Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2020ko uztailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2631

AGINDUA, 2020ko ekainaren 23koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko dirulaguntzak arautzen dituena eta laguntza horietarako deialdia egiten duena.

Mundu osoko pandemiak eta jarduera ekonomiko osoan izandako eragin txarrak ondorio kaltegarriak izan ditu, bereziki gogorrak toki-enpresetan eta enpresa txikienetan, eta hori dela-eta, aginte publikoek neurriak hartu behar ditugu ondorio horiek arintzeko.

EAEn, eta sozietate kooperatiboei dagokienez, 11/2019 Legeak (abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena) 156.1 artikuluan xedatutakoa dela-eta, aginte publikoek gizarte-intereseko eginkizuntzat hartu behar dute, oro har, erakunde kooperatiboak sustatzea, akuilatzea eta garatzea; eta 157.2.j) artikuluaren arabera, bereziki, enpresen krisi-prozesuetan bideragarritasunaren ikuspuntutik aholkularitza-, laguntza- eta babes-neurriak hartzea. Eginkizun horiek gizarte-ekonomiaren esparru osora zabaldu behar dira, balio berak, printzipio demokratiko berak eta, enpresetan beretan, pertsonen zentraltasuna aldezten dituztelako, Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak aitortzen eta babesten duen bezala.

Gizarte-ekonomiako erakundeen berezko esparru ekonomiko eta finantzarioan, sozietateen egoera-balantzean eta finantza-oreka arruntean eragin zuzena izan dute fakturazio-murrizketek, arriskuan jar baitezakete erakunde horien jarraipena, iraupena.

Eusko Jaurlaritzak, bere lehentasunezko helburuen artean, gizarte-ekonomia osoaren sustapena jarri du, ez bakarrik sozietate horietan enplegu berria sortzeko fasean, bai eta sozietateen sendotze eta finkapenean. Horrenbestez, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak, dauzkan baliabideetatik abiatuta, 500 mila euro bideratu ditu laguntza-lerro berri bat sortzera, zertarako eta, haren jarraitutasuna onartuko duen bideragarritasun-diagnostiko batean oinarrituta, erakundeen iraupena ziurtatzeko epe labur eta ertaineko neurriak eta jarduketak proposatzeko. Krisi-egoeran dauden enpresetan esperientzia egiaztatua duten enpresek egin beharko dute azterlan hori.

Bestalde, EAEko Administrazio Publikoa, legez behartuta dago, halaber, enpresen krisi-prozesuetan murgilduta dauden gizarte-ekonomiako proiektuak lagundu, aholkatu eta babestera. Horrenbestez, agindu hau osatzen duten lerroen ohiko sortari enpresak aholkatzeko beste laguntza bat gehitu zaio, enpresa horiek, kaudimen gabe egonda, azken ahalegina egin ahal izan dezaten indarreko legediak ematen dizkien aukera guztiak baliatzeko, zorrak berriz negoziatu edo aurretiazko akordioak ezartzeko bidean. Alde horretatik, Gobernuak COVID-19aren ondoren jarduera judiziala suspertzeko premiazko neurriei buruzko 16/2020 Errege Lege-dekretua onartu zuen apirilaren 28an, zeinean berariaz adierazten baita kaudimenik gabe dauden enpresak ez direla behartuta egongo konkurtso-deklarazioa eskatzera 2020ko abenduaren 31 arte.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzunda, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikoetarako 2020. urtean emango dituen laguntzak arautzea, eta laguntza horietarako deialdia egitea. COVID-19aren krisiak eragindako kooperatiben eta lan-sozietateen enpresa-eskumenak lehengoratzeko eta hobetzeko laguntzak ere jasotzen dira.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko Kudeaketa Plana edo Aginte Koadro Integrala egitea eta ezartzea.

b) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurretik behar den azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, euren erakunde elkartuei bermeak emateko.

c) Kooperatibek eta lan-sozietateek merkataritza-kudeaketarako berariaz emandako aholkularitza.

d) Kudeatzailetzari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, kudeatzaileen edo zuzendarien egitekoetan laguntzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jardun-arloekin zerikusia duten zerbitzuak, profesionalizazioa areagotzen laguntzeko xedez, merkatuan lehiakortasunari eusteko eta lehiakorragoak izateko giltzarrietako bat delako.

e) COVID-19aren krisiak eragindako enpresen egoeraren diagnostikoa egitea, enpresa horiek lehenago zeukaten konkurrentzia-egoera berreskuratu eta hobetzeko neurri eta jarduketa erabakigarriak proposatzeko. Diagnostikoak ikuspegi orokorra izan beharko du, antolakundearen arlo guztiak kontuan hartuta (merkatua, produktua, estrategia, pertsonak, teknologia eta abar). Gomendatutako ekintzek merkatuaren, bezeroen eta errentagarritasunaren arteko koherentziari eutsi beharko diote, enpresen digitalizazioa hobetzeko neurriak dituztenek barne.

f) Enpresek ez badute kaudimenik, COVID-19aren ondoren jarduera judiziala suspertzeko premiazko neurriei buruzko 16/2020 Errege Lege-dekretuaren 11. artikulura (hartzekodunen konkurtso-deklarazioa egiteko eskabidearen araubide berezia) bildutako enpresentzako premiazko aholkularitza.

2.– Ekintzek 2020. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko zenbakiko b) letrako ekintzei dagokienez, honako hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek euren erakunde elkartuei bermeen prestazioa egingo dien erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Gehien jota, ekintzak 2021eko lehen seihilekoan bukatu behar dira.

4.– Erakunde eskatzaile bakoitzeko dirulaguntza bat baino ezingo da eman, eta diruz lagun daitekeen jarduera bakar bat egiteko baino ez, 55. artikuluan jasotako salbuespenarekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, zortziehun mila (800.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta hirurogeita bi mila eta bostehun (562.500) euroko ordainketa-kreditua 2020ko ekitaldirako, eta berrehun eta hogeita hamazazpi mila eta bostehun (237.500) euroko konpromiso-kreditua 2021eko ekitaldirako.

2.– Agindu hau betetzeko baliabide guztietatik, 200.000 euro 2.1.a), c) eta d) artikuluko jarduerei dagokienez onuradun direnen eskaerei erantzuteko erabiliko dira; 550.000 euro, 2.1.e) eta f) artikuluko jardueretan onuradun direnentzat izango dira; eta gainerako 50.000 euroak, azkenik, 2.1.b) artikuluari lotuta onuradun direnentzat.

3.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura hau izango da:

a) Bigarren artikuluko dirulaguntza-lerro bakoitzerako dauden baliabide ekonomikoak nahikoa badira balioetsi beharreko eskaerak betetzeko, deialdian laguntzen onuradun izateko aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten erakunde eskatzaile guztiei onartuko zaie dirulaguntza hori jasotzeko eskubidea.

b) Eskaera guztiak aztertu ondoren guztira eman beharreko kopurua handiagoa bada balia daitekeen kreditua baino, 2.1.b), 2.1.e) eta 2.1.f) letrei dagozkienak emango dira lehentasunez, eta murrizketa proportzional bakarra eta independentea egingo da aintzat hartutako gainerako eskaera guztientzat.

c) 2.1.b), 2.1.e) eta 2.1.f) kasuetan eman beharreko eskaerei aurre egitea ezinezkoa bada eskura dauden baliabideekin, murrizketa proportzional bakarra egingo da haientzat guztientzat. Gainerako eskabideei ezezkoa emango zaie, 1 zenbakian aipatutako zuzkidura amaitzeagatik.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskaera izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektronikoan egongo dira, honako helbide honetan: http://www.euskadi.eus/ayudas-asistencia-tecnica-en-economia-social-2020/web01-tramite/es

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– 2.1.a) eta c) artikuluan adierazitako jarduerak egiteko: azken bost urteotan eratu edo eraldatutako kooperatiba eta lan-sozietateek lor ditzakete, baldin eta erakunde aholku-emaile edo ordezkaritza duen gizarte-ekonomiako erakunde baten aholkularitza badute eta kudeaketarako tresna horiek ezartzeko laguntza publikorik jaso ez badute lehendik.

Jarduera horietan, gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-erakundeak ere hartu ahal izango dira erakunde onuraduntzat. Horretarako, euren enpresentzako baterako eskaera aurkeztu beharko dute, 2.1 artikuluaren a), eta c) letretan jasotako kudeaketa-tresnetako bat gauzatzeko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du diruz lagundutako jarduerak jasotzen dituzten erakunde elkartu edo federatuentzat, eta elkarte eskatzaileak berak ordainduko du Administrazioak bere gain hartu ez duen kostua.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-erakundeek ere lor ditzakete agindu honetako 2.1.b) artikuluan adierazitako jardueretarako laguntzak.

3.– 2.1.d) artikuluko jardueretarako, kooperatibek eta lan-sozietateek azken hamabost urtean eratuak eta eraldatuak izan beharko dute, eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko lehenago laguntza publikorik jaso gabe egon beharko dute.

4.– 2.1.e) artikuluan jasotako laguntzen ondorioetarako, honako baldintza hauek betetzen dituzten kooperatibak eta lan-sozietateak izango dira laguntzen onuradun:

– Bazkideen Liburuan, 2020ko martxoaren 14an, alta-egoeran gehienez 20 bazkide izatea. Agindu honen ondorioetarako, pertsona bazkideak hauek izango dira:

● Sozietate kooperatiboetan, kasuan kasuko kooperatiba motako berezko bazkide direnak. Bazkide langile edo lan-bazkide diren pertsonen kasuan, guztiak sartuko dira kopuruan, mugagabeak edo iraupen mugatukoak izan.

● Lan-sozietateetan, lan motako akzioak edo partizipazioak dituzten bazkideak baino ez dira kontuan hartutako ondorio hauetarako.

– Agindu honen ondorioetarako COVID-19aren krisiak eragindako enpresa izateko, 2020ko martxoaren 14 eta ekainaren 14 arteko hilabeteetan 2019ko irailaren 13 eta 2020ko martxoaren 13 (biak barne) arteko hilabeteetako batez besteko fakturazioaren aldean batez beste % 30 gutxiago fakturatu duten enpresak egokitu egingo dira.

5.– 2.1.f) artikuluan bildutako laguntzen ondorioetarako, kooperatibak eta lan-sozietateak onuradun izan ahal izango dira, baldin eta kaudimenik ez badute, eta COVID-19aren ondoren jarduera judiziala suspertzeko premiazko neurriei buruzko 16/2020 Errege Lege-dekretuaren 11. artikulura (hartzekodunen konkurtso-deklarazioa egiteko eskabidearen araubide berezia) bilduta badaude.

Kasu horretan, gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-erakundeak ere izan ahal izango dira onuradun. Horretarako, beren enpresa elkartuentzako eskaera bateratua aurkeztu beharko dute.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Baldintza hauek bete behar dituzte aurreko artikuluan adierazi diren kaudimen aitortuko aholkularitza-erakundeek –pertsona fisikoak edo juridikoak izan–:

a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea.

b) Jardueraren ardatza enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan, goi-mailako tituludunak izatea, batez ere gizarte-ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak. 2.1.e) eta f) artikuluaren ondorioetarako, krisi- eta zaurgarritasun-egoeretan dauden gizarte-ekonomiako enpresen azterketan esperientzia izatea egiaztatu beharko da.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea egiaztatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez. Betekizun hau ezin izango zaie ezarri 5.1 artikuluko erakundeei.

7. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrei dagokienez egunean egotea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

e) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

2.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

3.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke, hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

8. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar baimena ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak zuzenean lor ditzan administrazioak dauzkan edozein motatako dokumentuak, edo edozein administraziok egindakoak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko baldintzak betetzen direlako egiaztapena barne. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko.

3.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek espresuki onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/asistencia_tecnica_economia_social/web01-tramite/es

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

10. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskabidearekin batera, justifikazio-memoria aurkeztu behar da, bai eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehatza adierazi behar dira.

2.– Horretaz gain, 2.1.a), c), d), e) eta f) artikuluko jarduerei buruzko eskabideekin batera, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Agindu honen 5.1 artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, erakunde horrek agindu honetako 6. artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

b) 2019ko ekitaldiaren balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, zeinean esaten baitu ez daukala zuzenean edo zeharka akzio edo partizipazio bidezko loturarik aholkularitza-enpresarekin edo aholkulari den pertsona fisikoarekin.

3.– 2.1.b) artikuluaren kasuan, elkarteak emandako ziurtagiria, xedapen horrek arautzen duen zerbitzuaren antolaketa egiaztatzen duena.

4.– 2.1.e) artikuluaren kasuan, erakunde eskatzaileek honako dokumentazio hau gehitu beharko dute:

– Sozietateak emandako ziurtagiria, erakundeko bazkideak zehazten dituena: 2020ko martxoaren 14aren ondoren eta agindu honen 5.4 artikuluan zehaztutako baldintzak kontuan hartuz sinatuta.

– Diru-sarrerak galtzeagatik egindako eskabideetan, enpresak fakturazioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, agindu honen 5.4 artikuluan jasotako moduan.

5.– 2.1.f) artikuluaren kasuan, erakunde eskatzaileek erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen bat gehitu beharko dute, kaudimenik gabe daudela dioena.

6.– Artikulu honetako 4. zenbakian fakturazioari buruz jasotako dokumentazioa behin betiko aurkeztu eta baliozkotu beharko du diruz lagundutako jarduera egitearen ardura duen aholkularitza-entitateak, eta betiere aurkeztutako eskaerari buruzko ebazpena eman baino lehen.

– 2.1.e) artikuluaren kasurako, egiaztatu beharko du 5.4 artikuluan fakturazio-galerez adierazitakoa (gutxienez % 30) betetzen dela, zehaztutako aldian izandako BEZaz hilero egindako aitorpenak aurkeztuta.

– 2.1.f) artikuluaren kasurako, sozietatearen zorra eta kaudimenik eza erakutsi eta justifikatzeko memoria aurkeztu beharko du.

11. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2. artikuluaren a), c), e) eta f) letretako kasuei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundutako proiektua egiteko behar diren aholkularitza-gastuak izango dira. artikulu horren b) kasuari dagokionez, bermeak eratu aurretiko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egiteko behar diren gastuak. d) apartatuari dagokionez, aipatutako zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

2.– Zenbateko hauek egokituko zaizkie betekizunak betetzen dituzten eskabideei:

a) Agindu honen 2.1 artikuluko a) eta c) letretan aurreikusten diren ekintzetarako: kontsulta-jardueraren kostuaren % 75, gehienez ere sei mila (6.000) euro izanik zuzeneko erakunde onuradunarentzat, hamar bazkide baino gehiago baditu agindu honen 5.4 artikuluan ezarritako baldintzen arabera, eta hiru mila (3.000) euro, berriz, erakunde onuradunak hamar bazkide edo gutxiago baditu.

Ekintza horietan erakunde onuraduna 5.1 artikuluan zehaztu direnetako bat bada, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo da baterako eskabidean jasotako erakunde bakoitzeko, zenbaki horretako baldintza berak kontuan hartuta. Kontzeptu honegatik, erakunde onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.

b) Agindu honen 2.1 artikuluko b) letran adierazitako ekintzetarako: erakunde elkartu bakoitzari egiten zaion azterlanaren kostuaren % 75 –gehienez ere, hogeita bost mila (25.000) euro– erakunde onuradun zuzenarentzat.

c) Agindu honen 2.1 artikuluko d) letran adierazten diren ekintzetarako: kontratatutako pertsona edo erakundearen jardueraren kostuaren % 50, eta, gehienez ere, hamar mila (10.000) euro erakunde onuradun zuzenarentzat.

d) Agindu honen 2.1 artikuluko e) eta f) letretan aurreikusten diren ekintzetarako: kontsulta-jardueraren kostuaren % 100, gehienez ere sei mila (6.000) euro izanik zuzeneko erakunde onuradunarentzat, hamar bazkide baino gehiago baditu agindu honen 5.4 artikuluan ezarritako baldintzen arabera, eta hiru mila (3.000) euro, berriz, erakunde onuradunak hamar bazkide edo gutxiago baditu.

13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ez eta agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batetik edo batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– Agindu honetako edozein laguntza ezin bateratuzkoa da Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak 2020ko ekitaldiko deialdirako Gizarte Ekonomian Ekiteko Aginduaren barruan kudeatzen dituenekin.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoa bete dadin, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala egokituz gero, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) 2.1.e) artikuluan bildutako jardueren kasuan, lehendabiziko ordainketa (dirulaguntza osoaren % 75), ematea jakinarazi eta hamabost egun igaro ondoren, espresuki uko egin ez bazaio. Gainerakoa, % 25, diruz lagundutako ekintzak amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da.

b) Gainerako jardueretan, lehendabiziko ordainketa (dirulaguntza osoaren % 60), ematea jakinarazi eta hamabost egun igaro ondoren, espresuki uko egin ez bazaio. Gainerakoa, % 40, diruz lagundutako ekintzak amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da.

2.– Dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, izandako gastua justifikatzeko dokumentazioa eta memoria aurkeztu beharko ditu erakunde onuradunak, diruz lagundutako jarduerari egotzitako fakturen benetako kopia elektronikoen bidez. Egindako lanen kopia ere aurkeztu beharko dute.

3.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita, eta betiere 2021eko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

4.– Dirulaguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako kostu errealekin, eta ordaindutako jatorrizko faktura edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.

16. artikulua.– Dirulaguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, batez ere, horrekin batera, eskuratzen badira beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk, aldatu ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena; dena dela, arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarrikoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio entzunaldirako, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilean ebatzi behar da.

c) Borondateko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Minimis araua.

Agindu honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013/12/24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Laguntza-eskaera egiten duenak deklaratu egin beharko ditu dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk, zertarako eta minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzeko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 23a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala