Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2020ko uztailaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2587

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30ean egin zuen bileran hartutako Erabakiaren bidez, toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia onartu du, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan. Aipatutako deialdia, 2020ko ekainaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez aldatu zen. Lanbideren Estatutuen 10.2.p) artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua), erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea toki-erakundeek Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan gazteak kontratatzeko laguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 30eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu du deialdia. Deialdi hori 2020ko ekainaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez aldatu zen eta ebazpen honen eranskinean jasotzen da.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
TOKI-ERAKUNDEEK, GAZTE ENPLEGURAKO 2014-2020 PROGRAMA OPERATIBOAREN ESPARRUAN, GAZTEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2020KO EKITALDIKO DEIALDIA

Euskadin, Europar Batasun osoan bezala, beharbada gazteak izan dira krisiaren ondorio zuzenak gehien pairatu dutenak, lan-aukerak murriztu baitzaizkie, eta, batik bat, aukera erakargarri eta kalitatezkoak. Ondorioak, ordea, ez dira enpleguaren esparrukoak soilik, gazteen gizarteratzea eta bizi-proiektuen garapena ere baldintzatzen baititu egoera horrek.

Langabezian bizi duten egoera ez da homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira gazteen egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute, eta beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Horrenbestez, dagokion irtenbidea eman behar zaio egoera bakoitzari.

Eurostat erakundeak 2019ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,10ekoa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2019ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 17,10eko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 41,10ekoa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 69,20koa da.

Gazteen Enpleguaren Ekimena, lanik ez duten gazte guztientzat eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat dena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EB 1304/2013 Erregelamenduan, 2013ko abenduaren 17koan, araututa dago, eta kolektibo horretako langabeziaren egitura-arazoari aurre egiteko Europar Batasuneko ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen horretan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat da.

Enpleguaren Europako Estrategiarekin konprometitutako erakundea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; eta, erreferentzia hori oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 (http://www.euskadi.eus) antolatu du, erronka hauei aurre egiteko, besteak beste: aukera-berdintasuna, gazteen enplegua osotasunean garatzea, eta gure gazteei lanaren arloan eta garapen pertsonalean aukerak ematea. Alde horretatik, deialdi honen helburua da ikasketak amaitu ondoren edo langabezian geratu ostean lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta, horretarako, haien prestakuntzaren araberako enpleguak ematea.

Toki-erakundeek beren eskumenak eta aukerak baliatu behar dituzte produkzio-sistemaren, enpresen eta langileen, premiei erantzuteko; beraz, arreta berezia jarri behar dute enplegurik ez dutenengan eta, batez ere, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonengan.

Europar Batasuneko Lurralde Agentziak adierazten duen moduan, lurralde-kohesioa indartzea da Europar Batasunaren helburuetako bat, eta, xede hori lortuko baldin bada, berariaz lagundu behar dira langabezia-tasa handiak dituzten eremuetan edo zailtasunak dituzten sektoreekiko mendekotasun handia duten eremuetan enplegua sustatzeko tokiko proiektuak, lurralde-desorekarik izan ez dadin enpleguaren alorrean.

Horrenbestez, langabezia-tasa handiak dituzten udalerriei zuzendutako deialdia da hau; zehazki, 2020 urtarrilean langabezia-tasa hau duten udalerriei: 30 urtetik beherako gazteen artean langabezia-tasa % 13koa edo handiagoa, eta adin-tarte horretako 10 pertsona edo gehiago langabezian egotea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-eskatzaileen estatistika fitxategiaren datuen arabera. Udalerri horiez gainera, onuradun dira hiru lurralde historikoetako hiriburuak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30ean egindako bilkuran, toki-erakundeek, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan, gazteak kontratatzeko laguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia onartzen du. Hona deialdiaren ezaugarriak:

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazteen Bermeko Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik emango zaizkien laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, lanbide-eskarmentua eskuratu eta gazte horien enplegagarritasuna sustatzeko neurriak baitira kontratazioak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 6.500.000 euro erabiliko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2020ko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, 32110-Enplegua programan.

Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbateko hori edo zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena, aurrekontu-aldaketarik onartzen bada indarreko legeekin bat. Eguneratzerik izanez gero, argitara eman behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.

2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen baitan diruz lagundutako lan-kontratuak finantzatzen, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

3. artikulua.– Laguntzen gehieneko zenbatekoen banaketa.

1.– Deialdi honetako I. eranskinean ezarrita dago nola banatzen den gehieneko aurrekontua toki-erakundeen artean.

2.– Ezertan eragotzi gabe aurreko paragrafoan ezarritakoa, udalerriren bateko kontratazioengatik emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sobera dauden funtsak erabili ahal izango ditu zenbait toki-erakundetako kontratazioak finantzatzeko, baldin eta toki-erakunde horiek esleitu zaien baino dirulaguntza handiagoak eskatu bazituzten eta kontratazioak finantzatu ezinda geratu baziren. Soberako funtsak 10.2 artikuluak xedatutakoaren arabera banatuko dira.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honetan, gazteekin egindako lan-kontratuak lagunduko dira diruz, baldin eta 6. artikuluan arautzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Toki-eremuak sustatutako kontratuak izan behar dute, eta zuzenean egingo dituzte dirulaguntzen onuradun diren udalek edo toki-garapeneko agentziek.

Kontratuak 2020ko azaroaren 28a baino lehen hasi beharko dira.

Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko web-orriak (www.lanbide.euskadi.eus) eguneratua izango du erakunde laguntzaileen zerrenda, kontsultatu ahal izateko.

2.– Baldintza hauek bete behar dituzte kontratazioek:

a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.

c) Kontratu horiek 8 eta 12 hilen bitarteko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatekoak izan daitezke, prestakuntza eta ikaskuntzakoak eta praktika-kontratuak izan ezik.

d) Lanaldi osoko kontratuak izan behar dute.

e) Kontratatutako pertsonak bere kualifikazio-mailari dagokion lanpostu bat bete behar du.

3.– Kontratazioek barnean hartuko dituzte kontratatutako langilearen ordainsari gordina, Gizarte Segurantzaren kotizazioa, enpresaren kargura izango dena, eta kontratu-amaierako kalte-ordainak. Horrenbestez, kontratazioek soldata-kostu hauek izango dituzte, gutxienez, kontratatutako langilearen kualifikazio-mailaren arabera:

(Ikus .PDF)

Aldi baterako ezintasunak edo amatasun- edo aitatasun-baimenak eragindako bajen ordezkapenen kasuan, ordezkatuaren soldata-kostua ere konputatuko da kontratazioaren soldata-kostua zehazteko.

4.– Ez zaie dirulaguntzarik emango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdietan diruz lagundutako jarduerei lotuta formalizatutako lan-kontratuei.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, I. eranskinean zerrendatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak edo horien mendeko toki-garapeneko agentziak, baldin eta nortasun juridikoa badute.

Langabeziaren eragina bereziki nozitu duten udalerriak dira; haietan, 2020ko apirileko datuen arabera, 30 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 13koa edo handiagoa zen, eta adin-tarte horretako 10 pertsona edo gehiago zeuden langabezian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa erregistratutako langabeen estatistika-fitxategiaren datuen arabera. Udalerri horiez gainera, onuradun dira hiru lurralde historikoetako hiriburuak.

Erakunde bakar bat izan daiteke onuradun udalerri bakoitzean, hau da, udala lehentasunez, edo toki-garapeneko agentzia. Toki-garapeneko agentziaren jarduera-eremua udalerri bat baino gehiagokoa baldin bada, dirulaguntzen onuradun izan daiteke udalerri horietan erroldatutako pertsonei egindako kontratuengatik eta udalerri bakoitzari esleitu zaion aurrekontuaren mugaraino, baldin eta udalek ez baldin badute dirulaguntzarik eskatu.

2.– Erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai laguntza ematerakoan bai ordainketak egiterakoan, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko; izan ere, betetzekoa izango da, alde horretatik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikulua.

Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

6. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.

Baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:

a) 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

b) Enplegu-eskatzaile izan behar dute, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izan behar dute.

c) Gazteen Bermerako Sisteman inskribatuta egon behar dute.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizi behar da, eta, zehazki, dirulaguntzaren eskabidean adierazitakoan.

Kontratazio-unean bete behar dira a), b) eta d) letretan arautzen diren baldintzak, eta kontratua abiatu aurreko egunean bete behar da c) letran arautzen dena.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Hauek izango dira dirulaguntzen zenbatekoak, kontratatutako pertsonen kualifikazio-mailaren eta kontratuen iraupenaren arabera:

(Ikus .PDF)

8. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Erakunde onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde autonomoari jarduera hau egiten laguntzen dioten erakundeek erregistratu egin behar dituzte enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak, eta, hartara, identifikatuta geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira eskaintzak.

3.– Hautaketa-prozesuan, lehentasun-ordena hau beteko du toki-erakundeak:

a) DSBE prestazioaren titularrak edo onuradunak.

b) 30 urteko adinetik gertuen dauden pertsonak.

c) 6. artikuluko baldintzak betetzen dituzten gainerako gazteak.

4.– Hautaketa-prozesuaren akta egingo du erakunde onuradunak, eta prozesuan emakume baten parte-hartzea bermatzen ahaleginduko da; hala lortu ezean, zergatia azaldu beharko du.

9. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dira. Honako esteka honetatik sar daiteke bertara: https://euskadi.eus. Gainera, sarbide-esteka bat egongo da Lanbideren webgunean bertan.

Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus

Izapideak modu elektronikoan egiteko argibideak helbide honetan aurki daitezke: https://www.euskadi.eus

2.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Toki-eremuko kontratazio-plana. Deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini behar du kontratazio-planak, eskabide-ereduan zehaztutako moduan. Kontratu baterako baino gehiagotarako eskatzen baldin bada dirulaguntza, haien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da.

Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.

b) Memoria ekonomikoa, kontratazio-plana gauzatzeko gastuei buruzko datuak jasoko dituena.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

10. artikulua.– Ebazpena emateko, prozedura izapidetzeko, instrukzioa egiteko eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko organo eskuduna.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutako kontratazio-planak eta memoria ekonomikoak deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, udalerri bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta kontratazio bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako kontratazioen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

Udalerriren batentzat erreserbatutako aurrekontuan soberako funtsik izanez gero, beste toki-erakunde batzuetako kontratuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak; deialdi honetako 3. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Soberako funtsak nola erabili zehazteko, I. eranskinean ezarritako udalerrien lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, hau da, kontuan hartuko da zein den gazteen langabezia-indizea 2020ko urtarrilean.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen denetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

4.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera emango diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsaren kofinantzazioa izan dela, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

Halaber, dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.

11. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita, eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 17. eta 18. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia izan bada probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Kontratatutakoa ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta, haren ordez, deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako dirulaguntza handituko.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa, ordainketa eta likidazioa.

1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, diruz lagundutako azken kontratazioa hasi aurreko 5 egun balioduneko epean, eta honako dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

a) Kontratatutako langileen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eskuragarri jarritako eredu normalizatuan emana.

b) Lan-kontratuen kopia eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako komunikazioa.

c) Kontratatutako pertsonen hautaketari dagokion akta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo bere erakunde laguntzaileak igorritako pertsona langabeen zerrenda. Aktak egiaztatu behar du hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek parte hartu duela. Emakumerik parte hartzen ez baldin badu, ezinezkoa zela justifikatzeko arrazoiak azaldu behar dira.

d) Europako Gizarte Funtsaren eta Gazte Enpleguko Ekimenaren baterako finantzazioaren berri eman izana kontratatutako langileari.

e) Erakundearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 4.4 artikuluan araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.

f) Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.

2.– Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta beren kualifikazioari dagozkion lanpostuak betetzen dituztela. Kontratatutako pertsonen kualifikazio-maila bat etorriko da erakundeak aurkeztutako eta dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.

3.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta amaierako likidazioa egiteko, toki-erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte, egindako kontratu guztiak amaitu ondorengo hilabetean eta, betiere, 2021eko abenduaren 17a baino lehen:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:

– Kontratatu diren pertsonek egindako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonen xehetasunak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera emandako eredu normalizatuaren arabera emanak.

b) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

4.– Ez baldin bada dokumentazio hori aurkezten araututako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada diruz lagundutako kontratuen soldata-kostua txikiagoa dela 4.3 artikuluan ezarritakoa gutxienekoa baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 18. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo haren erakunde laguntzaileren bati.

b) Arau honen 12. artikuluko 1. puntuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 5 egun balioduneko epean.

c) Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 11. artikuluko 1. apartatuak arautzen duen moduan.

e) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute erakunde onuradunek, eta kontularitza-kode berariazko baten bidez kontabilizatu behar dute dirulaguntza eman zaiela eta kobratu dutela, diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.

j) Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren eta Gazte Enpleguko Ekimenaren kofinantzazioa duten aldetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17ko bilkuran onartu zuen 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak araututako epean gorde behar dira egiaztagiriak (eta dokumentu elektronikoak), hau da, 2025. urtera arte.

k) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko betebeharrak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan eta elkarrizketetan.

– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin behar da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Babesletza.

Erakunde onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Zehazki, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan Gazte Enpleguko Ekimenaren kofinantzazioa aipatu beharko da, esaldi honen bidez: «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatu egingo ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio betebehar hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, eta jokabide hori zuzendu ezean, laguntza osoa itzularazteko erabakia har daiteke.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren identifikazio grafikoa erantsi behar da komunikazio-ekintza eta jakinarazpen guztietan.

Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu behar dituzte pertsona onuradunak eta, oro har, herritarrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren Gazte Enpleguko Ekimenaren ekarpenaz ohar daitezen.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta, itzuli beharrekoak, dirulaguntzako zenbatekoak gehi dirulaguntza ordaintzeko unean dauden legezko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea LANBIDE da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak erabiltzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.lanbide.euskadi.eus/general/-informacion/condiciones_de_uso_y_politica_de_privacidad/

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

Europako Gizarte Funtsak eta Gazte Enpleguko Ekimenak kofinantzatuak direnez, dirulaguntza hauei xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamendua (EB); Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa, eta ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagundu ditzakeen gastuak zehazten dituena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala