Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2020ko uztailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2849

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 2koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioa, Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabeei eta landunei zuzendutako 2020-2023 prestakuntza-programazioa egiteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak aipatutako Akordio hori sinatu dute, eta behar den publizitatea emateko,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean 2020ko uztailaren 1ean hitzartutako kudeaketa-gomendioa, EAEko langile langabeei eta landunei zuzendutako 2020-2023 prestakuntza-programazioa egiteko (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 2a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, EAEko langile langabeei eta landunei zuzendutako 2020-2023 prestakuntza-programazioa egiteko.

Alde batetik, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu den Beatriz Artolazabal Albenizek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria den aldetik,

Eta bestetik, Hezkuntzako sailburu den Cristina Uriarte Toledok, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezarri dira besteak beste: langabezian eta lanean dauden langileen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Bigarrena.– Helburu hori lortzeko, honako hauek arautzen ditu maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak:

2.1. – Langabeentzako prestakuntza-eskaintzan (23. artikulua):

a) Langile langabeentzako prestakuntza-ekintzen helburu nagusia da pertsona horiek laneratzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta lan egiteko moduan dauden pertsonei euren lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman behar dizkie.

Ildo horretan, profesionaltasun-ziurtagiriak izango dira prestakuntza-eskaintzaren oinarri nagusia. Hala ere, dekretu horrek aukera ematen du, halaber, beharrezkoa den prestakuntza kualifikatzailearen eta zeharkako prestakuntzaren programazioa egiteko, betiere profesionaltasun-ziurtagirien errepertorioan jasota ez badago.

2.2. – Landunentzako prestakuntza-eskaintzan (25. artikulua):

a) Langile landunentzako prestakuntza-eskaintzaren lehentasunezko xedea da honako hauei erantzutea: enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei; produkzio-sisteman dauden aldaketetara egokitzeko beharrizanei, eta langileen lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako aukerei (aukera horien bidez, lanbide ezberdinetarako kualifikazioa izango dute, eta euren enplegagarritasuna hobetuko da).

b) Prestakuntza-eskaintza honek enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak beteko ditu, eta prestakuntza hura osatuko du sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak barne hartuko dituzten prestakuntza-programen bidez. Halaber, moduluka antolatutako prestakuntza-eskaintza jarriko du eskura, egiaztapen partzial metagarria egin ahal izateko, baita lan-esperientziaren bidez lortutako konpetentzien egiaztatze eraginkorra ahalbidetuko duten prozedurak ere.

Hirugarrena.– Martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (Ekonomia Sostengarriari buruzko Legearen osagarriak) bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek prozedura bat ezarri behar dutela, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko; xedapen gehigarri horrek arautzen du, halaber, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten zentro funts publikodunek aukera izan behar dutela aurrekontu-baliabideak eskuratzeko, hain zuzen ere enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek hitzartzen dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.

Laugarrena.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako prestakuntza-sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko.

Bosgarrena.– Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari hauek esleitzen dizkio: «enplegu-politika, baita enplegurako lanbide-heziketa ere, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza arloarekin koordinatuta, hori baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak prestatzearen arduraduna; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, bere erantzukizunetatik»; bestalde, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari esleitzen dio «nekazaritzako eta itsas arrantzako lanbide-gaikuntza sustatzea», eta Hezkuntza Sailari, berriz, «lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak egitea, zeinaren bidez bizialdi osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotuko baitira; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza estua izango du, bere erantzukizunetatik».

Seigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapeneko programak kudeatzea dagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluarekin bat.

Halaber, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa arautzekoan, erakunde autonomo horri esleitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua). Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak ezartzen du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren, enplegurako lanbide-heziketaren eta nekazaritza-arloko arautu gabeko lanbide-heziketaren arloan eskumena duten sailek eta erakundeek egingo dutela lanbide-heziketaren programazioa eta kudeaketa, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio langile langabeentzako eta landunentzako prestakuntza-eskaintzak garatzea.

Zazpigarrena.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, espresuki xedatzen da, 13. artikuluan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lanbide-heziketa emango duela, bai Eusko Jaurlaritzaren zentro propioen bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetzearen bidez. Xede horretarako, zentro propiotzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak.

Xedapen honekin bat etorriz, eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, eta lanbide-heziketaren arloan esleitutako eskumenak eta egitekoak gauzatuz –aurreko apartatuetan azaldutakoak–, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute lanbide-kualifikazioa sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek jarduera-sektoreetan dituzten kualifikazio-beharrei erantzuteko.

Aurreko gomendioari dagokionez, prestakuntza-ekintzen programazioan malgutze-elementu garrantzitsu bat dakarten berrikuntzak sartu dira gomendio honetan, eskaintza langile langabeen eta landunen beharretara egokitzeko. Horretarako, 2020-2023 aldi luze horretan eman beharreko prestakuntza-ekintzak zuzenean planifikatu eta identifikatu ordez, gomendioa eratzen da prestakuntza-zentro bakoitzari aldi horretan eman beharreko prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurrekontu-kreditu bat esleituta. Horrela lortu nahi da ahalik eta ondoen arreta ematea urte hauetan langabezian dauden edo lanean ari direla gaitasun berriak eguneratu eta txertatu behar dituzten pertsonei, dagozkien prestakuntza- eta enplegu-ibilbideen esparruan, gaitasun horiek behar dituzten prestakuntza-premietara egokitzen diren ekintzak sortuz; premia horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta prestakuntza-zentroek garatutako prestakuntza-aholkularitzaren eta orientazio-jardueren bidez hautemango dira. Era berean, enpresek pertsona kualifikatuak eta lan-merkatuak eskatutako gaitasunak dituztenak sartzeko dituzten premiei erantzun ahal izango zaie, digitalizazioaren, garapen jasangarriaren, nazioartekotzearen eta merkatu berrien ondoriozko egungo erronkei aurre egiteko, baita ekoizpen-teknikak etengabe eguneratzeko ere.

Zentro bakoitzak egikaritu beharreko aurrekontu-kreditua esleitzeko, aurreko urteetan zentroek garatutako prestakuntzaren emaitzen, kalitatearen eta eraginaren adierazle batzuk adostu dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak, zentroek, enplegu-politika aktiboekin lotuta, garatutako jarduera osagarriek eta zentroek enplegurako lanbide-heziketaren esparruan duten prestakuntza-konpetentziak zehaztuta.

Horri lotuta, COVID-19aren krisiaren ondorioz sortu den nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboa EAEko biztanle aktibo eta enpresa gehienei eragiten ari zaie, eta eragiten jarraituko du epe labur eta ertainean. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenen barruan, enplegua, enpresak eta jarduera ekonomikoa beren onera ekartzen lagundu nahi du.

Horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak, langile langabeentzako eta landunentzako enplegurako lanbide-heziketaren eskaintza programatu eta kudeatzeko EAEko organo eskuduna den aldetik, eta Hezkuntza Sailak, prestakuntza hori emateko zentroak dituen aldetik, hitzartu dute kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau izenpetzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hona hemen akordio hori arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Akordio honi dagokion kudeaketa-gomendioaren xedea da Hezkuntza Sailak 2020-2023 aldian prestakuntza-ekintzak egitea. Prestakuntza-ekintza horiek akordio honen laugarren klausulan aurreikusitako moduan programatuko dira, langile langabeei eta landunei zuzendutakoak izango dira, eta I. eta II. eranskinetan zerrendatutako mendeko zentro publikoetan egingo dira. Eranskin horietan ezarri dira beren prestakuntza-planak egikaritzeko, zentro bakoitzari esleitutako baliabide ekonomikoak.

2.– 2020ko ekitaldian hasi beharko da gomendio honen helburu den programazioa osatzen duten prestakuntza-planak egiten; horretarako, planak osatzen dituzten prestakuntza-ekintzetariko batek gutxienez orduan hasi eta 2023ko urriaren 16a baino lehenago amaitu beharko du, barnean hartuta lantokiko prestakuntza praktikoen modulua edo lanekoak ez diren praktikak, hala badagokio.

Bigarrena.– Finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak.

Gomendio honen xede den 2020-2023 prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratutako guztizko kreditua hogeita hamar milioi berrehun eta laurogeita zazpi mila eta seiehun (30.287.600) eurokoa da, honela banatuta:

– 21.203.600 euro izango dira lehentasunez langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetarako; horietatik 3.392.576 euro 2020ko ordainketa-kredituari dagozkio, 7.209.224 euro 2021eko konpromiso-kredituari, 7.209.224 euro 2022ko konpromiso-kredituari, eta 3.392.576 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartzen diren espezialitateetako prestakuntza-ekintza egiaztagarriak, langile langabeei zuzenduak, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko EGFren 2014-2020 eta/edo 2021-2027 Programa Operatiboaren edo Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan.

– 9.084.000 euro izango dira lehentasunez langile landunentzako prestakuntza-ekintzetarako; horietatik 1.453.440 euro 2020ko ordainketa-kredituari dagozkio, 3.088.560 euro 2021eko konpromiso-kredituari, 3.088.560 euro 2022ko konpromiso-kredituari, eta 1.453.440 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

Hirugarrena.– Prestakuntza-ekintzen tipologia.

1.– Gomendio honen prestakuntza-eskaintza I. eta II. eranskinetan jasotako lanbide-arloetan garatuko da, langabetuei eta landunei zuzendutako eskaintzako prestakuntza-ekimen bakoitzerako.

2.– Honela sailkatzen dira prestakuntza-ekintza programagarriak:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

b) Prestakuntza egiaztaezina: prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasota dauden eta eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira. Bi motatakoak izan daiteke:

b.1.– Ez-kualifikatzaileak. Funtsezko konpetentziak eta zeharkakoak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko eta/edo enplegagarritasuna hobetzeko. Honako hauek dira:

– Zeharkakoak: horien helburua izango da zeharkako ezagutza-esparruekin lotutako konpetentziak eskuratzea; arlo hauetan, hain zuzen ere: hizkuntzak, osasuna eta lan-arriskuak, ingurumena, kalitatea, ekintzailetza, ofimatika eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak –eten digitala murrizten laguntzeko–, edota enplegu-eskatzaileentzat esanguratsua den beste edozein. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza-ekintza egiaztaezinak izango dira.

– Funtsezko konpetentziak: ekintza egiaztaezinen tipologia honen xedea izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea, titulazio akademikorik edo profesionaltasun-ziurtagirirako prestakuntza-betekizunik ez duten pertsonek aukera izan dezaten profesionaltasun-ziurtagiri bat –edo horren moduluak– probetxuz egiteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: 2. kualifikazio-mailako prestakuntza egiaztagarrira sartzekoak edo 3. kualifikazio-mailako prestakuntza egiaztagarrira sartzekoak.

b.2.– Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horiek honako behar hauei erantzutera eta/edo aurrea hartzera zuzenduta daude: produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak –bereziki sektore berritzaileenak eta/edo enplegu-aurreikuspen onenak dituztenak garatzera bideratutakoak– edo erregulazio espezifikoak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrak (lanbide-txartelak).

3.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak, gainerako espezialitateetan.

4.– Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitu beharko du bertan (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, gomendio honen hamazazpigarren klausulan eta III. eta IV. eranskinetan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

Laugarrena.– Prestakuntzaren programazioa eta prestakuntza-ekintzen errepertorioa.

1.– Gomendio hau egikaritzearen bidez, prestakuntza-ekintzen errepertorio bat izango du eskura Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, langile langabeen eta landunen kualifikazio-beharrei erantzuteko. Prestakuntza-ekintzen errepertorioan sartuko dira ekintza horiek, I. eta II. eranskinetan zerrendatutako Hezkuntza Saileko prestakuntza-zentroek hala eskatuta, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautemandako beharrei erantzuteko, hurrengo apartatuetan deskribatzen den moduan. Prestakuntza-ekintza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren dagokion urteko Prestakuntza Beharren Diagnostikoan jasota egon beharko dute.

2.– Urtero urtarrilean zehar eta 2020. urtean urriaren 16ra arte, baimena duen prestakuntza-zentroak, prestakuntzarako LanF informatika-aplikazioaren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio ekitaldi horretan programatzeko prest dauden prestakuntza-ekintzen zerrenda, behar bezala adieraziz prestakuntzaren espezialitatea, ordu-kopurua, tokia, hasierako eta amaierako data, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko enplegu-bulegoek informazioa izan dezaten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langileek urtean zehar zer prestakuntza-ekintza egiteko aukera duten jakiteko.

Xede horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lurralde Bulegoek egiaztatuko dute prestakuntza-baliabideak esleituta dituzten prestakuntza-zentro guztiek behar den garaian eta moduan aurkeztu dituztela beren proposamenak, eta proposamen bakoitzak urte bati dagozkion prestakuntza-baliabide baimenduen zati proportzionala duela. Proportzionaltasunari buruzko edozein aldaketa behar bezala arrazoitu beharko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 10 egun baliodun baino lehen proposamena egiaztatu eta baimendu ondoren, zentroak bere urteko programazioari ekin diezaioke.

3.– Prestakuntza-ekintzak prestakuntza-espezialitate bakar batean oinarrituta egin daitezke (edozein tipologiatako prestakuntza-ibilbide osotzat hartuta) edo prestakuntza-ibilbide bat oinarri hartuta; azken hori espezialitate bereko prestakuntza-moduluen batukaritzat hartuko da, edo zenbait tipologiatako prestakuntza-espezialitate batzuen batukaritzat.

Zenbait tipologiatako espezialitate osoak dituzten ibilbideek Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartuta egon behar dute aurrez, eta prestakuntza-zentroak Prestakuntza Entitateen Erregistroan akreditatuta edo izena emanda egon behar du, espezialitateari dagokion prestakuntza-ekintza egikaritu aurretik.

4.– Urteko ekintzen zerrenda hori aurkeztu ondoren, prestakuntza-ekintzak aldatu edo eguneratu ahal izango dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntza Beharren Diagnostikoan txertatuta dagoen beste baten bidez, eta, halakorik ez badago, bertan sartzeko eskatu beharko da, bi egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Proposatutako prestakuntza-ekintzak hobeto erantzuten dio errepertorioan sartzea eskatzen duen prestakuntza-zentroak landutako eta sustatutako laneratze-estrategiari, kontuan hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsonei eskaintzen dizkien enplegu-aukerak edo enplegagarritasunaren hobekuntza.

b) Prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beharrei erantzuten die. Behar horiek prestakuntza-kontuaren ustiapenetik eratorritako prestakuntza-aholkularitza eta urteko errepertorioan eskuragarri zegoen eskaintzan erantzun gabeak oinarri hartuta hauteman dira, prestakuntza-zentroak bere gain hartzeko.

5.– Programazioan bateraezintasunak sortzen direnean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proposatutako prestakuntza-ekintzak egikaritzeko, Lanbideren proposamenak lehenetsiko dira prestakuntza-zentroen proposamen aurrean.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza errepertorioan sar dezan, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Prestakuntza-ekintzarekin lotutako prestakuntza-espezialitatea alta emanda egotea Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan.

b) Prestakuntza-ekintza agertzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntza Beharren Diagnostikoan, Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean aldizka argitaratzen dena.

c) Prestakuntza-zentroa, prestakuntza-ekintzaren programazio-proposamenaren aurretik, Prestakuntza Entitateen Erregistroan behar bezala izen emanda edo akreditatuta egotea.

d) Prestakuntza-zentroak prestakuntza baliabideak izatea.

e) Hainbat herri eta lurralde historikotan eman beharreko lanbide-arloetako prestakuntza-espezialitateak egoki banatu behar dira gomendio honetako programazio-aldian zehar, enplegu-eskatzaileen beharretara eta erabilgarritasunera egokitzeko eta lan-merkatua lanekoak ez diren praktikekin ez saturatzeko, Prestakuntza Beharren Diagnostikoan programagarri gisa jasota dauden eman beharreko espezialitateen kopurua handituta.

f) Espezialitate kualifikatzaile baten prestakuntza-ekintza berri bakarra sartu ahal izango da errepertorioan, prestakuntza-zentro berak ematen badu urteko lauhileko berean, espezialitate horretako azken ekintza ikasle-talde osoarekin hasi denean.

Bosgarrena.– Zentroen Prestakuntza Plana eta diru-zuzkidura.

1.– Prestakuntza-zentro berberak eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute akordio honen egikaritze-aldirako, eta osorik hartuta finantzatuko dira.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko zenbatekoa parte-hartzaile bakoitzaren eta prestakuntza-orduaren kostuaren araberakoa da, eta prestakuntza-ekintza lehentasunez langile landunei edo langile langabeei zuzenduta badago, modulu ekonomikoen araberakoa; horien osaera eta kalkulua III. eta IV. eranskinetan daude zehaztuta.

3.– Prestakuntza-zentroren bati gerora zailtasunak sortzen bazaizkio prestakuntza-ekintzaren bat egin ahal izateko eta esleitutako finantzaketaren zati bati uko egin behar badio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hurrengo urtearen hasieran, lurralde bereko prestakuntza-zentroari esleituko dio kitatutako zenbatekoa, baldin eta, dauden beharrizan sektorialen eta zentroaren gauzatze-emaitzen arabera. Horretarako, hasierako aurrekontu-esleipenerako erabilitako prestakuntzaren emaitzen, kalitatearen eta inpaktuaren adierazleen multzoa erabiliko da.

Seigarrena.– Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.

Programazioan parte hartzen duten zentroek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak akreditatuak edo inskribatuak izan beharko dute emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuok Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan sartuko dira, hala badagokio.

Zazpigarrena.– Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean, eta ordaintzeko modua.

1.– Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.

2.– Hezkuntza Sailaren antolaketa ekonomiko-finantzarioaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontuan sartuko du prestakuntza-ekintza bakoitza emateagatik esleitutako zuzkidura.

6 ordainketa egingo dira, aldi hauen arabera:

a) Lehen ordainketa, hots, langabeentzako eta landunentzako prestakuntza-plan bakoitzaren guztizko zenbatekoaren % 16, 2020ko ordainketa-kredituaren kargura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen prestakuntza-ekintzaren hasiera baimendu eta gero.

b) Bigarren ordainketa, hots, prestakuntza-planaren guztizko zenbatekoaren % 14, 2021eko konpromiso-kredituaren kargura, 2021eko maiatzaren 31 baino lehen egingo dena.

c) Hirugarren ordainketa, hots, prestakuntza-planaren guztizko zenbatekoaren % 20, 2021eko konpromiso-kredituaren kargura, 2021eko urriaren 31 baino lehen egingo dena.

d) Laugarren ordainketa (prestakuntza-planaren zenbatekoaren % 20), 2022ko konpromiso-kredituaren kargura, 2022ko maiatzaren 31 baino lehen egingo dena.

e) Bosgarren ordainketa, hots, prestakuntza-planaren zenbatekoaren % 14, 2022ko konpromiso-kredituaren kargura, 2022ko urriaren 31 baino lehen egingo dena.

f) Seigarren ordainketa, hots, prestakuntza-planaren gainerako zenbatekoa, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-ekintza guztiak amaitzen direnean, lanekoak ez diren praktikak barnean direla, lehenengo klausulan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren, hamaseigarren klausulako 1.2.u) apartatuan eta hamazazpigarren klausulan aurreikusitako baldintzetan.

Zortzigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.

1.– Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan honako hauek har dezakete parte:

1.1.– Langabeei zuzendutako ekintzetan: lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Halaber, eta lehentasunik gabe, landunek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, baina inola ere ezingo dute gainditu prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira honako hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta euren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

1.2.– Lehentasunez langile landunei zuzendutako ekintzetan: EAEko lantokietan lan egiten duten langileak, baldin eta dagokion eskabidea aurkezten badute. Ekintza hauetan parte hartu ahal izango dute, halaber, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek mendekotasuna duten pertsonentzako arretarekin lotutako prestakuntza-eskaintzan. Administrazio Publikoetako langileek landunei zuzendutako ekintza guztietako parte-hartzaile guztien ehuneko 10eko gehieneko mugarekin parte hartu ahal izango dute, eta zeharkako ekintzetan soilik.

Ekintza horietan, langabezia-egoeran dauden langileen parte-hartzea gehienez % 30 izango da prestakuntza-ekintza bakoitzeko. Pertsona horiek enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon behar dute, enplegu-zerbitzu publikoren batean. Ehuneko horrek programatutako parte-hartzaile guztiei egiten die erreferentzia; berdin dio zenbat hasi diren prestakuntza-ekintzan.

Langabeak diren erabakitzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan, eta lehentasuna izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenek.

2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek ekintza horietan parte hartzeko baldintzak bete beharko dituzte.

Bederatzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, euren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Enplegu-eskatzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deituak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindutako prestakuntza egiteko lan-esperientzia aitortzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden langile landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskabidea aurkeztu badute, edo eskabidea erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, baita prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, pertsonek profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailei dagokienez.

a) 2. mailarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua edukitzea; 3. mailarako, Batxiler titulua.

b) Egin nahi den prestakuntza-moduluaren edota profesionaltasun-ziurtagiriaren maila bereko profesionaltasun-ziurtagiriren bat edukitzea.

c) 2. mailarako, lanbide-arlo eta -eremu bereko 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria edukitzea, edo 3. mailarako, lanbide-arlo eta -eremu bereko 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria edukitzea.

d) 2. mailarako, maila ertaineko prestakuntza-zikloetara sartzeko eskakizun akademikoa betetzea; 3. mailarako, edo goi-mailako zikloetara sartzekoa betetzea, edo hezkuntzako administrazioek araututako sarrera-probak gaindituta izatea.

e) 25 urtetik edota 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba gaindituta edukitzea.

f) Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza egokia etekina ateraz egiteko behar diren funtsezko gaitasunak izatea, errege-dekretu horren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

Zentroak proba bat aplikatuko du, aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin adostuta, gaitasun horiek neurtzeko aurreko bost baldintzetako bat betetzen ez duten pertsonei.

Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte parte hartu nahi dutenek.

3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa prestakuntza-zentroak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artetik. Horretarako, zentro prestatzaileak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Hala egitea eskatzen duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, zentroaren instalazioetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta. Horren xedea izango da ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzea eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutza-maila erreala zehaztea. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.

4.– Profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, proba egin behar denean, eta etengabeko ikaskuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:

a) Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 6.4 artikuluan ezarritako baldintzetan banandu gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahalko dute. Nolanahi, enplegu eta prestakuntzako bideak erraztu beharrez, eta langabeen nahiz lanean ari direnen garapen profesionala eta pertsonala landu beharrez, moduluren bat egiaztatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek aldez aurretik baimena ematen badute), baldin modulua zeharkakoa bada eta Profesionaltasun Agiriak bere prestakuntza-bidean aurrera egiten badu, arlo berdinekoa delako.

b) Modulutan banatutako profesionaltasun ziurtagiri bat programatzen denean, 6.4 artikuluaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez iragarriko du profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa, ibilbide osoa osatzen duten prestakuntza-ekintzetako edozeinetan parte hartzeko hautagaien poltsa bat sortzeko. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren taldeetan bilduko dira, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Honela egingo da prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen azken hautaketa:

– Profesionaltasun-ziurtagiriko lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztapen partzial metagarririk ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak izango dira, eta lehentasuna emango zaie profesionaltasun-ziurtagiriaren modulu hori soilik falta zaienei. Parte-hartzaileen bi tipologietako batean hautagai nahikorik ez balego, adierazitako ehunekoa aldatu ahalko da, eskatzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.

– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, dena delako ekintzaren aurreko modulua bukatu duten eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek izango dute lehentasuna. Horien ondoren, prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik gelditzen zaien pertsonek izango dute lehentasuna, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Lehentasunen hurrenkeran, hirugarren tokian izango dira gainerako pertsonak, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei lehentasuna emanez.

c) Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.

d) Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Gomendio honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: ELE, ENA, EOC, MAM, IEX, FME, IMA, TMV, AGA, ARG, QUI.

5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, lehentasun-hurrenkera honetan:

a) Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean (langabezian dauden pertsona guztien % 55); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren langabeak; terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak; eta aparteko langabezia-sorospenaren hartzaileak.

b) Bigarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.

c) Hirugarrenik, etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko prestasuna badute.

6.– Lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzetan, landunek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute. Lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzetan, langabeek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute.

7.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuen eskaerak izanez gero.

8.– Hautaketa bukatu ondoren, prestakuntza-zentroek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbidek berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

9.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditu direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

10.– Horrela, langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 parte-hartzailek baino gutxiagok eman badute izena.

Salbuespen bezala eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baimena emanda, parte-hartzaile kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan edo kalitatea bermatzeko parte-hartzaile kopuru txikia beharrezkoa dela egiaztatzen den prestakuntza-ekintzetan; horrela, gutxienez 8 parte-hartzailerekin hasi ahalko dira ekintzak.

Lehentasunez landunei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 8 parte-hartzailek baino gutxiagok eman badute izena.

Hamargarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lagunduko ditu diruz, eta Europako Gizarte Funtsak, hala badagokio.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta enpresako prestakuntza praktikoan edo haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, Eusko Jaurlaritzak sinatutako polizak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.

3.– Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta haiei etekina atera beharko diete. Horretarako, prestakuntza-zentroak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaile guztiek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatu arte, baina salbuespen izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute eta horrek galarazten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Justifikaziorik gabeko beste arrazoi batzuengatik jarduera utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

Hamaikagarrena.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira Ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru hutsegitetik gora hilabetean, langabeen kasuan.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.

c) Ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Ikasleak baztertzeko prozedura hau izango da:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertu ondoren, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behinekoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkez daitekeen.

Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada % 25etik gorako ez-bertaratzea (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), geratzen den modulua egiteko aukera aztertu ahal izango da pertsonak.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez-bertaratzeen % 25 gainditzen badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.

Hamabigarrena.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Prestakuntza-zentroak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ekintzak. Erakunde autonomo honen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), baita gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagozkion jakinarazpenak. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiri batekin lotutako prestakuntza-ekintzak programatzeko aukera egongo da, ziurtagiri osoa edo moduluka banatutakoa lortzeko langabeen ekimenean, eta moduluen edo prestakuntza-unitateen bidezko landunentzako ekimenean, betiere urteko prestakuntza-unitate bat ematen bada gutxienez, modulu osoari dagokion konpetentzia-unitatea akreditatu ahal izateko. Programazio hori Profesionaltasun Ziurtagiriak ezarritako ordenari jarraituz egingo da, batez ere ziurtagiri horrek Unitate giltzak definitzen dituenean.

Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematea onartzen denean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagirian jasotako moduluak bezainbeste prestakuntza-ekintzatan bereizi ahal izango du, baldin eta prestakuntza-ekintzaren eskabidean jasota badago zentroak horretarako baimena eman duela. Honako profesionaltasun-ziurtagiri hauek ezin izango dira bereizi: COMT0112, FMEC0110 eta ELEE0109. Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

– Hori hasten duten pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.

Horiez gain, beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango dira modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, aurretik araututako hautaketa-prozesuaren arabera.

– Prestakuntza-zentroak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, haiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen dutenean.

– Dirulaguntza ordaintzeko, prestakuntza-ekintza bakar gisa hartuko da.

3.– Hasieran onartutako ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

4.– Langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago igaro prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, asteko ordu kopurua ezin izango da 40 baino handiagoa. Muga horien barruan sartuta egongo dira, hala dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak ere.

5.– Prestakuntza-zentroak saiatu beharko dira prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dira.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregularki emango da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak ikusten badira.

6.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, prestakuntza-zentroak jakinarazitako alderdi hauek baliozkotuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, eta horiek baliozkotu gabe ezin izango da hasi:

a) Zentroak, prestakuntza-ekintzaren hasieran, ikasleei emango dien prestakuntza-ekintzaren egutegi modular osoa.

b) «Ebaluazioaren plangintza» dokumentua, LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera.

c) Prestatzaileak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko ditu prestakuntza-ekintza hasi aurretik, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, baldin eta ez badaude bertan alta emanda indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunen arabera.

Prestakuntza-modulu bakoitza gehienez bi irakaslek eman ahal izango dute.

Prestatzaileek hiru eskakizun hauek betetzen dituztela egiaztatu behar dute:

1.– Profesionaltasun-ziurtagiriak eskatzen duen titulu akademikoa.

2.– Eman beharreko prestakuntza-modulua lotuta dagoen gaitasun-unitatearekin erlazionatutako lanbide-esperientzia, soldatapekoen, bekadunen edo boluntarioen kasuan enpresak sinatutako aldien eta denbora-tarteen ziurtagiriaren bidez edo autonomoen kasuan erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

3.– Irakasteko gaitasuna. Bi bide hauetako bat erabiliz egiazta daiteke:

– Honako titulazio hauetakoren bat edukitzea: Pedagogiako, Psikopedagogiako edo Maisu-maistrako lizentzia, Psikologiako edo Pedagogiako gradudunaren unibertsitate-tituluak edo graduondoko unibertsitate-titulu ofizial bat aipatutako eremuetan, Enplegurako Lanbide Heziketako Irakaskuntzako Profesionaltasun Ziurtagiria, Prestatzaile okupazionalaren Profesionaltasun Ziurtagiria, Gaitasun Pedagogikoaren Ziurtagiria edo Espezializazio Didaktikoko lanbide-titulua edo Kualifikazio Ziurtagiria. Derrigorrezkoa eta Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Hizkuntza Eskola Ofizialak, irakaskuntza-ondorioetarako baliokidetzat jotako titulazio bat duten eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonei eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea den prestakuntza-ikastaroa, abenduaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa.

– Azken hamar urteetan gutxienez 600 irakastordu eman izana hezkuntza-sistemaren enplegurako lanbide-heziketaren prestakuntza-ekintzak irakasten, modalitate presentzialean.

Prestakuntza-zentroko arduradunak baldintza horiek betetzen direla egiaztatuko du, horiek egiaztatzeko dokumentazioa zainduko du, eta dagokion adierazpena sinatuko.

d) Tutoreak: horietako batek, gutxienez, profesionaltasun-ziurtagiriko prestakuntza-moduluren batean egiaztatuta egon behar du. Praktiken modulua egiteko zentroko tutorea izango da pertsona hori.

7.– Ikastaroaren hasieran, prestakuntza-zentroek gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– Espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatiko batean,

– Ikastaroa behar bezala garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– Behar diren babes-elementuak.

Zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan dituztela.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, baita kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

8.– Ikasleek prestakuntza-ekintza uzten badute, beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango dira prestakuntzara, haien ordez. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-ekintza hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza bati eransten zaizkion ikasleek maila jakin bat izan beharko dute, ikastaroari etekina ateratzeko moduko adina gaitasun bermatuko diena, ikastaroaren nondik norako arruntari eragin gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.

9.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokienez, batik bat langabeziako prestazioa edo sorospena edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kasuan, parte-hartzaile horien uko egiteak, ez agertzeak eta prestakuntza-ekintzak uzteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari lehenbailehen jakinarazi beharko dizkiote prestakuntza emateko ardura duten zentro onuradunek, egoera horien arrazoiak adierazita.

10.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiria lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Agiri horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.

11.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko. Ikasleek, modulu baten amaierako ebaluazio-probara aurkeztu ahal izateko, frogatu beharko dute ikastaroak izandako ordu guztien ehuneko 75ean gutxienez ikastaroan parte hartu dutela.

Prestakuntza-unitateak landunei zuzendutako ekintzetan ematen direnean, ebaluazioa unitateka egingo da, eta haien prestakuntza-kontuan metatuko da, harik eta prestakuntza-modulua osatzen duten arte eta horri lotutako gaitasun-unitatea egiaztatu ahal izan arte.

Ebaluazioa sistematikoki garatuko da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan burutuko den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta horien aplikazioak emango duen denbora. (LanF aplikazio informatikoan emandako ikaskuntzaren ebaluazioa planifikatzeko ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazio informatikoan gordeko.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien konpetentzietan eta ebaluazio-irizpideen jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpententzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.

Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin. (LanF aplikazio informatikoan emandako banakako ebaluazio-txostenaren ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez egiaztagarria» o «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bidez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.

Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio eta, dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituzten erakundeek honako datu edo dokumentu hauek sartu beharko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

a) Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bidez eskainiko da).

– Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

b) Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epean:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bidez eskuratu ahalko da eredu hori).

– Ebaluazio-aktak betetzea.

Hamahirugarrena.– Lanekoak ez diren lanbide-jardunbideak.

1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez.

2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:

– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak iraupena eta eduki horiek nahikoa ez direla irizten badio, praktika luzatu ahalko du, lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez; hala ere, praktika biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

– Prestakuntza-zentroek prestakuntza praktikoko modulu bat egitea aurreikusi beharko dute, lan-zentroetan eta egindako espezialitatearekin zerikusia duten lanbideetan, ikastaroetan parte hartu duten ikasleen % 100entzat, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5.bis artikuluan jasota dauden salbuespenetako bat betetzen duten ikasleentzat izan ezik.

– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak.

– Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahalko dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien administrazio-egoera edozein dela ere.

– Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa amaitzea ekarriko du.

– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.

3.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-zentroaren arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

4.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik. Hori Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baimendu behar du aldez aurretik.

5.– Ikasleek ezin izango dute inolako kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena eman ezean.

6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta hori lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin beharko da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahalko dira.

Hamalaugarrena.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, zentro prestatzailearekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez haratago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du eta idazki bidez jaso beharko du dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, kide kopurua eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ikastarora gutxienez bi bisita egiten ahaleginduko da:

A) Hasieran. Bisita horretan, zeregin hauek egingo dira:

A.1.– Ikastaroaren eta haren edukien eta garapenaren inguruko datu guztien berri emango die ikasleei, baita beren eskubide eta betebeharren berri ere, eta zalantza eta kontsulta guztiak argituko ditu.

A.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketaren ondoriozko komunikazioa betetzen dela egiaztatuko du.

A.3.– Parte-hartzaileei beren tutoreen berri emango die, ondorio pertsonaletarako eta prestakuntza-ekintzaren kudeaketarako.

A.4.– Prestakuntza-kontuari buruzko informazioa emango die parte hartzen duten ikasleei, Nire Lanbidenet-en bidez nola eskura daitekeen erakutsiko die, eta arlo hauekin lotuta dituen erabilerak azalduko dizkie: curriculuma inprimatzea; egiaztapen-eskabideak; prestakuntzaren eta lan-esperientziaren historia; egingo duten ikastaroaren eremuan lan-merkatua nola dagoen; eta konpetentzia profesionalen arloan informazio- eta orientazio-sistema hori ulertzen eta behar bezala erabiltzen lagunduko dien beste edozein informazio garrantzitsu, horrela, bizialdi osoko ikaskuntzan erabakiak hartu ahal izan ditzaten.

B) Ikastaroaren amaieran: bisitan, zeregin hauek egingo dira.

B.1.– Ikasleei lagunduko die azken gogobetetze-inkesta telematikoki betetzen, zentroak horretarako jartzen duen aretoan, eta jakinaraziko die, jasotako prestakuntzaren eragina neurtzeko, telefonoz egingo zaiela inkesta berriz ere, prestakuntza amaitu eta 6 eta 12 hilabete bitarteko epean.

B.2.– Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.

Zenbait prestakuntza-ekintza lotzearen ondorioz prestakuntza-ibilbide bat osatzen denean, aurreko kasuan bezala bermatuko da ekintzen multzoa ematen ari den bitartean gutxienez bi bisita egingo direla, prestakuntza-ibilbidearen hasieran eta amaieran.

Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak gomendio honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bat baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bi iturritatik jasoko du informazioa:

A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batezbesteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE). Galdetegi horiek ikasleek beteko dituzte, telematikoki. Hala ere, prestakuntza-zentroak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasle adina ordenagailurekin, inkesta telematikoa bete ahal izan dezaten.

B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako prestakuntzaren ebaluazioa» eredu-agiriarekin bat etorrita.

Nolanahi ere, eman diren prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, nahitaezkoa izango da sintesi-adierazle bat egitea, prestakuntza-zentroak emandako prestakuntza-ekintza bakoitzerako. Sintesi-adierazle hori aipatutako bi informazio-iturrietan lortutako emaitzetatik abiatuta aterako da, formula honi jarraikiz:

Sintesi-adierazlea = A x 0,6 + B x 0,4

A = ikasleek erantzundako galdetegietan lortutako batezbesteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituenak, ezarritako moduan.

B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako guztizko puntuazioa, LanF aplikazio informatikoaren bidez eskura jarriko den ereduaren arabera.

Hamaseigarrena. – Alderdiek prestakuntza-planak egikaritzeko betebeharra izango dute.

1.– Gomendio honen xede diren prestakuntza-planak egiteko, baldintza hauek bete behar dira, eta behar hauek izango dituzte alderdiek:

1.1.– Hezkuntza Sailarenak:

a) Bermatzea egiazkoak direla prestakuntza-zentroek emandako datu guztiak.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari baimena ematea, behar duen informazioa egiaztatzeko, horri buruzko kontsultak egiteko edo eskatzeko, zentro bakoitzaren prestakuntza-planaren gaineko datuak egiaztatzearren.

1.2.– Lanbide-heziketako zentroenak:

a) Onartutako prestakuntza-ekintzak gauzatzea, aurreikusitako ordutegi eta datetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF) kudeatzea.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea prestakuntza-jardueren hasiera, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoan.

d) Ziurtatzea prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek betetzen dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Zentro prestatzaileko zuzendaritzak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraikiz. Halaber, LanF programan sartuko da kurtsoa hasi baino lehen. Irakasleak zentroko bertako langileak izango dira edo zentroak berak zuzenean kontratatutako pertsona fisikoak. Ez dago baimenduta azpikontratazioa (30/2015 Legearen 14. artikulua).

e) Lanbide-informazioa eta -orientazioa ematea prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak programa honen arabera emandako prestakuntza-ekintzak finantzatu dituztela adieraztea, ekintzei buruzko komunikazio-, hedatze- edo publizitate-ekintzetan.

g) Ikasleei eta irakasleei jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzak direla.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatzea aukeratutako izangaiek betetzen dituztela kurtsoetako sarbide-eskakizunak.

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei ematea haiek kurtsoen garapenari buruz eskatzen dieten informazio guztia.

j) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio sumatiboa egitea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eginiko jarraibideekin bat etorriz, eta LanF aplikazioaren bidez jakinarazi behar dute bai plangintza bai banakako ebaluazioa.

k) Puntualki jakinaraztea, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, kurtsoetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

l) Kurtsoetan libre geratu diren lekuen berri ematea erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatzea bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko, eta profesionaltasun-ziurtagiriak ateratzen ari diren pertsonei dagokienez, gai direla modulu guztiak amaitzeko.

m) Prestakuntza praktikoko modulua lantokiren batean egiteko aurreikuspenak egitea, kurtsoetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.

n) Akordio edo hitzarmenak egitea, hain zuzen ere kurtsoetan parte hartzen duten ikasleek prestakuntza praktikoko modulua lantokian behar adinako bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.

o) Tutoreak izendatzea lantokian egiteko prestakuntza praktikoko modulurako. Tutoreen ardura izango da enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko dute. Horretarako, ikus eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.

p) Kurtsoetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eramatea.

q) Kurtsoan baja ematea ikasleei, baldin eta lehen jasotako baztertze-egoera hauetako batean badaude.

r) Ikasleei gogoraraztea, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdera-sortak telematikoki bete beharko dituztela.

s) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek, intzidentzia posibleak egiaztatu eta konpontzeko egoki dela iritziz gero, kurtsoetara egingo dituzten bisitaldiak erraztea.

t) «Amaierako ebaluazioaren akta» egitea, LanF aplikazio informatikoaren bidez. Gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik, eta ikasleei emango, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskabidearekin batera, hala badagokio. Ikasleak kurtsoa ebaluazio positiboarekin gainditzen ez badu, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.

u) Egindako jarduketa-gomendioak eta haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen aplikazioa justifikatzea hamazazpigarren artikuluan ezarritako moduan eta dokumentazioaren bidez; horretarako, 15 eguneko epea izango dute prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza amaitzen denetik aurrera.

v) Egiaztatze- eta kontrol-jarduerak igarotzea, zehazki Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarenak, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak; baita Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketarekin loturiko kontrol-instantziak ere (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia). Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

Horren haritik, eta Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsetatik eratorritako eskakizunak betetzen diren egiaztatzeko.

w) Finantzatutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-baldintzak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek dirulaguntzarekin lotutako transakzioak identifikatzea, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.

x) 2028ra arte gordetzea eta zaintzea kurtsoen emaitzen aktak eta jarduera finantzatuari buruzko dokumentazio guztia, gomendio honen ondorioz zentro prestatzaileek hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak bete direla egiaztatzeko aukera izan dadin; aktok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango dizkiote zentroen arduradunek, LanF aplikazio informatikoaren bidez. Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako ekintzen kasuan, aplikatu beharreko araudiak adierazten duena.

1.3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak:

a) Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatzea.

b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen, izena eman duten hautagaien zerrenda oinarri hartuta –zeinetara LanF Prestakuntza Kudeatzeko aplikaziotik sartu ahal izango baita prestakuntza-zentroa–, lehentasun-prozesurako informazio egokia emanez eta prozesu horretan aholkularitza teknikoa emanez.

c) Kurtsoetan gertatzen diren intzidentziak konpontzen laguntzea zentro prestatzaileko arduradunei.

d) Kurtsoetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak ebaztea.

e) Profesionaltasun-ziurtagiriak egitea eta entregatzea.

f) Prestakuntza-ekintzetako diplomen eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratuta iraunaraztea.

Hamazazpigarrena.– Finantzaketa justifikatzea eta likidatzea.

1.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten parte-hartzaileen eta benetan egindako eskola-orduen arabera egingo da prestakuntza-planak egiteko esleitutako baliabideen justifikazioa eta likidazioa, III. eta IV. eranskinetan ezarritako modulu ekonomikoen arabera, lehentasunez langabeei edo lehentasunez landunei zuzendutako ekintzak diren kontuan hartuta.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen zuzkidura ekonomikoaren zenbatekoa.

2.– Hori kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan eta dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

3.– Honela kalkulatuko da likidazioa:

– Lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzetan, honela: A modulua, III. eranskinaren arabera, bider 15 ikasle –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleak 10 badira gutxienez eta 20 gehienez– eta emandako prestakuntza-orduak.

– Lehentasunez landunei zuzendutako ekintzetan, honela: A modulua, IV. eranskinaren arabera, bider 12 ikasle –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleak 8 badira gutxienez eta 25 gehienez– eta emandako prestakuntza-orduak.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B modulua, III. eta IV. eranskinen arabera, eta ekintzak dituen ordu kopurua biderkatzearen emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, baita behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta B modulua eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru erreala biderkatzearen emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, baita behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute.

4.– Prestakuntza-zentroak prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria bat aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, ekintzaren azken ebaluazioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baliozkotu eta 15 eguneko epean, gehienez ere:

Ezarritako epeetan dagozkion dokumentuak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio prestakuntza-zentroari dokumentu horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

Hemezortzigarrena.– Hezibi eta Lehen Aukera programak sustatzea kudeaketa-gomendioaren bidez.

Langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroek gazteentzako ikas-ekinezko edo txandakako prestakuntza sustatuko dute, eta, horretarako, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak –kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak– Hezibi proiektu bihurtuko dituzte. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduak arautzen ditu proiektu horiek, eta prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

Agindu horretan ezarritako baldintzen arabera kudeatuko dira proiektu horiek.

Era berean, prestakuntza-zentroek 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko dute Lehen Aukera programaren bidez.

Hemeretzigarrena.– EBren kofinantzaketa izatetik eratorritako gardentasun-betebeharrak.

Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatuta dagoen eragiketa publikoen zerrendan jasoko dira.

Hogeigarrena.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

Indarraldia dagokion jardueraren iraupenari eta haren justifikazioari egokituko zaio.

Hogeita batgarrena.– Konpetentzia.

Kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituta daude, eta erakunde autonomo horren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barnean hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.

Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
LANGILE LANGABEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO (2020-2023) ESLEITUTAKO BALIABIDE EKONOMIKOAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LEHENTASUNEZ LANGILE LANDUNEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO (2020-2023) ESLEITUTAKO BALIABIDE EKONOMIKOAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
2020-2023 MODULU EKONOMIKOAK, LEHENTASUNEZ LANGILE LANGABEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZETARAKO
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
2020-2023 MODULU EKONOMIKOAK, LEHENTASUNEZ LANGILE LANDUNEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZETARAKO
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala