Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2020ko uztailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2751

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 1ekoa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, 2020ko «Elkartu» Laguntza Programa arautzen duten oinarriak onartu, argitaratu eta horietarako deialdia egiten duena.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, laguntza-programa hau diseinatu da, lankidetzan eginiko nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko nazioartekotze-prozesuan.

Gorago adierazitakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo artezkarien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2020ko «Elkartu» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago ebazpen honen I. eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, «Elkartu» laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bilbao, 2020ko uztailaren 1a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
ELKARTU 2020 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Enpresen nazioartekotzea ez da kontzeptu berria EAEn. Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadatik hona diseinatutako industria- eta lehiakortasun-plan guztietan jaso da, eta plan horiek EAEko industria-jardueraren lehiakortasuna sendotzen lagundu dute.

Azken urteetan, enpresen nazioartekotzea lehentasunezko jarduera-ardatz bilakatu da. Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 Esparru Programaren zutabeetako da, eta indarrean dagoen 2017-2020 Industrializazio Planaren ardatz estrategikoetako bat ere bai.

Gainera, Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Plana (aurrerantzean, ENP) Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-eredua ezartzen duen tresna estrategikoa da. Plan horretan politika publiko bat definitzen da, enpresei euren lehen urratsetan laguntzeko kanpoko merkatuetara irekitzen hasten direnean, eta, horrezaz gain, apustu sendo bat egiten da esportatzea ohikotzat duten enpresei balio erantsiko zerbitzuak emateko, zeren enpresa horiek, lehiakortasuna irabazi beharrez, arrisku berriak hartzen dituzte beren gain, merkatuak dibertsifikatzen dituzte eta beren produktuak eta zerbitzuak egokitzen dituzte merkatu globalen eskakizunetara.

ENPren berrikuntzetako bat da laguntza-programak eta balio erantsiko zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen zaizkiela enpresei eta, batez ere, bultzada bat ematen zaiola enpresen arteko lankidetzari.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena egin nahi die Nazio Batuek sustatutako Garapen Jasangarriko Helburuei. NBEk 17 helburu (GIH) onartu zituen pobreziari buru emateko bere forma guztietan, desberdintasunak murrizteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko, betiere bermatuz inor ez dela atzean geratzen.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere egin du 2030 Agendaren erronka unibertsala, eta erabaki du bere politika publikoak 2030 Agendaren erronken arabera bideratzea. Hori dela eta, hautaketa-irizpide batzuk txertatuko ditu inplikatuta dauden lurraldeei arlo ekonomiko nahiz sozialeko nazioartekotze-estrategia bermatzeko. Horren erakusgarri, 2019ko martxoaren 4an, Munduko Itunak eta Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru enpresa-elkarteekin batera, euren arteko lankidetza sendotzea erabaki dute, EAEko enpresa-ehunean 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) sustatzeko hitzarmen baten bitartez.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak erronkatzat hartu du enpresa guztiei laguntzea euren nazioartekotze-prozesuan, ikuspegi inklusiboago eta iraunkorrago batetik abiatuta. Horretarako, apustu bikoitza egin du, alde batetik, laguntasuna emango die kanpoko merkatuetan euren lehendabiziko urratsak ematen ari diren enpresei, eta bestetik, aurrera jarraituko du lehendik esportatzaileak diren baina euren irismen globalean jauzi kualitatiboak eman nahi dituzten enpresentzako laguntzarekin.

Elkartu programako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira. Laguntza horiek helburutzat dute enpresen arteko lankidetza bultzatzea nazioartekotzearekin zerikusia duten proiektuetan eta, 17. GJHari jarraikiz, aliantzak sortzea garapen jasangarria lortzeko.

Oinarri hauek jarraipena emango diote 2019. urtean abiarazitako Elkartu programari, zeinak bere baitan integratu baitzituen enpresen arteko lankidetza bultzatzeko aurreko bi programak (Elkartzen Berri eta Global Lehian). Nobedade gisa, onuradunen artean sartu ditu euskal ETEen nazioartekotze-prozesuetan trakziogile izan daitezkeen enpresa handiak.

Programa hau jasota dago erakundeak 2020ko ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

1. artikulua.– Xedea.

Elkartu programa bat dator 2017-2020 ENPan jasota dauden Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuekin, eta bere xedea da lankidetzan eginiko nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzea, eta garapen jasangarria sustatzea nazioartekotze-prozesuan.

Oinarri hauen helburua da lankidetzan jardungo duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-elkarte eta -taldeentzako dirulaguntzak arautzea eta 2020ko ekitaldirako deialdia egitea, lankidetzako nazioartekotze-jarduerak egin ditzaten, jarraian datozen artikuluen arabera.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau gauzatzeko eta ebazteko orduan publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak beteko dira.

2.– Laguntza hauek egoki aurkeztutako eskaeren hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 500.000 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Dirulaguntzak ordenan esleituko dira, espedientea noiz osatu den kontuan hartuta.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/sakondu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde onuradun izan ahalko dira lankidetzan jardungo duten enpresa-elkarte eta -taldeak, besteak beste, esportazio-partzuergoak, salmenta-taldeak eta kanpoko merkatuetan lankidetzan jarduteko konpromisoa duen bestelako edozein figura, juridikoki baliozkoa bada.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean, berariaz adierazi beharko da (bai eskaeran eta bai dirulaguntza emateko ebazpenean) zein konpromiso hartuko dituen elkarteko kide bakoitzak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, denak izango baitira onuradun. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da talde osoarentzat, zeinak behar besteko ahalordea izango baitu taldeak onuradun gisa izango dituen obligazioak betetzeko. Taldea ezingo da desegin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

2.– Oinarri hauetan aurreikusitakorako, elkartetzat hartuko dira baldintza hauek betetzen dituzten erakundeak:

a) Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea, eta elkartutako enpresetatik gutxienez 10 euskal enpresak izatea.

c) Helburu nagusitzat izatea elkartutako enpresen nazioartekotzea eta plangintza bat edukitzea helburu hori erdiesteko.

3.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeek bete beharreko baldintza orokorrak:

a) Taldea osatuko dute elkarren arteko loturarik gabeko gutxienez 2 enpresa independentek, zeintzuek, beren operazio-sinergiek eskaintzen dizkieten abantailek bultzaturik, konpromisoa hartuko baitute kanpoko merkatuetan elkarrekin jarduteko, arriskuak eta kostuak partekatuz.

b) Onuradun izan daitezke egoitza edo produkzio-lantegiak Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten enpresa handiak eta ETEak, baldin eta indarrean dagoen deialdia baino lehenago eratu badira.

c) Proiektuetan enpresa handiek parte hartzen badute, enpresa horiek trakziogileak izango dira, eta gutxienez beste bi ETE sartu beharko dituzte taldean. Egoitza soziala EAEtik kanpo duten enpresek ere parte hartu ahal izango dute taldean, baina beren partaidetza ez da izango partaidetza txikiena duen ETEarena baino handiagoa.

d) Jarduerek enpresa edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen batean (kontratu bat edo bestelako edozein dokumentu) oinarritu behar dute, eta hitzarmen horrek argi eta garbi jaso behar du alderdien konpromisoa.

e) Ekintza-plan edo nazioartekotze-estrategia bateratu bat izan beharko dute, zeinetan adieraziko diren: enpresa parte-hartzaileen deskribapena, euren produktu edo zerbitzuak, euren helburu eta igurikapen komertzialen definizioa, segmentu, bezero eta jomuga-merkatuen identifikazioa, garatuko diren jardueren definizioa, erantzukizunak eta epeak.

4.– Jatorriko (EAEn eratuak) nahiz jomugako (atzerriko herrialde batean eratuak) esportazio-partzuergoek, kategoria espezifiko bat direnez lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen barruan, baldintza berezi hauek bete beharko dituzte, 3. atalean ezarritakoez gain:

a) Izaera juridiko propioa izatea, taldeko gainerako enpresa edo erakundeekiko independentea.

b) Pertsona bat lanaldi osoan kontratatzea partzuergoa kudeatzeko.

5.– ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

6.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.

5. artikulua.– Dirulaguntzetatik kanpo dauden enpresa eta erakundeak.

1.– Ez dira onuradun izango Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeretakoren batean dauden pertsonak edo enpresak, berreskuratze-agindu baten menpe daudenak, erabaki bada Europako Batzordeak emandako laguntza bat legez kanpokoa edo merkatu erkidearekin bateraezina dela, eta ezta ere krisi-egoeran dauden enpresak, krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (DO C249, 2014-07-31).

2.– Ezingo dira izan ez onuradun ez parte-hartzaile bitartekaritza-lanak bakarrik egiten dituzten edota hirugarrenen produktuak bakarrik banatzen dituzten enpresak.

3.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Klusterrak Dinamizatzeko Elkarteentzako laguntza-programakoekin.

4.– Ez dira izango onuradun Europar Batasun barruko hurbileko operazio komertzialak soilik egiten dituzten enpresak.

5.– Ez dira izango onuradun egoera hauetakoren batean dauden enpresak:

a) 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso izana, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.

b) Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 38/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun, eta bereziki ondoko hauetan:

– Enpresa ez egotea egunean Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta ezta ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrak izatea SPRI Taldeko enpresaren batekin.

– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa edo lankidetzako enpresa-taldea dirua itzultzeko prozedura batean edo zehapen-prozedura batean badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

c) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Laguntza jaso dezakete 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean burututako ekintzek.

1.– Taldearen sorrera sustatzeko, diruz lagundu ahal izango dira lankidetzan jardungo duen enpresa-taldearen sorkuntzari lotutako gastuak.

– Lankidetza-taldea dinamizatzeko eta koordinatzeko gastuak: proiektu bakoitzeko 10.000 euro gehienez barne-gastu bezala: proiektuarekin zuzenean lotutako langileen soldatak (enpresak Gizarte Segurantzara egin beharreko kotizazioak barne), lankidetzako enpresa-taldea diseinatzen, koordinatzen eta martxan jartzen emandako denboragatik.

– Taldearen sorkuntza-gastuak: alderdi juridiko, fiskal eta finantzarioei buruzko kanpo-aholkularitza, akordioak egiteko eta partzuergoak edo bestelako enpresa-taldeak sortzeko.

– Egitura-gastuak: langileak hautatzeko kanpo-kontratazioko gastuak edota kudeatzailearen soldata gordinaren kostua, esportazio-partzuergoen kasuan.

– Ekintza-planaren edo Nazioarteko Estrategiaren garapenerako gastuak: aholkularitzako edo kanpo-aholkularitzako gastuak ekintza-plan bateratua egiteko, non adieraziko diren, gutxienez, honako hauek: enpresa parte-hartzaileen deskribapena, euren produktu edo zerbitzuak, euren helburu eta igurikapen komertzialen definizioa, segmentu, bezero eta jomuga-merkatuen identifikazioa, garatuko diren jardueren definizioa, erantzukizunak eta epeak.

2.– Gainera, diruz lagundu ahal izango dira jomuga-merkatuan operatzeko egin beharreko gastuak:

– Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak. Jomuga-herrialde bakoitzeko azterketa bat baino ez da diruz lagunduko, betiere Basque Trade & Investement-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentziak) berariaz eta idatziz uko egin badio zerbitzua emateari. Zerbitzuak emateko eskaerak info@basquetrade.eus helbidera bidaliko dira.

– Jabetza industrialarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:

a) Patenteak eta markak erregistratzea: diruz lagunduko dira beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak, eta baita ere helmuga-herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak.

b) Homologazioa eta ziurtapena: jomuga-herrialdean eskatzen diren derrigorrezko homologazioetatik (horretarako egiaztatuak dauden erakundeek eginak) eratorritako gastuak, eta atzerriko bezero handiekin egin beharreko ziurtapen eta aurre-kalifikazioak.

• Taldearen funtzionamendu operatiboarekin lotutako gastuak: halakotzat hartuko dira gastu partekatuak edo transbertsalak: bulegoen alokairua, hornidurak, gastu logistikoak edo taldearen jardunarekin lotutako beste edozein gastu partekatu.

• Jomuga-merkatuan merkataritza-agente bat edo ordezkari bat hautatzeko gastuak.

3.– Kontuan hartuko dira baita ere sustapenarekin zerikusia duten gastuak:

– Azoka eta kongresuetako gastuak: laguntzak emango dira nazioarteko azoketara, kongresuetara edo foroetara joateko erakusketari bezala, betiere SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) edo bestelako administrazio, elkarte edo kluster batzuek ez badute ekitaldian parte hartzen pabiloi ofizial batekin edo taldekako stand batekin.

Diruz lagundu ahal izango dira espazioen alokairua, standaren dekorazioa, izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat azoka bakoitzeko.

a) Elkarteak: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa bildu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeak: erakusketari bezala parte hartuko dute azoketan eta taldearen eskaintza bateratua aurkeztuko dute.

Horrelakoetan, ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, SPRI Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logotipoei) ikusgarritasuna ematea standean eta azokan erabiliko diren sustapen-materialetan.

– Misio zuzenak: prospekzio-bidaiak merkatuak aztertzeko, edota bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko, edota azoketara joateko, edota kongresu edo foro espezializatuetan parte hartzeko.

a) Elkarteak: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa bildu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeak: partzuergoaren kudeatzaileak edo enpresa-taldea ordezkatzen duen ordezkariak/liderrak edo lankidetza-taldeko ordezkariren batek egindako bidaiak.

Diruz lagunduko dira gehienez 2 misio zuzen jomuga-herrialde bakoitzeko, eta horietako bakoitzean bidaia-poltsa bat emango da erakunde parte-hartzaile bakoitzeko.

– Alderantzizko misioak, balizko bezeroentzako edo atzerriko preskriptoreentzako gonbidapenak.

Laguntza bezala bidaia-poltsak emango dira, eta merkatuaren arabera kalkulatuko dira.

a) Elkarteak: gonbidatuek elkartea eta EAEn kokatuta dauden elkarteko gutxienez hiru enpresa bisitatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeak: partzuergoan edo taldean bildutako enpresak bisitatzeko gonbidapena.

Diruz lagunduko dira gehienez alderantzizko 2 misio jomuga-herrialde bakoitzeko, eta horietako bakoitzean bidaia-poltsa bat emango da gonbidatutako bisitari bakoitzeko. Misio bakoitzean 8 pertsona gonbidatu ahal izango dira gehienez.

– Sustapen- eta zabalkunde-elementuak. Bakarrik onartuko da talde osoarentzako sustapen-materiala, eta material horretan adieraziko da zeintzuk diren enpresa parte-hartzaileak. Partzuergoen kasuan, beronen izena bakarrik erabili ahal izango da. Sustapen-elementuetan jomuga-herrialdeko hizkuntza ofiziala edo ingelesa erabili beharko dira.

– COVID-19ak sortu duen egoerari buruzko azterketak, alderdi hauek aztergai dituztenak:

a) Nazioartekotze-planak berriren berri prestatzea eta COVID-19ak eragindako egoerari egokitutako kontingentzia-planak lankidetzan idaztea.

b) Birdiseinatze-azterketak egitea eta ikuspegi sektoriala duten global supply chain alternatibak sortzea.

c) Nazioarteko e-commerce estrategia bat egitea.

d) COVID-19aren ondoriozko eta lankidetzan eginiko kudeaketa globalari buruzko kanpo-aholkularitza juridiko, ekonomiko eta finantzaria.

Ez da laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketak eta eman dituzten zerbitzuak ordaintzeko, prezio publikoen menpe badaude.

Posible izango da dirulaguntzaren xede diren lanak osorik azpikontratatzea enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko edo gastua dirulaguntza eman baino lehenago egin bada.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak osorik (% 100) azpikontratatu daitezke.

7. artikulua.– Laguntza eskaera.

Eskatzaile batek eskaera bat aurkeztu dezake gehienez.

8. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

1.– Dirulaguntzak portzentaje hauetara irits daitezke, onuradunak jasangarritasunarekin duen konpromiso-mailaren arabera:

– Onartutako gastuaren % 60raino, baldin eta erakunde onuraduneko liderrak egiaztatzen badu Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kide dela.

– Onartutako gastuaren % 50eraino, baldin eta erakunde onuraduneko liderra ez bada Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kidea.

2.– Horrez gain, gehienezko zenbateko hauek emango dira dirulaguntza-eskaera bakoitzeko:

– Gehienez 45.000 euro onuradun bakoitzeko, eta gehienez 15.000 euro enpresa bakoitzeko, lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan.

– Gehienez 20.000 euro lankidetza-taldeko enpresa trakziogile edo liderrarentzat.

3.– Bidaia-poltsen gehienezko zenbatekoa jasota dago 1. eranskinean.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek jomuga-herrialdean kontzeptu bererako emandako beste edozein laguntzarekin.

Diruz lagundutako kontzeptua berbera balitz, erakunde onuradunek laguntza horien berri eman behar diote derrigorrez SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

2.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2020ko urriaren 30ean edo funtsak agortzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, publikoarentzako arreta 2020ko urriaren 30eko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.

3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak Interneteko https://www.spri.eus/elkartu helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.

4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo erakundearen sinadura aitortua izan behar du, eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.

5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, https://www.spri.eus/elkartu helbidean.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

11. artikulua.– Eskaeren edukia.

1.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz ekintzei buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik proiektua egoki baloratzeko oinarria.

b) Erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen eskriturak edota kopia. Sorkuntza-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan atxiki beharko da kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua.

c) Eskatzaileak emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

e) Sozietateen gaineko Zergaren azken 200 inprimakia, eskatzailea ETEa dela ziurtatzen duena, hala izanez gero. Hala badagokio, enpresa horrek 3. eranskina bete beharko du.

f) Bai eskatzaileak eta bai enpresa parte-hartzaileek aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak. Enpresa parte-hartzaile guztiek bete behar dute 4. eranskina.

g) Dirulaguntzaren xede diren jardueren zerrenda.

h) Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen duen akreditazioa, hala izanez gero.

6.2.– «Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak» artikuluan jasotako zerbitzu-prestazioak barne hartzen dituzten eskaerek atxikita aurkeztu beharko dute Basque Trade & Investment-i (info@basquetrade.eus) zerbitzu horiek emateko eskatuz igorritako posta elektronikoaren kopia.

2.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaz gain, ondoko hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Enpresen edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena, kontratua edo bestelako edozein dokumentu, non argi adieraziko baita alderdien konpromisoa. 2. eranskina bete behar da.

b) Lankidetzan jardungo duen enpresa-taldearen ekintza-plana: sorkuntza-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan atxiki beharko da kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua.

c) Enpresa parte-hartzaileak ETEak direla dioen adierazpena, 3. eranskinean oinarrituta.

d) Bai eskatzaileak eta bai enpresa parte-hartzaileek aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak. Lankidetzan jardungo duen enpresa-taldeko parte-hartzaile guztiek bete behar dute 4. eranskina.

e) Lankidetzako enpresa-talde modalitatean parte hartzen duten enpresek euren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

3.– Nolanahi ere, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

4.– Eskaera ez badago osorik beteta edo ez badu atxikita dokumentazio osagarria, erakunde onuradunari eskatuko zaio zuzendu dezala akatsa edo aurkeztu ditzala dokumentuak 10 egun balioduneko epean. Bestela, ulertuko da atzera egin duela bere eskaeran, eta erabaki horri dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eta txosten tekniko gisa aurkeztuko dituzte. Sozietate horrek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira bere eginkizunak:

a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.

c) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

d) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Txosten teknikoek informazio hau jasoko dute: baliozkotzearen xehetasunak eta eskaera bakoitzari dagozkion onartutako gastu hautagarriak.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

3.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txostenetan oinarritutako proposamenak ikusirik, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak zuzeneko esleipen prozeduraren bidez ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

4.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariaren ebazpen-epea. Ebazteko eta jakinarazpena egiteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ulertuko da onartu egin dela.

5.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gero.

– Gainerako % 50aren likidazioa dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.

2.– Laguntzak likidatzeko justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu behar dira 2021eko otsailaren 26a baino lehen (egun hori barne), erakunde onuradunaren lege-ordezkariak sinaturik. Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua. Lankidetza-taldea dinamizatzeko eta koordinatzeko gastuak justifikatzeko orduan, derrigorrez adierazi behar da zein jarduerari edo jarduerei dagozkien lan egindako orduak eta zeintzuk diren partu hartu duten pertsonak.

– Gastu hautagarrien fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.

– Barne-gastuak justifikatzeko, orduen kostua justifikatu behar da. Horretarako, ondoko hauek aurkeztu behar dira:

a) Urteko lanaldia, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboari jarraikiz.

b) Proiektuan lan egin duten pertsonen 10T agiriak, euren nominak eta bankuko agiriak edo transferentzia telematikoak egiteko aginduak.

c) Gizarte Segurantzako aplikazioaren bidez sortutako Kotizazioen Likidazioen Zerrenda (KLZ) eta ordainketaren banku-agiria.

d) Gizarte Segurantzako aplikazioaren bidez sortutako Langileen Zerrenda Nominala (LZN).

e) Proiektuan lan egin duten langileen lan-parteak, bakoitzak proiektuari eskaini dizkion orduen xehetasunekin.

– Dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak gauzatu izanaren justifikazio memoria.

– Egindako bidaiak justifikatzeko, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edo ostatuaren fakturak aurkeztea bidaiaren egiaztagiri gisa.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak zuzentzea.

Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horretarako ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

15. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

2.– Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko.

3.– Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza hori enpresa parte-hartzaileen artean banatzeko, eskaeran ageri diren enpresa guztiek adostutakoaren arabera.

4.– Onartzea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta bere kolaboratzaile den Basque Trade & Investment-Naziaortekotzeko Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezko eta komenigarri jotzen dituzten egiaztapen eta azterketak egin ditzaketela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

5.– Faktura osoak gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

6.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

7.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administraziotatik.

8.– Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

9.– Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

10.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatu behar da diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du, eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi atzerapenagatiko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Ez-betetzeen arrazoien artean daude onartutako aurrekontuaren gaineko % 25etik gorako desbideratzeak, salbu eta, SPRI – Epresen Garapenerako Euskal Agentziaren iritziz, salbuespen hori justifikatuta badago desbideratzeari buruzko txosten tekniko baten bitartez.

3.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

b) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

4.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du, eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi, araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1). (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala