Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2020ko uztailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2796

AGINDUA, 2020ko uztailaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2020. urtean Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen indarrez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailari dagokio urtez urte bere aurrekontuetan funtsak handitzeko laguntza-programak ezartzea.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.

Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.

Araudi horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko, betiere.

Agindu hau, halaber, sailak 2018-2020 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago. Aipatutako plana Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartu zen.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak hornitu edo/eta berritzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea 2020ko ekitaldirako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzetarako 900.000,00 euro erabiliko dira, gehienez.

2.– Zenbateko globala honela banakatuko da:

a) 50.000.00 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren funts-sortetarako.

b) 850.000,00 euro, lehendik dauden liburu-funtsak berritzeko.

3.– Liburutegi sortu berrietarako diren funts-sortetarako zenbatekoa agortzen ez bada, lehendik dauden liburu-funtsak berritzeko erabiliko da diru hori edo soberakina.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak bakarrik erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapen funtzionalak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1037508

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta

4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, aipatutako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal erakundeak.

Udalerri bakoitzean erakunde onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.

Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.

2.– Ezingo dute dirulaguntzarik eskatu dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeek.

3.– Ezingo dute dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

4.– Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) letran jasota dagoen bezala, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) letran jasotakoaren arabera. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hori guztia, eskatzaileei baimena eskatu beharrik izan gabe. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako baimena, eta, hala egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

5.– Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira:

1) Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak erosteko dirulaguntzetarako:

a) Erakunde eskatzaileak 2020an partida ekonomiko propio bat izatea edo 2019an eduki izana, liburutegi sortu berria funtsez hornitzeko, edo 2020an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 2/3 adinakoa izango da.

b) Dirulaguntza jasoko du(t)en liburutegia(k) Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

c) Liburutegi horiek sortuak izatea eta jardunean egotea 2019ko urtarrilaren 1etik agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunera bitartean, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskutik helburu horretarako beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badute.

d) Liburutegi sortu berriak izatea, eta ez lehendik zeudenak eta berriz zabaldu direnak.

e) Liburutegi berriak etengabe jardunean izatea, eta ez aldizkako zerbitzu bereziak izatea edo aldian behingo ekitaldietarako sortuak.

f) Liburutegi berrien titulartasuna udalarena edo toki-erakunde eskudunarena izatea, edota tokiko kapital publikoak % 100eko partaidetza duen entitate publiko batena.

2) Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko dirulaguntzetarako:

a) Entitate eskatzaileak 2020an partida ekonomiko propio bat izatea liburu-funtsak berritzeko, edo 2020an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 2/3 adinakoa izango da.

b) Dirulaguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea.

c) Eskaera aurkezten den egunean liburutegi hori(ek) jardunean egotea.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.

Diruz lagundu ahal izango da liburuak, aldizkako argitalpenak, soinu-materialak eta ikus-entzunezkoak erostea, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsen katalogoan sartuko dira.

Dirulaguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-ekarpenak izango dira:

1.– Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak eskuratzeko.

2.– Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.

Bi kasuetan, gutxienez dirulaguntzaren % 35 euskaraz argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez. Gainera, erosketen % 20 euskal gaietakoak izan beharko dira. Era berean, funtsak eskuratzeko orduan, lehentasuna hurbileko saltokiei ematea gomendatzen da.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Halaber, diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntza jaso duen jardueraren % 100 arte azpikontratatu ahal izango du onuradunak.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan beren-beregi adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari datu edo agiri guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe, betiere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

– Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

– Dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko agindu honetan ezarritako betekizunak.

3.– Eskabidea legez eratutako toki-erakundeek edo liburutegi publikoen arloan eskumena dutenek egiten badute, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez.

Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina zer prozeduratan eta zer organori aurkeztu zion adierazi beharko du.

7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

a) Agindu honetan jasotako dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan.

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Ikusiz gero eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkezten badu ere, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Eskaerak ebaluatzea.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, bai eta dagokion ebazpen-proposamena egitea eta Kulturako sailburuordeari helaraztea ere.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.

Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako laguntza-ildo bakoitzaren diru-baliabideak banatu egingo dira laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean.

1.– Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak eskuratzeko dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko orduan, ondorengo prozedura hau beteko da.

Liburutegi sortu berrien funts-sortei dagokien lerroan hasiko da banaketa, eta ondoren azaltzen diren zenbatekoak esleituko dira, biztanleria-irizpidearekin landutako taldeen inguruan, hemen ezarri bezala:

(Ikus .PDF)

Biztanleen kopuruak ez die nahitaez erakunde onuradunaren udalerriko biztanle guztiei erreferentzia egiten, baizik eta diruz lagundu nahi d(ir)en liburutegi(ar)en eragin-eremuko biztanleei.

Agindu honen 2.2.a) artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, kopuru horien arabera banatuko dira dirulaguntzak, eta, soberakinik geratzen bada, funts bibliografikoak berritzeko laguntzetara bideratuko da.

Kalkulatutako kopuruen batura orokorrak banatzeko dagoen zuzkidura gainditzen bada, kopuru horien zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, laguntzen bolumen osoak zuzkidura horrekin bat egin arte.

2.– Ondoren, liburutegiko funtsak berritzera bideratutako dirulaguntzen lerroari dagokion zuzkidura banatuko da.

a) Dauden diru-baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen artean banatuko dira.

b) Eskatzaile bakoitzari eman beharreko kopuru zehatza zehazteko, biztanleria-irizpidea aplikatuko da.

c) Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hau erabiliko da:

Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan. Horretarako, populazioaren araberako multzoak ezartzen dira, eta multzo horiei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

– Biztanleria homologatua (P).

Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta, horrela, herrien P balore homologatua lortzen da, sailkapen honen arabera:

(Ikus .PDF)

25.000tik 25.000ra jarraitzen du, bai biztanleriaren tarteetan, bai P-ri dagokionez ere.

Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 4.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 60.000rekin.

– Indize zuzentzailea (IZ).

Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

(Ikus .PDF)

d) Formula.

Formula hau aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntza:

– Dirulaguntza = DK * B / BB

– Faktoreak:

• DK: agindu honetara bideratutako baliabide ekonomikoak, liburu-funtsak berritzera bideratutakoak, gehi, hala badagokio, liburutegi sortu berrientzako zuzkiduratik agortu gabeak.

• B: erakunde onuradun bakoitzari dagokion balorea, hau da, eskatzaile bakoitzaren P eta IZ faktoreen biderkadura.

• BB: erakunde onuradun guztien B balioen batura.

Formula hori aplikatzetik ateratzen den kopurua izango da dirulaguntzaren gehieneko muga, eta, gainera, ezin izango da inola ere izan erakunde eskatzaileak xede honetarako bideratutako baliabide propioen % 150 baino handiagoa, ezta 150.000,00 euro baino handiagoa ere. Beraz, ondoren aurreikusitako irizpideen arabera kalkulatutako hasierako zenbatekoa handiagoa bada adierazitako muga horiek baino, baimendutako mugetaraino murriztuko da kopuru hori.

Murrizketen ondorio den soberakinaren kopuru orokorra murrizketek eragin ez dieten gainerako eskaeren artean banatuko da, aipatutako formula aplikatuz, eta ateratzen diren kopuruak aurretik lortutakoei gehituko zaizkie. Soberakinak banatzeko eragiketa hori behar adina aldiz egingo da, zuzkidura agortu arte, hala dagokionean, edo horrela zehaztutako dirulaguntza guztien zenbatekoak baimendutako gehienekoetara iritsi arte.

3.– Azken dirulaguntza ez da inolaz ere egindako gastu guztiaren % 60 baino handiagoa izango. Dirulaguntza justifikatzeko eta likidatzeko agirietan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, dirulaguntza murriztuko da behar den heineraino.

Orobat, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

12. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

13. artikulua.– Ebazpenak, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetako esleipen-ebazpenak ematea. Ebazpen horietan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako dirulaguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukapenen eta onartu gabe geratzen diren kasuetan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira.

2.– Hartutako ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data, lehenik egiten den jakinarazpen edo argitalpenarena izango da.

3.– Aurreko lerrokadan aipatzen diren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Jarduera aurrera eramatea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

c) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela. Besteak beste, erakundeak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta itzulketa-zorrak ere.

d) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

e) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

f) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

i) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

j) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

k) Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren esku jartzera, Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek bertan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.

15. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntzak ordainketa bakar batean emango dira, aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera laguntza horiek justifikatu ondoren.

2.– Bide telematikoen bidez baino ez dira aurkeztuko dirulaguntza justifikatzeko agiriak, 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen.

3.– Betiere, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertuta edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aginduko du dirulaguntza ordaintzea, eta, minorazioa egin behar denean, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea dagokion epean.

d) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –osorik edo zati batean– eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.2 artikuluarekin bat etorriz, eta honako xedapen hauetan xedatutakoa betez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 018000.

Web orria: http://euskadi.eus

Xedea: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak hornitu edo/eta berritzeko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoko egitekoren bat edo tratamenduaren arduradunari azaroaren 17ko 38/2003 Legearen bidez (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea) emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua.

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web orri honetara: https://www.euskadi.eus/dbao/1030004

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 8a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala