Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2020ko uztailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2814

AGINDUA, 2020ko uztailaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Ordiziako udalerrirako mantentzen baita 2020ko uztailaren 8ko Aginduaren bitartez hartutako osasun publikoko neurri berezien indarraldia, eta neurri horien eraginkortasuna Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietara zabaltzen baita.

Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian xedatutakoa aplikatuz –Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3 fasea gainditu eta gero–, Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 8ko Aginduaren bidez, osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartu ziren Ordiziako udalerrian sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko (2020ko uztailaren 9ko EHAA, 134. zk.).

Agindu horren atarikoak honela arrazoitu zuen neurri horiek hartu behar izatea: «(...) egoera epidemiologikoa azkar aldatu da azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko eremu jakin batzuetan. Zehazki, Ordiziako udalerrian gaixotasun-kasu batzuk gertatu dira, ezaugarri jakin batzuk dituztenak, eta, ondorioz, komeni da berriz ere prebentzio- eta kontrol-neurri bereziak abian jartzea, gaixotasunak biztanleengan izan dezakeen kutsagarritasuna murrizteko. Agerraldiak izan dira udalerri horretako aisialdiko zenbait tokitan, eta, gainera, komunitate-transmisioa adieraz dezaketen kasuak azaleratzen ari dira.»

Seigarren ebazpen-zatiak, berriz, honako hau dio:

«Agindu honek 2020ko uztailaren 9ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, bertan jasotako neurriei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkie agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere zazpi egun naturaleko epean, egoera epidemiologiko eta sanitarioaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Horretarako, aldatu ahal izango dira, edo ondoriorik gabe utzi, osasun-arloan eskumena duen Saileko titularraren aginduz.»

Ordiziari buruzko datu epidemiologikoek eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko beste herri batzuei buruzkoek (Eibar, Tolosa eta Zarautz) adierazten dute beharrezkoa dela agindu horretan jasotako prebentzio-neurriak aplikatzen jarraitzea. Hori dela-eta, neurri horiek indarrean jarraituko dute, eta beste herri horietan ere aplikatuko dira.

Neurri honek osatu egiten ditu gaur bertan indarrean jarri den agindu honetan jasotakoak: Agindua, 2020ko uztailaren 15ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatu egiten baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero (2020ko uztailaren 16ko EHAA, 136. zk.).

Horrenbestez, Ordizia, Eibar, Tolosa eta Zarautz udalerrietako egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-arloko agintaritza baliatuz, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian, 2020ko uztailaren 8ko Aginduaren seigarren ebazpen-zatian eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan araututakoaren arabera, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da Ordizia, Eibar, Tolosa eta Zarautz udalerrietan COVID-19 pandemiaren epidemia-agerraldiari eusteko osasun publikoaren arloko neurri bereziak ezartzea, COVID-19ren ondoriozko egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.– Prebentzio-neurriak.

Indarrean jarraitzen dute Ordizian COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko osasun publikoaren arloan hartu diren neurri bereziek –2020ko uztailaren 8ko Aginduak ezarritakoek–, eta neurri horien eraginkortasuna Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietara ere zabaltzen da.

Neurri hauek osatu egiten dituzte 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean ezarritakoak –2020ko ekainaren 18ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero–. Agindu hori aldatu egin zuen Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 15eko Aginduak.

Hirugarrena.– Eraginkortasuna.

Agindu honek 2020ko uztailaren 17ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, bertan jasotako neurriei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkie agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere zazpi egun naturaleko epean, egoera epidemiologiko eta sanitarioaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Horretarako, aldatu ahal izango dira, edo ondoriorik gabe utzi, osasun-arloan eskumena duen Saileko titularraren aginduz.

Laugarrena.– Argitaratzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren informazio, izapide eta zerbitzuen orri ofizialean ere (www.euskadi.eus).

Gainera, aginduaren aplikazioan eta ondorioetan inplikatuta dauden agintari guztiei jakinaraziko zaie.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 16a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala