Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2020ko abuztuaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3266

AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzen deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.

Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko maiatzaren 13ko Aginduan xedatutako aldaketen eta egokitzapenen ostean, Lan eta Justizia Sailaren 2020. ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak joan den ekitaldiko aurrekontu-zuzkidurari eutsi dio deialdi honetarako ere. Kontuan hartuta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa nabarmenak egin dituela dirulaguntzen programen diseinuan COVID-19ren eraginari aurre egiteko, agindu honetarako baliabide ekonomikoei eutsi izanak agerian uzten du Agindua oso garrantzitsua dela Zuzendaritzarentzat.

Azken batean, aurten, Euskadiko Aurrekontu Orokorretan adierazitakoa betetzeko konpromisoari eustea da helburua, non esplizituki baitago adierazita lehentasunezko helburua dela era horretako enpresen sozietate-oinarria handitzea. Horretarako, zuzenean erraztuko zaie kolektibo batzuei nahitaezko ekarpena harpidetzea, eta, edonola ere, langabeei emango zaie lehentasuna.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta honako jarduketa hauek finantzatzeko erabiliko dira:

a) Langabeak kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.

b) Inoren konturako lan-kontratua duten eta bazkideak ez diren jarduneko langileak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide gisa.

c) Desgaituak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide gisa.

d) Nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak sartzea, nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetako bazkide gisa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, emate-mugak eta dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, hirurehun mila (300.000) euro jarriko dira.

2.– Deskribatutako lau kolektiboei dagokienez, aurreko apartatuan zehaztutako diru-zenbatekoa nahikoa bada, eskakizunak betetzen dituzten laguntza-eskabide guztiei emango zaizkie laguntzak.

3.– Esleipen ekonomikoa nahikoa ez bada, honelaxe jokatuko da:

– Nahikoa bada 1.a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztietarako, lehenengo eta behin, horiexek ordainduko dira. Soberako gainerakoa beste hiru kolektiboetan onartutako eskabideen artean banatuko da, murrizketa proportzionala eginda.

– 1.a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa ez bada, proportzioan murriztuko da agindu honetako baliabide ekonomikoen zenbateko globala, eskabide horien guztien artean. Aipatutako beste hiru kolektiboen eskabideei ezezkoa emango zaie, 1. apartatuan aipatutako zuzkidura agortu delako.

3. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Interesdunek aurrez aurre zein elektronikoki egin ahal izango dituzte prozedura horri dagozkion eskabide, kontsulta eta izapide guztiak.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak https://www.euskadi.net egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ayuda-incorporacion-socias-2020/web01-tramite/es

2.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea aukeratzen dela ere (aurrez aurrekoa edo elektronikoa), ez du eragingo aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak horrela egin behar izatea, hau da, edozein unetan alda daiteke.

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, helbide honen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortu ahal izateko, eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– 1.a), 1.b) eta 1.c) artikuluetan adierazitako kasuetan, eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe moduan sartzea, 2019ko ekainaren 26tik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.

– 1.d) artikuluko kasurako, eskubide osoko bazkide mugagabe bihurtzea, 2019ko ekainaren 26tik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.

2.– Eskakizun espezifikoak:

a) Langabeen kasuan:

– Langabe gisa inskribatuta egotea enplegu-zerbitzu publikoan, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasunez. Antzinatasun horrek etenik gabekoa izan beharko du, eta bazkide gisa sartu aurrekoa, bi egoeren arteko etenik gabe. Eskakizun hori bete behar izanez gero, probaldia hasteko egunean bete beharko da –Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legean dago araututa probaldia–.

b) Inoren konturako langileak bazkide gisa sartzen direnerako:

– Inoren konturako langileak onuradunak izan daitezke, baldin eta bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakundean sartu aurreko lan-kontratua sei hiletik gorako antzinatasunekoa izan badute enpresan bertan. Ez da dirulaguntzarik emango lan-kontratu mugagabea goi-zuzendarien lan-harreman berezia arautzen duen 1382/1985 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean egin bada.

– Legezko subrogazio baten haritik eta gizarte-ekonomiako erakundea esleipendun suertatu den zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida baten ondorioz, langileak gizarte-ekonomiako erakunde batean sartzen badira bazkide langile edo lan-bazkide gisa, ezinbesteko baldintza izango da sartutako bazkide horiek jatorrizko erakundean kontratu mugagabea izan duten inoren konturako langileak izatea.

c) Desgaitasunen bat duten pertsonak bazkide gisa sartzen direnerako:

– Desgaitasun aitorturen bat duten pertsonak badira, enplegu-zentro berezietatik badatoz eta gizarte-ekonomiako erakunderen batean sartzen badira era iraunkorrean, kontuan hartuta gizarte-ekonomiako erakunde hori izan daitekeela desgaituek zerbitzuak ematen zituzten enplegu-zentro berezia bera. Betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean sartu behar dute.

– Agindu honen ondorioetarako, desgaitasuna duen pertsonatzat joko dira honako hauek: gutxienez % 33ko minusbaliotasun onartua dutenak, urritasun fisiko, psikiko eta/edo sentsorialagatik.

d) Nekazaritza- eta elikadura-kooperatibetan sartzen direnerako:

– Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titularrak izatea, betiere euren kasa eta zuzenean egiten badituzte ustiaketarako behar diren jarduerak, denbora osoan edo partzialean.

– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikadura-kooperatibetan sartzea bazkide gisa.

– Ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute.

– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- edo elikadura-kooperatiba bateko bazkideak badira, bazkide izan badira gutxienez 5 urtez, eta, justifikatutako arrazoi objektiboak direla medio, nekazaritza- edo elikadura-kooperatibaz aldatzen badira, arrazoi horiek egiaztatu beharko dira nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emandako aldeko txostenaren bitartez.

3.– Eskakizun orokorrak:

– Pertsona onuradun izatera iristeko eta onuradun-egoera horri eusteko, pertsonak beteta izan beharko ditu indarreko legediak finkatutako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

– Ezin izango dira pertsona onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak.

– Pertsona eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Jakinaraztea eskatu egin dela eta, hala badagokio, lortu egin dela beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako emandako beste dirulaguntzaren, laguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat.

4.– Enpresaratze horrek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokiren batean izan behar du, eta erakunde horrek egoitza sozial eta fiskalak ere bertan egon behar du.

5. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketari jarraikiz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira 4. artikuluaren 3. Atalean adierazitako eskakizun orokorrak, eta eskabidean sartuko da adierazpen hori.

2.– Eskabideetan, laguntzaren eskatzaileak berariazko baimena eman ahal izango dio laguntza kudeatzen duen organoari gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ditzan, bai aurrez aurreko bidea bai bide elektronikoa erabiltzen duenean; edonola ere, Administrazio Publikoak egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak izaten jarraituko du.

3.– Eskabidea aurkezteak berez dakar eskatzen duen pertsonak baimena ematea instrukzioa egiten duen erakundeak zuzenean lor dezan Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria; hala ere, eskabidea egiten duen pertsonak berariaz uka dezake baimen hori, eta orduan, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiri horiek.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak 3. artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide normalizatu baten bidez egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2020ko irailaren 30ean amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako lurralde-ordezkaritzetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoetan, behar bezala eta osorik betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak helbide honen bidez aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

7. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan adierazitako onurez baliatu nahi duten pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Oro har:

– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, behin betiko eskubide osoko bazkide-izaera zein datatan hartu duen zehaztuta.

– Sozietateak emandako ziurtagiria, eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko zenbateko kapitala harpidetu duen adierazten duena. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak.

b) Langabeen kasuan:

– Langabe gisa inskribatuta egondako aldiei buruzko ziurtagiria, enplegu-zerbitzu publikoak emana.

– Dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria; hala badagokio, ordainketa bakarreko langabezia-prestazioan zer zenbateko aitortu zaion adierazi beharko da.

c) Inoren konturako langileak bazkide gisa sartzen direnerako:

– Lan-bizitzaren txostena, lan-kontratua hasi den egunetik aurrerakoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana; kontratu horrek sei hiletik gorako antzinatasuna duela adierazi beharko da hor.

– Epemugarik gabe eta eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartu aurretik eskatzaileak erakundearekin zeukan erlazioari buruzko ziurtagiria, enpresak emana. Hau da, langilearekiko erlazioari dagokionez, argitu behar du inoren konturako langilea zen edo bazkide langilea edo iraupen mugatuko lan-bazkidea zen.

– Legezko subrogazio baten ondorioz sartuz gero, zerbitzu-kontratua edo administrazio-emakidarena, legezko subrogazioa egiaztatzeko.

d) Desgaitasunen bat duten pertsonak bazkide gisa sartzen direnerako:

– Minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adierazita.

e) Nekazaritza- eta elikadura-kooperatibetan sartzen direnerako:

– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien erregistroaren ziurtagiria, dagokion foru-aldundiak emana. Honako hauek adierazi beharko dira: nor den ustiategiaren titularra, hala badagokio; nekazaritza-araubideko laneko bizi-agiria, edo nekazaritzako inoren konturako langileen araubide berezikoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emana.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikadura-kooperatibaren bateko bazkideak badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: baja hartuko duten kooperatibaren ziurtagiria (kooperatiba horretan igarotako aldia azaldu beharko da), eta aldaketa hori egiteko premia objektiboaren aldeko txostena, nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emana.

– Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, nekazaritza-ustiategian duen dedikazio-erregimena adierazita (partziala edo osoa).

f) Hala badagokio, honako hauek:

– Kasuan-kasuan, espetxe-egoera egiaztatzen duen agiria: Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.

– Bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ordaindutako jarduerarik ez duen seme edo alaba bat edo gehiago dituela bere kargura, baldin eta sartzen diren pertsonek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik gabeko ondorengo bat edo gehiago.

– Terrorismoaren biktima izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia, eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duten agiriak.

– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo Fiskaltzaren txostena, non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.

– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

– Toxikomano ohien kasuan, onuraduna errehabilitazio-programan sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Edonola ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu agindu honen 10. artikuluko 2. eta 4. ataletan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa.

2.– Agindu honen bidez lortutako laguntzak beste administrazio edo erakunde publiko batek xede eta helburu berarekin emandakoekin batera jasotzen baditu onuradunak, eta agindu honetako 10. artikuluaren 2. eta 4. ataletan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen bada laguntza horiek guztiak batuta, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Lan eta Justiziako Sailak eman beharreko laguntza gutxitu egingo da.

3.– Agindu honen bidez emandako laguntzak eta ordainketa bakarreko langabezia-prestazioa (langabeziaren kapitalizazioa) batera jasotzen badira, eskatzailea langabetzat hartuko da ondorio guztietarako, eta, dirulaguntza hartzeko eskubidea izateko, 4.2.a) artikuluan ezarritako eskakizuna bete beharko du.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Indarreko araudi aplikagarriek ezarritako beste arau batzuez gainera, honako betebehar hauek izango dituzte dirulaguntza hauen onuradunek, eta, batez ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak:

1.– Dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost egunera espresuki eta idatziz uko egiten ez badio onuradunak dirulaguntzari, dirulaguntza hori onartutakotzat joko da.

2.– Bazkide egiten denetik hiru urte betetzen direnean, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela, salbu eta onuradunaren borondatearen aurkako arrazoiak egiaztatzen badira, edo justifikatzen bada sozietatearen kapitalerako ekarpena egiten jarraitzen duela (diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez). Horretarako, bazkide egin eta hiru hilabetera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

3.– Aldi berean, hasiera batean egindako ekarpenari eusten diola egiaztatu beharko du onuradunak; horretarako, aurreko atalean ezarritako epean, egoera horren egiaztagiria bidali beharko du. Hasierako ekarpen hori pertsonak horrek nahi izanda murriztu bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio honako zenbateko hau: onartutako dirulaguntzak hasierako ekarpenarekiko emandako portzentajea aplikatuko zaio amaierako ekarpenari, eta hortik ateratzen den zenbatekoa kenduko zaio dirulaguntza gisa jasotako zenbatekoari.

4.– Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoa bete beharko da berariaz, hor baitaude adierazita onuradunen betebeharrak.

5.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 51.1.k) artikuluak xedatzen du onuradunek eskatzen dieten informazio guztia eman behar dietela Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiari.

10. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Programa honen kargura emandako dirulaguntzak onuradunek bazkide langile bihurtzeko kapital sozialean egin behar dituzten ekarpenak ordaintzen laguntzeko erabiliko dira, kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartzeko unean, eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera egokituko dira.

2.– Lan eta Justizia Sailak honenbesteko dirulaguntzak emango ditu:

a) 1.a) artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.500 euro.

b) 1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 1.500 euro.

c) 1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.

d) 1.d) artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.

3.– Kopuru horrek hirurehun (300) euroko igoera izango du honako atal hauetan adierazitako kontzeptu bakoitzeko, eta igoera horiek metatu egin ahalko dira:

a) Emakumea izatea.

b) Desgaitasuna duen pertsona gisa aitortua egotea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat izatea, eta gutxienez % 45eko minusbaliotasun onartua izatea.

c) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako esparru-hitzarmena kontuan hartuta, hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea kooperatiba- edo lan-sozietateren batean bazkide gisa sartutakoak.

d) Guraso bakarreko familia bateko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duen seme-alabaren bat edo batzuk izatea ardurapean.

e) Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dagoela ulertuko da kasu honetan: pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktima izan badira, betiere modu egiaztatu batean bai genero-indarkeriaren biktimak babesteko agindu baten bidez, bai Fiskaltzaren txostenaren bidez babes-agindua eman artean –zantzuen arabera salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazi behar du–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.

f) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan araututako laneratze-enpresa batean bukatu dutenak (Dekretu horren bidez laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezarri, eta laneratze-enpresen erregistroa sortu), baldin eta kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartze hori aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada.

g) Terrorismo-ekintzen biktima izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.

h) Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

4.– Ematen den dirulaguntzak ez ditu gaindituko, inola ere, honako ehuneko hauek, onuradunak bazkide egiteko unean kooperatiba- edo lan-sozietatean harpidetutako kapitalari dagozkionak (sarrera-kuota edo jaulkipen-prima gehituta):

a) 1.a) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 100.

b) 1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 50.

c) 1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75.

d) 1.d) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75. Lanaldi partziala eginez gero, harpidetutako kapitalaren % 50era murriztuko da portzentajea.

5.– Edonola ere, kapital-harpidetza horrek eskatzaileak egindako benetako diru-ekarpena izan behar du; izan ere, ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doako bestelako formularen baten bidez egindako ekarpena edo ekarpen-zatia.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko da. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako proposamenaren arabera, aipatutako irizpideen arabera aztertu eta ebaluatuko baitituzte horiek eskabideak. Ebazpen bakar hori eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Edonola ere, Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra du.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinarazi behar bada ere, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babesean emandako dirulaguntza jasotako pertsonen zerrenda, zenbateko laguntza jaso duten adierazita, eta, bestetik, nori emandako dirulaguntzak aldatu diren.

13. artikulua.– Ordaintzeko era.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ordainketa bakarrean emango dira, behin onartu direnean, edo, hala badagokio, Aginduaren 9.1 artikuluan finkatutako epea igaro denean laguntzari berariaz uko egin gabe.

2.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko, Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero, edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke honako bide hauetako batetik:

• Aurrez aurre eginez gero, hemen ezarritako inprimaki-ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

• Elektronikoki eginez gero: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste edozein administrazioren edo erakunde publikoren baten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete behar dira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

15. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak, eta aplikatu behar diren gainerako arauak), aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du; interesdunari hamabost eguneko epea emango dio entzunaldirako, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako zenbatekoak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe zilegi diren gainerako ekintzak. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Ez-betetze partziala gertatuz gero, eta bazkideak gutxienez 18 hilabetez iraun badu, jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. Ez-betetzea egin duen pertsonak 18 hilabete baino gutxiagoz iraun badu, dirulaguntza osoa itzuli beharko du.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeetan, dirulaguntzak itzultzeko prozedura hau bete beharko da:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hilabeteko epean gehienez ere, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikagarria den lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 28a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala