Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2020ko irailaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3463

AGINDUA, 2020ko uztailaren 27koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena. Honen bidez, udalentzako, tokiko organismo autonomoentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako dirulaguntzak arautzen dira, eta horietarako 2020ko ekitaldirako deialdia egiten da, irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko xedez.

Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarri du, tresna gisa, lau urterako programak egin behar dituztela udalek, tokiko organismo autonomoek eta toki-erakunde txikiek, beste hainbaten artean, dagoeneko titulartasun, erabilera edo zerbitzu publikoa duten hiri-inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako, garraiobideetako eta informazio-sistemetako irisgarritasuna bermatzeko eta sustatzeko. Programen helburua elementu horiek legean eta hura garatzen duen araudian aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara egokitzea da.

Aipatutako legean ere adierazi da irisgarritasuna sustatzeko behar diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dutela Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek. Diruz laguntzeko moduko programetan, lehentasuneko jarduketa gisa ezarriko da hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzetara egokitzeko obrak finantzatzea.

Abenduaren 4ko 20/1997 Legean ezarritako helburuetako bat ingurunea antolatzea da, herritar oro berdin eta ahalik eta independenteen molda dadin, pertsonen beharrak instalazioetan integratuta, guzti-guztiek normaltasunez erabil ditzaten, hori baita Europako irisgarritasun-kontzeptuan bildutako diseinu unibertsalaren oinarria.

Abenduaren 2ko 51/2003 Legeak, desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak (LIONDAU), ikuspegi-aldaketa ekarri zuen pertsona horien eskubideak gizartearen barruan parekatzeari ekiteko moduan. Horrela, Espainiako araudian «irisgarritasun unibertsalaren» kontzeptua sartu zen, hau da, inguruek, produktuek eta zerbitzuek bete behar duten baldintza, pertsona guztiek ulertzeko, erabiltzeko eta erabiltzeko modukoak izan daitezen.

Arau hori garatzeko, honako hauek argitaratu ziren: 505/2007 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, espazio publiko urbanizatuetara eta eraikinetara sartzeko eta horiek erabiltzeko desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak onartzen dituena, eta Viv/561/2010 Agindua, otsailaren 1ekoa, espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta erabiltzeko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzen dokumentu teknikoa garatzen duena.

Azkenik, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua onartu da, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena. Dekretu horrek irisgarritasun unibertsala eta diseinu unibertsala edo diseinua berresten ditu pertsona guztientzat, eremu hori arautzen duten printzipio gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, ekainaren 18ko Legea onartu zen, Etxebizitzarena, eta lege horretan adierazten denez, administrazio publiko eskudunek, eta bereziki toki-erakundeek, bakoitzak bere kabuz edo elkar hartuta eta Eusko Jaurlaritzaren zein foru-aldundien laguntzarekin, bultzatu egingo dute eraikitako ondarea birgaitu, berritu eta biziberritzea, herritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea bete ahal izan dadin, bizigarritasun, funtzionaltasun, energia-eraginkortasun, irisgarritasun eta segurtasuneko baldintza egokietan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoak bat egiten du saileko dokumentu programatiko sektorialetan jasotako konpromisoekin; batez ere, honako hauetan azaltzen direnekin: Ingurumen Esparru Programa, Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 epealdiko Esparru Programako 6. ardatzean txertatzen diren Etxebizitzak Birgaitzeko Renove programak eta 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana.

Laguntza hauek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daude, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Dokumentu hori herritarren eskura dago Sailaren webgunean.

Azkenik, adierazi behar da Gobernu Kontseiluak, 2020ko otsailaren 4an egindako bilkuran, irisgarritasun unibertsalaren euskal estrategia onartu zuela. Estrategia horren printzipio inspiratzaileetako bat pertsona guztientzako diseinua da, eta jarduera horren bidez sortzen edo proiektatzen dira, ahal den guztietan, inguruneak, prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, objektuak, tresnak, programak, gailuak edo tresnak, pertsona guztiek erabil ditzaten, Ahalik eta hedadura handiena, egokitu edo diseinatu beharrik gabe.

Irisgarritasunaren Euskal Estrategiak sei helburu estrategiko jasotzen ditu, besteak beste, irisgarritasun unibertsalaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzeko kontrola eta irisgarritasuna kudeaketa publikoan oinarrizko eta zeharkako elementu gisa txertatu nahi duen sustapena.

Hala, irisgarritasun unibertsalaren euskal estrategiaren jarduera-ildoetako bat da irisgarritasuna erosketa publikoaren, kontratazio publikoaren eta dirulaguntzen programen lehentasunezko baldintza gisa sartzea; beraz, dokumentu horretan irisgarritasunaren arloan orain arte egindako jarduketen azterketa bat jasotzen bada ere, laguntza-programa honen ondorioz orain arte lortutako aurrerapenak barne, estrategiaren aurreikuspena bultzada berritzat hartu behar da programa horrekin jarraitzeko.

Bestetik, laguntza hauek bateragarriak dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin, eta ondorioz laguntza hauek ez dira Europako Erkidegoko zuzenbidearekin bateraezinak diren estatuaren dirulaguntza batzuk.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean badago nahikoa kreditu Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso horiek gauzatzeko. Ondorioz, programa honen bidez beste deialdi bat egitea planteatzen da, behar besteko aurrekontu-estaldura baitu.

Ondorioz, programa honen deialdi berri bat proposatzen da, honako dirulaguntza honek nahikoa aurrekontu-estaldura baitauka.

Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da udalentzako, tokiko organismo autonomoentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako dirulaguntzak arautzea eta 2020ko ekitaldirako deialdia egitea, irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko xedez.

2.– Irisgarritasun-planen eta plan horien eguneratzeen xedea izango da egungo hiri-inguruneak, gune publikoak, eraikinak, garraioak eta informazio-sistemak irisgarritasun arloan indarrean dagoen legedian eta horren garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara modu progresiboan egokitzea.

3.– Hobekuntza-obrak Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko hiri-ingurunean eta sarrera edo erabilera publikoko eraikinetan irisgarritasuna bermatzera bideratuko dira, irisgarritasun arloan indarrean dagoen legediaren eta horren garapen-arauen baldintzak kontuan izanda.

Hobekuntza-obretan sartutzat joko dira egokitzapen-ekipamendua eskuratzea eta instalatzea.

Udalek, tokiko erakunde autonomoek eta toki-erakunde txikiek sustatutako hobekuntza-obren kasuan, obra horiek indarrean dagoen irisgarritasun-planean sartuta egon beharko dute, eta ez dira halakotzat joko planaren aldaketetan edo eranskinetan jasotako obrak, baldin eta laguntza hauen urteko deialdia baino bi hilabete lehenago onartu badira.

4.– Kultura-interesekotzat deklaratutako higiezinei edo beste edozein babes-araubideren mende dauden higiezinei eragiten badiete obrek, aplikatzekoa den babes-araubidea kudeatzeko eskumena duen organoak aldeko txostena eman beharko du, edo, hala badagokio, onartu egin beharko ditu obra horiek, bere araubidearekin bat etorriz.

5.– Ez dute dirulaguntzarik jasoko aurri-deklarazioa duten eraikinetan edo deklaratzeko moduan daudenetan egin beharreko jarduketek.

6.– Ez dute dirulaguntzarik jasoko eraikinen ikuskapen teknikoaren (EIT) arabera 1., 2. edo 3. mailako obrak egin beharra daukaten eraikinetako esku-hartze proposamenek, salbu eta laguntza-eskabidean honako agiri hauetako bat jasotzen bada:

a) 1., 2. eta 3. mailako obrak egitea jasotzen duen esku-hartze proposamena.

b) Udalaren, tokiko organismo autonomoaren, toki-erakunde txikiaren edo xede soziala duen onura publikoko erakunde pribatuaren akordioa, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baitu obra horiek agindu honetako 14. artikuluan ezarritako epearen aurretik egiteko.

c) Obra horiei dagokienez, eraikinen ikuskapen teknikoaren (EIT) zuzenketa-ziurtagiria, dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Hona hemen dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak:

a) Irisgarritasun-planak egin eta idazteko lanak eta plan horien eguneratzeek.

b) Hiri-izaerako igogailuak eta plataforma jasotzaileak jartzeko obrak.

c) Eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko obrak. Halakotzat hartzen dira honako obra hauek: igogailu eta plataforma jasotzaileak, arrapalak, komun eta aldagela egokituak, ateak eta eskudelak.

d) Hiri-ingurunean egindako obrak, arrapala ez-mekanikoak egiteko, ibiak sortzeko eta eskudelak instalatzeko.

e) Kale urbanizatuak birgaitzeko obrak. Halakotzat hartzen dira honako obra hauek: espaloiak zabaltzea, zoladura podotaktilak instalatzea, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku-plazak erreserbatzea, oinezkoen ibilbideak laburtzen dituzten oinezkoentzako pasabideak, kaleko plataforma bakarra, zuhaitz-txorkoak ixtea eta urbanizazioen birgaitze integralak.

f) Eraikinetan seinaleak eta ekipamendu egokitua eskuratzea eta instalatzea.

2.– Irisgarritasun-planak egin, idatzi eta eguneratzeko lanek dirulaguntza jaso ahal izateko, honako dokumentazioa izan beharko dute gutxienez:

a) Egokitu beharreko komunikazioaren, garraioaren, eraikinaren eta kanpoko espazioen inbentarioa.

b) Jarduketen lehentasun-ordena.

c) Programa ekonomikoa eta finantzarioa, egokitzapenak egitera zuzendutako aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.

d) Egokitzapenak egiteko egutegia.

3.– Ez dira diruz lagunduko irisgarritasun-planen eguneratze partzialak, aurreko atalean adierazitako edukiaz gain, eguneratutako planaren esparruan lortutako emaitzen ebaluazioa jasotzen ez badute.

4.– Hobekuntza-obren kasuan, dirulaguntzen onuradun diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, tokiko erakunde autonomoek, toki-erakunde txikiek eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuek egindako obrak baino ez dira diruz lagunduko.

5.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 ere azpikontratatu dezake onuradunak. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertzen da onuradun azpikontratatzaileak hirugarrenekin hitzartzen duela dirulaguntzaren helburua eratzen duen jardueraren exekuzio osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduerak osorik edo zati batean gauzatzeko itunik egin honako pertsona hauekin:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko debekuren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

c) Bitartekariak edo aholkulariak, non ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko gisa definitzen diren, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatu-balioa erreferentziatzat hartuta.

d) Onuradunarekin lotutako pertsonak edo erakundeak, honako egoera hauetan izan ezik:

1) Dirulaguntza ematen duen organoak aldez aurretik berariazko baimena ematea.

2) Diruz lagun daitekeen zenbatekoa ez izatea lotutako erakundeak egindako kostua baino handiagoa. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatzen duten pertsona edo erakundeak, baldintzak betetzen ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako dirulaguntzarik lortu ez dutenak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntza hauen onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, tokiko organismo autonomoak, toki-erakunde txikiak eta xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatuak, betiere aurreko artikuluan zehaztutako jarduketak burutzea eta garatzea baldin badute helburu.

Xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatutzat honako hauek hartuko dira: Onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren arabera onura publikoa onartuta duten elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudenak; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta dauden fundazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Ezin izango dira erakunde onuraduntzat hartu udalak, tokiko organismo autonomoak edo toki-erakunde txikiak, baldin eta ez badute ziurtatzen udalak jakinarazi diola Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluari zein espedientetan eman duen tokiko agintaritzak irisgarritasunaren arloko salbuespena, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren V. eranskineko 3.3 artikuluan xedatutakoaren babesean eta hura betez (hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen dekretua).

3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

4.– Ezin izango dira onuradun izan horretarako ezgaitzen duen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

5.– Elkarteen kasuan, ezingo dira inoiz izan onuradun elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan zehaztutako debekuen kausak egotz dakizkiekeen elkarteak. Era berean, ezingo dira onuradun izan ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalen ondorioz inskripzio-prozedura administratiboa eten zaien elkarteek, harik eta dagokion erregistroan inskribatzea ahalbidetzen duen ebazpen judizial irmoa eman arte.

6.– Dirulaguntzen pertsona onuradunaren izaera inola ere ez zaie egokituko urteko kontuak aurkezteko obligazioa bete ez duten fundazioei, edo beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean aurreikusitakora egokitu ez dituztenei, Lehen Xedapen Iragankorrean ezarritakoa betez.

7.– Automatikoki egiaztatuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan. Era bereran, dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte. Esandako eskakizunak indarrean izango dira harik eta emandako dirulaguntza kitatu arte.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) 22. artikuluan azaltzen den eran.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Interesdunek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan (euskadi.eus):

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0088509

Era berean, eskabideak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eta identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak egoitza elektroniko horretan daude eskuragarri.

Eskaeraren eta kontsulten ondorengo izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» erabilita (https://www.euskadi.eus/mikarpeta).

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Eskabidearen edukia eta eskabide bakoitzarekin aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaile den erakunde bakoitzak eskabide bat aurkeztu beharko du diruz lagundu daitekeen jarduketa bakoitzeko, eta halakotzat hartuko dira agindu honetako 2. artikuluaren 1. puntuan deskribatutakoak.

2.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpena dakar berekin, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. apartatuan aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina), eta adierazpen horretan honako hauek jaso beharko dira:

a) Erakunde eskatzaileak beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu baditu; kasu horietan, eskatutako zenbatekoak, emandako zenbatekoak eta erakundeak BEZa jasanarazi ahal zaion ala ez berariaz adierazi beharko da.

b) Erakunde eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen edo egon den.

c) Erakunde eskatzailea zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ezin izateko zehatu duten, edo dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren baten pean dagoen.

d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik administrazio-zehapen edo zigorrik betetzen duen ala ez, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako zehapenik duen.

e) Erakunde eskatzaileak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak, 2. eta 3. ataletan, onuradun izateko ezarritako debekurik.

f) Erakunde eskatzaileak jakinarazi dion Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluari zein espedientetan eman duen tokiko agintaritzak irisgarritasunaren arloko salbuespena, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren V. eranskineko 3.3 artikuluan ezarritakoa (hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen dekretua).

g) Elkarteen kasuan, erakunde eskatzaileari ezin egotz dakiokeela elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluan aurreikusitako debekuen kausetarik bat ere.

h) Fundazioen kasuan, entitate eskatzaileak ekainaren 2ko 9/2016 Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legean aurreikusitako estatutuen arabera moldatu beharko ditu bere estatutuak.

3.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den jarduketa kontuan harturik, laguntza-eskabideekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira.

a) Irisgarritasun-planetarako: plana egin eta idazteko edo eguneratzeko gastuaren aurrekontua.

b) Hobekuntza-obretarako:

1) Udalaren, tokiko organismo autonomoaren, toki-erakunde txikiaren edo xede soziala duen onura publikoko erakunde pribatuaren akordioa (horretarako gaitasuna duenarena), zeinaren bidez eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduketa gauzatzea onartzen baita.

2) Xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

– Elkarteen kasuan, onura publikoko aitortzari buruzko ziurtagiria, Onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudela dioen ziurtagiria;

– Fundazioen kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

– Erakundeari bere xedeak garatze aldera eraikina erabiltzeko ahalmena ematen dion tituluaren fotokopia.

3) Agindu honen 2.1 artikuluan aurreikusitako jarduketaren proposamena.

Hiri-izaerako plataforma jasotzaileak eta igogailuak jartzeko obren kasuan proposamena oinarrizko proiektu osoa izango da.

Gainerako obretarako, agindu honen xedea betetzen dela justifikatzeko beharrezkoa den informazio guztia, idatzia eta grafikoa, jasoko du proposamenak. Horretarako, proposamenak jarduera deskribatzeko eta justifikatzeko memoria bat, proposamenaren azterketa ekonomiko bat eta planoak jasoko ditu, agindu honen I. eranskinean adierazitako baldintzetan.

4) Eskabidearen xede den jarduketa birgaitze integratuko eremu batean edo eremu degradatu batean badago, jarduketa aipatutako eremuaren mugari dagokionez nola kokatuta dagoen erakusten duen planoa aurkeztu beharko da.

5) Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, irisgarritasunaren sustapenaren arloan indarrean dagoen araudiak eskaturiko eskakizun eta irizpideetarako aurreikusiriko jarduketaren egokitzapenari buruzkoa.

6) Irisgarritasun-planaren fotokopia, zehazki dirulaguntzaren eskaeraren xede den obra jasotzen duen atalarena; eta irisgarritasun-planaren kopia digitala, aurreko urteetako deialdietan aurkeztu ezean. Erakunde pribatuek ez daukate halakorik aurkeztu beharrik.

7) Txosten teknikoa, udalerriaren edo entitate publikoaren irisgarritasun-plana zer neurritan gauzatuta dagoen jasotzen duena. Horretarako, laguntza-eskaeraren xede den jarduera jasotzen duen planean aipatzen den aldia identifikatu beharko dute, bai eta planaren betetze-ehunekoa ere. Erakunde pribatuek ez daukate halakorik aurkeztu beharrik.

8) Katalogatutako edo babestutako eraikinetan egin beharreko jarduketen kasuan, eraikina dagokion babes-araubidearen mende dagoela ziurtatzeko behar den dokumentazioa, eta, horrekin batera, proposatutako obrak gauzatzeko aldeko txostena edo baimena, organo eskudunak emandakoa, agindu honen 1. artikuluaren 4. apartatuari jarraikiz.

9) Hala badagokio, eta agindu honetako 1.6 artikuluaren ondorioetarako, honako agirietako bat:

10) 1., 2. eta 3. mailako obrak egitea jasotzen duen esku-hartze proposamena.

– Udalaren, tokiko organismo autonomoaren, toki-erakunde txikiaren edo xede soziala duen onura publikoko erakunde pribatuaren akordioa, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baitu obra horiek agindu honetako 14. artikuluan ezarritako epearen aurretik egiteko.

– Obra horiei dagokienez, eraikinen ikuskapen teknikoaren (EIT) zuzenketa-ziurtagiria, dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela.

Agiri bakoitza eskariarekin batera aurkeztu behar den beste agiriekiko desberdindu beharko da, pdf formatua izan beharko da eta bere izena izan beharko du atal honetan aurreikusten den agirien zerrendan jasotzen den moduan.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Laguntza kudeatzen duen organoak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Erakunderen batek eskabidea aurrez aurre aurkeztuko balu, laguntza kudeatzen duen organoak zuzentzeko eskatuko du, eta elektronikoki aurkezteko adierazi. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

3.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Agindu honen arabera emandako dirulaguntzen kudeaketa-lanak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak egin behar ditu.

8. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta egiaztatzeko, honela osatuko dena:

– Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); batzordeburu jardungo du.

– Lurzoruaren Kudeaketarako zerbitzuburua (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa).

– Horretarako izendatutako Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzako teknikaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); idazkari jardungo du.

Balorazio-epaimahaiaren osaketa laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen den uko egiteko araubidearen ondoreetarako.

2.– Epaimahaiak, agindu honetako 10., 11. eta 12. artikuluetan ezarritako irizpideak aplikatuz, ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitza Sailburuordetzari. Proposamen horretan onuradunen zerrenda egongo da, lehentasun-hurrenkeraren araberakoa, eta bertan laguntzaren xede diren jarduketak eta proposatutako dirulaguntzen zenbatekoak adieraziko dira, bai eta ezesteko proposatutako eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere.

3.– Balorazio-epaimahaiak, beharrezkotzat joz gero, aukera izango du interesdunei bere zeregina aurrera eramateko egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzeko. Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-epaimahaiak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.

9. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honetan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura osoa sei milioi eta hirurehun mila (6.300.000,00) euro izango da, honako banakatze honen arabera:

(Ikus .PDF)

Zuzkidura honako aurrekontu-partida honetan dago: 20.0.1.05.31.0000.4.722.01.43124.007/ C.

10. artikulua.– Irisgarritasun-aurrekontua.

Irisgarritasun-aurrekontutzat hartuko da, laguntza eskatzeko xede den jardueraren arabera, plana egiteko eta idazteko edo hura eguneratzeko lanen aurrekontua, irisgarritasun-obren aurrekontua eta aurkeztutako egokitzapen-ekipamenduaren aurrekontua, zergak eta tasak alde batera utzita.

11. artikulua.– Dirulaguntzen gehieneko kopurua.

1.– Dirulaguntzaren gehieneko kopurua honela aterako da: diruz laguntzeko moduko jarduketa bakoitzaren irisgarritasun-aurrekontua honako apartatu hauen arabera aplikatzekoak diren koefiziente eta portzentajeekin biderkatuta.

2.– Jarduketaren arabera aplikagarri diren gehieneko koefizienteak:

a) Irisgarritasun-planak egin eta idaztea eta plan horiek eguneratzea: Koef. = 1.

b) Hiri-izaerako igogailuak eta plataforma jasotzaileak jartzeko obrak: Koef. = 1.

c) Eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko obrak: Koef. = 1.

d) Hiri-ingurunean egindako obrak, arrapala ez-mekanikoak egiteko, ibiak sortzeko eta eskudelak instalatzeko: Koef. = 1.

e) Urbanizatuta dauden kaleak birgaitzeko obrak: Koef. = 0,4.

f) Mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku-plazak erreserbatzea: Koef.= 0,5.

g) Eraikinetan seinaleak eta ekipamendu egokitua eskuratzea eta instalatzea: Koef. = 0,5.

3.– Diruz lagun daitezkeen gehieneko portzentajeak.

Aurreko puntuaren arabera, jarduketa bakoitzaren irisgarritasun-aurrekontuari dagozkion gehieneko koefizienteak aplikatuz ateratzen den emaitza honako gehieneko portzentajeekin biderkatuko da:

a) % 75, irisgarritasun-planen eta horien eguneratzeen kasuan.

b) % 50, hobekuntza-obrei dagozkien jarduketen kasuan, ondoren adierazitako kasuetan izan ezik.

c) % 75, hiri-izaerako igogailuekin eta plataforma jasotzaileekin lotutako obrak.

d) % 60, hobekuntza-obrekin lotutako jarduketen kasuan, hiri-izaerako igogailuen eta plataforma jasotzaileen obrak izan ezik, baldin eta degradatu gisa deklaratutako eremuetan edo birgaitze integratuko eremuetan badaude.

e) Honako portzentaje hauek, kultura-interesekotzat deklaratutako higiezinetan edo beste edozein babes-araubideren mende dauden higiezinetan kokatutako hobekuntza-obren kasuan:

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera babes berezia dutenak: % 70.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera babes ertaina dutenak: % 65.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera oinarrizko babesa dutenak: % 60.

Monumentu-multzo baten parte izateagatik (eta ez higiezin horiei bakarrik aitortzen zaizkien balioengatik) babestutako higiezinen kasuan, dirulaguntza kalkulatzeko ondorioetarako, katalogatuekin parekatuko dira.

4.– Agindu honen babesean erakunde bakoitzari eman dakiokeen laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300.000,00 eurokoa izango da.

12. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.

1.– Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta ondorengo irizpideen arabera esleipendun diren proiektuei emango zaie dirulaguntza.

2.– Horrela kalkulatutako zenbatekoen batura agindu honetan emandako aurrekontu-zuzkidura baino handiagoa bada, laguntzak honako lehentasun-hurrenkeraren arabera emango dira:

1.a Lehenik eta behin, irisgarritasun-planei eta horien eguneratzeei buruzko eskaerei erantzungo zaie.

Eskura dagoen zuzkiduraren zenbatekoa irisgarritasun-planei eta horien eguneratzeei buruzko eskabide guztiei erantzuteko adinakoa ez bada, planak egiteko proiektuei emango zaie lehentasuna, eguneratzeak idazteko proiektuei baino lehen.

Eskura dagoen zuzkiduraren zenbatekoa irisgarritasun-planak egiteko eskaera guztiei erantzuteko nahikoa ez bada, zuzkidura proportzionalki hainbanatuko da eskaera horien artean, eta diruz lagun daitezkeen gainerako jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak ukatzea erabakiko da.

2.a Irisgarritasun-planetarako eta horien eguneratzerako emandako dirulaguntzak deskontatu ondoren, aurrekontuko zuzkiduraren gainerako zenbatekoa obretarako banatuko da, modu honetan eta multzo hauen arabera:

a) % 60, hiri-izaerako igogailuak eta plataforma jasotzaileak jartzeko.

b) % 20, eraikinen irisgarritasunerako aurreikusitako jarduketetarako (igogailuak, plataforma jasotzaileak, arrapalak, komunak, aldagelak, ateak, eskudelak), seinaleak eta ekipamendua izan ezik, enumerazio honetako lehentasun-hurrenkera kontuan izanda.

c) % 15, arrapala ez-mekanikoetarako eta ibiak eta eskudelak sortzeko, lehentasun-hurrenkera honekin.

d) % 5, urbanizatuta dauden kaleak birgaitzeko, eraikinetako seinaleak eta ekipamendua egokitzeko, eta urbanizazioen birgaitze integralerako, lehentasun-hurrenkera honekin.

Urbanizatuta dauden kaleak birgaitzeko edo urbanizazioen birgaitze integralerako obretan hurrengoak izango dira diruz lagundu daitezkeen jardunak: espaloiak zabaltzea, zoladura podotaktilak instalatzea, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak erreserbatzea, oinezkoen ibilbideak laburtzen dituzten oinezkoentzako igarobideak, kaleetako plataforma bakarra, zuhaitz-txorkoak ixtea eta urbanizazioen birgaitze integralak.

Urbanizatuta dauden kaleak birgaitzeko edo urbanizazioen birgaitze integralerako proiektuetan adierazitako enumerazioko lehentasun-hurrenkerari jarraituz.

Dagoen zuzkiduraren zenbatekoa nahikoa ez bada adierazitako ataletako batean aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, talde bakoitzean lehentasuna emango zaie birgaitze integratuko eremuetan edo eremu degradatuetan dauden jarduketei. Gero talde bakoitzerako zehaztu den lehentasun-hurrenkera jarraituko zaio, eta ondoren agindu honetako 11. artikuluarekin bat etorriz dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera.

Talderen batean, bertan kokatutako jarduketei buruzko eskabide guztiei erantzun ondoren, soberakinen bat ateratzen bada, kopuru hori hurrengo jarduketa taldeari esleitutakoari gehituko zaio, 2. atal honetan ezarritako hurrenkerari jarraituz, 2a taldean hasi eta 2d taldean amaituz.

3.– Aurreko paragrafoetan deskribatutako esleipen-irizpidearen arabera erakunde berberari diruz laguntzea proposatutako jarduketen zenbatekoen batura gehieneko zenbateko hori baino handiagoa balitz, jarduketa horiek diruz lagunduko dira artikulu honen 2. puntuan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera, harik eta zenbateko hori agortu arte.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Deialdi honetara aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-epaimahaiaren proposamenez.

2.– Ebazpenean erabakiko da agindu honetako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen direnen kasuan, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua edo gastua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa –diruz lagundutako jarduketetan banakatua eta urteko kopuruak adierazita– eta jarduketak gauzatzeko epeak. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izenaz gain, laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus) argitaratuko da dirulaguntzak emateko prozeduraren ebazpena, publikotasunaren ondorioetarako.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

14. artikulua.– Jarduketen denbora-eremua.

1.– Laguntzen xede diren jarduketak 2020an hasi beharko dira eta 2021eko azaroaren 15a baino lehen amaituta egon beharko dira planen kasuan, eta 2022ko urriaren 31 baino lehen hobekuntza-obren kasuan.

2.– Erakunde onuradunaren asmoaz haragoko kausak gertatzen direnean eta kausa horiek behar bezala justifikatzen badira, erakundeak epea luzatzeko eska dezake, ezarritako gauzatze-epea amaitu baino lehen. Epea ez da onuradunak justifikatutako atzerapenaren aldia baino gehiago luzatuko eta ez da 2022ko abenduaren 30a baino beranduago bukatuko planen kasuan, eta 2023ko abenduaren 30a baino beranduago hobekuntza-obren kasuan, eta Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen bidez onetsi beharko da, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren. Ebazpen horretan, era berean, azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken epe berria finkatuko da.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak eta dirulaguntzak emateko bestelako baldintzak.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluarekin bat etorriz:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar dute. Dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza bere xede zehatzerako erabiltzea, hau da, irisgarritasun-plana idazteko edo hura eguneratzeko eta hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko.

c) Dirulaguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.

d) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntzak itzultzeagatiko obligazioak ordainduta dituela egiaztatzea esleitzeko ebazpen-proposamena eman aurretik.

f) Dirulaguntzei publikotasuna ematea aipatutako azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18. artikuluak adierazitakoaren arabera. Publikotasuna, gutxienez ere, esleitutako dirulaguntzaren berri erakunde onuradunaren webgunean ematea izango da, eta bestelako publikotasunik ere zehaztu ahal izango da jarduketaren izaeraren eta ezaugarrien arabera.

Aurrekoa gorabehera, laguntza jaso duten irisgarritasun-planen eta horien eguneratzeen memorietan jaso beharko da dokumentua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren laguntzarekin egin dela, agindu honen babesean, eta, gainera, dirulaguntzaren ehunekoa ere adierazi beharko da. Gainera, sail horren logotipoa sartu beharko da egiten diren dokumentu guztietan.

Agindu honen babespean egindako igogailuetan, barnekoak zein hirikoak izan, metalezko plaka bat instalatuko da, Din A5 tamainakoa gutxienez, eta bertan adieraziko da jarduera laguntza-araubide honetarako eskumena duen sailak diruz lagundu duela, agindu honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

g) Apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak (hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena) V. eranskineko 3.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, deialdi honen aurreko urteko obra-lizentzietan irisgarritasunaren arloan emandako salbuespenen informazioa eta justifikazioa helarazi behar izango diote udalek Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluari.

2.– Agindu honetako 10. artikuluan jasotako irisgarritasun-aurrekontuaren zenbatekoak Sektore Publikoaren Kontratuen Legeak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik. Alderdi hori irisgarritasun-planak idazteko kontratuari eta horien eguneratzeei (zerbitzu-kontratuei) nahiz obrak gauzatzeko kontratuari aplikatuko zaie. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (dirulaguntzaren justifikazioarekin edo, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztuko dira eskaintzak), efizientzia eta ekonomia irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Kasu bakoitzean emandako dirulaguntza ordainketa hauen bidez ordainduko da, prozedura honen arabera:

1.– Kasu guztietan, emandako zenbatekoaren % 4,76 ordainduko da aurreratutako ordainketa gisa, aurreko artikuluaren a) apartatuan adierazitako 15 eguneko epea amaitu ondoren, betiere apartatu horretan aipaturiko uko-egite propiorik ez badago, eta erakunde onuradunak gastua baimentzea justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Diru kopuru hori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da (Euskal Autonomia Erkidegoren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen Dekretua).

2.– Irisgarritasun-planen kasuan, dirulaguntzaren gainerako zatia 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, betiere lanak amaitu eta honako dokumentazio hau Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzan plataforma digitalaren bidez aurkeztu ondoren:

a) Fakturen kopia eta formalizatutako kontratuari dagozkion ziurtagiriak.

b) Idatzitako planaren ale bat.

c) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, non egiaztatuko baita, batetik, emandako dirulaguntzaren helburua eta xedea bete direla, eta, bestetik, zein kopuru erabili diren horretarako.

d) Helburu berbererako emandako bestelako dirulaguntzei buruz erakunde onuradunak egindako justifikazio-ziurtagiria.

Dirulaguntza osoa ordaintzeko eskatutako dokumentuak aurkezteko azken eguna 2021eko abenduaren 1a izango da, salbu eta proiektua gauzatzeko luzapen bat erabaki bada; kasu horretan, dagokion ebazpenean xedatutakoa bete beharko da.

3.– Hobekuntza-obren kasuan –egokitzapen-ekipamendua eskuratu eta instalatzea barne hartuta–, dirulaguntzaren gainerako zatia 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, ondoren adierazitako dokumentazioa Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzan plataforma digitalaren bidez aurkeztu ondoren. Aurrekontu osoaren % 10 ordaindu gabe gordeko da, obra amaitu arte.

Obrak irauten duen bitartean, laguntza ordaintzea erabakiko da honako dokumentazio hau aurkezten denean: egindako jarduketei dagozkien ziurtagiriak eta fakturak, eta dagokion ordainagiria.

Laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, dagokion ordainketa egitea erabakitzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Obra-ziurtagiriak eta egindako jarduketen fakturak, dagozkien ordainagiriekin.

b) Obraren hasierako eta amaierako aktak.

c) Argazki-dokumentazioa, egindako obrari buruzkoa eta diruz lagunduko den jarduketaren xede den inguruneari buruzkoa. Pdf formatuko dokumentua (gehienez bi argazki DINA4 tamainako orri bakoitzeko).

d) Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legearen araberako teknikari eskudunaren ziurtagiria, non egiaztatuko baita egokitzapen-obrak edo -ekipamenduak betetzen duela irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudian, hura garatzeko arauetan eta eraikingintzaren Kode Teknikoan (DB-SUA) ezarritakoa.

e) Xede bererako jasotako bestelako dirulaguntzen ziurtagiria.

f) Obraren amaierako ziurtagiria, dagokion elkargoak ikus-onetsia, obra mota dela-eta nahitaezkoa baldin bada.

Diruz lagundutako obren proiektua udaleko, organismoko edo erakundeko bertako langileek idatzi badute, modu berean aurkeztu behar da erakunde onuraduneko proiektuak gainbegiratzeko zerbitzuari atxikitako langileek sinatutako obraren amaierako ziurtagiria.

Diruz laguntzeko moduko obra beste obra handiago baten zati izanez gero, nahikoa izango da diruz lagundutako obrari dagokion amaierako ziurtagiri partzialarekin.

Erakunde onuradunaren obra sozietate baten edo foru- nahiz udal-erakunde baten bitartez gauzatzen bada, sozietate edo erakunde hori onartu egingo da titularraren ordezkari gisa, gastua justifikatzeko ziurtagirian edo fakturazioan.

g) Laguntza argitaratu izanaren egiaztagiria eta/edo, hala badagokio, igogailuan instalatutako plakaren argazkia.

Azken likidazioa egiteko eskatzen diren dokumentu guztiak aurkezteko azken eguna 2022ko azaroaren 30a izango da, salbu eta proiektua gauzatzeko luzapena adostu bada; kasu horretan, dagokion ebazpenean xedatutakoa bete beharko da.

17. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa, eta deialdi honetan emandako dirulaguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

2.– Dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak izango Etxebizitza Sailburuordetzak jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin.

3.– Dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Baldin eta aldatzen badira dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, emate-ebazpena aldatu ahal izango da; betiere dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, funtsezko alderdiei edo laguntza emateko edo onuraduna zehazteko erabakigarriak izan direnei eragiten ez badie edo beste batzuen eskubideak kaltetzen ez baditu.

19. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

20. artikulua.– Proiektuak aldatzea.

1.– Hasiera batean aurreikusi eta ebazpen bidez onetsi ziren gastu edo jarduketetan aldaketarik egin nahi izanez gero, dena delako jarduketa gauzatu aurretik eskatu beharko da aldaketa, eta Etxebizitzako sailburuordeari egokituko zaio eskaria berariaz onartu edo atzera botatzea.

2.– Aldaketak ezingo du inola ere jarduketaren izaera aldatu.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-tramitea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere hori eginda beste inoren eskubideei kalte egiten ez bazaie.

4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratzea.

21. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

1.– Erakunde onuradunak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza eskatu den eta eman den berariazko xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzaren oinarria den jarduketa egiten ez badu, dirulaguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo behar bezala egiten ez badu edo, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko interesekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

2.– Onuradunaren betetze-maila nabarmen badago osoki betetzetik gertu eta konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarduna izan dutela egiaztatzen badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 17. artikuluaren 3. zenbakiko n) letran adierazitako irizpideen arabera zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, edo, hala dagokionean, dirulaguntza arautzen duen autonomia-araudian ezarritakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. zenbakian jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

22. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko dio, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote laguntzak kudeatzeko organoari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak bueltatu beharko ditu.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz aurreikusi ez den orori dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua eta Sektorearen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea onartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 27a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

I. ERANSKINA
IRISGARRITASUNA HOBETZEKO OBRAK GAUZATZEKO ESKU-HARTZE PROPOSAMENAREN EDUKIA ETA EGITURA (5. artikulua)

Agindu honen xedea betetzen dela justifikatzeko beharrezkoa den informazio guztia, idatzia eta grafikoa, jasoko du proposamenak.

1.– Jarduera deskribatzeko eta justifikatzeko memoria.

a) Jarduketaren xedea, esku-hartze mota.

b) Aurretiko informazioa.

– Kokalekuaren eta ingurune fisikoaren datuak.

– Hirigintzako araudia eta, hala badagokio, beste araudi batzuk (babes-araubidearen mende dauden higiezinak, birgaitze integratuko eremukoa izatea).

c) Egungo egoeraren deskribapena.

Birgaitu beharreko eremuaren egungo egoeraren deskribapen laburra.

Jarduera-eremuaren egungo egoeraren argazki-dokumentazioa (gehienez bi argazki din-A4 orri bakoitzeko).

d) Esku hartzeko proposamenaren deskribapena.

– Obraren xede den eremuak egungo araudiak eskatzen dituen irisgarritasun-baldintzak bete ditzan hartu beharreko irisgarritasun-neurrien deskribapena. Proposatutako irtenbidearen deskribapena eta aplikatu beharreko araudiaren justifikazioa.

– Jarduketa jasotzen duen irisgarritasun-plana (erakundeak izan ezik).

• Irisgarritasun-plana egiten eta onartzen den urtea.

• Bolumena, fitxa, jarduketa jasotzen duen orria.

• Jarduketa jasotzen duen planaren zatiaren kopia.

2.– Proposamenaren azterketa ekonomikoa.

– Dirulaguntzaren xede den jarduketari dagozkion obrak gauzatzeko aurrekontu xehatua. Aurrekontua, partiden arabera banakatua, dagokion epigrafea, zenbatekoa, unitateko prezioa eta guztizko kostua adierazita.

– Agindu honen 11.2 artikuluan jasotako koefizienteen aplikazioaren justifikazioa, irisgarritasun-aurrekontua kalkulatzeko jarduketa motaren arabera.

3.– Planoak.

Planoen eskala eta tamaina normalizatu egin beharko dira. Horien definizio-maila hainbestekoa izango da, ezen egungo egoeraren eta egoera berrituaren irisgarritasun-baldintzak justifikatu beharko baitituzte; beraz, kotazioak eta oharrak jasoko dituzte, hori justifikatzeko.

– Kokalekuaren planoa.

– Egungo egoeraren oinplanoak, sekzioak eta altxaerak.

– Berritutako egoeraren oinplanoak, sekzioak eta altxaerak.

Hori guztia pdf formatuko dokumentu bakar batean egingo da, eta izen hau izango du: 3.– Jarduketaren proposamena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala