Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2020ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2558

AGINDUA, 2020ko ekainaren 26koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordearen egoitzaren kokapena.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartutako Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalean Arbitraje Batzordea arautzen da, eta, Itunaren 66. artikuluaren lehenengo apartatuan ezartzen denez, hauek dira batzorde horren eginkizunak:

a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean edo hauen eta beste autonomia erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren auziak ebaztea, bai zerga itunduen lotura-puntuen aplikazioari dagokionez, bai administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehazteko, Sozietateen gaineko Zerga edota Balio Erantsiaren gaineko Zerga administrazio bati baino gehiagori ordaindu behar zaionean.

b) Banako zerga harremanetako arazo zehatzetan ekonomia-itun hau interpretatzeko eta aplikatzeko orduan administrazio interesdunen artean auzirik sortuz gero, erabakitzea.

c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.

Bere aldetik, aipaturiko Arbitraje Batzordearen Arautegiak, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak onartu baitzuen 2007ko uztailaren 30eko Akordioaren bitartez eta maiatzaren 9ko 335/2014 Errege Dekretuaren bidez aldatu baitzen, hau dio 7. artikuluan:

«1.– Arbitraje Batzordeak idazkari bat izango du. Idazkari hori ezin da Batzordeko kide izan eta hauetako baten zerbitzuko pertsona izango da: Estatuko Administrazioa edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa edo foru aldundiak.

2.– Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak izendatuko dute, txandaka, Arbitraje Batzordeko idazkaria, hiru urterako izendatu ere.

(...)».

Arbitraje Batzordea eratu zenetik laugarren hirurtekoa betetzen den honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario bati egokitu behar zaio idazkaritza; gainera, Arbitraje Batzordearen egoitza berriz ere jarriko da Administrazio horren esparruan.

Ondorio horietarako onartu da Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko ekainaren 26ko Agindua, zeinaren bitartez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkariak bere kargua uztea eta haren ordezkoa izendatzea eta batzorde horren egoitza aldatzea.

Horren arabera, hemen ezartzen da Arbitraje Batzordearen egoitza: Gaztelako Atea kaleko 15. zenbakian dagoen higiezina, 01007 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz –Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia dago hor–.

Hala ere, eraikin horretan egiten ari diren egokitzapen-lanak direla eta, komeni da egoitza lekuz aldatzea obrak egin bitartean. Hori dela-eta, helbide honetan ezartzen da Arbitraje Batzordearen aldi baterako egoitza: Donostia kalea, 1 zenbakia, 01010 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz.

Horren ondorioz, eta aipaturiko arauak betez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Arbitraje Batzordeari aldi baterako egoitza hau jartzea: Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen higiezina (01010 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz). Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusi du batzorde hori.

Bigarrena.– Egoitza berriaren behin-behinekotasuna beste agindu baten bidez baliogabetuko da. Agindu horrek Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia dagoen higiezina berrezarriko du egoitza gisa (Gaztelako Atea kalea 15, 01007 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Agindu hau Ogasuneko ministroari eta Arbitraje Batzordeko lehendakariari jakinaraztea.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek izan dezaten horren berri.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau 2020ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 26a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala