Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2020ko abuztuaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3120

AGINDUA, 2020ko apirilaren 29koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Idiomas Vital Fundazioa» izeneko fundazioaren estatutuetako 23.1 artikuluan egindako aldaketa.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko abenduaren 20an jaso zen, modu telematikoan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan, «Fundación Idiomas Vital Fundazioa» izeneko fundazioaren estatutuak aldatzeko eskritura publikoa. Eskritura hori 2019ko abenduaren 19an egiletsi zen Vitoria-Gasteizko Fernando Ramos Alcázar notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2018).

Bigarrena.– Eskritura publiko horretan patronatuak 2019ko abenduaren 18an egin zuen bileraren ziurtagiria sartu da, bertan aho batez erabaki baitzen fundazioaren estatutuetako 23. artikuluaren lehenengo atala aldatuko zela. Ziurtagiria fundazioaren patronatuko idazkaria den Javier Murua Etxeberria jaunak egin zuen, 2019ko abenduaren 18n, eta presidentearen oniritzia du.

Hirugarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2020ko apirilaren 22ko idazkiaren bidez, fundazioari eskatu zion aurkitutako akatsak zuzendu zitzala, eta 2020ko apirilaren 24an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan fundazioak aurrekoa zuzentzeko asmoz bidalitako dokumentazioa.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu dute, eta ondoren ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusita dago lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen, Lehendakariaren, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Ikusi dira aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta, beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Fundación Idiomas Vital Fundazioa» izeneko fundazioaren estatutuetako 23. artikuluaren lehenengo atalean egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea. Agindu honen datarekin, Fundazioaren Patronatuak 2019ko abenduaren 18an erabakitakoa da aldaketa hori, eta bat dator 2019ko abenduaren 19an Fernando Ramos Alcázar Vitoria-Gasteizko notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 2018).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 29a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala