Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2020ko uztailaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3094

AGINDUA, 2020ko uztailaren 21ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-erakunde batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta dirulaguntzok emateko deialdia egiten duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak betetzen du aipatutako eskumena, halaxe xedatzen baitu Lehendakariaren 24/2016 Dekretuaren 9. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Dekretua, 2016ko azaroaren 26koa).

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika islatzen duen Euskadiko IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 agirian dago jasota Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren arloan hartutako konpromisoa. Hala, Eusko Jaurlaritzak gizartearen aurrean hartutako konpromisoen funtsa osatzen duten 15 plan estrategikoetako batean kokatzen da aipatutako programa –konpromiso horiek «Euskadi 2020: Giza Garapen Jasangarrian aurrera egiteko» txostenean daude jasota–.

Programak gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegia jasotzen du, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu:

– Gure ondare naturala babestea, kontserbatzea eta leheneratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz.

– Urratsak egitea ekonomia lehiakor eta berritzaile bat lortzeko, karbono-isuri txikiarekin eta baliabideen erabilera eraginkorra eginez.

– Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea.

– Lurraldeko jasangarritasuna areagotzea.

– Politiken koherentzia bermatzea, ingurumen-integrazioa areagotuta.

– Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta erantzukizuna sustatzea.

Hori guztia bideratzeko, sail eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuko da, ingurumen-aldagaia politika guztietan integratze aldera, eta agente sozioekonomiko guztiei zabalduko zaie ingurumena hobetzeko erantzukizuna.

2020rako IV. Ingurumen Esparru Programari lotuta, hainbat estrategia eta plan sektorial onartu ditu Eusko Jaurlaritzak; tartean, hauek:

– EAEko Biodibertsitate Estrategia 2030. Tresna horren bidez, ekosistemak babesteko eta lehengoratzeko jarraibideak zehazten dira; Natura 2000 Sarea sustatzen da –funtsezkoa Europan eta EAEn biodibertsitatea kontserbatzeko–, naturaren kultura eta natura ezagutzea bultzatzen da eta lurraldearen zein natura-ondarearen kudeaketa eraginkorraren eta efizientearen alde egiten da.

– Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Geodibertsitate Estrategia. Horren helburu nagusia Euskadiko geodibertsitatea eta Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan identifikatutako ondare geologikoa aztertzea eta balioestea da, baita bi horien kudeaketan, babesean, kontserbazioan, gizarteratzean eta erabileran esku hartzeko irizpideak eta proposamenak ezartzea ere.

– Klima-aldaketaren aurkako 2050erako EAEko Estrategia. Horren helburuak berotegi-efektuko gasen isuriak % 80 murriztea eta energia berriztagarrien kontsumoa guztizkoaren % 40 izatea lortzea dira, baita klima-aldaketaren aurrean EAEren erresilientzia bermatzea ere.

– EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana. Ekonomia zirkularra sustatzea du xede, baliabideak eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatzeko.

– 2030erako EAEko Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategia. Eragile guztiak estrategiaren barruan sartzea eta eragile horiek guztiek elkarrekintzan jardutea da asmoa, helburu argi batekin: bizimodu berrietara aldatzea, jasangarritasunaren kultura berri baterantz jota.

– 2030erako EAEko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia, 2020ko urtarrilaren 7an onetsia. Produktuen, materialen eta baliabideen balioari ekonomian ahalik eta denbora gehien eustea du xede, eta helburu estrategiko hauek ditu: % 30 handitzea produktibitate materiala zein material zirkularraren erabilera-tasa, eta % 30 gutxitzea hondakinak sortzeko tasa BPGdko unitate bakoitzeko.

Halaber, 2030erako EAEko Lurzorua Babesteko Estrategia ere lantzen ari da. Ingurune horren babesa kutsaduratik kanpoko bestelako mehatxu eta eremuetara ere hedatuko du.

Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda da NBEren Biltzar Nagusiak pertsonen, planetaren eta oparotasunaren alde hartutako plana, eta bake unibertsala, garapenerako lankidetza eta justiziarako sarbidea sendotzea du helburu.

2015ean onartu zen eta klima-aldaketari buruzko Pariseko Akordioa eta Hiri Agenda Berria hartzen ditu barne, besteak beste. 2030 Agendak Garapen Jasangarrirako 17 Helburu (GJH) planteatzen ditu alor ekonomikoan eta sozialean nahiz ingurumenean. Munduko garapen-programak zuzenduko ditu datozen urteetan.

Agindu honek sustatzen duen udal-ekintzaren ekarpenak 11. GJHn (Hiri eta komunitate jasangarriak) du eragina oro har, eta horiek seguruak, barneratzaileak eta erresilienteak izan daitezela du helburu. Gainera, hark sustatzen dituen ekintza-lerroek beste GJH zehatz bati lagunduko diote, gutxienez.

– Lurzoru kutsatuen lerroak 3. GJHri lagunduko dio, Osasuna eta ongizatea.

– Klima-aldaketaren lerroak 13. GJHri lagunduko dio, Klima babesteko ekintza.

– Natura-ondarearen lerroak 15. GJHri lagunduko dio, Lehorreko Ekosisteman Bizitza, eta lurzoruaren eta lurzoruko ekosistemen babesa hartzen du barnean.

– Ekonomia zirkularraren lerroak 12. GJHri lagunduko dio, Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.

– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroak 4. GJHri, Kalitatezko hezkuntza.

Horregatik guztiagatik, toki-erakundeentzako laguntzen agindu honen helburua da udal-ekinbidea EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunekin eta programa horretatik eratorritako planekin eta estrategiekin lerrokatzea, bai eta oraingo testuinguruko Garapen jasangarriari buruzko nazioarteko jarraibide nagusiekin ere.

Aipatutako lehentasunen garrantzia aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tartean diren administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen, ezagutza sortzen duten erakundeen, unibertsitatearen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko papera dute, erronka horiei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere Berdintasun Politikako Dokumentu Programatikoarekin bat etorriz –2013an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VI. Berdintasun Planaren esparruan–, aintzat hartuko ditu euren garapenerako genero-ikuspegia bereganatzen duten jardunak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin bat etorriz. Era berean, sail horrek euskararen erabilera normalizatzeko duen planean adierazitakoaren arabera, diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntza-irizpideak txertatu behar dira, nahitaez.

Laguntza hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartutako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018-2020 ekitaldietarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Natura-ondarearen lerroko laguntzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen ditu, 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF programa operatiboaren barnean. EGEFren ekarpena Eusko Jaurlaritzak lerro horretan diruz lagundutako guztizko kopuruaren ehuneko berrogeita hamar izango da.

Dirulaguntzen deialdi honetan, erakunde laguntzaile gisa jardungo du Ihobe SA sozietate publikoak. EAEko Administrazio Orokorraren berezko bitartekoa denez, Ihobe SA sozietate publikoak betetzen ditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.c) artikuluan aipatutako kaudimen- eta eraginkortasun-baldintzak.

Azkenik, COVID-19a (koronabirusa) kutsatu eta zabaltzeak eragindako larrialdi sanitarioaren ondorioz eragin ekonomiko eta sozial izugarri handiko neurriak onetsi dira, eta produkzio-jarduera moteltzea edo geldiaraztea eragin du horrek, bai eta, horrenbestez, enpleguak galtzea ere; hori aintzat hartuta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere ekarpena egin nahi du, ahal duen neurrian, jarduerak bertan behera utzi edo eteteak eragindako ekonomia-jardueraren galera hori arintzeko.

Horregatik, laguntza-lerro honen bitartez diruz lagunduko da hala nahi duten erakunde onuradunek arrisku-egoeran dauden kolektiboak kontratatzea, betiere diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko kontratatzen badituzte.

Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta eta bat etorrita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko honako erakunde hauei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea eta oinarri arautzaileak ezartzea da: udalak, mankomunitateak, beste toki-erakunde batzuk, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak, betiere garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten heinean, honako lerro hauekin bat etorriz:

a) Lurzoru kutsatuak. Lurzoruaren kalitateari buruzko ikerlanak, prebentzioa eta lehengoratzea egiteko lanak sustatzen dituzten ekintzak, hutsik dauden lurzoru artifizializatuen inbentarioak egitea barne.

b) Klima-aldaketa. EAEn egoera arintzeko ekintzak –berotegi-efektuko gasen emisio garbiak murrizteko ekintzak–, CO2 xurgatzeko ekintzak eta egokitzeko ekintzak –klima-aldaketaren ondorioak murriztera bideratutako plangintza eta ekintzak–.

c) Natura-ondarea. EAEko dibertsitate biologikoa eta geologikoa kontserbatzeko eta horiek leheneratzeko edo hobetzeko ekintzak.

d) Ekonomia zirkularra. Tokiko zirkulartasuna sustatzeko ekintzak.

e) Jasangarritasunerako hezkuntza. Tokiko Agenda 21 edo Tokiko 2030 Agenda eta Eskolako Agenda 21 koordinatzea sustatzen duten ekintzak.

2. artikulua.– Ekintzek bete beharreko baldintzak.

1.– Hasteko epea:

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete dirulaguntza.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, ekintzek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan.

Hona dirulaguntza jaso ditzaketen jarduerak:

– Kutsagarriak izan daitezkeen jardunak izan dituzten lurzoruak aztertzeko ekintzak.

– Lurzoru kutsatuak lehengoratzeko ekintzak, bai industria-jarduerak egin diren lurzoruetan, bai garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruetan, baldin eta lehengoratzeari ekin baino lehen aurretiazko ikerketa-fasea burutu bada. Garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruak lehengoratzeko, inguru horretako natura-ondarea kontuan hartzeko irizpideak aplikatu beharko dira, berau areagotzeko xedez, eta landare-geruza hobetzeko materia organikoa gehitu behar izanez gero, material bioegonkortua edo konposta erabili beharko da, bata zein bestea erabili, kokagunean aurreikusitako erabilerarako egokia dela egiaztatuta.

– Kutsagarriak izan daitezkeen jardunak jasan dituzten industriako eraikinak eta instalazioak ingurumenaren ikuspegitik lehengoratzeko ekintzak, kanpoan utzita kutsagarria izan daitekeen industria-jardueraren instalazioa eraistea eta harrien edo industria-jarduerari lotuta ez dagoen beste edozer eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzea.

– Ingurumen-jarraipeneko ekintzak, Ingurumen Sailburuordetzak sustatuko proiektuen barnean daudenak; gehienez, 5 kontrol- eta jarraipen-kanpaina hondakindegia lehengoratu ondoren edo garai batean hondakindegi klandestino izandakoaren lurzoruari kalitate-adierazpena eman ondoren.

– Inbentarioak egitea, udalerrian dauden kokapen artifizializatu hutsei buruzko funtsezko informazioa identifikatu eta biltzeko, kokapen horiek berriz erabiltzeko planak eta jardun-neurriak diseinatzeko erabil daitezen.

Aipatutako ekintzek baldintza hauek bete beharko dituzte, dirulaguntza jasotzeko:

1) Jarduketak toki-titulartasuneko lursailetan egitea, titulartasuna 2005eko maiatzaren 16a baino lehen formalizatu bada eta diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko betebeharra duen beste hirugarrenik ez badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legediaren arabera. Ez da betekizun hori aplikatuko, baldin eta besteren bat behartuta badago eta horrek ezin badu jarduketa gauzatu konkurtso-egoeran dagoelako edo toki-erakunde batek jarduketa subsidiarioren bat gauzatu behar duelako ingurumen-arriskuari edo segurtasunari loturiko arrazoiengatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak gero jasanaraziko zaizkio behartuta dagoenari, erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.

Titulartasun partekatua duten lurretan egiteko proiektuen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, udal edo erakunde eskatzailearen titulartasunaren ehunekoa hartuko da kontuan.

Halaber, lurzoruaren titulartasunari buruzko betekizunak ez dira nahitaez bete beharko, baldin eta lurzorua ikertzeko edo leheneratzeko neurriak hartzera behartuta dagoena udala bada, Lurzoru eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 147.3 artikuluan aplikatu behar bada edota horretara behartuta dagoena ekintza hori egitetik salbuetsita badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko araudiaren arabera.

2) Industriako eraikin eta instalazioetan, toki-erakunde baten jarduketa subsidiarioren bat gauzatu beharko da, bai ingurumen-arriskuagatik bai segurtasunagatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak gero jasanaraziko zaizkio behartuta dagoenari, erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.

3) Ez dute dirulaguntzarik jasoko industria-lurzorura edo etxebizitzak eraikitzera bideratutako lurzoruak lehengoratzeko ekintzek, betiere lerro horretan krediturik xedatzen ez bada ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzun ondoren. Horrela bada, titulartasun publikoko lurzoruan kokatutako etxebizitzak eraikitzera bideratuko diren lurzoruak aztertzeko eta leheneratzeko dirulaguntzen eskabideak onartuko dira, baldin eta leheneratzeko in situ edo on site tratamenduko teknologiak erabiltzea beharrezkoa bada, hau da, kanpo-baliabidez hondeatutako lurzorua hondeatzea eta kudeatzea ez bada erabiltzen.

b) Klima-aldaketaren lerroan.

Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz lagungarri:

1) Klima-aldaketa: mugikortasun jasangarria.

– Bidegorriak edo bidegorri-lotuneak, mugikortasun-eragileak (besteak beste, bizitoki-eremuak, ikastetxeak, industrialdeak eta kirol-instalazioak) konektatzea ahalbidetuta, baldin eta natura-ondarea kontserbatzearekin bat badatoz eta diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko irizpideak kontuan hartzen badituzte.

– Aldirietako aparkalekuak, oinezkoen bideen edo garraio publikoaren bidez mugikortasun handiko guneekin lotuta badaude, eta kanpoaldean edo gune horien perimetroan badaude, betiere natura-ondarearen kontserbazioarekin bateragarriak baldin badira eta diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko irizpideak kontuan hartzen badituzte.

– Ibilgailu elektrikoak, entxufa daitezkeen hibridoak edo autonomia luzeko elektrikoak. Bi gurpileko ibilgailuei dagokienez, ez dira diruz laguntzekoak izango herritarrek orokorrean erabiltzeko direnak.

– Ibilgailuak kargatzeko azpiegiturak ere finantzatu ahalko dira, horientzat dirulaguntzak eskatu badira deialdi honen barruan.

2) Klima-aldaketa: karbonoa xurgatzea.

– Gutxienez hektarea bateko azalera basotzea eta basoberritzea karbonoa aireko eta lurpeko biomasan eta lurzoruan xurgatzeko, bertako espezietako baso-eremu zuhaiztunak sortuz eta zaintzeko xedez (aprobetxamendurik gabe).

Basotzetzat joko da basorik ez zuten lurrak landatuz, ereinez edo leheneratze naturalaren sustapen antropikoaren bidez eraldatzea.

Basoberritzetzat joko da basogabetutako lurretan lantzea, ereitea edo leheneratze naturalaren sustapen antropikoa egitea.

Proiektuak 30 urteko iraupena izan beharko du gutxienez; heldutakoan zuhaitzen adaburuen estalkia % 20koa izango da, eta garaiera potentziala, 3 metrokoa. Basoa kudeatzeko plana ere eduki beharko dute.

Klima-aldaketaren aurreko udal-zaurgarritasunaren azterketaren emaitzak kontuan hartzen dituzten jarduerak lehenetsiko dira, bai eta hondatutako lurzoruetan egin eta horiek lehengoratzen laguntzen dutenak zein higadura-arriskua gutxitzen dutenak ere.

Basotzeek zein basoberritzeek egokitzeko irizpideak jaso beharko dituzte, hala nola klima-aldaketaren aurreko zaurgarritasun txikieneko espezieak hautatzea, bero-uharteak gutxitzen laguntzea, uholdeak erregulatzea, etab.

Basotzean zein basoberritzean, diruz laguntzeko modukoa izango da lursaila landaketaren aurretik prestatzea, betiere lurzorua eta biodibertsitatea babesteko irizpideei jarraikiz egiten bada.

Hala basotzeko nola basoberritzeko jardueretan, proiektuaren sustatzaileak kudeaketa-plan bat landu beharko du, baso-masak karbonoa xurgatzea bermatzeko moduko baldintzetan iraungo duela ziurtatzeko, gutxienez proiektuaren iraunaldi osoan zehar (30 urte). Plan horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: baso-kudeaketaren helburuak eta azalpena, karbono-xurgapenak ziurtatzeko behar diren mantentze-lanak, eta baso-jardueren kronograma bat.

Kudeaketa plana egitea diruz laguntzekoa izango da.

Ez dira diruz laguntzekoak honako jarduera hauek:

– Edozein lan zibil gauzatzeak eragindako inpaktua edo bestelakoak konpentsatzeko helburua duten jarduerak.

– Azpiegiturak eraikitzea behar duten jarduketak (baso-pistak eraikitzea, adibidez).

– Biodibertsitatea eta lurzorua zaintzearekin bateragarriak ez diren edo horren kontra doazen jarduerak. Hori horrela, ez dira diruz laguntzekoak izango Batasunaren eta/edo eskualdearen intereseko espezie edo habitatei eragiten dieten jarduerak, besteak beste.

– Makineria astunaren erabilera intentsiboa behar duten jarduerak.

– Gauzatzearen ondorioz beste toki batean, proiektuaren eremuan aurretik garatutako jarduerak lekualdatzeagatik, emisioak sortzen dituzten jarduerak.

3) Klima-aldaketa: egokitzapena.

– Energia-planak edo klima-aldaketa arintzeko planak dituzten udalerrietan, klima-aldaketara egokitzeko planak egitea, klimaren alorreko zaurgarritasun- eta arrisku-egoerak gutxitzea badute helburutzat.

– Energia-planak edo klima-aldaketa arintzeko planak ez dituzten udalerrietan, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko plan integratuak lantzea.

Bi kasuetan epe luzeko agertokia hartu beharko da kontuan (gutxienez 20 urtera), udalerrirako klima-arrisku espezifikoan oinarritu beharko dira edo, halakorik ezean, honako hau hartuko dute oinarri: «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa», Ihobek egina. Eta modu partizipatiboan egin beharko dira.

– Klima-aldaketaren ondorioak murriztea (egokitzea) eta ekosistemen erresilientzia hobetzea, honako hauetan jasotzen diren ekintzen bitartez: «Udalsarea 21 Lan Koadernoa 12. zk.: Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gidaliburua», «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko», «Euskadin aplika daitezkeen klima-aldaketara egokitzeko tokiko neurrien jardunbide egokiak», «Irtenbide naturalak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-esparruan klima-aldaketara egokitzeko», klima-zaurgarritasunaren edo -arriskuaren azterketa edo aldez aurretiko egokitzapen-plan batetik eratorriak.

Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

– Klima-aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak; besteak beste, bizikletentzako aparkalekuak jartzea, kaleak oinezkoentzako bihurtzea, edo bidegorriak eraikitzea, mugikortasun-eragileen (ekoizleen eta erakarleen; tartean, bizilekuak, ikastetxeak, industrialdeak, kiroldegiak, etab.) arteko loturarik ez dakartenak.

– Azterlanak edo diagnostikoak (mugikortasun-planak, adibidez), agindu honetan berariaz aipatutakoak izan ezik.

– Eta, bereziki, ez dute dirulaguntzarik jasoko azpiegitura eraikitzea dakarten ekintzek, baldin eta ez badira kontuan hartu klima-aldaketara egokitzeko irizpideak, irizpide ekologikoak eta hiriko ingurumena hobetzeko irizpideak, ez badira paisaian txertatzeko eta ingurune naturalaren gaineko eragina txikiagotzeko ahaleginak egin, edo ez badira natura-ingurunearen kontserbazioarekin bateragarriak.

Azpiegiturek materialen beharra izanez gero, eraikuntzako materialen gutxienez % 70 birziklatuak izango dira; nagusiki, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik eratorritako agregakin birziklatuak eta altzairugintzako zepa balorizatzetik datozen agregakin siderurgikoak.

c) Natura-ondarearen lerroan.

Diruz laguntzeko modukoak izango dira dirulaguntzarako eskabidea egiteko epean amaitu gabe dauden proiektuak, baldin eta biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea sustatzen badute, honako ekintza hauen bidez:

1) Komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesekoak diren habitat naturalak kontserbatzeko egiten diren leheneratze-, hobetze- edo kudeatze-ekintzak, flora exotiko inbaditzailearen kontrola barne. Kontserbazio-interes handieneko edo kontserbazio-egoera okerreneko habitatetan egitekoak diren ekintzak lehenetsiko dira, esaterako, ibarbasoak, baso autoktonoak, padurak, zohikaztegi-habitatak, hezeguneak, etab.

2) Erkidegoan edo eskualdean arriskuan dauden basaflora- eta basafauna-espezieak –Batasuneko arauetan edo Estatuko zein erkidegoko katalogoetan jasotakoak– babesteko eta kontserbatzeko proiektuak.

3) Lurraldearen konektagarritasun ekologikoan eta azpiegitura berdearen sustapenean zuzenean laguntzen duten jarduketak, hala nola tokiko biodibertsitatearen intereseko guneen arteko konexioa sustatzea edo hesiak sortzea.

4) Udal-esparruan aukera-eremuak sustatzea, ingurumen-eremu hondatuak berreskuratu eta biodibertsitatea sustatzeko; edo biodibertsitatea sustatuko duten ekintzak planteatzea, erabilera publikoari, paisaiari, irtenbide naturalei eta abarrei buruzko proiektu integralen testuinguruan.

5) Udalerriko lurralde-eremuan dauden interes geologikoko lekuak babesteko, kontserbatzeko eta balioan jartzeko jarduketak, Euskadiko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan, lurralde-plan partzialetan, HAPOetan edo kultura-intereseko ondasunetan identifikatuta daudenei lehentasuna emanez (interes geologikoko tokiak; esate baterako, aztarnategi paleontologikoak).

6) Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, erriberak eta ibilguak garbitzeko jarduerak; betiere, jarduera horiek udal eskatzailearen eta Uraren Euskal Agentziaren artean sinatutako lankidetza-protokoloen esparruan egiten badira. Horrelako protokoloek edo, hala badagokio, dagozkien jarduketa-planek biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko nahitaez bete beharreko baldintza batzuk bilduko dituzte.

1) eta 5) arteko ekintzen kasuan, lursailen erosketa diruz lagundu ahal izango da dirulaguntzari dagozkion jardueretarako beharrezkoa denean, betiere aurreikusitako guztizko aurrekontuaren % 40 gainditzen ez bada. Horrez gain, argi eta garbi arrazoitu beharko da lursail horiek erostea premiazkoa dela dirulaguntza eskatzen den ekintzak gauzatu ahal izateko.

Halaber, diruz laguntzekoak izango dira jarduerarekin zuzenean lotuta dauden komunikatu eta sentsibilizatzeko ekintza osagarriak, horiek helburu badute herritarrek dena delako arazoari buruz duten kontzientziazioa eta ezagutza handitzea.

Ez dira diruz lagunduko ezagutzak eskuratzeko azterlanak idaztera zuzendutako eskabideak, ez eta sentsibilitate-ekintzak argitaratzera zuzendutakoak ere.

Ez dira dirulaguntzaren xede izango edozer obra edo proiekturen administrazio-baimenean ezarritako zuzenketa- edo konpentsazio-neurrien ondorioz gauzatutako ekintzak.

d) Ekonomia zirkularraren lerroan.

Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz laguntzekoak:

1) Elikagaien xahubidea prebenitzea sustatu edo/eta ezartzeko mekanismoak.

2) Materia organikoa gaika biltzeko sistemak sortzaile handietan (dendak, ikastetxeak, bestelako gizarte-ekipamenduak...), tratamendu biologikorako.

3) Hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak, gaika biltzen ez diren hondakinak ez sortzera eta gaikako bilketa sustatzera bideratutakoak.

4) Gaika biltzen ez diren hondakinak ez ekoizteko lagungarriak diren sistemak ezartzea, errefusaren bilketan erabiltzailea identifikatuta, eta era konbinatuan biohondakinen atalean.

5) Berriz erabili, konpondu edo lehengoratu eta norberak konpontzeko ekimenak, sistemak edo instalazioak (ehunak, altzariak, zapatak, jostailuak, gailu elektronikoak), ikastaroak, tresnak partekatzeko plataformak (tresna fisikoak), norberak konpontzeko instalazio gidatuak, berriz erabiltzeko produktuak eskaintzeko instalazioak/plataformak...

6) Ostalaritzako eta merkataritzako sektoreetan eta horien bezeroen artean ontzien kontsumoa murrizteko edo ontzien hondakinik ez sortzeko neurriak.

7) Toki-titulartasuneko konpostaje komunitarioko instalazio eta jardueretatik datozen konpostaren organismo patogenoak kontrolatzea, apirilaren 9ko 63/2019 Dekretuaren, komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren araubide juridikoa eta baldintza teknikoak ezartzen dituenaren, 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8) Lehengai sekundarioen merkatuak sustatu eta ezartzeko mekanismoak.

9) Ura berrerabiltzeko sistemak, udalerria garbitzeko lanetan erabiltzeko.

10) Ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza-ekintzen diseinua eta garapena enpresa eta pertsona ekintzaileentzat, tokiko enplegu- eta negozio-aukera berriak sortzen laguntzeko.

11) Ekonomia zirkularreko etorkizuneko jarduerak diseinatzeko azterlanak egitea.

12) Etxebizitza partikularretan egiturazko zuntz-zementuzko hondakinen udal-inbentarioak egitea, hondakin horiek biltzeko etorkizuneko jarduerak zehazteko.

13) Herritarrei egiturazko zuntz-zementuaren kudeaketa zuzena (loreontziak, teilapeak, hodiak...) errazten dieten udal-sistemak edo -instalazioak abian jartzea, kontrolik gabe botatzea edo gaizki kudeatzea saihestearren.

14) Aurretiko azterlanak eta tresnak diseinatzea industrialdeetan edo sortzaile handietan hiri-hondakinen parekagarriak biltzeko sistemak abian jartzeko, bilketa-maila handia bermatuta.

15) Toki-erakundeek itsasoan eta haren eragin-eremuan plastikoak biltzeko sustatutako jarduerak, horiek berriz erabiltzea edo birziklatzea bermatuta. Jarduera osagarri gisa, kasu horretan, plastiko horiek herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-jardueretan erabiltzea balioetsiko da.

16) Edarien ontzi arinak gaika biltzeko makinak ezartzea, erabiltzaileari pizgarri ekonomikoa emanda, naturagune babestuetan, zaborra uztea (littering) saihestearren.

Jarduketa horiez gain, herritarrei zuzendutako komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egin beharko da.

e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan.

Diruz lagundu ahalko dira Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak, 2020ko uztailaren 1etik 2021eko uztailaren 15era bitartean egiten badira. Ekintza horien artean, gutxienez honako hau egongo da: ikasturte bakoitzean, eskola arteko foro bat eta udal-foro bat antolatzea. Foro horietan, besteak beste, aurreko foroetan hartutako konpromisoen jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da.

Gainera, honako jarduketaren bat ere jaso beharko dute:

a) Azterlaneko gaiari buruzko txostenak.

b) Jardunbide egokien bilduma.

c) Udal-baliabideen katalogoak egitea.

d) Diagnostikoa egiteko irteerak edo ibilbideak.

e) Familientzat eta ikasleentzat jardunaldi teknikoak antolatzea.

f) Esperientziak web bidez edo beste bide batzuetatik komunikatzea eta zabaltzea.

g) Erakusketa ibiltariak egitea.

h) Eskoletako topaketak egun seinalatuetan.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Lehen artikuluan adierazitako ekintza espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, hiru milioi eta laurehun mila (3.400.000) eurokoa izango da. Kopuru hori honela banakatzen da:

1.1.– Lurzoru kutsatuen lerroan:

Gehienez ere, zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euro bideratuko dira.

1.2.– Klima-aldaketaren lerroan:

Gehienez ere milioi bat (1.000.000) euro bideratuko dira.

1.3.– Natura-ondarearen lerroan:

Gehienez ere, zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euro bideratuko dira.

Natura-ondarearen lerroko laguntzak, Natura 2000 Sareko kokalekuetan egiten diren jarduketak zehazki, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatuko ditu; hau da, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar da EGEFren ekarpena. Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende egongo dira lerro honetako laguntzak, eta honako hauek dira EGEFren laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak.

1.4.– Ekonomia zirkularraren lerroan:

Gehienez ere bostehun mila (500.0000) euro bideratuko dira.

1.5.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Gehienez ere laurehun mila (400.000) euro bideratuko dira.

2.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jardun lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio, agindu honetako 14. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenaren arabera. Inguruabar hori Ingurumeneko sailburuordeak dirulaguntzak emateko egiten duen ebazpenean aipatuko da.

3.– Erakunde onuradunetako batek jaso duen dirulaguntzari uko egingo balio ezarritako exekuzio-epearen lehen urtean, proiektu horri esleitutako kopurua zati batean edo batere ez (aurrekonturik ez edukitzeagatik) diruz lagundutako jarduketetako batera bideratu ahal izango da, 17.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, tokiko erakunde txikiak, udalerriaz gaindiko tokiko erakundeak, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak.

2.– Tokiko merkataritza-sozietateek, tokiko garapen-agentziek eta udalerriaz gaindiko tokiko erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte onuradun izateko:

a) Kapital soziala, oso-osorik, titulartasun publikokoa izango da.

b) Bazkide gehienak udalak izango dira.

c) Udaletako alkateek berariaz izendatutakoak beharko dira izan, diruz lagundu nahi den jarduera burutzeko.

3.– Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean dauden erakundeek. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

4.– Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetze-aldian badaude.

5.– Ezin izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa.

5. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar diren aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak baimenari uko egin ahal izango dio espresuki, horretarako egiaztagiria Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorreko 22. artikuluan zehaztutako moduan aurkeztuta.

2.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: dirulaguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, bazter utzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dauzkan egiaztatze-, kontrol- edo ikuskatze-ahalmenak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen da), honako betebehar hauek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira:

a) Erakunde eskatzaileak, eskabidea egin duen unean, egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du administrazioei zein beste erakunde publiko zein pribatuei xede bererako eskatzen eta haietatik lortzen dituen laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera zein bestelako baliabide guztien inguruko informazio guztia jakinarazteko, bai eta eskaerak aurkeztu diren dirulaguntza programetan BEZak ere dirulaguntza jaso dezakeen ala ez berariaz adieraztekoa ere.

c) Eskaera egin duen erakundeak dirulaguntza eskatzea erabaki duela, eta dirulaguntzarekin ordainduko ez den partea finantzatzeko konpromisoa hartu duela.

d) Erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzea hitzematen du, kokagunearen berrerabilerak gainbalioak eragiten baditu edo diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio, laguntzaren gehieneko zenbatekoraino.

e) Ibilguetako hondakinak garbitzeko proiektuen kasuan, erakunde eskatzaileak eta Uraren Euskal Agentziak jarduera horiek aurrez adostu dituztela, dagokion lankidetza-protokoloa sinatuta.

f) Jasangarritasunerako Hezkuntzaren lerroari dagokionez, erakunde eskatzaileak Eskolako Agenda 21 ezartzen ari den bere lurraldeko ikastetxeren batekin koordinatzeko konpromisoa hartzen du.

Baita honako betekizun hauek ere:

a) Erakunde eskatzaileak ez duela zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ahal ez izateko zigorrik, eta ez dagoela dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan.

b) Eskualde-erakundeak dirulaguntzaren xede den jarduna egiteko espresuki izendatuak izan direla, parte hartzen duten udalerrietako alkateen eskutik.

c) Baldin eta erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat, tokiko garapen-agentzia bat edo bestelako toki-erakunde bat bada, kapital publikokoa dela, bazkide nagusiak udalak direla, eta udalerri partaideek erabaki dutela dirulaguntza eskatzea eragin duen jarduketa egitea.

d) Erakunde onuradunak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako printzipioak (3. artikulua) eta betebeharrak errespetatzen dituela. Bereziki, 16., 18.4 eta 23. artikuluetan ezarritakoa betetzen duela.

Era berean, eskaera egin duen erakundeak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako betebeharrak bete direla egiaztatzeko, beren burua erakunde onuradun gisa proposatzen direnek ordeztu den dokumentazioa aurkeztu beharko dute dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lehen artikuluan ezarritako ekintzak gauzatzeko egindako gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak. Edonola ere, proiektua gauzatzeko aldian egindako gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

2.– Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko, erakunde onuradunek gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak kontratatzen badituzte, kontratazio berri horien lan-kostuen % 50 diruz laguntzeko modukotzat hartuko da, baldin eta kontratuen iraupena sei hilabetetik gorakoa bada.

3.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Diruz laguntzen diren ekintzen balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak.

b) Komunikazio-, partaidetza-, informazio- edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, Agindu honetako 2. artikuluan berariaz adierazten diren ekintzetan salbu.

c) Lursailak erostera bideratutakoak, salbu eta natura-ondarearekin lotutakoak, eta 2.c) artikuluan jasotako baldintzen arabera.

d) Lurgaineko balioa edo ustiapen-balioa, kasuan kasuko lursailean mozketa egin, eta lortutako zura saldu egiten bada, kontzeptu horrek diru-sarrerak eragingo lituzke eta proiektuaren barnean.

e) Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako plantillako langileei dagozkien gastuak, eta diruz lagundu ezin diren gainerako gastuak, dirulaguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz, bigarren apartatuan xedatutakoa izan ezik.

f) Ez dira diruz lagunduko leasing finantzarioko eragiketak. Renting erako eragiketei dagokienez, proiektua gauzatzeko benetako aldiari dagokion kostua baino ez da diruz laguntzekoa izango, deialdi honetan ezarritakoaren arabera.

g) Inpaktua murrizterik lortzen ez duten edo ingurumen-hobekuntzarik ez dakarten gastuak.

h) Beharrezkoak ez diren gastuak, behar bezala justifikatuta ez daudenak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek agindu honetan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu. Zehazki, klima-aldaketaren lerroko proiektuen esparruan, karbonoa xurgatzeko proiektuen arloko ekintzei dagokienez zehazki, neurrigabeko gastutzat hartuko dira kanpoko laguntza eta azterlanen gastuak, baldin eta aurrekontu osoaren % 30 baino handiagoak badira.

Natura-ondarearen lerroan, gastu neurrigabe gisa hartuko dira laguntza teknikora (proiektuaren definizioa, jarraipena eta kudeaketa) eta azterketetara bideratutako gastuak, aurrekontu osoaren % 20 baino handiagoak badira, eta/edo komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintzetara bideratutako gastuak, horiek aurrekontu osoaren % 10 gainditzen badute, bi kasuetan lursailak erosteko erabili den kantitatea kontuan hartu gabe (hala badagokio). Horri dagokionez, gauzatzen diren ekintzekin zuzenean lotutako azterketak eta komunikazio-ekintzak baino ez dira diruz laguntzekoak izango.

Eta zehazki, ekonomia zirkularraren lerroan, neurririk gabeko gastutzat joko dira sentsibilizaziorako gastuak, aurrekontu osoaren % 20 gainditzen badute.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, Agindu honetako 2. artikuluan deskribatutako Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskola Agenda 21en koordinazio-proiektuak gauzatzeko kostuak bakarrik lagunduko dira diruz.

4.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua betez, azpikontratatu ahal izango dira diruz lagundutako jarduera guztiak.

7. artikulua.– Dirulaguntza-eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.

1.– Ez dago mugarik eskabideak aurkezteko, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, 3. puntuan azaldu bezala.

Lurzoru kutsatuen lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, lurzoru artifizializatu hutsen inbentarioa egiteko eta, gainerako tipologietan, puntuaziorik handiena izan duen jarduera baino ezingo dira diruz lagundu.

Klima-aldaketaren eta natura-ondarearen lerroetan, erakundeak lerro horietan eskaera bat baino gehiago egin badu, puntuaziorik handiena lortu duen jarduerari bakarrik eman ahalko zaio dirulaguntza.

Ekonomia zirkularraren lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, egiturazko zuntz-zementuarekin lotutako jarduketa bat egiteko eta, gainerako tipologietan, puntuaziorik handiena izan duen jarduerarentzat baino ezingo da eman dirulaguntzarik.

2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, deialdi berean ezin izango dira aurkeztu kokapen bera aztertzeko edo proiektua idatzi eta, ondoren, berreskuratzeko eskabideak, salbu eta lanak oso aurreratuta badaude eta lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea hasteko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu badute dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu aurretik.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, dirulaguntza jasotzeko eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du erakunde bakoitzak. Erakundeek ezin izango dute eskabiderik banaka aurkeztu, beren lurralde-eremuan zerbitzu hori ematen duen udalaz gaindiko beste erakunde batek jarduten badu.

Ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskaera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, erakundeak laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.

4.– Udalerri bera ordezkatzen duten erakunde onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste dirulaguntza batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

9. artikulua.– Eskabideak egiteko modua eta horiek aurkezteko epeak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2020ko irailaren 22an amaituko da.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: (http://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2020/herrijasangarriak/web01-tramite/es).

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan bitarteko elektronikoen bidez jarduteko beste pertsona bati ordezkaritza eman behar zaionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan alta emanda egon beharko da: (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bidez egin eta jakinaraziko dira: (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

5.– Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta aplikatu beharreko gainerako araudiaren arabera tratatuko dira datuak.

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak eta aurkeztu beharreko proiektuen gutxieneko edukien aurkibideak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, behar bezala sinatuta.

b) «Oinarrizko eta harremanetarako datuen» formularioa.

c) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Aurrekontua» inprimakia, behar bezala beteta. Aurrekontua kontu-sailen arabera banakatu beharko da, kontzeptuak argi bereizita.

d) «Proiektuaren memoria» inprimakia edo, hala badagokio, laguntza eskatu den jardun-lerroari dagozkion proiektu-memorietako gutxieneko edukien aurkibidea. Beharrezkoak diren eremu guztiak bete beharko dira, dirulaguntza eskatzen den proiektu motaren arabera. Zehazki, «Memoriaren proiektua» inprimakiaren barnean, lerroaren arabera, honako hauek adierazi beharko dira nahitaez: inpaktuaren murrizketako parametro gakoa edo gakoak, kalkulu-metodoaren xehetasunak eta kontserbazio-egoeraren hobekuntza, natura-ondarearen lerroaren kasuan.

Aurkeztutako dokumentazio gehigarriak ebaluazio teknikorako kontuan izan behar den informazioa badu, nahitaezko bi inprimaki horien apartatuetan berariaz adierazi beharko da zein den dokumentazio gehigarri horretan kontsultatu behar den informazioa (apartatuak, kapituluak eta abar).

e) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideen kasuan, entitate eskatzaileak kokalekua titulartasun publikokoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Halaber, titulartasun publiko hori noiz eskuratu zen argitu beharko du, eta kokalekuaren zer ehuneko den udalaren titulartasunekoa ere bai. Aurreko baldintzak, baita, hala badagokio, agindu honen 2.2.a) artikuluan aurreikusitako salbuespenak ere, horien berri ematen duen egiaztagiriaren bidez (edo egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen bidez) justifikatu ahal izango dituzte.

f) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideetan, jarduketa egingo den kokagunea ez bada udala, jarduketaren premia egiaztatu beharko da, eta, behar izanez gero, diruz lagundutako jarduketa egingo den kokagunean jarduteko titulartasuna egiaztatuko da.

g) Berotegi-efektuko gasen emisioak murriztera bideratutako klima-aldaketaren lerroko ekintzei dagokienez, dirulaguntza eskatzen den jarduerari dagokion emisio-murrizketa zehazteko egindako hipotesiak, kalkuluak edo estimazioak jasota eta azalduta dauden frogagiria atxiki beharko da.

h) Karbonoa xurgatzeko proiektuei buruzko klima-aldaketaren arloko ekintzei dagokienez, proiektuaren iraunaldiko karbono-xurgapenak zehazteko egindako kalkuluak edo estimazioak jasotzen dituen frogagiria atxiki beharko da. Xurgapenen ex ante kalkulua egiteko metodologia egokia eduki ezean, hori egiteko behar diren datuak erantsi beharko dira, hau da, kokapena (koordenatuak), azalera, landatu beharreko espezieak eta landaketa-esparrua, bai eta hektareako oin kopurua eta erabilera mota ere. Jarduketak irauteko konpromisoaren egiaztagiria ere erantsi beharko da.

Gainera, beharrezkoak diren baimenen laburpenen inprimakia aurkeztu beharko da, eta erakunde eskudunek emandako baimenak, halakorik izanez gero (jabari publiko hidraulikoko jarduketak, itsas-lehorreko jabari publikokoak, naturagune babestuetakoak, etab.).

i) Natura-ondarearen lerroko eskabideetan, beharrezkoak diren baimenen laburpenen inprimakia aurkeztu behar da, eta erakunde eskudunek emandako baimenak, halakorik izanez gero (jabari publiko hidraulikoko jarduketak, itsas-lehorreko jabari publikokoak, naturagune babestuetakoak, etab.).

j) Natura-ondarearen lerroko eskabideen kasuan, eta proiektuan lurrak erostea jasota badago, behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasatzaile independente baten ziurtagiria aurkeztu behar da. Aurkeztutako tasazioan lurzati multzo baten balioa jasotzen bada, eta eskatutako proiektua lurzati horietako batean edo gehiagotan gauzatu behar bada, jarduketaren xedeko lurzatiaren edo lurzatien kostu zehatza balioesteko, horietako bakoitzaren balioa hartuko da, edo metro karratuko batez bestekoa, horien tasazio-balioak bereizita ez badaude.

2.– Eskatzaileek, borondatez, eta ebaluazio hobea egite aldera, honako agiri hauek aurkeztuko dituzte eskabideekin batera:

a) Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontua jasota.

b) Klima-aldaketaren lerroko eskaeren kasuan, hala badagokio, edo klima-aldaketarekin lotura duen plana, programa edo ordenantza izatea egiaztatu behar da.

c) Egokitzapen-ekintzen garapenarekin lotuta dauden klima-aldaketaren lerroko eskabideen kasuan, dagokion agintariaren baimena beharko da proiektua garatzeko.

d) Hala dagokionean, tokiko jasangarritasun-politikak beteko direla hitzematea eta/edo jasangarritasun-prozesuen ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea.

e) 16. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.

11. artikulua.– Akatsak zuzentzeko prozedura.

1.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota behar diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaera ez zaiola onartuko. Ebazpena Ingurumeneko sailburuordeak egingo du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. eta 21.1 artikuluek aurreikusitako moduan.

2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

12. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzeko, Ihobe SA sozietate publikoa erakunde laguntzaile izendatzen da, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena).

2.– Ihobe SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Eskabidea egiten duten erakundeek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) 14. artikuluan adierazitako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 16. artikuluan jasotako esleipen-irizpideen arabera.

d) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

e) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez balioestea.

f) Erakunde onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.

g) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari proposatzea dirulaguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

14. artikulua.– Organo ebaluatzailea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratuko da, kide hauek izango dituena:

– Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria.

– Ingurumen Administrazioaren zuzendaria.

– Ihobe SAren zuzendaria.

2.– Organo ebaluatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen hori 16. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta honakoak bilduko ditu, arrazoiak adierazita: dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak; dirulaguntzen zenbatekoa; dirulaguntza jasoko ez duten proiektuak; ezeztatutako eskaerak, ezeztapenaren arrazoiekin batera; eta ebatzi beharreko beste edozein inguruabar.

15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango ditu muga hauek gainditu:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan:

(Ikus .PDF)

Ikerketa- eta prebentzio-proiektu bakoitzak 60.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez dirulaguntza gisa; lehengoratze-proiektu bakoitzak, berriz, 200.000 euro, gehienez.

Zabortegietan egiten diren ingurumen-jarraipeneko proiektuen eta lurzoru hutsen inbentarioen kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

b) Klima-aldaketaren lerroan:

(Ikus .PDF)

Proiektu bakoitzak 80.000 euro jaso ahalko ditu gehienez dirulaguntza gisa, salbuespen hauekin:

b.1.– Klima-aldaketara egokitzeari loturiko planak eta azterlanak eta klima-aldaketaren plan integratuak egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da.

b.2.– Ibilgailuei buruzko proiektuen kasu zehatzean, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 euro izango da hamar plaza baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 euro ibilgailu handiago bakoitzeko. Bi kasuetan, gehienez 80.000 euro, proiektu bakoitzeko zenbateko handiena denez.

c) Natura-ondarearen lerroan:

(Ikus .PDF)

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa proiektuko 75.000 euro izango da.

Erriberak eta ibilguak garbitzeko proiektuen kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.

d) Ekonomia zirkularraren lerroan:

(Ikus .PDF)

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 euro da proiektu bakoitzeko, «Toki-titulartasuneko konpostaje komunitarioko instalazio eta jardueretatik datozen konpostaren organismo patogenoak kontrolatzea» proiektuetan izan ezik, gehienez 3.000 euroko dirulaguntza egongo baita proiektu bakoitzeko.

e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Laguntzak ez dira izango diruz lagundu ahal diren gastuen % 50etik gorakoak, ezta 16.000 eurotik gorakoak ere, erakunde onuradun bakoitzeko.

7.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien edo toki-erakundeen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa % 45ekoa izango da gutxienez.

2.– Oro har, a), b), c), d) eta e) letren lerroei dagokienez, erakunde eskatzailea eskualde-erakunde bat bada, eta proiektuan parte hartzen duten udalerrien % 75en biztanle kopurua ez bada ezarritakoa baino handiagoa, kopuru horretatik beherakoetarako ezarritako balorazio-irizpidea baliatuko da.

16. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak eta emateko prozedurak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehia-prozeduraren bidez esleituko dira 1. artikuluan aipatzen diren lerroetako bakoitzean, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan. Dirulaguntza jaso ahal izateko, dena delako jarduerak 100etik gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu organo ebaluatzaileak artikulu honetako 4. apartatuan zehazten diren irizpideen arabera egindako balorazioan.

50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun-ordena ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Irizpide hori kontuan hartuko da, soil-soilik, balorazio-aldian 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina dirurik ez badago. Kasu horretan, puntuazio altuena lortutako proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzeko lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroko laguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia bidez esleituko dira, eta zenbateko erabilgarriaren hainbanaketa bidez kontabilizatuko dira, 15.1.e) artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

3.– Proiektu bakoitzari egokitutako dirulaguntza agindu honetako 6. eta 15. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.

4.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan:

a.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Gehienez, 20 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, zehazki, lurzorua babestekoa, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

– Ikerketaren kasuan, kutsaduraren ezaugarriak zehazteko eta ebaluatzeko teknika berritzaileak erabiltzea, eta lehengoratzearenean, in situ edo on site teknologiak aplikatzea, alde batera utzita hondeatzea eta kanpo-kudeaketa.

– Lehengoratzeari dagokionez, proiektura gehitzea ingurumenaren arloko beste arazo batzuen ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen laguntzen duten elementuak (besteak beste, klima-aldaketa arintzea, hondeatutako materialen kopurua gutxitzea eta bertan berriz erabiltzea edo eraikuntza jasangarriko neurriak ezartzea).

a.2.– Kokalekuan eta inguruko lurretan gizakien osasunean edo ingurumenean izan ditzakeen eraginak. Besteak beste, honako hauek lehenetsiko dira: gaur egun komunitatearen ekipamendurako erabiltzen direnak, erabileraren sentikortasuna dela eta; Natura 2000 Sarean, interes hidrogeologikoko eremuetan edo hirigintzako berrerabilpenari dagokionez lehentasunezko interesa duten hiriguneetan dauden kokalekuak. Gehienez, 40 puntu.

a.3.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, mesede egindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina): gehienez, 20 puntu.

a.4.– Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna, eta izaera estrapolagarria. Gehienez, 20 puntu.

b) Klima-aldaketaren lerroan:

b.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira berritzailetzat eta estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

Horrez gain, estrategiko gisa baloratuko da udaleko eta udalerriko berotegi-efektuko gas-emisioen inbentarioaren kalkulu sistematikoa egitea.

Klima-aldaketara egokitzeko arloan, bereziki, «estrategikotzat» joko dira egokitzapen-plan batekin, zaurgarritasun-azterketa batekin eta eskaeran justifikatutako klima-arriskuarekin koherenteak izango diren ekintzak.

Klima-aldaketako plan integratuen eta klima-aldaketara egokitzeko planen kasuan, «estrategikotzat» joko dira eskaeran justifikatutako zaurgarritasuna eta klima-arriskua, baita, hala badagokio, klima-aldaketari buruzko plan bat izatea ere (arintzea).

b.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.

b.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomiko xehatuen kalitatea, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako murrizketak), ekintzaren kostua/efizientzia edo kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 40 puntu.

Berotegi efektuko gasak murrizteko eta CO2 xurgatzeko ekintzetan, lehentasunezko irizpidea kostu/onura erlazioa izango da (tona murriztu diruz lagundu daitekeen inbertsioaren euro bakoitzeko), betiere kalkuluak behar bezala justifikatuta baldin badaude.

c) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroan:

c.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– URA-Uraren Euskal Agentziarekin edo foru-aldundiekin lankidetzan egitea proiektua, baldin eta lankidetza hori beharrezkotzat jotzen bada edo proiektuari hobekuntza nabarmena badakarkio.

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

– Proposatutako ekintza natura-ondarea zaintzearen arloan dagoen plangintza edo estrategiarekin koherentea izatea, hala eskualde nola toki mailan, bai eta, zehazki naturagune babestuetan egiten diren edo espezie katalogatuak helburutzat dituzten ekintzei dagokienez, dagozkien indarreko kudeaketa-tresnekin.

c.2.– Jarduna non gauzatuko den edo jardueren xede diren habitatak/espezieak, gehienez 25 puntu:

c.2.1.– Naturagune babestuen barruko lurrak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak) edo Urdaibai Biosferaren Erreserban kokatuak: gehienez, 25 puntu.

c.2.2.– EAEko Espazio Natural Garrantzitsuen Katalogo Irekiko guneen barruan jasotako lursailak: gehienez, 20 puntu.

c.2.3.– EAEko hezeguneetarako LAP Lurraldearen Arloko Planaren II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lursailak: gehienez, 20 puntu.

c.2.4.– Aurreko epigrafeetan sartuta egon ez arren, komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesa duten basaflorako eta basafaunako espezieak dituzten lursailak –espezie horiek sartuta egon behar dute hegaztiei eta habitatari buruzko zuzentarauen eranskinetan, edo basafaunako eta basaflorako espezie mehatxatuen EAEko katalogoan–: gehienez, 20 puntu.

c.2.5.– Eskualdeko konektibitate ekologikorako eremu garrantzitsuak eta/edo eremu degradatuak berreskuratzeko tokiko aukera-eremuak: gehienez, 15 puntu.

Jardun-eremu baten gainean kalifikazio bat baino gehiago egiten baldin bada, puntu gehien duena balioetsiko da.

c.3.– Aurreikusitako ekintzen ondorioz habitatek eta/edo espezieek izan ditzaketen hobekuntzak: gehienez, 35 puntu.

Haren balorazioa egiteko, honako hauek kuantifikatuko dira, ahal izanez gero: jarduketen xede diren habitat eta/edo espezieen mehatxu-maila eta kontserbazio-egoera, eragindako populazio edo komunitateen garrantzi erlatiboa, eta zehaztutako helburuak lortzeko eta horien kontserbazio- eta/edo lehengoratze-egoera hobetzeko aurreikusi diren ekintzen garrantzia. Era berean, ekintzen indarraldiarekin lotutako alderdiak izango dira kontuan, denborari dagokionez zein horiek mantentzeko eragiketen premiari dagokionez.

c.4.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honelako alderdiak balioetsiko dira: memoria tekniko eta ekonomikoaren kalitatea eta xehetasun-maila, ekintzaren efizientzia ekonomikoa, eta ondoren mantentzeko proposamenik dagoen.

c.5.– Komunikatzeko eta sentsibilizatzeko jarduerek gizartean eragiteko ahalmena, proiektuak jorratzen duen arazo espezifikoa kontuan hartuta (ekintzak, xede-taldea, etab.): gehienez, 10 puntu.

d) Natura-ondarearen eta geodibertsitatearen lerroan:

d.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– URA-Uraren Euskal Agentziarekin edo foru-aldundiekin lankidetzan egitea proiektua.

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

– Proiektuak klima-aldaketaren aurkako borrokari egiten dion ekarpena, arintze-jardueren zein egokitzapen-jardueren bidez.

d.2.– Jarduna non gauzatuko den, gehienez 25 puntu:

d.2.1.– EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan, lurralde-plan partzialetan edo HAPOetan jasota dauden interes geologikoko lekuak naturagune babestuen barruan, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak), Urdaibai Biosferaren Erreserban edo Euskal Kostaldeko Geoparkean kokatuak edo EAEko hezeguneen LAPren II. eta III. taldeetako hezeguneetan jasota: gehienez, 25 puntu.

d.2.2.– EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan, lurralde-plan partzialetan edo HAPOetan jasota dauden interes geologikoko lekuak, aurretik aipatutako naturagune babestuetatik kanpo kokatuta: gehienez, 20 puntu.

d.2.3.– Arestian aipatutako naturaguneetan dauden beste inbentario batzuetan jasotako interes geologikoko lekuak: gehienez, 20 puntu.

d.2.4.– Arestian aipatutako naturaguneetatik kanpoko beste inbentario batzuetan jasotako interes geologikoko lekuak: gehienez, 15 puntu.

Jardun-eremu baten gainean kalifikazio bat baino gehiago egiten baldin bada, puntu gehien duena balioetsiko da.

d.3.– Aurreikusitako ekintzen ondorioz interes geologikoko lekuek izan ditzaketen hobekuntzak: gehienez, 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hauek kuantifikatuko dira, ahal izanez gero: nazioartean, estatuan edo autonomia-erkidegoan duen garrantzia; zaurgarritasun-maila eta hondatze, espoliazio eta abarren arriskua; eta interes zientifikoa, turistikoa edo hezitzaile/dibulgatiboa.

d.4.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 25 puntu.

d.5.– Komunikazio- eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: gehienez, 10 puntu.

e) Ondare naturalaren lerroa – ibaiertzak eta ibilguak garbitzea:

e.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

e.2.– Proposamenaren kalitate teknikoa (proposatutako metodologia, arroko beste udalerri batzuekin koordinatzea, elkarteak inplikatzea, biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko neurriak deskribatzea) eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta kostu/onura erlazioa: gehienez, 40 puntu.

e.3.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, ibaiertzean garbitu beharreko metro linealak, kendu beharreko hondakin kopurua, biztanleria onuraduna eta eragina, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 40 puntu.

e.4.– Proposatutako sentsibilizatzeko eta zabaltzeko jarduerek gizartean eragiteko ahalmena, proiektuak jorratzen duen arazo espezifikoa kontuan hartuta (ekintzak, xede-taldea, etab.): gehienez, 15 puntu.

f) Ekonomia zirkularraren lerroan:

f.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

Espezifikoki «estrategikotzat» ere hartuko da ekintzarekin batera toki-erakundearen hondakin-plana egotearekin, 2020ko Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Arriskutsuak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren helburuekin bat etorriz.

Beste udalerri batzuetan egin ez diren ekonomia zirkularra lortzeko edo hondakin problematikoak kudeatzeko neurrien ezarpen-jarduketa lehenetsiak; horien ezarpena behar bezala justifikatu beharko da ohiko teknikak erabiltzen ez direnean.

f.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua murriztea, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 45 puntu.

f.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomikoaren kalitatea eta xehetasun-maila, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako inpaktu-murrizketak), ekintzaren kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 30 puntu.

g) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzetarako eskabide guztiak onartuko dira, betiere 2.e) artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.

17. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ingurumeneko sailburuordeak, ebaluazio-organoak igorritako proposamen arrazoitua ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena izenpetu eta jakinaraziko du sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ebazpen horren berri emango zaie interesdunei Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz eta egoitza elektronikoaren bidez interesdunei bana-banako jakinarazpena eginez.

Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

2.– Laguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, laguntza eman bada, zer erakundek jaso duen, laguntza zer proiektuk jaso duen eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira; eta, aitzitik, eman ez bada, laguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira. Halaber, erakunde onuradunen batek uko egiten badio jaso duen dirulaguntzari, ezarritako exekuzio-epearen lehen urtearen barnean, ebazpenean zehaztuta egongo da partez diruz lagundutako proiektuen eta aurrekontu ezagatik dirulaguntzarik gabe geratutakoen lehentasun-hurrenkera, dirulaguntzak jaso ditzaten.

3.– Aurreko paragrafoetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Baldintzen agiria.

Proiektu bakoitzaren bereizgarriei erreparatuta, hala dagokienean, diruz lagundutako proiektua gauzatu ahal izateko nahitaez bete behar diren baldintza teknikoak eta ekonomikoak ezarriko dira. Baldintza horiek baldintza-agiri batean bilduko dira, Jasangarritasunerako hezkuntzako proiektuen kasuan izan ezik, eta agiri horren berri erakunde onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan.

19. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.– Esleitutako dirulaguntza onartzea. Laguntzak onartzeaz batera, agindu honetan eta 18. artikuluan adierazitako baldintza-agirian, hala dagokionean, aipatzen diren baldintza eta arau guztiak ere onartzen dira orobat. Alde horretatik, jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egun naturaletan dirulaguntzari espresuki uko egiten ez bazaio, dirulaguntza hori onartu dela ulertuko da.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea, eta bai Ihobe SA erakunde laguntzaileak bai organo emaileak datuak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.

3.– Proiektuan edozein arrazoi dela medio, aldaketak eginez gero, lehenbailehen jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.

4.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 22. artikuluan ezarritako epeetan.

5.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 21. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

6.– Proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.

7.– Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa zein diren.

8.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea proiektuan jasotako informazio teknikoa, pedagogikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren informazio-sistemetan txerta ditzan eta haren zabalkuntza edo argitalpena egin dadin edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

Natura-ondarearen proiektuen kasuan, dirulaguntza hau aplikatzeko lanetarako sortzen diren dokumentuak, materialak eta datu-baseak «Ingurumenari buruzko informazioa bidaltzeko jarraibideak» dokumentuan azaltzen den bezala aurkeztuko dira. Hemen eskura daitezke jarraibide horiek: (https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-informazioa-bidaltzeko-jarraibideak/web01-s2ing/eu/).

Natura-ondareari buruzko ezagutza hobetzeko jarduerak barne hartzen dituzten proiektuetan, jarduera diseinatzeko orduan «Biodibertsitateari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak diseinatzeko gida»ren edukiari jarraitu beharko zaio. Hemen dago eskuragarri gida hori: (https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/guiabidrex/eu_def/adjuntos/bidrexgida.pdf).

9.– Publizitatea emateko betebeharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan jasotakoa– betez, erakunde onuradunek laguntzen deialdi honen bitartez lortutako babesaren berri emango dute jendaurrean:

a) Beren webgunean diruz lagundutako proiektua deskribatuz.

b) Gutxienez kartel bat jarriz, dirulaguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduaren arabera. Kartel horretan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso dutela aipatzeaz gain, proiektuari buruzko informazioa jasoko dute. Gutxienez A3 neurrikoa izango da eta jendeak ongi ikusteko moduko tokian egongo da, eraikinean sartzeko atearen edo ateen burutik gertu, edo jarduketa egiten den toki zehatzean. Kartel hori 2 hilabetez egongo da ikusgai gutxienez, dirulaguntza ematea jakinarazten denetik aurrera, eta 2 hilabete gehiagoz proiektuaren amaierako justifikazioa aurkezteko unean.

10.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, baita publizitatean ere. Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta egiten den publizitatean eta, zehazki, diruz lagundutako ibilgailu edo ekipamenduetan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren logotipoak agertu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.

11.– Dirulaguntza jasotzen duen toki-erakundea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean (Udalsarea 2030) baldin badago, sare horren logotipoa ere agerrarazi beharko da.

12.– Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

Jarduerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta hizkuntza horietan artatzeko aukera eman beharko zaie herritarrei.

13.– Argitalpenik eginez gero, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari bidali beharko zaio euskarri digitalean.

Paperezko argitalpenik eginez gero, argitalpenaren eta eskuorrien gutxienez hamar ale bidali beharko dira.

14.– Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

15.– Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.

16.– Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

17.– Lurzoru kutsatuetarako proiektuak:

a) Kokapenaren berrerabilerak gainbaliorik sortzen badu, erakunde onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legedian ezarritakoa betez. Era berean, erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzea hitzematen du, diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio.

b) Eskabidea egin duen entitateak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du dirulaguntzaren xedea den kokalekuko lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedura egiteko, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearekin bat etorriz.

Lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko laguntzen kasuan, nahitaezkoa izango da saneamendu-proiektuaren onespena izatea, Ingurumen Sailburuordetzak emanda.

Nolanahi ere, eskabidea egiten duen erakundeak prozeduran zehar agintzen zaizkion neurriak ezartzeko konpromisoa hartzen du.

c) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzean abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak eskatutakoa beteko da. Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen du Dekretu horrek.

18.– Klima-aldaketaren lerroko ekintzen kasuan, karbono-xurgapena sustatzen duten ekintzak badira, erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du jarduketak gutxienez 30 urtez iraun dezan.

19.– Natura-ondarearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzeko konpromisoa hartzen du haien salmenta eta/edo titulartasunaren transferentzia gertatzen bada. Era berean, dirulaguntza itzultzera behartuta egongo da lursailaren erabileran aldaketarik gertatzen bada, non eta ez den natura-ondarearen kontserbaziorako edo hobekuntzarako.

20.– Natura-ondarearen lerroko ekintzetan, ekintza horiek Natura 2000 Sareko eremuetan guztiz edo zati batez eginez gero, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen baditu, dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende egongo dira. Kofinantzaketa horren ondorio dira honako betebehar hauek:

a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, erakunde onuradunak legedi nazionala eta Erkidegokoa bete beharra dauka.

b) Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi horren berri eman beharko da 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 3. apartatuan eta XII. eranskineko 2.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako material edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFren bidezko kofinantzaketa komunitarioa duela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da bere webgunean, Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela nabarmenduta, eta proiektuari buruzko gutxienez informazio kartel bat jarriko da, A3 tamainan gutxienez, eta Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela aipatuko da erraz ikusteko leku nabarmen batean.

c) Proiektua ez badago ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende, erakunde onuradunak dokumentu bat sinatu beharko du, proiektuak ez diola Natura 2000 Sareari eragiten adierazteko, eta baldin badu, behar den justifikazioa aurkeztu, organo kudeatzaileak sinatuta. Horretarako, baldintzen agiriekin batera dagozkion agiriak igorriko dira, dagokionak horiek bete eta sina ditzan.

d) Laguntza onartuaz batera, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. zenbakian jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea ere onartuko da.

e) EGEFren kofinantzaketak derrigortu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta 3 urte igaro arte eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik aurrera. Testuinguru horretan, erakunde onuraduna derrigortuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

20. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

Erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan halakorik aitortzen badu, ordainketa automatikoki kitatuko da, hargatik bazter utzi gabe ondoren administrazio-bidean erreklamazioa aurkezteko aukera.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betetakotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Ingurumen Sailburuordetzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, hala behar denean, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Ezingo da inola ere aldatu jardueraren izaera, eta, aldaketa onartuko bada, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina parekoa edo handiagoa dela hasieran diruz lagundutako proiektuarena baino.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideei kalterik egin ezean.

4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin erakunde onuraduna bidezko zehapenetatik salbuetsita geratzea.

5.– Dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzeko eta amaitzeko epeari dagokionez, salbuespen gisa, erakunde onuradunak jarduera hori gauzatzeko epea luzatzeko eskaera egin ahal izango du, jarduera gauzatzeko ezarritako epea agortu baino gutxienez hilabete lehenago; betiere, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak daudenean eta behar bezala justifikatzen dituenean. Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren kasuan, ezin izango da halako luzapenik eskatu.

Epea luzatzeko, Ingurumeneko sailburuordeak horretarako ebazpen bat onartu beharko du.

22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintza 2022ko urriaren 28 baino lehen gauzatu eta justifikatu beharko dute, kasu hauetan izan ezik:

– Jasangarritasunerako hezkuntzako ekintzak 2021eko uztailaren 15a baino lehen gauzatu behar dira; proiektuaren amaierako dokumentazioa, berriz, 2021eko irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dute.

2.– Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean: (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela eta bestelako dirulaguntzarik lortu duten adierazten duena. Bestelako dirulaguntzarik lortu badute, ziurtagirian jasotako dirulaguntzaren ehunekoa eta zenbatekoa adierazi beharko dituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dirulaguntza jasotzekoa den jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ingurumen-arloko helburuen betetze-maila azalduta. Ingurumeneko onuren kasuan, inpaktuen murrizketa eta egiazko ingurumen-presioak zenbatestea, a priori helburuekin alderatuta, 18. artikuluan zehaztutako baldintzen agirian adierazitakoaren arabera. Diruz lagundutako ekintzaren izaeraren arabera, jarduketaren aurretik eta ondoren egindako argazkiak jasoko dira memorian, ahal den guztietan. Proposamenean aurreikusitako ekintzen gauzatze-balia balioetsi ahal izateko adina informazio eman beharko dute, aurreikuspenen eta azkenean egindako jarduketen irismenaren arteko alderaketa barne.

c) Ekonomia zirkularreko proiektuen kasuan, jakiak alferrik ez galtzea sustatzera edo/eta ezartzera bideratutako mekanismoen ingurukoak badira, udalerrian alferrik galtzen den jakien benetako kalkulua eta horretarako metodologia jaso beharko dituzte.

d) Natura-ondarearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, erakunde onuradunak Jabetzaren Erregistroko ziurtagiria erantsi beharko du.

e) Lurzoruen gaineko proiektuen kasuan, diruz lagundutako jardueraren kokapenari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzeko espedientea hasteko eskabidearen kopia.

f) Karbono-xurgapena sustatzen duten ekintzen bidezko klima-aldaketako proiektuen kasuan, proiektuaren iraunaldian karbonoa xurgatzeko helburuak betetzea bermatzen duen kudeaketa-plana erantsi beharko dute.

g) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Ordainagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

h) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda. Gastu-zerrendan, fakturatutako kontzeptua nahikoa zehaztu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta besteak bereizi ahal izateko.

i) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.

j) Proiektuan sortutako materialen kopia, azterlan eta txostenak, zabalkunde eta komunikaziorako materialak eta abarrak barne.

k) Georreferentziatutako informazioari dagokionez, kartografia shape formatuan eta ETRS89 proiekzioan aurkeztu behar dute. Kartografia-informazioko metadatuen fitxa bat bete beharko da kartografiako geruza bakoitzeko (http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/instrucciones_documentacion/es_def/adjuntos/formulario_metadatos_es_g.pdf).

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren proiektuak sustatu dituzten erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza justifikatzeko:

a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela eta bestelako dirulaguntzarik lortu duten adierazten duena. Bestelako dirulaguntzarik lortu badute, ziurtagirian jasotako dirulaguntzaren ehunekoa eta zenbatekoa adierazi beharko dituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroari dagozkion ekintzak azaltzen dituen memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ezarritako helburuen betetze-maila azalduta. Memoria horretan, lauki batean bilduko dira ikastetxeek udalei egindako proposamenak, udalek hartutako konpromisoak eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen betetze-mailaren jarraipena. Udalerri bakoitzak, halaber, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren jarduna azaltzeko memorian bildutako koordinazio-gakoei buruzko informazioa eman beharko du.

c) Diruz lagundutako proiektuaren fakturak. Ziurtagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

d) Diru-sarreren eta gastuen ziurtagiria. Gastu-justifikazioan, fakturatutako kontzeptuak behar bezala zehaztuta azaldu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta halakoei ez dagozkienak bereizi ahal izateko.

e) Proiektuan sortutako ikasmaterialen eta dibulgaziokoen kopia, formatu digitalean; horrekin batera, zerrenda batean, adieraziko da horietatik zein izan daitezkeen material edo baliabide didaktiko erabilgarriak hezkuntza-komunitatearentzat.

23. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren, natura-ondarearen eta ekonomia zirkularraren lerroetan, honela ordainduko da onartutako dirulaguntza:

a) Ordainketaren lehen aurrerakina, dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20koa, dirulaguntza onartu ostean, 17. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Ordainketaren bigarren aurrerakina, dirulaguntzaren % 30, 2021eko urriaren 31 baino lehen.

c) Hirugarren ordainketa, dirulaguntzaren % 50, 2022ko ekitaldian egingo da, 22.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, honela ordainduko da dirulaguntza: dirulaguntzaren % 40, laguntza onartutakoan; gainerako zatia, berriz, 22.3 artikuluan zehazten den dokumentazio egiaztagarria 2021eko irailaren 15aren aurretik aurkezten denean, eta haren analisia egin eta gero.

24. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta erakunde onuradunak ez badu erabiltzen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza eskatutako eta emandako xede espezifikorako, ez badu egiten dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera, ez badu justifikatzen dirulaguntza jaso zuen xederako baliatu duela, edo, oro har, ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, erakunde horrek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz betiere, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, ez-betetzetzat joko da eskatzaileari egotz dakiokeen kausaren batengatik lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura amaitu ezin izatea, dirulaguntza eman denetik 5 urte igaro badira.

3.– Era berean, onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru kopurua, beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 8. artikuluan adierazitakoarekin bat; horretaz gain, zehapenak eta kalte-ordainak ordainarazi ahal izango zaizkio, sortutako kalteengatik, eta, hala badagokio, zigor-erantzukizuna eskatu ahal izango zaio. Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondorioetarako.

25. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 21a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala