Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2020ko abuztuaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3265

AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Enpresen Gizarte Erantzukizuna Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan zabaltzeko eta ezartzeko laguntzak iragartzen eta arautzen dituena.

Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko maiatzaren 13ko Aginduan xedatutako aldaketen eta egokitzapenen ostean, 2020ko ekitaldirako Lan eta Justizia Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoak eutsi egin dio programa honen urteroko deialdiari, aurrekontu-zuzkidura pixka bat murriztuta, aurreko ekitaldiari dagokionez. Kontuan hartuta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa nabarmenak egin dituela dirulaguntzen programen diseinuan COVID-19ren eraginari aurre egiteko, EAEn Enpresen Gizarte Erantzukizuna sustatzen jarraitzeak agerian uzten du arlo horrek garrantzi handia duela Lan eta Justizia Sailaren programetan.

Azken batean, bete egiten da Eusko Legebiltzarraren agindua, EAEko 2020rako Aurrekontuetan jasotakoa, euskal enpresetan, eta ETEetan bereziki, Enpresen Gizarte Erantzukizunaren aldeko apustua egin behar dela eta euskal enpresetan jasangarritasun-memoriak finkatzeko laguntzari eutsi behar zaiola zioena.

Ekitaldi honetan, tresna berri bat gehitu da dirulaguntzen alorrean, enpresetan kontabilitate sozialeko prozesuak ezartzearekin lotutakoa, enpresa horiek beren ingurunean sorrarazten duten balio sozial ukigarria kalkulatu ahal izateko eta eragin hori areagotzen saiatzeko. Euskal unibertsitateak, hain zuzen ere, aitzindariak dira kontabilitate sozialeko ereduaren teoriaren eta praktikaren sorreran.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da iragartzea eta arautzea Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko eta ezartzeko 2020ko ekitaldian emango dituen laguntzak.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduketa hauek finantzatzeko izango dira:

a) Enpresen Gizarte Erantzukizuna ezartzea enpresetan, jasangarritasun-memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 metodologiari edo gisakoei jarraitu beharko diete. Kontabilitate sozial aplikatuko azterketak egitea ere diruz laguntzeko moduko jarduketatzat jotzen da.

b) Enpresen Gizarte Erantzukizunaren kultura eremu publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan zabaltzeko jarduketak.

Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2020ko azaroaren 30a baino lehenago amaiturik egon behar dute.

3. artikulua.– Diru-baliabideak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun mila (100.000) euro jarriko dira.

2.– Aurreko zenbakian zehaztutako diru-zenbatekoa nahikoa bada diruz laguntzekoak diren bi jarduketetarako, eskakizunak betetzen dituzten laguntza-eskabide guztiei emango zaizkie laguntzak.

3.– Esleitutako dirua nahikoa ez bada, honela jokatuko da:

– 2.a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa bada, lehenengo eta behin horiei guztiei erantzungo zaie. Sobera gelditzen den zenbatekoa proportzionalki murriztuko da diruz laguntzekoa den beste jarduketan onargarriak diren eskabideen artean.

– 2.a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa ez bada, proportzioan murriztuko da agindu honetako baliabide ekonomikoen zenbateko globala, eskabide horien guztien artean. 2.b) artikuluaren babespean aurkeztutako eskabideak ukatu egingo dira, baliabide ekonomiko faltagatik.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Egoitza elektroniko honetan egongo dira eskabideak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak: http://www.euskadi.eus/ayudas-responsabilidad-social-empresarial-euskadi-2020/web01-tramite/es

3.– Eskabideen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– Enpresa txikiek eta ertainek, 2.a) artikuluko jarduketetarako.

2.– Unibertsitateek, enpresa-elkarteek eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren sustapenean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako erakundeek, 2.b) artikuluko jarduketetarako.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez adieraztea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz onartuta).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordainketa jaso ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoekin lotutakoak; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

7. artikulua.– Erakunde onuradunek betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute betetzen dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, 15 eguneko epean, gehienez jota.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean azter dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan erakunde onuradunei aukera emango zaie berariaz onar dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Dirulaguntzen eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da: http://www.euskadi.eus/ayudas-responsabilidad-social-empresarial-euskadi-2020/web01-tramite/es

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2020ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden aurrekontu zenbatetsia eta zehaztua, haien finantzaketa-planarekin.

– Diruz lagunduko litzatekeen jarduera gauzatzeko egutegi deskribatzailea.

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Gainera, ohartaraziko zaio hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

11. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Hauek izango dira dirulaguntza-zenbatekoak eta muga aplikagarriak:

a) 2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jarduketaren kostu garbiaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 3.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jarduketaren kostu garbiaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

3.– Dirulaguntza emango den ala ez erabakitzeko eta haren zenbatekoa zehazteko, hauek izango dira irizpideak:

– Berrikuntza azterlanaren edukietan edo analisiaren metodologian: 5 puntu, gehien jota.

– Egindako azterlanen sakontzea edo maila egiaztatua duten lanak Euskadiren eremuan aplikatzea: 3 puntu, gehien jota.

– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak lehenago diruz lagundutako jarduketak ezartzea eta haien landa-lana egitea: 5 puntu, gehien jota.

– Lana egiten duen entitatearen kualifikazio eta esperientzia egiaztatua: 3 puntu, gehien jota.

Ez dira finantzatuko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako balorazioan gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten eskabideak.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste administrazio edo erakunde publiko batzuek ematen dituzten beste laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jarduketaren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera, erakunde onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publikoren edo erakunde publikoren batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da eta Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpena, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60koa, hamabost eguneko epean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik hasita, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa bat, gainerako % 40koa, diruz lagundutako jarduera(k) amaitutakoan.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu behar du; informazio hau jaso beharko du kontu horrek:

a) Egindako jarduketen eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduketarekin lotuta egindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduketa finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko soberakinik badago edo soberakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak laginketa bidezko egiaztapenak egingo ditu erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien artean; egoki iritzitako justifikazio oro egiaztatuko ditu, eta dirulaguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia erakutsi beharko dute justifikazio horiek. Egiaztapen hori egiteko, hautatutako gastuen justifikazioak eskatu ahalko dizkie onuradunei.

4.– Aurreko zenbakian adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik hasita, eta 2020ko abenduaren 31 baino lehenago beti.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela uste bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

16. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikagarri diren gainerako arauak, aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua, dagokion helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espediente bat izapidetuko du; interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako zenbatekoak (osorik edo zati bat) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe zilegi diren gainerako ekintzak. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (horren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak, eta zehatu ahalko dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zehapenen bidez zehatuko dira, eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zehapenen bidez.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, ebazpen bidez, erakunde onuradunari jakinaraziko dio dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, erakunde eskudunak ebazpena emango du, eta, horren bitartez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra adieraziko du, gehienez ere bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko epetzat joko da epe hori.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.

Agindu honetan jasotako eta 2.a) artikuluaren babespean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Laguntza-eskaera egiten duenak deklaratu egin beharko ditu dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk, modu horretara, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko. Bigarren eranskinean, minimis laguntzak deklaratzeari buruzko eta beste finantzaketa-bide batzuei buruzko deklarazio-eredua dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 28a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala