Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2020ko uztailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2844

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 15ekoa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza-Batzordearen Akordioa, honako lege honen arlokoa: 10/2019 Legea, ekainaren 27koa, Establezimendu komertzial handien lurralde-antolamenduari buruzkoa.

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusten den akordioa egin ondoren, eta artikulu horren c) letran ezarritakoarekin bat, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza-Batzordearen Akordioa, Establezimendu komertzial handien lurralde-antolamenduari buruzko ekainaren 27ko 10/2019 Legearen gainekoa (ikus eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 15a.

Araubide Juridikoaren sailburuordea,

SABINO TORRE DÍEZ.

ERANSKINA
ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK OSATUTAKO ALDEBIKO LANKIDETZA-BATZORDEA

AKORDIOA, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza-Batzordearena, honako lege honen arlokoa: 10/2019 Legea, ekainaren 27koa, Establezimendu komertzial handien lurralde-antolamenduari buruzkoa.

Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza-Batzordeak honako Akordio hau hitzartu du:

1.– Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza-Batzordearen 2019ko irailaren 16ko Akordioa betetzeko xedez sortutako lantaldeak aurretik egindako negoziazioekin bat, Establezimendu komertzial handien lurralde-antolamenduari buruzko ekainaren 27ko 10/2019 Legearen 1, 2, 3, 6, 7 eta 8. artikuluetan eta xedapen gehigarri bakarrean xedatutakoaren inguruan azaldu diren eskumen-desadostasunak aztertzeko eta konponbide-proposamenak egiteko helburua izanik, bi aldeek desadostasun horiek konpondutzat hartu dituzte, baldintza hauen arabera:

A) Aipatutako legearen 1, 2 eta 3. artikuluen inguruan sortutako desadostasunari dagokionez, bi alderdiak bat datoz interpretatzean artikulu horiek autonomia-erkidegoek lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan dituzten eskumenen arabera ematen direla, hargatik eragotzi gabe interes orokorreko azpiegiturek dituzten berezitasunak, beren araudi espezifikoarekin eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian ezarritakoarekin bat etorriz.

B) Aipatutako legearen 3. artikuluaren 3. apartatuaren, 6. artikulutik 8. artikulura bitartekoen eta xedapen gehigarri bakarraren gaineko desadostasunari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak akordio hau sinatu eta urtebetera arauzko garapen bat bultzatuko du, bermatzeko Europar Batasuneko arauak betetzen direla, bai eta oinarrizko arauak ere, eta egokitzapen horren berri emango dio Europako Batzordeari, Zerbitzuen Zuzentarauaren 15.7 eta 39.5 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan adierazitako organoetatik edozeinen bidez, manuan bertan adierazitako ondorioak izan ditzan, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Madril, 2020ko maiatzaren 11.

Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa,

CAROLINA DARIAS SAN SEBASTIÁN.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala