Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2020ko irailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3518

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 29koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Renove Industria 4.0» 2020 laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria sustapenari, lehiakortasunari, enpresen arteko elkarlanari enpresen berrikuntza eta ikereketari eta abar.

Gaiari eutsiz, SPRI ekintza desberdinak garatzen ari da, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Ildo horretatik, besteak beste, ekipoak eta makineria modernizatzen ditu eta, modu horretan, legedi sektorial aplikagarria betetzen da.

Ondorioz, «Renove Industria 4.0» programak Euskadiko Autonomia Erkidegoa osatzen duen enpresa-sareko enpresetan gaitzeko makineria edota ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) inbertsioak sustatzea du helburu, ingurune horiek modernizatzeko eta, hala, fabrikazio aurreratuaren eremuan Industria 4.0ren proiektuei aurre egin edo horiek garatzeko.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Renove 4.0» 2020 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.– Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Bilbao, 2020ko uztailaren 29a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
«RENOVE INDUSTRIA 4.0» 2020 PROGRAMAREN OINARRI ARAULTZAILEAK

XI. legealdiaren esparru estrategikoak Euskadi 2020 Enpleguaren eta Ekonomia Suspertzearen aldeko Esparru Programa du eta horren barruan osagai garrantzitsuenetarikoa Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren «Basque Industry 4.0» 2017-2020rako Industrializazio Plana da.

2017-2020rako Industria Planak ondorengo helburu nagusiak ditu:

– Industria gehiago: Industria Euskadiko ekonomiari dagokion BPGdren % 25era iristea.

– Industria hobea: Industria 4.0 paradigman estadio berria lortzea, nazioarteko merkatu orokorrean euskal enpresak sartu eta lehiatzean jauzi kualitatiboa erraztea, enpresa-, sektore- eta lurralde-tipologiari dagokionez, orokorrean lehiakortasuna hobetzea, enpresa-behar eta lanbide-profilen eskuragarritasunaren artean konexioa eratzeko oinarriak jartzea.

– Industria-politika eraginkorra: Jaurlaritzaren industria-politika modernizatzen eta hobetzen jarraitzea eta, horretarako, programa aurreratuez baliatzea eta baliabide publikoak gero eta eraginkortasun handiagoaz erabiltzea.

Planaren zeharkako ardatza Industria 4.0 kontzeptua da eta zeregin garrantzitsuenak honakoak dira:

– Industria 4.0ri eta EIKTen ahalmenari buruz enpresa txiki eta ertainak sentsibilizatzea.

– Industria 4.0ren Euskadiko ekosistema erakartze-ahalmen eta lankidetzaren bitartez eragile berriekin indartzea.

– Basque Digital Innovation Hub azpiegitura teknologikoen sarea abian jartzea.

– Teknologia eta negozio-ereduei begira, euskal industriaren digitalizazioa sendotzea.

– Industria 4.0ren inguruan klusterren arteko lankidetza sustatzea.

– Ekintzailetza aurreratuaren Bind 4.0 programa.

«Renove Industria 4.0» programa 2017-2020rako Industrializazio Planaren amaiera da, eta xedea Euskadiko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna Industria 4.0rekin zerikusia duen inbertsioen bitartez hobetzea da.

Renove Industria 4.0. Programa SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren (2020ko apirilaren 14an onartua) barruan kokatzen da.

1. artikulua.– Helburua.

Oinarri hauek Industria 4.0ren proiektuak inplementatzeko makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosten laguntzea dute helburu. Ildo horri jarraiki, Euskadiko Autonomia Erkidegoko enpresa industrialetan, fabrikazio aurreratuaren eremuaren barruan, teknologiak aplikatu beharko dira.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek daukate norgehiagoka-prozedura bete behar dute.

2.– Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehienezko aurrekontuen ehunekoaren arabera.

2.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak), (Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE gomendioaren arabera).

3.– Oinarri hauek xedatzen dutenerako, industria-enpresak hurrengoak dira: erauzketa, produkzio, eraldatze eta zerbitzu teknikoen (produktu prozesuari lotutakoak) industria-enpresak, baita kultura- eta sormen-enpresak ere, jarduera nagusia ikus-entzunezkoen, bideo-jokoen, modaren eta produktu, prozesu nahiz zerbitzuen diseinuan garatzen badute. Horien barruan honakoak sartuak daude:

a) Ikus-entzunezkoak: multimedia edukiak diseinatzea eta produzitzea.

b) Bideojokoak: bideo-jokoetarako edukiak diseinatzea eta produzitzea.

c) Moda: sektoreko balio-katean lan egitea, gutxienez diseinu fasean.

d) Produktu, prozesu eta zerbitzuen diseinua: konponbide erabilgarri eta berritzaileak garatzea erabiltzailearen premietan oinarritutako eskaera funtzional eta estetikoak txertatuz. Ez dira multzo honetan sartzen diseinu grafikoa eta barnealdeen diseinua.

4.– Ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea): digitalizazio-maila altua duen gailua edo gailuen multzoa, prozesatze- eta konektibitate-gaitasunak, bai M2M (Machine-to-Machine), bai M2H edo H2M (Machine-to-Human o Human-to-Machine), eskaintzeko gai dena eta erabat modu autonomo, automatizatu edo mendekoan (gizakiaren esku-hartzea) jardun dezakeena. Halako gailu edo gailuen multzoak industria-inguruneetan sartu/ezartzeari esker, modu esangarrian eraldaketa digitalean lagunduko da eta, bide batez, produkzio-prozesuen ikuspegitik ingurune konektatuak, seguruak, automatizatuak eta optimizatuak lortuko dira, baliabideak eta energia kontsumitzeari dagokionez, erabat eraginkorrak eta ingurumenarekiko oso iraunkorrak izateaz gain. Modu horretan, halako gailuak edo gailuen multzoak, aldi berean, gaitze-gailuak izango dira industria-enpresen barruan, Industria 4.0ren proiektuei aurre egiteko. Nolanahi ere, beren jarduerak oso teknologia berriztatzaileetan oinarrituko dituzte, hala nola, analitika aurreratua, IIoT edo fabrikazio gehigarria.

Halaber, ekipamendu aurreratutzat joko da gailu edo gailu-multzo horien funtzionamenduari lotutako softwarea. Laburbilduz, halako gailu edo gailuen multzoa honako talderen batean sartuta egotea espero da: sentsoreak, robotika, errealitate areagotuaren betaurrekoak, sare edo komunikazioko HW/SW ekipamendua eta bestelakoak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako, hots, dirulaguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 2020an, 5.000.000 eurorainokoak dira, eta, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude 2020rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko baldintzak.

1.– Industria 4.0ren proiektuak inplementatzeko makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko proiektuak aurkezten dituzten enpresa txiki eta ertain (ETE) industrialek jaso ahal izango dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) ETEak izatea, Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera –Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 124. zk, 2003-05-20, 0036-0041 or–.

b) Jarduera industrialeko zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

c) Alta emanda egotea EAEko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren dagokion epigrafe industrialean.

2.– Aldiz, ezingo dituzte deialdiaren xede diren dirulaguntzak jaso honako hauetakoren bat betetzen dutenek:

a) Administrazio publikoa izatea edo administrazio publikoren baten sektore publikoaren parte izatea.

b) Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003 Legea, azaroaren 17koa) 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean egotea, besteak beste, hauek:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta eta eguneratuta ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta ez izatea.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigorren bat edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat izatea.

c) Armak produzitzeko, merkaturatzeko eta finantzatzeko arloetan jardutea.

d) Aurretiaz «Renove Industria 4.0» 2019 edo «Renove Maquinaria» 2020 laguntza-programako dirulaguntzak jaso izana.

e) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europar Batasunak laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jotzea erabaki badu.

3.– Aurreko ataletan aipatu dira dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak, eta horiek ezinbestean bete beharko dira laguntza jasotzeko eskaera aurkezten denetik jasotako dirulaguntza likidatzen den artean.

4.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoak egiaztatzeko, hau izango da prozedura:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– Jarduera industrialeko zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

– Alta emanda egotea EAEko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren dagokion epigrafe industrialean.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta eta eguneratuta izatea.

Edonola ere, eskatzaileak espresuki uka dezake egiaztapen horiek egiteko baimena. Hala egiten badu, kasuan-kasuan eskumena duen organoak emandako administrazio-egiaztagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Enpresa ETEa dela egiaztatzeko, honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dira: eskatzailea bera ETEa dela ziurtatzen duten egiaztagiriak, hau da, urteko enplegu datuak, negozio-bolumena eta enpresaren balantze orokorra; baita, halakorik badago, ETEari lotutako edo elkartutako gainerako enpresenak eta enpresa talde globalarenak ere. Azken kasu horretan, talde osoaren antolakuntza-eskema aurkeztu beharko da, eta bertan beren-beregi jasoko dira laguntza-eskaera egin aurreko bi ekitaldietako partaidetza- eta enplegu-datuak, esplotazio-zifra eta balantzea.

c) Gainerako baldintzak eskaera-inprimaki elektronikoari atxikiko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagunduko da manufaktura-enpresa industrialetan Industria 4.0ren proiektuak inplementatzeko makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostea, eta harekin lotutako aholkularitza zerbitzuak. Gastu hautagarria egiaztatzeko, aldeek (laguntzaren eskatzailea eta fabrikatzailea/hornitzailea) onartutako enkargua edo kontratua eta fakturarekin erosi den makineria edota ekipamendu aurretaruaren zenbatekoaren % 10, gutxienez, ordaindu izanaren agiria aurkeztuko dira.

Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) hurrengo teknologiaren bat erabili edo sartzen duten proiektuei aurre egiteko erosiko da:

1.– Fabrikazio aurreratuaren proiektuak, makineria edota ekipamendu aurreratuarekin (hardwarea eta softwarea); aurrekoaren harira, Big Data eta analitika aurreratuaren teknikak sartuko dira, industria-inguruneen barruan iturri desberdinetatik datozen «datu-bolumen handiak» prozesatu eta aztertzeko. Helburua portaera-ereduak identifikatu (Business Intelligence, Data Mining...) eta iragartzea da, enpresetan arlo eta prozesuei eragiten badizkiete. Hala, erabakiak errazago hartuko dira eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko da.

2.– Fabrikazio gehigarriaren proiektuak, material-mota desberdinen bitartez (plastikoetatik metaletara) ale eta forma geometriko pertsonalizatu berrien produkzio/fabrikazio malgua sustatzen dutenak, sektore edo industria-enpresa bereziaren beharrak asetzeko.

3.– Robotika aurreratu eta elkarlaneko proiektuak, egiazko denboran langileekin lankidetzan jarduteko robot konektatuak, bestelako robotak, baita makinak ere eransten dituztenak; xedea prozesuak hobetzea eta plantan produktibitatea gehitzea da.

4.– IIoT (Industrial Internet of Things) proiektuak, fabrikaren barruan gailuei eta makineriari sentsoreak ipini eta internetekiko konexioa bermatzeko, egiazko denboran informazioa jaso eta trukatzeari begira. Modu horretan, neurri handian, konektatutako gailu eta makineriaren erabilera- eta jarraipen-aukerak kontrolatu, automatizatu eta biderkatuko dira.

5.– Industria-ingurunerako adimen artifizialeko proiektuak; horien bitartez, plantan makinek edota ekipamenduak ikasi eta modu autonomoan erabakiak hartzeko gai izango dira. Halaber, halako proiektuei Machine Learning edo Deep Learningaren teknikak sartuz gero, besteak beste, plantan produkzioaren ikuspegitik portaera edo egoera aipagarriak iragar daitezke (adibidez, makinen iragarpen mantentze-lanak), objektuak antzeman, irudiak identifikatu edo argibideak onartzearekin batera. Ildo horri eutsiz, plantan aktibo eta prozesu guztiei buruzko ezagutza automatiza eta zabal daiteke eta, ondorioz, enpresa zehatzean erabakiak errazago hartuko dira.

6.– Sistema ziber-fisikoen proiektuak, konputazio- eta konektibitate-gaitasun aurreratuekin plantan osagaiak, objektu fisikoak edo makineria sartzen dituztenak. Modu horretan, enpresa zehatzaren balio-katean objektu adimentsu bihurtuko dira.

7.– Errealitate birtualaren proiektuak, mundu simulatuetan edo giro birtualetan egiazko egoerak berregiten dituztenak.

8.– Errealitate areagotuaren proiektuak; hauen barruan erabilitako teknologiei esker, erabiltzaileak gailu teknologikoaren bitartez egiazko munduaren zati bat ikusiko du eta gailuak informazio grafikoa erantsiko du. Modu horretan, egiazko informazioa edo informazio fisikoa informazio birtual osagarriarekin areagotuko da.

9.– Biki digitalen (Digital Twins) proiektuak, objektu edo sistemaren erreplika birtuala sortzen dutenak, beren egiazko kidearen portaera simulatzeko. Helburua monitorizatzea da, egoera zehatzetan portaera aztertu eta eraginkortasuna hobetzeko. Beste abantaila batzuen artean, produktuak garatu eta testatzea produktu fisikoarekin egitea baino merkeagoa eta eraginkorragoa da. Horrez gain, eredu birtualaren kopia asko egin daitezke eta agertoki ugari kontuan hartuta testatu ere bai.

Egingo den industria 4.0 proiektuak barne hartuko ditu ezarri nahi diren makineria berria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea), baita proiektutik eratorritako aholkularitza-gastuak ere. Kostu horien guztien batura 50.000 euro izango da gutxienez (BEZik gabe), eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren produkzio-prozesuari atxikita egon beharko da nahitaez. Halaber, enpresa onuradunari hornitu eta enpresan bertan instalatu beharko da.

Aholkularitza-gastuek ezingo dute proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 gainditu. Proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 baino gehiago bideratzen bada aholkularitza-lanetara, egokitu egin beharko da partida hori, gehienez ere proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 har dezan.

Erositako makineria berria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta abian jarriko da eta, nolanahi ere, eskaera egin eta hurrengo 12 hilabeteren buruan egingo da.

Diruz lagundutako jarduera gisa ez dira onartuko artikulu honetan deskribatutako produktuak edo zerbitzuak, erakunde onuradunaren produktu/zerbitzuei buruzko katalogoan badaude.

7. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriak eta baldintza aplikagarriak.

1.– Gastu eta/edo inbertsio hautagarritzat joko dira makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eskuratzea xede dutenak, baita 4.0 industriako proiektuak aurreko artikuluan deskribatutako teknologietan aplikatzetik eratorritako aholkularitza-gastuak ere.

2.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da izango gastu hautagarria.

3.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek programaren xede den jarduerarekin zuzeneko harremana izango dute eta artikuluetan xedatutako baldintzak beteko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den monetan balioetsiz gero, eurora pasako da fakturaren datan dagoen kanbio-tasaren arabera.

d) Ez dira gastu hautagarritzat joko, inola ere, laguntzaren eskatzaileak berak, eskatzailearen taldeko enpresek edo eskatzaileari akzioen edo partaidetzen bidez zuzenean edo zeharka lotuta dauden enpresek fabrikatutako edo merkaturatutako makineria eta/edo ekipamendu aurreraturik (hardwarea eta softwarea), ezta horiek egindako lanik ere.

e) Makineria berria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostean, finantza-errentamenduaren bitartez finantza daiteke eta diruz lagundu ahal izango da, betiere enpresak eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean berariaz erosketa-aukera erabiltzeko konpromisoa hartzen badu. Ildo horri jarraiki, konpromisoa idatziz jasoa duen dokumentua entregatuko du, bi erakundeen sinadura eta zigiluarekin.

f) Halaber, makina berria hornitzaileak finantza dezake eta hautagarritzat joko da, betiere finantzaketa-kontratua edo -hitzarmena aurkezten bada eta bertan, gutxienez, finantzaketaren epea, amaiera eta baldintzak adierazten badira eta alde biek sinatu badute.

4.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Hori guztia onuradunak, bere izaeragatik, kontratatzeko men egin beharreko beste prozedura batzuen kalterik gabe.

Aurkeztu diren eskaintzak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak proposamen ekonomikorik onenak ez badira, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako portzentaje eta kopuruetan.

Laguntza-eskaera bakoitzaren kasuan, «onartutako gehieneko gastu/inbertsioen aurrekontuen» gainean dirulaguntzaren ehunekoa % 50 izango da.

Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko eta harekin lotutako aholkularitza gastoak, laguntza-eskaera bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da eta enpresako gehienez 100.000 euroko dirulaguntza emango da.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

1.– Laguntzaren zenbatekoak ezingo du inola ere gainditu erosiko den makineriaren eta/edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) kostuen eta 4.0 industriako proiektuko aholkularitza-kostuen batura, ez bakarrik, ez edozein Administraziok edo dagokion sektore publikoak emandako beste laguntza batzuekin batera. Beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez jasotako laguntza metatu eta kostu hori gainditzen bada, behar beste murriztuko da programa honetan araututako laguntza, dagokion makineriaren eta/edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) erosketa gainfinantzatzea ekiditeko.

2.– Programa hau aplikatuz enpresentzat emango diren laguntzak de minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa (2020) eta aurreko biak (2018 eta 2019) aintzat hartuta.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako gestioak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen web orriaz baliaturik.

2.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondorioz sortutako jardueratan eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, 10/1982 Legeak, azaroaren 24koak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren webgunean.

2.– Eskaera sinadura elektroniko aurreratuaren bitartez (onartutako ziurtagiri elektronikoa) erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak sinatuko du. Aurkezpen-data SPRI erakundearen sistemetan eskaeraren sinadura elektronikoaren eguna izango da.

3.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Goian aipatutako dokumentuak eskatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu laguntza-eskaerarekin batera.

4.– Laguntza eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta, bere legezko ordezkariaren identifikazio datuak.

5.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako adierazpena, eskaerari atxikitako eredua erabilita. Bertan, honako hauek adieraziko dira:

– Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta bere nortasun-agiri nazionalaren (NAN) zenbakia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, erakundearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo kodea (IFZ/IFK) eta egoitza soziala.

– Erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan duen jarduera ekonomikoko zentro baten egoitza, non laguntza-eskaeran adierazitako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarriko baita.

– Alta emanda egotea dagokion EAEko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafean.

– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo bere erakunde laguntzaileekiko betebeharrak.

– Eskatzen den ekitaldian eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis-laguntzen zerrenda. Honako hauek zehaztu beharko dira: data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu berbererako eskatu edo/eta jaso diren laguntzak, erakunde publiko edo pribatuenak. Honako hauek zehaztu beharko dira: eskaera-data edo, hala badagokio, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa.

– Adieraztea beren-beregi adierazi dituela enpresaren tamaina zehazteko datuak laguntza-eskaeran, zehazki, horretarako atalean, eta beharrezkoak diren egiaztagiriak aurkeztuz.

– Eskatzaileak gutxienez hiru eskaintza eskatu izana hainbat hornitzaileri obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu baino lehen, gastu hautagarriaren zenbatekoak, indarreko araudiaren arabera, kontratazio publikoak kontratu txiki bidez egiteko ezartzen duen muga gainditzen duenean, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Salbuespen bakarrak izango dira obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziak direla bide, kontratuaren xedea gauzatzen duen erakunde nahikorik ez egotea eta gastua dirulaguntza jaso aurretik egin izana (651/2014 Erregelamenduaren menpean dauden enpresak izan ezik).

– Oinarri hauetako 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea eta batez ere:

– Enpresa eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Burutu gabeko dirua errekuperatzeko agindurik ez izatea, batzordeak hala erabaki duelako laguntzaren bat barne-merkatuarekiko bateragarri ez eta ilegal jo duenez; eta enpresa ez egotea krisian, krisian dauden finantza-arloaz besteko enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Laguntzen inguruko Jarraibide Komunitarioen arabera (DOUE 2014/C 249/01).

– Enpresa eskatzaileak ez duela ezarrita Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik.

– Armak ez produzitzea, ez merkaturatzea eta ez finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Legean (14/2007 Legea, abenduaren 28koa) ezarritakoari jarraikiz.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jaso eta SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari itzultzeko, hori xedatzen badu dirulaguntza itzultzeko sistema adosteko ebazpenak.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Enpresa ETEa dela ziurtatzen duten egiaztagiriak, hau da, urteko enplegu datuak, negozio-bolumena eta enpresaren balantze orokorra; baita, halakorik badago, ETEari lotutako edo elkartutako gainerako enpresenak eta enpresa talde globalarenak ere. Azken kasu horretan, talde osoaren antolakuntza-eskema aurkeztu beharko da, eta bertan beren-beregi jasoko dira laguntza-eskaera egin aurreko bi ekitaldietako partaidetza- eta enplegu-datuak, esplotazio-zifra eta balantzea.

e) Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardware eta softwarea) berriaren salerosketa-kontratuaren kopia, alde biek sinatuta, edo alde biek onartutako enkargua.

f) Gutxienez ordainketaren % 10eko fakturaren kopia eta makineria edota ekipamendu aurreratuaren ordainket(ar)en egiaztagiria(k), bankuko kontuetan islatuta, edo ordainketaren banku-egiaztagiria.

g) Memoria (25 orri baino gehiago ez), erosi beharreko makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eta aurre egin nahi duen Industria 4.0ren proiektua adierazten duena. Memoria honek halabeharrez ondorengo puntuei buruzko informazio zehatza izango du:

– Enpresaren egungo jarduera eta egoera (teknologian oinarrituta).

– Ebatzi beharreko arazoa / Antzemandako beharra. Lortu nahi diren helburuak.

– Aurre egin nahi zaion Industria 4.0ren proiektuari buruzko deskribapena eta oinarri honen 6. artikuluan adierazten diren teknologiekin doikuntza edo lerrokaduraren justifikazioa.

– Industria 4.0ren proiektua inplementatzeko erositako makinerian edota ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) inbertsioak deskribatzea. Ikuspuntu teknikotik erosi nahi den makineria edota ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) analisi zehatza.

– Enpresa onuradunaren maila teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko makineria edota ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) gaitasuna justifikatzea.

– Egindako inbertsioaren ondorioz enpresa onuradunaren lehiakortasunean hobekuntza (prozesuak, produkzioa gehitzea, etab.) justifikatzea.

– Enpresa onuradunaren emaitzetan egindako inbertsioaren eragina, fakturazioa gehitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez.

– Hornitzaileak kontuan hartuta, erakunde onuradunak proiektuaren edo inbertsioen efektu eragilea justifikatzea.

– Erosi beharreko makineria edota ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) eta aurre egin nahi duen Industria 4.0ren proiektuan ingurumena eta energia kontuan hartu direla justifikatzea.

– Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jartzeko egutegia.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

12. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2020ko urriaren 22an. Halere, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2020ko urriaren 22ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

Laguntza-eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

Baita ere, tramitaziora onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak.

13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Dirulaguntzak onartzeko eskaera guztiak konparatuko dira, araudi honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraiki horien arteko lehentasuna erabakitzeko, eta irizpide horien arabera balorazio handiena lortu dutenei esleituko zaie laguntza.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatzea. Hautespen-batzordeak aztertuko ditu epearen barruan aurkeztutako eskaerak eta programa honetan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Hautespen-batzordea, Presidente gisa aritukop dena, Ignacio Tellechea Fernández jaunak, SPRIko Sustamen Ekonomikoaren zuzendaria, Mikel Amundarain Leibar jaunak, Eusko Jaurlaritzako Industria Garapeneko Zuzeendaria, Agustin García Pérez eta Imanol Cuétara Camiruaga osatuko dute, azken honek idazkari gisa. Hautespen Batzordeak, ezarritako irizpideak aplikatuz, dagokion txostena igorriko dio SPRIko zuzendari nagusiari, eta honako hauek adieraziko dizkio: onuradun gisa proposatutakoak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, proposatutako jarduketa eta zenbatekoa, eta ukatzea proposatzen direnak, ukatzeko arrazoiak adieraziz.

3.– Proiektuak ebaluatzeko, ondoren adierazten diren irizpideak eta puntuak aplikatuko dira:

– Enpresaren maila teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko proiektoaren gaitasuna (30 puntu).

– Inbertsioa egin ondoren, enpresan espero den lehiakortasunaren hobetze-maila (25 puntu).

– Enpresaren emaitzetan eragina, fakturazioa gehitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez (20 puntu).

– Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen definizio-maila. Industria 4.0ren proiektuak eta laguntzen aginduan deskribatutako teknologiek duten egokitze- edo lerrokadura-maila (10 puntu).

– Hornitzaileen gainean proiektuaren ondore eragilea (10 puntu).

– Ingurumen- eta energia-alderdiak kontuan hartzea (5 puntu).

Irizpide bakoitzak lor daitezkeen gehieneko puntuak ditu. Puntuak definitutako irizpideen betetze-mailaren arabera lortuko dira.

Halaber, atzera botako dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten laguntza-eskaerak.

4.– Ebazpena SPRIko zuzendari nagusiak emango du, norgehiagoka erregimenean. Haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

5.– Ebazteko epea. Gehienez sei hilabete izango dira ebazteko, arau hauek publikatu diren egunetik hartuta. Epe horretan ebazpenik ez badago, ebazpena ezetsitzat joko da.

6.– Ebazpena erakunde eskatzaileei SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak jakinaraziko die. Ildo horri eutsiz, dirulaguntzaren zenbatekoa, garatzeko beharrezkoa den bestelako baldintzarekin batera.

7.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera (erositako makineria edota ekipamendu aurreratua instalatu/ezartzea) amaitu eta hilabete bat epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

4.– Likidazio-eskabidean jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta, bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

5.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko kostu eta aholkularitza gastu bereiziekin.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagiria.

c) Erakunde hornitzaileak egindako lanak (erositako makineria edota ekipamendu aurreratua ezarri eta abian jartzea). Hurrengo informazioa (25 orri baino gutxiago) aurkitu ahal izango da:

– Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostearen ondorioz lortutako hobekuntzak/onurak.

– Industria 4.0ren proiektuari dagozkion hurrengo urratsak deskribatu/jarraitzea, erositako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri ondoren.

– Hasierako planarekiko desbideratzeak.

– Makineria edota ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) inbertsioen deskribapena eta ebidentziak (pantaila-argazkiak, irudiak...).

d) Onuradunaren izenean dagoen banku-kontuaren zenbakia (IBAN) eta titularitatearen egiaztagiria, finantza-erakundeak emana, baldin eta aurretiaz emandako banku-kontuan aldaketak egin badira.

6.– Erabakia Zuzendaritza Nagusiak hartuko du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eta epean.

15. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi ordainketatan gauzatuko da:

– Lehen ordainketan emandako zenbatekoaren % 50 ordainduko da, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta oinarri hauetako 17.1.a) artikuluan adierazitako epea igaro eta gero, betiere espresuki uko egiten ez bazaio dirulaguntzari.

– Bigarren ordainketan gainerakoa ordainduko da. Zenbateko hori SPRIko zuzendari nagusiaren likidazio-ebazpenean zehaztuko da, dirulaguntza oinarri hauetako 14. artikuluan ezarritakoaren arabera justifikatu eta gero.

2.– Baldin eta gastu hautagarria onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

17. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003 Legea, azaroaren 17koa) 14. eta 16. artikuluetan eta Euskal Herriko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileen Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Azken hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen. Horrez gain, eta, bereziki, hauek guztiak ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRI, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista ematea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

2.– Onuradunak Euskal Autonomia Erkiedegoan mantendu beharko du diruz lagundutako makineria edo ekipamendu aurreratua, gutxienez, hiru urtez, berau abiarazten denetik zenbatzen hasita.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak (erositako makineria edota ekipamendu aurreratua instalatu/ezartzea) gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 3 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta aukera egon aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRIri eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen Programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraiki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L-352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraiki.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie. Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara. Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala