Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2020ko uztailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2987

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen baita Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, 2018ko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez, irismen-dokumentua formulatu zuen, Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoari buruz.

2019ko uztailaren 30ean (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 144. zk.), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak jendaurrean jarri zuen Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia, 2 hilabeteko epean, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, egokitzat jotako alegazioak aurkezteko aukera emateko, hala xedatuta baitago abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan.

Halaber, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen, egokitzat jotako oharrak eta iradokizunak egin zitzaten, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluarekin bat etorriz.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, Plan Bereziaren organo sustatzailea den aldetik, adierazi du ezen, behin jendaurreko informazioaren eta kontsultaren izapideak eginda, zenbait txosten jaso direla; haien emaitza eta edukia administrazio-espedientean jasota geratu da. Alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira, Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2020ko ekainaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak eskaera bat egin zuen, Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea exijitzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legek 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, aipatu legearen I. eranskineko A. apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, baldin eta ebaluatu beharreko plan horiek eta haien aldaketak ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko, ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta plan horrek dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen da, azkenean onartuko den plan berezian sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako hauek guztiak ikusi: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra (Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa), abenduaren 9ko 21/2013 Legea Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa), urriaren 16ko 211/2012 Dekretua (Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena), apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena), urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena), urriaren 1eko 40/2015 Legea (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa) eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz (aurrerantzean, HAPB), jarraian zehazten den moduan:

A) HAPBk Elantxobeko Portuaren Jabari Publikoaren mugen barnean sartzen den eremuaren antolamendu integrala egitea du helburu. Antolamendu horren barnean sartzen dira ur-azala, ainguratze- eta atrakatze-lekuak, kaiak eta ditxoak, bide-sarea, eraikinak eta hiri-zerbitzuak eta azpiegiturak, eta mugen barnean ezarri daitezkeen gainerako guztiak.

HAPBren helburuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira:

– Portuaren barne-komunikazioetarako gaur egungo sistema berrikustea.

– Oinezkoentzako sarbideak eta ibilbideak mantentzea eta zaintzea.

– HAPOn aurreikusten den eraikuntza-erregimena finkatzea komunitate- edo kirol-arloko ekipamenduaren sistema orokor gisa kategorizatutako eraikinentzat, eta erabilera xehatuen erregimena ezartzea.

– Portuko babes-baldintzak, zuzkidurak eta eraginkortasun funtzionala hobetzeko jarduketak.

– Eremuaren barnean sustatutako urbanizazio-jarduketek bete behar dituzten gutxieneko kalitate-baldintzak eta zerbitzu-mailak ezartzea.

– Portuko ingurumen-kalitatea hobetzeko jarduketak sustatzea.

Hori guztia lortzeko, hainbat jarduketa proposatu dira:

– Zonen eta azpizonen zonifikazioa: 7 zona bereizi behar dira (itsasora joateko zona-ur-azala, lehorreko sarbide-zona-ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bidezkotasuna, ekipamendu-erabilerarako eta portu-zerbitzuetarako zona, portuko zerbitzuen eta azpiegituren zona, hiri-azpiegituren zona, egoitza-zona eta espazio libreen zona).

– Iparraldeko kai-muturra 32 m inguru luzatzea, kanpoko olatuen aurrean babes handiagoa izateko. Gaur egungo buia-sistema ordeztea eta itsasontziek porturatu ahal izateko pantalanak instalatzea.

– Barneko dartsenan lurrazala handitzea, bide-sarera bideratutako eremua handitzeko eta zona horretako trafikoa antolatzeko helburuarekin; gainera, zona batzuetan oinezkoentzako erabilera-eremua prestatuko da.

– Udal-kiroldegira bideratutako eraikinaren hirigintza-eraikigarritasuna handitzea.

– Zerbitzu-sareak ezartzea aurreikusten da, erregai-zerbitzuaren aukera barnean dela.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da HAPBren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) HAPB izapidetzean, ez da gehitu jarduketa berririk, ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duenik, eta ez da atzeman HAPBren jarduketarik, birdefinitu edo kendu behar denik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenean, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:

– Egin beharreko urbanizazio-obretan, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Bereziki, honako hauek:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturikoak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: Urbanizazio-proiektuek uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez: jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa bat deskribatzen du, HAPBn bilduriko zehaztapenen aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Programa hori gehiago zehaztu beharko da, aldagarrietarako kontrol-parametroak, zaintza-aldizkakotasuna eta abar identifikatuz. Ildo horretatik, uren eraldatze-mailen segimendua egitea izango da aurreikusitako kontrolaren funtsezko eginkizunetako bat.

F) HAPBren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko jarraibide orokorrak.

Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko maiatzaren 4an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lehendik artifizializatutako lurzoruen erabilera lehenestea; naturgune babestuen kontserbazioa; Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea, eta prebentzioa lehenestea kontserbazioaren aurretik.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da, Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Elantxobeko portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen berri jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala