Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2020ko abuztuaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3183

AGINDUA, 2020ko uztailaren 14koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza horrelako sozietateen identitate-balio eta printzipio nagusietako bat da. 2020ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrekin batera doan memorian, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren lehentasunezko helburuetako bat da kooperatiben arteko eta gizarte-ekonomiako beste enpresa-mota batzuen arteko lankidetza sustatzea. Kanpoaldean, globalizazioa gero eta handiagoa da, eta, ondorioz, lehia ere oso handia da. Egoera horretan, gomendatzen da hazkunde-estrategiak hartzea, tamaina egokia lortzeko eta, horri esker, bizirauteko eta lehiakortasuna hobetzeko behar diren gaitasunak eta baliabideak eskuratu ahal izateko. Barnealdean, gizarte-ekonomiako entitateen arteko lan komunak eraginda, gizarte-interes orokorra onura indibidualean oinarritutako ereduari gailentzen zaion kolektibo bateko kide izateak indar handiagoa hartzen du.

COVID-19ak eragindako krisiak mahai gainean berriz jarritako eztabaida bat da ea kooperatibek eta lan-sozietateek ahalmen handiagoa duten krisialdiei berme handiagoarekin aurre egiteko. Horrenbestez, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak bere funts propioak birbanatu ditu, eta behartuta egon da laguntza batzuk 2020 martxoko krisiak eragindako gizarte-ekonomiako enpresentzat premiazkoak eta ezinbestekoak diren neurrietarantz bideratzera, nagusiki enpresen funts propioak indartzeko eta enpresak sendotzeko jardueretan laguntzen duten diagnostikoak emateko.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Gizarte-ekonomiako erakundeek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutu ditzaten, Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2020ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea da agindu honen xedea.

2. artikulua.– Dirulaguntzarako jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

a) Lankidetza-proiektu bat lantzeak eta ezartzeak eragindako gastuak.

Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea. Era berean, lankidetza-proiektutzat joko da bazkide langileek kapitalean duten partaidetza eskualdatu eta aipatutako proiektuan parte hartzen duten sozietateetan ezartzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatzea eta prestatzea, kasuan kasuko elkartearen gidaritzapean. Mekanismo horiek administrazio-organoak zehaztutako gobernamendu-ereduan integratuko dira.

b) Akordioak landu eta formalizatzeko eta enpresa-lankidetzako enpresak edo egiturak sortzeko behar diren gastuak, gizarte-ekonomiako enpresek bat egiteko behar direnak barne. Halaber, azterketa- eta diseinu-fasean programa honen kargura lagundu ziren eta dagoeneko ezarrita dauden lankidetza-akordioak eta -egiturak finkatzeko gastuak.

2.– Aurten hasi behar dute agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek, eta 2021eko ekainaren 30 baino lehenago amaitu.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun mila (100.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: hirurogei mila (60.000) euroko ordainketa-kreditua 2020ko ekitaldirako, eta berrogei mila (40.000) euroko konpromiso-kreditua 2021eko ekitaldirako.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek izango dute dirulaguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideez kalkulatutako dirulaguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa gainditzen bada, murriztu egingo da dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, horretarako, gutxitze proportzional bat aplikatuko zaie onartu diren eskabide guztiei.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen eskabidea izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ ayudas-intercooperacion-economia-social-2020/web01-tramite/es

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Kooperatiba-sozietateak eta lan-sozietateak.

b) Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarteak.

c) Gizarte-ekonomiako enpresen lankidetzako egiturak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izanda.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Diruz lagundutako jardueretan parte hartu dezaketen aholkularitza-erakundeek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz. Eskabidea aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, emandako dirulaguntza likidatu arte eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko unean, eta ordainketak egiteko unean ere bai.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

c) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

d) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

e) Entitate eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten egon).

2.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

3.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean.

4.– Erakunde eskatzaileari dirulaguntza izateko eskubidea aitortzen bazaio, behar diren zabalkunde-neurriak hartuko ditu era egokian iragartzeko agindu honen konturako jardueren finantzaketa publikoa dela, eta, era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko ditu. Dirulaguntzaren bigarren zatiaren ordainketa eskatzeko nahitaezko justifikazio-memorian, esplizituki jaso beharko dira betebehar hau betetzeko hartutako neurriak.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute betetzen dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan eskatzaileak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzako eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantzia eskudunek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, emandako dirulaguntza likidatu arte eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko unean, eta ordainketak egiteko unean ere bai.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

9. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira, 2.a) artikuluko kasuetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokitzen direnak.

Bestetik, 2.b) artikuluko kasuetarako, goian aipatutako 31. artikuluan jasotakoez gain, diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minuta-gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.

2.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari zuzenean lotutako kostu garbien % 50eraino emango du Lan eta Justizia Sailak, muga hauekin:

a) 2.a) artikuluko jarduerak: hamabi mila (12.000) eurora arte.

b) 2.b) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila (30.000) eurora arte.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, hauek izango dira irizpideak:

a) Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna.

Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da: proiektuaren eraginpeko pertsona fisikoen kopuruarekiko batezbestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera.

d) Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

e) Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

4.– Langile bazkideek kapitalean duten partaidetza eskualdatzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatu eta prestatzeko proiektuen kasuan, artikulu honetako bigarren paragrafoan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.

5.– Agindu honen arabera onuradun bakoitzak lortu ditzakeen kopuruaren muga orokorra hogeita hamar mila (30.000) eurokoa izango da.

10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede berarekin beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituenekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ez eta agindu honen 9.5 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 9.5 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza_arteko_lankidetzarako_2019/

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2020ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, 12. artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

12. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek aurreko artikuluan aipatutako eskaera-inprimaki elektronikoa bete beharko dute, eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu:

a) Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:

– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea, eta bat egitea.

– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzeko bazkide kopurua.

– Kalkulatutako aurrekontua.

– Entitate bakoitzak kostuetan dituen partaidetza-portzentajeak.

– Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

b) Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu:

– Erakundearen datuak.

– Azterlana gauzatzerakoan lankidetzan jarduteko akordioa.

– Agindu honetako 7. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla zinpeko deklarazioa.

13. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskaerak osorik beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ukatu gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, dirulaguntza osoaren % 60, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako kopurua, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu behar du, honako informazio hau barnean daukala:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak laginketa bidezko egiaztapenak egingo ditu erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien artean, egoki iritzitako egiaztagiri oro egiaztatuko du, dirulaguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia izan arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie onuradunei.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, batez ere, horrekin batera, eskuratzen badira beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk, aldatu ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena; dena dela, arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko baitituzte soberakinak.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira, eta zehagarriak izango dira, are zabarkeria huts moduan ere. Dirulaguntzen arloko arau-hauste horiek diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala egokituz gero, diruzkoak ez diren zigorren bidez ere bai.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hileko epean ebatzi behar da.

c) Borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.

Onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak direnean bakarrik, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Justizia Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzeko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Justiziako sailburuari, agindua argitaratu eta hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 14a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala