Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2020ko uztailaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2767

90/2020 DEKRETUA, uztailaren 14koa, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak hartu duen erabakia, lan-arloko legeria betearazteari lotuta Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkion eginkizun eta zerbitzuei buruzkoa: kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzak.

Transferentzien Batzorde Mistoak hartu duen erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erabakia), eta bertan ezartzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen helburuetako bat da Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2020ko ekainaren 25ean egin zuen osoko bilkuran hartutako erabakia onartzea; izan ere, erabaki horretan ezarri da Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkiola kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzei lotuta dagoen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak. Dekretu honen bigarren helburua da, bestalde, eskualdatu diren eginkizunak eta zerbitzuak atxikitzea.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Ogasuna eta Ekonomiako sailburuak eta Lan eta Justiziako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 14n egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea, uztailaren 14ko 665/2020 Errege Dekretuan ezarritako terminoetan, Transferentzien Batzorde Mistoak 2020ko ekainaren 25ean hartu duen erabakia, zeina kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzei lotuta dagoen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa baita; eta agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitara dadila, dekretu honen eranskin gisa.

2. artikulua.– Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak Lan eta Justiziako Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko uztailaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Ogasuna eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

UZTAILAREN 14KO 90/2020 DEKRETUAREN ERANSKINA
665/2020 ERREGE DEKRETUA, UZTAILAREN 14KOA, LAN-ARLOKO LEGERIA BETEARAZTEARI LOTUTA ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATZEN DIZKION EGINKIZUN ETA ZERBITZUEI BURUZKOA: KALERATZE KOLEKTIBOKO ESPEDIENTEEK ERAGINDAKO LANGILEENTZAKO OHIKO ERRETIROAREN AURREKO LAGUNTZAK

Konstituzioak 149.1.7 artikuluan ezartzen du Estatuak duela laneko legeriaren arloko eskumen esklusiboa, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzea hura.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 12.2 artikuluan xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio laneko legeriaren arloko Estatuko legeak betearaztea, bere gain hartuz Estatuak lan-harremanen inguruan gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak; bai eta, Estatuko goi-ikuskaritzarekin batera, Estatuaren zerbitzuak antolatzeko, gidatzeko eta zaintzeko ahalmena ere, lan-arloko legegintza betearazteko, lan-baldintzak gizartearen garapen eta aurrerapen mailaren araberakoak izan daitezen, langileen kualifikazioa eta prestakuntza integrala sustatuz.

Maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez, enplegu-erregulazioko espedienteen arloko zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren, eta ekainaren 24ko 899/2011 Errege Dekretuaren bidez, gehitu egin dira Euskal Autonomia Erkidegoari arlo horretan eskualdatutako Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak zehatz ezartzen dute zein eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoak, 2020ko ekainaren 25eko bileran, erabaki zuen Estatuko Administrazioak lan-arloko legeria betearazteko zituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea: kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzak. Erabaki hori Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetzeko, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroaren proposamenez eta Ministro Kontseiluak 2020ko uztailaren 14ko bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.

Onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoak 2020ko ekainaren 25eko bilkuran hartutako erabakia, Estatuko Administrazioak lan-arloko legeria betearazteko zituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa: kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzak. Erabaki hori errege-dekretu honen eranskinean jaso da.

2. artikulua.– Eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzea.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio Estatuko Administrazioak lan-arloko legeria betearazteko zituen eginkizunak eta zerbitzuak: kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzak. Batzorde Mistoak hartu duen erabakian ezarritako moduan egingo da eskualdatze hori, bai eta han jasotzen diren termino eta baldintzen arabera ere.

3. artikulua.– Eskualdatzearen eraginkortasuna.

Batzorde Mistoaren erabakian adierazten den egunetik aurrera izango ditu ondorioak eskualdatzeak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian», eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

UZTAILAREN 14KO 665/2020 ERREGE DEKRETUAREN ERANSKINA

Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren Bigarren Xedapen Iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoko idazkari baitira, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Transferentzien Batzorde Mistoak, 2020ko ekainaren 25ean egindako Osoko Bilkuran, erabaki bat hartu zuen, Estatuko Administrazioak lan-arloko legeria betearazteko zituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko: kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzak. Ondoren zehazten den moduan egingo da eskualdatzea:

A) Eskualdatzea babesten duten konstituzioko, estatutuetako eta legezko arauak.

Konstituzioak 149.1.7 artikuluan ezartzen du Estatuak duela laneko legeriaren arloko eskumen esklusiboa, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzea hura.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 12.2 artikuluan xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio laneko legeriaren arloko Estatuko legeak betearaztea, bere gain hartuz Estatuak lan-harremanen inguruan gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak; bai eta, Estatuko goi-ikuskaritzarekin batera, Estatuaren zerbitzuak antolatzeko, gidatzeko eta zaintzeko ahalmena ere, lan-arloko legegintza betearazteko, lan-baldintzak gizartearen garapen eta aurrerapen mailaren araberakoak izan daitezen, langileen kualifikazioa eta prestakuntza integrala sustatuz.

Maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez, enplegu-erregulazioko espedienteen arloko zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren, eta ekainaren 24ko 899/2011 Errege Dekretuaren bidez, gehitu egin dira Euskal Autonomia Erkidegoari arlo horretan eskualdatutako Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak zehatz ezartzen dute zein eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Konstituzioko, estatutuetako eta legezko arau horiek oinarritzat hartuta, Estatuko Administrazioak lan-arloko legeria betearazteko zituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatuko zaizkio: kaleratze kolektiboko espedienteek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzak.

B) Euskal autonomia erkidegoak bere gain hartzen dituen estatuko administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dituen kaleratze kolektiboko espedienteen prozeduretatik eratorritako lan-harremanak (ekonomia-, teknika-, antolamendu- eta ekoizpen-arrazoietan oinarritutakoak) azkentzeko prozesuek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzen kudeaketari lotuta daudenak, hain zuzen ere.

C) Aurrerantzean ere estatuko administrazioari dagozkion eginkizun eta zerbitzuak.

Estatuko Administrazioaren eskumenekoak izango dira, oraindik ere, kaleratze kolektiboko espedienteen prozeduretatik eratorritako lan-harremanak (ekonomia-, teknika-, antolamendu- eta ekoizpen-arrazoietan oinarritutakoak) azkentzeko prozesuek eragindako langileentzako ohiko erretiroaren aurreko laguntzen kudeaketari lotuta dauden eginkizunak.

D) Estatuko administrazioaren eta euskal autonomia erkidegoaren arteko eginkizun baterako eta partekatuak.

Euskal Autonomia Erkidegoak erabaki honetako eginkizunak gauzatzeko behar den informazio estatistikoa eskuratuko dio Estatuko Administrazioari, dagoen metodologiari jarraituta, edo, hala egokitzen bada, Estatuko Administrazioak ezartzen duenari jarraituta; bermatu egin beharko da, nolanahi ere, informazio hori koordinatuta eta integratuta geratzen dela Estatuko gainerako informazio estatistikoarekin. Estatuko Administrazioak, bestalde, gai horiei buruz landutako informazioa jarriko du Euskal Autonomia Erkidegoaren eskura.

E) Eskualdatzeak eragindako aurrekontu-kredituak.

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua, 2020ko ekitaldian, 1. zerrendan agertzen da.

F) Eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuei lotutako agiriak eta espedienteak.

Eskualdatu diren eginkizunen eta zerbitzuen agiriak eta espedienteak hilabeteko epean entregatu behar dira, erabaki hau onartzen duen errege-dekretua indarrean jartzen denetik hasita. Entregaren eta eskuratzearen akta sinatuko da.

G) Eskualdatzearen eraginkortasun-eguna.

Erabaki hau onartzen duen errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabakiaren xede diren eginkizunen eta zerbitzuen eskualdatzeak.

Eta hala ager dadin, ziurtagiri hau ematen da, Madrilen, 2020ko ekainaren 25ean. Batzorde Mistoaren idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.

1. ZERRENDA
Estatu-mailako urteko kostu osoa
19.– atala. Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzaren Ministerioa
(Euroak 2018)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala