Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2020ko abuztuaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3336

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako HE IN.07 Baratzategi «The English School» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko uztailaren 14an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Donostiako HE IN.07 Baratzategi «The English School» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei 2020ko otsailaren 24an, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Donostiako HE IN.07 Baratzategi «The English School» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira. Prozedura horretan, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako HE IN.07 Baratzategi «The English School» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, eduki honekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plana IN.07 Baratzategi hirigintza-eremuko «g.001/IN.07» lurzatian gauzatu nahi da. Udal-titulartasuneko lurzatia da, 10.000 m2-koa, eta «The English School» ikastetxeari eman zitzaion erabilera pribatiboa. Intxaurrondo auzoan dago, GI-20 errepidearen eta Otxoki pasealekuaren artean.

Planaren xedea da lurzatia jatorrizko onibarretik bereiztea antolamendu xehatua izan dezan, ikastetxe bat eraiki ahal izateko.

Hiri-eremua da, eta ekipamendu komunitarioetan sailkatuta dago. Indarrean den antolamenduaren arabera, ekipamendu-eraikin bat eraikitzea aurreikusten da, zertarako izango den zehaztu gabe.

Lurzatiaren gehieneko eraikigarritasuna 6.000 m2 (t)-koa da sestra gainean. Planean, sotoa eta sestra gainean lau solairu izango dituen eraikin bat dago jasota. Eraikinak gehienez ere 14 metroko altuera izango du.

Aipatu ikastetxea bi fasetan eraikiko da, planaren arabera. Lehen fasean, emango diren hezkuntza-mailetarako beharrezkoak diren eremu guztiak; kirol-eremu estalia, aire zabaleko kirol-pistak eta jolaslekua. Bigarren fasean, ikastetxearen beharrak zein diren, eraikina handituko da, jolaslekuari azalera janez.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak modu xehean antolatzen du eremua, hiri-lurzorua dena. Hori onartu eta gero, dagozkion eraikuntza-proiektua eta urbanizazio osagarriko proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen du, Donostian indarrean den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean xedatzen diren irizpideekin bat etorrita. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak direla eta, ez da baterazintasunik batere hauteman planaren eta sektore- zein lurralde-antolamenduen artean.

c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: Planaren bitartez, lurzoru jada urbanizatua baliatuko da, eta ez da artifizialdu gabeko lurzorurik baliatuko ikastetxea eraikitzeko. Gainera, egokia da ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzada eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari, urei eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokia da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, lurzoruen, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia), biodibertsitatearen eta kultura-ondarearen arloetakoa.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremuaren azalera 10.000 m2-koa da, eta hiri-lurzorua da. Indarreko antolamenduaren arabera, ekipamendu komunitarioa eraikiko da bertan, eta ez dago ingurumen-babesik duen eremurik, ez eta balio natural adierazgarriko elementurik ere. Gaur egun, hiri-berdegune gisa erabiltzen da; kirol-pista zolatu bat dago. Gainerakoan, espezie belarkarak eta zuhaitz ale bakanen batzuk. Eremuaren ipar-ekialdean hostozabalen ale gazte batzuk daude, zehazki, GI-20aren eta Siustegi errekaren ezpondetan. Erreka eremuaren iparraldean dago, lurzatiaren eta GI-20 saihesbidearen arteko ezpondaren beheko aldean; ur-ibilgu txikia da, aldizkakoa, GI-20 errepidearekiko paraleloan egiten duena bidea, Pasaiako portuan itsasoratzeko, Herreran, ibilbide gehiena lurpean egin ondotik (GI-20 errepidearen eta portuko zerbitzu-eremuaren azpitik).

Gainerakoan, eremuan ez dago bestelako ingurumen-balio nabarmenik. Ez dago interes geologikoko gunerik, ez hezegunerik, ez eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroko elementurik ere. Ez dago katalogatutako flora- eta fauna-espezierik, ezta naturagune babesturik, natura-intereseko eremurik edo EAEko korridore ekologikoen sareko nahiz kultura-ondareko elementurik ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua GI-20 errepidearen 100 metroko eragin-zerrendaren barnean dago, eta errepide horrek arrisku handia du, salgai arriskutsuak garraiatzeko erabiltzen baita, baina, gainerakoan, ez dago arrisku adierazgarririk: akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasuna oso txikia da eta ez dago uholde-arriskurik, ezta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egon den edo dagoen eremurik ere.

Inpaktu akustikoaren ikerlan bat atxiki da, eta horren arabera, ez dira beteko kalitate akustikoaren helburuak antolamenduaren xede den eremuan, ez kanpoaldean lurzorutik 2 metrora, ezta ikastetxeko fatxadetan ere.

Planak zuzenketa-neurri hau proposatzen du: 4 metroko pantaila bat jartzea (lur-horma edo lur-horma+pantaila), eraiki nahi den ikastetxearen kanpoaldeko aisia-eremuan, lurzoru-mailan, KAH-ak betetzeko. Pantaila horrekin, kanpoaldeko KAHak beteko dira (alegia, jolastokietan). Nolanahi ere, eraikinaren iparraldeko, ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetan ez dira beteko.

Eremua Urumea Babes Akustiko Bereziko Eremuaren barnean dago, eta dagokion ekintza-plana du, 2013ko uztailaren 12an onartu zena behin betiko.

Planak proposatzen dituen jarduketak eta izango duen eragin-eremua ikusita, ingurumen-baldintzatzaile nagusia eremuaren egoera akustikoa da.

Planak, halaber, ikastetxearen eraikuntza-lanei eta urbanizazio-obrei loturiko eraginak izango ditu. Izan ere, lur-mugimenduak egingo dira. Gainerakoan, partikulak aireratuko dira, eta soinu-maila handiagoa egongo da, obretako makineriarengatik.

Behin hirigintza-garapena osatuta, eremuan mugikortasuna handitzea espero da, baina ez da uste horrek soinu-maila handitzea ekarriko duenik, ibilgailu partikularrek ikastetxean sartzea mugatuta izango baitute. Ikastetxeak izango duen kokapena oso irisgarria da garraio publikoaren bidez, eta Planak kontuan hartzen ditu Donostiako Udaleko Mugikortasuneko Zuzendaritzak ezarritako irizpide orokorrak eta diseinu-erabakiak. Beraz, erabiltzaileen segurtasuna bermatuta geratuko da, eta mugikortasunaren inpaktua txikiagoa izango da.

Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen udal-antolamenduan aurreikusitako egoera. Horrela, Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin ekipamenduetara bideratutako azalera handitzea indarreko HAPO xede den eremurako ezarritakoaren aldean, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, betiere, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Zaratari dagokionez, zarata-iturri nagusia GI-20 errepidea da, planaren xede den eremua azpiegitura horren eragin-eremuaren barnean dagoenez. Horrenbestez, eremuan egin nahi den jarduketa ororako, azpiegitura horren organo kudeatzailearen baimena jaso beharko da.

Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (ikasgelak edo irakurgelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez eta arratsaldez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Horretarako, ingurumen-agirian zehazten diren zuzenketa-neurriak hartuko dira; 4 metroko altuerako pantaila eraikiko da (hesi akustikoa, edo ezponda-horma edo bien konbinazioa).

Gainera, ikasgelak eta irakurgelak GI-20ra ematen ez duten fatxadetan kokatzea gomendatzen da; ezinezkoa bada, ikasgeletan eta irakurgeletan KAH-ak betetzeko behar diren isolamendu-mailak ziurtatuko dira, eta behar bezala justifikatuko dira horiek eraikinaren exekuzio-proiektuan, barnealdeko zarata-mailak betetzeko erabiliko den arotzeria mota zehaztuta, fatxadaren bao-azaleraren eta barnealdeko gelen neurrien arabera.

Era berean, proposatzen diren hirigintza-garapenek zeharkatuko duten arroaren drainatzea gehiegi ez eraldatzeko, drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dira.

Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartuko dira jardueren garapenak eraginik izan ez dezan Planak aztertzen duen eremutik hurbil dauden ibilguetan.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituta egingo dira, eta, zehazki, akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duen eremuari eragitea saihestuko da; horretarako, eremu iragazgaiztuetan kokatuko dira.

– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Horretaz gain, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Lorategi-jarduketetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa (17. lehentasuna), baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira Ihobek argitara eman zituen eraikingintza jasangarriko gida teknikoetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan jasotakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten Donostiako HE IN.07 Baratzategi «The English School» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziko zehaztapenek ondorio kaltegarri nabarmenik izango dutenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Donostiako HE IN.07 Baratzategi «The English School» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 27a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala