Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2020ko uztailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2672

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 29koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Lanbideko Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 7ko bileran hartutako erabakiaren ondorioz iragarritako aparteko dirulaguntzak ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea luzatzea; dirulaguntzen hartzaileak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak dira, zehazki beren jarduerak etenda dituztenak COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoera dela eta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez –2020ko apirilaren 7ko bileran hartua–, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat onartu zen, norberaren konturako langile edo langile autonomoentzat, zehazki beren jarduerak etenda dituztenak COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoera dela eta. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2020ko apirilaren 8ko Ebazpenaren bidez egin zen (2020ko apirilaren 15eko EHAA).

Deialdiaren 8.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gehienez hiru hilabeteko epea izango da eskabideak ebatzi eta jakinarazteko, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera; eta epe hori amaitutakoan, dirulaguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 16an, hots, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasi zen, eta 2020ko irailaren 30ean amaituko da. Gaur arte, 15.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute deialdian.

Instruitu beharreko prozedura kopuru handia ikusirik, behar diren baliabide pertsonal eta material guztiak gaitu dira espedienteak behar bezala eta epean bideratzeko. Hala eta guztiz ere, zuzendu beharreko dokumentazio ugariak eta eskatzaileek eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko eta prozedura kopuru handia izapidetzeko ofizioz egin behar diren instrukzio-egintza masiboek ezinezko egiten dute ezarritako gehieneko epean ebaztea deialdia.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 23.1 artikuluak salbuespenez baimentzen du, 21. artikuluko 5. apartatuan aipatutako baliabide pertsonal eta materialak agortuz gero eta instrukzio-organoak hala eskatuta, era arrazoituan erabakitzea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea luzatzea; dena den, epe hori ez da prozedura ebazteko ezarritako epea baino luzeagoa izango.

Artikulu bereko 2. apartatuaren arabera, ezin izango da errekurtsorik aurkeztu epeak luzatzeko erabakiaren aurka. Erabaki hori interesdunei jakinarazi beharko zaie, hargatik eragotzi gabe prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka egitea.

Kontuan hartuta prozeduran interesa duten pertsonen kopurua eta horietako asko zehaztu gabe daudela, ebazpen honen jakinarazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta egingo da, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin.

Horiek horrela, eta ikusirik Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzaren proposamen arrazoitua, prozedura instruitzeko eskumena duen organoa bera, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazteko epea luzatzea.

Hiru hilabetetik seira luzatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez (2020ko apirilaren 15eko EHAA) iragarritako aparteko laguntzen deialdiaren esparruan emango diren ebazpenak ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea; deialdi hori norberaren konturako langileentzako eta langile autonomoentzako da, zehazki, haien jarduerak etenda dituztenak COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Emate-prozedura ebazteko epea luzatzeko ebazpen honen aurka, ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu.

Hirugarrena.– Eraginkortasuna.

Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ebatzi gabe dauden deialdian aurkeztutako eskabide guztiei aplikatuko zaie.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 29a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendaria,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.


Azterketa dokumentala