Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2020ko abuztuaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3335

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingumen-txosten estrategikoa egiten baita SG7-Zumaiako portualdearen Plan Bereziaren AEEren xehetasun-azterketari buruz.

AURREKARIAK

2019ko abenduaren 20an, Zumaiako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion SG7-Zumaiako portualdearen Plan Bereziaren AEEren xehetasun-azterketari buruzko (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

SG7-Zumaiako portualdearen Plan Bereziaren AEEren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita Planak ingurumenean eragin nabarmenik ez izateko beharrezko diren babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan ere, ingurumen-ondorioetarako.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– SG7-Zumaiako portualdearen Plan Bereziaren AEEren xehetasun-azterketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, eduki honekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Xehetasun-azterketaren xedea da hirigintzako zehaztapenen aldaketa xehatua zehaztea SG7-Zumaiako portualdearen Plan Bereziaren AEE esku hartzeko eremuan. Zehazki, aurreikusitako jarduketarekin bat etortzeko, lurzatiaren lerrokadurak aldatu nahi dira.

Jarduketa-eremua SG7-Portualdea sistema orokorraren barnean dago eta 20.111 m2-ko azalera du. Aldaketarekin, 700 m2-tan handituko da, Balenciagaren instalazioak kokatuta dauden jatorriko emakida-eremuetakoak, itsasadarraren hasieran, dagozkien baimenen kalterik gabe.

Jarduketa nagusia da ontzitegi-orgaren eta Desguaces Barinagaren instalazioen artean dagoen zabalgunea handitzea. Jarduketa hobeto gauzatzeko, egungo ontzitegi-orgari ontziolaren erabilera ere eman nahi zaio. Horretarako, ezinbestean eraldatu eta handitu behar dira prefabrikazio-tailerrak, maniobra-eremuak eta sarbideak.

Xehetasun-azterketan jasotako eremua eremu erabat antropizatua da. Beraz, ingurumen-efektu nagusiak, ziur aski, exekuzio-fasean gertatuko dira. Alegia, xehetasun-azterketaren etorkizuneko proiektuen exekuzio-obren fasean gertatuko dira ingurumen-efektu nagusiak, tartean, hauek: lur-mugimenduak, emisio atmosferikoak, zarata, hondakinak eta ondorioak ibai-sisteman.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak eremuaren antolamendu xehatua aldatzen du. Behin onartuta, jarduketa Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko urriaren 7ko Ebazpenean jasotako baldintzekin gauzatzen jarraitu ahalko da. Ebazpena hartan Zumaiako Astilleros Balenciaga SAren ontziola-jarduketaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren eta antolamendu-eremuaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: planaren ezaugarriak eta horren ondoriozko jarduketek eragindako eremuarenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari –berotegi-efektuko gasak– eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) dagokienez.

2) Ondorioen eta eraginak nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak.

Xehetasun-azterketan jasotako eremua eremu erabat antropizatua da. Beraz, ingurumen-efektu nagusiak, ziur aski, jarduketaren egokitzapen-fasean gertatuko dira. Hauek dira eragindako ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik, ezta flora zein fauna espezie katalogaturik ere.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, gogora ekarri behar da eremuan hautematen bada Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean edo Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak zerrendatu eta lurzoru kutsatuak izendatzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Dekretuaren 1. eranskina aldatzen duen azaroaren 2ko PRA/1080/2017 Aginduan aipatzen diren kutsa dezaketen jardueraren bat, inbentariatu egin beharko da, eta inbentarioan balego bezalako ondoreak sortuko ditu. Ondorioz, Astilleros Balenciagaren jarduketa-eremu osoa inbentarioan sartuta dagoela ulertuko da. Eta, horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legean xedatzen denez, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

Horregatik, inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez dela bermatzeko, ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat lursailak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den hondakinen arloko legedia betez.

– Ontziolaren eraikinetan esku-hartzerik eginez gero etorkizunean, egingo diren obretan bolumetria, kanpoko itxura eta oinarrizko banaketa tipologikoa eta egiturazkoa errespetatuko dira, egituraren material generikoari eutsiz. Horretarako, komeni da aintzat hartzea 317/2002 Dekretuaren, abenduaren 30ekoaren, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoaren, I. eranskineko «Sendotzea» eta «Zaintzea eta Apaintzea» kategoriak.

Honenbestez, Planean proposatutako jarduketek ez dute handituko izan litezkeen ondorioen larritasuna; hau da, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoarekin bat datoz.

Ondorioz, Planak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Neurri horien zioa da Planak ingurumen-kalte nabarmenik ez eragitea.

Proiektuaren exekuzioan aplikatu behar diren neurriei dagokienez, hauek hartu behar dira kontuan:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzeko, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrek KBEan sartutako itsasadarreko inguruneetan eraginik ez izango ez dutela bermatzeko, egoki kudeatu beharko dira kentzen diren lohiak, eta, hala dagokienean, metal astunen jarraipen zorrotza egin beharko da, dartsena handitzeko lanetan erabiltzen badira.

– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan.

– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

– Halakorik badago, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Lurzorua kutsa dezakeen edo kutsatzen duen jardueraren bat egon den eremuetako lur-mugimenduak egiteko, organo honek gaikako indusketa-plan bat onartu beharko du aldez aurretik. Onarpen horretan adierazitako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte induskatutako materialek. Halaber, Zumaiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto berri guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentu-tranpak edo iragazkiak.

Nolanahi ere, proiektuan egin daitezkeen aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende jartzeko nahikoa garrantzirik ez badute eta jarduerak egiten diren bitartean sortzen badira. Proiektuak barnean hartu beharko ditu Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko urriaren 7ko Ebazpenean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileekin, ingurumen-zaintzako programarekin, aurrekontuarekin eta baldintzen agiriarekin lotutako aldaketak. Ebazpena hartan Zumaiako Astilleros Balenciaga SAren ontziola-jarduketaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen.

Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez eta ezarri diren neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuan txertatuz, ez dela aurreikusten SG7-Zumaiako portualdearen Plan Bereziaren AEEren xehetasun-azterketak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Zumaiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean SG7-Zumaiako portualdearen Plan Bereziaren AEEren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 24a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala