Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2020ko abuztuaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
3298

AGINDUA, 2020ko uztailaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez egindako deialdietako epeei eta denbora-erreferentziei buruzkoa. Agindu horren bidez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozeduretan, baita Euskal Autonomia Erkidegoko aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko prozeduretan parte hartzeko deialdia egin zen.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedurak deitu ziren, baita espezialitate berriak eskuratzeko prozedura ere (otsailaren 27ko EHAA).

Deialdi horrek epeak finkatzen ditu eta deitutako prozeduren garapenean egiturazko eragina duten denbora-erreferentziak ezartzen ditu.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko, eta hirugarren xedapen gehigarriak, sektore publikoko prozeduren epeei buruzkoak, bukaerak eten zituen eta epeen zenbaketa eten zuen.

Xedapen gehigarri horrek eragotzi egin du deialdian aurreikusitako epeak eta denbora-erreferentziak aplikatzea, indarrean dagoen bitartean betetzen direnena, epeak zenbatzea eta denbora-erreferentziak aplikatzea indarrik gabe uzten baititu. Era berean, ondorioak galtzeak eragina ere badauka, nahiz eta xedapen hau indarrean dagoen bitartean ez bete, deialdian jasotako epeak eta denbora-erreferentzietan; horiek hurrenez hurren ordenatutako izapideen eta faseen programazio bati baitagozkie. Horrenbestez, bukaera bat eteteak edo epe baten zenbaketa eteteak, luzapena edo atzerapena dakarrenean, prozeduraren hurrengo izapideak eta faseak birprogramatzera behartzen du.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak adierazitako alarma-egoera luzatzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluak xedatzen duenez, 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, etendako administrazio-epeen zenbaketa berriro ezarriko da edo berriro hasiko da, alarma-egoeraren eta haren luzapenen indarraldian onetsitako lege-mailako arau batean hala aurreikusi bada. Beraz, 2020ko ekainaren 1etik aurrera, eskabideak aurkezteko eta dokumentazioa aurkezteko epea (deialdiaren 3.3.1.a), 3.3.1.b) eta 3.3.1.c) oinarrietan aurreikusitako kasuetan) berriro zenbatzen hasi zen.

Beraz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea deialdian aipatutakoak ordeztu behar dituzten epe eta denbora-erreferentzia berriak.

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozeduretarako, baita espezialitate berriak eskuratzeko prozedurako izapideen eta faseen segida ordenatua egokitzeko (Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez eginda) sortutako egoerari, epeak eteteagatik (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren, hirugarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoa), kontuan hartuta zenbaketa etenda geratu diren epeak eta deialdi horretan eraginik gabe geratu diren denbora-erreferentziak, honakoak dira deialdiari aplikatzeko epe berriak eta denbora-erreferentziak:

a) Euskarako tituluak edo ziurtagiriak aurkezteko epea, 2.6.2 oinarriaren 2. atalean aipatua, honako hau izango da:

«2. – Titulua edo ziurtagiria aurkeztu behar den kasuetarako, Langileak Kudeatzeko zuzendariak epe bat irekiko du, 2020ko urrian, eta Interneteko helbide hauetan emango da horren berri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ ("2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziket") eta http://www.irakasle.eus ("erabiltzaile" eta "pasahitz" sartu beharko dira).»

b) Epaimahaiko kideak izendatzeko zozketa-data, 5.2.2 oinarriko bosgarren paragrafoan zehaztutakoa, honako hau izango da:

«2020ko urriaren 5ean egingo da zozketa, goizeko 10:00etan, Lakua-2 eraikineko 3. gelan (sarrera: Donostia kaleko 1. zenbakitik, Vitoria-Gasteiz).»

c) Epaimahaiko kide izendatua izateko zozketan parte hartzetik salbuesteko kausetarako denbora-erreferentziak, 5.2.2 oinarriko c), e) eta f) letretan jasotakoak, honako hauek izango dira:

«c) Zuzendari, ikasketa-buru eta idazkari karguetan aritzea 2020-2021 ikasturtean.

e) Partzialki ordaindutako baimena 2020-2021 ikasturtean.

f) Lanaldia murrizteko baimena 2021eko ekainaren 30ra arte.»

d) Programazio didaktikoa entregatzeko epea, 7.3.1 oinarrian, lehenengo paragrafoan, zehaztutakoa, honako hau izango da:

«2020ko irailaren 30etik urriaren 9ra bitartean, hautaketa-prozedurarako onartuta dauden izangaiek, agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, bai eta baztertuta daudenek ere (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago), programazio didaktikoa entregatu beharko dute.»

e) Oposizio-fasearen hasierako denbora-erreferentziak eta epaimahaien egoitzak eta probak egiteko tokia eta data zehazteko denbora-erreferentziak, 7.3.2 oinarriko lehen paragrafoan jasotakoak, honako hauek izango dira:

«Osasun egoerak uzten badu, oposizio fasea 2020ko abendutik aurrera hasiko da. Azaroko bigarren hamabostaldian, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez, zehaztuko dira epaimahaien egoitzak, bai eta oposizio-fasea egiteko lekuak eta datak ere.»

f) Merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkezteko epea, 8.1. oinarriko bigarren paragrafoan zehaztutakoa, honako hau izango da:

«2021eko lehen hiruhilekoan, zortzi egun balioduneko epea irekiko da (data zehatza behar den aurrerapenaz iragarriko da), hautaketa-prozeduran onartuta dauden izangaiek, agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, bai eta baztertuta daudenek ere, (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatsi gabe badago), I. eta II eranskinetan adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, oinarri honetan eta aipatutako eranskinetan aurreikusitakoaren arabera.»

g) Lehiaketa-fasean lortutako puntuazioen behin-behineko zerrendak argitaratzeko denbora-erreferentzia, 8.7.1. oinarriko bigarren paragrafoan finkatua, honako hau izango da:

«Espezialitate guztietako izangaiek ataltal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrenda argitaratuko da oposizio fasearen lehenengo probaren behin betiko kalifikazioak argitaratu ondoren. Argitaratze-data zehatza aldez aurretik iragarriko da Hezkuntza Sailaren web-orrietan: http://www.irakasle.eus eta https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ ».

h) Lehiaketa-fasean lortutako puntuazioen behin-behineko zerrendak argitaratzeko denbora-erreferentzia, 8.7.2 oinarriaren bigarren paragrafoan finkatua, honako hau izango da:

«Espezialitate bakoitzeko izangaiek atal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrendak dagokion batzorde barematzaileak argitaratuko ditu, oposizio fasearen lehenengo probaren behin betiko kalifikazioak argitaratu ondoren; argitaratze-data zehatza espezialitate bakoitzean barematu behar diren izangai kopuruaren arabera eta, ondorioz, baremazio-lana amaituko den dataren arabera izango da.»

i) Hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egiteko epemuga, 10.3.3 oinarrian adierazia, honako hau izango da:

«– Hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egin izanagatik Langileak Kudeatzeko zuzendariaren aurrean aurkeztuak 2021eko ekainaren 30a baino lehen.»

j) Praktika-fasea hasteko denbora-erreferentzia, 13.1 oinarriaren azken paragrafoan finkatua, honako hau izango da:

«Fase hori 2021-2022 ikasturtearen hasierarekin batera hasiko da.»

Bigarrena.– Hezkuntzako sailburuaren 2020ko martxoaren 30eko Aginduaren ondorioak kentzea.

Ondoriorik gabe geratzen da Hezkuntzako sailburuaren 2020ko martxoaren 30eko Agindua, kideak hautatzeko zozketa egitea atzeratzen duena (apirilaren 8ko EHAAn argitaratuta). Zozketaren data eta argitalpena agindu honetan ezarritakoaren arabera zehazten da.

Hirugarrena.– Argitaratzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Hezkuntza Sailaren Interneteko helbide hauetan argitara dadila agintzea: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («erabiltzailea» eta «pasahitza» sartuta).

ERREKURTSOAK

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 29a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala