatearen eta talde parte hartzaileen araubide fiskala:

1.– Entitate antolatzaileak edo talde parte hartzaileek «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren amaierako fasea dela-eta eratutako pertsona juridikoak, baldin eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan xedatutakoa aplikatu behar bazaie, sozietateen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egongo dira ikuskizuna egitean lortutako errentengatik eta horiek bertan parte hartzearekin zuzenean lotuta dauden neurrian.

2.– Aurreko zenbakian ezarritakoa berdin aplikatuko zaie Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aplikatu behar zaien establezimendu iraunkorrei, baldin eta «UEFA Women’s Champions League 2020» delakoaren amaierako fasea antolatzen duen entitateak edo talde parte hartzaileek ikuskizuna dela eta eratuak badira, ikuskizuna egitean lortutako errentengatik eta horiek bertan parte hartzearekin zuzenean lotuta dauden neurrian.

3.– «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren amaierako fasea antolatzen duen entitateak edo talde parte hartzaileek establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei, baldin eta ikuskizuna egitean lortutakoak badira eta horiek bertan parte hartzearekin zuzenean lotuta badaude, aplikatzekoa izango zaie toki entitateei aplikatzekoak diren ezohiko eta presazko finantza neurriei buruzko abuztuaren 4ko 27/2020 Errege Lege-Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren lehenengo apartatuaren azken paragrafoan xedatutakoa.

Bi.– Entitate antolatzaileari edo talde parte hartzaileei zerbitzuak ematen dizkieten pertsona fisikoen araubide fiskala:

Ez dira Espainian lortutzat joko Espainian egoiliar ez diren pertsona fisikoek entitate antolatzaileari edo talde parte hartzaileei ematen dizkieten zerbitzuengatik jasotzen dituzten errentak, «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren amaierako fasea egitean lortutakoak badira eta horiek bertan parte hartzearekin zuzenean lotuta badaude.

Hiru.– Udal zergak:

Entitate antolatzaileak edo talde parte hartzaileek «UEFA Women's Champions League 2020» delakoaren amaierako fasea dela-eta eratutako pertsona juridikoak, bai eta establezimendu iraunkorrak ere (guztiak ere aurreko bat apartatuan aipatuak), salbuetsita egongo dira ikuskizuna egitean sortu daitezkeen udal zergetatik, baldin eta horiek ikuskizunarekin zuzenean lotuta badaude.

Lau.– Balio erantsiaren gaineko zerga:

Balio erantsiaren gaineko zergan, toki entitateei aplikatzekoak diren ezohiko eta premiazko finantza neurriei buruzko abuztuaren 4ko 27/2020 Errege Lege-Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren laugarren apartatuan xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko abuztuaren 13a.

Diputatu Nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala