Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2020ko irailaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3466

AGINDUA, 2020ko uztailaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko 2020ko ekitaldiko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta.

Eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legea onartu zen (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea), eta haren bidez ezarri zen zer prozedura bete behar den Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak kultura-interesekoak direla deklaratzeko eta nola kudeatu behar den euskal kultura-ondarea sustapen-, kontserbazio- eta babes-arloei dagokienez.

Gizartean, zabalagoa da ondarearen kontzeptua gaur egun eta, testuinguru horretan, zenbait eremu berri agertu dira, orain arte gutxitan aztertu direnak; areago, aipatutako legeak berak ere ez ditu eremu horiek modu generikoan jorratzen. Horregatik, joan den bi ekitaldietan, itsas sektore tradizionala gainbeheran zegoela eta ia desagertu zela hauteman ondoren, itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko laguntzen lehen deialdiak egin ziren. Ia desagertzear dagoen sektore bat da eta, paradoxikoa badirudi ere, sektore horretako protagonistak antolatzen hasi dira, elkarri babes teknikoa emateko eta kultura horretatik geratzen diren arrasto bakanak bere horretan mantentzeko. Urte hauetan kultura-ondare horren gizarteratzea eta, hein batean, herritarrek hari buruz duten kontzientzia handitzen ari da. Hala eta guztiz ere, oso gutxi dira ondare horretan egun geratzen diren aztarnak, eta, are gutxiago, bizirik daudenak. Horregatik, beharrezkoa da erakundeek laguntza ematen jarraitzea, maila guztietan, itsas kultura-ondarea babesteko.

Hutsune hori eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen agindua betetzeko, agindu hau onartzen da, dirulaguntza horietarako deialdia egiteko, eta, xede horretarako bideratu den diru-zenbatekoa kontuan hartuta, laguntzok zer modutan eta zer baldintzetan eskatu eta ebatziko diren arautzeko. Hori guztia, sailak 2018-2020 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ezarrita dagoen bezala. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian argitaratuta dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/web01-s2kultur/eu/. Plana Kultura Sailaren 2020ko urtarrilaren 30eko dirulaguntzen Urteko Planaren bitartez garatzen da.

Abenduaren 27ko 13/2019 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) jasotako aurrekontu-kredituaren barruan.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da dirulaguntzak emateko deialdi bat egitea, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko itsas kultura-ondarearen ondasun higikor, higiezin eta immaterialak babesteko jarduerak sustatzeko, aintzat hartuta haien balio historikoa, etnografikoa, arkeologikoa edo soziala; agindu honen bidez, orobat, dirulaguntza horiek emateko araubidea ezartzen da.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen babespean, laguntzak emango dira itsas ondarearen arloan kultura-balioa duten elementuak sustatzeko, sendotzeko, konpontzeko eta egokitzeko; jarduera horiek, betiere, bateragarriak izan behar dira elementu horien kultura-balioekin.

2.– Lau dirulaguntza-lerrotan emango dira laguntzak, jarraian adierazten den bezala:

1. lerroa: egurrezko ontzietan obrak egitea, musealizazioa helburu. Honako hauek lagunduko dira diruz:

a) Esku hartzeko edo berritzeko lana egin aurretik irizpideak finkatzeko beharrezko diren azterlan edo analisiak.

b) Segurtasunerako eta sarbideetarako obrak edo elementuak, bai ontzi barrukoak bai sarbideetakoak.

c) Kartelak, panelak eta beste edozein informazio-mekanismo, interpretazioa egiteko beharrezkoa dena, baina ontziaren izaerarekin loturarik ez duena.

d) Prest jartzeko lanak, gero erakusgai jarri ahal izateko.

2. lerroa: egurrezko ontziak tresnatzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.

a) Barne hartuko dira segurtasun- eta nabigazio-ekipamenduaren gastuak, bai eta ontziaren garrantzia azpimarratzeko egindakoak ere, halakorik egin bada, baina ez badituzte nabarmen gutxitzen ondare-balioak.

b) Egiturazko lanak, nabigaziorako beharrezkoak direnak.

3. lerroa: lehorreko instalazioen garrantzia nabarmentzea: ontziolak, lonjak, portuko beste elementu batzuk eta egurrezko egitura txikiak, hala nola ontziralekuak. Jasota eta halakotzat balioetsita egon behar dute Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultura-ondarearen katalogoetan. Honako hauek sartzen dira atal honetan:

a) Aurretiazko azterlanak: historikoak, arkeologikoak edo ondarezkoak, esku-hartzerako irizpideak finkatzeko beharrezkoak direnak.

b) Elementua balioestearekin bateragarriak ez diren elementu eta atalak kentzea.

c) Zenbait eraikin erabiltzeko moduan jartzea. Proiektu teknikoak, obra-zuzendaritza eta instalazio orokorrak.

d) Kartelak, panelak eta instalazioak, egin beharreko balorazioari edo musealizazioari berez dagozkionak.

e) Ez dira diruz lagunduko berritze- edo urbanizatze-lanak.

4. lerroa: egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak, lizentziak izapidetzeko gastuak, EAEko portuetan modu egonkorrean atrakatzeko gastuak eta ontziaren nabigaziorako baimenak barne. Egindako konponketak diruz lagunduko dira dirulaguntza ondasunaren ezaugarrietara egokitzen bada eta ondare-balioei kalte egiten ez badie. Gainera, ontziek erregistratuta egon behar dute EAEko portuetan, eta uretaratuta egon, edo 2020an uretaratzeko aurreikusita.

3.– Ez da dirulaguntzarik jasoko erregaia, ikus-entzunezko ekipamendua, informatika-programak eta webguneak erosteko.

4.– 1. eta 2. lerroak bateraezinak dira ontzi bakar baterako. Ontzi bat bi lerroetara aurkezten bada, 1. lerrokoa izango da lehentasunezkoa, eta bazter utziko da 2. lerrokoa, balioetsi gabe.

5.– Deialdi honetan, gehienez hiru dirulaguntza emango zaizkio eskatzaile bakoitzari, dirulaguntzen lerro bakoitzean. Hiru eskaera baino gehiago eskatuz gero, puntuaziorik handiena lortzen duten hirurak baino ez dira aintzat hartuko, eta, berdinketa gertatuz gero, dirulaguntza handiena jasotzen duten hirurak.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde hartzaileak.

1.– Dirulaguntza hauek eskatu ahal izango dituzte pertsona fisikoek nahiz pertsona juridikoek, baldin eta helbidea EAEn badute, edo EAEn garatzen badituzte deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduerak, betiere hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz.

Onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak (publikoak zein pribatuak), ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, diruz lagundutako jarduerak garatu ditzaketenak, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, hala ezartzen baitu Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 11.3 artikuluan.

Elkarteak badira (pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, nortasun gabeak), berariaz jaso beharko dute, eskabidean nahiz laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak exekuzioan zer konpromiso hartu duen bere gain eta haietako bakoitzari zenbateko dirulaguntza aplikatu behar zaion; izan ere, haiek ere onuraduntzat joko dira. Betiere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar da, nahiko ahalorde duena elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkarteak ezingo dira desegin, harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igaro arte.

2.– Elementuak 1. eta 2. lerroetan sartutakoak badira, esku hartzearen xede den objektuaren jabetza egiaztatu beharko da edo, errentarien edo haien gaineko beste eskubide erreal batzuen titularren kasuan, jabeen baimena izan beharko da, eta agiri bidez justifikatu. Museoen edo antzeko erakundeen kasuan, dena delako elementua erakundean gordailututako funtsen artean dagoela egiaztatu beharko dute.

3.– 3. lerroaren pertsona onuradunek diruz lagundutako elementuaren jabeak izan beharko dute edo, errentarien edo haien gaineko beste eskubide erreal batzuen titularren kasuan, jabetzaren gaineko baimena izan beharko dute, eta agiri bidez justifikatu.

4.– 4. lerroaren pertsona onuradunek diruz lagundutako elementuaren jabeak izan beharko dute edo, errentarien edo haien gaineko beste eskubide erreal batzuen titularren kasuan, jabetzaren gaineko baimena izan beharko dute, eta agiri bidez justifikatu. Elkarte edo taldeen kasuan, eta erregistratu gabeko itsasontzietarako, itsasontzi hori elkarte edo taldearena dela adierazten duen zinpeko adierazpen bat egin beharko dute.

4. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek eta ontziek bete beharreko baldintzak.

1.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2. eta 13.3 artikuluetan ezarritako debekuetako bat duenak ezingo ditu jaso deialdi honetako dirulaguntzak. Baldintza hori bete beharko, bai onuradun izateko, bai dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Hortaz, dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza hori betetzen den. Bereziki, eskatzaileek zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar dituzte, eta ordainduta eduki dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, onuradun bihurtzen diren unetik dirulaguntzaren likidazioa egin arte. 3.1 artikuluan aipatutako elkarte eta erkidegoei dagokienez, kide guztiek bete beharko dute baldintza hori.

2.– Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta, pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

3.– Ezin izango dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) ezarritakoa barne.

4.– Aurrez, 1., 2. eta 4. lerroetako dirulaguntzak jasoko dituzten ontziek EAEko erakusketa-zentroetan egon beharko dute erakusgai, edo EAEko portuetan erregistratuta egon beharko dute.

5.– 3. lerroan diruz lagundu daitezkeen elementu guztiek Euskal Kultura Ondarearen katalogoetan jasota egon beharko dute, ondare horren parte diren aldetik.

6.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntzak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira 1. artikuluan adierazitako xedea lortzeko: ehun mila (100.000) euro. Horietatik 1. lerrora bideratuko dira 40.000 euro. Aldiz, 2. lerrora 30.000 euro. Bestalde, 3. lerroak 20.000 euro izango ditu. Eta 4. lerroan, 10.000 euro banatuko dira gehienez.

6. artikulua.– Dirulaguntzen gehieneko kopurua edo muga.

Agindu honetan aurreikusitakoaren arabera emango diren dirulaguntzen gehieneko muga hauxe izango da: diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75), BEZ barne, eta 1. eta 2. lerroetan gehienez ere 25.000 euro. Bestalde, 4. lerroan aurreikusitako jarduerek 3.000 euro jasoko dituzte gehienez.

7. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuek hasita egon beharko dute, edo 2020ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31 baino lehenago amaitu beharko dira.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko eta pribatu batzuek xede bererako emandakoekin, bai eta onuradunak finantzaketarako lor litzakeen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere, baldin eta jasotako diru-zenbatekoak, guztira, ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren benetako kostua. Kostu hori gainditzen bada, deialdi honen babespean emandako dirulaguntza murriztuko da gehiegizkoa den zatia kenduta.

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak nahiz presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko, hala xedatzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 14. artikuluan. Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratiboaren edozein izapide egiteko.

3.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko den (aipatutako erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan).

Eskabideak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 16.4 artikuluan aipatutako erregistro elektronikoetan: euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/.

4.– Pertsona fisikoek, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

Eskaeraren osteko izapideak (jakinarazpenak barne) helbide honetan egingo dira bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075803; modu presentzialean aurkezten diren eskabideetarako, aipatutako toki fisikoetan daude eskuragai.

6.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri bezala.

7.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Era berean, ordezkari baten bidez egin ahal izango da izapidea, eta hura Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta egon beharko da.

10. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Pertsona fisiko eskatzaileak uko egin ahal izango dio, berariaz, organo emaileak zuzenean lortzeari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeko agiriak, ziurtagiri telematikoen bidez; hala egiten badu, kasuan kasuko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Pertsona juridikoen kasuan, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du haiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten.

Interesdunek, Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz:

– Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea. Helburu bererako, beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik lortu ez bada, ez eta eskatu ere, horren berri ematen duen zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

– Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Halaber, erakunde edo pertsona eskatzaileak adierazi behar du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

– Era berean, erantzukizunpeko adierazpenean azalduko da eskatzaileari ez zaiola ezarri Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2. eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako debekuetatik bat ere.

3.– Eskabideetan jasoko da laguntzaren eskatzaileak berariaz uko egin diezaiokeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzeari, bide presentziala nahiz elektronikoa erabilita ere, ezertan galarazi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak. Baimenik ematen ez bada, interesdunak dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du eta, hala egiten ez badu, dirulaguntza ukatu ahal izango zaio.

11. artikulua.– Proiektuari buruzko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideari erantsi beharreko agiriak:

a) Dirulaguntza-lerro guztietarako: jardueraren edo proiektuaren memoria, ahalik eta xehekien azalduta, eta argi eta garbi adierazita zer ezaugarri dituen ontziak, eraikinak edo jarduerak. Memoria horretan berariaz jasoko dira diruz lagundutako jarduera hori gauzatzeko gehieneko epeak; betiere, ez dira izango 2020ko abenduaren 31tik aurreragokoak. Eskabideak 4. lerrorako aurkeztu badira, egoitza elektronikoan eta Kultura Ondarearen Zerbitzuan eskuragai dagoen formularioarekin ordeztuko da memoria: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075803

b) Dirulaguntza-lerro guztietarako: proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, egoitza elektronikoan eta Kultura Ondarearen Zerbitzuan eskuragai dagoen «Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren arabera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075803

c) 1., 2. eta 4. lerroetan sartutako elementuetarako, lehorrean baldin badaude eta nabigaziorako balio ez badute, esku-hartzearen xede den elementuaren gaineko jabetza egiaztatu beharko da; elementuen errentariek edo haien gaineko beste eskubide erreal batzuen titularrek, berriz, jabeen baimena eduki beharko dute, eta agiri bidez justifikatu. Museoen edo antzeko erakundeen kasuan, dena delako elementua erakundean gordailututako funtsen artean dagoela egiaztatu beharko dute.

d) 1. eta 2. lerroetako dirulaguntzak jaso ditzaketen elementuetarako, nabigazio-egoeran badaude, dagokien itsas kapitaintzaren erregistroaren kopia autentikoa edo ziurtagiria.

e) 4. lerroko dirulaguntza jaso dezaketen elementuetarako: dagokion itsas kapitaintzaren erregistroaren ziurtagiria edo ondasunaren jabetza egiaztatzeko ziurtagiria edo kopia, edo itsasontzia zer elkarte edo erakunderi atxikita dagoen egiaztatzeko ziurtagiria.

f) 3. lerroan sartu diren elementuen kasuan, esku hartutako objektuaren jabetza egiaztatu beharko da edo, errentarien edo haien gaineko beste eskubide erreal batzuen titularren kasuan, jabeen baimena izan beharko da, eta agiri bidez justifikatu.

g) Oro har, eskatutako dirulaguntzaren berme izango den beste edozein agiri, ongi ulertzeko eta balorazioa egiteko balio badu.

12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

13. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

2.– Eskabidearen izapidea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik. Urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege horren 14.2 artikuluetan aipatutako pertsona juridikoren batek edo nortasun juridikorik gabeko erakunderen batek modu presentzialean aurkezten badu eskabidea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak interesdunei eskatuko die akatsen zuzenketa bitarteko elektronikoz aurkez ditzaten. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

14. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Dirulaguntzaren helburu diren jarduerak balioesteko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, 2.2 artikuluan adierazitako dirulaguntza-lerroei dagozkien prozeduretako bakoitzean (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa errespetatuz). Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren eratuko da batzorde hori, zeinak, ezarritako esleipen-irizpideak oinarri hartuta, dagokion proposamena igorriko baitio Kulturako sailburuordeari, hark ebatz dezan. Honako hauek osatuko dute batzordea:

– Kultura Ondarearen zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu. Postua hutsik dagoenean, batzordeburua azaltzen ez denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordeztuko da.

– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari bat, Kulturako sailburuordeak izendatutakoa.

– Itsas kultura-ondarearen arloan entzute handia duten bi pertsona.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzorderen osaera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 49.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko kide bat izango da Batzordeko idazkaria, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

3.– Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

4.– Balorazio Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, eta kideen erdiek parte hartzea, hara bertaratuta edo urrunetik.

5.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena) 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

6.– Prozeduretako bakoitzean, ezarrita dauden esleipen-irizpideen aplikazioan oinarrituta, Balorazio Batzordeak Kulturako sailburuordeari bidaliko dizkio dagozkion ebazpen-proposamenak, eta haietan adieraziko du zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, eta nor proposatzen duen onuradun izateko, zer proiektu gauzatzeko proposatzen duen dirulaguntza ematea, eta dirulaguntza hori zenbatekoa izango den. Onuradunak nortasun juridikorik gabeko elkarteak badira, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa adierazi beharko dira. Horretaz gainera, adierazi beharko du zer dirulaguntza ukatzea proposatzen duen eta zein diren horretarako arrazoiak.

15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko:

– Behin eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, hala badagokio, 13. artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutakoan, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatuko ditu Balorazio Batzordeak, hurrengo puntuetan finkatzen diren irizpideekin bat etorriz.

– 1., 2. eta 3. lerroetan, dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduerek gutxienez hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte ebaluazio-fasean. Aldiz, 4. lerroan, gutxienez hamabost (15) puntu lortu beharko dira laguntzak jaso ahal izateko.

– Dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa baldin bada hasiera batean kalkulatutako zenbatekoa estaltzeko, zenbateko horiei jarraituz emango dira dirulaguntzak, eta dagokion prozedura ebatziko da. Hala badagokio, 4. lerroan sobera geratutako saldoarekin 1., 2. eta 3. lerroetako hasierako zuzkidura handituko da. Era berean, soberako saldorik bada 1., 2. eta 3. lerroetatik edozeinetan, soberakina gainerako lerroetan gehituko da, 1. lerrotik hasita. Hala eta guztiz ere soberako saldorik bada, 4. lerroan metatuko da. Baldin eta 4. lerroan diruz lagunduko diren kopuruek apartatu horri esleitutako 10.000 euroak gainditzen badituzte, zenbatekoen murrizketa lineala egingo da, zuzkidura horiek estaldura lortzeko nahikoak izan arte.

16. artikulua.– Ebaluazio- eta hautaketa-irizpideak.

Jarduketak lerro bakoitzean ebaluatu eta hautatuko dira, kasuan kasuko irizpideak kontuan hartuta.

1.– 1. lerroa: egurrezko ontzietan obrak egitea, musealizazioa helburu.

a) Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik. Gehienez ere 50 puntu emango dira.

Jardueraren interesa jarraian zehaztu bezala ebaluatuko da. Musealizatutako eta amarratutako ontzietan egingo diren jarduketak: gehienez ere 50 puntu. Lehorreko erakusketa-zentroetan edo amarratuta dauden ontzietan, oraindik musealizatu gabe badaude: gehienez ere 40 puntu. Musealizazio-prozesuan dauden ontzietan: gehienez ere 30 puntu.

b) Ontziaren antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu. Ontzia erreplika bat bada, zuzenean 3 puntu emango dira apartatu honetan, antzinatasuna edozein izanik ere.

c) Kontserbazio-egoeraren arabera 5 puntu emango dira gehienez, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

– Egoera txarrean badago eta % 80tik gorako konponketak behar baditu: 1 puntu.

– Egoera onargarrian badago eta % 50-80 arteko konponketak behar baditu: 3 puntu.

– Egoera onean badago eta % 30-50 arteko konponketak behar baditu: 4 puntu.

– Egoera bikainean badago eta % 20tik beherako konponketak behar baditu: 5 puntu.

Ontzia erreplika bat bada, zuzenean 3 puntu emango dira apartatu honetan, egoera edozein izanik ere.

d) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak 10 puntu jaso ahal izango ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen badu. Gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen badu eta 2 puntu jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen badu. Ontzia erreplika bat bada, zuzenean 6 puntu emango dira apartatu honetan, baremo hori alde batera utzita.

e) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egin bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egin bada; eta 0 puntu, ez bada ez bata ez bestea.

f) Gehienez 15 puntu emango zaizkie, beren ezaugarriak direla-eta ikono bihurtu diren eta kategoria guztiak gainditzen dituzten ontziei.

2.– 2. lerroa: egurrezko ontziak tresnatzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.

a) Gehienez 70 puntu emango dira, jardueraren arabera. Gehienez 70 puntu emango dira ontziaren bitartez itsas kultura tradizionalarekin lotutako jarduerak egin badaitezke. Gehienez 50 puntu emango dira itsas edo kultura-jarduerekin lotutako jarduerak egiten badira; eta gehienez 35 puntu ontziak publiko orokorrarentzako zerbitzu orokorrak eskaintzen baditu.

b) Antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu.

c) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak 10 puntu jaso ahal izango ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen badu. Gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen badu eta 2 puntu jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen badu.

d) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egin bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egin bada; eta 0 puntu, ez bada ez bata ez bestea.

3.– 3. lerroa: lehorreko instalazioen garrantzia nabarmentzea: ontziolak, lonjak, portuko beste elementu batzuk eta egurrezko egitura txikiak, hala nola ontziralekuak.

a) Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik. Guztizko puntuaziotik 45 puntu emango zaizkio gehienez ere.

– Kalitate handia: gehienez ere 45 puntu.

– Kalitate ertaina: gehienez ere 30 puntu.

– Kalitate txikia: gehienez ere 15 puntu.

b) Eskabidearen helburu den proiektuaren edo ekimenaren ezaugarri teknikoak. Gehienez ere 40 puntu emango zaizkie proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehazten dituzten proiektuei eta proiektuaren garapen zehatza aurkezten dutenei, finkatutako helburuak erdiesteko egin behar diren obra motak adierazten badituzte, betiere.

c) Jarduerak nolako zabalkundea eta hedapena duen kanpoan. Gehienez ere 15 puntu emango zaizkie EAEn oihartzun handia duten ekimenei; lurralde-mailako edo tokiko oihartzuna dutenei, berriz, 10 puntu gehienez.

4.– 4. lerroa: egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak.

Diruz lagunduko dira laguntza hauen xede diren ontzietan egindako esku-hartze guztiak, baldin eta ondasunaren ondare-balioen aurkakoak ez badira.

a) Antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu.

b) Kontserbazio-egoeraren arabera 5 puntu emango dira gehienez, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

– Egoera txarra: 1 puntu.

– Egoera onargarria: 3 puntu.

– Egoera ona: 4 puntu.

– Egoera bikaina: 5 puntu.

c) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak 10 puntu jaso ahal izango ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen badu. Gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen badu eta 2 puntu jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen badu.

d) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egin bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egin bada; eta 0 puntu, ez bada ez bata ez bestea.

e) Gehienez 15 puntu emango zaizkie beren ezaugarriak direla-eta ikono bihurtu diren eta kategoria guztiak gainditzen dituzten ontziei.

17. artikulua.– Balorazio- eta kuantifikazio-irizpideak.

1.– Ebaluazio- eta hautaketa-fasea bukatu ondoren esleituko zaizkie deialdi honetako dirulaguntzak hautatutako proiektuei, 2. artikuluan ezarritako lerroetako bakoitzean.

2.– Onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa zehazteko, hasiera batean eman beharreko zenbatekoa kalkulatuko da dirulaguntza-lerro bakoitzean, 6. artikuluan adierazitako gehieneko mugaren barruan, eta balorazio-fasean lortutako puntuazioaren proportzioan.

1., 2. eta 3. lerroetako dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, Epaimahai Kalifikatzaileak deialdirako xedatu den gehieneko diru kopuru osoaren hainbanaketa egingo du 15. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean, jarraian zehazten diren formulak aplikaturik.

a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta kasu bakoitzean hasieran proposatutako zenbatekoa. Formula hau erabiliko da horretarako:

(Ikus .PDF)

non,

Si = eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ei = kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren zenbatekoa.

Pi = Batzordeak programa edo jarduera bakoitzari esleitutako puntuazioa.

b) Aurreko apartatuan ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, formula honen bidez zehaztuko da kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, 2.2 artikuluaren apartatu bakoitzaren arabera:

(Ikus .PDF)

non,

Si’ = programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko zenbatekoa.

D = dirulaguntzaren helburu diren programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.

Si = aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa.

18. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen- eta jakinarazpen-epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kulturako sailburuordeari dagokio interesdunek planteatu dituzten gai guztien gaineko ebazpena ematea, balorazio-batzordearen proposamenari jarraituz.

2.– Esleipen-prozedura bakoitzean emandako ebazpenaren bidez erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: pertsonaren edo erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa. Onuradunak nortasun juridikorik gabeko elkarteak badira, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartu dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa adierazi beharko dira.

Dirulaguntza ukatzen bada, pertsona edo erakunde eskatzailearen nortasuna eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Aurreko lerrokadan aipatzen diren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpenaren ondorioak sor ditzan. Dena den, lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak egoitza elektronikoaren bidez egingo dira: www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori igarota aurreko paragrafoan ezarritako jakinarazpena egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

19. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek bete beharko dituzte agindu honetan zehaztu eta araututako dirulaguntzen onuradun izan diren pertsona edo erakundeek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari berariaz uko egiten, idatziz, dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza emateko oinarri izan diren helburua betetzea, proiektua exekutatzea edo jarduera gauzatzea.

3.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

4.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratu den beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik.

5.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu dela, hala izanez gero. Batez ere, lehenbailehen jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen gertaerak edo egoerak, proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.

6.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egiten ari direla eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.

7.– Diruz lagundutako jarduerarekin lotuta sor litezkeen karteletan, testuetan edo inprimatutako beste edozein bitarteko erreal edo birtualetan, adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta, gainera, sailaren logotipo ofiziala txertatu beharko da haietan.

8.– Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) bereziki 14. eta 46. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar, baita uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (lege hori garatzen duen erregelamendua onartzen duena) 68. artikulutik eratorritako betebeharrak ere.

20. artikulua.– Azpikontratazioa.

Onuradunek diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango dute, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 29. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

21. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

22. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Ordainketa bakar batean ordainduko dira agindu honen kargura emandako dirulaguntzak. Aurretik, betiere, justifikatu beharko da diruz lagundutako jarduera gauzatu dela, bai eta zer kostu izan duen ere, 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Erregistratu gabe egonez gero Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota erregistro horretan dauden bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, herritarrei arreta emateko bulegoetan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez erregistratu daiteke edo datuak aldatu, edo, bestela, egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Era berean, helbide horretan elektronikoki izapidetu ahal izango da alta.

23. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, baldintza hauek betetzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz: diruz lagundutako jardueraren izaerarekin nabarmen lotuta egotea, erabat beharrezkoak izatea eta 7. artikuluan ezarritako epean gauzatzea, betiere agindu honetako 2. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta.

2.– Diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legean (azaroaren 8ko 9/2017 Legea) kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik. Aurkeztutako hiru eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.

3.– Betiere, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 31. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (lege horren Erregelamendua onartzen duena) 83. artikuluan xedatutakoa.

24. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan (aipatutako erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, dirulaguntza justifikatzeko.

Era berean, justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bidez, baita urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

2.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, diruz lagundu den jarduera burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:

a) Egindako jardueraren frogagiriak: egindako jardueraren memoria ahalik eta zehatzena, argazkiak ere barne; eta egindako obra edo jarduera zehazten duen ziurtagiri teknikoa. 4. lerroaren barne hartutako onuradunek «Egindako jarduerak» izeneko dokumentuarekin ordezkatuko dute memoria hori. Egoitza elektronikoan eta Kultura Ondarearen Zerbitzuan eskura dezakete: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075803

b) Gastu guztiak justifikatzeko agiriak, jarraian zehazten denarekin bat etorriz:

– Sortu diren gastuen fakturak edo egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentu baliokideak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan balioa dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, modu korrelatiboan zenbakituta. Diruz lagundutako jarduera egiteko gastuenak izan behar dira guztiak, eta haien zenbatekoak egindako gastuaren bestekoa izan beharko du. Ezohiko formatua edo formatu txikia duten ziurtagiriak badira (tiketak eta abar), horien fotokopiak erantsi beharko dira DIN A-4 formatuan, zenbatuta eta fakturazioari dagokion zenbaki berarekin.

c) Zinpeko adierazpen bidez, dirulaguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena, egoitza elektronikoan nahiz Kultura Ondarearen Zerbitzuan (www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075803) eskura daitekeen Balantze izeneko inprimakiari jarraituz. Espresuki adierazi beharko dira erakunde publiko nahi pribatuetatik jasotako laguntzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntza barne dela. Ez bada beste laguntzarik jaso Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain, hori adierazten duen ziurtagiri bat atxikiko da.

d) Onuraduna beste administrazio publiko bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du, emandako dirulaguntzaren helburua bete dela adierazteko eta hartarako erabilitako zenbatekoak zehazteko.

e) Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.

3.– Diruz lagundutako proiektuak 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen justifikatu beharko dira.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, betiere, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

25. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

1.– Helburua eta irizpideak.

Behin betiko likidazio-ebazpena emango da, emandako dirulaguntza egiaz gauzatu den proiektuari egokitzeko. Justifikatutako diru-zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino handiagoa izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzeko.

2.– Prozedura.

a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak aztertu ondoren, egokitzat jotzen badira, murrizketa egin beharra dagoenean ordaindu beharreko zenbatekoa ordainduko da.

b) Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta dirulaguntzaren xedea bete dela ikusten denean, dirulaguntza emateko hasierako ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan dena baino txikiagoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso dituztelako ezarri diren mugak gaindituz.

c) Salbuespeneko kasuetan, jardueraren ez-gauzatze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko jarduketa bat dela egiaztatzen bada, eta jardueraren gauzatze-maila, gutxienez, eskaeran aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 75era iristen bada. Kasu horretan, emateko ebazpena aldatu beharko da, azkenean eman den zenbatekoa aurrekontu osotik egiatan justifikatu den kopuruaren proportzioaren arabera murriztuta.

d) Ebazpenaren terminoak aldatu egingo dira likidazioaren ebazpenean, dirulaguntza osorik ezeztatzea bidezkoa bada edo agindu honetako 26. artikuluan zehaztutako kasuetan.

26. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluaren eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematean ezarri direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloan aplika daitekeen beste edozein xedapenek oro har ezarritako edozein betebehar urratzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan araututako itzuleraren kausa direnak.

2.– Artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Xedea: itsas kultura-ondarearen garrantzia azpimarratzeko dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: https://www.euskadi.eus/dbao/1030004

AZKEN XEDAPENETAKO Lehenengoa

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO Bigarrena

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala