Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2020ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2557

AGINDUA, 2020ko ekainaren 26koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bitartez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkariak bere kargua uztea eta haren ordezkoa izendatzea eta batzorde horren egoitza aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartutako Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalean Arbitraje Batzordea arautzen da, eta, Itunaren 66. artikuluaren lehenengo apartatuan ezartzen denez, hauek dira batzorde horren eginkizunak:

a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean edo hauen eta beste autonomia erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren auziak ebaztea, bai zerga itunduen lotura-puntuen aplikazioari dagokionez, bai administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehazteko, Sozietateen gaineko Zerga edota Balio Erantsiaren gaineko Zerga administrazio bati baino gehiagori ordaindu behar zaionean.

b) Banako zerga harremanetako arazo zehatzetan ekonomia-itun hau interpretatzeko eta aplikatzeko orduan administrazio interesdunen artean auzirik sortuz gero, erabakitzea.

c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.

Bere aldetik, aipaturiko Arbitraje Batzordearen Arautegiak, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak onartu baitzuen 2007ko uztailaren 30eko Akordioaren bitartez eta maiatzaren 9ko 335/2014 Errege Dekretuaren bidez aldatu baitzen, hau dio 7. artikuluan:

«1. Arbitraje Batzordeak idazkari bat izango du. Idazkari hori ezin da Batzordeko kide izan eta hauetako baten zerbitzuko pertsona izango da: Estatuko Administrazioa edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa edo foru aldundiak.

2.– Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak izendatuko dute, txandaka, Arbitraje Batzordeko idazkaria, hiru urterako izendatu ere.

(...)>»

Arbitraje Batzordea eratu zenetik laugarren hirurtekoa betetzen den honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario bati egokitu behar zaio idazkaritza; gainera, Arbitraje Batzordearen egoitza berriz ere jarriko da Administrazio horren esparruan.

Horretarako, egungo idazkaria kargutik kendu behar da, Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzura baitago, eta Arbitraje Batzordearen egoitzaren egungo kokapena aldatu.

Horren ondorioz, eta aipaturiko arauak betez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Arbitraje Batzordeko idazkari kargutik kentzea Zerga Administrazioko Estatuko Agentziaren EAEko Ordezkaritza Bereziaren Erakunde Harremanetarako Eskualdeko Bulegoaren Buruzagitzaren titularra. Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusi du batzorde hori.

Bigarrena.– Olatz García Etxebarria izendatzea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusten duen Arbitraje Batzordeko idazkari.

Hirugarrena.– Arbitraje Batzordeari egoitza hau jartzea: Gaztelako Atea kaleko 15. zenbakian dagoen higiezina, 01007 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz –Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia dago hor–. Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusi du batzorde hori.

Laugarrena.– Agindu hau Ogasuneko ministroari eta Arbitraje Batzordeko lehendakariari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek izan dezaten horren berri.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau 2020ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 26a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala