Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2020ko uztailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2846

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2020ko ekitaldirako deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko bileran harturiko erabakiaren bidez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2020ko ekitaldiko deialdia egitea, eta Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluaren p) apartatuan ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2020ko ekitaldirako deialdia argitaratzea. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onarturikoa da, 2020ko ekainaren 23ko bilkuran hartu baita erabakia, eta ebazpen honen eranskin gisa bilduta dago.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEN ALDETIK GARATZEN DIREN PRESTAKUNTZAKO ESTRATEGIA-EKINTZAK EGITEKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN 2020KO EKITALDIRAKO DEIALDIA

Lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizialdi osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezaguera oinarrian duen gizartera egokitzeko eta langileen gaitasun profesionalari eusteko Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean.

Prestakuntza, langileei beren lan-bizitzan zehar behar duten kualifikazioa emateaz gain, lehentasunezko balio estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan. Hori dela eta, funtsezko tresna da enpleguaren egonkortasunerako eta gizarte-kohesiorako, batez ere une honetan. COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz sortutako nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboak EAEko biztanle aktibo eta enpresa gehienei eragiten die eta eragiten jarraituko du epe labur eta ertainean. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenen barruan, enplegua, enpresak eta jarduera ekonomikoa berreskuratzen lagundu nahi du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema. Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion dirulaguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.

Halaber, EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 9. artikuluan xedatzen denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena duen organoa.

Aipatutako dekretuaren 21. artikuluak enpresek beren langileentzat programatutako prestakuntza arautzen du, enplegurako beste prestakuntza-ekimenen artean, eta, aurreikusten du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak iragarri ahal izango dituela, hobarien sistemaren bidez finantzatutako prestakuntza osatze edo ordezte aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntzak, ekintza horiek enpresa-proiektuari zuzenean lotutakoak direla ulertuta.

Helburu hori dute erabaki honen bidez onartzen den deialdiaren babespean finantzatzen diren prestakuntza-ekintzek. Honela, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei beren langileen eskumenak eta kualifikazioak hobetzeko prestakuntza-ekintzak programatzeko aukera ematen zaie.

Bestalde, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbidearteko Akordioa eta, horren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa sinatzearen ondorioz (horren bidez Eusko Jaurlaritzak bere egiten zuen gizarte-eragileek erabakitako eredua, eta alderdiek onetsitako betekizunak zehazten ziren), Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, honako helburu hauek betetzeko: EAEn lanean ari diren langileen prestakuntza kudeatzea eta zuzentzea, enpresen, langileen eta ikastetxeen artean etengabeko prestakuntzarekiko interesa piztea, eta prestakuntza hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko baldintzak sustatzea.

Enplegurako lanbide-heziketaren arloko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeak eta 4/2015 Errege Lege Dekretuak eta 30/2015 Legeak burututako lanbide-heziketaren erreforma sakonak eragin zuten Hobetuz fundazioa errealitate berrietara egokitu beharra.

2016an, Hobetuz Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio bihurtu zen. Aldaketa hori Hobetuz Fundazioa Lanbiden integratzeko prozesuaren lehen urratsa izan zen, eta prozesu hori bukatu zen, hain zuzen ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioko (Hobetuz) langileak subrogatzeari buruzko uztailaren 30eko 127/2019 Dekretua argitaratzearekin eta Hobetuz Fundazioaren Patronatuak 2019ko azaroaren 27ko bileran hartutako erabakiarekin, zeinak baimendu baitzuen Hobetuz fundazioaren likidazio-prozesuaren hasiera. Gertakari horien ondorioz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartu zituen Hobetuz fundazioak 2020ko urtarrilaren 1etik orain arte egindako kudeaketa-lanak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko bilkuran harturiko erabaki bidez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2020ko ekitaldirako deialdia, honako hauei jarraikiz:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzeko programaturiko prestakuntza-ekintzak (prestakuntzako estrategia-ekintzak) garatzeko laguntza ekonomikoen 2020. urterako deialdia egitea.

Jarduera ekonomikoren bat egiten duen edozein entitate da enpresa, haren izaera juridikoa eta finantzaketa-modua edozein direla ere.

Estrategia-ekintzak dira enpresaren proiektuari zuzenean lotuta egonik premien diagnostiko batean edo antzeko agiri batean –aurkezturiko ekintzen eta horiek hartuko dituzten langileen lehentasunaren adierazgarri den batean– jasangarriak direnak.

2.– Deialdi hau finantzatzeko, 3.200.000 euroko baliabide ekonomikoak erabiliko dira gehienez, eta horietatik 1.600.000 euro 2020ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 600.000 euro, aldiz, 2021eko konpromiso-kredituari dagozkio.

Deialdirako erabiliko diren baliabide ekonomiko guztietatik, 4.4 artikuluan xedatzen den moduan, 640.000 euro erabiliko dira SSCS0108 (pertsonei arreta soziosanitarioa etxean ematea) eta SSCS0208 (mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa etxean ematea) profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintza egiaztagarriak aurrez aurreko modalitatean egiteko, baldin eta autonomia sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko zerbitzuak ematen dituzten enpresek gauzatzen badituzte, betiere. Helburu horrekin erabiltzen ez diren kopuruak deialdi honen babespean emango diren gainerako dirulaguntzen finantzaketari gehituko zaizkio.

3.– Deialdi honetan bilduriko laguntzak ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza berak egiteko laguntzen onuradunek jaso ahalko dute beste edozein dirulaguntza publikorekin.

4.– Dena den, deialdi honetan bilduriko dirulaguntzak etengabeko lanbide-prestakuntzako estatuko egungo ereduaren barruan aurreikusiriko hobariekin osagarriak direla bermatuko da.

– Horri begira, estatuko hobari-sisteman agortu beharko dute enpresek ekitaldirako kreditu erabilgarria, eta bestela, agortu gabeko kredituaren kopurua azken dirulaguntzatik deskontatuko da.

– Gainera, egikaritzeko dirulaguntza eskatzen duten ekintzek estatuko ereduan hobaririk jasotzen ez dutela bermatu beharko dute enpresa eskatzaileek.

Bikoiztasunak eta prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihesteko, deialdi honetan eskatzen dizkieten puntu guztiak egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek.

5.– Lehia-, publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak kontuan izanda emango dira laguntza horiek.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honetako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietarako sustatzen diren prestakuntza-ekintzei aplikatuko zaizkie.

2.– Deialdi honen zehaztapenen araberako enpresak eta enpresa-taldeak izan daitezke laguntzen onuradun, eta haietako langileek parte har dezakete prestakuntza-ekintzetan.

3.– Honako kolektibo hauek ere parte har dezakete prestakuntza-ekimen diruz lagungarrietan:

a) Lan elkartuko kooperatibetako bazkide diren langileak, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) kotizatzen dutenak, elkarte horietako estatutuek hori xedatzen dutenean.

b) Enpresari zuzenean loturiko langileak eta Legearen arabera besteren kontura kontratatu ezin direnak, nahitaez Langile Autonomoen Araubide Berezian (administratzaileak, senitartekoak) kotizatu behar dutenak.

c) Gizarte Segurantzaren Nekazaritza Araubide Berezira (GSNAB) edo itsasoko langileen Araubide Berezira bilduriko langileak.

d) Langile autonomoak.

e) Landun ez direla ere, honako egoera hautakoren batean daudenak:

– Denbora partzialean lan egiten duten langileak (finko aldizkakoak), lanik egiten ez duten aldietan.

– Prestakuntzaldian daudenean langabeziara igarotzen diren langileak.

– Enplegu-etenaldietan enplegu-erregulaziora bilduriko langileak.

Salbuespen gisa, nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen kasuan, eta betiere behar bezalako justifikazioarekin, laguntzaren enpresa onuradunarekin loturiko enpresei dagozkien langileek parte hartu ahalko dute finantzaturiko prestakuntza-ekintzetan. Horri begira, hirugarren herrialdeetan benetan ezartzeko prozesuak nazioartekotze-prozesuak dira.

4.– Finantzaketa jaso ahalko dute, 2020. urteko deialdi honetan, 2020ko urtarrilaren 1etik 2021. urteko ekainaren 30era bitarte garatzen diren prestakuntza-ekintzak. Nolanahi ere, gutxienez prestakuntza-ekintza bat 2020ko ekitaldian hasi beharko da.

5.– Ez da finantzatuko deialdi honen 9.II artikuluan ezarritako irizpideen arabera gutxieneko 30 puntuko balorazioa merezi duela egiaztatzen ez duen aurkezturiko ekimenik.

3. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.

1.– Deialdi honi dagokionez, irakasteko eta ikasteko prozesua da prestakuntza-ekintza, enpresaren prestakuntza-proiektuaren barruan dagoena (Prestakuntza Plana) eta helburu, eduki eta iraupen sistematizatuak dituena, parte-hartzaile guztientzat berberak.

Ez dira finantzatuko prestakuntza-prozesu bat (irakaskuntza-ikaskuntza) garatzea funtsezko osagaitzat ez duten ekintzak, hain zuzen ere, enpresaren ekoizpen-prozesuarekin zuzenean loturiko gaitasun eta kualifikazioak hobetzea xede duen prestakuntza-prozesu bat.

2.– Orokorrean, prestakuntza-ekintzek, hala banakakoek nola taldekakoek, gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzeko. Muga horiek salbuetsi ahal izango dira, betiere horren beharra egiaztatzen baldin bada. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.

3.– Modalitate hauetako batean eman behar dira prestakuntza-ekintzak: aurrez aurrekoa, teleprestakuntza edo mistoa.

A) Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.

B) Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

Teleprestakuntzako modalitatetzat jotzen da prestakuntza-ekintzak eskatzen duen aurrez aurreko partea iraupen osoaren % 20 edo gutxiago denean.

Inola ere ez dira finantzatuko modalitate honetan eman beharreko Profesionaltasun Ziurtagirien Estatuko Katalogoko prestakuntza-ekintzak.

Teleprestakuntza-modalitatean irakasteko baldintzak:

B.1.– Edukiei dagokienez:

a) Teleprestakuntzako eta prestakuntza mistoko modalitatean prestakuntza-ekintza bat egiteak irakaskuntza-ikaskuntza prozesu bat dagoela bermatu behar du, aurrez aurreko modalitateko ekintzek bezala. Teleprestakuntzak parte-hartzaileen, tutore-prestatzaileen eta beste toki batean kokatutako baliabideen arteko elkarreragina eskatzen du.

b) Ez da teleprestakuntza pdf formatuko edo beste formaturen bateko edukiak deskargatzea.

c) Parte-hartzailea edukietatik/ikasgaietatik pasatzen denean erregistratuta geratu behar da.

d) Parte-hartzaileek egingo duten prestakuntza-ekintzaren iraupena erakunde prestatzaileak adieraziko du, helburua lortzeko aproposena izango delakoan.

e) Iraupenaren % 75etik beherako konexioak dituzten parte-hartzaileak ez dira parte-hartzaile bukatutzat hartuko.

f) Behar bezala arrazoituko da ekintzarako proposatutako teleprestakuntzako ordu kopurua.

B.2.– Tutoretza-jarduerei dagokienez:

a) Teleprestakuntzarako, ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoak erabili behar dira, eta, nahitaez, tutorearen laguntzarekin osatuko da.

b) Tutore berak ez du espezialitate desberdinetako prestakuntza-ekintzen tutoretza gauzatu behar. Egoera hori gertatzen bada, haien gaitasunak eta eskura duten laguntza teknikoa zehaztuko dira (adituak).

c) Tutore-prestatzaileak prestakuntza-prozesuan zehar egindako jarduera guztien erregistroa eramango du, parte-hartzaileek egindako kontsulten eta zalantzen argitzea bere funtzioko jarduera espezifikoetatik bereiziz; haien gutxienekoak deialdiaren 4. eta 13. artikuluetan zehazten dira. Tutore-prestatzailearen esku-hartzeak bat etorri behar du tutoreen jardunaren plangintzarekin eta prestakuntza-ekintzaren programazioarekin.

B.3.– Jarraipen- eta ebaluazio-kontrolei dagokienez:

a) Ebaluazio-probak egin ahal izateko, parte-hartzaileak proba horiek sortzen dituzten edukietan sartu behar du aldez aurretik, jarraipenaren eta ebaluazioaren plangintzan ezarritakoa kontuan hartuta.

b) Tutore-prestatzaileak bermatu behar du proba horiek prestakuntza-prozesua garatzeko sekuentzia egokiaren arabera egiten direla.

c) Parte-hartzaile bukatutzat hartzeko, konexio-denboraz gain, prestakuntza-ekintzarako ezarritako aldizkako jarraipen- eta ebaluazio-kontrolen % 75 ere egin behar izan ditu gutxienez.

B.4.– Plataformak sortutako erregistroei dagokienez:

a) Informazioa hobeto tratatzeko, Lanbidek eskatuko du plataformak sortutako eta erregistratutako datuak euskarri informatikoan eman diezaizkioten (kalkulu-orria edo antzekoa): parte-hartzaileen jarduera-datuak (lehen eta azken sarbidearen datak, konexio-orduen kopurua, egun desberdinen kopurua), ebaluazio-proben datu osoak (burutze-data, erabilitako denbora...) eta egindako tutoretzei eta erantzundako kontsultei buruzko datu osoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean erantsitako ereduaren arabera.

b) Plataformak ikasleak eta egiten dituzten jarduera guztiak erregistratu behar ditu. Halaber, txostenak egitea erraztuko du, parte-hartzaileek ikastaro bakoitzeko elementu eta jarduera bakoitzetik egin duten pasaera eta plataforman egin dituzten kliken arteko denbora biltzeko.

Deialdi honi begira, teleprestakuntza izango da Baliabide Etxeetan emandako prestakuntza. Baliabideetako Ikastetxetzat hartuko da banakako ekipamendu didaktikoa duen instalazioa; parte-hartzaileak hara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, han, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.

c) Modalitate mistoa diogunean, prestakuntza-ekintza bera emateko aurrez aurreko modalitatea eta teleprestakuntza konbinatzen duenaz dihardugu.

Prestakuntza mistotzat hartzeko, modalitate bakoitzeko edukiek argi eta garbi bereizita eta zehaztuta egon behar dute, eta prestakuntza-ekintza finantzatzeko batu behar dira aurrez aurreko orduetarako aplikatutako moduluak eta teleprestakuntzako orduetarako aplikatutakoak (tutoretzak zernahi modalitatetakoak direla ere).

Modalitate bakoitzaren berezko baldintzak ere bete beharko dira, dagokion zatian.

4.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira, enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.

5.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzaren kasuan, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzeko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusiriko eskakizunak bete behar dituzte parte-hartzaileek. Era berean, ikastetxeak hautaketa-proba bat egingo du beharrezkoa den prestakuntza-ekintzetan. Horrela, ekintzaren probetxua ziurtatuko da, eta kualifikaziora bideraturiko ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aldez aurreko ezagueren benetako maila finkatuko da, kasuan kasu, lanbide-kualifikazioko 2. eta 3. mailetako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluen prestakuntzara sartzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak barne.

6.– Langile batek gehienez 270 prestakuntza-ordu jaso ditzake, salbu eta ekintza bakarrean parte hartzen badu eta ekintza horren muga salbuespentzat hartu bada, artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

7.– Enpresek beraiek antolatu ahal izango dute beren langileen prestakuntza, eta beraien baliabideak erabili prestakuntza emateko, edo, bestela, baliabide horiek kontratatu ahal izango dituzte.

Enpresa-taldeen kasuan, bakoitzarentzat banaka antolatu ahal izango da prestakuntza, edo haietako batzuk edo guztiak elkartuta. Elkartuz gero, taldeko enpresetako edozeinek antolatu ahal izango du bere taldeko langileen prestakuntza, eta bere baliabideak erabili prestakuntza emateko, edo, bestela, baliabide horiek % 100ean kontratatu ahal izango ditu.

Halaber, prestakuntza kanpoko entitate baten esku utzi ahal izango dute enpresek, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 12. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Kasu horretan, egiaztatutako prestakuntza-entitate batek emango du prestakuntza, eta/edo aipatutako legearen 15. artikuluan aipatzen den administrazio publiko eskudunak gaitutako prestakuntza-entitateen erregistroan inskribatutako batek. Lanbide-jarduera jakin batzuetan jarduteko gaitzen duen prestakuntza emateko beste administrazio batzuek homologatutako entitateak inskribatutzat edo egiaztatutzat emango dira. Prestakuntza antolatzeko jarduera eta emateko jarduera ezin izango dira azpikontratatu. Ez da ulertuko prestakuntzaren antolaketa kanpoko entitate baten esku utzi dela haren eginkizuna dirulaguntza ondo aplikatzeko beharrezkoak diren administrazio-izapideak egitea baino ez bada.

Enpresak prestakuntza-ekintzak egiteko kanpoko agenteak kontratatzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, hornitzailearen aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen araberakoa izan dela bermatzeko, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua ematen duen behar adina erakunde ez badago. Proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Nolanahi ere, 7. apartatu honetan aurreikusi ez den guztian zuzenean aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan xedatutakoa.

8.– Prestakuntza-ekintzek barne-prestakuntza biltzen dutenean, osorik edo zati batean, ikaskuntza-prozesu sistematizatua izateko moduan diseinatu eta egituratu beharko da aldez aurretik prestakuntza hori.

9.– Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-ekintzak, dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean Euskal Autonomia Erkidegoan Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatutako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek eman beharko dituzte, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatutakoek, Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza emateko.

Prestakuntza-ekintza horiek, aurrez aurreko modalitatekoak direnak, zentroetako instalazioetan gauzatuko dira.

4. artikulua.– Dirulaguntzen onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzak 2. artikuluko enpresek eskatu ahalko dituzte, betiere 35 langileko edo langile gehiagoko plantilla bat badute.

Salbuespen gisa plantilla horretara iristen ez diren enpresek aurkezturiko planak subentzionatu ahalko dira. Kasu horietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-plana burutzeko duen gaitasuna aztertuko du, eta arrazoiak azalduta ebatziko.

2.– Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten enpresa-taldeek ere laguntzak eskatu ahalko dituzte. Enpresa-taldetzat joko dira sozietate guztietan haien artean gutxienez lotura hauetako bat dutenak:

a) Enpresa batek beste enpresa baten akzionisten edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du.

b) Enpresa batek beste sozietate baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo errebokatzeko eskubidea du.

c) Enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz.

d) Enpresa bat bestearen akzionista edo bazkidea da eta, berak bakarrik, kontrolatzen ditu haren akzionisten boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akzionista edo bazkide batzuekin izandako akordioaren ondorioz.

Kasu horretan, eskaeraren titularra taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da, baina prestakuntza-planean parte hartzen duten enpresa guztiak izango dira onuradun.

3.– Dena den, enpresa berak ezin izango du laguntza-eskabide bat baino gehiago aurkeztu deialdi honen barruan, 4.4 artikuluan aipatutakoetarako izan ezik. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, lehenengo aurkezten dena bakarrik hartuko da kontuan.

4.– Deialdi honetan, 640.000 euro erabiliko dira SSCS0108 (pertsonei arreta soziosanitarioa etxean ematea) eta SSCS0208 (mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa gizarte-erakundeetan ematea) profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintza egiaztagarriak egiteko, baldin eta autonomia sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko zerbitzuak ematen dituzten enpresek gauzatzen badituzte, betiere.

Prestakuntza-ekimen egiaztagarrietan parte hartu ahal izango dute 2. artikuluan aipatzen diren eta gaitasun-unitateren bat egiaztatzeke duten pertsonek.

Era horretako dirulaguntza bat eskatzea bateragarria izango da deialdi honetan jasotzen diren ohiko dirulaguntzetako bat eskatzearekin.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan behar ditu.

c) Erakunde eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen tratu- nahiz aukera-berdintasunaren printzipioaren araberakoak izatea.

d) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere web-orrian jarriko dituen eredu normalizatuetan beteko dira eskabideak.

2.– Lanbideren edozein lurralde-bulegotan aurkeztuko dira eskabideak:

– Arabako Lurralde Bulegoa, Antilletako pasabidea 14, behea; 01012 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Bulegoa, Kale Nagusia 4, 1. solairua, 48009 Bilbao.

– Gipuzkoako Lurralde Bulegoa, San Martzial kalea 12, 20005 Donostia / San Sebastián.

Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Eskabideak paperean aurkeztuko dira, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan ere: www.lanbide.euskadi.eus. Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

Eskaera aurkezteko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

3.– Aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko irailaren 18ra artekoa izango da.

6. artikulua.– Eskaerak egiteko baldintzak.

Honako hauek jaso beharko dira dirulaguntza-eskabidean:

1.– Eskatzailearen izen soziala, IFK, Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektoreko Hitzarmen Kolektiboa eta batez besteko plantilla deialdi hau argitaratzen den egunaren aurre-aurreko hamabi hilabeteetan. Agiri hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.

2.– Enpresa-taldeko plan batean parte hartzen duten enpresa guztiek parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute (2A eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragarri izango dena).

3.– Aurkeztutako proiektuaren ardura hartzeko enpresak izendatu duen pertsona.

4.– Jarraian azaltzen diren agiriak ere aurkeztuko dira, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu ez badira, edo aldatu egin badira aldez aurretik aurkeztutakoekiko.

a) Planaren titularraren zerga-identifikaziorako txartelaren fotokopia.

b) Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa, kopia konpultsatua edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpultsatzeko kopia.

5.– Halakorik izanez gero, finantza litekeen prestakuntza-planean aurkezturiko ekintzak biltzen dituen prestakuntza-premiak detektatzeko azterlana edo azterketa.

6.– Garatu beharreko prestakuntza-ekintzak deskribatzea, lehentasunak ezarriz, hau da, ekintzak egikaritzeari dagokionez lehentasunen ordena ipiniz, ekintza bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaile kopurua adierazita, deialdi honi erantsitako inprimaki normalizatuetan zehaztutako banantzea barne. Dena den, honako hauek jaso beharko dira:

a) Talde hartzaileak kategoria edo talde profesionalen, lan-egoeraren eta Gizarte Segurantzarako afiliazio-araubidearen arabera.

b) Prestakuntza-ekintzen aurreikusitako kostua.

c) Prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurreikusitako egutegia eta lan-orduen kopurua.

d) Prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusitako prestakuntza-erakundeak, tokia, instalazioak eta baliabideak.

e) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

f) Harremanetarako pertsona eta programaturiko prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta jarraian prestakuntza-programak ebaluatzeko baliagarri izango diren irizpide eta metodologiak.

7.– 2019ko ekitaldian enpresak edo enpresek ordainduriko lanbide-prestakuntzako kuotaren urteko zenbatekoaren ardurapeko aitorpena, EAEn dauden lantokiei dagokienez.

8.– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela dirulaguntzen itzulketengatiko zorrik EAEko Administrazioa eta haren erakunde autonomoekiko burutzapen-aldian.

9.– Erakundeak zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana egiaztatzen duen ardurapeko aitorpena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

10.– Beharrezkoa bada, prestakuntzan legearen edo hitzarmen kolektiboaren arabera dagokion inbertsioa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria, baita justifikazio-dokumentuak ere. Agiri hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.

11.– Lantokien zerrenda, bakoitzari buruz zer ekintzatan parte hartzeko asmoa duten, zer herritan kokatuko den, langileen eta benetako parte-hartzaileen guztizko kopurua eta ordezkaritza sindikalik baduten edo ez zehaztuta.

12.– Konkurtso-deklaraziorik ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe ez jotzea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), epailearen esku-hartzearen menpe ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

13.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak estatuko ereduaren aurreikusitakoekiko osagarriak direnez eta dirulaguntzen/hobarien bikoiztasuna eta laguntzako prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihestearren, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, non adieraziko baitu ezein kasutan ere ez dituela ekintza edo parte-hartzaile berak aurkeztu edo aurkeztuko estatuko sisteman bilduriko hobarien sistema eta jarduera bererako; horrez gain, adierazpen horretan beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko du, eta horien zenbatekoa adierazi. Ondoren gertatzen den edozein aldaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

14.– Langileen legezko ordezkaritzarako informaziorako eta kontsultarako agiria (3A eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragarri izango dena), behar bezala zigilatua eta sinatua.

15.– Nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen loturaren agiri bidezko egiaztapena.

16.– Uneko ekitaldian zehar eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena, enpresa eskatzaileak egina, deialdi honen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

17.– Kanpoko zerbitzuen kontratazioaren kasuan, kontratazio-proposamena, hala badagokio, hiru eskaintza eskatu direla eta aukeraketa egin dela justifikatuz.

Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina prestakuntza-ekintza hasi aurretik.

7. artikulua.– Langileei eman beharreko informazioari eta egin beharreko kontsultari buruzko eskakizunak.

1.– Eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari aurkeztu aurretik, eskatzaileak informazioa emango dio Langileen Legezko Ordezkaritzari, egikaritzeko dirulaguntza lortu nahi den prestakuntza-ekintzei buruz. Horretarako, aurreko artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetako agirien kopia osoa emango du eta eskabidearen 3A eranskina betetzeko eskatuko du.

2.– Langileen Legezko Ordezkaritzak 15 eguneko epea izango du txostena egiteko, agiriak jasotzen diren egunetik aurrera hasita. Txosten hori (3C eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako euskarri informatikoan izango dena eskuragarri) enpresari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helarazi ahalko die Langileen Legezko Ordezkaritzak.

3.– Horretarako, Langileen Legezko Ordezkaritza Planean parte hartzen duten lantoki guzti-guztiei dagokiena izango da. Enpresa-batzordea/ek edo langileen ordezkariek eman behar dituzte 3A eranskinak, dauden guztien % 51 gutxienez.

Lantoki batean edo batzuetan ordezkaritza sindikalik ez dagoela adieraztea ziurtagiritzat joko da xede guztietarako.

4.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Enpresako Langileen Ordezkaritzari igorri beharko zaio prestakuntza-ekintza horietako parte-hartzaileen zerrenda.

Hiru hilean behin, prestakuntza-planaren egikaritzapenari buruzko informazioa emango diete enpresek langileen ordezkariei.

8. artikulua.– Laguntzak zehaztea.

1.– Ondoriozko gehieneko guztizko laguntzak ezin izango du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lanbide-heziketako kuotaren urteko zenbatekoa 1,5 alditan gainditu 250 langile baino gehiagoko enpresentzat, eta 5 alditan 250 langile arteko enpresentzat, enpresa kooperatibek izan ezik, horien langile bazkideek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen badute, eta enpresak dauzkan langileen kopurua 5 langile baino gehiagoko enpresa sortu berrietarako oro har ezarritako langile bakoitzeko batez besteko hobariarekin (65 euro) biderkatzearen ondorio izango da gehieneko guztizko laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko den diru-kopurua.

Laguntza kalkulatzeari begira, Euskal Autonomia Erkidegoko plantilla titularra hartuko da kontuan.

2.– Eskatzaile bakoitzari ematen zaion dirulaguntzak gehieneko laguntzako izaera izango du eta honela zehaztuko da:

a) Ordu kopurua parte-hartzaile kopuruarekin eta dagokion moduluaren zenbatekoarekin biderkatuz.

b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, zeinetan zehaztuko baita gehieneko laguntza finantzagarriaren ehunekoa, tarte hauen arabera:

– 30 puntutik 69 puntura: % 60.

– 70 puntutik 79 puntura: % 70.

– 80 puntutik 89 puntura: % 80.

– 90 puntutik 100 puntura: % 90.

c) Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoak ez badira eman beharreko dirulaguntza guztiak estaltzeko, hainbanaketa bidez banatuko dira, eta horretarako, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoen zenbatekoak funts-mugarik gabe emandako dirulaguntzen zenbatekoaren gainean duen ehunekoa aplikatuko da.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Honako irizpide hauei jarraikiz egingo da planen balorazio teknikoa.

I.– Lehentasun-irizpide orokorrak: 35 puntu, gehienez.

1.– Honako ezaugarri hauetako bat duten prestakuntza-ekintzek lehentasuna izango dute:

a) Prestakuntza-ekintzen jatorriari eta izaerari dagokienez: 10 puntu, gehienez:

– Izaera estrategikoa duten ekintzak, beharren azterketaren batean oinarrituta.

– Lanaldia murrizteko, birmoldaketako edo kontratuak aldi baterako eteteko prozesuen ondoriozko ekintzak.

– Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko helburua duten ekintzak.

– Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzak.

– Metodologiarengatik, edukiarengatik edo beste edozein arrazoirengatik Enplegurako Prestakuntzarako berritzaileak diren ekimenak.

b) Prestakuntzaren hartzaileei dagokienez: 35 puntu, gehienez:

– Enpresa txiki eta ertainetako langileen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzeko helburua izatea. Ildo horretan, lehentasuna izango dute EAEko enpresa txiki eta ertaineko aurkezturiko prestakuntza-planek, arreta berezia emanez enpresa txikiek aurkezturiko prestakuntza-planei.

(Ikus .PDF)

Enpresa-taldeen kasuetan, «enpresa bakarra» delakoaren irizpideari jarraikiz, puntuazioak ez dira espedienteko enpresen plantillekin erdietsitako batez bestekoen arabera ematen, baizik eta plantillak gehitu egiten dira, eta horiei aplikatzen zaizkie puntuazioak.

2.– Deialdi honetan ez da lehentasunezkotzat jotzen izaera generikoa eta zeharkakoa duten prestakuntza-ekintzak finantzatzea, salbu eta justifikatuta eta enpresaren jarduerarekin zuzenean lotuta dauden kasuetan.

3.– Aurkezturiko ekintzen lehentasunezko tratamendua baliatu ahal izateko, eta eskaera-inprimakietan biltzen den informazioa alde batera utzita, eskatzaileak egokitzat jotzen duten agiri osagarri guztiak aurkeztu behar ditu.

4.– Ekintzei lehentasuna emateko kontuan harturiko baldintzak funtsean aldatzen badira ekintza egikaritzen den bitartean, lehentasunezko izaera dela-eta lorturiko finantzaketa gehigarria berrikusi ahalko da.

II.– Kalitate- eta koherentzia-irizpideak: 65 puntu, gehienez.

1.– Aurkezturiko prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia balioesteko, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresaren prestakuntza-estrategia: 55 puntu, gehienez:

– Enpresak premiak aztertu eta detektatzeko azterlana egin izana, proposatutako prestakuntza-ekintzak deskribatzeko. 5 puntu

– Ekintza horiek enpresaren proiektuari atxikitako prestakuntza-plan batean biltzea, zeina hauek eragina izan ahal izango baita: inbertsio estrategiko berriak; enpresa barruko inbertsioak; ekipamendu berriak; sistema berriak ezartzea; merkatu berriak zabaltzea; balioaniztasuna enpleguen, eta abar. 30 puntu.

– Enpresak hausnarketa-prozesua abian jarri izana, prestakuntza-ekintza horien lehentasuna erabakitzeko. 5 puntu

– Lehen aipatutako azterlanean aurkeztutako ekintza bakoitzaren deskribapena eta kokapena: enpresarentzako kostua, hasitako eta/edo amaitutako ekintzak, interes ekonomiko eta sozialeko ekintzak. 15 puntu

– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa. 5 puntu

– Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra: ekintzen iraupena eta parte-hartzaileen kopurua ekintzako. 10 puntu

b) Eskatzaileak proiektuan duen inplikazioa: 10 puntu, gehienez:

– Proiektua gauzatzera bideratutako baliabideak eta langileen inplikazioa ekintzen diseinuan. 5 puntu

– Eraginkortasuna hornitzaileak hautatu eta kudeatzerakoan. 5 puntu

2.– Atal honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskabideek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

III.– Aurreko egikaritzapen- eta betetze-maila:

Balorazio teknikoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduriko 2017ko eta 2018ko deialdietan eskatzaileak egiaztaturiko egikaritze- eta betetze-maila hartuko da kontuan. Gehienez 10 puntuz gehitu edo murriztu ahalko da balorazio teknikoa lorturiko guztizkoaren gain, eta ezingo da inoiz 100 puntutik gorakoa izan.

(Ikus .PDF)

10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.

1.– Aurrez aurreko prestakuntza-ekintzak.

a) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza ekintzetan, balorazio ekonomikoa modulu ekonomiko hauek aplikatuta burutuko da (euro/ordu/parte-hartzaile):

(Ikus .PDF)

Aurrez aurreko modalitatearen kanpo-prestakuntzari buruzko modulu ekonomikoak % 50 arte areagotu ahalko dira prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, baldin eta, haien espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, finantzaketa handiagoa behar bada, betiere.

Aurreko paragrafoan jasotako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren % 5.

b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, modulu ekonomikoa 8 euro orduko eta parte-hartzailekoa izango da.

2.– Teleprestakuntzako ekintzak.

Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, modulua 7,5 eurokoa izango da parte-hartzaile bakoitzeko.

3.– Prestakuntza-ekintza mistoak.

Aurrez aurreko prestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 1. apartatuan deskribaturikoaren arabera lortuko da. Teleprestakuntzako prestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 2. idatz-zatian deskribaturikoaren arabera lortuko da. Ekintzaren guztizko kostua bi kostu partzialen batura izango da.

11. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da prozedura ebazteko organo eskuduna, eta Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendaria, ordea, izapidetzeko organo eskuduna.

2.– Eskabideak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Hamar egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edota aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioa, bestalde, behartuta dago eskabidearen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aztertuko ditu aurkezten diren eskabideak, eta aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza guztiz edo partzialki ukatzeko edo onartzeko proposamenak egingo ditu.

Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko batzorde bat osatuko da, izaera teknikokoa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzako Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduradunak eta Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko hiru teknikarik osatuko dute batzorde hori. Haren osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eta EHAAn argitaratuko da.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.

Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak, parte-hartzaile kopurua, ordu kopurua eta finantzaketa adieraziko dira. Eskatutako laguntza ukatzen bada, horren arrazoia adieraziko da.

Interesdunak 10 eguneko epea izango du, zuzendari nagusiaren ebazpena jakinarazten denetik hasita, emandako dirulaguntza onartzen duela adierazteko eta lehen prestakuntza-ekintza hasi izanaren ziurtagiria bidaltzeko, baldin eta ekintza hori ebazpena jakinarazi baino lehen hasi bada. Epe hori igarotakoan, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Era berean, ebazpena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan argitaratuko da, bai eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere.

5.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean, jar daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera.

6.– Ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez 6 hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta, epe hori amaituta jakinarazpenik jaso ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

7.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

8.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du onuradunen eta emandako diru-zenbatekoen zerrenda.

12. artikulua.– Prestakuntza-plana gauzatzea.

1.– Zer prestakuntza-plan egikaritzeko eskatu den dirulaguntza, bada plan horiek egikaritzera bideratuko da emandako dirulaguntza.

2.– Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Ekintza edo talde bakoitza hasi baino bi egun lehenago ekintza emateko tokiaren, ekintzaren ardura hartu duen erakundearen, eta taldea edo ekintza gauzatzeko egunaren eta ordutegiaren inguruko datuak jakinarazi beharko ditu.

Bigarren prestakuntza-eguneko gehieneko epearekin, parte-hartzaileei buruzko datuak jakinarazi beharko dizkio titularrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

Ikastaldia amaitu eta gehienez ere 30 eguneko epean, titularrak jakinarazi beharko du zein diren amaitu duten parte-hartzaileak, eta ikastaldiari buruzko informazioa itxi beharko du.

Betebehar horiek betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aplikazio bat jarriko du titularren esku, bere webgunean. Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik hasi eta 30 egun igaro ondoren, eta horixe izango da prestakuntza-plana egikaritu dela justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra.

Jakinarazpen-betebehar horiek ez badira betetzen, prestakuntza-ekintza egin gabetzat hartuko da, plana egikaritu izana justifikatzearen ondorioetarako.

4.– Titularrek aurrez aurreko ekintzetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintzen kasuan, berriz, titularrak prestatu beharko du parte-hartzaile bakoitzaren gainean egindako jarraipen-kontrolei buruzko dokumentazioa.

Titularrak bermatu beharko du parte-hartzaileak prestakuntza-ekintzetara egunero bertaratu direla egiaztatzeko agirien zaintza.

5.– Egiaztapen-diploma bat eman beharko zaio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren araberakoa, eta, hor, hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia. Halaber, prestakuntza aldeko ebaluaziorik gabe amaitu duen parte-hartzaileei, kurtsoan bertaratze-ziurtagiri bat emango zaie.

Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzetan, eta prestakuntza-ekintza gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtagiria, eska daitekeena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera emango da.

Prestakuntzaren erakunde arduradunak bertaratze-ziurtagiria edo, hala dagokionean, diploma, eman edo bidali beharko die parte-hartzaileei, edo prestakuntza-plataformetan eskuragarri jarri, gauzatutako prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez bi hileko epean.

Titularrak diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.

6.– Artikulu honen 3. zenbakian adierazten den moduan, ekimen honen bitartez programatzen diren prestakuntza-ekintzen hasieraren eta amaieraren berri eman beharko du enpresak, eta prestakuntza ekintzak eta haien jarraipena, kontrola eta ebaluazioa modu egokian garatzen direla ziurtatu beharko du, baita ematen den prestakuntza enpresaren eta langileen beharrizanei ondo egokitzen zaiela ere.

Kalitatea ebaluatzeko galdetegiak banatu beharko du titularrak prestakuntza-ekintzak amaitzen dituzten parte-hartzaile guztien artean, eta, ondotik, jasotako galdetegiak bildu eta zainduko ditu.

Nolanahi ere, onuradunak bere gain hartuko du zuzenean laguntzak behar bezala aplikatzea, eta jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunen behar bezalako garapena ziurtatu beharko du.

7.– Emate-ebazpena jaso eta gero, eta behar besteko aurrerapenez, finantzatutako planean aldaketak sartzea eskatu ahal izango du laguntzaren onuradunak, baldin eta aldaketok ez badute murrizten balorazio teknikoa, hasierako eskabidean aintzat hartu izan balira lortuko zirenekiko. Aldaketa-eskaera hori idatziz egingo da, eta behar bezala arrazoitu beharko da. Aldaketa adierazgarrienak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak onartu beharko ditu.

13. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 50ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen prestakuntza-ekintza hasi izanaren ziurtagiria jasotzen duen unean, zeina hasi eta 5 egun balioduneko epean aurkeztu beharko baita.

b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren gainerakoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren justifikazio-memoria aurkeztu eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.

14. artikulua.– Kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak.

Honako hauek hartzen dira zuzeneko kostutzat, prestakuntza-ekintza bakoitzeko bananduta:

a) Enpresatik kanpoko zerbitzuak kontratatzeari dagozkion kostuak.

b) Prestatzaileen edo barne-prestatzaileen kostua.

c) Material suntsigarriaren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne.

«Teleprestakuntzaren» kasuan prestatzaileen eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotz dakiekeen kostuak dira finantzagarriak, ekintzaren guztizko kostuaren ehuneko 10eko gehienekoraino.

d) Material didaktikoen kostua.

e) Prestakuntza-fasean dauden langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

f) Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi beharreko proportzioan, eta instalazio eta ekipamenduen alokairuak, prestakuntza-ekintzen garapenari egotzi beharrekoak.

Halaber, zeharkako kostuak ezin izango dira egindako eta justifikatutako prestakuntza-jardueraren kostu osoaren % 10 baino handiagoak izan.

Bestalde, enpresek programatutako prestakuntzaren antolaketaren kostuak finantzatu ahal izango dira, baldin eta kanpoko entitate baten esku uzten badute antolaketa hori. Kostu horiek ezingo dute gainditu prestakuntza-jardueraren kostuen % 10.

Kostu hori behin bakarrik egotziko zaizkio finantzatutako proiektu orokorrari.

Industria-inbertsio ezohiko edota estrategikoetatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan, eta betiere langileen kualifikazioa badakarte teknologietan edo produkzio-prozesu berritzaileetan, EAEtik kanpora egin behar badira Euskadik arlo horretan duen prestakuntza-eskaintzaren frogaturiko gabeziaren ondorioz, langile horiek bidaiak edota egonaldiak sorturiko zeharkako kostuak ere kontuan hartu ahalko dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta likidazioa.

Onuradunek justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak egikaritzean sortutako kostuak. Horretarako, deialdi honetan jasotako kostu finantzagarriak eta egozte-irizpideak hartuko dira aintzat. Fakturen edo zuzenbidean baliozkoak diren froga-dokumentuen bidez justifikatuko dira kostuak. Agiri horiek nahikoa xehetasunez banandu beharko dituzte azalpenak, funtsak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko eta prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarri guztiak identifikatzeko.

2.– Laguntzen likidazioa modu proportzionalean egingo da, amaitu dituzten parte-hartzaileen kopurua eta egindako ikastorduen kopurua aintzat hartuta, prestakuntza-ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera.

Prestakuntza gauzatu ondoren, dirulaguntza zehaztu ahal izateko, aurrez aurreko ekintzetan pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 75ean bertaratu bada. Halaber, teleprestakuntzako modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetan, pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin baditu eta teleprestakuntzari buruzko gainerako betekizunak bete baditu, deialdi honen 3.3.B artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Azken likidazioa egiteko, onuradunak euskarri elektronikoan honako hauek bete beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrietan eskuragarri dauden eredu normalizatuetan, 2021eko irailaren 15erako beranduenez:

a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu (egikaritu) izanaren ziurtagiria, eta bere garaian, hasiko zela jakinarazitako ekintzari buruzkoa.

b) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituzten agiriak.

c) Deialdi honetan aurkeztu gabeko ekintzak direla-eta estatuko sisteman egindako hobarien ardurapeko aitorpena, EAEko lantokietara atxikitako langileei dagozkien ekintzak betiere.

Prestakuntza Planaren likidazioa egitean, eta subentzionaturiko proiektuari eslei dakiokeen behin betiko zenbatekoa kalkulatze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontuan hartuko du EAEko langileei dagokien 2020. urteko estatuko ereduan enpresa bakoitzerako ezarritako hobari gisa emateko gehieneko kopurua, eta enpresari etengabeko prestakuntzako azalpenagatik 2020ko ekitaldi honetan eta langile horientzat hobari gisa benetan eman zaion diru-kopurua, eta plan bakoitzari dagokion azken dirulaguntzatik deskontatuko da estatuko sisteman kontsumitu gabeko kreditu-kopurua.

d) Hornitzaileen aukeraketak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideei erantzun diela egiaztatzen duten agiriak, baita gutxienez hiru eskaintza eskatzeko betebeharra bete izana egiaztatzen duena ere, kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.

4.– Era berean, profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean egiten dituzten erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eman beharko diote emandako prestakuntzaren ebaluazioari buruzko dokumentazio guztia (ikasleek lortutako emaitzak, ebaluazio-txostenak eta -aktak eta abar biltzen dituen dokumentazioa), profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen araudian eskatutakoa, prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta, nolanahi ere, 3. apartatuan aurreikusitako epea amaitu baino lehen.

5.– Aurkeztutako gauzatze-ziurtagirietan behar bezala betetako informazioa duten eta deialdi honen 12.3 artikuluan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan dauden parte-hartzaileak bakarrik hartuko dira kontuan.

6.– Aurkeztutako agiriak aztertu ondoren emango da dirulaguntzaren azken likidazioko ebazpena.

Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da, deialdi honetako 18. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

7.– Emandako laguntzaren ondorioetarako egin diren ordainketen ordainagiri originalak aurkeztu beharko ditu onuradunak, edo, horiek ezean, fotokopia konpultsatuak aurkeztuko ditu behin betiko likidazioa jakinarazi eta hurrengo 20 egunetan.

8.– Dirulaguntzaren onuradunek 4 urteko epean gorde beharko dituzte, dirulaguntzaren amaierako likidaziotik hasita, bai dirulaguntzaren oinarri den jarduera gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak, bai eta jasotako funtsen erabilerari buruzko ziurtagiriak ere.

Dirulaguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, aipatu agirien kopia bidali beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura, desagertu baino lehen.

16. artikulua.– Laguntza-eskubidea eskuratzeko eta eskubide horri eusteko betekizunak.

Laguntza-eskubidea erdietsi eta gordetzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte onuradunek, baita hauek ere:

– Hala eskatuta, aurreko deialdietan jasotako kopurua itzuli izana.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio enpresa eskatzailea edo enpresa parte-hartzaileak legez, hitzarmenez edo beste edozein xedapenez behartuta ote dauden diru-baliabideak eskaintzera prestakuntza egiteko. Kasu horretan, laguntzak ez du esan nahiko horretarako eskainiko diren diru-baliabideak murriztu behar direnik.

– Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horregatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean egiaztatzea jarduera egin dela eta laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten eskakizunak eta baldintzak bete direla. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak, prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datu eta agiriak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrela behar bezala egiaztatu ahal izango da ekintza egin dela, emandako finantzaketa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela.

– Argitalpenetan edo onarturiko ekimenaren bestelako komunikabide eta hedabideetan prestakuntzako ekintza estrategikoei laguntzeko 2020ko deialdian eginiko ekintzak direla jasotzea, betiere horietan Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren logotipoak barne hartuta.

– Hamazazpigarren oinarrian ezarritako kontrol eta jarraipenerako jardunak onartzea.

– Haren kontabilitatearen kontu bereizian edo berariazko epigrafean prestakuntza-ekintzak egikaritzeko gastu guztiak identifikatzea, baita «enplegurako lanbide-heziketa» izena edo epigrafearekin aplikatzen diren hobariak ere.

– Enpresak eraldatzen, bat egiten edo zatitzen direnean, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Laguntzen onuradunek onartuko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako erakunde eskudunek gauzatzen dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardunak. Horretarako, baimena emango dute, batetik, lokaletan eta instalazioetan sartzeko, eta bestetik, parte-hartzaileekin, Langileen Lege Ordezkaritzako kideekin eta elkarrizketatzea beharrezko ikusten den gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko.

2.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Ekimen finantzatuak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaizkion agiriak betetzea eta igortzea ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko. Errekerimendu horiek estatuko ereduaren barruan hobaria jaso duten ekintzei buruzkoak ere izan daitezke.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

3.– Auditorien eta Ikuskaritzen Urteko Plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan egikaritu diren aztertzeko. Plan horren barnen sartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera aukeratzen dituen espedienteak. Ikuskatze Planean bilduko dira, halaber, behar bezala identifikatutako pertsonek egindako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak.

18. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Jasotako laguntza guztia edo haren zati bat itzuliko da, eta laguntza ordaintzen den unetikako berandutze-interesak ordainduko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53. artikuluan adierazitako kasuetan, eta bereziki kasu hauetan:

– Betetzen ez direnean laguntzaren helburua edo laguntza emateko jarritako baldintzak.

– Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

– Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

– Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

– Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

– Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko idazkari nagusiak hasiera emango dio itzultzeko prozedurari, eta laguntzaren onuradunari jakinaraziko zaio, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emanez. Horrekin batera, jakinaraziko zaio hamabost eguneko epea duela alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren Berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Alegazioak aurkezteko epean alegaziorik aurkeztu ez bada edo alegazioak ezetsi badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharreko zenbatekoak itzultzeko betebeharra adieraziko du. Ebazpen horretan adieraziko da horretarako epea. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

4.– Borondatezko epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-zenbatekoak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 Erregelamendua, EB) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita: Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/.

20. artikulua.– Lehiari buruzko EBko araudia.

1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduarekin (DOUE L352, 2013-12-24). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

21. artikulua.– Dirulaguntzen arloko arau aplikagarriak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).


Azterketa dokumentala