Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2020ko uztailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2920

AGINDUA, 2020ko uztailaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez, batetik, Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietarako mantentzen baita 2020ko uztailaren 8 eta 16ko aginduen bitartez hartutako osasun publikoko neurri berezien indarraldia, bestetik, neurri horien eraginkortasuna Bergara eta Ermuko udalerrietara zabaltzen baita, eta, hirugarrenik, indargabeturik geratzen baitira Ordiziako udalerrirako hartutako neurriak.

Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian xedatutakoa aplikatuz –Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea gainditu eta gero–, Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 8ko Aginduaren bidez, osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartu ziren Ordiziako udalerrian sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko (2020ko uztailaren 9ko EHAA, 134. zk.).

Agindu horren atarikoak honela arrazoitu zuen neurri horiek hartu behar izatea: «(...) egoera epidemiologikoa azkar aldatu da azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko eremu jakin batzuetan. Zehazki, Ordiziako udalerrian gaixotasun-kasu batzuk gertatu dira, ezaugarri jakin batzuk dituztenak, eta, ondorioz, komeni da berriz ere prebentzio- eta kontrol-neurri bereziak abian jartzea, gaixotasunak biztanleengan izan dezakeen kutsagarritasuna murrizteko. Agerraldiak izan dira udalerri horretako aisialdiko zenbait tokitan, eta, gainera, komunitate-transmisioa adieraz dezaketen kasuak azaleratzen ari dira.»

Seigarren ebazpen-zatiak, berriz, honela dio:

«Agindu honek 2020ko uztailaren 9ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, bertan jasotako neurriei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkie agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere zazpi egun naturaleko epean, egoera epidemiologiko eta sanitarioaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Horretarako, aldatu ahal izango dira, edo indargabeturik utzi, osasun-arloan eskumena duen Saileko titularraren aginduz.»

Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 16ko Aginduaren bidez (2020ko uztailaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), Ordiziako udalerrirako mantentzen da 2020ko uztailaren 8ko Aginduaren bitartez hartutako osasun publikoko neurri berezien indarraldia, eta neurri horien eraginkortasuna Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietara zabaltzen da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko beste herri batzuei buruzko azken datu epidemiologikoek (Bergara, Eibar, Ermu, Tolosa eta Zarauzkoak) adierazten dute beharrezkoa dela agindu horretan jasotako prebentzio-neurrien aplikazioari segida eta zabalkundea ematea. Hori dela eta, neurri horiek indarrean jarraituko dute, eta beste herri horietan ere aplikatuko dira. Era berean, Ordiziako datu epidemiologikoen bilakaera positiboa dela-eta komeni da herri horrentzat 2020ko uztailaren 8ko eta 16ko aginduetan ezarritako neurriak indargabeturik uztea.

Neurri honek osatu egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 15eko Aginduan jasotako neurriak (agindu horren bidez, agindu honen eranskina aldatzen da: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero). 2020ko uztailaren 15eko Agindua 2020ko uztailaren 16ko EHAAn argitaratu zen, 136. zenbakian.

Horrenbestez, Ordizia, Bergara, Eibar, Ermu eta Zarauzko udalerrietako egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-arloko agintaritza baliatuz, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian, 2020ko uztailaren 8ko Aginduaren seigarren ebazpen-zatian eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan araututakoaren arabera, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da osasun publikoaren arloan neurri bereziak ezartzea COVID-19tik eratorritako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz Bergara, Eibar, Ermu, Tolosa eta Zarauzko udalerrietan sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoari eusteko.

Bigarrena.– Prebentzio-neurriak.

Indarrean jarraitzen dute Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietan COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko osasun publikoaren arloan hartu diren neurri bereziek (2020ko uztailaren 8 eta 16ko aginduetan ezarriak), eta neurri horien eraginkortasuna Bergara eta Ermuko udalerrietara zabaltzen da. Baina, aitzitik, indargabeturik geratzen dira agindu horietan Ordiziarako ezarritako neurriak, haren egoera epidemiologikoak bilakaera positiboa izan baitu.

Neurri hauek osatu egiten dituzte 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean ezarritako neurriak –2020ko ekainaren 18ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero–. Agindu hura Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 15eko Aginduak aldatu zuen.

Hirugarrena.– Eraginkortasuna.

Agindu honek 2020ko uztailaren 23ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, bertan jasotako neurriei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkie agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere zazpi egun naturaleko epean, egoera epidemiologiko eta sanitarioaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Horretarako, aldatu ahal izango dira, edo indargabeturik utzi, osasun-arloan eskumena duen Saileko titularraren aginduz.

Laugarrena.– Argitaratzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren informazio, izapide eta zerbitzuen orri ofizialean ere (www.euskadi.eus).

Gainera, aginduaren aplikazioan eta ondorioetan inplikatuta dauden agintari guztiei jakinaraziko zaie.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 21a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana