Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2020ko abuztuaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3184

AGINDUA, 2020ko uztailaren 14koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko laguntzen deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.

COVID-19ak eragindako krisialdia dela-eta, dirulaguntzen inguruan 2020rako diseinatuta zuen estrategia osoa berraztertu behar izan du Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak. Orain, gizarte-ekonomiako enpresetan eragin kaltegarriak ahal den neurrian txikitzea bihurtu da laguntza publikoaren helburu nagusia. Horretarako, dirulaguntzen lerro batzuk birbideratu egin dira, kalteei eusteko, enpresak sendotzeko eta enpresen iraunkortasuna finkatzeko neurriak gauzatu ahal izateko, bideragarritasuna bera ere arriskuan zuten enpresetan.

Zuzendaritzaren xede estrategikoetako bat da langileek enpresetan duten parte-hartzea areagotzea, bai lehendik ere gizarte-ekonomiaren alorrekoak diren enpresetan, bai eta ez direnetan ere. Hortaz, ezinbestekotzat jotzen da programa honi eustea, nahiz eta lehen adierazitako aurrekontu-beharrek programan murrizketa nabarmenak egitea eskatzen duten.

Laburbilduz, eutsi egiten zaie honako dirulaguntza hauei: langileek Gizarte Ekonomiako Enpresen kudeaketan eta organoetan parte hartzeko bideak errazten eta hobetzen dituzten metodoak eta tresnak sortzeko eta ezartzeko dirulaguntzak, eta langileek Parte Hartzeko Plan bat egiteko eta ezartzeko dirulaguntzak (plan hori aholkularitza-etxe baten laguntzaz egingo da gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan).

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2020ko ekitaldian enpresetan langileen parte-hartzea sustatzeko eman ahal izango dituen laguntzak arautzea. Laguntza horiek bi kapitulutan banatzen dira: I. kapitulua langileek gizarte-ekonomiako enpresetan parte hartzeari buruzkoa da; II. kapitulua, langileek gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan parte hartzeari buruzkoa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, guztira, ehun mila (100.000) euroko gehienezko zenbateko orokorra erabiliko da 2020. ekitaldirako.

2.– Zenbateko hori lehen aipatutako bi kapituluen artean berdinbanatuko da; hortaz, berrogeita hamar mila (50.000) euroko gehienezko zenbateko osoa I. kapitulurako, eta beste berrogeita hamar mila (50.000) euroko gehienezko zenbateko osoa II. kapitulurako.

3.– Kapituluren batean, esleitutako zenbatekoa ez bada nahikoa kapitulu horretako onuradun guztiak finantzatzeko, eta beste kapituluan soberakina badago, saldo soberakin hori defizita duen kapitulura esleituko da.

4.– Azkenean ez badago behar beste baliabide ekonomiko kapitulu bakoitzean kalkulatutako guztia diruz lagundu ahal izateko, kalkulatutako zenbatekoak murriztuko dira proportzionalki, kapitulu bakoitza bere aldetik kontuan hartuta.

I. KAPITULUA
LANGILEEN PARTE-HARTZEA GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESETAN

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan xedatutako laguntzak dirulaguntzatzat joko dira, eta horien gastuak langileek Gizarte Ekonomiako Enpresen kudeaketan eta organoetan parte hartzeko bideak errazten eta hobetzen dituzten metodoak eta tresnak sortzeko eta ezartzeko erabiliko dira.

2.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak abian den urtean jarri beharko dira martxan, eta 2020ko abenduaren 31 baino lehen amaitu.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan xedatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta jarduera hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietarako egiten duten gizarte-ekonomiako enpresek.

Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat joko dira Gizarte Ekonomiari buruzko Legearen (martxoaren 29ko 5/2011 Legea) 5. artikuluko 1. eta 2. ataletan jasotakoak.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 75ekoa izango da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

II. KAPITULUA
LANGILEEN PARTE-HARTZEA GIZARTE-EKONOMIAKOAK EZ DIREN ENPRESETAN

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan xedatutako laguntzak dirulaguntzatzat joko dira, eta horien gastuak langileek Parte Hartzeko Plan bat egiteko eta ezartzeko erabiliko dira (plan hori aholkularitza-etxe baten laguntzaz egingo da).

2.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak abian den urtean jarri beharko dira martxan, eta 2020ko abenduaren 1a baino lehen amaitu.

7. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

Agindu honetan xedatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta jarduera hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietarako egiten duten eta gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresek.

8. artikulua.– Parte Hartzeko Planaren edukia.

Plana sozietatearen edo enpresaren gobernuko, kudeaketako eta administrazioko organoen eta horien maila guztien parte-hartzearekin egingo da, eta honako datu hauek jasoko ditu:

a) Enpresaren edo lantokiaren ezaugarriak: jarduera, tamaina, kapital-egitura, langileen profila, enpresaburuaren edo kapital sozialaren zati bat daukatenen arteko familia-loturak, eta bereziki haren egoera eta bideragarritasun ekonomikoa.

b) Parte-hartzearen aurrekariak: unean-unean enpresan parte-hartzearen inguruan dagoen giroan, eta aurrez izandako esperientziekin duen lotura.

c) Parte hartzeko proposamena: egin beharreko jarduerak eta ezarri beharreko mekanismoak, eta bereziki parte hartzeko ibilbidea. Langileek, hasteko eta behin, kudeaketan parte hartuko dute, eta, ondoren, erabakietan eta emaitzetan; eta, ibilbide horren buruan, enpresan ekonomikoki parte hartzeko aukera izango dute.

9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa Parte Hartzeko Planaren kostuaren % 75ekoa izango da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

III. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

10. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Aholkularitza-erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden lantokietan gutxienez goi-mailako tituludun bat izatea; langileek enpresetan duten parte-hartzearekin edo bazkideek Kooperatiba edo Lan Sozietateetan dutenarekin zerikusia duten gaiei buruzko esperientzia egiaztagarria izan beharko du.

b) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak egiaztatu beharko du gutxienez hiru urtez jardun duela lanean aholkularitza-enpresan.

11. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 14.2 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, Agindu honetan xedatutako laguntzak lortzeko eskabideak baliabide elektronikoen bitartez egin beharko dira.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektronikoan egongo dira, honako helbide honetan: http://www.euskadi.eus/ayudas-participacion-personas-trabajadoras-euskadi-2020/web01-tramite/es

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak https://euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea honako egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayudas-participacion-personas-trabajadoras-euskadi-2020/web01-tramite/es

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2020ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Eskaeraren ondorengo izapideak honako helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentazioa, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea) 6.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

13. artikulua.– Onuradun-izaera eskuratzeko eskakizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketak egiteko uneetan.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez adieraztea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapidetan edo emanda).

e) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordainketa jaso ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoekin lotutakoak; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko, Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena, erregistratu gabe egonez gero (edota jasota dauden datuak aldatu, nahi izanez gero), honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

14. artikulua.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute betetzen dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, 15 eguneko epean, gehienez jota.

2.– Eskabidea aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere emandako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean zein dagozkion ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan erakunde onuradunei aukera emango zaie berariaz onar dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako betekizunak.

15. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Dirulaguntza jasotzeko eskariarekin batera, diruz laguntzeko moduko jarduerak gauzatzeko moduari buruzko memoria bat aurkeztu beharko da. Memoria horretan, jardueren iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua jaso beharko dira.

16. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaerako datu guztiak beteta ez badaude, edo harekin batera ez badira beharrezko dokumentu guztiak aurkeztu, akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu bere eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Edonola ere, Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpena jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

17. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra du.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpena berariaz eta banaka jakinarazi behar bada ere, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen baten bidez: alde batetik, Agindu honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren pertsonen eta erakundeen zerrenda, jasotako zenbatekoekin batera; bestetik, emandako dirulaguntza aldatu zaien pertsonen eta erakundeen zerrenda.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehen ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizkoaren % 40koa, hamabost eguneko epean dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa bat, gainerako % 60koa, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa jasotzeko, erakunde onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer desbideratze izan den adieraziko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko soberakinik badago edo soberakin horietatik eratorritako interesik badago.

Kasu horietan, dirulaguntza ematen duen organoak laginketa bidezko egiaztapenak egingo ditu erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien artean; egoki irizten dituen egiaztagiri oro egiaztatuko du, dirulaguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia izan arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie onuradunei.

2.– Aurreko puntuan aipatutako dokumentazioa aurkezteko epea 2020ko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Diruz lagundu daitezkeen eta egiaztatzen diren gastuek bat etorri beharko dute erakunde onuradunek egiaz ordaindutako gastu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo konpultsatuen edo froga-balio bera duten kontabilitateko beste agiri batzuen bidez egiaztatu beharko dira.

19. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein Administraziok edo erakunde publikok emandako laguntzekin, nahiz eta arrazoi eta xede bera izan. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ez eta Agindu honen 5.2 eta 9.2 artikuluetan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera, erakunde onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste Administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 7. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin hori bateraezintzat joko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, batez ere, horrekin batera, beste dirulaguntza edo bestelako laguntzaren bat eskuratzen bada beste Administrazio batengandik edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik, edo, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, aldatu egin ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena; dena dela, arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta, haren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

21. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikagarri diren gainerako arauak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, dagokion helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espediente bat izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako zenbatekoak (osorik edo zati bat) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (horren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-betetzeak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zigorren bidez ere bai.

22. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura; horrez gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan, edo epea igarotakoan alegaziorik aurkeztu ez bada ere, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horretan, beharrezkoa bada, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko du, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hileko epean ebatzi behar da.

c) Zenbatekoak borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.

Agindu honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Laguntza-eskatzaileak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako gainerako minimis laguntzak aitortu beharko ditu; horrela, egiaztatu ahal izango da minimis laguntza berriak ez duela gainditzen erregelamenduan ezarritako gehienezko muga.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea), eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutakoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legearen (uztailaren 13ko 29/1998 Legea) 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 14a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala