Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2020ko abuztuaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3337

EBAZPENA, 2020ko abuztuaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Astigarragako (Gipuzkoa) «Txalaka-Oialume» 16. HJE Hirigintza Jarduerarako Eremuko P-2, P-6 eta P-1 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko otsailaren 10ean, Astigarragako Udalak eskabide bat bete zuen, «Txalaka-Oialume» 16. HJE Hirigintza Jarduerarako Eremuko P-2, P-6 eta P-1 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

«Txalaka-Oialume» 16. HJE Hirigintza Jarduerarako Eremuko P-2, P-6 eta P-1 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan ere, Planak ingurumenean ondorio txarrik izan ez dezan.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Txalaka-Oialume» 16. HJE Hirigintza Jarduerarako Eremuko P-2, P-6 eta P-1 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Astigarragako Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

Plan honek «Txalaka-Oialume» 16. HJEko lurzati hauei eragiten die: P1, P2 (A7 azpilurzatia) eta P6 (L6, L7, L19, L21, L22 eta L23 azpilurzatiak). Lurzoru horrek, indarreko plangintzaren arabera, ekonomia jardueretarako hiri-lurzoruko kalifikazioa du. Kasu guztietan, lurzati finkatuak dira, guztiz edo zati batez eraikita jada eta urbanizazioa gauzatuta eta Udalari lagata, eta haren hirigintza-karga guztiak jada ordainduta.

Planaren helburua da Astigarragako HAPOk P-1 lurzatiari esleitutako hirigintzako eraikigarritasuna arautzea, gauzatzeko gelditzen zen eraikigarritasuna «Txalaka-Oialume» 16. HJE bereko P-2 eta P-6 lurzatien azpilurzatietako batzuetan transferituz; hori guztia, eremuko aprobetxamendu osoa handitu gabe. Hala bada, gehitu beharreko eraikigarritasuna oraingo bolumetriaren barruan hartuko da, dagoen pabiloiaren barneko eremuak beteta.

Era horretan, proposatutako antolamenduak:

– P-6 eta P-2 lurzatietan egindako eraikuntza finkatzen du, aprobetxamendua gauzatuta, eta hazteko aukera ezabatzen du, solairuarteei dagokien geldikinarekin.

– P-1 lurzatiaren aprobetxamendu-muga handitzen du adierazitako bi lurzatien geldikinekin.

P-6 eta P-2 lurzatietan finkatutako eraikuntzak, berriz, oraingo lerrokadurei muturreko lerrokadura gisa eusten die, baina eraikin-profila aldatzen du Honela gelditzen da:

• I/I profila (beheko solairua/sotoko solairua).

P-1 lurzatian, berriz, eraikin-profil honen eraikina ahalbidetzen da:

• II/I profila (beheko solairua + 1 goiko solairua / sotoko solairua).

Eraikin horren inguruko lurzoru ez-eraikia, batez ere, jardueraren sarbide eta aparkalekuetara bideratuko da.

Plan honetan antolatu beharreko eremua «Txalaka-Oialume» 16. HJEn dago, Astigarragako udalerriko hegoaldean, Ergobia auzoan, eta muga hauek ditu: iparraldean, Txalaka-Ergobia 15. HJErekin; mendebaldean, Donostiatik Hernanirako GI-2132 foru-errepidearekin; hegoaldean, Oialume eta Martindegi auzoekin (Hernani), eta ekialdean, Oialume bidea bide publikoarekin.

Hiri-lurzoru finkatua denez, lurzatiek ibilgailu-sarbidea eta behar diren azpiegituren sareak dituzte: saneamendua (ur beltzen eta euri-uren sarea), ura banatzeko sarea, eta gainerako sareak (elektrizitatea, telefonia, gasa eta argiteria publikoa).

Planaren eremuan ez da hauteman interes geologikoko eremurik, ezta naturagune babesturik ere, eta ez dago EAEko igarobide ekologikoen sarearen barruan. Ez dago, ezta ere, kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik.

Horrenbestez, ziurta daiteke inpaktu adierazgarrienak giza habitataren kalitatearen gainekoak izango direla, Planari loturiko eraikuntza-proiektua gauzatzearen ondorioz. Obra-fase horretan, adierazgarrienak izango dira hondakinak sortzea, airearen kalitateari erasatea eta kutsadura akustikoa eragitea.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak lurzatien arteko hirigintza-eraikigarritasunaren transferentzia baino ez du ahalbidetzen; beraz, ez du eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren garapenean lurzoru artifizializatua erabiliko denez, hiri-lurzoruaren okupazio jasangarria bultzatuko da. Halaber, aurkeztu den dokumentazioan, obran ingurumen-jardunbide egokiak egiteko eskuliburua aipatzen da. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko alderdiak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: ingurumen-inpaktu nagusiak Planari lotutako proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoa areagotuko dutelako, bai partikulen igorpenagatik, bai zaratengatik, eta hondakin gehiago sortuko direlako.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2.– Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina jasan lezakeen eremuak:

Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik ere.

Planaren eremua Urumea ibaiaren 100 urteko errepikatze-denborako uholdeek urperatu dezaketen eremuan dago, baina lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo. Halaber, eremua Urumea 2 uholde-arrisku handiko eremuan jasota dago (ES017-GIP-URU-01), eta 1. mailako lehentasun-neurriak behar ditu, 2015-2021 Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean jasota, zeina urtarrilaren 15eko 20/2016 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, zeinak Kantauri Mendebaldeko Demarkazio Hidrografikoaren eta Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde-arriskua Kudeatzeko Planak onartzen dituen.

Hala bada, ingurumen-efektuen ezaugarriak eta planak eragindako eremuarenak kontuan hartuta, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-efektu adierazgarririk, baldin eta eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera. Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

– Proiektua gauzatzean, ahalegina egin behar da obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Uholdeak izateko arriskuari dagokionez:

Kontuan hartuta P-1 lurzatia 100 urteko errepikatze-denborako uholdeek urpean geldi daitekeen eremuan dagoela, lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo uholde-arriskua duten eremuetako erabilerei dagokienez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 40.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Hala, aparkaleku berriak lurpeko garaje eta sotoetan proposatuz gero, gogoratzen dugu horiek ezin izango direla baimendu, non eta ez den bermatzen esparrua iragazgaitza dela 500 urteko errepikatze-denboran eta ebakuazio-bideak eta haizebideak dituztela aipaturiko uholde-kotatik gora.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak. (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gasen, hautsen, beroaren eta argiaren emisioak murriztea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Bildutako zehaztapenei jarraikiz, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, eta, betiere, ezarritako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak Planean txertatzen badira, ez da aurreikusten «Txalaka-Oialume» 16. HJE Hirigintza Jarduerarako Eremuko P-2, P-6 eta P-1 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Astigarragako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galdu eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean,«Txalaka-Oialume» 16. HJE Hirigintza Jarduerarako Eremuko P-2, P-6 eta P-1 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 3a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala