Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2020ko uztailaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2884

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 8koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, 2020ko «Pilotu» Laguntza Programa arautzen duten oinarriak onartu, argitaratu eta horietarako deialdia egiten duena.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomi Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, Laguntza Programa hau diseinatu da, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak sustatzeko.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo artezkarien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2020ko «Pilotu» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraiki, «Pilotu» laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Laugarrena.– Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Bilbao, 2020ko uztailaren 8a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
PILOTU 2020 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Enpresen nazioartekotzea Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadatik hona diseinatutako industria- eta lehiakortasun-plan guztietan jaso da, eta plan horiek Euskadiko industria-jardueraren lehiakortasuna sendotzen lagundu dute. Gaur egungo egoera bereziki aproposa da nazioartekotze aukera berriei ekiteko: Euskadiko ekonomia 2008ko jarduera-mailara itzuli zen 2016an, eta industria sektorea enplegu garbia sortzen hasi zen berriro. Esportazioek ekarpen garrantzitsua egin dute suspertze-prozesu horretan, eta salbazio-taula izan dira enpresa askorentzat, zeintzuek hazkunde eta lehiakortasun-aukera berriak deskubritu baitituzte nazioarteko jardueran.

Hortaz, Euskadiko enpresak erakusten ari dira badutela suspertzeko gaitasuna eta baita ere ekimena. Baina ez bakarrik sektore tradizionaletan, zeren, beste jarduera-eremu batzuetan ere, enpresak irudimentsu agertzen ari baitira arazo zaharrak irtenbide berritzaileekin konpontzeko.

Baina bezero potentzialek, batik bat erakunde publikoek, zailtasunak dituzte arriskatzeko eta irtenbide irudimentsuak aplikatzeko, izan ere, nahiago dute esperientzia pilotuekin proba egitea eta, horrela, gure enpresek proposatutako metodoaren edo sistemaren eraginkortasuna probatzea. Eta erakunde publikoa arrisku hori hartzeko prest badago ere, askotan, fidakaitz agertzen da esperientziaren zenbateko osoa bere gain hartzeko.

Egoera horretan dauden euskal enpresak babesteko asmoz, deialdi honen helburua da laguntza ematea nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak garatu behar dituzten Euskal Autonomi Erkidegoko enpresei. Proiektu horien xedea da lan-modu, metodologia eta, besteak beste, proposamen berritzaileak probatzea eskala mugatuan, eta gero bolumen handiagoko proiektuetan erreplikatzea, lortutako esperientziatik abiatuta. Horretarako, ezinbestekoa da proiektua garatzeko eskumena duen atzerriko erakunde publiko batek konpromisoa hartzea esperientzia horren abiarazte-prozesua partzialki finantzatzeko. Nobedade gisa, onuradun izan daitezke baita ere euren konponbideak nazioarteko merkatu handietan sartzeko laguntza behar duten enpresa handiak.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena egin nahi die Nazio Batuek sustatutako Garapen Jasangarriko Helburuei. NBEk 17 helburu (GIH) onartu zituen pobreziari buru emateko bere forma guztietan, desberdintasunak murrizteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko, beti ere bermatuz inor ez dela atzean geratzen.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere egin du 2030 Agendaren erronka unibertsala, eta erabaki du bere politika publikoak 2030 Agendaren erronken arabera bideratzea. Hori dela eta, hautaketa-irizpide batzuk txertatuko ditu inplikatuta dauden lurraldeei arlo ekonomiko nahiz sozialeko nazioartekotze-estrategia bermatzeko. Horren erakusgarri, 2019ko martxoaren 4an, Munduko Itunak eta Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hiru enpresa-elkarteekin batera, euren arteko lankidetza sendotzea erabaki dute, Euskadiko enpresa-ehunean 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) sustatzeko hitzarmen baten bitartez.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak erronkatzat hartu du enpresa guztiei laguntzea euren nazioartekotze-prozesuan, ikuspegi inklusiboago eta iraunkorrago batetik abiatuta. Horretarako, apustu bikoitza egin du, alde batetik, laguntasuna emango die kanpoko merkatuetan euren lehendabiziko urratsak ematen ari diren enpresei, eta bestetik, aurrera jarraituko du lehendik esportatzaileak diren baina euren irismen globalean jauzi kualitatiboak eman nahi dituzten enpresentzako laguntzarekin.

Pilotu programako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira eta helburutzat dute babesa ematea nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartzen duten euskal enpresei.

Pilotu Programa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren (2019ko abenduaren 17an onartua) barruan kokatzen da.

1. artikulua.– Xedea.

Bat etorriz Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Planean islatuta dauden Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuekin, ebazpen honen xedea da 2020ko ekitaldirako laguntza ez itzulgarrien programa bat arautzea Euskal Autonomi Erkidegoan kokatuta dauden, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartu nahi duten, eta beren nazioartekotze-prozesuan garapen jasangarria sustatu nahi duten ETEentzat, eta laguntza horietarako deialdia egitea.

Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu bat dela eskala minimoko inbertsio bat, zeinaren helburua den aztertzea komeni ote den Inbertsio Publikoko Proiektu (IPP) bat egitea atzerrian, irabazi ukigarriak sortzeko. Horretarako, azterketa batzuk izan behar ditu frogatzeko proiektua sozialki errentagarria eta jasangarria dela eta bat datorrela helmuga-herrialdeko agintariek ezarritako lerro politikoekin. Irizpide horiek izango dira proiektuaren bideragarritasun-adierazpenaren ardatza, ezinbestekoa proiektua gauzatzen hasteko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza hauek egoki aurkeztutako eskaeren hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira.

2.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 200.000 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Dirulaguntzak ordenan esleituko dira, espedientea noiz osatu den kontuan hartuta.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, dirulaguntzak onartzeari amaiera emango zaio, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/sakondu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta betebehar orokorrak.

Oinarri hauetako laguntzen onuradun izan daitezke:

– Euskal Autonomi Erkidegoan kokatuta dauden edo produkzio-instalazioren bat duten enpresak, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen eratutakoak. Deialdira aukeztu daitezke enpresa handiak, mikro-enpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE).

– Indarrean dagoen plan estrategiko bat edo nazioartekotze-plan bat dutenak, eta finantzaketa behar dutenak nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartzeko. Proiektu horien xedea da lan-modu, metodologia eta, besteak beste, proposamen berritzaileak probatzea eskala mugatuan, eta gero bolumen handiagoko proiektuetan erreplikatzea, lortutako esperientziatik abiatuta.

Eskatzaileak onuradun izan daitezke, akordio hitzartu bat badute esperientzia pilotuaren xede den proiektua garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publiko batekin, zeinak aurrekontu bat izan beharko baitu proiektuaren abiarazte-prozesua partzialki finantzatzeko. Orobat posible da akordio bat izatea erakunde publikoa ez den beste erakunde batekin -irabazi asmoduna nahiz irabazi asmorik gabea-, aipatu proiektu hori kudeatu dezan. Nolanahi ere, finantzaketa publikoa duten proiektuak izan behar dute.

5. artikulua.– Laguntzetatik kanpo dauden enpresak.

1.– Ez dira onuradun izango azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretakoren batean dauden pertsonak edo enpresak, berreskuratze-agindu baten menpe daudenak, erabaki bada Europako Batzordeak emandako laguntza bat legez kanpokoa edo merkatu erkidearekin bateraezina dela, eta ezta ere krisi-egoeran dauden enpresak, krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (DO C249, 2014-07-31).

2.– Ez dira onuradun izango administrazio-zehapen edo zehapen penal bat dutenak eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galdua dutenak. Halaber, aipatutakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenak, eta sexu bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debekuren bat dutenak, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken seigarren xedapenean ezarritakoaren arabera.

3.– Ezingo dira onuradun izan 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso duten enpresak, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.

4.– Ezingo dira onuradun izan Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 38/2003 Legearen 13. artikulukoetan dauden enpresak, egoera horietan egotearen ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun, eta bereziki ondoko hauetan:

a) Enpresa ez egotea egunean Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan.

b) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo zehapen-prozedura batean badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

c) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

d) Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

e) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.

5.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagunduko dira laguntza emateko ebazpena eman eta hurrengo hamabi hilabeteetan egin diren ekintzak. Nolanahi ere, diruz lagundu daitezkeen ekintzek 2020ko abenduaren 31 baino lehen hasitakoak izan behar dute.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak eta behar-beharrezkoak direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin daiteke izan merkatuko balioa baino handiagoa, eta, nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuak azpikontratatu egin daitezke, gehienez % 50eko mugaraino.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikientzat zehaztutako zenbatekoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu, lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko behar besteko erakunderik edo salbu eta gastua dirulaguntza jaso aurretik egin bada.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira proiektuaren diseinu eta inplementazioarekin lotutakoak eta zerikusia dutenak emaitzak lortu eta aztertzearekin, emaitza horien bidez jakin baitaiteke proiektua erreplikatzeko modukoa den.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira:

– Proiektuan lan egiten duten langileen kostu zuzenak.

– Zeharkako kostuak: diruz lagundu daitezkeen langile-kostu zuzenen % 15a.

– Proiektuarekin zuzenean lotuta dauden material, hornidura, eta abarren kostuak.

– Proiektua garatzeko soilik erabilitako kanpo-aholkularitzaren kostuak.

– Proiektuaren jarduerarekin lotutako bidaiak.

5.– Ez dira diruz lagunduko erakunde publikoek fakturatutako zerbitzuak, prezio publikoen menpe badaude.

7. artikulua.– Laguntza eskaera.

Gehienez bi eskaera aurkeztu ahal izango dira enpresako.

Eskatzaileek behin bakarrik jaso ahal izango dute laguntza, proiektu edo konponbide berritzaile bakar bat inplementatzeko, kontuan hartu gabe zein deialditan edo herrialdetan aurkeztua edo gauzatua den.

Ezohiko neurri gisa, eta COVID-19aren ondorioak arintzeko, salbuetsita daude Pilotu 2019 Programaren proiektu onuradunak, ezin izan direnak gauzatu COVID-19arekin zuzenean lotutako arrazoiengatik eta dirulaguntzari uko egin diotenak programa honetarako eskaera aurkeztu aurretik. Nolanahi ere, behar bezala justifikatu behar da zergatik ezin izan den gauzatu proiektua enpresaren erantzukizunezko adierazpen baten bidez edo proiektuan inplikatuta dagoen atzerriko organismo publikoaren gutun baten bidez.

8. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.

Diruz lagundu beharreko proiektuaren guztizko zenbatekoa ezin daiteke izan 250.000 eurotik gorakoa, eta proiektu hori garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publikoak proiektu horren kostuaren % 49a jarri beharko du gutxienez. Enpresa onuradunei emandako laguntzek muga hauek izango dituzte: onartutako aurrekontu handienaren % 51raino, eta 50.000 euro gehienez.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek jomuga-herrialdean kontzeptu bererako emandako beste edozein laguntzarekin.

Diruz lagundutako kontzeptua berbera balitz, enpresa onuradunek laguntza horien berri eman behar diote derrigorrez SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

2.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean eta bukatuko da 2020ko urriaren 30ean edo funtsak agortzen direnean, 3. artikuluan adierazitakoari jarraiki.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.

3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak Interneteko www.spri.eus/pilotu helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.

4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.

5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, www.spri.eus/pilotu helbidean.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

11. artikulua.– Eskaeren edukia.

1.– Enpresa eskatzaileek eduki hauek jaso behar dituzte eskaeran:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik berau egoki baloratzeko oinarria.

b) Erakunde eskatzailearen eskriturak edota ordezkaritza-ahalordea.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiriak baldin eta SPRIri agiri horiek eskuratzea baimentzen ez bazaio.

d) Aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak.

e) Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen duen akreditazioa (hala izanez gero), 1. eranskinean azaldutako ziurtagirietan oinarrituta.

f) Enpresa esportazio-partzuergo, salmenta-talde, klusterren dinamizazio-elkarte edo elkarte sektorial bateko kide bada edo lankidetzan eginiko nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen badu, hori hala dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

g) Indarrean dagoen plan estrategikoa edo nazioartekotze-plana, urte bakoitzerako ekintza-plan bat izango duena. Ekintza-plan horrek alderdi hauek barne hartuko ditu: negozio-unitateari buruzko gogoeta, lehiakideen azterketa, negozio-unitatearen balio-eskaintza, lehia-abantailak, sarbideen azterketak, merkatu eta herrialdeen azterketa, nazioartekotze-estrategia, merkatuen segmentazio-azterketa, salmenta-proiekzioak eta planaren koherentzia.

h) Dirulaguntzaren xede den proiektu pilotuari buruzko memoria xehea, proiektua erreplikatzeko aurreikuspena barne hartuko duena.

i) Atzerriko erakunde publiko edo erakunde kudeatzaile batekin proiektu pilotuaren diseinuan parte hartzeko sinatutako akordioa. Akordio horrek bere baitan hartuko ditu alderdi biek proiektua gauzatzeko hartu duten konpromisoa, finantzaketa-hitzarmena, aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza, proiektua erreplikatzeko aurreikuspenak eta proiektua garatzeko egoki irizten diren gainerako alderdi guztiak. Halakorik ezean, posible da erantzukizunezko adierazpen bat aurkeztea, erakusteko badagoela aurre-akordio bat. Horretarako, 2. eranskina bete behar da.

2.– Nolanahi ere, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

3.– Eskaera ez badago osorik beteta edo ez badu atxikita dokumentazio osagarria, enpresari eskatuko zaio zuzendu dezala akatsa edo aurkeztu ditzala dokumentuak 10 egun balioduneko epean. Bestela, ulertuko da atzera egin duela bere eskaeran, eta erabaki horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntzak emango zaizkie onuradun izateko irizpideak betetzen dituztela egiaztatzen duten enpresei, balorazio-irizpide hauen arabera:

a) 1. irizpidea: Plan Estrategikoa, 30 punturaino. Kontuan hartuko da nazioartekotze-estrategiaren kalitatea eta dirulaguntzaren xede den proiektuaren markoa izango den ekintza-planaren kalitatea.

b) 2. irizpidea: aurkeztu den proiektuaren konplexutasuna, 25 punturaino.

Inbertsioa edo metodologia berritzailea izatea eta ingurune geografikora egokitzea, eta baita ere proiektuaren potentzial biderkatzailea edo ematen duen aukera euskal enpresa batek ustiatua izateko:

– Kalifikazio altua: 25 puntu.

– Kalifikazio ertaina: 15 puntu.

c) 3. irizpidea: proiektuaren erreplikagarritasuna, 20 punturaino.

– Atzerriko erakunde publikoak uste du proiektua oso erreplikagarria dela: 20 puntu.

– Atzerriko erakunde publikoak uste du proiektua nahiko erreplikagarria dela: 10 puntu.

d) 4. irizpidea: lankidetza, 10 punturaino.

– Enpresa eskatzailea klusterren dinamizazio-elkarte, esportazio-partzuergo, salmenta-talde edo aliantza bateko kide da: 10 puntu.

– Enpresa eskatzaileak lankidetzan eginiko nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen du: 5 puntu.

e) 5. irizpidea: Erantzukizun soziala eta Jasangarritasuna: 15 punturaino. Garapen Jasangarriko helburuei dagokienez, kontuan hartuko da erantzukizun jasangarriarekiko konpromisoa. Horretarako, aintzat hartuko da arlo hauetako ziurtagiri edota planak edukitzea (jasota daude 1. eranskinean): jasangarritasuna, genero-berdintasuna, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboa.

– Enpresa eskatzaileak 1. blokeko (Erantzukizun Soziala) ziurtagiriren bat badu edota Global Compact ekimeneko nahiz Munduko Ituneko kide bada: 15 puntu.

– Enpresa eskatzaileak 2., 3. eta 4. blokeetako 2 ziurtagiri edo gehiago baditu: 10 puntu.

– Enpresa eskatzaileak 2., 3. eta 4. blokeetako ziurtagiriren bat badu: 5 puntu.

13. artikulua.– Laguntzen esleipena.

1.– Espedienteak guztiz osatu ahala emango dira ebazpenak.

2.– Eskaerak baloratzean kontuan hartuko dira oinarri hauetako irizpideak, eta ondoko portzentaje hauek 8. artikuluko zenbatekoaren gainean kalkulatuko dira:

a) 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioa eskuratzen duten eskaerei laguntzen % 70a esleituko zaie, oinarri hauetan aurreikusitako mugekin.

b) 60 eta 69 puntu bitarteko balorazioa eskuratzen duten eskaerei, laguntzen % 80a esleituko zaie, oinarri hauetan aurreikusitako mugekin.

c) 70 eta 79 puntu bitarteko balorazioa eskuratzen duten eskaerei, laguntzen % 90a esleituko zaie, oinarri hauetan aurreikusitako mugekin.

d) 79 puntutik gorako balorazioa eskuratzen duten eskaerei, laguntzen % 100a esleituko zaie, oinarri hauetan aurreikusitako mugekin.

50 puntura iristen ez diren proiektuak kanporatuta geratuko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eta txosten tekniko gisa aurkeztuko dituzte. Sozietate horrek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du.Txosten teknikoek honako hauek jasoko dituzte: lortutako balorazioaren xehetasunak, onartutako proiektua eta onartutako gastu hautagarriak.

Nolanahi ere, txostena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den kasuetan, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) banakako elkarrizketa bat eska dezake proiektuan inplikatutako erakunde eskatzaileekin.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

3.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txostenetan oinarritutako proposamenak ikusirik, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak zuzeneko esleipen prozeduraren bidez ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

4.– Ebazpen-epea. Ebazteko eta jakinarazpena egiteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ulertuko da onartu egin dela.

5.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariak emango du eskaera onartzeko edo ezezteko ebazpena, eskaleari notifikatuko dena, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioarte Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

6.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 5a emandako laguntza onartu ondoren edo, hala badagokio, hamabost eguneko epean.

– Gainerako % 95aren likidazioa, dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.

2.– Bigarren ordainketa jasotzeko, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuaren diseinua eta garapena egiaztatzen duten justifikazio-agiriak.

3.– Justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu behar dira erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurarekin, proiektua amaitu ostean eta hilabeteko epean egun horretatik zenbatzen hasita. Hauek dira justifikazio-agiriak:

a) Proiektuaren idazketa, diseinu eta garapenaren memoria, bai eta diruz lagundutako proiektuaren izaerarekin bat datozen jarduera guztiena.

b) Obra- edo proiektu-harreraren akta, proiektuan kolaboratu duen atzerriko organismo publikoak egina.

c) Kostu zuzenen justifikazioa: langileen kostu zuzenak justifikatzeko, orduen kostua justifikatu behar da. Horretarako, ondoko hauek aurkeztu behar dira:

c.1.– Urteko lanaldia, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboari jarraiki.

c.2.– Proiektuan lan egin duten pertsonen 10T agiriak, euren nominak eta bankuko agiriak edo transferentzia telematikoak egiteko aginduak.

c.3.– Gizarte Segurantzako aplikazioaren bitartez sortutako Kotizazioen Likidazioen Zerrenda (KLZ) eta ordainketaren banku-agiria.

c.4.– Gizarte Segurantzako aplikazioaren bitartez sortutako Langileen Zerrenda Nominala (LZN).

c.5.– Proiektuan lan egin duten langileen lan-parteak, bakoitzak proiektuari eskaini dizkion orduen xehetasunekin.

d) Zeharkako kostuen justifikazioa: zeharkako kostutzat hartuko da diruz lagundu daitezkeen langile-kostu zuzenen % 15a.

e) Material eta horniduren justifikazioa: gastu hautagarrien fakturak aurkeztu behar dira, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.

f) Bidaia-gastuak: garraio-txartelak edo ostatuaren fakturak aurkeztu behar dira bidaiaren egiaztagiri gisa.

g) Kanpo-aholkularitzaren gastuak: kontzeptu horregatik ordaindutako fakturak aurkeztu behar dira.

4.– Ezingo da dirulaguntza ordaindu erakunde onuradunak ez badauzka egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo zorduna bada dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen baten ondorioz.

5.– Organo kudeatzaileak edozein unetan eska dezake beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarria, enpresa onuradunak aurkeztutako dokumentazioa eta datuak egiazkoak direla ziurtatzeko.

6.– Justifikazioa egiteko ezarritako epea igaro eta administrazio-organo eskudunean aurkeztu ez bada, organo horrek hamabost eguneko epe luzaezinean aurkezteko eskatuko dio onuradunari. Justifikazioa, ezarritako epean aurkezten ez bada, edo zuzentzen ez bada, itzulketa eta legean ezarritako gainerako erantzukizunak eskatuko dira.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzen Lege Orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 14. eta 46. artikuluetan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

2.– Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko.

3.– Onartzea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta bere kolaboratzaile den Basque Trade & Investment-Naziaortekotzeko Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezko eta komenigarri jotzen dituzten egiaztapen eta azterketak egin ditzaketela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

5.– Eman den kontu korrontearen banku-titularitatearen ziurtagiria aurkeztu.

6.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

7.– SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-Nazioarteko Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administraziotatik.

8.– Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

9.– Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

10.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz enpresa onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi atzerapenagatiko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Ez-betetzeen arrazoien artean daude onartutako aurrekontuaren gaineko % 25etik gora beheranzko desbideratzeak, salbu eta, SPRI-Epresen Garapenerako Euskal Agentziaren iritziz, salbuespen hori justifikatuta badago desbideratzeari buruzko txosten tekniko baten bitartez.

3.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

b) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

4.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen Agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesatuari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomi Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko edo itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen (EB) 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraiki.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

Bilbao, 2020ko uztailaren 8a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala