Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2020ko uztailaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2966

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 7koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baitira 2019-2020 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo baliokideak gainditu dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste dirulaguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzen ditu.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2020 epealdirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 euskara ikasleei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Horrela, bada, Ebazpen honen bitartez, HABEren mailak egiaztatu dituzten ikasleentzako dirulaguntzen aitortza egin eta horien baldintzak arautu nahi dira, maila baliokideren bat egiaztatu duten ikasleentzako dirulaguntzen deialdia egitearekin batera, 2020ko ekitaldi honi dagokiona.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, aurrerantzean DLO) eta Lege hori garatzen duen Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak, ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2019-2020 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo baliokideak gainditu dituzten euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egitea, ebazpen honen eranskinetan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren aurrean. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Donostia, 2020ko uztailaren 7a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ebazpen honen xedea da euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei dirulaguntzak emateko baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.

2.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2020. urtean 3.150.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Era honetan banatuko da kopuru hori:

a) 3.000.000 euro, HABEren A1, A2, B1 eta B2 mailak edo baliokideak egiaztatu dituztenentzat.

b) 150.000 euro, HABEren C1 eta C2 mailak edo baliokideak egiaztatu dituztenentzat.

Azpi-atal batetik bestera dirua pasatu ahal izango da, batean soberakinik egonda, bestean eginiko eskariei erantzuteko behar adina diru ez balego. Hala ere, diru-kopuru hori eskari guztien beharrei Ebazpen honen 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera erantzuteko behar bestekoa ez balitz, hainbanatu egingo da zuzkidura ekonomikoa onuradunen artean, azpi-atal bakoitzeko emaitzak errespetatuz.

3.– Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, oinarri honen 2. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da a) azpi-atalari lehentasuna emanez, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste dirulaguntzetarako aurrekontu-sailen izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskarien gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da.

Adierazitako aldaketaren berri HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

2. oinarria.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintza guztiak bete beharko dira, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzen Lege Orokoarraren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:

1) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, deialdi hau argitaratzen den egunaren bezperan.

2) HABEren erregistroan euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatua egotea 2019ko martxoaren 25etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ikasleak norberak ordainduak izatea.

3) HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deituta 2019. urteko laugarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian, edo 2020. urteko ekainaren arteko ebaluazio-aldietan edo 2020ko lehen azterketa-deialdian parte hartu eta dagokion maila gainditzea.

4) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne direlarik, hain zuzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

5) Dirulaguntzak arautzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren 2. atalean aipatutako egoeretan ez egotea. Eta zehazki, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea, baita EAEko Administrazio Orokorrarekiko dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

2.– Halaber, dirulaguntza hauetarako eskubidea izango dute euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek ere, oinarri honetako 1.1, 1.2, 1.4 eta 1.5 puntuetan zehaztutako baldintzak beteta, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuak, HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera) egiaztatu eta Ebazpen honen 3. oinarrian zehaztutakoaren arabera eskaera egiten dutenek.

3.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:

1) Herri Administrazioak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

2) Aurreko ikasturteren batean egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat bakarrik egiaztatu dutenak.

3) Deialdi honetako dirulaguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteak), euskaltegietako matrikulazioaren kudeaketarako aplikazioaren arabera, euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan egindako mailak baino beheragokoa egiaztatu dutenak. Gainera, dirulaguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteak) maila bat baino gehiago egin duten ikasleek egiaztatutako mailei dagozkien dirulaguntzak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.

3. oinarria.– Jarraibidea, agiriak eta eskariak aurkezteko epeak.

1.– Baliabide elektronikoak erabili ahal izango dira, zein aurrez aurrekoak, eskabidea egiteko, kontsultak egiteko edo deialdi honi buruzko edozein izapide egiteko.

a) Bide elektronikoa: Eskariak eta ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan https://euskadi.eus/zerbitzuak/1038703 helbidearen bitartez aurkeztuko dira. Eskabidea bide elektronikoz aurkeztu ondorengo izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

b) Aurrez aurre: eskaria egiteko formularioa (Ebazpen honen II eranskina) eskuragarri izango da Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1038703 helbidean. Ordenagailuan bete, inprimatu eta sinatu ondoren aurrez aurre aurkeztu behar izango da Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, bai eskabideak aurkeztean, bai dokumentazioa aurkeztean, ez du behartzen prozedurako hurrengo izapideetan erabiltzera, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuak ezartzen duen bezala. Dirulaguntza aitortu ondoren, gainerako eginkizunak eta izapideak, jakinarazpenak barne, «Nirekarpeta»-ren bidez egingo dira.

2.– Aipatutako Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren helbidean eskaria egiteko formularioa eskuragarri izango dute eskatzaileek, bertan eskatzen den informazio eta datuak betetzeko, besteak beste:

– Eskatzailearen oinarrizko datuak (identifikazio eta errolda datuak eta bankuko kontu zenbakia).

– Egiaztatutako maila edo mailak.

– Egiaztatze-agiria eman duen erakundea.

– Matrikulengatik ordaindutako diru-kopuruak.

– Erantzukizunpeko adierazpenak.

– Baimenak.

3.– Eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzen organo kudeatzaileari dokumentazioa eskuratzeko, bide presentziala nahiz telematikoa erabiliz. Eskatzaileak uko egin diezaioke Administrazioak egiaztapena zuzenean egiteari, eta kasu honetan interesdunak berak aurkeztu beharko du dokumentazio osoa.

Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa berez egiaztatuko du organo kudeatzaileak eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aplikatuz.

4.– Aurkeztutako dokumentuek, aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztutakoek, baldintza hauek bete behar dituzte:

– Deskargagarriak diren ereduak erabiliko dira, halakorik dagoenean, eredu formatuan.

– Gainerako dokumentazioa, ahal bada, pdf formatuan aurkeztuko da.

– Dokumentazio elektroniko guztien gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

5.– Eskariak aurkezteko epeak.

Kasu guztietan interesdunek 2020ko irailaren 4tik urriaren 9ra bitarteko epea, biak barne, izango dute dirulaguntzaren eskaria burutzeko.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4. oinarria.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Ikasleak aurkeztutako eskarian agiriren bat falta bada, edota okerren bat badago, hala jakinaraziko zaio, hamar eguneko epea emanez okerrak zuzen ditzan, eta horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, aldez aurretik emandako ebazpenaren bidez.

5. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

6. oinarria.– Dirulaguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

1.– Egiaztatu den maila bakoitzeko, ikasleak 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan matrikuletan ordaindutako kopurua eskura dezake, gehienezko muga hauekin:

– HABEren A1 maila: 600 euro.

– HABEren A2 maila: 800 euro.

– HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.

– HABEren B2. maila edo baliokidea: 1.000 euro.

– HABEren C1 maila edo baliokidea: 150 euro.

– HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

2.– Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari. Era berean, maila bat egiaztatu ondorengo dirulaguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

3.– Ebazpen honen 1. oinarrian aurreikusitako kopurua nahikoa ez balitz aurreko puntuan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako beharrei aurre egiteko, onuradunen artean hainbanatuko da dirulaguntza.

7. oinarria.– Ebazpena, jakinarazpena eta dirulaguntzaren ordainketa.

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEko zuzendariak eskabideen gaineko ebazpenak emango ditu, eta interesdunei jakinaraziko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) argitara emanez eta «Nirekarpeta»-ren bidez. Hau guztia, 2020ko abenduaren 20a baino lehen.

Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web orrialdean argitaratuko dira Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitara ematen diren egun berean.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek ez dute bide administratiboa agortzen eta onuradunek horien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 25. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Dirulaguntzen Ebazpena emanda, dirulaguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

8. oinarria.– Bateragarritasuna.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

9. oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.

2.– Eta zehazki, Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

1) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

2) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

3) Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

4) Horretaz gain, 1/1997 Legegintzako Dekretuak, 1997ko azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.

10. oinarria.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzez gain eta berauek ebatzi ondoren, kanpoko beste dirulaguntzak eskuratzeak horren berri HABEri ematea erakarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako dirulaguntzaren aldaketa egitea ere, beti ere deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako gainfinantzaketa ekiditeko besteko proportzioan.

11. oinarria.– Datuen tratamendua.

Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:

– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

HABEko zuzendaria izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, onuradunek bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-4728/eu/

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala