Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2020ko abuztuaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3267

AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Lan eta Justizia Sailaren 2020ko ekitaldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoak, Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko maiatzaren 13ko Aginduan xedatutako aldaketaren eta egokitzapenaren ostean, aurreko ekitaldiko aurrekontu-zuzkidurari eusten dio deialdi honetarako. Kontuan hartuta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak COVID-19aren eraginagatik bere dirulaguntza-programen diseinuan egindako aldaketa, agindu honetan baliabide ekonomikoei eusteak argi uzten du zeinen garrantzitsua den agindu hau Zuzendaritzaren estrategian.

Hitz batean, urte honetako EAEko Aurrekontu Orokorretan jasotakoa betetzeko konpromisoari eusten zaio, berariaz adierazten baitu lehentasunezko helburua dela laguntza ematea gizarte-ekonomiako, lan autonomoko, enplegu-zentro berezietako eta ekonomia solidarioko elkarte-egiturei.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2020ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea da agindu honen xedea. Entitate horiek berezko nortasun juridikoa izan behar dute, interes komunak ordezkatu eta babesteko elkartu behar dira, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrukoak izan behar dute. Honelako entitateek jaso dezakete laguntza:

a) Lan-sozietateek eta lan elkartuko kooperatibek.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibek, elkarte-entitate konfederalek eta gizarte-ekonomiako entitateak integratzeko erakundeek.

c) Ekonomia solidarioko elkarteek eta enplegu-zentro berezien elkarteek.

d) Langile autonomoen sektorearteko erakundeetan gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenek.

Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen elkarte-egituratzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164. artikuluan aipatzen diren kooperatiba-elkarteak.

2.– Halaber, laguntzei buruzko agindu honetaz baliatu ahal izango dira elkartekideak babestea eta kooperatiba gisa sustatzea helburu hartuta eratu eta erregistratu diren kooperatibak biltzen dituzten elkarteak, aipatutako 11/2019 Legearen 163.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Entitate horiek kooperatiba mota bat baino gehiago eta beste sozietate mota batzuk biltzen badituzte, dirulaguntzaren kalkulua egiteko, legeak aurreikusten duenarekin bat, gizarte-ekonomiako entitateei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak 1. artikuluan aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak betetzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako egitura-gastu hauek:

a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta hortik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta partaide diren entitate ordezkatzaileei ordaindutako kuotak.

c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

d) Entitatearen ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantziazioa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, entitatearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko loturarik izan gabe.

4.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak entitate eskatzaile bakoitzak aurreikusitako gastuen plangintza baliozkotu eta onartuko du. Gastu horiek entitate bakoitzaren 2020ko ekitaldirako Kudeaketa Planean sartutako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan jasoko dira, agindu honetako 1. eranskineko gastu-egiturari jarraikiz.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (685.800) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta hamalau mila hirurehun eta berrogeita hamar (514.350) euroko ordainketa-kreditua, 2020ko ekitaldirako; eta ehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta berrogeita hamar (171.450) euroko konpromiso-kreditua, 2021eko ekitaldirako.

2.– Aipatutako zenbateko orokorra honela banatzen da:

a) II. kapituluari dagokionez, hirurehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (385.800) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: berrehun eta laurogeita bederatzi mila hirurehun eta berrogeita hamar (289.350) euroko ordainketa-kreditua 2020ko ekitaldirako eta laurogeita hamasei mila laurehun eta berrogeita hamar (96.450) euroko konpromiso-kreditua 2021eko ekitaldirako.

b) III. kapituluari dagokionez, ehun eta hogei mila (120.000) euroko gehieneko kopurua, honako hauen bidez: laurogeita hamar mila (90.000) euroko ordainketa-kreditua 2020ko ekitaldirako eta hogeita hamar mila (30.000) euroko konpromiso-kreditua 2021eko ekitaldirako.

c) IV. kapituluari dagokionez, ehun mila (100.000) euroko gehieneko kopurua, honako hauen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2020ko ekitaldirako eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2021erako.

d) V. kapituluari dagokionez, laurogei mila (80.000) euroko gehieneko kopurua, honako hauen bidez: hirurogei mila (60.000) euroko ordainketa-kreditua 2020ko ekitaldirako eta hogei mila (20.000) euroko konpromiso-kreditua 2021eko ekitaldirako.

3.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura hau izango da:

– Bigarren zenbakian aipatutako kapituluetako bakoitzerako dauden baliabide ekonomikoak nahikoak badira baietsi beharreko ebazpenei erantzuteko, entitate eskatzaile guztiei onartuko zaie dirulaguntzarako eskubidea.

– Kapituluren batean, kapitulu horri dagozkion eskaerak ebatzi ondoren dauden baliabide ekonomikoetan soberakina badago eta besteren batean edo batzuetan defizita badago, soberakin horiek defizita duten kapituluak osatzeko erabiliko dira.

– Kapituluren batetik eratorritako soberakinak nahikoak ez badira defizita duten kapituluen beharrizan guztiak asetzeko, soberakin horiek proportzionalki banatuko zaizkie defizita duen kapitulu bakoitzeko kopuruei; eta, hala eta guztiz ere, laguntzen eskaerak estaltzen ez badira, murrizketa proportzional bakarra eta independentea aplikatuko da kapitulu bakoitzaren barruan.

– II. kapituluan murrizketa proportzionala egin behar bada, 16.3 artikuluan jasotako irizpideari eutsiko zaio eta, beraz, garrantzi handieneko entitateari esleituko zaion zenbatekoa garrantzi txikiena duenari emango zaiona baino hiru bider handiagoa izango da gehienez ere, horretarako 16.1 artikuluan jasotako parametroetan oinarrituta.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskaerak izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskaerak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko hauetan egongo dira:

– II. kap: https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_asociado_laborales_2020/y22-izapide/es

– III. kap.: https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_confederaciones_otros_2020/y22-izapide/es

– IV. kap.: https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_solidaria_cee_2020/y22-izapide/es

– V. kap.: https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_autonomos_2020/y22-izapide/es

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea, kapitulu bakoitzari dagokionez, agindu honen 4.2 artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2020ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barne dela.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, 7. artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

6. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek eskaera aurkezterakoan egiaztatu beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Eskabidea aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzako eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantzia eskudunek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, emandako dirulaguntza likidatu arte eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko unean, eta ordainketak egiteko unean ere bai.

3.– Erakunde onuradunek, eskaera-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako baldintza hauek betetzen dituztela esango dute:

– Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

– Egunean izatea itzulketa-betebeharrak, dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean egonez gero.

– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio publiko honi edo beste batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) argitzen duena.

Ondoren, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak erantzukizunpeko adierazpenean esandakoa egiaztatuko du.

4.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden erakundeak.

5.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

6.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean.

7. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerak oso-osorik bete behar dira, eta, eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira nahitaez:

a) 2020. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Honako hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa elkartuen kopurua eta haien 2020ko kuotak; bai eta enpresa horien zerrenda ere.

– Ordezkatutako bazkide langileen kopurua.

8. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaerak oso-osorik beteta ez badaude, edo behar den dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpontzeko edo behar diren dokumentuak gaineratzeko hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste administrazio edo entitate publiko batzuek ematen dituzten beste laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honetako laguntzak eta entitate onuradunek arrazoi eta xede bererako jasotzen dituzten bestelako dirulaguntzak pilatzen badira, eta dirulaguntza horien batuketak egitura-gastuen kostu osoa gainditzen badu, gehiegizko kopuruaren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Justizia Sailak ematen duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko.

3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo erakunde publikoek emandako dirulaguntzak.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren esanbidezko ebazpen bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako proposamenaren arabera; izan ere, aipatutako irizpideen arabera aztertu eta ebaluatuko dituzte eskabideak. Ebazpen horrek bereizita jasoko du kapitulu bakoitza, eta agindu honetan aurreikusitako murrizketa proportzionala eginez gero, kasu bakoitzean egindako murrizketa bereiziko da.

Ebazpen horrek ez du administrazioarekiko bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan esanbidezko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpena, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babespean laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Arazoaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako aplikatzeko betekizunak ez ezik, dirulaguntzen onuradunek honako hauek ere bete behar dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

b) Egindako jarduerak egiaztatzen dituen memoria eta diruz lagundutako egitura-gastu guztien egiaztagiriak bidali beharko dituzte Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara, 2020ko ekitaldiko kontabilitateko egoera-orriak onartu eta hilabeteko epean.

c) Dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu zen eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri ziren.

d) Dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea laguntza eman duen entitateari, eta Lan eta Justizia Sailarekin lankidetzan jardutea egiaztatze-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

e) Behar diren zabalkunde-neurriak hartzea agindu honen konturako jardueren finantzaketa publikoa dela era egokian iragartzeko, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotzen diren onuradunen gainerako betebeharrak. Dirulaguntzaren bigarren zatiaren ordainketa eskatzeko nahitaezko justifikazio-memorian, esplizituki jaso beharko dira betebehar hori betetzeko hartutako neurriak.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Bi zatitan ordainduko da emandako dirulaguntza. Lehen zatia, emandako dirulaguntzaren % 75, aurrez ordainduko da, jakinarazpena egin eta, uko egin ez bazaio, hamabost egun igaro ondoren. Bigarren zatia, berriz, 2021ean ordainduko da, diruz lagundutako jarduketa bukatutakoan. Lehenago, agindu honetan eskatutako justifikazioa aurkeztu beharko da, eta zenbatekoa laguntzaren likidaziotik ateratzen dena izango da.

2.– Azken memoria aurkezteko epea, gehienez, hiru hilabetekoa izango da, onartzen denetik zenbatzen hasita, eta beti ere 2021eko uztailaren 31 baino lehen.

13. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada eta, hala egokituz gero, administrazio honen edo beste edozein administrazioren edo erakunde publikoren dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, baina agindu honetan onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete beharko dira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte sobera jasotakoak.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikatu behar diren gainerako arauak, aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du; interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe zilegi diren gainerako ekintzak. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak entitate onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez xedatuko du kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hileko epean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

II. KAPITULUA
LAGUNTZAK LAN-SOZIETATEEN ETA LAN ELKARTUKO KOOPERATIBEN ELKARTEENTZAT

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Lan eta Justizia Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu, oinarria 50.000 eurokoa izanik erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen dituen bazkide langileen eta enpresen kopuruaren arabera, eta honako baremo hau kontuan hartuta.

a) Entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen dituen bazkide langileen kopurua eskala honen arabera:

1) Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000. bazkide langile bitartera, zazpi (7) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2) 5.001. bazkide langiletik 10.000. bazkide langile bitartera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3) 10.001. bazkide langiletik aurrera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Entitate onuradun eskatzaile bakoitzak ordezkatutako enpresen kopuruari dagokionez, laurogei (80) euro emango dira ordezkatutako enpresa bakoitzeko.

2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoaren ondorioetarako, ordezkatzen dituzten bazkide langileen kopurua eta enpresa elkartuen kopurua egiaztatu beharko dute entitate onuradun eskatzaileek.

3.– Erakunde onuradun batek, gehienez ere, artikulu honen arabera gutxien dagokion erakundeak jasotzen duenaren hirukoitza jaso ahal izango du. Zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita.

III. KAPITULUA
LAGUNTZAK LAN ELKARTUKOAK EZ DIREN KOOPERATIBEN, ELKARTE KONFEDERALEN ETA GIZARTE-EKONOMIAKO ENTITATEEN INTEGRAZIO-ERAKUNDEEN ELKARTEENTZAT

17. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du Lan eta Justizia Sailak, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez, eta laguntza osoa inola ere ezingo da izan berrogeita hamar mila (50.000) eurotik gorakoa entitate eskatzaile bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EKONOMIA SOLIDARIOKO ELKARTEENTZAT ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEN ELKARTEENTZAT

18. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du Lan eta Justizia Sailak, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez, eta laguntza osoa inola ere ezingo da izan berrogeita hamar mila (50.000) eurotik gorakoa entitate eskatzaile bakoitzeko.

V. KAPITULUA
LAGUNTZAK LANGILE AUTONOMOEN SEKTOREARTEKO ERAKUNDEENTZAT

19. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du Lan eta Justizia Sailak, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez, eta laguntza osoa inola ere ezingo da izan berrogeita hamar mila (50.000) eurotik gorakoa entitate eskatzaile bakoitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, beti ere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 28a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala