Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2020ko uztailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2986

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 8koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko uztailaren 8ko bileran hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea COVID-19aren ondoriozko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2020ko uztailaren 8ko bileran hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 8a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
COVID-19AREN ONDORIOZKO ALDI BATERAKO ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEEN ERAGINA JASAN DUTEN LANGILEENTZAKO OHIZ KANPOKO LAGUNTZEN DEIALDIA

COVID-19ak ekarritako osasun-krisiak eta hari aurre egiteko deklaratutako alarma-egoerari lotutako neurriek enpresen jarduera etetea edo murriztea eragin dute, eta ondorio masiboa izan dute soldatako langileen enpleguan, kalte handia jasan baitute, beren kontratuak eten edo lanaldia murriztu zaizkielako aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteak ezarrita, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretu Legearen 22. eta 23. artikuluen babesean.

Beren lan-kontratuak eten edo lanaldia murriztu eta langabezia-prestazioa kobratzen hasi diren pertsonak, enplegua mantenduta ere, baliagarri dituzten errentak nabarmen urritu izana jasaten ari dira aldi honetan, eta egoera hori bereziki nekeza da soldatarik txikienak dituztenentzat.

Egoera horretaz jabetuta, Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko Enplegu Taldeak lehentasunezko iritzi dio kalteberatasun handieneko egoeran dauden pertsonak babesteari, eta beharrekotzat jotzen du ezartzea, normaltasuna berreskuratzeko fase progresibo honetan, enplegua sustatzeko neurriekin batera, soldatarik txikienak dituzten langileen langabezia-prestazioa osatzeko laguntza bat. Helburua da errenta-urritasun hori, nolabait ere, berdintzea eta, ahal den neurrian, pertsona horiei laguntzea, haien beharrak asetzeko moduko bizi-maila duin bati eutsi diezaien. Ondorio horretarako izenpetu du, 2020ko ekainaren 18an, osagarri hori arautzeko oinarriak ezartzen dituen aurreakordio bat.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren borondatea da, enplegu eta gizarte-kohesioaren inguruko gaietan dituzten eskuduntzen eta xedeen egikaritzan, eta dagozkien eginkizunak betez, helburu horri erantzuna ematea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2020ko uztailaren 8an egindako bileran, COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia onartu zuen. Hona hemen ezaugarriak:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretu Legearen 22. eta 23. artikuluen aplikazioan beren kontratuak eten edo lanaldia murriztu zaizkien langileentzat Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dituen laguntzak arautzea; hain zuzen ere, soldatarik txikienak zituzten pertsonak dira laguntza horien xedea, jasotzen duten langabezia-prestazioaren osagarri baten bidez, eskuratzen dituzten errentetan izandako murrizketa nolabait leundu ahal izan dezaten.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, 15.466.500 euro bideratuko dira guztira, 2020ko ordainketa-kredituari dagozkionak.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izango dira besteren kontura lan egiten duten langileak edo lan-sozietateetako edo lan elkartuko kooperatiboetako langile bazkideak; horretarako, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen ondorioz, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretu Legearen 22. eta 23. artikuluetan oinarrituta, haien lan-kontratuak eten edo lanaldia murriztuta egon behar dute, eta kontribuzio-mailako langabezia-prestazioaren titularrak izan behar dira 2020ko uztailaren 1ean, edo egoera horretara igaro behar dute 2020ko uztailaren 1a eta irailaren 30a bitartean; betiere ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi hau EHAAn argitaratu aurretik Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) Kontratua eten edo lanaldia murriztu aurreko garaian, urtean 20.000 euroko edo gutxiagoko kontingentzia arrunteko kotizazio-oinarriari dagokion kotizazioa ordaintzea Gizarte Segurantzan.

2.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoez gainera, pertsona onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

b) Dirulaguntzen arloko diru-itzulketaren bat egiteko betebeharrik bete gabe ez izatea.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana, ez eta horien onuradun izateko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne; azken horiek jasotzen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoan.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuko inongo egoeraren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez badu 1. eta 2. apartatuetan xedatutako eskakizunetako bat, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eranskinean jasotako eskabide-inprimakian dago.

4.– Deialdi honetan araututako laguntzak ezin izango dituzte lortu desgaitasuna duten pertsonek, ez eta gizarte-bazterketaren egoeran egonda, haien langabezia-prestazioa lanean ari diren enplegu-zentro bereziak edo laneratzeko enpresak osatu dien pertsonek ere, horien kasuan, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoeraren ondorioz beren jarduera eten edo murriztu zaien laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezientzako ohiz kanpoko laguntzen onuradun izan baitira dagoeneko; laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdian araututa daude, 2020ko uztailaren 1eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta uztailaren 7ko EHAAn argitaratu zen, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiak 2020ko uztailaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez.

4. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa jarraian adierazitakoa izango da, eta langabezia-prestazioa jasotzen den egunen arabera ordainduko da:

– 150 euro/hilean, pertsona onuradunaren lanaldia, kontratuaren arabera, % 50ekoa edo hortik gorakoa denean.

– 100 euro/hilean, pertsona onuradunaren lanaldia, kontratuaren arabera, % 50etik beherakoa denean.

2.– Diruz lagundutako epealdia lan-kontratua eten edo lanaldia murrizteagatik 2020ko uztailaren 1a eta irailaren 30a bitartean langabezia-prestazioa jaso duen epealdiaren parekoa izango da.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehi langabezia-prestazioa eta, hala bada, langileak izan ditzakeen bestelako soldata-sariak, horiek guztiak batuta, ez daitezke gehiago izan, aparteko soldatei dagozkien zatia barne dela, pertsona horrek kontratua eten edo lanaldia murriztu zen unea iritsi aurretik jasotzen zuen soldata baino. Lehen zuen soldata gainditzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, baldintza hori betetzeko.

4.– Laguntza horiek PFEZari atxikiak dira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Dirulaguntzen eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragarri egongo den formularioan: https://www.lanbide.euskadi.eus.

2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta, aurkezten duen pertsonari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, eta jakinaraziko zaio hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpena esanbidez eman eta jakinarazi beharko du.

3.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko urriaren 16an amaituko da.

6. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskabideak aztertu ondoren, deialdiko 3. artikuluan ezartzen diren baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztiei emango zaizkie dirulaguntzak, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte.

Aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Dirulaguntza emateko ebazpenean, Lanbidek data horretan dituen datuen arabera dagokion dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa adieraziko da, eta zehatz ohartarazten da zenbateko hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik langabezia-prestazioaren zenbatekoari eta benetako iraupenari buruz lortzen diren datuetara egokituko dela ordainketa bakoitzean.

Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken zenbatekoa 4.3 artikuluan araututako baldintza betetzen dela egiaztatu beharko da, 8.c) artikuluan aurreikusitako agirien bidez.

4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hileko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera; eta epe hori amaituta, dirulaguntzaren eskabidea onartutzat joko da, esanbidezko ebazpena eman ez bada.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal da zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

6.– Bestalde, pertsona onuradunei ez zaie laguntzarik esleituko, ez ordainduko ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek esleitutako izaera bereko dirulaguntzen zehapen- edo itzulketa-prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek artean izapidetzen ari badira.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, emandako ebazpenak berariaz eta banan-banan eskatzaileei jakinarazteaz gain, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai deialdi honetako dirulaguntzak esleitu zaizkien pertsonen zerrenda, zenbateko laguntza egokitu zaien zehaztuta, bai esleitutako dirulaguntza aldatu zaien pertsonen zerrenda.

7. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Dirulaguntza hilero ordainduko zaie onuradunei, esleipena eman ondoren, eta aurretik egiaztatuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskabidea egin duen pertsona bakoitzari aldi horretan aitortu zaion langabezia-prestazioaren zenbatekoa eta iraupena.

Ordainketa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak langabezia-prestazioa ordaintzen duen banku-kontu berean egingo da.

8. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

Pertsona onuradunek bete beharko dituzte Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezartzen diren betebeharrak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu hori), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotzen diren betebeharrak ere bai; hain zuzen ere:

a) Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntza edo dirulaguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Dirulaguntza ematean kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan 2021eko urtarrilaren 29a baino lehen, diruz lagundutako aldian jasotako ordainsariei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte politiketako Sailaren eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea, eta eskatzen zaion informazio guztia ematea.

9. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza ematean kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izateak emandako dirulaguntza aldatzea ekar dezake, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak gordeta, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntzekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, beste administrazio batzuek edo bestelako erakunde publiko edo pribatuek kontzeptu berarengatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin.

11. artikulua.– Eskakizunak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso dituzten pertsona onuradunek osorik edo hein batean itzuli beharko dituzte jasotako kopuruak, eta berandutze-interesak ordaindu beharko dituzte, dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera, kasu hauetan: ez badira betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak, hala nola Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu hori); edo eskatzailearen egoera jasoa badago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan; berdin gertatuko da deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein betetzen ez bada. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak emango du dagokion ebazpena, eta horrek ez du ukatzen egoki izan daitekeen bestelako ekintzarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoaren araber. Horrela itzulitako dirulaguntza guztiak diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta jakinarazpena igorriko dio dirulaguntza jaso duen pertsona onuradunari, ez-betetze horiek eragin dituzten gertaerak azalduz, eta hamabost eguneko epea emango dio, egokitzat jotzen dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkez ditzan. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik badago.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta, eskatzaileak halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

4.– Ebazpenak adierazten badu arauren bat ez dela betetzen, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdu dela, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Borondatezko epetzat joko da epe hori.

5.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzuli ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bideari ekiteko izapideak hasiko dira.

12. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Eskuratzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren erantzulea LANBIDE da, eta helburuak dira Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea, iruzurra jazartzea eta estatistika arloko erabilerak. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

13. artikulua.– Aplikatzekoak diren dirulaguntzen arloko arauak.

Dirulaguntzen programa honi aplikatu beharreko araubide juridikoa dirulaguntzen arloko arau hauetan biltzen da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu hori) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra; bertan ezarri ziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.


Azterketa dokumentala