Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2020ko abuztuaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3126

AGINDUA, 2020ko uztailaren 14koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Merkataritzako Bulego Teknikoentzako 2020ko ekitaldirako laguntza-programa arautzen eta iragartzen duena, COVID-19ari aurre egiteko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko 2017-2020ko aldiko Plan Estrategikoan, Jaurlaritzak turismoan, merkataritzan eta kontsumoan sustatu beharreko jarduera publikoko arlo lehenetsiak zehazten dira, betiere XI. legegintzaldirako gobernu-programan oinarrituta. Izan ere, plan estrategiko hori da bitarteko egokia, sailaren politika publikoen plangintza egiteko eta administrazio honi arlo horretan dagozkion jarduerak antolatzeko eta koordinatzeko.

Barne-merkataritzaren gaiari dagokionez, hainbat lan-ardatz eta jarduketa-lerro zehaztu dira, horietako bakoitzaren helburuaren arabera. Merkataritza-banaketaren sektoreari laguntzeko agindu honen garapena IV. ardatz edo eremuan kokatzen da (Politikak sektorera eta lurraldera eramateko tresnak). Ardatz horren helburua merkataritza-politiken eraginkortasuna hobetzea da, horien diseinu, aplikazio eta jarraipenean lidergo publikoa indartuz, bai eta eskuragarri dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak operatiboki optimizatzea ere. Horren barruan 4.2 ekintza-ildoa dago (lekuan bertan dauden baliabideak eta elkarte- eta udal-ekosistema), sailak lekuan bertan dituen baliabideak egituratu eta optimizatu, eta elkarte-ekosistemarekin modu koordinatuan integratu nahi dituena.

Beste alde batetik, Merkataritza Jarduerari buruzko Legeak (maiatzaren 27ko 7/1994 Legea) 50. artikuluan aipatzen duen moduan, Eusko Jaurlaritzak, merkataritzaren arloko eskumenak bere gain hartzen dituen sailaren bitartez, merkataritza-egiturak eraberritzea bilatzen duen jarduketa oro aurrera eramango du; batez ere, xede hauetarako egiten direnak: merkataritzako enpresen artean talde edo unitate integratuak osatzea, merkaturatzeko egitura eta prozesuak hobeto ezagutzeko azterlan eta ikerketak egitea eta merkataritza-azpiegituraren akatsak zuzentzea.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2020rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko otsailaren 3ko aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta 2020ko ekainaren 3an aldatu), 2. ardatz estrategikoaren barruan: «Merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea»; eta, zehazki, ardatz horren hirugarren helburuan: «Hiri-eremuen merkataritza-kudeaketa eta politikak sektorera eta lurraldera eramateko tresnak». Era berean, arautzen duen deialdirako, behar adina aurrekontu-kreditu du, abenduaren 27ko 13/2019 Legeari esker (Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituena).

Agindu honek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) ezarritako eskakizunei erantzuten die, eta horrekin batera, bat dator 2018ko maiatzaren 22ko EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren helburuekin. Horretarako, desparekotasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko jarduketa bereziekin lotutako balorazio-irizpideak hartu ditu barnean.

Bestalde, COVID-19aren hedapen azkarrak aurrekaririk gabeko alerta sanitarioko egoera ekarri du, gaixotu kopuru handiarekin, eta hedapenaren aurkako borroka etenik gabeko bati bide eman dio, pertsonen osasunean berebiziko eragina duenez.

COVID-19aren pandemiari eusteko ezarritako neurrien ondorioz, automatikoki itxi ziren ia-ia merkataritzako saltoki guztiak, 463/2020 Errege Dekretuko 10. artikuluan jasotako kasu berezi hauek izan ezik: elikagaien, edarien eta premia biziko produktu eta ondasunen txikizkako saltokiak, farmaziak eta osasungintzako establezimenduak, albaitaritzako zentro edo klinikak, optikak eta ortopediako produktuak, higiene-produktuak, prentsa eta paper-gauzak, ibilgailuen erregaiak, estankoak, ekipo teknologikoak eta telekomunikaziokoak, laguntza-animalientzako elikagaiak, Internet, telefono nahiz posta bidezko merkataritza, tindategiak, garbitegiak.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna zaintzea bada ere, kontu-kontuan hartu behar ditu krisialdi honek gure txikizkako merkataritza-sektorean dituen ondorioak eta eragina; izan ere, EAEko gizarte osoarentzako enplegu- eta ongizate-iturria da sektore hori.

Larrialdi-egoera honetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erabateko lehentasuna da, alor ekonomikoari dagokionez, EAEko txikizkako merkataritza-sektoreari babesa eta euskarria ematea, eragina minimizatu eta, alarma sanitarioa amaitutakoan, jarduera lehenbailehen indartu dadin berriz. Helburua da ondorio kaltegarriak iragankorrak izan daitezela eta, azken batean, ez dadila inpaktu iraunkorrik edo egiturazko kalterik suertatu eskariaren beherakadak gurpil zoro bat jarri duelako martxan.

Euskadiko Merkataritzako Bulego Teknikoen sarea autonomia-erkidegoko merkataritza-enpresei laguntza emateko aktibo nagusietako bat da, eta balio handiko profesional taldea du politika publikoak koordinatu eta kudeatzeko. Sektorearekin lotutako jarduerak behar bezala gauzatzeko aholkularitza eta ezagutzak eskaintzen dituzte. Hori guztia, gainera, merkataritzaren egoera gertutik ondo ezagututa egiten dute.

Beren zereginak garatzean, bulego horiek Sailaren esfortzuak bideratu behar dituzte, eta politikak kudeatu. Gainera, lantalde integratu eta koordinatu gisa jardun behar dute, sektoreko eta zonako espezializazioei modu egituratu eta eraginkorrean erantzunez. Alde horretatik, laguntza espezializatua eman behar dute merkataritza-banaketaren sektoreak dituen erronka berriei aurre egiteko, inguru bakoitzeko merkataritzaren lehiakortasuna areagotzen eta denboran irauten lagunduko duten prozesuak sustatuz.

Hori guztia dela eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.2 artikuluan ematen didan ahalmenaz baliatuta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onestea 2020ko ekitaldiko Merkataritzako Bulego Teknikoentzako laguntza-programaren oinarri arautzaileak, I. eranskinean jasotako terminoetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako dekretuaren bidez onetsi zen lege hori); eta oinarrizko araudia, hau da, 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, horren araudia onesten duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bietan ala bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 14a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Xedea.

Eranskin honen xedea hau da: Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetuko duten 2020ko dirulaguntzak emateko oinarriak ezartzea. Izan ere, bulego horietatik, langile kualifikatuek COVID-19ari aurre egiteko laguntza-zerbitzua emango dute, doan, merkataritzako banaketaren sektore osoarentzat eta erakundeentzat.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko oinarriko helburua lortzeko baliabide ekonomikoak 1.809.500,00 eurokoak izango dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik aterako dira; horietatik, 1.447.600 euro 2020rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 361.900 euro, berriz, 2021. urterako konpromiso-kredituari.

2.– Aurrekontu-ekitaldian eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du, inola ere, aipatutako kontsignazioa gaindituko.

3. oinarria.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak baliatu ahal izango dituzte honako hauek:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten merkatari elkarteak (merkatariz soilik osatutakoak nahiz merkatariz eta bestelako profesionalez osatutakoak) eta taldeak, haien jardun-eremuak ez badu gainditzen II. eranskinean adierazitako zonari dagokiona, eta udalak nahiz udalek sustatutako garapen-erakundeak. Zonako bulegoentzako dirulaguntzak baino ezingo dituzte eskuratu erakunde horiek.

b) Nagusiki merkatari elkartez osatutako federazioak edo taldeak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta haien jardun-eremua lurralde historiko bat bada. Beren jardun-eremuko bulegoentzako dirulaguntzak baino ezingo dituzte baliatu erakunde horiek, eta eremu horretako gremio-elkarte guztiei emango diete zerbitzua. Hiru lurralde historikoetako Merkataritza Ganberek ere gremioen arloko bulegoetara jo ahal izango dute.

Bi eremuetan, gehienez ere 2 bulegotarako eskaria egin ahal izango dute erakunde eskatzaileek. Erakunde horietako batek eskabide gehiago aurkezten baditu, balorazio-fasean puntuaziorik altuena lortzen duten biak baino ez dira hartuko kontuan, onuradun izatekotan, eta beste guztiak ezetsi egingo dira.

2.– Laguntzak eskatu ahal izateko, merkatarien elkarteak, taldeak eta federazioak legez eratuta egon beharko dira, eta behar bezala inskribatuta, bai dagozkion erregistroetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan.

3.– Erakunde onuradun izan daitezke Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten erakundeak.

4.– Erakundeek ezingo dute agindu honetan araututako dirulaguntzarik lortu horretarako gaitasuna kendu dien legezko debekuren bat badute, zehapenak iraun bitartean. Barne hartuko dira sexuan oinarritutako bereizkeriaren ondoriozkoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.

5.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 2. apartatuko b), d), e), f), g), h), i) eta j) letretan eta 3. apartatuan jasotzen dituen debekuak automatikoki hautemango dira, eta kasuan-kasuan debekua eragin duten inguruabarrek iraun bitartean iraungo dute.

4. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, bulegoek merkataritzako banaketan espezializatuta egon beharko dute, zerbitzuak doan eman behar dituzte eta helburu hauek izan beharko dituzte: berrikuntzarekin, kalitate-prozesuekin eta teknologia berriekin lotutako prozesuen inguruko sentsibilizazioa eta zabalkundea; lankidetza horizontaleko (hiri-eremuetan) eta bertikaleko (banaketa-katean) lankidetza-prozesuen sustapena; emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren sustapena; enpresa-transmisioko eta ikaskuntzako prozesuen jarraipena eta sustapena; ondarea, kultura eta ingurumena iraunarazteko ekonomia bati lotutako estrategien garapena; hirugarren sektoreko estrategien sustapena udal- nahiz eskualde-mailan; eta kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzen duten ekintzen garapena, xede-publikoaren fideltasuna lortzeko.

2.– Jardun-eremua zonakoa edo gremiokoa izango da, agindu honen II. eranskinaren arabera.

3.– Proiektua 2020. urtean hasi, eta 12 hilabetez jarraian egin beharko da: horietatik hiru, gutxienez, 2020. urtean izango dira.

Eskabidean ezingo dira sartu aurreko deialdian diruz lagundutako aldiak.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta bulegoaren arduraduna kontratatzeko kostuetarako erabiliko dira soilik.

5.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira, baldin eta zalantzarik gabe erantzuten badiote diruz lagundutako jardueraren izaerari, ezinbestekoak badira, eta deialdi honetan, dirulaguntzak emateko ebazpenean nahiz horiek izan ditzaketen aldaketetan ezarritako epean egiten badira.

Agindu honetan aurreikusitako ondoreetarako, 16. oinarrian zehaztutako justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.

Gastu hauek izan daitezke diruz laguntzekoak:

a) Merkataritzako Bulego Teknikoaren arduradunaren soldata-gastuak.

b) Erakundeak bulegoaren arduradunari dagokionez ordaindu beharreko gizarte-aseguruak.

c) Erakundeak BGAE batean edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuetan bulegoaren arduradunaren alde egindako ekarpenak.

d) Kontratua egiteko edo bulegoaren arduradunari dagozkion nominak ordaintzeko erabili diren zerbitzu profesional independenteen kostuak: lan-, zerga- edo administrazio-arloko aholkularitza edo kudeaketa.

Gastu horiek diruz lagundu ahal izango dira Merkataritzako Bulego Teknikoko arduradun izateko kontratatutako pertsonak baldintza hauek betetzen dituenean:

– Goi-mailako unibertsitate-titulua izatea.

– Lanaldi osoan kontratatuta egotea.

– Gizarte Segurantzan altan egotea, eskatzailearen entitatean, proiektua hasten den unean.

– Kontratuko kategoria profesionala bat etorriko da, halaber, eskatutako titulu akademikoarekin.

– Ordainsari ekonomikoa, gutxienez, aplikatu beharreko hitzarmenean jasotakoa izango da.

Gerora agertu diren arrazoiengatik soilik onartuko da teknikariak ordeztea edo beste batzuk kontratatzea, bulego bakoitzak eman behar duen zerbitzua betetzeko, kasu hauetan:

– Hasiera batean kontratatutako pertsonak lanaldi-murrizketa eskatzen badu laneko eta familiako bizitza bateratzeko.

– Hasiera batean kontratatutako pertsonak laneko baja hartzen badu.

– Hasieran kontratatutako pertsona kargutik kentzen bada.

Gertaera horrek ez du handituko emandako dirulaguntza, eta oinarri arautzaile hauen 15. oinarrian araututako ebaluazio-batzordearen oniritzia izan beharko du.

Kontuan har dadin, 20. oinarrian deskribatutako prozedurari jarraitu beharko zaio. Idazki bat aurkeztu beharko da gerora gertatu den egoera horren zergatiak azaltzeko eta hasieran diruz lagundutako baldintzak alda daitezela eskatzeko. Era berean, kontratazio berria egiten bada, kontratudun berriaren curriculum vitae-a eta kontratu berriaren kopia ziurtatua erantsi beharko dira.

6.– Ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko honako hauek:

– Joan-etorrietarako, mantenurako edo antzekoetarako gastuak.

– Lan-harremana amaitzearen ondoriozko kalte-ordainei dagozkion langile-gastuak.

7.– Aurreko apartatuetan aurreikusi gabeko guztirako, kontuan hartuko da zer ezartzen duten Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003) 29. eta 31. artikuluan eta lege horren erregelamenduak 83. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori).

5. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Bulegoaren zerbitzua beteko duen pertsona urtebetez lanaldi osoan kontratatzeko kostuen % 86,7ra arte estal dezake laguntzaren zenbatekoak. Edonola ere, bulego bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa ez da izango 38.500,00 eurotik gorakoa.

Diruz lagundu daitezkeen gastuei eta 38.500,00 euroko zenbatekoari % 86,7ko portzentaje indizea aplikatu, eta bi kopuru horietan txikiena izango da emango den dirulaguntzaren zenbatekoa.

6. oinarria.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste zeinahi laguntzarekin, betiere helburua berbera baldin bada.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio publiko edo erakunde pribatu edo publiko batzuetatik eskuratutako laguntzak edo dirulaguntzak batuta.

3.– Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen (edo ez) azaltzeko, eta oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskaeren zenbatekoa ere adierazi beharko da hor.

4.– Gehiegizko finantzaketarik bada, agindu honen bidez emandako laguntza murriztuko da, gehiegizko zatiaren berdina izango den zenbatekoan.

7. oinarria.– Bulegoen jarduna.

Merkataritzako Bulego Teknikoek, dirulaguntza jaso ahal izateko, agindu honen II. eranskinean ezarritako jardun-eremuetako bat izan beharko dute.

Edonola ere, hala eskatzen dutenean zerbitzua emango diete beren eremuko saltokiei, elkartekideak izan zein ez.

Sexismorik gabeko hizkera inklusiboa erabiliko du diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko du.

8. oinarria.– Bulego kopurua.

Gehienez ere, Merkataritzako 47 Bulego Teknikori emango zaie dirulaguntza, honela banatuta:

– Agindu honen II. eranskinean ezarritako eremuetako bakoitzari bulego bat dagokio, salbuespen hauekin: 5., 7., 11., 12., 16. eta 24. zonei bina bulego dagozkie; 1., 4., 15. eta 25. zonei hiruna bulego, eta 26. eta 27. eremuei launa bulego.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

9. oinarria.– Eskaerak aurkeztea eta epea.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko, arau hauetan xedatu eta ezarritakoaren arabera: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duena; eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 14.2 artikulua.

2.– Izapideari buruzko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren web-orrian eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/servicios/1026907

Eskabidea (III. eranskina – «Merkataritzako Bulego Teknikoentzako laguntzak») egoitza elektronikoaren bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, webgune horretan ezarritako funtzionalitateen bitartez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak –jakinarazpenak eta espediente-kontsultak barne– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Jakinarazpena egindakotzat joko da interesduna edukira sartzen denean. Jakinarazpena eskura jarri eta hamar egun natural igaro ondoren irakurri ez bada, uko egin zaiola ulertuko da; hortaz, izapide hori egindakotzat hartuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak badu beste aukera bat ere: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan adierazitako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dira inoiz hartuko jakinarazpentzat.

5.– Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez egin ahal izango dira, eta, horretarako, aipatutako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honen bitartez: https://euskadi.eus/ordezkariak

Ordezkariak (fisikoak zein juridikoak) identifikazio-bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

6.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, eta urte horretako irailaren 14an amaituko da.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi bezala. Orobat, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran zehar, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren (Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duena) 26. artikulua betez, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, baita eskabidean ere:

a) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu diren, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

b) Erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen arloan abian den inongo itzultze- edo zigortze-prozeduratan.

c) Erakunde eskatzaileak ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

d) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 13.2 artikuluan erakunde onuradun izateko aurreikusten dituen egoeretatik ezeinetan.

e) Ez dagoela Elkartzeko eskubidea arautzen duen Lege Organikoak (martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa) 4.5 eta 4.6 artikuluetan aurreikusitako debeku-egoeretan. Gainera, ez du inskribatzeko administrazio-prozedura geldiarazita eduki behar ez-zilegitasun penalaren zentzuzko aztarnak aurkitu direlako, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmorik eman ez bada.

10.– Subjektu onuraduntzat jotzeko ezinbestekoa izango da, laguntza eman aurretik, zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzakoak egunean edukitzea eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea; halaber, egoera horretan egon beharko da emandako dirulaguntza guztiz likidatzen den arte. Hortaz, hala dirulaguntza ematean nola dagozkion ordainketak egitean egiaztatuko da horiek guztiak betetzen direla.

Dirulaguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean ziurtagiri telematikoen bidez egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) aurreikusita dauden egoerak, zergaren eta gizarte-segurantzaren arloko betebeharrak betetzeari dagokionez; hori horrela, ez dira ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.

11.– Era berean, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du eskabideko eta erantsitako dokumentazioko datu guztiak egiazkoak direla, eta indarrean dagoen araudian xedatutako baldintzak betetzen dituela dirulaguntza horien onuradun izateko.

10. oinarria.– Erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dokumentazio hau aurkeztu behar da eskabidearekin batera:

a) Jardun-eremua.

b) Dirulaguntza eskuratzeko aurkeztutako jarduketa-proiektua eta lan-plana; plan hori egituratzeko, 12. oinarriko 2.a) puntuan («Kalitatea eta agindu honetako helburu eta betekizunekin bat etortzea») agertzen diren alderdiei jarraitu beharko zaie, banan-banan eta aipatutako ordenan. Sexismorik gabeko hizkera inklusiboa erabili beharko da eta, ahal den neurrian, sexuaren arabera banakatu beharko dira datu guztiak.

Alderdi horietako bakoitzean garatutako ekintzek jarraian zehaztutako formatu hau izango dute nahitaez:

– Ekintzaren deskribapena.

– Erakunde eskatzailearen esku-hartzea.

– Egokitasuna neurtzeko adierazleak.

– Gauzatzeko egutegia.

– Bideratutako aurrekontua.

– Kontratatuko den teknikariaren esku-hartzea.

– Berdintasunarekin lotutako alderdiak. Beharrik bada, jarduera alderdi horretan nola txertatzen den eta zer zentzu duen azalduko da, baita genero-ikuspegia sartu den ere.

Fitxa bat osatuko da (IV. eranskina) proposatutako ekintza bakoitzeko. Ekintza bakoitza 12. oinarriko 2.a) puntuan deskribatutako helburuetako batekin soilik lotuko da; hortaz, guztien artean nagusia aukeratuko da. Gainera, helburu bera ekintza batean baino gehiagotan erabili ahal izango da. Beraz, proiektuak zenbat ekintza izan, beste hainbeste fitxa erantsiko dira.

Halaber, hilekako kronograma bat aurkeztu beharko da dirulaguntzaren aldi osorako, eta barnean hartu beharko ditu aurreikusitako ekintza guztiak eta bulegoko teknikariak horiek egiten eman dituen lan-orduak.

c) Kasuan-kasuan eskumena duen organoak hartutako erabakiaren ziurtagiria, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzei heltzeko.

d) Hauekin izenpetutako hitzarmenak: merkatari elkarteekin edo banaketa-sektorearekin harremana duten erakundeekin, bulego teknikoaren zonako edo jarduera-eremuko enpresa eta erakundeekin, eta udalekin edo udalek sustatutako erakundeekin. Kasu horietan, aurreko atalean adierazitako ereduaren arabera aurkeztuko dute proiektua.

e) Merkatari talde, elkarte edo federazioen kasuan, dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren ziurtagiri eguneratua, erakunde eskatzailea Merkatarien Elkarteen Erroldan inskribatuta dagoela frogatzeko, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren araberako elkartekide kopurua ere adierazita.

f) 2020ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuak, behar bezala banakatuta, eta 2019ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen kontuak, bazkideen kuotaren zenbatekoa ere zehaztuta. Udalen, garapen-agentzien eta merkataritza-ganberen kasuan, merkataritzaren eremuari buruzkoak izango dira agiri horiek.

g) Memoria bat, non adieraziko baita bulego teknikoaren egoitza zein den eta zer bitarteko material, tekniko eta pertsonal dauden erabilgarri proiektua garatzeko.

h) Erakundearen aurkezpen laburra (ibilbidea eta egungo errealitatea adierazita, misioari, hartzaileei, egiturari, egindako jarduketa nagusiei eta lortutako emaitzei dagokienez).

i) Bulegoaren arduradunaren curriculum vitae-a. Eta, hala badagokio, euskara-titulua.

j) Bulego Teknikoaren arduradunarentzat zenbatetsi den soldata-kostua, eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren jakinarazpena.

k) Kasuan kasuko batzorde, korporazio edo aginte-organoko kideen kopurua zehaztuko duen erantzukizunpeko adierazpena, sexuaren arabera bereizita eta izendapenak jasotzen dituen agiriaren kopia erantsita duela.

l) Aurreko deialdian dirulaguntza jaso badu, aurkeztutako proiektuan proposatutako jardueren betetze-mailari buruzko memoria laburtua, aurreikusitako eta azkenean gauzatutako ekintza eta ordu kopurua adierazita, egokitzat jotako indize edo adierazleak erabiliz.

m) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

n) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko agiriak; horretarako, eraketa-eskrituraren kopia, estatutuena eta erregistroko inskripzioarena ekarriko ditu.

2.– Halaber, m) eta n) letretan jasotako bi dokumentuak aurkezteko, gogorarazten da erakunde eskatzaileek eskubidea dutela dokumenturik ez ekartzeko, jarduneko administrazioaren esku badaude edo beste edozein administraziok egin baditu, betiere, kontuan izanik zer idazketa eman dien abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa), azken xedapenetatik 12.ean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 28.2 eta 28.3 artikuluei. Horretarako, dokumentu horiek zer administrazio-organori eta noiz eman zizkion adierazi beharko du erakunde eskatzaileak. Salbuespenez, administrazio publikoek ezin badituzte eskuratu aipatutako dokumentuak, berriz eskatu ahal izango diote eskatzaileari ekar ditzala.

3.– Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) xedatutakoa aplikatuko da.

4.– Dirulaguntza kobratzeko, eta erakunde onuradunaren bankuari edo izen sozialari buruzko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi badira, hirugarrenari alta egiteko datuak eman beharko dira, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/).

11. oinarria.– Aurkeztutako eskabideko eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean oker, akats edo zehaztugabetasunik hautematen bada, edo eskatutako dokumenturen bat falta dela ikusten bada, erakunde eskatzaileari horren berri emango zaio, eta 10 eguneko epea izango du behar den zuzenketa egiteko; era berean, adieraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igarotakoan, zuzendu ezean, Merkataritzako zuzendariak ebazpena emango du eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

12. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Lehiaketa-prozedura erabiliko da laguntzak emateko, kontuan hartuta zer xedatu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 51.4 artikuluan (dekretu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

2.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideek 100 puntu lortu ahal izango dituzte guztira, irizpide eta neurri hauen arabera:

a) Aurkeztutako proiektua (70 puntu gehienez ere).

– Kalitatea eta agindu honetako helburu eta betekizunekin bat etortzea: 35 puntu gehienez ere, apartatu hauek barne hartuta:

• Kalitate-prozesuen eta teknologia berrien gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea: 5 puntu gehienez ere.

• Lankidetza horizontaleko (hiri-eremuak) prozesuak bultzatzea: 5 puntu gehienez ere.

• Lankidetza bertikaleko (banaketa-katea) prozesuak bultzatzea: 5 puntu gehienez ere.

• COVID-19ak sortutako egoeraren ondorio ekonomikoak arintzeko ekintzak edo estrategiak sustatzea: 5 puntu gehienez ere.

• Berrikuntzarekin lotutako prozesuen sentsibilizazioa eta zabalkundea: 3 puntu gehienez ere.

• Enpresa-transmisioko eta ikaskuntzako prozesuen jarraipena eta sustapena: 3 puntu gehienez ere.

• Ondarea, kultura eta ingurumena iraunarazteko ekonomia batekin lotutako estrategien garapena: 3 puntu gehienez ere.

• Hirugarren sektoreko estrategien sustapena udal- nahiz eskualde-mailan: 3 puntu gehienez ere.

• Kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzen duten ekintzen garapena, xede-publikoaren fideltasuna lortzeko: 3 puntu gehienez ere.

Irizpide honetan gutxienez 15 puntu lortzen dituzten eskabideek soilik jaso dezakete dirulaguntza.

Aurkeztutako proiektuko ekintzetako bat ere ez da baloratuko aurreko ataletako batean baino gehiagotan.

– Erakunde eskatzaileak merkataritza-sektorean duen errotze-maila eta bere jardun-eremuan duen adierazgarritasuna: 8 puntu.

– Proposatutako egoitzaren merkataritza-dentsitatea: 8 puntu.

– Proiektuaren garapenera lotutako baliabide material eta teknikoak eta langileak: 8 puntu. Puntuazio horretatik, bi puntura arte baloratuko da kontratatuko den pertsonaren euskara-ezagutza.

– Proiektuaren jardun-eremuko erakunde publikoen inplikazioa merkatari elkarteen kasuan, edo erakunde pribatuena udalen, horietatik eratorritako garapen-entitateen edo ganberen kasuan: 6 puntu.

– Erakunde eskatzailearen gobernu-organoan sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutela ziurtatzea: 5 puntu.

b) Erakunde eskatzailea aurreko deialdian onuraduna izan bada: diruz lagundutako proiektuaren bidez egindako jardueren gauzatze-maila frogagarria (20 puntu).

Gainerakoetan: merkataritzarekin zerikusia duten jardueren gauzatze-maila frogagarria, bereziki diruz lagundu badira. Jarduera horiek 2019an egindakoak izan behar dute (20 puntu).

– Egindako ekintzen kopurua, garrantzia, koherentzia eta gauzatze-maila, aurkeztutako proiektuari dagokionez, eta hiru hilean behingo txostena aurkezteko betebeharra bete den, hala badagokio: 10 puntu.

– Egindako gastua bazkideen kuoten bidez ordaintzea: 10 puntu.

c) Proiektua genero-ikuspegia kontuan harturik planifikatu, garatu eta ebaluatzea: 5 puntu arte.

Erakunde eskatzaileak genero-ikuspegia txertatzea proiektuan zehar: hau da, sistematikoki kontuan hartzea emakume eta gizonen egoera, baldintza eta premia desberdinak; barnean hartzea desparekotasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko helburuak eta berariazko jarduketak; eta proiektuan nola txertatu den identifikatu eta balioetsi ahal izateko irizpideak eta indize ebaluagarriak ezartzea.

d) Erakunde eskatzailea elkartea, federazioa edo elkarte multzoa bada: 5 puntu.

3.– Erakunde eskatzaileek nortasun juridiko ezberdina duten lekuetan, puntuazio bera emango zaie guztiei atal hauetan: «Erakunde eskatzaileak merkataritza-sektorean duen errotze-maila eta bere jardun-eremuan duen adierazgarritasuna» eta «Egindako gastua bazkideen kuoten bidez ordaintzea», irizpideak ez direlako balioanitzak.

4.– Irizpide guztiak batu ondoren, guztira 50 puntu edo gehiago lortzen duten eskabideek soilik jaso ahal izango dute dirulaguntza.

5.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak alderatuko dira eskarien lehentasun-ordena ezartzeko, oinarri honek II. eranskineko zona bakoitzerako ezartzen dituen hautaketa- eta balorazio-irizpideak kontuan harturik.

Balorazio onena atera duten eskabideek jasoko dute dirulaguntza, balorazio horren ondorioz atera den ordenaren eta puntuazioaren arabera, deitutako bulegoen kopurua osatu arte.

6.– Dirulaguntzen zenbatekoa 5. oinarrian deskribatutako prozeduraren arabera erabakiko da, ezarritako gehieneko dirulaguntza-zenbatekoak eta aurrekontu-zuzkidurak errespetatuz.

13. oinarria.– Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzorde batek espedienteak aztertuko ditu, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, 12. oinarrian jasotako irizpide eta haztapenen arabera baloratuko ditu, eta prozedura ebazteko proposamena egingo dio eskumena duen organoari, eman beharreko laguntzak eta ukatu beharreko eskabideak jasota.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzari atxikitako bost pertsonak osatuko dute ebaluazio-batzordea.

Eskabideak II. eranskinean adierazitako zona bakoitzerako baloratu ostean, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Merkataritzako zuzendariari. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzaileen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

14. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko modua.

1.– Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira. Merkataritzako zuzendariari dagokio horiek ebatzi eta jakinaraztea, ebaluazio-batzordearen proposamenari jarraituz.

2.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 45. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jakinarazitzat emango da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Honako hau da iragarki-taulan sartzeko helbidea: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

Aurrekoa gorabehera, organo kudeatzaileak ohar edo komunikazioak bidali ahal izango dizkie interesdunei, mezu elektroniko bidez edo SMS bidez, eskabidean adierazi dituzten helbide elektroniko edo telefono mugikorretara. Abisu horiek ez dira inoiz jakinarazpentzat hartuko.

3.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

4.– Laguntza emateari buruzko ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzen erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman edo, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da 9. oinarriko 10. puntuan ezarritako betebeharrak betetzea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasunik ez dagoela ondorioztatzen edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua tarteko.

7.– Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, agindu honetan bertan beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.

15. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.

Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bi ordainketatan ordainduko dira, honela:

a) Lehen ordainketa –emandako dirulaguntzaren % 80 – 17.a) oinarrian zehaztutako epea igarotzean ordainduko da, tartean berariaz dirulaguntzari uko egin ez bazaio. Erakunde onuradunak aldez aurretik aurkeztu beharko du zerbitzua emateko kontratuaren kopia ziurtatua, dirulaguntza emateko jakinarazpena iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epean gehienez ere, eta diruz lagundutako epe osoan zehar egon beharko da indarrean.

b) Bigarren ordainketa –dirulaguntzaren gainerakoa– erakunde onuradunak dirulaguntza justifikatzeko eskatu zaion dokumentazioa aurkeztu ondoren ordainduko da, 16. oinarrian ezarritakoaren arabera.

c) Ez da dirulaguntzaren ordainketarik egingo, onuradunak ez baditu ordaindu zergen eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak, edo zorduna bada, dirulaguntza itzultzeko ebazpen bat dela medio.

16. oinarria.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta nolanahi ere 2021eko abenduaren 31 baino lehen, agindu honek horretarako ezarritako V-A eranskinaren (Jardueraren memoria) eta V-B eranskinaren (Jardueraren memoria ekonomikoa) arabera:

a) Egindako jardueraren memoria xehea, diruz lagundutako jarduketak benetan egin direla ziurtatuta: garapena eta ebaluazioa. Memoria horretan adierazi beharko da zenbateraino bete diren lortu nahi ziren helburuak, eta ahal dela, sexuaren arabera banakatuta aurkeztuko dira datu guztiak.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:

– Diruz lagundutako jardueraren gastuak eta diru-sarrerak. Orobat adierazi beharko da helburu bererako jaso den beste edozein laguntza edo dirulaguntza.

– Proiektua gauzatzeko egin diren gastu guztien zerrenda sailkatua. Barnean sartuko da gastuak egiaztatzeko agiri guztien zerrenda, eta gutxienez honako hauek adieraziko dira: dokumentu mota, identifikazioa, igorlea, igorpen-data, zenbatekoa, ordainketa-data eta ekintza bakoitzari egotzitako ehunekoa.

– Proiektuaren gastu guztien frogagiriak: bulegoko arduradunen nominak, gizarte-segurantzara egindako kotizazioak, aurkeztutako PFEZ aitorpenak, BGAE-etara edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuetara egindako ekarpenak, eta profesional independenteen fakturak, horietako bakoitzaren ordainketa egiaztatzeko agiriekin batera.

c) Eskabidea aurkeztu ondoren xede bererako lortu diren beste laguntza edo dirulaguntza guztien zerrenda.

17. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Ezertan galarazi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitakoa) 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 14. eta 45. artikuluetan jasotakoak, erakundeek betebehar hauek izango dituzte agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun badira:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten dirulaguntza eman zaien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Aurkeztutako proiektua esleitu zaien eremuan gauzatzea, eta dirulaguntza adierazitako helburua betetzeko erabiltzea. Merkataritza Zuzendaritzaren jarraibideak eta iradokizunak betetzea proiektua hobeto gauzatzeko.

c) Esleituta duten eremuko elkarte eta merkatari guztiei ematea zerbitzu. Alderdi horretan, merkatariak eta elkarteak ez dira nahitaez erakunde onuraduneko bazkide izan beharko onuradunak dirulaguntzaren esparruan eskaintzen dituen zerbitzuak eskuratzeko.

d) Eskabideen aplikazio informatiko berean, https://www.euskadi.eus/micarpeta helbidearen bitartez eta hiruhileko bakoitza amaitu osteko 15 egun naturalen barruan, txosten bat sartzea bulego teknikoak epealdi horren barruan egindako jarduerei buruz, eta, halaber, planteatutako helburuetan egindako aurrerakuntzari buruzko balorazioa, bai eta, hurrengo hiruhilekoei begira, ekintzen orientazio-aldaketa posiblea ere.

e) Merkataritza Zuzendaritzak deitzen dituen bileretara joatea, kontratatutako teknikariaren bitartez, gainerako bulegoekin esperientziak eta jardunbide egokiak trukatu ahal izateko.

f) Merkataritza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea, eskabidea egiteko unean nahiz ondoren eta betiere lehenbailehen, inguruabarren bat aldatu bada eta eragina badu dirulaguntzak emateko eskatzen eta kontuan hartzen diren baldintzetako edozeinetan.

g) Dirulaguntza emango duen erakundeari egiaztatzea laguntza jasotzeko eskakizun eta baldintza guztiak betetzen direla, eta gauzatu dela dirulaguntza emateko edo baliatzeko arrazoia izan den jarduera, 16. oinarriak zehaztutakoaren arabera.

h) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta, gainera, kontrol-jarduketa hauek onartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

i) Lan-arloko araudia betetzea, baita aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa ere, halakorik bada.

j) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako egintza guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko du.

k) Erakunde onuradunek berariaz aipatu beharko dute dirulaguntza jaso dutela, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logotipoa jarrita bulegoaren jarduketa guztietan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 18.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Era berean, bulego teknikoaren presentzia beti eta ondo ikusteko moduan identifikatu beharko dute, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz.

18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitakoa) 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, edo ondoren berariaz onartutako aldaketak aldatu badira, halakorik izanez gero, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira aldi berean, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza emateko erabakia aldatu egin ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak gorde badira.

2.– Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren zerbitzu teknikoen proposamenari jarraituz, Merkataritzako zuzendariak dagokion ebazpena egingo du emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko; hala ere, horrek ez du berekin ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea. Hala badagokio, adieraziko du ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, eta erakunde onuradunak jaso dituzten gehiegizko zenbatekoak itzultzera behartuta geratuko dira.

3.– Bulegoko arduraduna ordezkatzeko, 4. oinarriko 5. puntuari jarraituz, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan beste edozein aldaketa egiteko, aldaketa-eskaera bat aurkeztu beharko da, eta aski justifikatu beharko da, eskaera horretan nahiz horrekin batera aurkeztutako memoria batean, ez dela oinarrizko aldaketarik egin dirulaguntza emateko funtsezkoak edo erabakigarriak izan diren alderdietan, eta ez dela urratu hirugarrenen interesik.

Eskatutako aldaketa justifikatzeko arrazoiak suertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, eta, nolanahi ere, gauzatzeko eta justifikatzeko epea amaitu aurretik.

Aldaketa-eskaeran, edo horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan, argi eta garbi jaso behar da zergatik aldatu diren laguntzaren baldintzak, eta zehatz-mehatz azaldu behar da zer betebehar berri hartuko diren aldaketa onartzen bada, eta zer baldintza bete beharko diren. Inguruabar horiek egokiak, dokumentatuak, proportziozkoak eta zentzuzkoak izan beharko dira, eta hala egiaztatuta geratu beharko dira eskaeran.

19. oinarria.– Dirulaguntzaren likidazioaren ebazpena.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du kasu hauetan:

a) Dirulaguntzaren justifikazioan beheranzko desbideratze bat badago, % 20tik beherakoa, eskabidean zenbatetsitako eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako soldata-kostuan, eta dirulaguntza txikiagoa badagokio 5. oinarriak dirulaguntza kalkulatzeko ezartzen dituen irizpideak aplikatu ondoren, berriz kalkulatuko da dirulaguntza, hasieran zenbat emango zen kalkulatzeko erabilitako irizpide berberak aplikatuz, eta hala badagokio, adieraziko da ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena).

b) Justifikazioko desbideratzea % 20koa edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, langile teknikoen txostena kontuan hartuta.

20. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

2.– Enpresa onuradunak ez baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 37. artikuluan xedatutakoak, oinarri hauetan eta betetzekoak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunak eta, hala dagokionean, ebazpenean ezartzen diren eskakizunak, organo eskudunak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubide osoa edo partziala iraungi zaiola, eta, hala badagokio, Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola jasotako laguntzak eta berandutze-interesak, osorik edo zati batean, gauzatze-mailarekiko modu proportzionalean, aintzat hartuta zer arautzen duten abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzultzeei buruzkoa) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, eta, itzultze partzialen kasuan, zer ezartzen duen 38/2003 Legeak 37. artikuluan, alde batera utzi gabe bidezko izan daitezkeen gainerako ekintzak. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Dirulaguntzaren eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko prozedura sortu duten gertakariak administrazioko arau-hausteak izan badaitezke, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

21. oinarria.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Honako arau hauen arabera tratatuko dira datu horiek: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

II. ERANSKINA
ZONAKO JARDUN-EREMUA ETA UDALERRI NAGUSIAK

Araba:

1. zona.– Vitoria-Gasteiz.

2. zona.– Laudio, Amurrio, Urduńa.

3. zona.– Arabako Errioxa; Agurain, Arabako Mendialdea.

Bizkaia:

4. zona.– Bilbao.

5. zona.– Portugalete, Santurtzi.

6. zona.– Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Trapagaran.

7. zona.– Barakaldo, Sestao.

8. zona.– Erandio, Leioa.

9. zona.– Mungialdea, Gorliz, Plentzia, Sopela, Txorierri, Urduliz.

10. zona.– Getxo, Berango.

11. zona.– Gernika, Bermeo, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa.

12. zona.– Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Igorre.

13. zona.– Durango, Abadińo, Amorebieta, Elorrio, Berriz.

14. zona.– Balmaseda, Alonsotegi, Gueńes, Zalla.

Gipuzkoa:

15. zona.– Donostia.

16. zona.– Irun, Hondarribia.

17. zona.– Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia.

18. zona.– Hernani, Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil.

19. zona.– Tolosa, Ibarra, Villabona.

20. zona.– Zumarraga, Legazpi, Urretxu.

21. zona.– Zarautz, Deba, Getaria, Mutriku, Orio, Zumaia.

22. zona.– Eibar, Elgoibar, Ermua, Mendaro, Soraluze.

23. zona.– Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Eskoriatza, Ońati.

24. zona.– Beasain, Azkoitia, Azpeitia, Lazkao, Ordizia, Zestoa.

LURRALDE HISTORIKOAREN ARABERAKO JARDUN-EREMUA

25. zona.– Araba.

26. zona.– Bizkaia.

27. zona.– Gipuzkoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala