Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2020ko uztailaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2585

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 25ekoa, Osasuneko sailburuordearena, 2020ko uztailaren 12rako deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako jarraibide sanitarioak argitaratzen dituena.

2020ko uztailaren 12rako deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak larrialdi sanitario akutu bat gainditu ondoren egingo dira, COVID-19aren hedapenaren ondoren. Eratorri den egoera honetan, prebentzioagatik, beharrezkoak diren osasun publikoko neurriak kontuan hartu behar dira hauteskundeen antolaketan.

Horretarako, Osasuneko sailburuordeak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko jarraibide sanitarioei buruzko ebazpena eman zuen 2020ko ekainaren 1ean. Ebazpen horretan, konfinamendua arintzeko planetan jasota zegoena hartu zen kontuan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak, 2020ko ekainaren 8an egin zuen bilkuran, aipatutako irizpide sanitarioak onartzea eta Hauteskunde Batzorde Nagusira bidaltzea erabaki zuen, jakinaren gainean egon zedin eta, hala bazegokien, balora zitzan. Hauteskunde Batzorde Zentralak, 2020ko ekainaren 11ko 88/2020 Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen erabakiaren berri izan zuen, eta honako iradokizun hauek egin zituen: 1) Hirugarren apartatuan, posta bidezko botoari buruzko jarraibideei buruzkoan, ahalorde-emaileak, beste edozein pertsonak bezala, maskara nahitaez erabiltzea baloratu beharko litzateke 3. puntuan. 2) Zazpigarren apartatuan, mahaiko zenbaketari, ondorengo eragiketei eta zenbaketa orokorrari buruzko jarraibideei buruzkoan, 4. puntuan –maskara eta eskularru mota jakin batzuk gomendatzen diren neurrian–, baloratu behar da baliabide horiek Eusko Jaurlaritzak berak eman diezazkiela aipatu jardueretan parte hartzen dutenei.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak, 2020ko ekainaren 24an, erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzea Hauteskunde Batzordeak ikus-onetsitako jarraibide sanitarioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, Hauteskunde Batzorde Zentralak egindako iradokizunekin batera. Argitalpen ofizialaz gain, Segurtasun Sailari agintzen dio hauteskunde-batzordeen artean zabal dezala eta hauteslekuetan agerian eta erraz ikusteko moduan jar dezala.

Lehendakariaren ekainaren 18ko 14/2020 Dekretuak konfinamendua arintzeko planaren 3. fasea gainditu dela deklaratzen duenak, indargabetuta utziko ditu alarma-egoeraren esparruan hartutako neurriak, eta ezartzen du 2020ko ekainaren 19ko 00:00etan hasiko dela «normaltasun berria» Dekretu horren 4. artikuluak EAEko agintari sanitarioei pandemiari aurre egiten eta hura kontrolatzen jarraitzera bideratutako prebentzio-neurriak hartzeko ahalmena ematen die, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-Dekretuan xedatutakoaren esparruan.

Helburu horretarako eman da 2020ko ekainaren 18ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Agindu horretan xedatutakoaren esparruan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren erabakiak kontuan hartuta, jarraibide horiek egokitu eta ofizialki argitaratzen dira.

Jarraibide horien helburu nagusia zenbait baldintza sortzea da, osasun publikoa zainduz herritarrek sufragio-eskubidea berme guztiekin erabili ahal izan dezaten, epidemiak unean uneko baldintzen arabera sortu duen arriskua minimizatuz.

Jarraibide hauek osatu egiten dute 2020ko ekainaren 18ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Beraz, beharrezkoa da beste ebazpen bat ematea, agintari sanitarioek eta hauteskunde-administrazioak onartutako jarraibideei publizitatea emateko, Hauteskunde Batzordeek erabakitakoari jarraikiz eta Osasuneko sailburuak normaltasun berrirako emandako jarraibideen osagarri gisa.

Apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuan, Osasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeari buruzkoan, zehazten diren eskumenen arabera, 9.1.q) artikuluak osasun publikoaren eremuko alerta-egoera ororen aurrean jarduketa sanitarioak koordinatzeko eginkizuna esleitzen dio Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari; eta 9.1.l) artikuluak, berriz, agintari sanitario gisa, indarreko legedian xedatzen diren administrazio-eskumenak erabiltzea, hauek guztiak gauzatu ahal izateko: kontrol sanitarioa eta erregistroa, arriskuen ebaluazioa eta esku-hartze publikoa elikadura-higienean eta -segurtasunean, edateko uren kalitatean, ingurumenaren osasungarritasunean, bioziden arloan, hondakin sanitarioen kudeaketan, eta osasun publikoaren babesarekin zerikusia duten gainerako jardueretan.

Osasun Sailburuordetzaren 2020ko martxoaren 13ko Ebazpenaren bidez, Osasuneko sailburuordeak bere gain hartu du Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari agintari sanitario gisa esleitutako ahalmenak baliatzea, hau da, jarduera sanitario guztiak koordinatzea osasun publikoaren arloko alerta-egoera guztien aurrean.

Hori dela eta, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2020ko uztailaren 12rako deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak eta Hauteskunde Batzorde Zentralak onartu eta Osasun Sailburuordetzak ezarritako jarraibide sanitarioak argitaratzea.

Bigarrena.– Osagarritasuna.

Jarraibide hauek osatu egiten dute 2020ko ekainaren 18ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 25a.

Osasuneko sailburuordea,

IGNACIO JESÚS BERRAONDO ZABALEGUI.

ERANSKINA
2020KO UZTAILAREN 12RAKO DEITUTAKO EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK EGITEKO JARRAIBIDE SANITARIOAK

Lehenengoa.– Hauteskunde-kanpainako ekitaldietarako tokiei eta horiek egiteko moduari buruzko jarraibideak.

1.– Udalek hauteskunde-kartelen kokalekuak eta kanpaina-ekitaldietarako lokal eta leku publikoak zehazteko, udalerri bakoitzean dauden baliabide arruntak hartuko dira kontuan. Hala ere, indarrean dagoen araudiak eta agintari sanitarioek baldintza higieniko-sanitarioei eta pertsona kopuruari buruz xedatutakoak baldintzatuko du horien erabilera eraginkorra.

2.– Alderdi politikoek hauteskunde-kanpainako ekitaldi publikoak egokitu egin beharko dituzte, pertsona kopuru jakin bat baino gehiago biltzen dituzten ekitaldi publikoei buruz araudiak eta agintari sanitarioek unean-unean ezartzen dituzten betebeharren arabera. Babes kolektibo eta indibidualeko neurriak hartzea inolaz ere eragotzi gabe, behar diren egokitzapenak egingo dira ekitaldien antolaketari dagokionez (sarbideak, fluxuak, bertaratutakoak eserita edo elkarrengandik urrun jartzea eta irteerak), edukierak baimentzen duena baino pertsona gehiago aldi berean kontzentratzeko arriskua saihestu eta gutxieneko segurtasun-distantziak errespetatu daitezen.

3.– Hauteskunde-ekintzetan, honako hauek saihestuko dira:

a) Kontaktu pertsonala, une oro ezarritako segurtasun-tartea mantenduz.

b) Edozein objektu edo liburuxka eskura ematea.

4.– Ekitaldien antolatzaileek edo udalek, ekitaldiak baimentzean, horiek egiten diren espazio eta tokiak garbitu eta desinfektatzeaz arduratuko dira, indarrean dagoen araudian eta agintari sanitarioen jarraibideetan ezarritakoaren arabera.

5.– Lokal itxietan egiten diren hauteskunde-ekintzei dagokienez, gel hidroalkoholiko birizida baimenduak jarri beharko dira sarreran, erabiltzeko moduan beti, eta, lokalaren irteeran, eskuz eragiten ez den paperontzi tapadunak jarriko dira, zabor-poltsarekin.

Bigarrena.– Hauteskunde-mahaien eraketari, kokapenari eta barne-antolaketari buruzko jarraibideak.

1.– Hauteskunde-atalak, -lokalak eta -mahaiak zehaztean, saihestu egin behar da adineko pertsonen egoitzetan edo epe luzeko zaintzarako establezimenduetan dauden hauteskunde-lokalak erabiltzea, edo, hala badagokio, bermatu behar da ez direla sarbideak partekatzen, eta barruko pertsonekiko edo egoiliarrekiko isolamendua erabatekoa dela.

2.– Gela berean hauteskunde-mahai bat baino gehiago egonez gero, bi metroko tartea bermatu behar da.

3.– Mahaia osatzen duten pertsonek maskarak izango dituzte eta horien posizioak elkarrengandik 1,5 m-ko distantziara egongo dira, gutxienez.

4.– Hautetsontziak eta altzariak hauteskunde-mahaiak dauden aretoen barruan kokatzeko orduan, aipatutako distantzia fisikoa errespetatu beharko da.

5.– Hautesle bakoitzak bere txanda itxaroteko tokia behar bezala seinaleztatuko da lurrean markekin, dagokion distantzia bermatzeko.

6.– Bozketa-kabinen kokapena elkarrengandik eta hauteskunde-mahaitik behar bezala urrundu behar da, isolatzeko gortina bereizlea manipulatu behar izan gabe.

7.– Antolakuntza-neurriak hartu beharko dira boto-emaileen hauteslekurako sarbidea, barruko fluxua eta irteera modu ordenatuan egiten direla bermatzeko, pilaketarik egon ez dadin eta beharrezkoak diren distantziak egon daitezen saiatzeko. Lokaletik kanpo edo lokalean zain dauden pertsonen artean segurtasun-tarteak beteko direla ziurtatzeko, lurrean zintak edo banantzeko seinaleak jartzea gomendatzen da.

8.– Sarrerak eta irteerak antolatu egingo dira, hauteslekuetan eta horien inguruan jendea elkartzea saihesteko. Ilarak sortuz gero, lehentasuna emango zaie hautesle zaurgarriei, 65 urtetik gorako pertsonei edo haurdun dauden emakumeei, bozketa-mahaietan ahalik eta denbora gutxien pasa dezaten; esate baterako, ilara bereiziak sortzeko aukera emango zaie edo dagozkien moldaketak egingo dira.

9.– Hauteslekuan ahalik eta denbora gutxien egoteko neurriak hartuko dira; esate baterako, botoa ematera joan aurretik, errolda-txartela berrikustea gomendatuko da; hauteslekuan seinale argiak jarriko dira, eta hauteskundeetako laguntzaileek boto-emaileari beren mahaira joaten lagunduko diote; boto-emailea, botoa eman aurretik edo ondoren, taldetan ez elkartzera, elkarri eskurik ez ematea edo lokalaren barruan geldirik ez geratzera animatu behar da.

Hirugarrena.– Posta bidezko botoari buruzko jarraibideak.

1.– Posta bidez botoa emateko jarduketetan, presentzialki egiten direnean, indarrean dagoen araudiak ezarritako jarraibideen arabera jardungo da, baita agintari sanitarioen jarraibideen arabera ere, Hauteskunde Batzorde Zentralaren 2020ko maiatzaren 28ko Erabakian xedatutakoa kontuan hartuta.

2.– Egoitza soziosanitarioetan bizi direnek eta eskaera hori ahaldun bidez egin dezaketen gainerako pertsonek posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatu nahi badute, hautesleari eta botoa formalizatzen laguntzen diotenei dagozkien babes-ekipoak, segurtasun-distantziak eta higiene-neurriak bermatuko zaizkie.

3.– Aurreko atalean aipatzen diren posta bidezko boto-eskaerak ahalduntzeko notarioaren esku-hartzea egiteko orduan, maskara eta eskularruak erabili beharko dituzte fede-emaileak, ahalorde-emaileak, ahaldunak, lekukotasuna ematen dutenek edo ekitaldi horretan dagoen beste edozein pertsonak, egoitza soziosanitarioetan edo etxe partikularretan agertzen direnean.

Laugarrena.– Higiene-jarraibideak hauteslekuetan.

1.– Oro har, indarrean dagoen araudiak ezarritako jarraibideei eta agintari sanitarioen jarraibideei jarraituko zaie.

2.– Bozketa egin aurretik, hauteskunde-egunean erabiliko diren hauteslekuetako instalazioak garbitu eta desinfektatu egingo dira. Lan horiek hauteslekua instalatu ondoren egingo dira, dagokien materialarekin (hautestontziak, kabinak, mahaiak eta abar).

3.– Bozketaren egunean, hauteslekuak aireztatuta egongo dira, eta tarteka garbituko dira mahaiak, hautestontziak eta kabinak, baita komunak, ateak, eskubandak eta maiz ukitzen diren beste gainazal batzuk ere.

4.– Hauteskunde-mahaiak ixtean, hauteskunde-lokalen garbiketa eta desinfekzioa bermatu beharko da.

5.– Mahaikideek, kontu-hartzaileek eta ahaldunek, eta hauteskundeen zerbitzura dauden gainerako langileek, instalazioetako komunak erabili ahal izango dituzte. Beste inork ez ditu komunak erabiliko, behar-beharrezkoa denean izan ezik. Komunak bozketa-egunaren bezperan desinfektatuko dira eta xaboia, ura eta lehortzeko materialak izango dituzte.

6.– Hauteskunde-mahaietan birusen aurkako gel hidroalkoholikoak edo desinfektatzaileak jarriko dira mahaiko langileentzako, ikuskatzaileentzako, ahaldunentzako eta hauteskundeetako langileentzako.

7.– Hauteslekuetan edukiontziak eta paperontziak egon beharko dira, zapiak eta behin erabiltzeko beste edozein material bota ahal izateko.

8.– Hauteslekuetara leku seinalatu eta irisgarri batetik sartzean, birusen aurkako gel hidroalkoholikoak edo desinfektatzaileak egon beharko dira, erraz ikusteko moduan eta erabilera handiko guneetan lekuetan. Baita zapiak eta erabili eta botatzeko beste edozein materialentzako zaborrontziak ere.

Bosgarrena.– Mahaikideak eta gainerako hauteskunde-langileak babesteko jarraibideak.

1.– Mahaikideen artean, oro har, beste atal batzuetan adierazitako gutxieneko distantzia errespetatzeko ahalegina egingo da.

2.– Berariaz aurkakoa adierazi ezean, hauteskunde-mahaietako kideek, kontu-hartzaileek, ahaldunek eta administrazioko ordezkariek maskara kirurgikoak edo arnas-babes baliokidea edo handiagoa dutenak eraman beharko dituzte.

3.– Gomendagarria da eskuak maiz garbitzea, bai komunetan, bai norberaren eskura dauden higiene-instalazioetan, bai bozketa-mahaietan egongo diren gel hidroalkoholiko edo desinfektatzaile birizidak erabiliz.

4.– Botoa emateko kredentzialak edo hauteslearen bozketarako gutun-azala manipulatzea saihestuko da, premiazkoa ez denean.

5.– Hartutako neurrien berri emango zaie mahaikideei eta administrazioko ordezkariei, baita neurri horiek babesteko eta norberaren garbitasunerako jarraitu beharreko gomendioen berri ere.

6.– Mahaikideei eta administrazioko ordezkariei maskarak eta eskularruak emango zaizkie.

Seigarrena.– Hautesleentzako jarraibideak.

1.– Bozkatzeko uneko baldintzen arabera agintari sanitarioek ematen dituzten jarraibideei eta gomendioei jarraikiz, hauteslekuetan gizalegez eta arduraz bozkatzeko jarraitu beharreko jarraibideak eta urratsak jakinaraziko zaizkio hautesleari.

2.– Informazio hori modu argi eta ulergarrian emango da, eta unean-unean gomendatzen diren higieneko, autobabeseko eta pertsona arteko distantziari buruzko jarraibideak nabarmenduko dira, horiek bozketa-prozeduran zer-nola txertatu diren adierazita. Hauteslekuetan kartelak jarriko dira, gomendio sanitarioekin.

3.– Gomendagarria da bozketa-mahaiak dauden aretoetan bozkatzeko zain dauden hautesleak ez pilatzea, eta hautesleak botoa emateko behar-beharrezkoa den denbora baino ez ematea hauteslekuan.

4.– Komenigarria da hautesleak, etxetik irten aurretik, errolda-txartelean bere lokala, atala eta mahaia kontsultatzea; bere dokumentazioa prestatzea eta boto-papera duen gutun-azala eskura izatea. Ilararik egon ez dadin, komenigarria litzateke boto-emaile gehien bertaratzen diren orduak saihestea.

5.– Hautesleek beraiekin eramango dituzte babes-maskarak, eta erabili egingo dituzte; halaber, bozketan indarrean dauden jarraibideak beteko dituzte. Hautesleak une batez aurpegiko maskara kendu ahalko du, hauteskunde-mahaiak bere identitatea ezagutu ahal izateko, segurtasun-tartea une oro mantenduz.

6.– Hautesleek agintari sanitarioek ezarritako jarraibideei edo gomendioei jarraitu beharko diete, batez ere higieneari, distantzia pertsonalari eta maskarak erabiltzeari dagokienez, baita hauteslekuetako sarbideen eta fluxuen kudeaketari buruz jasotzen dituzten jarraibideei ere.

7.– Hauteslekuen sarreran gel hidroalkoholiko edo desinfektatzaile birizidak jarriko dira, eta hautesleek lokaleko sarreran eta irteeran erabiliko dituzte. Hauteslekutik ateratzean, zabor-poltsadun edukiontziak jarri behar dira, eskularruak, maskarak edo erabilitako paperezko zapiak zein erabili eta botatzeko bestelako materialak uzteko.

8.– Hauteskunde-lokaleko seinaleztapenak albait argiena izan behar du, boto-emaileak orientatzeko eta, hartara, ahalik eta denbora gutxien igaro dezaten barruan, zirkulazio ordenatua bermatze aldera.

9.– Hauteskunde-mahaiak dauden geletan, saihestu egin behar da pertsonen arteko distantziak errespetatuz sartzen diren hautesleak baino gehiago egotea. Lokaletik kanpo edo lokalean zain dauden pertsonen artean segurtasun-tarteak beteko direla ziurtatzeko, lurrean markak jartzea gomendatzen da, balizen, kartelen eta seinaleen bidez.

10.– Hauteslekuaren barruan, hautesleak ezarritako segurtasun-tartea errespetatu beharko du, eta hauteskunde-mahaian dauden pertsonekiko kontaktu fisikoa minimizatu. Era berean, ez du luzatuko hauteslekuaren barruko edo inguruko egonaldia, bozkatzeko behar duen denboraz haratago, eta saiatuko da irteeran edo hauteslekuaren inguruan taldeak edo aglomerazioak ez sortzen.

11.– Ahaleginak egingo dira mahaiburuari dokumentazio pertsonala edo botoa emateko gutun-azala fisikoki ez emateko, nahikoa izango baita hori erakustea.

Zazpigarrena.– Mahaiko zenbaketari, ondorengo eragiketei eta zenbaketa orokorrari buruzko jarraibideak.

1.– Mahaiburua arduratuko da, zenbaketan parte hartu behar duten pertsonez gainera, boto-kontaketan parte hartzen duten pertsonen kopuruak lokalaren edukiera ez gainditzeaz, ebazpen honetan gomendatutako segurtasun-distantziak kontuan hartuta.

2.– Botoak zenbatzeko lanetan parte hartzen duten pertsonak gomendatutako distantzia eta aurreko ataletan aipatutako neurri higieniko-sanitarioak mantentzen saiatuko dira. Horretarako, egokia da FFP2 motako partikuletarako maskara autoiragazleak eta nitrilozko eskularruak erabiltzea.

3.– Hauteskundeetako gutun-azalak lehen instantziako epaitegietan eta bake-epaitegietan entregatzean eta jasotzean, orobat hauteskunde-batzordeen ondorengo entrega fisikoan, gomendatutako distantzia betetzen dela eta maskarak erabiltzen direla ziurtatu behar da, baita, gutxienez, eskuak garbitzeko gomendioak ere.

4.– Lurralde Historikoko Hauteskunde-Batzordeetako boto-zenbaketa orokorrean mahaiko boto-zenbaketaren jarraibide berberak jarraituko dira. Eragiketa horretan hauteskunde-dokumentazioa manipulatu behar duten pertsonentzat egokia da FFP2 motako partikuletarako maskara autoiragazleak eta nitrilozko eskularruak erabiltzea. Baliabide horiek hauteskunde-prozesuko laguntza-funtzioez arduratzen den Eusko Jaurlaritzako sailak hornituko ditu.


Azterketa dokumentala